EUZKEREA TA LIBURU LIZUNAK

 

Pariseko Euzko Deya, 1952-11-1

 

        Zuen hiru galdera horietaz (Euskadi Irratikoak alegia) atal batean jardungo naiz.

        Euskararen egoera gaurko egunean motela dela esanez ez dugu gauza berririk esango. Etsairik porrokatuenak nortzuk diren esanda ere ez.

        Daroatzagun hamasei urte hauek Euskarari bere hegoak moztu dizkiote. Usoak lez erraz eta azkar hegaz hasia zen Euskara, baina hegoak ebaki zizkioten agindu-nahi larregiarekin etorri ziren jauntxoek.

        Euskara zuzpertzeko iskilurik onenak zeintzuk diren edozeinek daki. Orriak, idazkiak, egutegiak, izparringiak, aldizkingiak, hitzaldiak eta abar. Zabalkunde horretan gai guztiak euskaraz erabili.

        Apaizek lan handia egin dezakete Euskararen alde. Baina Euskara ez bedi izan eliz gaiak erabiltzeko bakarrik.

        Aberri barrutian gizatalde bakoitza euskaraz elikatu behar da.

        Aberri batean guztitariko jolasak, jokaerak eta izaerak hausnartzen dira: Onak, bigunak, ederrak, gozoak, alaiak eta baita ere txarrak, gogorrak, lizunak, mingotsak eta itunak. Eta batetik eta bestetik, abar eta abar: abar asko.

        Hauxe esan nahi dut: Aberri barruan, TASUN eta KERIA guztiak izaten direla: Edertasunak eta Arinkeriak; Maitasunak eta Maitakeriak. Horra gauza bi berdingeak.

        Esku garbiz bizi direnak eta lapurreta maite dutenak. Beti gogo garbiz dabiltzanak eta noizik behin ezbada ere lizunkeriara jotzen dutenak.

        Orain esango dudana, beharbada, astakeria irudituko zaio norbaiti. Baina nik neuk, gure Herrian, lapurreta bera ere euskaraz egingo balitz, nahiago nuke.

        Orain arte, euskararen alde zerbait egin nahi izan dugunok TASUNEZ bakarrik jokatu gara, KERIAren alde hori aldebat utzita. Ez dut esango okerreko bidetik ibili garela, ez horixe, baina gizatalde askori opor egin diegula, hori bai. Beraz, KERIA talde horiek ere euskaraz elikatu behar direla deritzot.

        Nik neuk, erbestetik etorri ohi diren eresiei ere euskal hizkia jarriko nieke, Herriak erdaraz barik, euskaraz abes ditzan. Ez ikaratu tango nahiz pasodoble bat aditzen delako. Euskal hitzak ezarri eta abes dadila.

        Horiei borroka egiteko, gazigarriz beteriko eusko-eresi eta hizkiez eginiko lanez azaldu.

        Eta orain zatorrek gogorrena: Eta... idazti lizunak (pornografia) eurak ere euskaraz egingo balira? Zer? Ikaratu?

        Horra zer jazo zitzaidan orain dela bi hilabete. Horretarako frantsez aldizkingi edo revista bat ekarri zidaten, jantzi arinez eta biluzik ziren emakumeen argazkiz betea.

        — Hi, gazteleratuko al didak lantxo hau?

        — Ez —erantzun nion zorrotz. Ez diat lanik egin nahi euskararen etsai bizia den ele horren alde. Nahi baldin baduk, euskaratu egingo diat, lizunkerizale ez naizen arren.

        Purrust egin zidan esanez:

        — Euskaraz ez zagok gatzik ematerik gauza horri, eta gutxiago zuen euskara hori ulertzerik.

        Erantzun horrek zirikatuta euskaratu egin nion oso-osoan.

        Hor darabilte eskurik esku erliki bat balitz lez. Eta denek ulertzen dute. Bat bera ere ezta ulertzen ez duenik. Denak gogoz eta irribarrez irakurri dute. Zergatik? Euren gogoko gaia ikusi dutelako. Euren uste arinen gazigarri zaielako. Begiak belarrietaraino irekiz, gauza bat sei-zazpi aldiz irakurtzen ikusi ditut. Ulertu ez e? Bai arraioak ez badira.

        Ziur naiz, gai horiek euskaraz erabiliko balira, milaka eta milakari sartuko geniekeela euskara. Bide okerra dela euskararen alde jokatzeko? Iritzia eskatu duzue eta horra iritzi bat. Nik neuk, lapurreta ere euskaraz egingo balitz nahiago dut.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus