Ez da gauza berria, lehendik ere esana dago Andimaz baina hala da: ibili-ibili eginda euskararen gain Euskadi askatua eraiki nahiak bulkatzen eta determinatzen du bere buru-lan guztia. Zergatik ez zuen gehiago zabaldu bere kultur jarduna, nazioarteko kultura eta politikara, geroago Rikardo Arregik eta egin zuten bezala, beti norbere sorterriaren zilborraren inguru biraka ibili gabe? Segur aski erantzungo zigun, berak begiz jotako alorra inor gutxik lantzen zuela bere garaian.

        Lizardiren kazetari-lanei begirada bat botaz gero, antzeko sentsazioa sortzen du. Konparazioak beti nardagarri, eta ez noa balioak neurtzera. Erabat harturik, berdintasunik nabariena jorratu gaien aldetikoa da, eta desberdintasunik larriena politikaren pisu hagitz dorpeagoa Andimarengan, tonu aldaketa arras nabarmenarekin batean. Lizardik gerraurrean umore komikoz idatz zezakeen Espainiako Parlamentuko «etxe-barne biziaz», eta Andimak berriz politikari zihoakionaz tonu tragiko mingotsez baino ez. Aurrerago irakurri ahal izango dituzun idazlan politikoetan sumatzen da hau argienik.

        Irakurri berri ditugun idazlanotan dagoenera, iradokitzen dutenera etorriz, alde batera, saldukeria salaketak daude ugari. Oraindik orain argitara du Joan Mari Torrealdaik euskararen liburu beltza. Euskotar eta euskaldunen euskararekiko zabarkeria euskararen galeraren arrazoi gertatu baino lehen, hau bereziki Estatuaren eta honen zerbitzuko intelektualen jarrera arras kontrako bezain hisiatuaren ondorio izan dela frogatu du. Tartean elizgizonei ere egin die leku, perla finik bilduz hala nola Ozkabarteko abat Justo Barbagerok Espainiako Justiziako ministroari igorri txosten edo gogoetak non arrazoi politiko sotil bezain aratzez arras gaitzesten den Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Gotzaindegi nasaia, eta Gotzain euskalduna.

        Andimak gehien maite zituenak gaitzetsi ditu bortizkien: Elizgizonak, jesuitak; abertzaleak, erdalzaleak nahiz buru-zimur kopeta-estuak, eta euskaltzale euskalki-folklorezale hutsak. Ez hainbeste estatuaren morroiak. Intelektual hotseko edo usteko euskararen kontrakoak bai, baina hautatu beharraren beharrez liburu honetan ez ditugu jaso. Goretsi berriz Norvegiako hizkuntz politika, Gernika taldearen izpiritu humanista, eta Jon Mirande bezalako gazte kultur eta euskal mindu eredugarrien jokabidea nahiz honen zenbait burubide jorratu.

        Gernika elkartea eta izen bereko aldizkaria 1945ean eratu zituzten Donibane Lohizunen, Espainiako gerraren irabazleengandik ihes egin beharrean gertatu ziren euskotar zenbaitek, Pikabea'tar Errapel (Alcibar)en zuzendaritzapean. Pare bat urteko etenaren ostean 1948an ekin zioten berriro aldizkaria argitaratzeari, oraingoan Isidoro Fagoaga buru zela, eta 1953ra arte iraun zuen, Andimak artikulu mordoxka idatzi zuela bertan.

        Hasi aldizkariaren lehenbiziko aleko atarikotik eta geroko artikuluetan ere oso maiz humanismoaren inguruko gogoetak gailentzen dira. Atomoaren aroan, gerraren zerbitzuko teknikak zer botere suntsitzailea zuen berriki hagitz frogatua zuela, kristautasunaren funtsa humanismoa zela aldarrikatzen zuen goraki aldizkariak, teknika guztien gainetik gizakia eta izpirituzko balioen gailentasuna bortitz aldezteaz bat.

        Aldizkariko izpiritu nagusia kontuan izanik, ohargarria da nola Andimak humanismoa azaltzerakoan, hain gogai malgua eta adiera anitzekoa, Greziara jotzen duen, elendarren sophrosynea izenik aiputan hartu gabe bere erara mugatuz. Honelatsu diosku: zentzu-giro eta gogo-giro neurtu eta betean, harmonia oreka gozoenean hazitako giza gogo atseginak zentzumenak eta sentimenak beti zabalik behar ditu gainerakoen asmo eta ustekizunak onez hartu, haztatu eta pisatzeko. Bestela hybrisean amiltzen da, hots, desorekan, trikua bezala bere baitara bildurik bakartasunean eta hertsitasunean andeatzen da, gogo zakarra eratuz eta kanpora zakarkeria isuriz.

        Greziako literaturak bertako gizarte eta politika moldeekin harreman estuan zeresan eta zer idatzi ugari eman du, jakina denez, mendebaleko gizartean. Gehienetarik antzerkiak, eta honen baitan tragediak gehiago komediak baino. Idatzi diren orotariko iritzietarik bat bereziz, greziar antzerkia antitragikoa da, kontraesana bizi du bere baitan; batetik, herriari tragedia erakusten zaio, delibero erabakigarriak hartzera behartua den eta halatan sofritzera kondenaturiko heroi tragikoa ohoratzen da, baina aldi berean heroiaren neurrigabetasunak gaitzestera, sophrosyne eza, eta neurritasuna gorestera eta maitatzera erakarri nahi du populua. Ekintza beharra eta hortaz gizakiaren paira beharra ezabatzera iritsi gabe.

        Andimarentzat kulturan hybrisa tiraniak dakar, asmo eta iritzi bakarrak, Gernikak sustatu gogozko batasuna birrindu duten euskotar edo euskaldun abertzale aizunek. Sophrosynea, aldiz, izpiritu zabaltasunak, aniztasunak dakarren aberastasuna. Ohar bekio kulturan diogula, politika aldetik bestelako iritzikoa baita.

        Jon Miranderen artikulu burgoiak «Euskaldungoaren etsaiak» deritzanak bide emanik egiten dituen aipamen eta iruzkinetan grekoen kulturaren miresle suhar ageri zaigu. Gorago ere ber gauza ohartarazi dugu izpiritu zabaltasunean zoritzen den gogo oreka dela bide. Halaber, Euskal Herriaren herio beldurrak eragindako «Sukar amets» izu-laborrizkoan, norberaren heriotzaren aurreko onarpenezko jarrera baretsuaren iturburutzat greziar pentsalaria aipatu digu. Baiki, zinetako grekozaletasunaren printza ñabar urriak bezain adierazgarriak utzi dizkigu.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus