Jon Mirandek, «Euskaldungoaren etsaiak» argitara Gernika aldizkarian, eta horren kariaz idatzi zuen ondoko iruzkina. Lehen zirriborroa delako itxura guztiak ditu. Ez dut uste argitara zuenik. Halaz guztiz, kontuan izanik Jon Mirande eta Andima Ibiñagabeitiaren arteko harreman estua hona aldatu beharrekoa dela deritzat.

 

***

       

Euskal aldizkarietan ez dira maiz ikusten, inoiz ere ez esango banu egiago litzateke, azkeneko «Gernika»n bezalako artikuluak, eta are gutxiago euskaraz idatzita. Euskaldungoaren beherapen eta galtzearen oinarriak aztertu nahi izan ditu idazleak, gure izate eta historiaren sakonenean pulunpatuz. Ez ditut, noski, ontzat hartzen idazle gazteak gertakizun horren inguruan jaulki dituenak oro. Ez dut ere esango hizpidean dagoenik, kristautasunaren aitzi egozten dituen zenbait bulkotan.

        Haidor eta ausartiegi ibili da Jon Mirande, kristautasuna sortalde buru astunak eranarazteko dotrina bat besterik ez dela [«buru helduak hilarazteko sortaldeko dotrina bat» esan nahi duela dirudi. Gorago adierazi dut zirriborro gisakoa dela]. Hori ez da egia, nahiz eta Rosemberg'ek esan. Beti kulturak, mota guztietako kulturak, sortaldea izan du argi iturri ez noski German'en oihan basak. Handik, ez zitzaigun ezertxo ere etorri, argi zantzurik, noski, ez euskaldunoi ez eta beste inongo herrialdeei ere. Orientetik ordea bai. Zer dira bestela txurrustaka Greziak inguru guztietara hedatu zuen jakintza eta kultura argiak? Grezia ere adiskide, sortaldera eserita dagokizu, beraz ez esan orienteak itzala baizik ez duela mundu zabalaren gainean ihaurri. Kristautasuna ere, gizadiaren aurrerapenerako izan diren guztiak bezala, orientetik etorri zitzaigun, Europako basagizonak zerbait lantzeko.

        Ez du onartzen paganismora bihurtu beharrik daukagunik, gure herriari, eta are gure euskarari berean eutsi eta Euskadiko muga bazterretaraino hedatzeko. Paganismoaren aztarnak baino, basa-izaerarenak geure baitan daramatzagula dio Mirandek. Basa-izaera hori mendeak zehar leundu eta landua izan da Europako herrietan. Leuntasunezko Paganismorik ere ez dagokigu beraz, bada antzinako paganismo basa eta zakarrari uko egitea litzateke. Ez gaitezen bada uko biren erdian koka, kristautasunaren uko eta paganismoaren bitartean.

        Nik, ordea, beste zerbait onik, aurkitu dut aipatu artikulu haidorrean. Euskaldungoaren etsaiei buruz dioena, egia da bete-betean. Hiru etsai nagusi: aurrenekoak, eta okerrenak beharbada, geu euskotarrok. Ocidenteko (sic) latin-estatu berriak eta Eliza bera ere. Ezin ukatuzko etsaiak hirurak.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus