ATAURREKOA

 

Euzko Gogoa, 1954, 5-8 zenb.

 

        AMILBERA.— Erronkariko euskararen azken hatsak direla eta «El Pensamiento Navarro»n Garde'tar Markelin'ek argitaratu duen deitora saminak, euskaltzale eta ez diren zenbaiten barneak asaldatu ditu. Izan ere, zulagarria benetan, Erronkariko mend[i-h]aitzetan, UNRRUSTOI ETA LERDOI orrien artean, gure ondasun bakarra hiltzen ikustea, inguruetako euskaldun eta euskotar ergelek hiroz usteltzen ari den zakur kutsatuari baino jaramon gehiago egiteke.

        Baina, ez bakarrik Erronkarin, baita Euskadi guztian ere euskara azkenak ematen ari zaigu, esatea lotsagarri bada ere.

        Roman-hizkerak aspalditik ari zaizkigu gure aberri-hizkeraren arlo zabalak apurka jaten. APURKA... orain mila urte zitekeen beharbada, euskarak ez baitzuen erdi-mende guztian ezarian baizik lurrik galdu, Burgos eta... Hamaseigarrenean «Lingua nabarrorum» zena, Nafarroa eta Arabako zelaietan lur-galtzen hasten zaigu: erdarak, ordea, nekez azpiak jaten dizkio, eta euskara maiteak gure lur zaharrari hemezortzigarrenaren azkeneraino tinko eutsi zion.

        Hemeritzagarrenean Euskalerriaren gainera zoritxarrak oro upelka erori ziren. Harrezkero aberri-hizkera orduraino baino lasterrago suntsitzen dihoakigu, egunetik egunera lur-jabetasuna ikaragarriro galduz. Orduantxe hasi zen Nafarroa eta Arabatik aldentzen, ez, noski, teknika eta industria berrien eraginera, —zenbaitek nahi luketenez—, aipatu lurraldeak, gaur ere, lugin eta nekazarien baitiraute.

        Hogeigarrenak erdal itsasoan betiko gure euskara ito nahi digu; itoko ere digu ekaitz gorri honi sendoki jazartzen ez bagatzaizkio.

        Antzinatik ari zaizkigu, eta ari gara, euskararen behera-behar honen zioak aztertzen, eta bakoitzak geureak aurkeztu ohi ditugu. Guztiak hemen ezarriko banitu, ataurreko hau behar baino luzeagotuko nuke.

        Alabaina, hizkera anitzek ikusi izan zuten beren burua gaur euskarak dakusan zori berberean edo okerragoan. Hizkera horien jabeek ordea, kemen eta gizontasunik erakutsi dute, berriz ere hizkerok piztu eta jasotzeko. Hor duzue katalanera, argibiderako.

        Gure herriak, berriz, ez du izan inoiz ere horretarako kemenik, euskara aintzat hartu eta zegokion gaindegira eramateko. Aitzitik, betidanik erakutsi izan du herri-elearekiko arbuiorik lotsagarriena, eta arbuio horretan darrai oraindik ere.

        Abertzaletasunak itsualdi honetatik euskotarrak aterako zituela esan edo uste zitekeen. Ez ba... Gurean Jel-alderdia izan da abertzaletasunaren harrobia, baita euskararen hilobia ere. Ez noski, asmoz eta jakitez, bai ordea, behar bezalako gizontasunik ukan ez duelako hizkera-auzi latz honetan; ez zuen euskara hartu alderdiko ele bakartzat, alderdikide guztiak aberri-hizkera hitzez eta idatziz erabiltzera beharturik, enda-ezaugarri bakar eta garaientzat euskara ezarririk. Erdara izan du ele nagusi; oraindik ere, ez du euskararen minik bere aratoletan nabaritu.

        Euskara ez dela aski abertzale zintzo izateko darasate... Eta erdal merkatari etoi bihurtu zaizkigu euskaldunak oro.

        Merkatari lotsagabeak euskal izenpean erdara besterik ematen ez diguten hainbeste eta hainbeste albistari.

        Txepel hutsak, euskara baino erdara erabili nahiago duten alderdikideak.

        Etoi batzuk, jakintza eta kultura erdaraz sakatzen diguten guztiak.

        Saldu batzuk erdara elizetan barreiatzen duten gotzain, apaiz eta lekaideak.

        Ziraun batzuk, erdara betiko zapuzten ez duten euskaldunak euskara soilik erabiltzeko.

        Zer itxaron ote dezakegu txepel, saldu, etoi eta ziraunez jositako herri batengandik? Irakurleak asma beza.

        Gure herria, aberri-hizkera behin betiko jasotzeko kemenik gabe, amildegirik beltz eta hilgarrienera lerratu zaigu, etoikeriaren leize-zuloan betiko usteltzeko.

        Garrazki dihardugula esango du norbaitek. Beharko... ez gaude bada, xuriketan ibiltzeko garaian. Beste inori baino lehen, «Euzko-Gogoa»ri dagokio gainera, honen garrazki mintzatzeko eskubidea. Ez dut uste inork harririk jaurti liezaiokeenik euskarari arnas eta adore ematen ez diolako. Gaur behintzat, gure aldizkariak darabil euskal zuzi bakarra.

        Euskaldunak! Nagiak eten eta euskara ito nahi diguten oztopo eta kate guztiak apur ditzagun. Kopeta harroz erakus dezagun euskaldun garela, euskaldun iraun nahi dugula; oraindik ez daukagula hiltzeko asmorik, Erronkariko euskararenik ez dakigun gerta.

E.G.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus