ERRI-AGINTERA ETA IZKUNTZA NORUEGA'N

 

Alderdi, 51, 1951-VI, 11-12.

 

        Norvegiak Danimarkatik bereizi eta aberri askatuen bizimoduan barna sartu zenean, hizkuntza-auzia, laurehun urteko lozorroaren ondaretzat jaso zuen. Ordurarteko hizkuntza, irarkola eta agintariena behintzat, danieraren hizkelgitxo bat besterik ez zenuten. Baserrietan, ordea, oihanetako zuhaitzak bezala araugabe marduldutako hizketa zerabilten, berein hizkelgitan bakandua; hala ere, norskeraren sortohea jatorriz.

        Ez da harritzeko antzinako loalditik esnatu berria zen enderriak hizkuntza jatorraren aberastasun eta bitxiak ohartzea, bera baitzenuten saga zahar eta Norvegiako kultura bereziaren iturria. Hizkuntza honek ez zeukan literatura idatzirik ezta batasunik ere. Norvegiarrak, aldiz, hizkerari batasuna emateko ekinera jarri ziren. Ivan Aasen, aitzindari, ondoren beste batzuk azaldu ziren, Vinje, Aukrust eta Garborg idazleak. Ederki erakutsi zuten hizkelgi arruntek idaz-literaturarako zituzten gaitasun eta indarrak. Egia esan, Norvegiako literaturak hemeretzi-aroan ezagutu zuen loraldiko idazleek hiri eta gobernu-seinen hizkera izan zuten ama-hizkera ere. Baina, apurka, hizkuntza hura norvegiartzea erabaki zuten, eta berez bezala, hizkera hari norvegiarraren durundi zakarra erantsi zioten.

        Beraz, Norvegian hizkuntza bi bizi ziren; landsmal, herri hizkuntza jatorra, eta riksmal danieratiko hizkelgitxoa, ordurarteko agintari eta handikiena. On edo kaltegarri zitzaiokeen hizkera bi horiei iraunaraztea? Ez dakigu. Suitzan lau hizkera dituzte, egia. Landsmal eta riksmal arteko auzia sortu bazen, hiri eta baserrien arteko borrokak sortarazi zuen.

Horra ikasle bat. Fiorj edo menditarte batean jaio eta haziriko gazte gizajoa, bere gurasoek nekez aurreratutako txanponak Kristiania'n ikas-agiritan bihurtu nahiz. Beti ere mingarri izan ohi da baserritar bere burua hiri handietan agertzea. Baserritiko ikasleari, etxeko ez zitzaion hizkuntza, hiri handietako tzarkeria, lohikeria eta alferkeriaren irudi gordina gertatu zitzaion. Irudi horren baranoan, norberaren eder-itsusiari darion handiki eta zori-hobeagodunenganako gorroto eta amorrua gotortu ohi dira. «Hiru gauza, batez ere, higuin ditut, zioen norbaitek: edaria, kartak eta riksmala».

 

        HIZKUNTZA-BORROKA.— Norvegiarrak, borrokari izaki, laster landsmal eta riksmal zaleen artean borroka gorria piztu zen. Auska horrek ondore onik izan zuen, bada landsmalak beste hizkuntzaren adinako eskubideak iritsi zituen. Eskubide horien betegarri, 1912.ean Norvegiako hiriburuan antzoki bat eraiki zuten landsmal hutsezkoa. Gaur ere, gehienen iritziz, skenari doazkionetan antzoki hori ederrena omen.

        Honenbestez auzi hau garbitua uste zitekeen, eta herriak, elebitza, izatetik zerion onuratzat hartuko zuela. Hizkuntza biok elkarrekiko osatu eta batuko zirela ere bai, Ingalaterran gertatu zen legez.

        Baina politika hizkuntza arloan tartetu zen, eta egun inoiz baino zorrotzagotu da hizkuntza-auzia. Ikasbide ederrik jetzi dezakegu euskotarrok auzi horretatik.

        «Ordet» deritzan aldizkaria «Riksmal-Elkargoa»k 1950.eko martxoan «hizkuntzen aurrerapenerako» sortu zuen. Aurreneko banakoan Arnulf Overland, hizkuntza arteko bakea zildaitu nahiz, eskua luzatuz agertzen da, eta bere lankide Ode Einden'ek berriz, liskarra gozatu nahirik dio: «gure arteko borroka, maitasun ezaugarria besterik ez denez gero baketu gaitezen». Baina benetako norvegiarrek haien deiari ez diote jaramonik egin, eta hizkuntza jatorra zaharberritu nahi dutenen artean riksmal zaleek etsairik gogorrenak aurkitu dituzte gaur ere. Veslamske eta Mallag, landsmal zaleek, beren ukabilak erakutsi dizkiete bakezaleei.

 

        POLITIKA ETA HIZKUNTZA.— Horra, geroztik, politika hizkuntza auzian nagusi. Gizon azkarrak dituzue politikariok, elebitzaren inguru herriak eraman behar izan dituen zoritxarrekin nazkatuta. Adi eta estetika gaietan, diote, ezin genezake bereizkuntza hori luzaroago jasan: sor dezagun, ahal dugun ginoan, aipatu indar biak elkar ditzakeen hizkuntza, bidenabar herritar daitekeena, hau da, herri-hizkerari datxekiona.

        Hizkuntza-politikariak langile eta ekineko gizonak dituzue. Idazle eta elertilarien arteko eztabaidekiko itsu eta gor, horiek parlamentuan ekinean ari dira. 1938.ean herri-norvegiarraren ortografia edo idazkera eraberritu zuten; «Oslo»ko jatorra deritzo idazkera horri. 1907 eta 1917an egin legeak, norvegiera danieraren kutsutik garbitu nahi izan zuten, eta idaz-hizkuntza Norvegiako oguzkeraz jantzi. Aipatu bide berriekin riksmalari gerri-gerrian aizkora ezarri zioten. Ikastola Nagusietan, orain ere, hizkera bietatik bat aukera daiteke, baina ezarian-ezarian norvegiera garbizaleak aurrea hartzen ari dira. Lan horretan begirale antzetsu eta argi batzuek laguntasun handia ematen diete norvegiera garbiz geroago eta idazti ugariago eta egokiagoak gerturik. Beraz, riksmala atzeraka dihoa, norvegiera kutsugabearen aitzinean, eta aldi gutxi barru, zeharo, hizkuntza hori, herri hizkera jatorrak zokondoratuko du. «Gure erabakiak, diote hizkuntza-politikariek, Norvegiako herriak hautetsitako ahaldunek ontzat hartu dituzte; beraz, herriaren izenean ari gaituzue».

        «Ordet» aldizkariak galdetzen du, aldiz, parlamentuak eskubiderik ba ote daukan kultura gaietan, eta batik bat hizkuntza gaietan erabakitzeko. Norvegiera arruntaren aldezleak hizkuntza eta filologian jakintsu dituzue noski, diote. Baina hizkuntza-irakasleak gutxitan izan ohi dira garako idazle: «iren ezinduek, ahal dutenen gorrotopean neskatxak zaindu ohi dituzten bezala, horiek ere hizkuntza zaintzen dizute. Hizkuntzalariek hizkerarekiko, meteorolariek haize eta euriarekiko hainbat aginte dizute» «Hitz biziak sortzeko, adimen eta gogo behar dira».

        Egiak oro, beharbada, baina herri-hizkuntza zaleak, idazle azkar eta politikari langileez gainera, herria dute bere. Jakintsuen goi uste eta baiezta miragarriak alde bat utzirik, ari beharretan murgilduta dabiltza norvegiar jatorra berpizten.

 

        HIZKERA ETA GIZARTEA.— Hizkuntz-politikariek lan horretara bultzatzen dituen beste zerbait ere badute. Hizkerak gizakiak gizartean mugatzeko indar berezia dizu. Hitz-ebakera eta are darabiltzaten hitzetatik, antzina soinekoetatik bezain eroso jendeak gizartean dagokien mailan mugatu ditzakegu. Benetako herrizale edo demozaleak bereizkuntza nabarmen hori ezin dezake egari. Herri hizkuntzak, idaz-hizkuntzaren arabera behar luke. Senitarteko hizkera, etxeko arazo eta ausiabarretan erabili ohi den mintzo arin eta hutsala, idazleen antze eta eragitez garden eta bizkor bihurtu ondoren, guztien hizkuntza izan behar du. Kultura bideak, ororentzat zabal eta eder bitez. Horregatik Norvegiako demokrata-taldea, hizkera garbitu eta apaintzera, idazleak lagun, aspaldi jarri zen eta dagoeneko ia helburura iritsi dela esan daiteke.

        Daniera eta norvegiera saxoi zaharraren haurrak biak, kide dituzue. Hala ere norvegiarrek beraien hizkuntza danieraren kutsu guztietatik garbitu nahi dute.

        Ikasbide eta jarraibide ederra euskaldunentzat. Ez idazle, ez politikari, ezin gintezke euskararen auzi honetan banatuak. Orok hizkuntzaren onean behar dugu, bakoitzak ahal duen neurrian, aberri-hizkera bakarra batu, osatu, indartu eta Euskadi barnean sendotu arte.

 

Paris 1951-VI-5.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus