LANDAREETAZ ATSAPENAK
(Belarki-Iñarkunak)

 

Euzko-Gogoa, 1951, 9-10, 34 or. eta ond.

       

        HAZI-SAKABANATZEA.— Landare ugalketarako azken eginkizuna, hazi-sakabanatzea duzue. Igali batzuk oldarrez ireki ohi dira, eta erabat haziak barreiatzen dituzte. Akazitegi eta erra(t)ztegietan, igaliak zoritu ondoan, maiz entzuten dira hazi-kutxek irekitzean egiten dituzten zaratatxoak. Horra nola, berez, haziak banatzen diren.

       

        Bestetan haizeak barreiatzen ditu. Hazi asko eguratsa zehar ibili ohi dira haizearen magalean, bikor inguruan dituzten ileei esker. Horrela toki urrutietara heltzen dira, gero han ernatzeko.

        Hazi anitzek gakoak izan ohi dituzte, eta gizonen jantzi eta ardi ileei eutsika, noranahi joaten dira. Txoriek eta beste abereek ere, igaliak jan ondoan, maiz haziak botatzen dituzte, osorik, gero ernatzeko.

        Ageri den legez, izadian orok dute zer ikusi. Landareen etsai gorrienek diruditen abereek ere, uste gabez, landareak barreiatu eta ugaritzen dihardute. Beraz, elkarren artean zerikusirik ez dutela diruditen izaki zenbait, kide eta laguntzaile dituzu, Jainkoak eman dion egitekoa, bakoitzak, izadi helbururako harrigarriro beteaz.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus