«ARBOLA BAT» ETA ARRESE-BEITIA

 

Gernika, 19, 1952

 

        Euskal olerkarien saldoan Gernika'ko Haritzak erakar-indar handia izan du. Baina, «arbola santua»ri zerion indar hori euskaldunek ez zuten beren bihotzean sentitu, etsaiak menderatu zituen egun galgarri hartaraino. Patxada ederrean, gure arbaso hizkuntzabakoak, bilduta eseri ohi ziren zuhaitz deunaren itzalpean herriaren jaurgoari zoazkionak garbitzeko. Euskaraz mintza, gehienetan; erdaraz idatzi, beti, haritz deunaren itzalpe goxoan, ustekabean, aberriaren hobia aitzurkatzen ari ziren. Mendez mende lan galgarri horretan iraun zuten, euskotasun betea barna Euskalerria sarrarazterik inoiz ere amestu gabe.

        Horra lapurrak atea joka! Zuhaitz deuna negargarrizko dardarak inarrosi zuen, eta zuhaizpeko asaba lokartuak ernarazi. Ordurarte zuhaitzaren simbolo miragarriz jabetzeke, ezta euskara eta herriarenaz ere. Zuhaitza, askatasun eta lege jatorren irudi bizi; euskara, Euskalerriaren gogo, zabarraldi beltzenaren ondoan osatu lapurretaz gero gertatu zen...

        Gernika'ko Haritzaren inguruan erne olerkarietan garaiena, Otxandioko margolari-irudigile, Arrese-Beitia izan zenuten ezpai gabe. Hark bezain taxuz inork ere ez zituen lehenago kantatu, ezta Iparragirre berak ere, Euskalerri, Ama Euskara eta Arbola'ren atsekabe-nahigabeak. Ahapaldi ozenenak biribildu zituen, nolerebait euskaldun guztiak berriz ere zuhaitzaren baranoan biltzeko.

        Zoritxarrez, ez ditut nirekin Arrese-ren olerkiak lantxo hau behar bezala mugatu eta osatzeko. Hala ere, egun hauetan, Duvoisin'en eskutitzak irakurtzeari nenkiola, Arrese'k garai hartan euskaldunen arimak astintzeko izan zuen indarraz jabetu naiz. Egia da, bestalde, Kanpion'ek haren liburuari ezarri zion hitzaurrean, gorapenik handiena egiten diola olerkariari. Baina ez nuen uste izango Pirinioez haraindiko euskaldunen artean ere, hainbesteko ziririk izan zezakeenik. Duvoisin'en eskutitzek aitor.

        Hiru urte jarrai eskutitz hartu-emanean iraun zuten Arrese eta Duvoisin'ek. Orain arte azkenarenak baizik ez dira argitaratu, beraz Arrese'renik ez dut ezagutzen. Euskaraz ari ziren biak, eta eskutitz ederrik utzi digu Duvoisin'ek, benetan jakingarriak. Haren eskutitzak zehar hemeretzigarren ehuntaroko euskal gorabeherak ederki jarrai genitzake; euskal elertiaren edestia idatzi nahi lukeenak, ezin ditzake inola ere, alde bat utzi. Hamar euskal eskutitz zuzendu zizkion «Kapitaina»k Arrese'ri. Baina beste bere adiskide batzuei egin gutunetan ere, maiz gure olerkariaz mintzo zaigu. Duvoisin bera aurrenekoz, aurkeztu zitzaion: Elizondo'n 1879'an Nafarrek antolatu olerki-guduak eman zion esku.

        Norlehenka hartara Arrese-Beitia'k «Euskera lorazko sortachua» izeneko olerki bat bidali zuen, euskaltzaletasun, foruzaletasun eta abertzaletasunez gainezka.

        Garai hartan, bigarren karlatar gudaren (1872-1876) ondare hilgarriak bizkargainean, makur eta herio-bidetik zebiltzan Euskalerri eta euskaldunak. Madrileko agintarien beldur ziren, Iruñekoak batez ere. Epaileek, aurreneko saria Arrese-Beitia'rentzat erabaki bazuten ere, Elizondo'ko jaietan ez ziren ausartu hartu erabakia agerian azaltzen. Ez da sinestekoa ere, baina gauzak horrela gertatu ziren. Ez zuten kemenik Espainiako gobernu txatxuari aurpegi emateko: sakabanaturik, elkarrengandik bereizirik, akitaldi beltzenaren besoetan lokartzera zihoazen. Duvoisin'en eskutitzetatik argi asko ageri zaigu euskaldunen egoera galgarriak eta haiek elkartu beharrak ematen zizkion ardura eta buruhausteak.

        Iruzkin gabe, soil eta larrugorri, «Kapitain» handiaren hitzak jasoko ditut beltzaldi hartan euskotarren egoera ikus dezagun, eta erabat olerkariaren izantza hobeto mugatzeko.

        Europa'ko zeru belunean Bismarck'en irudia islatzen ari zen, oin zakarrez lur guztia zapaltzen zuen bitartean. Honatx Duvoisin'ek On Damaso Legaz Jaunari egin gutunean jaulkiak:

        «Jainkoak berak daki zer gerthatzen dihoan. Frantziatik asirik Italia eta gero Espainia khordokatuko dire beren erro edo sustrayetan. Erdu! Erdu! Arrese'k dion bezela (...) (Legaz'i 1879-VIII-11)».

        Eta geroago Arrese-Beitiari zuzendu gutunean oihu latzagoa jaurtitzen du idazle azkar eta euskaltzale garai hark:

        «Aria ortaz eskaldunak batera bil beitez aitzinetik, ordua etortzen denerako: oraindik gogor-gogorrak bat jartzen badira begira (en expectative), segur zuzenak eramanen du beria. Erdeldunak higituko direnean, Eskaldunak hetarik berezirik egon bitez, hitz batean (fueroak), gogor hortzak erakutsiz, eta hauzia ez dute galduko. Aldiz ez bazerate bat, hori diteke zuen galgarri bethi guziko. Berartean bi aldetara dagon tokia galduko da, dio Kristo Jaunak. Zuen zorion edo zorigaitza hortatik dihoa. Eskaldunak, Eskaldunak etzerate ez Kastillar, ez Aragones, ez Andaluziar; zaudete fidel eskaldun izenari. Bihotz! Bihotz! (Arrese'ri 1879-VIII-25).

       

        Duvoisin'en bihotza euskararen behera-beharrak eta euskaldunen banaketak erabat mintzen zuten. Ikus ondorengoa Arrese'ri egin eskutitz batetik jetzia:

        «Lotsatzen naiz aditzean Araba galdu dela euskerarentzat. Hemen uste dugunaz, eskara daukaten herriak dire: Olaeta, Arrejola, Ganzaga etc. (berrogei herriren izenak). Daukagu oraino erdi eskaldun direla Larrea etc. (hamabost herriren izenak). Arrese'ri 1879-V-9).

        Malko-letari garratza! Egun, Duvoisin'ek aipatu Araba'ko herri guztietan euskara zeharo galdu baita.

        Aldarri samin haien artean sendabide eta ibilbide berriak ere erakusten zizkien orduko euskaldun abailduei. Gaurkoei ere bete-betean datozkigunez gero, irakasle zuhur haren irakatsiak jasotzera noa, orok gogo-gogoan har ditzagun. Gu ere, haiek bezala, euskaltasunari baino arrozkeriari atxikiago gabiltza.

        «Zer zinuten ikhusteko Espainiako nahaskerietan? Eskaldunak behar zuten Eskaldun gelditu ta ez bertzerik. Gu gare Frantzian makhurrenik; bainan ez dezake horrek luzez iraun; eta guk lurrera artikiko dugunean gure kapa tzarra, inguruko populu guziak iharrosiko dira. Orduan goanen da Eskalherriaren gora bera, orduan Eskaldunak izaten badira guziak bat, eta ez bi aldetara jarriak, Eskaldun leial eta ez erdalzale, fueroak itzuliko zaizkisuete. Bertzela adio, adio behin betirako. (...)

        Geroago berriz, Legaz, Elizondo'ko Bikario zenari:

        «Guzia-gatik othoizten zaituztet, Anaya Nafarrak, bat, bat, bat, egin zaiteztela elkarren artean; —ez bakarrik elkarren artean, baina oraino euskaldun odola daukaten guziekin. Eskara izan bedi zuen biltoki, zuen batgarri (1879-VIII-11).

        Euskaldun zuhurrak ez duke nekerik, noski, gure herriaren itxura dohakabea Duvoisin'en hitz benetan gartsu eta jakintsuetatik erauzteko. Bere ardura, euskal batasuna

antolatzeko, Euskalerria harkaitz sendo baten antzera kanpotiko ekaitzari oldar zekion.

        Batasun horren aurrelari Arrese Beitia jaiki zen bere kanta ederrekin, euskara euskaldun guztien biltoki eta batgarritzat harturik. Etsialdi hartan, olerkariaren agerpena txalo beroz hartu zuten orduko euskaltzaleek. Duvoisin ez zenuten horretan laburrenik gelditu. Honatx Bonaparte Printzeari egindako idazki batean zioena:

        «M. Philippe de Arrese va nous envoyer un nouveau chant. Il veut pousser tous les basques á l'union nationale et á laisser les Espagnols á leur guise. Cet homme est un poéte: aussi pouvons nous esperer une oeuvre de merite... (Bonaparte'ri 1879-X-10).

        Arrese berari ere goraipamenik handienez beteriko gutunak igorri zizkion «Euskera-lorazko sortatxua» olerkia irakurri ondoren. Hona hemen, gutun horietariko esakune batzuk:

        «Irakurtu eta ederrexi dut, Jauna, zure «Eskera-lorazko sortachua» (...).

        Geroago, aldiz, gorazarrerik mamiena eskaintzen dio olerkariari euskalari eta euskal idazle zipert hark:

        «Zenbat ere gizonen orhoitzpenetan iraunen baitu Eskaldunaren omenak, hanbat ere errankizunetan biziko da Don Felipe de Arreseren izena. Zure burutik atheratu da, Jaun maite maitagarria eskara zaharrak duen eresirik ederrena; eta ez bihar, ez gero ez menderen mendez, Eskaldunik izanen deno, ez da galduko gure mendi ibarretan. (...) Batasun oso bat egin bedi Eskaldun guzien artean. Erdalduna bego erdaldun; baina guk behar ditugu bihotz bat eta arima bat. (1879-VIII-6)». (...)

        Arrese olerkari ugaria izan zenuten, itsasobetekoa esango nuke. Gaur egunean haren poema eta neurtitzak hantuegi aurkitzen ditugu. Erromantikoen hanpa-bidetik oldartzen zen. Hura ere aldiko seme, beraz, garai hartako olerkari arrotzak baliatu ohi ziren kera eta errimaz usuenik baliatzen zen. Aldi hartako euskal idazleak, neurtizlariak batez ere, euskal arimaz jabetzeko zeuden. Gutxi edo asko, erbesteko arimak zerabiltzan. Hizkera ere ez zuten behar bezala ezagutzen, ez bakarrik hitzekiko, ezta ere joskerakiko. Egia esan, Arresez gerokoak ditugu euskal ikasketa eta ikusketa sakonenak.

        Irudigile izan arren, ez zituen Arrese'k neurtitzak ukaldi tinkoz landu eta ebakitzen. Huts hori Duvoisin'ek ere atzeman zuen haren lanetan eta argi eta garbi adierazi zion:

        «Gainerakoan eresi hortako makhurra hau da, ez duzula bethi negurria begiratzen.» (...)

        Hementxe daukat «Bizkaitar Zarrak eta Erromatarrak» deritzan Arrese'ren poematxoa, lehenengo saria Bilbo'ko olerki guduan irabazi zuena 1882garrenean, Antonio Truebaren itzulpen batekin.

        Gaurko gure olerkari trebe eta ikasiek nekez egingo lituzkete hitz neurketan, on Felipe'k xalotasunik handienarekin egin ohi zituen hutsak. Urte batzuk lehenago Duvoisin'ek ohartarazi hutsetan erortzen zaigu olerkari hau geroago ere.

        Etorriaren ibaiak bere zurrunbiloan zeraman. Neurriz goitiko bihozkadak adimen eta irudimena ere maiz lainotzen zizkion. Hala ere makur horiek gorabehera, olerkari bikain izan zitzaigun Arrese, euskal olerkarien eredu. Bere gizaldian euskaldunak lo zoroenetik iratzartzea izan zizun jomuga: aski hori gure Parnaso'ko tinirik hari ez ukatzeko. Euskadi, Arbola eta Euskara bihotz-bihotzean zeramatzan, eta haien zirrara neurtitz egokietan gatzatu zigun.

        Eta euskara sortuez gero izan dugun olerkari garaienak gorazarre betea egin dio Otxandioko bertsolariari: hilezkorren buruntzaz inguratu dizu haren izena eta egiteak «Denak Bat» zazpigarren kantuan, batasun eta anaitasunaren kantuan (...). Eta «Kirikiño» EUSKALDUNAK poeman, Arrese'ren ahapaldiak jaulkiz hasten zaigu zeru-argiz jota bezala:

 

                ARBOLA BAT zan Paradizuan

                Jaunak apropos jarria.......

                ARBOLA BAT zan Bizkaian bere,

                neure anaie laztanak,

                zeñen azpian, pozez beterik,

                egoten ziran asabak:

                Kerizpe zabal artan jarririk

                egiñaz euren batzarrak,

                buztarri barik libre ta ederto

                bizi ziran bizkaitarrak

                .............................

                Aiztu daiguzan geure artean

                izan diran asarriak;

                izan gaitezen anaiak eta

                euskaldun zintzo garbiak.

 

        Bukatzeko, irakurle, gogoan har ditzagun lantxo honetan aipatu ditudan irakatsi ederrak, merezi ere dute eta. Sar dezagun bihotzean Duvoisin'ek zioena:

        Euskara izan bedi zuen biltoki eta batgarri, hurrengo Arrese Beitiaren hitzak beti tinko, beti gogor iraun dezaten:

 

                Mundua mundu bizi dakigun

                Gernikako Arbolia.

 

Paris'en 1952-I-11.

 

        IDAZLAN-ITURRIAK

 

        —«Revue Internationale des Etudes Basques» Donostia'n 1907-1936 bereziki: Daranatz «Correspendence du Capitain Duvoisin» XIX, XX, XXI eta XXII tomoetan.

        —Felipe Arrese Beitia. «Bizkaitar zarrak eta Erromatarrak». Bilbo'n 1882 urtean.

        —Orixe. EUSKALDUNAK.— Zarautz'en, 1950.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus