Beste jarduera kuttun bat musika klasikoarena zuen. Ia egunik ez zuen ematen pianoa jo gabe etxean, eguneko nekeen abaro. Aita Onaindiak «Euskal mila olerki eder» argitara zuenean, ohi zuenez, Andimak iritzia eman zuen Euzko Gogoa aldizkarian. Santi Onaindiarentzat, aipatu liburuaren hitzaurrean adierazten zuenez, arte ederretan gurenena poesia zen; Andimarentzat berriz, izpiritualena, jainkozkoena musika. Zerbaitegatik pintatzen zituzten margolariek aingeruak musikagintzan ziotson Aita Onaindiari. Zein bitxia gertatzen zaigun sentitzeko edo arrazoitzeko modu hau!

        J.S. Bach eta Verdi jo zituen begiz. Bata musikari handi bezain fede handiko gizon; bestea berriz, musikari bikainaz gain italiar abertzale eta sinbolo. Abagunea bataren zein bestearen urteurrenek eskaini zioten; Bachen kasuan berrehun urte hil zela, eta Verdirenean berrogeita hamar. Hauen ondotik Richard Wagner-ena egin behar zuela ziotson Jon Mirandek, nazionalismo alemaniarrak gogokoen zuen musikagilearena alegia; gogoa bazuela adierazi zion Andimak baina astirik ez. Jarraian irakurtzeko parada duzun bi lanokin etsi zuen.

        Oroit Andimarentzat musika ertirik izpiritualena dela.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus