Artean euskal literaturaren historiak eginkizun zeuden. 1961ean argitara zuen Villasantek, eta lehenxeago Mitxelenak (1958) agertua zuen laburpen bat. Aurrez berriz, ezer gutxi zegoen, Orixeren Euskal literaturaren atze edo edesti laburra (1927) eta Lafitteren Le Basque et la littérature d'expression basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule (1941).

        Urkixoren liburutegia nahi izango zukeen eskumenean, baina irispidean ez izaki! Hegoaldetik nekez eskura zitzakeen euskal literaturaren historia idazteko noraezeko zituen lanabesak. Parisko Bibliothèque National-a zeukan eskueran, munduko liburutegi nazional zaharrena, inor gutxik aintzat zuen euskal nazioaren idazle zaharren minez jotako Andimak, eta hara jotzen zuen noiztenka 1950-1953 bitartean. Abertzale eta euskotar gaztelaniazale nahiz frantseszaleengandik ihesi, euskal idazle aintzagarri eta eredugarrien bila. Arrazoi hotz distantzia markatzailetik ez baina sentimendu gori hurkoenetik oratuko die Bernart Etxepare, Joanes Etxeberri, eta Arrese-Beitiari.

        Handik 15 urtera Olabide eta Lauaxetagana hurbilduko den bezala, hauek kontrako erasoetatik aldezteko xedez.

        Euskal literaturaren historia idaztearena alde bat utzi zuen Villasantek eta Mitxelenak lantegi horri ekin ziotenean.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus