Irakurri berri duzun artikuluan Ius kanonikoa aipatzen du Andimak, Elizak Euskal Herrian betetzen ez duen zuzenbide kanonikoa. Honatx horretaz berariazago zer jaulkitzen dituen irratirako prestaturiko idatzi batean:

 

***

 

SEMINARIO BERRIAK
(Irratirako prestatua)

 

        Ius-kanonikoa esaten zaion eliz-legedian, argi eta garbi erabakita dago apaizgaiak nola hazi eta hezi behar diren. Nik kanon bi baizik ez ditut aipatu, bi lege alegia, horietan ageri baita elizaren ardura, guri, euskaldunoi hurbilenetik datorkigun sailean hain zuzen ere. Kanon hauek 1364 eta 1365 dira. Bi hauetan seminario handi eta txikietan hartu behar diren aribideak garbiki elizak erabakitzen ditu:

        1364 kanona: Latin hizkera eta aberri-hizkera arduraz ikas bitzate. Beste ikasgaietan, beren ministerio saindua erabili behar duten lurraldeetako gaien kulturari eta apaizgoari doazkion irakaspenak irakas bekizkie.

        1365 kanona: Artzain teologia ere ikas bezate. Praktikak ere egin bitzate, nola aitorpenak entzun, eriak bisita eta hilzorian daudenak lagundu ikas dezaten. Haurrei dotrina irakatsi...

 

        Latin hizkera eta aberri-hizkera arduraz ikas bitzate. Argi dago elizaren agindua, eta ez du inongo iruzkinik edo komentariorik merezi ere. Berezkoa da latina apaizgaiek ikas dezaten, hau baita Eliza katolikoaren hizkera bakar eta orokorra. Baina horrez gainera, aberri hizkera ere ikas dezatela accurate (arduraz) gainera agintzen du Elizak. Aberri hizkera accurate ikastea beharrezko da izan ere. Zer balio luke latina besterik ez dakien apaizak, bere eliztarrek ulertuko ez badiote. Accurate ikastea, ez da noski astean behin aberri hizkera gain-gainetik ikastea. Accurate, arduraz ikastea, beti ere aberri hizkera aho-ezpainetan erabiltzea, latinak eskatzen dizkien orduetatik landa. Accurate ikastea, ez da bakarrik lau hitz mintzatzen jakitea, baizik eta behar bezala idazten aberri hizkera jakitea. Eta aberri hizkera behar bezala idaztera, ez hilean behingo eskolekin ikasten, baizik eta eguneroko ekinarekin. Horra ba, Elizak aberri hizkerak, herri hizkerak, akurate ikastea nahi du, ardura, zintzo, lanez beren apaizak ministerio saindua erabiltzera hasten direnean, beren herritarrekin behar bezala mintzo daitezen, elizetan behar bezalako hitzaldi egokiak egin ditzaten, hizkera apain eta egokian, akurate, arduraz ikastea hizkera ederrean.

        Gainera, hizkera hori ikasten ez badute, zer nola aitorrak entzungo lituzkete, haurrak dotrinan eraikiko lituzkete, gaixoak bisita eta hiltzen daudenak lagundu? Inola ere ez. Arrotz hizkeran ari dena, zioen Paulo deunak haizea astintzen ari da. Gure arteko apaiz asko bezala.

        Aipatu kanon historia jakin nahi nuke, aspaldikoa izango da nonbait. Baina gure artean zer egin du Elizak seminarioetan? Ezpai gabe, gure herri hizkera euskara izan da menderik mende, eta oraindik da. Gure aberri hizkera, aitamengandik jaso genuen hizkera zen eta da. Eta gure seminarioetan zer egin du euskarari buruz elizak?

        Lehenengoz, gure aberri hizkera, erdara, gaztelera zela erabaki zuen, eta ez euskara. Erabaki horren arabera, gaztelera gure seminaristen buruetan sartzen oldartu da, aipatu kanonak agintzen zuena aintzat ere hartu gabe. Gure seminaristak menderik mende, Elizak erdaraz hezi eta hazi ditu. Erdarari beren denborarik gehiena eman die Euskal Herriko apaiz izango zirenek seminarioetan. Euskara eragotzi zuten, eta horrela gure mutiko euskaldunak, euskara bakarrik zekitela seminarioetan sartzen zirenak, zeharo erdalduntzera ekin dio atertu gabe, gaurdaino. Norbaitek esango dit Gasteizko seminarioan euskara ere ikasten zutela apaizgaiek. Ez da egia hori. Ikasten zutenek ere, berez ikasten zuten, ez noski Elizaren aginduz euskaldunentzako aberri hizkera, lege naturala eta Jainko-legea ere hastandurik Elizak gaztelera zela aspalditik erabakita zeukalako. Gainera hilean ordubete edo ikastea, accurate ikastea al da? Bai zera ere! Accurate, arduraz, beste bat duzue? Alde handia dago. Egunero, ordu oro ikasten dute gaztelera gure seminaristek, gero Ataungo San Gregoriora edo Bizkaiko Nabarrizera bidaliko badituzte ere, beren erdal artezia erakustera.

        Ez eta ez. Elizak euskaldunok arbuiatu gaitu euskara arbuiatu duenean. Gure herriak, gogo sendo eta zintzoagoa izan balu, ez zuen bere semerik apaizgora igorri behar. Bizibide hori, hain arduratsuki zaintzen zuten erdarari utzi behar zioten, beraz, gaztelar kokoei. Eta euskaldunok bidegabekeri hori ikusita gero ere, apaizez eta fraidez inguruak betetzen ibili gara geure aberriaren eta euskararen hondamendirako, eta oraino gabiltza. Kristok esaten zuen: nirekin ez dagoena nire aurka dago. Eta nik esango nuke: euskararik nahi ez duenak Euskalerririk ere ez du nahi, beraz ez eta euskaldunik ere. Ikus bada: Elizak euskara arbuiatzean, euskaldunak eta Euskalerria ere nardatzen gaitu. Eta gu geure nardatzailea laztantzen ibiliko ote gara? Horrelakorik aberri endekatu eta ahulduetan baizik ez dira gertatzen. Elizak ez du etsi euskara zerurako bide zitekeenik. Beraz egin dezagun euskara horrekin infernurako bidea, euskaldunoi erdara sartu nahi digun Eliza horrek noizbait bere begiak irekitzen dituen ikusteko. Hemen ez dago besterik, eta infernu tresna geure euskara bihurtzen ez dugun bitartean, Eliza eta gure Gotzainok ez dira zeru-tresna bihurtzen hasiko gure hizkera. Orain arte Euskalerriko seminarioetan, ez dute gure seminaristek euskararik ikasi; aitzitik, seminarioetan euskara galdu egin dute, hondatu...

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus