IDAZLE ZAARRAK
(Bernard d'Etxepare 1545)

 

Gernika, 16, 1951, V-IX, 26-29 orr.

 

                        (V. STEMPFen ekoizpena (1893) erabili dut

                        «LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE»ri doazkionetan).

 

        Garai hartan, Nafarroako Aginterria, Pirinioetako Erreinua, Gaztela eta Aragoiko erreinuek erasota, hiltzera zihoan.

        Penintsula guztian, aldi batez, Nafarroako Erreinua handienik eta indartsuenik zenuten. Antso handiaren agintepean, harrigarriro bere mugak zabaldu-zehar zituen eta Euskalerriak edestian ezagutu zuen hedapenik nasaiena iritsi zuen. Zuhaitz mardularen sei adaburuak, izerdi eta hazkurri bakarrarekin bizi zenituen. Berea zuen, gainera, Sobrarbe. Bereak Oska eta Jaka, horiek ere eusko odolekoak, berea Oka-Mendi'rarteko, eta gaur Burgosen eskuetan dauden lurralde zabalak. Bereak Errioxa, hau ere euskal belaunekoa, eta bereak oraindik, Asturiasetara doazen hainbeste eremu oparo eta naroak.

        Antso Aundiak eusko oroen batasuna bere agintepean antolatu zuen, eta Euskadi osatuaren ametsa mamitu.

        Horrez gainera, erreinu zaharrak ederlan guztietan loraldi betea ezagutu zuen. Nonahi Lekaretxe izugarriak eraiki zituzten, eta haien barnean, antze eta ikaslanari ekiten ziotela ehundaka fraide bizi ziren. Nonahi ere eliza eta katedralak, harri antzetsuz jositako atari zabal eta dorre garaiak jasotzen zituzten. Gaztelu erasogaitzek ere, mendi gailurretan beren kopeta ilunak goratzen zituzten. Antso

handiaren eta Nafarroako Aginterriaren indar eta ahalmena edonori erakusteko.

        Piriniotar Erreinuaren indarra ordea, mendi garaietako izotz gogorra bezala, pitinka-pitinka ezari-ezarian urtuz joan zen; erregeen erruz, lehenik, aldamenetako aginterrien irrikaz hurrenik. «Zorionekoa Nafarroa, inguratzen duten mendiz gotortuko balitz» zioen Dante'k bere «Jainkozko Komedia»n. Zoriontsuago zitekeen, arrozkeria eta erdalkeriaz bere burua jantzi beharrean euskal gogo eta arimaz barnemuinak bete bazituen. Horratx, euskotarren erreinu handiaren heriotza eta hondamendiaren oinarri nagusia, eta bakarra, gaineratuko nuke.

        Bernart Etxepare jaio zenean, oixtian esan bezala, Nafarroako erreinuak bizirik zirauen, baina bere muga estuen barnean. Ordukotz, Euskadiko zuhaitz mardularen adar gizenak, Nafar enbor joritik inausita zeuden.

        Gure gazteak, Donibane Garazin ikusi zuen lehenengoz eguzkiaren argia. Gazte azkar eta ausarta, Euskalerriko bideak barna oldartu zen. Gure herri handiak ezagutu zituen, Iruñea zaharra batik bat, eta gaztetasunak eraginda, hamaikatxo iskanbila eta borroka gogorretan bere adorea eraskutsi zuen.

        Emakumeek batez ere, galai gaztea txorabiatu eta erotzen zuten. Maitemindurik, soin-irritsen hegatsetan atertu gabe zebilen, eta maiz, arrisku gorrienetan bildurik aurkitu zen bere amodio beroa epeldu beharrez.

 

                «Nihaur ere ebili niz anitzetan erorik

                Gaoaz eta egunaz, hotzik eta berorik;

                Loa galdu, pena aski...»

                (Amorosen Gaztiguya L.V.P.)

 

        Hamaikatxo neska lirain eta andre eder ere beso zaintsuen artean estutu zituen gazte egonezin hark. Baina laster ikusi zuen Bernartek bizibide hartatik leize sakonenean amiltzera zihoala, irrits eta lera sutsuei esti eragingo ez bazien.

 

                «Nik ere uken ditut zenbait ere amore,

                Bainan andik extut ukhen probetxurik bat ere.

                Anitz pena, arima gal, harena eta neuri'ere,

                Amoretan, plazer baten, mila dira dolore.»

                (Amorosen Gaztiguya L.V.P.)

       

        Adoretsua izaki, egun batez elizgizon egiteko erabaki sendoa hartu zuen: «Orai oro nahi nuke liren Iainkoagatik» (Am. Gaz.;L.V.P.). Eta lehenagoko gazte ertzoa, apaiz kementsu bihurtu zen.

        Haren bizitzaren gorabeherak kantuetatik eraits daitezke, hala ere zenbait ibilaldi ilunbean gelditzen zaizkigu, batez ere «Bernard d'Etxeparen Kantuya»n darabiltzanak. Erregerekiko zeukan zintzotasuna horratik, argi eta garbi ageri zaigu berak dioenetik.

        Etxepare, euskaldunentzat aintzabide argiena duzue. Berak lehenengo aitzur ukaldia eman zuen euskal soroan. Zegokion oldarrez, euskaldunak luzaroko loalditik esnatu nahi izan zituen LINGUA VASCONUM PRIMITIAE 1545.ean argitara jaurti zuenean. Bertso apainetan idatzitako liburua, herri eta euskararen maitasunez gainezka.

        «Miraz nago, [dio hitzaurrean], lengoje propriaren faboretan euskeraz zerbait obra egitera eta eskributan imeitera nola bat ere ezten asaiatu, zeren ladin publika mundu guzietan, bertze lengoajiak bezala ain eskribatzeko hon dela». (L.V.P. Eskeintza).

        Orduko euskaldun ergelek ez zituzten aintzat hartu apaiz garai haren oihu ozenak. Lozorroan zeuden, eta lozorroan iraun zuten. Berpiztearen oinarriak jarri zituen Bernartek, baina euskotar zozoek ez zuten euskal jauregirik jaso nahi izan piztaile gartsuari jarraituki. Garai hartako euskaldunak Etxepareren deiadar beroaz jabetu balira, gaurkoan ez genuen euskararik era hain deitoragarrian ikusiko.

        Liburutxo aintzagarri eta gogoangarri hartan, apaiza alde bat, eta gizona beste bat ageri zaizkigu. Gizonari dagozkion olerkiak, gaztaroan ondutakoak dirudite. Maitasun olerkiak, emaztekien ohorez eginak. Maiz gordin, gaurko bertsolari gordinenak egin ditzakeen baino gordinagoak. Hala ere, eder, bizkor eta egiatiak. Handik ageri da, gure gaztearen soin eta

bihotz osoa, emaztekiek dardarazten zutela; eta Bernartek dardara hori bete-betean olerkietan irauli zigun.

 

                «Andre eder gentil batek bihotza deraut ebaxi

                Harzaz orhit nadinian deus ere ezin irexi.               

                (L.V.P. Amoros Sekretugi dena)

       

        Ez zuen ahalkerik izan maite-kanta gordinenak euskaraz emateko. Zergatik izango zuen? diot nik. Euskaraz ere ezin ote daitezke gai guztiak azaldu, edota euskarari bakarrik jarri behar ote dizkiogu mugak? Poeta den olerkariak, bere bulko eta nahikariak estalki gabe argitara behar ditu, gure aurreneko olerkari garaiak egin zuen bezala. Bestela haren neurtitzak arimagabeko eta elkorrak izango dira, hots, bizigabeko gezur hutsak, txukun edo itsuskiago antolatuak.

        Zer ikasi ugari gure zenbait olerkaritxo mengel, zurbil, margul eta koloregabekoentzat. Ikas bezate Etxepareren neurtitzetan gizon izaten eta beren bulkoak ahalke gabe iraultzen. Bakoitzak bereak oro behar bezala euskal neurtitzez jantzi bitza. Gurean ere, beste herrialdeetan bezalako asmo, pentsamendu eta nahikariak sortzen dira noski.

        Baina euskaldunak ikus-nahaspil zoro batez jota aurkitzen gara, Lizardi olerkariak zioenez: «Euskera Yainkoaren ao-mineko izkuntza bereiz bat dela uste izaten dugu: beti-garbi bat, erdoi-ezin bat; eta eztakigu guk ain errez egotzitako alderdi on oiek ustelak dirala ta gure zabarkeri zârraren ume: euskera ez landuak sortu ditula» «Ta egia au da: euskera ezta, nabarmenki, oker-bide, iakin-bide egin eztugulako; eztegu egin jakinbide zuzen, ta ez ere makur» (ITZ LAUZ- Egia ikus dezagun, Ama!).

        Esakuntxo horiek ederki datozkigu, betiko euskaldunoi, Bernart Etxepareren olerkiez izan dugun muzin edo nardari gagozkiola. Lizunkeria-antz pixka bat dariela haren bertsoei? Hori horrela ezkero, gizon exkaxak gaituzue, haren bertso gogor eta zaintsuen aurrean Jainkoa iraindu edo lili-txuria muskilduko zaigula uste badugu. Euskara ez landuaren apuko eroak hauek ere.

        Etxeparek euskara hizkuntza guztiak bezalakoa nahi izan zuen, eta horregatik ahalke eta estalki gabe bere pentsamenduak erein zituen, eta ederki egin zuen. Honatx berak dioena hitzaurrean:

        «Eta kausa orregatik gelditzen da abatuturik ezein reputazione bage(...) Eta beste nazione orok uste dute ezin deus ere eskriba daiteyea lengoaje artan [euskeraz] nola beste orok eskribatzen baitute berian».

        Baina are argiago ageri dira euskararekiko Etxepareren asmoak «Kontrapas» deritzan neurtitzetan. Olerki horretako lehen bertsoa maiz ahotan erabili izan dute euskaldun anitzek, baina neurtitz hori baino sakon eta garaiagorik aurki daiteke «Kontrapas»ean:

 

                «Bertzeak orok igan dira

                Bere goihen gradora

                Orai hura iganen da

                Bertze ororen gainera.»

                (L.V.P.— «Kontrapas»)

 

        Azaldu beharrik ez du ahapaldi horrek, berez mintzo zaigu behar bezain ozenki. Hala ere, Etxepare berberaren hitzak jarriko nizkioke azalgarritzat, hitzaurretik jasota, hark inola ere ez zuela mugarik nahi izan euskararentzat argi asko adierazten dutenak:

        »... eta baskoak, bertzek bezala, duten [dezaten] bere lengojian eskribuz zerbait doktrina eta plazer artzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia, eta jinen direnek gero duten [dezaten] kausa oboro haren abantzatzeko...» (L.V.P.— Sarrera).

 

        «Jinen direnek» ordea, soraio eta makur ibilki, ez zioten gure hizkuntzari Etxeparek amestu hedapen osorik eman. Eta oraindik horretan bizi gara, itsu eta gor.

        Bakoitzak, hark bezala, erabil dezala euskara, buru-bihotzetan sor asmo eta gogai guztiei gizonki haize emateko. Horrela gaituko dugu edozertarako gure hizkuntza eta jakintza-iturri bihurtuko, ez orain arte bezala, ilunbe-leize.

        Maitasuna pil-pil eta gainezka bularpean zebilkion, eta maitasuna eta maitakeria berak sentitu eta nabaritu bezala kantatu zituen Etxeparek. Oker ala zuzen? Dena den, berak ikusi eta bizi zuenez behintzat.

        Eta Etxepare, inolaz ere, aintzagarri eta jarraigarri zaigu.

 

1951-IV-11

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus