...EUSKERA URKATZEN!

 

Euzko Gogoa, 1954, 191 or eta ond.

 

        Idazpuru honek bi hitz guren behar zituzkeen aitzinean: eliz ama. Lotsatu egin naiz ordea, idazlan honetan hitz hain gurenok elatz haundiz ezartzen, darraizkion ez hain gurenen aitzindari. Lotsatu eta beldurtu, irakurle, elizari beti harrika ari naizela esan ez dezaten.

        Eliz Ama begikoen behar litzaiguke, maiteen. Baina Ama amaorde gaizto bilakaturik ikustean, neke da egiazko amari bezalako maitasun aratz eta semekoia erakustea. Eta egia esan, egun gure Bizkai ederretik jaso ditudan berri saminak ez dira bat ere eliz ama deunarekiko maitasun itsua bizkortzekoak, ez alajainkoa. Eta berriok, egi-egiak dira. Ondoren jarriko ditugunetan ez dago gezurraren itzalik ere, ezta elizarekiko herrakuntzarik, gorrotorik. Eliz seme baten bihotz samindu eta zaurituari darizkion hitz garratzak dira, baina benetakoak, zintzoak, zinak. Bestela ez genituen aipatu ere egingo hemen.

        «Euskarari nola eutsi» gure txoko berri honetan ipintzen ditut. «Euskara nola hondatu» sail berri bat sortu behar genukeen bidez. Baina sarritxo esan dut gure aberri-hizkera hondatzeko darabiltzaten bideak, jasotzeko ere erabil daitezkeela, itxulasturik, aldaturik, atzekoz aurrera ipinirik, erdara dabilen lekuan euskara ezarririk. Horra zergatik dihoan sail honetan.

        Ondo dakit batek baino gehiagok sostean jaurtiko didatela: «ene gizona: nork egin du apaiz eta lekaideek baino lan gehiago euskararen alde? Beraz; nork Elizak baino gehiago jaso du euskara?» Bi galde horien arteko lokarria, gaizki dago. Apaiz eta lekaide batzuen lanek ez dezakete eliza, eliza den ber, zuritu edo belztu. Apaizez landa baditu elizak gotzain, kardinal eta Elizburua: horiek osatzen dute Eliz Ama, kristau-herri xehea eta eliz lege eta aginduen arauz jaurri eta zeruko larre goxoetara eramateko.

        Esan beharrik ez eliz legedia zuhurra, jakintsua denik. Ius-kanoniko horren aginduak erabat betetzen ote dira Euskalerrian? Erdizka ere betetzen ote dira gero? Inoiz bete ote dira?

        Zoritxarrean sortu zen Euskalerri elizaren alaba oparoena izateko. Zein herrik eman ote dizkio hainbeste misiolari, lekaide, apaiz eta seme zintzo? Eta gureak baino zein hizkera eta herri erabili ote ditu Elizak erdeinatuagorik, ostikopetuagorik, lekaretxe, ikastetxe eta seminarioetan?

        Gaurko txosten ikaragarria eliztar zintzoenaren bihotzak erabat laztekoa da. Erne ordea: ez naiz ari eta ez gara ari politikak eraginda aipatu txostena argitaratzekoan, ez horixe. Euskara ez da inoiz politika izan: Jainkoak emanak eta eginak ez dira inoiz politika izan eta izango. Euskararen maitasunak eraman gaitu egia horiek biluzgorri, inolako estalki gabe jaulkitzera.

        Askotxok gure aldizkaria ur-ardo txepel nahi lukete; «oihuka euskararik ez dela salbatzen» idatzi digu batek. Baina euskararen bizitza jokoan dagoenean ez dago ur-ardorik, gure aldizkariaren jomuga euskararen osasuna eta bizitza baitira. Ez gara jaio euskara ito nahi digutenei losintxak egiteko. Euskararen itotzaileak ezker-eskubi astintzeko baizik.

        Munduak entzungo ahal du Bizkaia saminduari darion oihu latz hau; entzungo ahal du urkabetik zintzilik daukaten gure aberri-hizkeraren herio-hasperen hau.

 

***

 

        Euskararen liburu beltzean sartzeko moduko txostena bizkaieratik batura ekarri dut.       

        »... Baina mingarriagorik eta askoz kaltegarriagorik badago, neure ustez eta herriaren ustez, ba herriak be aditu eta ikusten du. «Eliza, euskararen arerio ta hondatzalle lehenen: eliz-bizitzatik jaurtitzeko ahalegin hotz eta motzak egiten. Gotzainak erbestekoak ez ezik maketoak, batez ere gurea. Gure erki eta «goterkia» machote ei dira. Hargatik halako jaurlari eta gotzaina. Hauek ez aditu ez maite gaituzte. Ez digute ez aita ez ama bihotzik; harako Salomonen auziko ama etzanari inoren semea hiltzeak ez zion minik egiten. Ez hauei ere gure euskararen heriotzak: Eurek aditzen ez dutena, eurena ez dena eta horma eta hesi antzera beste herri eta enda egiten gaituena, eskubidebako bihurrikeria, atzerapen eta goituka menperatu behar den lur irizten zaie, eta aurretik kendu eta lurperatu nahi dute, eurenez ta agintarien aginduz, goi-goitik. Erbestealdian nengoenean lekaide batek, hango jaupari askoren aurrean hauxe esan zidan: «¡Cuando acabarán ustedes los vascos de enterrar su vascuence por la unidad de España!» Herri-agintariek honetaz egin dutena badakizu.

        Eliz-agintariek, dirudienez, gu kristautzea baino lehenagoko dute euskal izatea kentzea. Eta gaur euskal izatearen ageriko ezaugarri bakarra euskara denez gero, hauxe hiltzea. Jaupalburu guztiak, herri hazitxoetako txaunburu guztiak, herri txikietako asko —eta laster denak—, eta herri hazietako txaunburu-lagun asko, erbestezale eta eusko-arerioak dira eta euren asmoa eta lana azerikeriaz, satorkeriaz, ezertariko begirapen eta lotsa barik euskara elizkizunetatik baztertzea. Alferrik da honetaz ezer gomutaraztea: «lehen hau horrela egiten zen» eta abar. Sor, gor eta gogor edo jaramonik ere ez eta aurrera, edo bestela zemaitu herri agintariengana auzia eroango dutela esanez.

        Kristau-ikasbideaz izan zen goterki-batzar batean Bilboko Nikola Deuneko Kristau-ikasbide artezkari Jesús Gonzalez'ek agertu zien lan batean, euskara egiten zen herrietan euskaraz irakatsi behar zela esan ei zuen. Baina lan hori baztertu zuen eta gaur euskaldun herri haundietan (Lekeitio, Durango, Gernika, Bermeo, Ondarroa, Zornotza, Markina) eta baserri askotan, erdaraz hartzen da kristau ikasbidea. Urteroko txapelketara erdarazkoak baino ez dira agertzen (iaz Mungiakoa txapeldun, erdaraz) eta euskarazko «emperador eta emperatrizik» ez dago.

        «Herrietako gotzain-ikerraldian, baserri hazitxo batean, kristau ikasbide itaunketa hasi aurretik gotzainari esan zionean txaunburuak «Hemen euskaraz dakite», sakristian geratu zen, eta gure arerio itsua den Aurtenetxe idazkariaren eskuetan utzi zuen arazo hori. Hau, beragaz honetan zebilen txaunburu-lagunari aho betean esaten hasi zitzaion: «Euskarazko kristau-ikasbidea gaitza da umeentzat» Erantzuna: «Askoz gaitzagoa erdarazkoa. Euskarazko-aren hitz guztiak irakurriaz edo entzunaz beste barik aditzen dituzte. Erdarazkoa ez. Itaundu «examen de conciencia, es hacer las diligencias conducentes...» zer esan nahi duten. Gauza ondo egitekotan, etxean eta kalean euskara egiten den herrietan, ikastolan eta elizan euskaraz ikasi behar litzateke kristau ikasbidea. Irakasleak ere euskaldunak balira umeek arinago eta hobeto ikasiko lukete». Jazoera hau zabaldu edo zen eta isileko orri batzuk ere ibili edo ziren azpitik. Horretaz «Boletin Oficial»ean gotzainak «que los menosprecia» idatzi zuen. Eta horrela doaz gauzak aurrera.

        «Herriak, hor-hemen, honetara-haretara batasun eta eratze barik aurka egiten du: euskaraz erantzun edo abestu, erdaraz dabiltzanean irten elizatik, joan ez: «urkatu gura gaituen Elizari txakur txikirik be ez», eliz-batzarretan sartu ez edo irten eta abar. Baina ez aldraka eta osoan. Batzuk baino ez. Hori askok batera, toki guztietan, eraz eta zuzenduta egingo balute... baina ez da erraz. Gainera edozelako bizibidetarako eliz-garbitasunak eskatzen dituzte eta horra eliz gizonez zerikusia eta...

        «Jaupariek herrietan euskara irakatsi behar luketela esaten zenuen zuen aldizkarian. Bai eta zenbaitek poz-pozik hartuko lukete arazo hori. Baina ez dakit inor horretan hasiko denik, herri txikietan behintzat. Bat edo besteri beren etxean bai, baina euskara irakasten dabilela esan barik. Bestela laster

izango lukete handik edo hemendik behaztopa eta buruko mina, susmo txarrez ere.

        «Umeei kristau ikasbidea irakasten dihardutenek ere, lan neketsua daukate. Herri ikastoletan erdaraz irakasten diete. Eliz ikasbidera datozeneko nekatuta dagoz eta luzaro ere ezin eduki, alferrekoa izango litzateke eta. Bigarrenez eta beste kristau ikasbide bat ikastea neketsu egiten zaie eta nahiago ez eta «zetako bi?» eta «ume koitaduak» eta esaten dute gurasoek ere. Guraso ustelak, jakina. Baina gaur umerik gehienak aldats behera hazten dituzte, alfer, aukeraz bigunegi. Badira horratik, erdaraz irakasten den herrietan etxean euskaraz irakasten dietenak. Hala eta guztiz ere, badira euskaraz ondo dakiten umeak, eta hartuko balituzte, urteroko Bilboko txapelketara aurkeztuko liratekeenak. Baina goterkian ez dute euskaldun «emperador eta emperatziz»ik nahi. Aberri batasuna ukatzea litzateke, edo beste aberri baten agerpena.

        «Goterki agintariak (herri-agintarien arabera jokatuaz) erdara hutsez irakastea nahi dute Eliza eta ikastola batera joan daitezen... baina erdaraz. Ikastola erdaraz bada elizak euskaraz gaitz duela eta ezinezkoa. Jaupari alferrak eta... errazago dute; nekatu beharrik ere ez, eta horrelako jauparientzat dira agintaritzak eta lemak ahal den bestean eta laster denean. Euskaraz irakatsi den herrietan (Gernikako herrietan edo) gotzainak berak esan ei die erdaraz irakasteko. Agindu ez baina. Behintzat beste herri batzuetan ez da horixe esaten ere ausartu.

        «Badakit «Kristau-Ikasbidea Bizkaiko euskaldun herrietan» izeneko idazti bat norbaitek, argitaratzeko asmoz, aspalditxoan eskuartean darabilela. Euskaraz kristau irakaskintza eratzeko bideak eta ereduak ditu eta urtearoa (kurtsoa) lau bost jaien orpoetan darabilena: Umeen eguna (Gabonak), Amaren eguna (Garbikundez), Aratusteak, Zelai-eguna, Txapelketa, Mendi-eguna. Jai bakoitzerako euskal abesti sortatik hainbat euskal abesti (hizkia aldatuta batzuk) dauzkana. Argitaratuko ote dute? Baimenik emango dute? Askok, direnak direlako, ez dute aintzat hartuko. Lurra hartuko balu, euskarak indarra hartuko luke jai polit horregaz eta abesti berriak, berrien berri ere geroago eta gehiago egingo liratekeela uste dut.

        «Baina gotzainak Kristau-ikasbide arazoa A.S.C.E.A.'ren eskuetan utzi du. Sortu zutenak gure adiskide ziren eta beste asmo batzuez sortu zuten. Gaur «sic vos, non vobis mellificatis apes». «Jaungoiko-Zale»ren aztarnak ere galdu nahi dituzte. Erdi jauntxokeriaz erdarazko kristau ikasbidea txapelketarako, eurek argitaratutako lauki-irudiak azaldu behar dira. Besterik ez.

        «Erdara alde eta euskara aurkako neurriak gogortu, gehitu eta goterki-lege bihurtuta ikusteko zorian ei gagoz. Jaupari berriei, lehenengo bost urteetan, udaro, hogei bat eguneko ikastaroa ematen zaie goterki honetan (Flaviobriga'n). Iazko udakoan gotzainak agertu ei zien goterki-elizbatzarra (sínodo) gertutzen zebilela. Aurretik gertuko zela dena, eta batzarra bera, «bai edo ez» esateko baino ez zela izango. Baina nahiz bai esan, nahiz ez, bera zela legeak egiteko eskubideak zeuzkana eta... besteek ez zeukatela ezertarako eskubiderik. Horrez gainera, hemendik txaunburu gutxi dagoz, «economuak» dira gehienak. Horiek ere gaur, gehienak aldekoak ditu: «nagusiaren ahotsa». Hargatik erraz da esatea: txaunburuak hau hori eta bestea diote, nahi dute, esan didate... Hortik hitzaldi, Kristau-ikasbide, Eliz abesti, elizkizun... eta gero, batetik hona urtero 17.000 maketo ekarriaz; bestetik euskara eliz-bizitzatik baztertuaz, «Concurso de Curatos libre» ipiniaz, erdal jauparien eskuetan ipiniko dute lehen euskaldunena zen herria, euskaldunak maketoak baino gutxiago izango garelako. Gaur Bizkaian % 75 euskaldun gara oraindino.

        Horiek omen dira Madrileko asmoak. Gotzainak Madrili laguntzeko dagoz. Lehenengo gotzainak maketoak direlako eta maketo izanez euskalduna zelan ikusten duten gorago esan dizut. Bigarren euskaldun-usaina eta abertzaletasuna kendu nahi dietelako euskaldun ustelek ere. Lauzurika'k esandakoa: «Euskadi egunkariak euskotar guztiak pozoitu eta zoratu zituen. Ideia horiek herriaren burutik atera behar dira, horretarako bide guztiak erabiliz». Hirugarren Erroma ere horretan ei dago «euskaldunak katolikotasuna Espainiagaz elkartuta aske baino hobeto jagongo duelako». Antzak horrenak dira. Nahi duten guztia egiten dabiltza hotz eta motz elizetan, ezeren lotsa eta beldur barik, bizkarrak Madriletik eta Erromatik jagonda baileuzkaten. Gure herria hoztuz doa eta askotan «Aita Santua ere diktadorezalea; Konkordatoa ere eman; «Obi Deun» omena ere eman. Nor joango da elizara? Jaupariak eta eliza Madrilekoak, gure arerioak eta abar, barra-barra entzuten dira.

        «Zer egin litekeen?.— Hemendik esan dizut zer egiten den. Baina egiten denari eutsi eta indar emateko, erbestetik zeuek egin behar duzue deiadar. Hemengo esanei eta haserreari ez diete beldurrik. Ito eta kito: egunkariz eta irratiz eurena baino ez da entzuten. Baina horratik, erbestean esaten denak haserre bizia ematen diete. Zenbat eta esaten dutenek (egunkari edo gizon edo irrati) izena handiago, haserreago. Zelan egin? Esaten dizkizudanak zeuen aldizkarian leihotik astindu, behin eta askotan. Dei egin euskaldun herri bakoitzari. 1936tik hona eliz bizitzan (hitzaldi, abesti, eta abar) euskarari zenbat kendu zaion zehatz esan diezazutela eta estatistika batean «Eliza Euskalerrian euskara hondatzen» izenagaz sarritan agertu, orriak atera eta zabaldu, hortik eta hemendik.

        «Otoitz ere egin behar da egiten den baino gehiago. Badira honen antzeko otoitza egunero egin ohi dutenak:

        «Euskadi gure maiteaz errukitu. Eho, galdu eta hil gura gaituzten arerio ankerren amorru-gorrotozko asmoak apurtu. Lur zabaleko beste aberri artean, sinestez sendo, Jaungoiko-zaletasunez bero, ohituraz garbi, hartu-emanetan gizon eta zindo bizi gaitezen. BIZI JAUNA, BIZI, EZ HIL. Horrelaxe.»

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus