JOANES ETCHEBERRY
EUSKAL GURASOETAN ARGIENA TA BIKAINENA

 

Euzko-Gogoa, 1951, 9-10, 7-8 orr.

 

        Joannes d'Etcheberry. Larramendi'k bere hiztegi mardularen hitzaurrean Joan Etxeberria deritzo eta inolako goraipamenez haren izena inguratzen dizu, baita «Korografia»ren orrialde ederren artean ere.

        Aspaldi Etxeberri'ren idazlanak irakurri nituen, oraingoan, berriro astinaldi bat eman diet, lehenagoko burutapen argi eta baratze zoragarri hartan bildutako lore usaintsuak freskatzeko. Orduan; oharkabez edo, bertan behera utzi nituen lili bikainak, gaurkoan esku dardaritsuz jaso ditut.

        AXULAR'en herriko seme, Etxeberri izan duzue haren jarrailetarik aberats, apain eta joriena. Hura bai haren erraztasuna euskal arloan etengabe aritzeko; iturri agortu ezinarena dirudi haren jario goxoak.

        Baina, ordurarteko idazleek izan ez duten dohaina Etxeberri'ren idazlanetan bulartzen zaigu. Ordurainokoak eliz-gaiez ari izan zitzaizkigun, Etxeberri, aldiz, hizkuntza gaiez ari zaigu. Ordurarteko idazleak apaiz eta lekaide zenituzten; Etxeberri, Azkoitiko sendagile eta seme-alaba ederren guraso zintzo. Horratx euskal gurasoen izari beteko idazlea.

        Gizon zintzo haren euskal gar eta gogo bizia «Laurdi'ri Gomendiozko karta edo gutuna» deritzan lantxoan nabarmentzen zaigu. Leherrenak egiten ari zen idazle bikaina nolanahi ere bere idazlanak argitaratzeko, «Euskeraren atsapenak latin ikasteko» izeneko idazti handia batik bat. Liburu hori, euskaldunek latina ikasteko antolatu eta ondu zuen. Ez zuen ordea inondik ere laguntzarik sumatzen. Zer egin zuela uste duzue bere asmoak aurrera atera nahirik? Uztaritzeko Biltzarrera jotzea erabaki zuen. Nola ostera? Bere seme kutunena biltzarkideen aurrera bidalirik.

        Han doa Agustin gizajoa aitaren liburu zaharrak besapean. Udaberria zen, zuhaitzak lorez, txoriak txioz gazte atseginaren bidea alaitzen. Baina beste zerbait bihotzak erasten zion barnean. Ontzat hartuko ote dituzte ene aitaren asmoak jaun horiek? Agustin gizajoa.

        Baina nire hitzak, Etxeberri'k darabiltzanen aldean, hutsak, lehorrak, hilak dituzue. Hobe izango zaizue bereak entzutea. Honatx, aipatu «Gomendiozko gutunean» gertari ukigarri horretaz berak jaulkiak:

        «Halakotz bada, Jaunak, orai-hemen dakartzuet egin ahal tudan maneran moldatuak eta eginak, non haukien bidez estudiatu nahi duenak, euskaraz; Euskalerritik ilki gabe, ikhas baitetzake latiñezko deklinazioneak, bai halaber, Coniugazioneak eta lehen biziko hatsapen guziak.

        Hegia hunen lekuko, fiador, edo berme, eta lehenbiziko Euskalerriko originaltzat emaiten ene seme Agustin, ceina baita presenteko karta edo gutuna gomendiozko hunen eramailea.

        Ordea nola ni aita obraren jabe bezela partida bainaiz, menturaz bazenute errazoi zenbait ene hitzetan ez fiatzeko; zeren ordinariozki bat-bedera bere gauzetan itsu baita; halakotz bada; satisfamendu osoa hartu nahi duenak, froga beza original hau (bere semea) eta galdegin bezo euskerazko zenbait perpaus, latiñez iardesteko. Eskuara latinera ganbiaturik edo bertzela eman bezo zenbait autor edo liburu latinezko eskurat esplikatzeko; eta esperantza dut (euskaraz bertze izkuntzarik ez jakin arren) eta oraino euskalerritik ilki eztelarikan) halere hunen ahoak, eta mihiak batere ahalketan eman gabe, aitzitik ahorezki[sic] etherako nautela»

        Inon eta inoiz izan ote da hark eraman zuen neurrira euskaltzaletasunik erakarri duen gurasorik? Horra eni ederrenik agertzen zaidan Etxeberriren bizitzako gertaria. Semea bidaltzen du aita xamurrak Uztaritzeko biltzarkide frantseztuen gogoak euskararen lotsa eta itzalez betetzeko. Semea bere lan handiaren aurrerabidea izan zedin. Ez nolanahi, baizik berak ondu lanak egoki zitezkeela euskaldunak euskaraz mundu honetako jakintzaz jazteko, adierazi nahiz.

        Biltzarkideak, hango eta hemengo, arrozkeriaz kutsatuta bizi ziren, hizkuntzari, aberri hizkuntzari, zegokion gorarik emateke. Hori izan duzue gure arbasoen hobenik larriena, horrexek ekarri zuen gure hondamendia.

        Harrituta, zurtuta gelditzen naiz gaur ere gure arbaso eta agintarien euskararekiko zabarkeriaz. Ez zuten euskararik erabiltzen batzar haietako hautsi-mautsietan, ezta hartu erabakiak idazteko ere; batzuk gazteleraz, bestetzuk frantsesez ari ziren batzar liburu tzarretan, aberri hizkuntza bertan behera utzirik. Herri-agintari eroagorik ez zuen beste lurraldek inoiz izan: gutxi edo asko, haiek behintzat, burujabe zirenean, hizkuntza jatorrez idatzitako monumentu zaharrak utzi zituzten: gure arbasoek ondaretzat utzitakoak oro erdaraz idatziak dituzue. Lotsagarriagorik! Zentzu gutxi erakutsi ziguten arbaso hizkuntzagabekoek.

        Horrela ari zirenei nork sinestarazi euskara jakintza bideetarako gai zenik? Eta gertatu beharra gertatu zen. Uztaritzeko Biltzarrak ez zion jaramonik egin Etxeberri'ren eskabideari. Ez zuen aurrerabiderik izan. Osalari aipatuaren lanek ilunbean iraun zuten, berrehun urte baino luzaroago. Orain berrogeita hamar urte Urkixo jaun argiak, zeruan bedi, argitaratu arte. Hari zor diogu gaurko euskaltzaleek lan bikain haiek gozatzeko aukera baita idazti haiek irakurtzean har ditzakegun atsegin eta pozaldirik garbienak ere.

        Etxeberri gizajoa! Semea Uztaritz'a bidali zenuen gure agintariak euskal bidera erakartzeko. Alferrik ordea. Gaur ere, ari dituzu gure artean agintari haien jarraileak, hots, erdara idazlan, batzar-agiri eta gorabeheretan erabili nahiago dutenak. Zuk Etxeberri, zeure semeari latina euskararen bidez irakatsi zenion. Gaurko guraso baldarrak, haurrei euskara erauzten ari dituzu, erdara mordoilo eta zentzugabekoa burmuineratuz. Zuk, orain berrehun urte, euskara jakintza biderako gai zela erakutsi zenigun, eta harrezkerokoek ez diogu zure jarraibide jaukalari kasurik egin. Uztaritz'en Biltzarrekoek ameslari eta txorotzat jo zintuzten nonbait.

        Hemen ari gaituzu zure jarraile euskaltzale mordoxka bat, gure hizkuntza aurrera atera gurarik. Gu ere, zu bezala, txoro eta ertzotzat gauzkate euskotar eta are abertzale gehienek, diruketa, atseginketa, alferketa, beste ametsik ez duten gizon GURBIL eta izatez gainetiko horiek. Nahiago dugu ordea, Etxeberri maite, zuk bezala geure bizitza guztia euskararen onean erre, txiro, behartsu baita ere euskaragatik ertzo izan, ez euskotar gehienak bezala diru-atsegin lokatzartean, Epikuroren zerri-taldeak antzo, muturrak sartuta uxarka.

        Horien aintza, egun batekoa, elbitz liliarena bezala, zurea ordea, Etxeberri, betikoa, euskararen maitariek diraukegun artean behintzat.

 

20-IV-51

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus