Ondoko hiru artikuluok bi sailetan sartzeko modukoak dira, «kultura eta euskara»n badute lekua, eta halaber «politika»n ere, bietatik baitute nahaste. Hala ere, teknika aldetik oraino horrenbeste aurreratu ez dugula, zirt edo zart egitera beharturik naizela, kultura eta euskararenean sailkatuko ditut.

 

***

 

DONOSTIAKO SEMINARIO BERRIA
(Irratirako prestatua)

       

        Atsegin da, Paris eder honetan, arrats apalean, eguzkiak astiro eta haundikiro ginga betetik jaisten hasten denean Sena ibai-ertzetik pasealditxo bat egitea. Argi sotil eta narotsuz inguruetako zuhaitzak eta teilatuak jazten dira. Eiffel dorrea, bere gailentasun harro eta gotorrean, argi-bigunaren errainuz jantzia, xamur eta gizaberago agertzen, bere inguruetan oinez dabiltzan giza ttipiekin hitz aspertu bat egin nahi bailukeen. Invalides'etako urrezko kupula ere, gizabera, eta adiskide bihurtzen dute eguzki-apalaren errainu sorginek. Paris osoa, ordu zoragarri hartan, gauak bere itzal belunez jantzi baino lehen, neska xamur eta segail baten tankeran, giza-bihotzean sartu nahirik agertzen zaigu. Ordu egokia noski gogoeta eta hausnarrerako.

        Aipatu bezalako arrats batean, bakar eta soil, gehienetan bezala, ibaiertza zehar astiro nenbilen, betiko ametsak eta bulkoak ordu zoragarri hartan barnean irauliz. Izan ere arrats apalak, udazkenaren zantzuak izadian ohartzen diren garai honetan batik bat, barne-xokoak aztertu eta zertzera goxoki eta emeki eskutik garamatza. Nire bidean astiro nindoan, astiro eta eztiro arrats-apalak suspertu gogoeta atseginak hausnartuz. Bat-batean ene gogo-lan goxotik parean zetorren norbaitek saihestu ninduen. Deiadar bat egin zidan, baina ez nuen ezagutu, ez gizon haren ahotsik ez eta ingurunerik. Hurbilagotu zitzaidan, eta orduantxe antzinako edo behintzat aspaldiko adiskide baten piura hartu nion. Halere ez nintzen nor zitekeen konturatzen.

        — Kaixo, halako... esan zidan. Ez al nauzu ezagutzen?

        — Ez ba... Aspalditik erbeste haizeak hats hartzera beharturik nago eta senide ezagun eta adiskide hotsezko zenbaiten irudiak ene buru-eltzetik aldendu egin zaizkit. Ez beraz harritu, sostean ezagutzen ez bazaitut...

        — Ni halako nauzu. Donostiarra, eta hiri hartan azkenekoz ikusi izan zintudan. Ahantzirik zaudeke nonbait..., halako eta bestelakoren seme eta adiskide.

        — Bai, bai orain konturatzen naiz... Hemen bizi al zara?

        — Ez, ni Donostian bizi naiz. Ez naiz handik atera atzora arte. Egun batzuk hemen pasatzeko etorri naiz, beste adiskide batzuekin, gero berriz ere, Donostiaratzeko.

        — Zorionekoak zuek, gure Euskalerrian bizi zintezketenok. Guk hemen behar dugu, baina zuek bezain zoriontsu bizi garela esango nizuke. Zoriona ez da urretan igeri ibiltzea, ez da jan-edanean aritzea, ez eta maitasunean jardutea. Zoriona besterik da noski. Txiro bizi gara hemen, ez daukagu zuen aukerarik nonbait, estuasunean eta larri gaude gehienetan biharkoari buruz. Halere zorionik ezin dezakegu ukatu, geure inguruan ikusten dugunik. Zuek han ez duzuen zertxobait badugu barne-pox eta lasaitasuna. Zer edo zer baita... Baina utz ditzagun filosofikeriok. Eta zer berri Donostia aldetik.

        — Berri handirik ez. Gure irutxulo betiko lekuan dago, lehen baino pixka bat arroztuago, lehen baino harroago ere bai. Jakingo zenuen orain obispua ere badugula?

        — Bai, jakin ez? Eta ogi-puxka omen da obispu hori, oso xantua, oso atsegina apaizentzat eta eliztarrentzat ere...

        — Ba hala esan zidan On Jeolimo Buen Pastor'ko sakristauak oso ogi puxketa dela obispu hori. Apaizak sekulako ondoen hartzen omen ditu, hitz ederrik ere ematen eta esaten omen die...

        — Tira, tira, ez da gutxi. Baina obispu baino gobernadore antz gehiago baduela ere entzun dut... Zera... eliz-legeak baino herri-legeak betearazteko gertuago dagoela, alegia...

        — Ba, hori ere esan dit zerak On Kintin'ek, eliz zaharreko parrokuak: «on puxka, on puxka, baina beti herri agintarien eskutik.

        — Ez da harritzeko ere katolikotasuna haragiturik Madrilen daukagunez gero. Gainera, zuen obispuak esana, gizon xantu hari Santa Teresa eta Andre Mari agertu omen zaizkio —Franco'ri alegia— eta egunen batean aldarean ikusiko omen dugu, bi kandela ederren erdian.

        — Hori ere esan ote du gero?

        — Bai eta maiz esaten omen du. Ni irrikatzen nago katolikotasun haragitu hori, bi kandela handiren erdian aldare betean ezarrita lehenbailehen ikusteko. Baina dirudienez, Jainkoak ez dauka presarik, ez du bada bere magal epelera eraman nahi. Eta zuk ondo dakizu, hil aurretik inor ere ez dute aldarean, kandela biren erdian jartzen. Espainiako apaiz, obispu eta lekaide askok hori egingo lukete, gizon xantu horrekin, baina aldarea toki eskaxegia izan bizientzat nonbait.

        — Gure obispuak Franco aldarean jarriko ez badu, seminario berria behintzat aurten irekiko du. Hala da behintzat Donostian hotsa...

        — Ez al zeukaten bada obispuok Gasteizen Seminario eder eta haundi bat, euskaldun kristauak beren diruz eraikitakoa, eta ziotenez munduko seminarioetan ederrenetarikoa? Zer egin gogo dute bada seminario haundi horrekin?

        — Nik ez dakit ezer ere, baina hor ibili dira Bilbo eta Donostiako Obispuak seminario berriak irekitzeko diru biltzen.

        — Zer Bilbaon ere Seminario berria?

        — Bai noski. Horiek ere Donostia baino gutxiago ez dute izan nahi, alegia...

        — Ez al zen bada aski zabala Gasteizkoa...

        — Bai baina...

        — Bai oso ederki aditzen dut. Gasteizkoa zabala eta ederra da Euskalerriko apaizgai guztiak bere baitan hartzeko, eta hazteko. Halere oraingo Obispu berriek eta elizak, ageri denetik, ez dute horrelakorik nahi. Euskaldun seminaristak elkarrengandik bereizi nahi dituzte, elkarrengandik urrundu hobekiago estatuaren dotrina berri eta bideetatik eramateko. Bidenabar Euskalerria ere bakandu nahi dute, zatitu nahi dute; bakantze eta zatitzearen ondorenak ondo dakizkizu, adiskide, hondamena eta galpena. Euskalerriaren hondamendia, euskararen hondamendia, horra gure obispu eta Eliz ama santa katolikoaren bedeinkaziopean iritsi nahi dutena. Hor ez dago besterik politika zitalena, makiabelkeria ankerrena, Euskalerri eta euskaldunei buruzki[ez da ongi irakurtzen] osatua.

        Zer dela eta onets dezake Elizak horrelakorik? Katolikoa naiz, eta ezin dut horrelakorik ulertu? Nola Eliza eta Obispuak Euskalerri eta Euskalduntasunaren aurka horrela ari ote dira?

—Erraza duzu adiskide... Euskaldunak, beraien esatez, kristaurik zintzoenak omen gara, eta kristau zintzo izatea ba al dakizu horientzat zer den? Buru gainera kaka egiten badizute ere, txintik ez ateratzea. Burla gorrienak egingo badizkizue ere isilik egotea, Euskalerri eta euskarari buruz lege naturalak ez eze, eliz-legeak ere agintzen dituenak lotsagarriro hausten eta ostikopetzen badituzte ere, euskaldunak lapa harkaitzean baino mutuago egotea. Horixe da kristau zintzo izatea, eliza eta gure obispuentzat. Eta egia esan aspalditik erakutsi dugu euskaldunok zintzotasun ero hori, eta orain ere zintzotasun horretan bizi gara. Euskaldunoi burla gorrienak egin dizkigu Elizak, bere obispu eta apaiz eta Seminarioen bitartez. Euskara eta euskotasunaren aurka beti ibili da. Ahalegin guztiak egin ditu gure herria hondatzeko, gu menderatzen gaituzten agintariekin baturik. Gure hizkerak, oilo gorotzak baino ardura gehiago ez du merezi izan haientzat, eta gu beti isilik, beti mutu. Hori al da kristau zintzo izatea... Ez hori ez da txepel, koldar eta saldu bat izatea besterik. Bidegabekeria, non sortzen den, hantxe lotsatu behar da, nahiz eta Elizan sortu. Herri baten, hizkera baten eskubideak ezin ditzake inork ere ostikopetu, ez Estatuak ez Elizak, are gutxiago Elizak. Eta gure artean, biek ostikopetu dituzte, eta nola! Aski Euskalerri eta euskara guztia hondatu digutela esatea.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus