GERNIKA, GURE ALDIZKARIA

       

        Guduondoa, gure itxaropenen betegarri zitekeelakoan, pozik geunden benetako euskaldunak. Gure ametsen zeru urdina, betikoz zabaltzera zihoakigula uste genuen, ametsok, ordea, aldi gutxi barru, zakur-amets ikol gertatu zitzaizkigun. Hor ikusi dugu, tantai gotorrenaren kemena ere ihartzeko, aspalditik bere oinazpian bidegabe zanpatzen gaituen jaunskilaren ahalmena geroago eta indartzenago herri elkartu harroen opa maltzurrak bide direla.

        Halere, guduondo hartan, —etorkizuna ikusteko geunden artean— barne eta kanpoko euskotar guztiok, euskalduntasuna nolerebait zuzpertu eta indartzeko premia geure baitan sentitu genuen herri demokratikoen gurenda-hotsera. Premia horrek zirikatuta hain zuzen ere, Donibane Lohizunen aurkitzen ziren zenbait euskotar, nahikari horiek nolerebait mamitzeko bildu ziren. Bilkura hartan, eztabaida eta hitz askoren ondoan, «Gernika Elkargoa» sortu zen, euskaldun oro humanismo zabal baten itzalpean elkartzeko.

        Beharrezkoa zen aipatu lagunartea gure jendeak oro euskotasunaren bideak barna oldar batean batzeko. Jakina, batze hori, asmo zabalenaren gerizpean egin behar zen mota guztietako euskotarrak bere hesi artera ekartzeko. «Gernika» aldizkaria, zuzi isio baten antzera, lagunarte hartatik jaio zen, mundu zabalean barreiatu euskotarrak kultur eta gogo lokarriz elkartzeko, beti ere politika-joera guztien gainetik, herri-humanismo oso eta beteenean.

        Euskalerrian sortu izan diren buruzagi eta hotsemaile gehienek, bide hertsienetik barna eraman nahi izan gaituzte, bakoitzak bere burmuinetan erne gogoeta edo usteei soilik arnas emanik, ingurukoenak zakarki erdeinatuz. Honetan latin-herriei darien hertsikeria-izurriz jota maizegi agertu izan gara euskotarrok. Euskotasunak garaituko badu —eta garaitu behar du— hertsikeriok alde batera utzi behar genituen, sekulakoz hastandu, sekulakoz irato. Eta hori nahi izan digu «Gernika»k bere humanismo zabalarekin.

        «Humanismoa»k, literaturan daukan esanguraz bertzalde, badu beste ihaurriago bat ere, elerti-baratzean eman ohi zaionaren kidekoa. Literatur humanismoak giza zentzu guztien heldutasun eta umotasuna berez darakar, hots, gizon bete eta alde orotarik oso baten eratzea. Antzinako elendarrek iritsi zentzu-giroa duzue humanismoaren uztarik bikainena, zentzu-giro eta gogo-giro neurtu eta betea, harmoni-oreka goxoenean hazi giza-gogo atseginarena.

        Barne giro zuhur horrek ordea, barnetik landara behar du, giza-bihotzetik gizartera. Ez dago zentzu-giro beterik ez eta arestian aipa harmonia girorik, bakartasun soilenean trikuaren gisa bilduta, baranokoetara itsu eta gor dagoen gogo zakarraren baitan. Gizarte humanismoa besterik da, norbere gogogiro harmoniatsuz gainera, zentzu-adarrak beti ere erne eta bihotz ateak beti ere zabal landatik jaulki giza-asmo eta ustekizunak ere onez atosteko, ondoren haztatu eta pisatzeko.

        Humanismo horren eraginera, hain zuzen, gure aldizkari Gernika jaio zitzaigun. Bere zentzu-adarrak beti ere erne izan ditu euskotarren artean zoritu fruituak bere mandio aratz, argitsu eta egurastuan biltzeko. Iragan urteetan hantxe ari izan gaituzu geure asmoak iraultzen idazlerik asko. Hantxe, inongo oztopo eta trabarik gabe, kulturari dagozkion sail guztiak ukitu ditugu, eta «Gernika»k opa zitekeen uztarik bikainena egin du bere orrialdeetan. Harako Iparragirre zenaren hitz aipagarrien babesean: «eman eta zabal zazu munduan frutua» zabaltasunik eta zailutasunik haundiena erakutsi dizkigu, gure artean hain beharrezko ditugun adimen zabaltasun eta zailutasuna. Ez noski aburu-bakarpean guztiak menderatuz, baizik eta bakoitzari bere buru eta gogoeten askatasun hedatuena emanik.

        Eta askatasun honek, buru-tximur asko mindu edo eskandalizatu omen ditu. Zer uste dute gogo-aketsok, beren bulkoak direla aintzat hartzekoak soilik? Eztabaidarik osasungarrienak ikusi ditugu Gernika'ren orrialdeak zehar, eta gure aldizkariak ez dauka horregatik lotsatu beharrik, ez horixe. Ez, enetxoak: zuen dotrina miragarri horiek, nahiz eta miragarrienak izan, ez dira ukiezinak. Lurbira honetan ez dago ukiezinik; eta giza-burmuinak landara egotzi teoria garaienak ere, hazta, eztabaidatu eta inarrostekoak dira. Beraz ez zaiteztela, buru-hertsiok, «Gernika»k egin duen lan ederraz eskandalizatu. Zuen neurriaren arabera egin izan bagenu, aspaldi Gernika irol eta ustelduko zen. Zuen argiaren leinuru motelari itzala dario. Zabaltasunak soilik ekar ditzake elkartasun eta anaitasuna. Eta anaitasun hori beste ezer baino gurago izan du «Gernika»k.

        Etsai txikirik eta hertsirik ere ez omen, esango nuke; bada gizontxo hauen propaganda zitala dela bide «Gernika»ren inguruan, euskaldun eta euskotarrik asko haren magaletik urrundu dituzte aipatu buruhertsiok. Ez hori bakarrik, gure Aldizkariaren heriotza, bihotzez opa izan dute talde horretako anitzek, eta beren xedea iristeko bide gaitzesgarrienak ere hartu dituzte. Zer esanik ugari izango ditu (lituzke) noski, horretaz, gure aldizkari (zuzendari) maiteak.

        Eta aipatu euskaldun zaintzaileek, gure hondamendia ere ekarri digute. Penaz jakin dut «Gernika», urte honekin hiltzera doala. Penaz, gure artean daukagun argi biziena itzaltzera doala. Minez, euskaldunok orain arte izan dugun gudu zelai bikainena —geure adimen-armak zorroztu eta erabiltzeko— betiko itzalpera doala.

        Itzaltze honek beste Gernika dakarkit gomutara. Hura gure etsaiek erre eta kiskali ziguten. Deitoragarria, benetan; baina hala ere, etsaien eskuz bete zen erailketa hura. Gernika-ren erailketa are eta kriminalagotzat jotzen dut nik, bada gurearen heriotza anaia, euskaldun eta euskotarrek dakarkigute, hots, senide-erailketa bat duzue. Etsaiek harrizko Gernika suntsitu ziguten, eta gure senideek gogozko «Gernika» hau, adimenen argitasunez jantzitako «Gernika» itoko digute. Beste hura berjasotzen ari zaizkigu. Baina gogo-hilak, adimen hilak berpiztuko dituenik ez da oraindik jaio, are gutxiago gure aldizkariaren heriotza ekarri duten gizontxoek. Horiek, porrokalari amorratuok, ezingo dute ezertxo ere egin gure herriaren etorkizunerako. Bai, zerbait bai, euskotasunaren iturri biziak betiko elkortu. Hori bai lan ederra eta gurbila.

        A zer nolako abertzaleak horiek. Etsaiaren burubideetatik dabiltzanok, ez dira abertzaleak. Horiek ez dute gure aberriaren benetako berritzerik nahi. Aitzitik, ilunbeen mende eduki nahi dute beti ere. Negargarria benetan, munduan barreiatuta gabiltzan euskaldunek erakusten duguna, baita ere Euskalerrian aurkitzen direnek. Gure artean sortzen diren aldizkariekiko gorrotoak erretzen ez gaituenean, axolagabekeria ustelenak bai behintzat. Eta axolagabekeria hau gure herriaren eritasunik larriena duzue izan ere. Kulturarekiko axolagabe, hizkerarekiko axolagabe, hitz batean esan, gure herriaren gogo-aurrerapenerako diren guztietan nagi eta alfer. Nagikeria, alferkeria, gogo-alferkeria horrexek betiko gure herria suntsituko du. Eta herri lotsagalduak, ahuleriaz hirotu herriak, gurea halakoxea gertatzen ari baita, betiko galduko dira.

        Ez nuke nahi «Gernika» hil dadin. Ez, bizitza luzeena opa diot. Gure gogoetan kultur-mina, euskal-mina beti ere bizi eta bizkor daramagunok bederik, elkar gaitezen, euskal lotsagabekoek sortu basamortu elkor honen erdian, gure «Gernika» atzendu ez dadin.

 

Paris'en, 1953-VIII-25.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus