Neke egiten zaigu gisa honetako aingerutzeak, Bachena bereziki, guregandik baino Jainkoagandik hurbilago ezarri beharreko goratzapenak, eraman onez pairatzea. Kritika objektibotik, aztergai duen objektuarekiko gutxieneko distantzia intelektualari eustea xede duenetik urrun, antipodetan dago. Eskuetatik eta begietatik uzteko gogo bizia sumatu dut behin baino gehiagotan. Non da aurreko artikuluetako argitasuna eta errealismoa!

        Bachez eta Verdiz idatzi denaz axaleko ezaguera dut. Bachen biografia-idazleek aipatu dituzte honen zenbait jokaera, ez hain justu azpijoko eta amarruzkoak, baina bai gixakiaren jokalege arrunten neurrikoak, hain zuzen bere ogibidean, hots, organolaritzan aurrera egin eta geroz maila goragokoak iristeko, organo-postu hobeak iristeko borrokan. Ba omen zekien ustez zegokion diru-saria behar lekuan eta moduan galdatzen eta erreklamatzen. Huskeriak, baina gizakia zen baiki. Ordea, sistematikoki egiten dio uko Andimak autorearentzat ohoragarri ez den ezertan arakatze hutsari. Adierazgarri da katoliko/protestante bitasunaz ez duela letrarik idazten. Ez dakit zein liburuz baliatu zen hau egiteko, baina gaitz da sinesten erabilitako iturriak gorespen hutsezkoak zituela. Berariaz egin zion uko.

        Verdiri doakionean, oro har arras goretsi dutenek ere, besterik ez bada goresmenak bestelakoen aldean nabarmenago gailen daitezen bestelakorik ere ekarri dute aiputara, hala nola urteak aurrera kontserbadore bilakatu zela, Italiaren iparrean indarrez sartzen ari zen musika germaniarra higuingarri gertatzen zitzaiola, besterik baino gehiago bekaizkeriak jota. Hauek ere huskeriak. Jakina, ez digu axola Verdiren kontserbadoretasun edo keriaren auzia ebaztea, goikoa berresteko hartzen dut ahotan, kritika gutxi-asko objektibotik itzuri dabilela sistemaz, laudorioetara guztiz eraitsia. Zer dela eta?                

        Euzko-Gogoatarren xedea, Euzko-Gogoa aldizkariaren inguruan bildutako gerraurreko euskal idazleen hazaldiarena, alde batera bederen, irakaskuntzarako, inoizko euskal unibertsitaterako langaiak sortuz joatea zen. Kultura euskaraz landuz hizkuntzari aipua eta izena ematea. Ez da atera zahar batxilergorako eskuliburu bat euskaraz «Musika Historian Zehar» deritzana. Normala denez, pare bat orri besterik ez diote eskaintzen Bachi, eta, Verdiri gutxiago. Segur aski Andimak bazekien testu honek ez zuela irakaskuntzarako balio, ez ordurako eta ez gerorako; beharbada burutik pasatu ere ez zitzaion egin horrelakorik.

        Besterik baino gehiago sentiera baten iraupena, jarraikitasuna sumatzen dut edota sentiera bati iraunarazteko nahia, hain premiazkoa bizi zuten gogogiro-krisi larrian. Oroit lehenago aldatu gutunetako adierazpenak: giza askatasun nahiz herri eskubideen aldezle zindotzat hartutakoek sartu zieten ziri arantzaduna, indarraren nahiz gezurraren mende bazterrera uztearekin bat; eliz agintariek egindakoek eta egiten zihardutenek barnean eragiten zioten samina eta kraskadura, gutxieneko bizipozez irauteko noraezeko zuen edo zuten fede-kriseiluari, iraungiko-ez-iraungiko zebilkienari olioa eman behar hunkigarria.

        Bachen kerari, estiloari dihoazkionak agertzeari ekiten dionean, badirudi Bachen musikak sortzen dizkion sentipen mistiko kutsukoak adierazi beharrari ematen diola amore, edertasun handiko ahapaldi goi-arnasdunak tolestatuz.

        «Ur gardenean antza bezala, keran idazle edo ertilariaren izate osoa islatzen zaigu... arima dentsua bere tasun edo keriez inguratua...KERA [estiloa] oso, egia eta antzetsuago ere daitekeela, ertilariaren barne-izaera ageriago jartzen digun neurrian». Bach inguruko aldeetarik zetozkion musika-haizeekin borroka aritu ondoan bere nortasunaz jabetzen da, eta Fugaren bitartez betiera jotzen du, erpin gurenena, edertasunik goitarrenaz bat egindakoarena.

        Verdirenean arrazoi edo sentibide beretsuak aurrekoarenean baino laburrago eta tonu bat apalago. Gizon apala, xaloa baina aldi berean nortasun handikoa, martzala, sendoa eta zintzoa. Ertilari gartsuari dagokionez aberriaren aldeko sutsua. Aintzak eta ohoreak nekez irabaziak eta mereziak izan behar dutela etsi-etsirik zegoena. Jatortasun eta bihotz-zabaltasunaren jabe. Laudorio bikainenaz buru emateko: bere musika zuén arima eder eta garbiaren ispilu hutsa zenuten.

        Garaitsuon Euzko Gogoan Orixe On eta Ederraz, Antzeaz eta Ederraz ziharduen. Jesuitetan ikasi zuen Andimak. Gure aiton-amona ikasien hazibidea eta mundu-ikuskera idealista, zalantzarik gabe bere xarma lilurazkoaz dohatua dena. Jainkoaren irudiko edo probidentziaren eskuko gizatasunean sinetsi nahia eta beharra. Sabino Arana, Jose Antonio Agirre, Orixe, Bach, Verdi; Jainkoak bere eskuz gantzutu eta igurtziriko gizonak.

        Aldi berean, zenbat desengainu eta etsipen, eta horri buru egin behar larria, etsipenaren handiaren neurriko desetsipena.

        Koldo Mitxelenak Txillardegiren Leturia euskal literaturaren mundura sortu zenean, honek mamitzen zuen izpirituz hornituriko gizaldi berri baten udaberria sumatu uste zuen: euskal kulturak umetako oharkabetasun atseginetik jalgi eta arrazoi-adineko eginkizun latzei buru egiteko modurik izan zezan noraezekoa. Delako umetako oharkabetasun atseginetik ezinbestean jalgi beharraren baieztapen horrek gogorra, samina, iduri du. Arras maite dugun gogogiro, balio mundu kutunetik banandu behar latza sumarazten du.

        Aurreraxeago, hamabost urtetsuren buruan (1939-1955) jazotako balio trukaerak eragindako osina hartzen zuen aiputan. Honi gagozkiola, egungo zenbat euskaldunek sentituko lukete Lizardiren urte-giroak irakurtzean, antzinadaniko euskal arima ezpada euskal eredua behinik behin mamitua dagoela direlako bertso-lerroetan?

        Joxe Azurmendik bestela adierazi du gizaldien arteko balio trukaeraren sakona eta handia. Andima, Zaitegi, Nemesio Etxaniz eta kidekoek, hondarrik hondarrenean, liburu zahar erlijiozkoak irakurriz kontsolamendurik aurki zezaketen euren bihotz zartatuentzat; bere kidekoek berriz, euskara ikasteko irakurtzen zituzten, eta pozbidea nahiz kezkabidea Camus, Sartre, Unamuno bezalako autoreetan janarituz iristen zuten.

        Honekin ez dut adierazi nahi, inondik ere, etengabeko aurrerapenean gatozela. Gurasoak aiton-amonak baino jantziago eta askeago, eta jakina aurrerako lerroan aurreratuagoak ilobok, aiton-amonen askotariko eskaskerietarik geroz urrunago, urruntzen ere urruntzen.

        Laikotze sakona nozitu dugu. Erresalbu eta salbuespenak salbu, egungo aldian hurkoaganako ezaxola eta antsikabekeria ditugu ezaugarri nagusi. Aiton-amonak nahiz gurasoak arbuiatzeko eta ahazteko bezain aberats okitu eta aurreratu abantailatu ote gaude bada?

 

        HIZKUNTZAREN LANKETA

        Azterketa zehatzagoa burutzeko egitekoa unibertsitariei utziko diet. Gain-gainetik ezaugarri larrienetara mugatuz: esaldi laburrerako joera nabarmena erakusten du, Orixe eta Lizardiren tradizioaren jarraitzaile. Haiek bezala sintetiko gutxi erabiliak badarabiltza, aditz laguntzailearen ezabaketak ere badira, guztiak ere gorago aipatuek gerraurrean aldarrikatu euskal estilo labur eta gihartsua lortzearen kariaz. Esango nuke joskerari dagokiola Altube jarraitzen ahalegintzen dela, nahiz hau guztia behar bezalako azterketa doiak argitu eta zehaztu behar duen. Erabat harturik, ez zait iruditzen laburtasunak argitasun eta zehaztasunari kalte larriegirik egiten dionik. Estilista itxurazkoa da, sotila eta fina, badaki soinu onak ateratzen euskarari.       

        Hiztegi kontuari berariazago gagozkiola, alde batera sortze-lana burutzen du neurri ohargarrian. Hor dakusagu zenbait lexema, kasu, eresi, eginahalean ustiatzen: ereskin, ereslari, ereslan, ereslerro... aldaera ezagunagoei ere, tarteka leku eginez. Ulergaitz gertatuko dela deritzonean behinolako hizkuntza unibertsalaz laguntzen du hitz berria edo gutxi usatua, hots, latinaz. Euskalki guztietako hitzei egiten die leku, harraldi aski neurtu eta zuhurretan, ez parrastan mugak gaindituz. Maileguei orobatsu: Kantata, koral, moteta/motete, preludio, fuga. Tzeloren kasuan nabarmena da hizkuntza anglogermaniarrei eman diela lehentasuna latin-hizkuntzen aldean.

        Batzuetan Azkueren hiztegia egurastu beharrez epatatu nahian dabilenaren itxura hartzen zaio —ehunki, ehuntaro, mendea adierazteko—, euskararen harrobiaren oparotasun joria agerriz erakusteko irrika, hizkuntzaren balio eta ahalmenetan sinesmen gutxi zuten euskaldunak limurtzeko xedez. Ez, haatik, izariz kanpo.

        Garaitsuon Orixek Gernika aldizkariaz baliatuz, euskarak auzoko latin hizkuntzen aldean zituen bikaintasunak ematen zituen aditzera. Artean jarraitzen zuen, damurik, hizkuntzari edo hobeki esan honen erabiltzaile euskaldun politikoki zanpatuei euren aberri elearekiko harrotasuna zuzpertu beharra, eta elearen prestijioa landu beharra. Egun jarraitzen duen bezala, aurkako eraso geroz lotsagalduagoetarik babestu beharrean, horretarako erarik eraginkorrenaz, hots, etengabe landuaz.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus