VERDI
Euzko-Gogoa, 1950, 11-12 zenb.
Urtarrilaren 27an osatu ziren berrogeita hamar urte Guiseppe Verdi Milan'en hil zenetik. Laurogeita zazpi urte zituen. Hala ere, ezagutu zuten guztiei gizaseme zarrakitu hark kemenaren neurria eman zien hil orduan ere. Soin erdia elbarri, sei egunez gogorkiro herioarekin borrokan iraun zuen, eta bere azken hatsa jaso zutenek «Gizandi eta lehoiaren arteko borroka» bezalakoa izan zela zioten. Zer besterik izan zitzaigun ostera ereslariaren bizitza osoa borroka bat baizik?
Milan'go Kontserbatorioan ezetsia, zuzendari ikus-labur baten eragitez noski, oldarrez ekin beharrean aurkitu zen lanbidean jabetasun osoa iristeko. 1839.ko azaroaren 17an bere opera «Oberto», lehenengoa, ederki hartu zuten Milan'go Scala'n. Hurrengo urtean, ordea, «Un giorno di regno» jokatzerakoan, mingarriro txistukatua izan zen, eta jokaldi hartaratu ziren mingain-gaizto batzuk «Arrats beteko opera» ezizentzat jarri zioten, behin soilik jokatua izan zelako.
Are mingarriago izan zitzaion Verdi'ri ezespen hura, hiru hilabete barru semea, alaba eta emaztea galdu baitzituen. Horra hiru hilobi aitzurtu beharrean ereslaria, eta bestalde, diru gabe eta makal. Etsi-etsita zegoen aurrerantzean deus onik idatzi ezingo zuelakoan. Bi urte geroago, ordea, eta Scala'n bertan, garaipen bete-betea lortzen du «Nabucco» operarekin. «I Lombardi alla prima crocciata» 1843 eta «Ernani» 1844.enean txalotu zizkiotenean, eresgileak bere izen eta antzea betiko sendoturik uste zitzakeen. Baina, besterik zenuten. «Il due Foscari»tik hasi eta «Luisa Miller» arte, hots, 1844tik 1849ra, hamar lan gutxienik ezetsi zizkioten, eta antzoki-oihal artera ezin eraman izan zituen.
Itxaron beharko du horregatik, eta nolako adore eta egarriz. «Rigoletto»k, 1851.eko otsailaren 11an, Fenice antzokian, hots handiko garaipena jadesten du. «Il Trovatore» 1851.eko urtarrilaren 11n Erromako Apollo antzokian, «La Traviata» martxoaren 6an, txalo beroz inguratuak izan ziren. «Les vepres siciliannes» Parisen 1855.ean, ezta ere «Simone Boccanegra» Venezian, ezta geroago ere «Ballo in Maschero»k Erromako Apollo-n, ez zuten hainbesteko garaipenik lortu. Halaz ere, azken ereslan honek Parisen eman zutenean, txera hobeagoa izan zuen, baita «La forzza del destino» San Petersburgo'n 1862.enean, eta «Macbeth» 1865, «Don Carlo» 1867.enean aiseago onartuak izan ziren.
Ereslari gartsuari dagokionez, musikaren onez zerabilen borroka gogor honek ez zion Italian sortu aberri aldeko matxinadan sartzerik eragotzi. Italiarrek bera hartu zuten aberriaren irudirik garbientzat, eta bere izenaren elatzak horma guztietan ezarri zituzten borrokaren eta batasunaren ezaugarri. Erbesteratua izan zitekeela aintzat hartzeke, Austriaren aurka lagun etor zekion Frantziari zuzendu agiria, beldur gabe izenpetu zuen. Manzzini adiskideak eskatuta, berak musikatu zuen Godoffredo Mamelli'ren «Suoni la Tromba». 1859.enean Parma'ko erki-batzarrerako hautetsi zutenean, borbondarrak arbuiatzea berak erabaki zuen, Piamontetarrei eskualde hauek eratxikitzeko. Berak bere diruz, herrizainen iskiluak erosi zituen. Harrezkero Verdi'ren izena herriarekin bat gertatu zen.
Gure ereslaria ordea, ez zuten baranoan sortu zitzaizkion hotsandi eta txaloek liluratu. Behinola Parisen zegoelarik, Milan'en harrera ospetsua gertutzen ari zitzaizkiola jakin zuen, eta berehalaxe Ricordi, bere ereslanen argitaratzaileari idatzi zion: «Hori jakinda Milaneratuko naizela uste al duzu? Ez horixe. Zertako agerpen eta zarata horiek? Ni betikoa nauzue. Ahal
duzunez gero, gorazarre hori eragotz ezazu, eta idazkiz adieraz iezadazu horrela egin duzula, bestela ez naiz Milaneratuko».
Izaera xaloa, baina martzala ere zuen Verdi'k. Busseto'ko (bere herrixkaren izena) markes egin nahi zuten. Ba al dakizue nola erantzun zien? Usu erabili ohi zuen esaeratxo honekin: «ondo hazigabeko baserritartxo bat besterik ez nauzue ni», eta bere bizitza zehar Giuseppe Verdi, beste izenik ez zuen erabili. Eskuzabala zenuten, eta bere oparotasunak nonahi ezagunak zenituzten. Eraiki zituen ikastola eta beste laguntza-lan askotan diru gehienak eralgi zituen. Bere bigarren emazte Giuseppina Straponi abeslariak, zahartzaro guztian lagungarri izan zitzaion emazte kutunak, diru-pila ugariak eskuartetik zihoazkiela ikusten zuen, eta ereslari onak, norat emanak zituen galdetzen zionean, irribarre goxo batez erantzuten zion.
Ez zuen, ez horixe, aipu onik arbuiatzen, baina ertilariak lehenik merezi behar zituela uste zuen. Horregatik inork ez bezalako gorrotoa erakusten zuen beti ere, iragarki nabarmen eta bere inguru egin aldarriak buruzki. Klarine Maffei bere adiskide kondesari hau idatzi zion: «Ertia gaurko era berri horiekin, ez dela erti esango nuke, nork lehenago eskuratu jarraiki dabilzkion ehize bat baizik. Nazka eta etsipena sortzen zaizkit hau ikustean». Arrisku eta lan gabeko garaipena aintza gabeko buruntza zeritzan. Eta gure ereslariak arriskua maite zuen errazkeria eta erosokeria nazkatzen zituen neurri berean. Behin batean Trieste'ra hots egin zioten ereslan baten lehen agerketa ikusteko. Horra zer idatzi zien: «Ez al duzue usteko hitz-jario edo narritaria naizenik». Gizon apala zenuten, nahiz arranditsuz izan, bi horien mugek maiz, elkar ukitzen baitute.
Haren bizitzak ez ezik, ereslanek ere Verdi'ren martzaltasuna baiesten digute. «Don Carlo» eta are lehenago «Ballo in Maschera»n kera berritu nahirik agertzen zaigu eta geroago Verdi'ren «bigarren kera» deituko zaion eresbideetan murgiltzen da. Norbaitzuek Wagner'en irakaspenak beretzakotu zituelakoa diote. Egia esan, garai hartako musikari gehienek bezalatsu, hark ere Wagner'en ziria beregan nabaritu zuen; Verdik, ordea, argi eta garbi ikusi zuen ezin ziezaiokeela ukorik egin ariman ezarrita zeraman italiar giroari. Hans Bulow'i, lehenago garrazki astindu eta «Otello» ondoren damuturik idatzi zionean, hara Verdik diotsona: «Ez duzu bekatu-itzalik ere, beraz, ez da zertan mintzatu damu eta barkapenez. Orduko zure iritzia gaurkoa ez bestelakoa bazenuen, oso ederki egin zenuen argitaratzea, eta nik ez nukeen inola ere, minbiderik, ez noski. Gainera, nork daki garai hartan hizpidean ez ote zeunden? Dena dela, zure ustegabeko eskutitzak, ertilarietan garaienetakoa zaitugunez gero, atsegin handia eman dit. Harrokeriaz ez diotsut hori, pozik ordea, irizle handiek ere, inoiz, aldi eta eresbide eginetan tematu gabe, iritzi argiak ematen dituztelako. Ipar eta Hegoko ereslariek jokaera bereziak badituzte, bereziak izatea on delako duzu. Orok behar genuke nork bere herrietako berezitasunei sendo eutsi, Wagner'ek hain ederki irakatsi digun bezala. Zorionekoak zuek, oraindik Bach handiaren seme dirauzuelako. Baita gu ere, Palestrina'ren semeak, bada guk ere ikastola handi eta geure-geurea izan genuen. Aigintza, berriz ere, bide hari jarraituko!
Sarri erakutsi zigun gogai argi hau, bere lanbidean benetan jatorrena. Osorik eman beharko genuke Cessare Correnti ministroari eman zion erantzuna. Napoles'ko Kontserbatorioko zuzendaritza eskaini zion, eta Verdik ukatuz hara zer idatzi zion: («Nere aintza betea ikasleek gure aurreko ereslariek zedarritu bideak erabiltzea litzateke (Scarlatti, Durante, eta Leo'k); oin bat antzinatean ezarririk eta bestea egunean, etorkizunari buruzki (etorkizuneko musikak ez nau beldurtzen), gazteei esango nieke: Fugaren itsasoan murgil zaitezte, ekin atertu gabe, nekatu gabe, eskuak zailutu arte, notak gogara malgutu eta erabili arte. Horrela ikasiko duzue zuhurki idazten, eres-atalak egoki antolatzen, eresguneak zintzoki, gezurrik gabe, erabiltzen. Ikasketa horiek, elertia sakonki ikasiaz batera, burutu ondoren, berriz ere ikasleei esango nieke: zoazte eresgintzara, ekin, idatzi, eta ertilari bazarete ereslari ere izango zarete. Ez zarete egunean askori gertatzen zaien bezala, inoren antzak hartzen ibiliko, deus iritsi gabe, eta hala hobe. Irakasle jakintsu eta jakintza-bidean tinkoa opa dizuet. Antzokian askatasun pixkabat baita ere kontrapuntuan huts-egiteak, maiz eder gertatzen baitira, zilegi bitez, ez ordea Kontserbatorioan. Antzinaldietara itzul gaitezen, eta aurrerabide izango zaigu)».
Usu ahotan erabili izan dituzte esaeratxo biok: «Etorkizuneko musikak ez nau beldurtzen», eta «Torniamo all'antiquo, sera un progresso». Esaera sare-mailatik erauzita, maiz, beste zerbait adierazi nahi izan dute esaera horiekin. Eta egiatan, Verdi'k etorkizuneko musikaren beldurrik ez zuen izan. Horrela erakutsi zigun «Aida»n, hobekiago «Otello»n eta argi eta garbi «Fallstad»en, gaztetasun dirdaiez inguraturiko paregabeko ereslanean, nahiz laurogeitaka urte zituelarik idatzia. Wagnerzaletu ote zitzaigun ordea, leit-motiv edota elkarrizketa etengabe zerabilelako, ederki eta aise erabili ere? Baina eres-elkarrizketa hau, benetan italiarra duzue, Wagner-i baino Napolesko opera buffa, edo irri-operari itsatsiago. Idazkeraz gure ereslaria beti ere italiar agertzen zaigu. «Torniamo all'antiquo» idatzi zuenean, ereslariek ekarri bide berriak oro ezetsi behar direnik ez zuen esan nahi. Arima zabalaren jabe zenuten Verdi eta bere lan osoak horixe erakusten digu. Zabaltasun hori bide dela, gaur ere ereslaria alderdi guztietako entzuleak bereganatzen ari zaigu, Alemaniakoak batik bat.
Oraindik ez da luzaro, Mallarme'k zioen bezala, «Richard Wagner Jainkoak» musikari guztiei agintzen ziela. Bayreuth'eko irakasle handiaren aurrean makurtu arren, beste eresgile ospetsuen aurrean ere makurtu behar dela ikasi edo dugu. Zer dela eta ezetsi Arrese-Beitia, Lizardi maitatu arren? Olertian bezalatsu musikan ere ez ote? Maitatu baino lehen, ordea, barne-barnetik maitagaia ezagutu behar dugu.
Maiz geure begiak hertsi nahi izan ditugu bere musikari darion argi-istatsuaren aitzinean. Hark, horregatik, ertilari gutxi batzuek izan duten dohaina izan du, hots, berez sortzen zitzaiona adieraztea. Ez zuen idatzi besteri atsegitearren, ezta ere esku-zarta beroak irabazteko, bizitza zehar izan zituen porrotaldiek erakusten diguten bezala. Bere gogoan sentitzen zuena besterik ez digu ereslanetan irauli, baina zegokion ibai-urtsuaren etorriz esateko oro esan digu eta sarri tximista dirdaitsuz inguraturik.
Bere musikak, gizona dentsua erakusten digu, ispilu gardenak irudia bezalatsu. Haren lan guztia bizitzaren argi-bidea, arimaren ista hutsa eta aratza duzue. Beragandik eraitsi ohi dugun atsegina urria litzateke, zentzu goxotasunaren gainera, barne poza ere ekarriko ez baligu. Lau edo bost nota elkartuen indarrak, edota melodi-lerroaren gorabehera sotilek, erti osoaren miraria dagite. Eta nork ukatuko ote dio Verdi'ri indar harrigarri hori? Giza mintzoek agerrarazi ezin dezaketen misterio sakona, lau-bost musika-neurrik azaltzen digute. Verdi'ren arima entzuleei hizketan dagokie eresiaren bitartez. Berbera duzue Desdemone'ren ahotik oihuka «Mozkorraren eresian»; bera «La forzza del destino»n sopranoaren ahotsez mintzo zaiguna «Vergine degli angeli» otoitz erdiragarrian; berbera «Requiem'eko recordare»n arrenka.
Verdi'ren arima, benetan ederra eta garbia zenuten, bere eresi eta kantak bezainbat.
© Andima Ibinagabeitia