LANDAREETAZ ATSAPENAK
(Botanika-Asimasiak)

 

Euzko-Gogoa, 1951 7-8; 9-10; 11-12; eta 1952 1-2 aleetan.

 

        Natura oso miresten zuen. Kolonbia-ko Bucaramanga-n jesuita-maisutza egiten ari, besteak beste, Historia Naturaleko Museoaren ardura izan zuen. Garai horretatik hasia zen euskaraz landareen hastapenak jorratzen, gero Euzko-Gogoan argitara emango dituenak.

       

        HITZAURREA

        Landareez ematera nihoazkizuen ikasgaitxoak, gure haurrentzat, lehen ikastola mailako neska-mutikoentzat ondu nituen. Zenbait urte igaro dira harrezkero.

        Lau euskaltzale gazte elkartu ginen, ikastoletarako, euskaraz, gauzen-ikaskizunez hornitutako liburu bat egin behar genuela eta. Botanika, zoologia eta geologiazkoa egitekoa eni egotzi zidaten. Laster burutu nizun, gaztetasunak berez dakarren zaletasun eta garrez. Lantxoak, ordea, gurean gerta ohi denez, lorik baketsuenean gelditu ziren.

        Euzko-Gogoa'ko zuzendariak paperok berriz ere iratiotu eta astintzeko zirikatu ninduen. Haien artean botanikatxoa, soilik, aurkitu dut. Pixka bat orraztu eta erraztu ondoren, argitaratzea erabaki dut. Uzkur, irakurlearen aitzinean agertzeko, lan kaxkar eta exkaxa delako. Baina lan kaxkarretik hasi behar bidea urratzen. Ez dut lan handia egiteko asmorik izan; gure neska-mutikotxoek ez dute behar oraindik. Baina irakurleak bere ohar atin eta jakintsuz lagun badatozkit, hori ere egin genezake. Ez duzue beste munduko gauza gai horietaz euskaraz idaztea.

        Hitz berririk sortu behar izan dut; jakina. Hala ere, ahalik gutxien eta erraxen. Horretarako alemaneraz idatzitako botanikak izan ditut idazlagun. Jakintza gaietan argitasun ugari jetzi ditzakegu hizkuntza horretatik gurera: lore-hauts (blumen-staub), hauts-hari (staub-faden), aizto-iduri, lantz-iduri (lantz-formen) t.a, bide horretatik antolatu ditut. Eladera ere, noiztenka, urtu dizut. Erdarazko hitz jakintsuak oso-osorik har nitzakeela? Gure haurrek euskal hitzez antolatuak hobeki adituko dituzte noski. Alabaina, erdal hitz oro ez ditut arbuiatu, beharrik ere.

        Gure artean gai honetaz argiratu lanak erdaraz eginak dituzue, zenbait landareren herri-izenak biltzeko. Oro begipean izan ditut: Lakoizketa, Arantzadi, R.I.E.B, Elissalde'ren Gure Herria'koa, baita Althabe'rena ere.

        Norbaitek herritarrek nire botanikaren erdirik ere ez dutela ulertuko esango dit. Baliteke egia hori ere. Erdaldun herritarrek beren hizkuntzez idatzitakoak zeharo adituko ote lituzkete? Egin dezatela saioa, nik egin dudan bezala, eta hor ikusiko dute.

        Arlo zabala daukagu euskaldunok jakintza gaietan, urratu nahi badugu. Ez da aski euskal ikastola eskatzea. Inoiz ikastola hori emango baligute, eskola liburuekiko mixeria gorrienean aurkituko ginateke. Liburuok dagoenetik gertu behar ditugu, eta lan horretarako hautatu, edo hautatutzakoek deus egiten ez dutelako, (beraien laidogarri), bakarrean eta ziri gabe ari behar.

        Agur, irakurle maite, eta engoitik diotsut egingo dizkidazun ohartxoak pozik handienaz jasoko ditudala.

 

Paris'en 1951.eko Maiatzean.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus