J.S. BACH (1750-1950)

 

Euzko-Gogoa, 1950, 5-6 eta 7-8 zenb.

       

        Hirurogeita bost urte bete-ahala, 1750.eko uztailaren 28an BACH ereslari aipatua Leipzig'en zendu zen. Beraz berrehun aurtemein KANTARI HANDIA, hala zeritzoten garai hartako bere ezagunek, hil zenetik osatzen dira.

        Deduzkoa benetan, deduzkorik bada ertilari bikain eta ereslari garai honi EUZKO GOGOAn gorazarre egitea.

        Mende bi igaro dira utzi zizkigun ereslanak zehar. Halaz ere, aldiak hartzitu beharrean, ondu egin dizkigula esan genezake. Luzaro ezezagun, estalpean iraun zuten. Anitz lan hemeretzigarren ehunkian baizik ez ziren eguzkitaratu. Gaur, ordea, ereslariak oro, txundituta bezala haren lan zoragarriaren aurrean makurtzen dira. Aldi guztiekiko direla esan daiteke eta eres-tankera oro bere baitan gordetzen dituztela.

        BACHen mugagabeko antzeak teknika akituezinaren bidez, eres-iturri oro darabiltza. Mirariz, ereslanak zehar beti ere berritzen ari zaigula dirudi: batzuetan goitar, bestetzuetan nabastarrez. Lan bakoitza ongi hausnartu eta astiro idatzia esan liteke. Thoma-Schul'en zeuzkan ardura-arazoek ordea, horretarako betarik ez zioten laketzen noski, astero lau ereslan berri egitera behartzen baitzuten. Halaz ere, ereslari ugari eta aberatsagorik ez da sortu izan, musikak bere oinarriak sendotu zituenez geroztik. Beraren kantata zoragarriak koral sakonak, eresaldi (concerto) ernagarriak atzo sortuak esan litezke.

        BACH'en musikak Jainkoaren eskuz gantzutua dirudi. Ereslan guztiek berebiziko zerbait barnean daramate, intxaur-oskolak mamia bezala. Bere esku-trebea lan oro zehar, lehen esan bezala, ageri da; handi eta txikietan, hantxe ohar zenezakete Bach'en zildaia, Bach'en arima soinu bihurturik.

       

        ARBASOAK.— Jatorriz zekarren gure Bach'ek eresiaren indarra bere zainetan. Hamaseigarren ehuntarotik bere arbasoen artean, Bach izenpean hain zuzen ere, zenbait ertilari loratu ziren.

Baina Joan Sebastianen arima, ereslariek batez ere goganbehartu zuten.

        Izen handirik bazuen garaitikoen artean: Jon Kistobal Bach eresgile trebea Eisenach'en organolari izana eta Jon Mikel Bach, hau ere Gehren'go organolari antzetsu eta bipila. Jon Anburtzi biolinari azkarra zenuten eta Erfurt'en herriko musikari izateko tokia eman zioten. Hementxe, 1671. urtean, Elisabeth Lammerhirt'ekin ezkondu zen. 1671ean Eisenach, Luther'en [Lutero] herrira, aldatu ziren. Zortzi seme-alaba izan zituzten. Etxeko gazteena Joan Sebastian BACH 1685.eko martiaren 31.ean jaio zen.

        Etxe-giroa ere musika-kantuz inguratua aurkitu zuen gure ereslari handiak. Egunero, etxadi hartan, seme-alabek, gurasoak lagun, eresaldi goxoenak ematen zituzten, bakoitza zegokion ereskinari lotuta. Anai-arreba zoriontsu hauek sehaska-ertzetik ereskin ezagunenak laztandu zituzten: nahiz txirula, nahiz klabiera, nahiz biolina dagozkion neurri guztietan, ezagun-ezagun zituzten. Hor ikus, nola gure Bach'ek, oraindik gazte zelarik, ereskin bat bederaren ezkutu, hizkuntza berezi eta mintzoa barne-barnetik ezagutzen zituen. Eres-paperean soinukin bakoitzaren oihu, zinkurin eta ametsak isuriko zituenak, hala behar ere, noski.

        Gazterik ordea, Joan Sebastian'ek gurasoak galdu zituen: hamar urte bete-ahala. Anaia nagusiak gaztetxoaren ardura bere gain jaso zizun, Jon Kistobalek. Ereslari trebea zenuten orduko, organolari hotsandikoa ere bai eta bere aipua egina zuen Joan Sebastian ardurapean hartu zuenean. Ereslari nagusien lanak ere zain-zainetik ezagutzen zituen. Bere bildumetan maitasunez idatzirik zeuzkan Pachebel, Froeberger, Kerl eta beste eresgile anitzen lanak. Bach gaztetxoak orduantxe bere begiz musika-lan aipatuenak irakurri eta arakatu ahal izan zituen.

        Hamabost urte egin zituenean ordea, askatasun-azkura bere barnean nabaritu zuen eta anaia utzirik Ohrduf'era kantari bezala joan zitzaigun, hango Michaelis-Shul'era. Hementxe, batez ere, Korala ezagutu zuen, baita XV-XVIgarren ehuntaroetako polifonialarien lan aipatuenak ere; Viadana de Lassus eta beste zenbaitenak.

        Gerora, Doisland'eko [Alemania] beste hiri askotan ibili zen, hango ereslarien nabastarrea iritsi ere bai. Batzuetan kantari, bestetan biolinari, noiztenka txirulari, ereskin guztiok, arestian esan bezala, muin-muinetik ezagun baitzituen. Baina bere neurri osoa Arsntadt'en eman zuen, hango organo ederraz jabetu zenean. Garai hartakoek diotenez, Bach'ek hantxe aberastu omen zuen bere organo-teknika harrigarria eta Alemaniako organolari ospetsuena izatera iritsi ei zen. Hemendik Mulhausen'era aldatzen da hango organolari kokatzeko. Geroago Weimar'era eta handik Cothen'era Kapera-maisugoa (Chapel-maister) hartzeko.

        Ordurako ari[tu]rik zegoen Joan Sebastian gaztea ereslanak idazten eta inguruak harritu eta harrotzen. Leipzig hiri ezagun handira dihoa eres-zuzendari (director musices) izateko. Horrez gainera Thomas Schul'en Kantari (Cantor), hau da, ikastetxe hartako koru-zuzentzaile izendatzen dute, baita ere Unibertsitatean eres-irakasle eta koru-zuzendari ere. Beraz KANTARI HANDIAK, bere gogo eta soinaren izari betea hiri honetantxe emango zigun. Atergabe lanean, tai gabe ereslan berri eta sakonak idazten. Haren aipuak goi-mailak ukitu zituen, eta Postdam'era ere, erregearen jauregira, hots egin zioten zenbait eresaldi adieraz ziezazkien. Ederki erakutsi zizkien bere musikaren gogo sakon eta gihar sendoa.

        Berriz ere Leipzig'eratu zen eta Jainkoaren gorazarrea gogo handiz eta erti bikainez kantatu ondoren, egileari arima bihurtzeko garaia heldu zitzaion.

        Gaiso, herbal, itsu zelarik, azken hatsa Jaunari itzuli-hurrean, oheburutik azken ereslerroak, azkenengo koralaren neurri eta harmonia nare eta sakonak jaulki zituen, bere suhi Altikol'ek paperean maitasunez eta lotsaz jasotzen zituen bitartean, ondorengo hitzak gaitzat harturik, bereak hauek ere:

       

                Jainko ona zure aitzinean

                agertzera noa

                Naizen hau, osorik, zuri nagokizu,

                Zure antze-ederra itzul niregana,

                Ordu honetan Jauna ez uka grazia.

                Nire azken hatsa onezkoa bedi,

                iratzar nadila Zure aurpegiaren

                so bete-betean, beti ere

                ezagun zatzaizkidan.

                Amen, amen. Zure nahi gurena

                egin bedi Jauna!

 

        Gain-gainetik bada ere, KANTARI HANDIAren berri ikasi dugunez gero, haren lan berebizikoa nolerebait azter dezagun. Zail litzateke, orrialde labur mehar hauetan gizon garai honen ereslan guztien berri ematea, ezinezkoa ez balitz. Baina irakurle euskaldunak, benetako musika maitaleak iraizean bederik hori izan dezan, horratx idaztera noan lantxoaren sail-banaketa:

       

        1.— Bach'en ahots-lanak

        2.— Ereskin-lanak

        3.— Irakas-lanak.

        Azkenean Bach'en kera (estilos) eta bere ondarea arakatuko ditugu.

 

        BACH'EN AHOTS-LANAK

 

        KORALAK.— Eliza Zaharberrituak (Reformata) sortu zenetik, kanta-era berezi bat bere jarraile, musika-zuzendari eta organolariei beharrik ezarri zien, eta Eliza hartan kanta-era horrek musika guztia bere ingurura dakarrela dirudi: KORALA

duzue. Lehenago herri osoak batera abestu ohi zuen, gerora, ereslariek hiru-lau ahotsetara ereskidetu zuten.

        Bach ere, bere aurretikoek bezala, korala bihotz osoaz maitatu eta lantzen hasi zen. Koralak haren ahots eresi guztiak irozotzen dituela esan genezake, baita ereskin-lan guztiak ere.

        Norbaitek dioenez, «Bach'en eliz-ereslanetan korala bere eta elizaren arteko elkarbidea duzue; herri-melodia xalo eta hutsalei muzin egin beharrean, goratu eta apaindu egin zituen bere harmoni-era gelgarriaren bidez bizi berria emanez. Berekoiek, maiz, lan urri-kaxkarrak sortu ohi dituzte, funts gabekoak. Munduan izan den ereslari handienak, ordea, bere gogo eta adimen harrigarria herri-abesti xaloetan murgildu zituen. Goi-mailak iristeko, makurtu ondoren, lan miragarriak ondaretzat utzi zizkigun eta lur barnean erroak sartzen dituen zuhaitz adaburutsua antzo, ereserti osoaren gainean bere itzal ongilea egundaino hedatzen ari zaigu».

        Koralak bere lan guztiak zehar aurki daitezke; kantata, moteta eta Nekausteak barna. Hitzak gehienetan inorenak izaten ditu, baina zegokion arteziaz ahapaldi egokienak hautatzen bazekien, hitz bakoitza ondo haztatu ondoren harmonia zoragarriz jazteko. Berari zor, korala noraezekoa gertatu zen: batzuetan herriari zegokion kantatzea, bestetan koruari, noiztenka organoari koralaren mamia soinu bigunez adieraztea.

        Bere seme Karl Ph. Emmanuel Bach'ek aitaren koral-bilduma lehenengoz argitara zuenean 370 abesti zituen. «Arretaz ikus

ezazue», dio semeak hitzaurrean, «erdiko eta azpiko ahotsak zeinen leun eta isurkor darabiltzan».

        Bach'ek, gehientsuenik, melodia zen bezalaxe uzten zuen. Bere antze eta artezia osoa erdiko eta azpiko ahotsak jazten erabiltzen zuen, melodia nabarmenagotzeko. Akorde bakoitza esanguraz beterik ateratzen du hitzarenari jarraituz. Altu eta tenorrei eman ohi die diese eta bemoldun zatiak kantatzeko arloa, dagokien melodia aldatzeke ordea (ikus Christus der uns selig madt». Joanen Nekaldian, «Es ist genug» Hirutasun ondorengo 24. iganderako Kantatan). Bestetan, berriz, baxuei egozten zien arlo bera, (ikus HERZ LIEBSTER JESU WAST LAST DU, Joanen Nekaldian eta O MENSCH BEWEIN, Mateo'renean). Baxuarentzat beste zeregin mamitsuagorik badu noski; bere neurri luze eta berdinekin, lanaren jarraibide osoari eutsi behar dio, nota biribil eta elkarkideekin ordea, koral osoaren bilbea sendotu, oinarriek etxea bezala (ikus FREUT EUCH IHR CHRISTEN Ebakunde-eguneko Kantatan).

        Gorago esan dugunez, koralak egiteko abesti ezagun edo herri-kantak erabili ohi zituen Bach'ek. Badira ordea, berak oso-osorik idatzitakoak ere, melodia eta guzti. Anna Madalena Bach'en liburuan ageri dira batzuk. Argi eta garbi darakuskigute, nolako maitasunez, nolako aingeru ukituz idatzi zituen abesti horiek; beharbada, bere emazteak kantatzeko, ahots zoli ederraren jabe baitzenuten. Entzun ahala ohartu daiteke abesti hauetan Bach'en idazkera. Melodiak Italiako Kantataren jokaera pixka bat izan arren, Bach'en estiloa berehala nabarmentzen zaigu ahotsari ematen dizkion goragune eta bitarte batzuen edertasun eta gozotasunean. Ezin aipatu gabe utzi ICH BIN JA HERR IN DEINER MACHT koralaren melodia sarkorra, JESU JESU: DU BIST MEINen kolore itzala eta KOMM SUSSER TODen giro samingarria.

       

        KANTATAK.— Korala, Bach'en eragitez, kantataren guna izatera iritsi zen, kantata, ordea, Kantari Handiaren eginbidean handienik agertzen zaigu, nolerebait organo-lanak baino areago. Ikaragarria da idatzi zituen kantaten kopurua: 1705 eta 1745. urte bitartean, ehun eta laurogeita hamabost ondu zituen.

        Halaz ere, Bach handia ez zenuten iritsi kantatari soin oso edo arau egin eta aldagaitzak ematera. Kantata bakoitzean, hitzei jarraituki, beti era eta neurri bereziak darabiltza: inoiz ere ez dabilkizu bide aiutu eta zedarritutik. Beraz, zail litzateke kantataren tasunak hitz laburrez azaltzea. Eres poema handi bat bezalatsu duzue: orkestrak, koralak, bakarlariek, organoak sail izugarriak bete behar izaten dituzte kantaren barnean, ez, hala ere, guztiek hein berean: noiztenka organoari bakarlariari baino areago dagokio; bestean orkestrari koruari baino.

        Bitariko kantatak bereiz ditzakegu: Eliz-kantatak eta Herri-kantatak (profanae). Herri-kantatak ere Elizakoen antzera antolatu ohi zituen eresgileak: hitzak gehienetan bereizgarri.

        Eliz-kantatarako Idazteun eta Ebanjeliotik jaso ohi zituen gaiak, idazle antzetsuren batek neurtu eta orraztu ondoren. Maizenik igandeetako deritzana duzue: sei kantata elkartuak dituzue, eguberritako hiru jai nagusiei dagozkienak: bulkoz seiak bereziak, keraz edo estiloz elkartuak ordea. Aurreneko lau kantata-gaiak Lukas'en berrionetik jaitsiak, bi hurrenenak Mateo'renetik. Abesbatzari, aterbako lana egozten dio, zer esanik ez orkestrari. Alaitasun betearen poema duzue. Inoiz, Bach'ek kantataren lagungarri, abesbatza eta bakarlariez gainera organo bi eta orkestra handi bat ezarri ohi ditu.

        Irakurle maite, ezin gintezke, inolaz ere, itsaso amesgarri eta zoragarri horren barneraino murgildu, bestela lantxo honek ez luke mugarik izango.

        Herri-kantatek ez zuten Bach'en eskuetan elizakoaren erpinik jo, txiro eta urri dituzue haien aldean. «Ehiza-kantata»n ehiztarien gorabeherak musika arin eta bizkor batez edesten dizkigu. Irri-kantata bat ere eman zigun «Gobernu berri bat badugu» izenburupean. Hemen, batez ere, dantza-soinu eta herri-abestiei toki ematen die.

        Bach'ek, Jainkozale sutsua izaki, askoz ere egokiago abestu zituen Haren handitasun eta aintza. Hala behar ere.       

 

        NEKAUSTEAK.— Bost nekauste idatzi omen zituen Bach'ek garai hartakoek diotenez, baina bi besterik ez dira gureganatu, osorik behintzat: Jon'en Nekaustea, 1723. urteko ostiral-gurenez Leipzig'en lehenengoz abestua, eta Mateo'ren Nekaustea «MATHAUS-PASSION» toki berean 1729.eko urtean kantatua.

        Joanen arauzko nekaldian, ebanjelariaren hitzen gainera, olerkari ezezagun baten hitzak ere tarteka sartzen ditu koralen kanta-gai, baita ere Brockes'en zenbait ahapaldi. Mateorenean darabiltzan hitzak, askoz ere hobekiago hautatu eta jasoak dituzue, beraz kantagaia osoago eta biribilago agertzen zaigu: Mateo deunaren hogeita sei eta hogeita zazpigarren ataletatik hartua, gehiena behintzat.

        Ereslan biok gogoz eta neurriz elkarrengandik hain bereizi agertu arren, tankera eta era aurki geniezazkieke. Kantariak, kantataren mugartean bi-biak hartzen ditu.

        Tenorrari dagokio edes-gaia, hau da, ebanjelariarena, eresi negargarriz, hitz bakoitzaren bihurgune eta mami ezkutuena sotilki adieraziz. Haren kantek batzuetan organoa dute lagungarri (Joanenean) bestetan harizko laukoa (quatuor acordes) Mateorenean. Tenorraren bat-bateko oihu eta ustegabeko goraguneek, poemaren arnas eta garaitasuna indartu besterik ez dagite. Nonahi aurki daitezke akorde entzun-gogorrak, oraingo ereslarietan bezala, halaz ere amaieran entzungarri eztiak dituzu guztiak.

        Abesbatzari gizostearena dagokio. Maiz odolgorri, inoiz irrilari, aldiz garrazki, ebanjelariaren edesgaia ebakitzen dute, antzerkia bizkortuz, heriotzara dihoan Kristoren nahigabeak eta herria hurreragotuz. Abesbatzak, bizigarriro, herriaren gorroto eta gaiztakeria osoa, baita ere marmar isilenak argitaratzen dizkigu, erritmo labur, motz eta dardaritsuz, akorde garratz eta erespide ñabarrez.

        Koralari, nekauste horietan, idazle zenbaiten iritziz, Elade'ko tragedietako koruarena omen dagokio. Dena dela, kristauaren bihotzondo eta sentimenduak zuzpertzen ditu. Otoitzera eta Kristoren atsekabeak hausnartzera garamatza. Batzuk samurrak dituzue, besteak elkorragoak, guztiak ordea benetan atseginak. Tragedia ikaragarri horietan, koralek atsedenaldi goxoa ematen digute.

        Bach'ek horratik, badarabiltza kristaua bere baitaratzeko beste bide asko ere. Koral eta koruek adierazia, bakarlariak adieraziko digu, bulkoak argiaraziz edota hitzen guna azalduz. Bide horretaz azaltzen dizkigu Judas'en saldukeria, Kepa'ren ukoak, Kristoren heriotza eta.

        Nola ordea aipatu, ereslan harrigarri horietan aurki daitezkeen une jakingarri, sakon eta erdiragarriak?

        Zati bi bereiz daitezke Joan'en Nekaldian: aurrena Kepa'ren ukoak arte; bigarrena, Jesus Pilatos'en aurrean agertzetik Bere [sic] heriotzaraino. Orrialde hauetan ezin aipatu gabe utzi Kepa'ren ukoei dagokien atala. Haren intziri, malko eta hasperenak ahoskera ausarditsu eta berebiziko batez agertzen dizkigu. Bigarren atala ere, musikaz eta bulkoz izorra dago: ohar bestela «BETRACHTE, MEIN STEEL» baxuak abestua, Jesusen zigorraldia adierazteko. Harrigarria baita ere «KREUTZIGE»: eresiak Kristoren soina nola gurutzearen gainean luzatzen duten iduritzen digu bere nota luze eta biribilez, erespide edo laguntzak mailuaren ukaldien neurria ematen digun bitartean. Abeskoren edo kontraltoak «ES IST VOLLBRACHT» ezin hobekiago ganba-biola lagun, melodia benetan erdiragarriz ematen digu. Koru nagusiak, bukatu aurrean, «RUTH WOHL» sehaska-abesti handi eta nahigabetsua kantatzen du, hitzak, tarteka, berpizkunde-eguna iragartzen digutelarik, giro samur eta gartsuz inguraturik. Horratx, laburki, Joan'en pasioaz esan gogo nizuena.

        Askoz ere ezagunagoa duzue Bach'en sorterrian, gaur egunean behintzat, Mateo'ren Nekaustea, baita ere bere lanik garaiena dela gainera genezake. Joan'ena baino askoz ere zabalago eta luzeagoa, organo bi, abesbatza bi eta orkestra bi behar dira abesteko. Mendelssohn'ek ediren zuen 1829garren urtean.

        Nekauste honetan ere, aurreragokoan bezala, atal bi bereiz daitezke: bata Jesus Betani'ra etorri zenetik atxilotu zuten gau hartaraino: bestea Jesus Kaifas'enetik eta hobiratu zuteneino. Zati biok, koru handi biren erdian mugatu zituen ereslariak. Koralak urriagoak dituzue Joan'enean baino, ezta ere hain goxoak. Bost aldiz koral berbera darabil Nekaustea zehar tonu eta harmoni-era berrietan jasoa: Hassler'en herri-abesti HERZLICH.

        Koru bi erabiltzetik handitasun harrigarria datorkio Nekauste honi.

        Orkestrak, gutxi gorabehera biolen ereskin berdinak darabiltzate: turutarik, horratik, ez du jartzen lan itzal hauetan. Klabezina eta organoa koruen eustazpitzat sartzen ditu.

        Ereslan miragarri honen orrialdeak barna sartzen den irakurlea ezin daiteke burutik beherako zirrara nabaritu gabe. Hantxe aurkituko ditu txitean-pitean, «olerkari, asmalari bulko adierazle jatorraren aztarnak».

        Lehenbiziko atalean sarrera-koru indartsuak abesten du, hiru taldetan banatua, 12/8ko neurrian, baxuaren ukaldi berdinak ozen entzunaraziz: lau ahotsez osatutako eli batek, Siongo Alabarena egiten dizu, kristau taldeari bere nahigabe saminak jaulkiz: hurrengo taldeak gizostearen galdeak agerrarazten ditu: azkenez, talde bi horien gainetik, haur-eli batek, ahots batera, «Jainkoaren Bildots Errugabea» deritzan korala abesten du, xaloki eta eztiki. Nola ordea azaldu, abes-baltzu zoragarri honek ernarazten dituen bihotzondo eta barne-ikara sarkorrak?

        Higi-handiko ereslana duzue. Etengabe labur eta biziki, edeskantak (recitativo), koralek eta koruek drama handi honen giroa bizkortzen dute. Alduari dagokion abesti batean, txirulek, negar-malkoak bezala, euren nahigabeak isurtzen dituzte. Jesus'ek «ikasletariko batek salduko duela» iragartzen duenean, Bach'ek era berezi batez saldukeria gogorarazten digu. Darraion koruak hamaika aldiz, hamaika ziren bada Jesus'ekin gelditu ikasleak, «ni ote nauzu, Jauna?» berresaten digu. Aipagarria ere Jesus'en otoitza Getsemani'ko baratzean: Bach'ek orekan bezala jartzen dizkigu tenor bakarlariaren edesti samina, koralaren bake nare argitsua alderdi batetik, eta Sion'en ituntasun beti ere atzarria eta bekatarien astuntasun lozorroak bestetik. «O MENSCH BEWEIN» koralarekin zati honi bukaera ematen dio. Atsekabe eta nahigabearen gorazarrea dela esan liteke.

        Bigarren atala Jauna bilatzen ari den Sion'go Alaba eta koruaren arteko elkarrizketa batez hasten da: Alduak Sion'go Alabarena dagi. Entzungarria ere, Kepa'ren ukoei dagokien unea, hau ere alduak abestua. Aipagarria koruek Barrabas'en eskabidea, Pilatos'en aurrean abesten dutenean, zazpirengo akordearen gainean herriaren oihu zakarrak jasota. Izugarria ere Jesus'en zigorraldiari dagokiona, erritmo zorrotzez lagundua. Jesus'en heriotza Joan'enean baino deitoragarriagoa duzue: orkestrari eres-une gogorrak ematen dizkio (Ikus Jauretxeko Zapia urratu zen) eta gorpuek berpizkeran dagiten hezur-hotsa entzun daiteke, herriak «Benetan Jainkoaren Seme zenuten» dioen bitartean. Biziki edesten digu Bach'ek Jesus'ek bere lana bukatu eta Jainkoarekiko bakea zildaitu zuela. «MEINE YESU, GUTE NACHT» abesten du koruak koral zoragarri bat gaitzat harturik.

 

        BACH'EN ERESKIN-LANAK

 

        ORGANORAKO.— Eta hara, bete-betean, Bach'en organo lanetan sartuta. Gizon handi, ertilari handi! Buruhas agurtu dezagun jaun guren eta gizandi hau, bere organo-lanen oihan itzaltsu ozkirritsuan aurrera ekin baino lehen.

        Organo-ereslanak kantata-lanekin lerro-lerro dabilzkizu musikaren edestia zehar. Arestian, Bach'ek idatzi musikan, kantata garaienik eta gurbilenik agertzen zitzaigula esan dugu. Organo-lanak ez dituzue apalagoak horratik. Kantata-organoari dagozkienak hein berean ezar genitzake atzipe beldurrik gabe.

        Gaztetxo zelarik, organoaren oihu indartsu eta mintzo nareak bere bihotzaz jabetu ziren. Sarri, Ohrdruf'en anaiak ereskin honi sortarazten zizkion soinuak entzuterakoan txundituta bezala gelditzen zitzaigun. Geroago Armstadt'en, hango organolaritzaren ardura bereganatu zuenean, betiko ereskin horrekin elkartu eta batu zen. Hiru-bi klabierdun organoak inork ez bezala erro-errotik ezagutzen zituen eta organogileak eurak ere, haren aholkuei zegozkion, ereskinok behar bezala egin eta antolatzeko. Beraz ez harritu, organorako tai gabe idazteari Bach handiak bere bizitza zehar ekin bazion.

        Hark organorako idatziak sailkatu eta zedarritzea ez da eskuor. Berrogeita bost urte jarraituetan haiek idatzi eta apaintzeari ekin zion. Preludio eta Fuga'rik gehienak 1705-1717 urte artean osatu zituen. Organorako Koral samalda izugarria ere garai berean idatzi zuen. Aurreneko bildumak, «Orgelbuchklein» bereziki, argitara zituen, eta «Autograpth» deritzana Leipzig'en amaitu zuen. Cothen'en, paper artean hasi-masi zituen lanak orraztu eta burutzeari gogoz dakio. Ukaldi batez papereratzen ditu Passakaille, Fantasia (sol-tipian) ata Takota fa'n jasoa. Leipzig'en ereslanak ugaritu eta aberasteari ekiten dio, eta sei Sonatak berridazten ditu. Preludio eta Fuga nagusiak (Leipzig'ekoak deritzatenak), Sinesgaiez hogei Koral (Dogma-Koral), mi bemolean eraikitako Fuga Hirukoitza, Kantatik (sic) eraitsitako sei Koral, argitaratzeko gertutzen ditu. Gehigarritzat «Noel baten inguru aldaketan» ere burutu zituen.

        Halaz ere, hamar Preludio-Fuga handietatik, hiru Fantasia-Fuga-etatik, lau Tokata-Fuga-etatik, Fantasia Berezi bietatik, Sei Sonata, Eresaldiak (Vivaldi'tik jasoak), guenez ehun eta berrogeita hamar Koraletatik, egilea bizi bitartean batxo ere

ez zen argitaratu. Baina eskurik-esku zebiltzan bere ikasleen artean, Irakaslearen eres-arnas eta giroa beretu nahirik.

        Preludio-Fuga-Tokata-Fantasiak, Eliz-jaien apaingarritzat idatzi zituela dirudi. Margolari antzetsuaren lana dirudite, marra lodi eta ñabarrez hormak kanpotik apaintzen ari denarena. Koralari, ordea, beste zeregin bat dagokio: barne lana. Eliz-otoitzak hausnartuz eta bihotzean erabiliz filosofo garai batek jaulkiak dirudite. Horra nola Bach'ek elizkarien azala alde batetik eta bestetik muina daramazkigun.

        Inoiz gutxitan Fuga soil-soilik agertzen da. Gehienetan Preludio, Tokata edo Fantasia'ren batez aurreratzen du. Beraz, Fuga'n ez da ereslaria sartzen sarrera-eresiaren ondoren izan ezik. Gainera orrialde guztiok oinezkoz lagunduak dituzue eta ainbarik ezin daitezke organoz jaulki, dagokienez behintzat.

        Fuga, izatez, jakintsu-lana duzue: beraz, eres-idazkera zain-zainetik jakin behar du eres-tankera hori darabilenak. Horrezkero musika elkor eta ulergaitza usteko du irakurleak. Ez horixe. Bach'ek bere trebetasun eta antze paregabekoz, fuga inork asmatu gabeko mailara eraiki zizun. Eresgaia (thema) aurreneko neurrietan eman ondoren, mila eratara harildu eta zabaltzen du, bata baino bestea entzungarri eta ernagarriago. Aldizka eresgai bi elkarren artean nahaspiltzen ditu, baita hiru ere, fugari indar berri eta ustegabekoak emanez. Inoiz urduriz blai agertzen zaigu, bestetan nare. Bat-batean eresgaia klabieretik oinetara aldatzen dizu, eta lehenago organo-klabierak adierazia oinek berriz ere darraite, eskuek ibilaldi azkar eta amaibakoz, bera jantziago eta apainagotzen ari den bitartean. Zeru-zelaia zehar mila inguru eta hegalditan ari den arrano

hegalaria uste liteke, fuga barna bere irudimen eta kemenaren hegatsetan sartzen denean.

        Organorako koralek, gogo hutsaren kantak dirudite. Lehen ahotsendako esana hemen ere berresan genezake, organorako ere eskuarki, harmoni-era berdinez apaintzen dituelako. Badira horregatik, kontrapuntuz antolatuak ere. Koralaren melodia, noiztenka zerbait aldatuta, goi mailan dabilkizu, beste ahotsak, erritmo beti ere berdinez, lagunpidea ematen diotela. Bitartean oinezkoa goranahiz agertzen zaigu, nota beltzen bidez. Baita kanon-erara ere idatzi zuen; ahots bi erabiliz, zortziren, lauren eta bosteneko bitartez elkarrengandik aldenduak. Fugaeraz ere badarabil: horretarako abestiaren atal bakoitzetik fugagaia xurgatzen du, eta fugaren legebideez zabaltzen dizu.

        Preludio, Fuga eta Organorako-Koralek elizkizunetan, Motete-Kantaten ondoan dute euren tokia. Ahotsak adierazi ezin dizuna, Bach'ek organoari egozten dio, bere durundi ameskor eta bigunez entzulearen bihotzean betikotasunaren eta zeruaren ernamuinak sorrarazteko.

        Ereslarien adiskiderik minena izan ohi zen klabiera, gaur pianoa bezalatsu. Beti eskuor, ereskin horri erraxenik beren nahigabe eta beren ikara eta urduritasunak egotzi ohi zizkioten. Atsekabe-aldietan klabiera izaten zitzaien aringarri. Eresgile gazteek, batik bat, eres-ametsen hasikinak bertatik eraitsi izan ohi zituzten. Ez da harritzekoa, Bach handiak ere klabiera bihotzez maite izan bazuen. Ereskin hartarako, beharbada, beste edozeinetarako baino gehiago idatzi zuen. Berrogei urte zehar, eres-literatura aberats eta joria eskaini zion.

        Klabierak lau motatakoak ohi ziren: bata handia, teklatu bikoa, bestea batekoa, hirugarrena luth-klabier zeritzana, doitxeraz ordea, izen bakarrez izendatzen zituzten: Klabier.

        Organo lanetan bezalatsu, zati bi egin ditzakegu sail honetako ereslanak ere: aurrenekoak, hasiberriarenak alegia, bere bizitza zehar irradan bezala, hor-han ereindakoak. Hurrengoak, ertilari eginarenak, goitarrak, sakonki mugatuak, gehienak bildumetan jasoak.

        Bere emazte Anna Magdalena'k dioenez, «Weimar'en, batez ere, trebetasun eta antze harrigarriaren jabe egin zen, eta erpina iritsi arte ez zion amor eman. Hantxe, hatz-bide berriak ere, hobeki ereskinok jotzeko asmatu zituen, eta orok aho batez, aitortzen zuten haren lehentasuna musika barrutian».

        1722garrenean WOHLTEMPERIRTE KLABIER, aurreneko bilduma argitaratzen du. 1723garrenean «Asmaketak» (Inventions) deritzana. Aldi berean «Frantziar-Jarraikiak» —Suites Francaises—, baita ere «Ingland-Jarraikiak» idatzi zituen. 1731 urtean «Doixtar-Jarraikiak» antolatu zituen eta «Klabierubung» izendatutako eres-sorta. Ondoren klabiererako lanik goraipatuenak ematen dizkigu: «Tokata-Fugak», «Fantasie ut txipian», «Golberg-Aldaketak» 1744garrenean, eta azkenez, VOHLTEMPERIRTE KLABIER»en bigarren zatia.

        Ereslan hauetan ordurarteko era guztiak kudeatzen ditu gure ereslari bikainak. Lanok, ereskera guztien laburpena bezalatsu dituzue eta maiz musikaria, eresiaren hegatsetan, goi sakonenetan sartzen zaigu. Baina zeru goienean hegan zebilen hark, lurtar izaten ere bazekien, giza bihotzen hariak antzetsuki dardarazten. Horregatik, sarri, klabieraren ahoan jarrita, negar-zotinka edo irribarreka atzeman dezakegu Kantari Handia.

 

        BESTE ERESKINAK

 

        Organo eta klabieraren hurrengo, biolinak batez ere Bach handia beretu zuela esan genezake. Arestian aipatu dugunez, arbasoen artean ere biolinariak izan zituen, eta trebeak alajaina. Bach ere, Weimar'ko orkestran biolinari zenuten, eta buru-belarri ereskin horren ikasteari ekin zion. Aldi gutxi barru, lehen biolinari eta orkestra-buru izatera heldu zen. Arlo honetan ere, berak ukitzen zituen arlo guztietan lez, lan asko egin zuen, eta idatzi zituenetan zantzu berezia eta ertilari goitarraren aztarna ezabatu ezinak ezarri zituen.

        Zenbait Sonata eta Partita idatzi zituen. Partita horietan badu biolinariak amesbiderik, baita trebetasun beharrik ere. Uztaia zailu erabiltzen jakin beharko du haren zatiak adierazteko. «Chakone» deritzana, biolinari handietan ospetsuena duzue; ez da, noski ereslan haren neurrietan edonor murgilduko. Eri eta uztai zailuaren jabe izateke horretan sartzea alfer luke. Hango pitzikato, hango jauzi, hango bitarte zabalak, noiztenka zortziren t'erdikoak! Inoiz hiru eta lau hari batera dardarazten dizkio biolinari: teknika osoagorik ezin amestu ere zitekeen.

        Hamabi Sonata, biolin hutsarekin jotzeko, idatzi zituen, beste sei ere bai, klabiera lagun adierazteko. Sonata horietan aurki ikus daiteke Doixland'eko arnasa Italiakoarekin nahasita dabilela, Bach'en berebiziko izpirituaz oratuta ordea. Etorri handikoak dituzue lan guztiok eresgileari dagokionez.

        Biolina ez ezik, tzeloa ere begi-begiko zizun gure ereslariak. Oraindik sortu-berria zenuten ereskin hori. Ordurarte, biola-gamba zeritzan erestailuari zegokion, gerora tzeloak eresertian izango zuen gora. Italiatik zuen bere etorkia, herri hartako ereslariek, batik bat, erabili eta zabaldu baitzuten.

        Bach laster jabetu zen tzeloaren berezitasun eta egokitasunez. Haren hots durunditsuaren dardara emeak, bihotz barneraino sartu zitzaizkion. Lauko, hiruko, eta orkestra osoarentzat idatzi lanetan erabiltzeko ez eze, bakarrik abesteko ere tzeloa egin-egina zela ohartarazi zuen ereslari handiak. Bere hotsaren indar eta goragune zabalek, tzeloaz bakarlari egitera bultzatu zuen. Hori erakusten digute erestailu horrentzako idatzi zituen suite edo jarraikiek. Eresirik bikainenak kantarazten dizkio, eta bide batez tzelolariei erakusten, ereskin honek erritmo-erarik sotil eta eresbiderik berezienak bere baitan gordetzen dituela.

        Inon diren eres-iduriak sortarazten dizkio; hamabirengo eta hamabostengo bitarteetan oinarriturik, pitzikato zoragarrienak ateratzen dizkio, arpaots (arpege) bizkorrak ere bai, baina, batez ere, sakon eta samurkiro kantarazten dio, ezeren lagunpiderik gabe, tzeloa, Bach'en eskuetan aski baita bere burua bakar azaltzeko.

        Berrogeita bi lan gutxienez, idatzi zituen tzeloaren lau harientzak horiek ere era guztietan jasoak.

        Ezin aipatu gabe utzi, Casals tzelolari ospetsuenak aurten Prades'en Bach'i egin dion gorazarrea. Hark, inork ez bezala, adierazi ditu Bach'en eresiak eta haien ederra erti-bizi bihurturik entzuleei eman.

        Horrez gainera, txirularentzat ere zenbait lan ondu zituen. Baina guztiak aztertzeak, urrunegi eramango gintuzke. Beraz, beude bertan, ereskin bakarlarientzat idatzi lanak, eta goazen taldekoetara.

 

        ORKESTRA-LANAK

 

        Orain arte, Kantari handiak ereskin bakarrentzat idatzi lanak gain-gainetik soaldi batez aztertu ditugu. Oraingo honetan, ereskin talde edo saldo osoentzat osatutakoak ikertuko ditugu. Arlo honetan ere ugaria izan zenuten gure Bach eta bere eres-antze ugariak hamaikatxo eres-paper belztu eragin zizkion. Sonatak, eresaldia, lan honen hasieran ikusi ditugun Nekaldi eta Kantatak landa, horietan ere orkestrari ez baitagokio nagi eta alfer egoterik.

        Hiru eta lau ereskinentzat idatziak, baita zenbait eresaldi eta suite aldebat utzirik, irakurlea ez nekatzearren, «Brandeburg'ko Eresaldiak» deritzen saila, azalki bada ere, ikertzeari ekingo diogu. Bach'en orkestra lanetan entzutetsu eta aipatuenetarik ditugunez gero.

        «Brandeburg'koak» sei eresaldi edo kontzertu dituzue, Kristian Ludwig, Brandeburg'ko Margraveari eskainiak. Horra zergatik Brandeburg'ko deritzan. Margrave hau doitxerriko printzeetarik zenuten, ertilari eta ereslari azkarra, Bach'ek eresaldion oparian dioen lez. Hara beraren hitzak:

        «Jauna:

Dagoeneko bizpahiru urte, Jaun agurgarri horren aitzinean nire eresietarik zenbait adierazteko poz-unea izan nizun, eta zeruak eresgintzarako eman dizkidan dohain kaxkarretan ere, atsegin hartzen zenuela ohartu nintzen. Garai berean zerorrentzat zerbait idazteko eskabide benetan omentsua jaso nizun. Beraz, zure gurari atseginari jarraituz, zuretiko nire eginbehar apala, zenbait ereskinentzat ondu ditudan ERESALDI horien bitartez agertu nahi nizuke. Apalki eskatzen dizut alabaina, etzazula arren, lan urri eta pitin hau zure musikarako ahogozo eta antze

hotsandikoaren izariz neurtu, zureganako mendetasun eta itzalaren agiritzat hartu baizik».

        Opari honek 1721garrenekoa darama, baina ezin genezake onartu urte berean eresaldi guztiok Bach'ek idatzi zituelakoa. Sei eresaldiok elkarrengandik bereiziak dituzue. Halaz ere, keraz, mintzoz, ereskin aukeraz, Kantari Handiak gorabiderik egin duela ikus daiteke. Biolin eta klabezin bakarlariei dagozkienetan, Vivaldi'ren zantzua ageri zaigu. Beraz, orkestra esaerak, Italiatik jaisten ditu, ez noski berezko indar eta arnas berri batez inguratzeke.

        Bakarlariek, orain arte behintzat, saldotik erauzita bezala, patxadan erabili ohi zituzten euren ereskinak, haizezko nahiz harizko izan. Hemen ordea, bakarlariek beste saldoekin elkarrizketan dihardute, eta noiztenka Bach'ek euren artean hautu gogorra sortzen du, trebe eta antzetsuki. Saldoka nahiz bakarka, ereskinak orkestra osoaren erauntsiari aurpegi eman beharrean jartzen ditu.

        Horra nondik, geroko sinfoniaren oinarriak eresaldi hauetan sendotuak aurki daitezke, keraz ez baldin bada hizkeraz behintzat bai.

        Ez du ere klabiera eresaldi horietan bertan behera uzteko. Ez ditu, ez noski, ereskin ugari klabieraren inguru biltzen. Kamera-orkestra deritzanak hogeita bost edo hogeita hamar ereskinlari hor-hor egari ditzake, gehiagorik ez. Harrituko zen gure ereslaria, nik bezala hirurogeita bost ereskinlari ikusi izan balitu Brandeburg'ko IIIgarren eresaldiari ekiten, nik ikusi izan ditudan lez. Hobe da bost biolinari batera, ez hamar alderrai jotzen entzun baino. Lau tzelok ozenago abesten dute, zortzik pisuago. Bach'ek ereslari jakintsu eta jatorrentzat idazten du, ereskinak trebeki eta egoki darabiltzenetarikoentzat, polifonia eta ereskin bakoitzaren arima zain-zainetik ezagutzen dituen zuzendariaren mendean.

        Bach'ek gaurko orkestraren zimenduak eresaldi horietan lehenengoz jartzen ditu, eta gorago esan dugunez, sinfoniari sorbidea eman zion: «Haydn baino lehenago behintzat, ez du bestek gure ereslariak ginoan ereskera hori ernarazi.

        Oraintsu «Brandeburg'ko Eresaldiak» entzun nituen. Txundituta bezala nengoen beren ederra hats hartuz. Hango narotasuna, ugaritasuna, eta trebetasuna! Bach'en teknika aberatsa ageri-agerian jarri ziguten ereslariek, antze-jabe baitziren, behar ere bai. Orkestra-buruak erritmo egokiaren sare-mailetan, talde osoa bere txotxpean zeraman. Baina harrigarria! Bach'ek bakarlariei eskatzen dien trebetasuna, batez ere I., III. eta VI. eresaldietan. Alfer luke txirulari zailu eta turutalari azkarraren jabe ez litzatekeen orkestrak horretara jartzea. Turutari batik bat, inongo ereslariek amestu gabeko joaldi eta esaerak eginarazten dizkio. Txirulak eragintasuna behar du, oihu leun eta txintarik bizkorrenak ateratzeko.

        Beraz eresaldiok aurrerantzean eresbide eta kera berrien iturri izango dira, batez ere ereskin-hotsak antola eta erabileran Bach'ek irakasten digunari zor. Eresaldiok gaztetasun eta handitasunez mukuru agertzen zaizkigu; Kantari handia, gaztaro eta alaitasunez inguraturik ageri zaigu, eta bidenabar barne-ezkuturik sakonenak jaulkitzen ditu nabastarrerik zoragarrienean bilduta. Keraz, gogaiez, baita ere antzez, Brandeburg'ko Eresaldiak handizurenik beude. Honetaz aski.

        Bach eresgile ez ezik irakasle ere izan zen. Benetako irakasleari dagokionez, beti ere ikasle eli batez inguraturik zebilen, haren irakaspenak jasotzeko arduraz eta gose-egarriz. Eta benetan bere ikasleen gose-egarria asetzen saiatu zen. Maiz organorako, ikasbideak idatzi zituen; gaur egunean ere haren irakaspenek heze diraute. Eresbidean ere argi ugari jaurti zuen berdingabeko ertilari garai honek. Baina ezin gintezke arlo honetan murgildu lantxo honen mugak behar baino zabalagotzen ari direlako.

        Amaitu aurretik ordea. Bach'en keraz zerbait esan gogo nizueke. Beraz, sar gaitezen erabat, sailean.

 

        BACH'EN KERA

 

        Ur gardenean antza bezala, keran idazle edo ertilariaren izate osoa islatzen zaigu. Hala ere, irudi bi horien tartean alde handia. Urlo aratzak axala besterik ez digu begietaratzen, kerak ordea, arima dentsua, bere tasun edo keriez inguratua. Horregatik esan daroe, KERA oso, egia eta antzetsuago ere daitekeela, ertilariaren barne-izaera ageriago jartzen digun neurrian. Bere bidez nabarmendu ohi zaizkigu ertilariaren urduritasunak, itzalguneak, poz eta narealdiak, edota

ertilariaren arima xokoak iraziz, izadi eta izakien gorabehera guztiak.

        Beretik landa, nork bere izateari uko eginez dabilenak, ez du ertilari izenik merezi, izanik ere ez baitu. Beraz, kerak berezkoa behar du, berezkoago eta ertilan bikainagoa sortaraziko baitu.

        Ertilaria alabaina, inguratzen dituenetatik ezin daiteke zeharo jare izan. Haren adimena, beharrik, beti ere kilikatuko dute, nahiz dela izadiak berak, nahiz bere aurretik sortu antze-lanek, hots, haiei darien kerak. Maiz hartu ohi ditugu ertilari handitzat edo agerientzat, kera berriak asmatzeari ekin diotenak, bide berriak edo goldatu beharrez ibili direnak. Baina, bide zahar ezagutuak barna ibili direnek, besteren ginoan ertilari buruntza jaso izan dute, beren arima, bihotzondo eta izatea kerari ezarri badizkiote.

        Bach batez ere honetan ikas-iturri joria zaigu. Gure ereslaria ez zegoen ezagutu gabe aurretikoek jaulki ereslanak. Ordurarteko ereslan guztiak muin-muinetik dastatu eta ikasi ere zituen. Alemaniaren erditsuan bizi zelarik, baranoetako eres-haize guztiek ukitzen zuten ereslaria. Hegoaldetik Italiak bere eresgileen lan ernagarriak egozten zizkion. Eta ezin uka Bach'ek arima osoa ur jori haietan murgildu zuenik. Vivaldi batez ere, zirikalari eraginkorra izan zuen, beste hamaseitaroko polifonialariak lagun, Palestrina eta Victoria batez ere. Frantziak, bere ereslanen hozkirria bidaltzen zion, Couperin eta beste hango ereslarien bitartez. Iparretik, Ingalaterra ere ez zegoen Bach'en gogoa malgutu gabe.

        Doixterrian bertan ere, orduko zenbait ereslari trebe sortuak ziren eta eresbide bereziak zedarritzen zihoazen, goi, behe, sor eta sartaldean. Gure ereslariak haiek zekarten zirrara gun-gunetik beretu zuen. Irakurle aspergabea, musika oro haren adimen zorrotza aztertu eta haztatu zituen, eta Alemanian izan ziren eresgile ospetsuenekin hartu-emanean etengabe bizi izan zen.

        Beraz, gorago aipatu legetik Bach ezin zitekeen itzuri. Gogoa ezarian aldatzen zihoakion eta aberasten. Ondare guzti horretatik ordea, irizpide zuzen-zorrotzez galbahetu ondoren,

egokien eta goitarrenak beretu zituen, bere antze eta adimen[aren] argitara ugaritu eta aberasteko.

        Ez borroka gabe ordea. Eta borroka honek bere bizitza zehar iraungo du, lau haize-xokoetatik zetozkion eres-keren erdian, estetika berezi bat bila beharrez, harik eta bere nortasunaz jabetu arte. Kantari handiaren gaztaroko lanetan xede hori agertzen zaigu. Orduko lanak nabariegi agertzen zaizkigu ereslari bat edo besteren mende, Bach'en zildaia ekarri arren; Italiako arnasa edo hain maite zuen Bextehude'ren zantzua zerien. Garai hartako lanak esangura eta hizkiari itsatsiegi agertzen dizkigu, eta ereslariaren gogoa sare-maila haietan atzituegi.

        Mateo deunaren Nekaldian gogo-borroka horrek erpina jotzen du. Harrezkero kantaria inguruetako arnas eta haize guztietatik ezarian eranzten dihoa, musika hutsa atzeman nahiz, soingabeko aingerua bezalatsu. Bere bizitzako azken hamabost urteetan, inguruetako kutsuetatik askatuz, nortasun betean sartzen zaigu. Giza zahar eta haren kutsu guztiak gogotik erauzten ditu; bego errazkeria, bego erosokeria, dio Bach'ek. Erti paregabekoz argi-bolada lilurakorrak bidal zitzakeen, ez du horrelakorik egiten. Izan ere, ederra erantziago eta bikainago duzue, eta kutsu guztiak ezabatuko lituzkeen ginoan are sakonago eta goitarrago.

        Fugaren bidez erti erantzi eta sakonenean sartzen zaigu kantari handia, Fuga gogo-hutsaren lana dela esan daiteke, betieraren agerkaririk biziena. Betiera ordea, Jainkoa bera

zaigu. Erpin gurenagorik uki ote zezakeen Bach'ek edota uki ote dezake bestek?

        Eta Betiera horren gainean oinarriturik, jauregi liluragarrienak jasotzen ditu, ez giza liluraz, gogo liluraz baizik. Bach hutsik, garden eta garbi fugaz eraiki jauregiotan bizi zaigu. Horra non garaipen osoa iritsi duen bizitza zehar jasan duen borroka gogorrean. Hala ere garaipen hau ez da gogo eta arima gabeko etxegile elkorrarena, Jainkoz, edertasunik goitarrenaz bat egindakoarena baizik.

        Berrehun urte Kantari Handia aldendu zitzaigula. Hogeita hamar urtez haren oihuek isilik iraun zuten, lurperatuta bezala, harik eta ertilari ezagun batek haren ereslanak hauspetik astindu arte.

        Geroztik izan diren ereslari handienek etengabe hartatik edan dute eta bere lanei darien beroak bizkortu ditu: Beethoven, Mendelsshon, Schuman, Chopin, Liszt, Brahms, César Frank, Ravel eta abar. Inortxo ere ez da geratu Kantari Handiaren iturri bizitik oparo edan gabe; eresgile, biolinari, organolari, erabat esateko, eresgintzan harremana izan duten oro. Haren lanak musikari oro berotu eta argitu ditu, gogo-irakaspenik jorienak emanez. Edestia zehar ez dio beste ereslarik ertietan bikainena den honi arnas zabalagorik eman. Horregatik Bach handiaren ereslanek tinko diraute, iraungo ere bai musikari betiko aztarna ondaretzat utzi diolako benetako doixtar honek.

        Bidezkoa genuen, aurten, Euzko-Gogoan ereslari handi hau goraipatzea; gure euskara zaharrak ere gorazarre zor zion. Barkakizun izango ahal natzaizu, irakurle, ereslari handi honen lan goitarra nire esku baldarrez muskildu badut. Goi zoragarri hartan eresiz inguratuta bizi den hari ere, barkakizun izango ahal natzaio. 1950.eko uztaila.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus