POPULUAREN ESKUARA

 

Pariseko Euskal Deya, 363, 1953-9.

 

        «Noiz ulertuko dute gure bestaldeko Euskotar hainitzek eskuara errotik ikasi behar dela...» Han-Zena'k («Euzko-Deya», 361 zenbakian)».

        Miarritzeko «Euskararen Eguna»ri buruz «Han zena»k, euskara biziki pullita darabil, airoski eta garbiki. Era berean, ordea, akuilu zorrotza ere dardarazten dizu, bestaldeko euskotarrak ziztatzeko, zulatzeko. «Han zena»ren erranak irakurriko lituzkeenak, bestaldeko euskotarrak euskara ikasteko gaudela oraino uste izango luke. Beharbada, hala izanen da.

        Guk, ageri denetik, ez dugu «populuaren eskuara» goxoa xurgatu. Are gehiago; ez dakigu euskara zer den ere. Gaixoak gu! Euskaraz ari nahi, eta baitezpadako mintzaira arrotzez ari gaituzu, populu guztia nahasten, populu guztia nazkatzen. Hori zergatik? Populuaren barne-muinetan pulunpatu ez garelako, edota (Otea'k liokeenez) baserriko simaur-urrina birikak betean ez dugulako hats hartu. Hitz batean erran, gure euskarak gorotza falta du. Eta gorotz-pikorrez beztitzen ez dugun bitartean, alferrik ari gara euskaraz idazten, alferrik ari gara —bestaldeko euskotarrak— gure hizkera jaso eta goraltxatzeko onenak ere ematen. Populua behar dugu, simaur-urrina, gorotz pixka bat...

        Baina nik galdetzen derautzuet: non daude populuaren euskal titi oparoak? Non daude baserriko euskal simaur urrintsuak? Ez ditut nik behintzat, inon ere ikusten, ez usnatzen. Luzaro ez dela Lapurdiko populuarekin nahasian ibili naiz, euskararen urrin goxoz ene birikak hanpatu nahiz. Basa-frantses minkaitzez hanpatutako titiak eskaini dizkit populu horrek. Joan naiz baserrietara ere, Azkaine, Sara... Euskal esnez beterik beren ahoñoak behar lituzketen haurñoak, frantses-esnea ezpainetatik zeriela ikusi ditut. Izan naiz elizetan ere. Han kausitu ditut Bossuet berriak, frantses jario ahalkegarriak, Axularren hondakinak eginahalean lurperatzen. Ez dut populurik, ez Axularrik, ez eta simaurrik ere ediro...

        «Noiz ulertuko dute gure bestaldeko Euskotar ainitzek eskuara errotik ikasi behar dela...?» Galdera egokia. Honatx arrapostua...

        Zenbaitek beren hizkelgitxoa ezagutzea dela uste dute euskara «errotik» jakitea, batez ere honaindiko euskaldunen artean. Hauentzat, gehienentzat behintzat, berena bertze euskararik ez dago. Oso gutxi ikusi ditut hemengo euskaldunen artean bertze hizkelgietara emanak, eta jakina, beraiek bezala mintzatu eta idazten ez dutenek ez dakite euskararik ere. Horrelako zerbait gertatzen zaio, nonbait, «han zena»ri ere.

        Bestaldeko euskaldunen artean, idazleen artean batik bat, aldiz, saldoka daude euskal hizkelgi guztiak errotik ez bada ere aski sakon ezagutzen dituztenak, edozein euskaraz idatzi liburuak gogoz irakurtzen dituztenak. Bizkaitar anitzek gaztetandik Lapurdi, Zuberoa eta Behe-Nafarroako euskal liburuak irakurtzen zituzten, eta oraino ere irakurtzen dituzte. Erradazu, ene adiskide «Han zena»; zenbat lapurtar, baxenabartar, zuberotar ezagutzen dituzu bizkaierazko liburuak irakurtzen dituztenak? Hala ere bestaldeko euskotarrek euskararik ez dakite.

        Baina zuek baino bide handiagoak egin dituztela euskal bidean erran behar dizut, eta gudu ikaragarri baten ondoren oztopo ikaragarriagoak sortu ez balitzaizkie are bide handiagoak egingo zituzten, zuek oraindik amestu ere ez dituzuen bideak. Egun ere, oztopoak goiti-beheiti, ari dira oraino euskara pixka bat ikasten, lantzen eta maitatzen. Zuek bezain ongi ez dakite, noski, baina zuek baino asmo garaiagoak dituzte, euskara aberri oso eta bakar baten hizkera bihurtu nahi dutelako. Zuek popularki idazten duzue, halere populua zuengandik aldentzen ari da. Gurean, populua ere, goiz edo berandu, idazle eskax eta garbizale horiekin bat etorriko da. Zuek hango anaia errukarriek baino erraztasun gehiago dituzue euskara bizkortu eta sendatzeko. Halere ez duzue egiten. Beraz ez da aski; bertze zerbait behar du gure bihotzak euskarari indar eta bizia emateko, gar berezi bat. Eta Jainkoari eskerrak, guk badugu gar berezi hori eta gure populuak ere ba...

        Aipatu gar berezi hori zuen populuaren bihotzean pizten ez duzuen bitartean, alferrik ari zarete populuko euskaraz idazten. Populuak, berez, ez du bat ere lotsarik euskara ukatzeko eta arbuiatzeko. Populuak ez du nehoiz ere euskararik salbatuko, nehongo hizkerarik ere ezpaitu salbatu. Euskara bestaldeko euskotarren artean eta zuenean ere bai, jakintsuek, letradunek, apaizek, miriku eta bertzek salbatuko digute. Horiek hondatu ere digute, eta horiek salbatu behar digute gure aberri hizkera. Populua geurok gidatu behar dugu. Orain arte Euskalerriko jakintsu eta letradunek handikiekin nahasian, Euskal Herria bazka kaltegarrietara, erdal bazkara alegia, gidatu digute. Horiek izan dira gure hondatzaileak, ez euskara garbiki idatzi dugunok. Guk bederik, euskarari iraupen eman diogu, haiek aldiz, populuan bertan ito digute. Ez gara gu izan euskararen hobiratzaileak, bertzera liokeenak gezurra lioke.

        Honatx «Han zena»ri inolako aiherkunderik gabe erran gogo nizkionak.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus