1953ko udan, eta hau ere jeltzaleentzat idatzia, hain zuzen Hegoaldetik etorririk Iparraldean elkartzekoak zirenentzat.

        Ohargarria da ageri duen argitasuna euskararen garrantziaz, hondamenaren iturriez eta hau salbatzeko bideez. Oker ez banago, Eliza katolikoak kondairan zehar euskararekiko izan duen jokaera makurra hain nabarmen eta gordin artean agertu gabe zuen inork, nazionalista jeltzaleen inguruko inork behinik behin. Jon Miranderekiko zorretan, Leizarragaz eta euskal protestantismoaz adierazitakoek ere badute berritasunik. Ohartzen diodan huts bat, Eliza Gobernutik banatzearena da. Elizak Iruñean eta Baionan euskara hartu behar zukeela latinaren hurrengo hizkera ofizialtzat diosku, honek Espainiako eta Frantziako herri-agintariekin zuen zerikusia aiputan hartu gabe.

        Argitasun zolia, errealismo gordina, eta borondate irmoa nabarmen ditu, euskararen salbamenerako auzo-herri zapaltzaileek usatu metodo erabatekoak erabili beharra aldarri egitean. Espainiarrek espainiera bortxaz ezarri badute Hegoan edota frantziarrek frantsesa Iparrean euskaldunek euskara bortxaz ezarri beharra besterik ezinean.

        Euskotar ez direnak ez ditu ahotan hartzen. Egia da, artean Espainia barneko jende-multzo handien inmigrazioa hasteke zela. Adierazia dugu jeltzaleei irakurtzeko prestatua zela. Hari honetara adierazgarria da txosten honek izandako zoria. Joseba Rezolak Donibane Lohizunen «reuniones amistosas» zeritzanak antolatu zituen; 1953ko abuztuan egitekoak, eta aste oso bat iraungo zutenak. Egunez egun hitzaldiak burutuko ziren, guztiak gaztelaniaz Andimarena izan ezik; eta azken egunean, larunbatean, Jose Antonio Agirre zen etortzekoa amaiera-ekitaldira. Jakiterik izan dudanez, bertara jeltzale eta kideko gutxi agertu ziren. 1946-47tik hasita 1954 arte Iparraldetik emititzen zuen Euzkadi Irratia arduratuko zen egunez eguneko hitzaldien berri emateaz.

        Andimari Rezolak egin zion eskaria —Andima elkarlanean aritu zen Euskadi Irratian—, eta eskari horri erantzunez burutu zuen aiputan dugun testua. Delako aste horretako ostegunerako zegoen iragarria Andimaren hitzaldia, eta Euzkadi Irratian izan zuen oihartzunari erreparatuz gero, ez zela burutu esan behar. Erabat egiaztatzerik izan ez badut ere, itxura guztien arabera, ez zuten hitzaldia eman. Zergatik ez zuten, bada, eman?

        Adierazia dugu euskarazko hitzaldi bakarra zela. Agintari jeltzale askok ez zekien euskaraz, edota analfabetoak ziren aberri-hizkeran burutik, Jose Antonio Agirregandik hasita. Askotan lagundu zion Andimak Jose Antonio Agirreri idatziak euskaratzen, kasu, 1952ko Gabon mezua. Gogorregia iritziko zioten Andimaren proposamenari, aurrera eraman ezina, ez baitzeuden horretarakoxe. Aitortu behar da erabakia hartu zutenen alde, kontraesan eta hipokrisia gehiegia zatekeela, alderdi barrutik etorri arren, halako idatzi iraultzaileari hauspoa eta hedabidea eskaintzea, euren teoria eta batez ere praxia oso bestelakoak zirenean.

        Nolanahi ere, ez zuten egiteko samurra gerra galdutako nazionalistek. Asko diasporan ziren, Amerika eta Europako erbestean. Jeltzale gailenenak Paris eta Ipar Euskalerri artean harat-honatean Hegoarekiko harremanak arriskutsuak izaki. Bigarren Mundu Gerran aliatuen alde egin borrokak uste eta irrikaturiko uztarik bildu ez zuela, kinka larrian. Estatu demokratiko hotsekoek emandako hitzak janak zituzten, Franco onarpena eta laguntzak jasotzen hasia.

        Andima eta bere kideko abertzale eta euskaltzale suhar banaka batzuek ere ez zuten giro 1953ko urte lazgarri hartan. Diodanaren giza dimentsio neurgaitzaz hobeki jabetzeko, argitaratzeke dauden gutun-zati batzuk aldatuko dizkizut, Nemesio Etxanizek eta Andima Ibiñagabeitiak delako urtean elkarri trukatuak:

        «Oraintxe santutu dira gezurra eta erailketa. (...) Dagonillaren 1'goan badakizu Loiolan nolako eliz jaia oi degun. Aurten luzitu dira "nostrates"ak. Izlaria Moneo Aita ekarri ziguten Valladolid'tik. Espiritu Santuak egundoko aizea eman zion: itzaldian Patxi'ri odol geiago eskeñi zion (Len ixuria gutxi nunbait!). Gaurko agintariak berenak omen dira, ta emengo onenak. Orratx "nostrates"ak edukautakoak zeñen bitxi-lora ditugun. Meza erdian Errandonea Abak txaneuskinlariari, arren baino arren «txin da, txin da» jotzeko. Badaezpada ere an zegon eliz-atadian banda militar bat. Onek, txaneuskinak baño lentxeago eraso zion "txindata"ri. Atea, elizakoa, zabal-zabalik zuten, eliz barrukoak zeruko jario ura obeto entzun zezaten. Loiolako erretoreak penatxo bat, organua aurrena ez asia txindata jotzen. Gure gizonak ondo morroitu dira Eliza katepean estu-estu artu digute. Utikan!» (Nemesio Etxanizek Andimari 1953-IX-18).

        «Ni neu, etsialdirik larrienaren mende naukazu. Eliz, dolar eta erailketaren arteko izkepot lizunaren ondoren, gure itxaropenen zerua betiko itxi zaigu. Nora bear dut erbestetu gaixo onek? Ez daukat orra-biderik. Nai ere ez naiago baitut gabetasun gorrienean ito, nere erri eta izkera maitearen ondamenaren lekuko izan baino. Ez daukagu nora io, zeru ta munduak ere sekulakotz urruñatu bai gaituzte. Indarra nagusi orain ere, gezurra garai! Ainbeste urtetan erri ta gizonen eskubideak ikurritzat artuz titikumeak bai gintzazan engañatu gaituzte. Ez dakit etsipen onek noradiño eran nindeken... Eta aipatu eliz-agintari orien egiñak sinismena guregandik eradokitzeko baizik ez dira. Egia esan, xarisma ori ene baitan geruago eta suntsitzenagotzen ari zait. Ene fede-krisalluak badu olio bearrik argi iraungo badu diaspora zatar ontan.

        Ez dut uste iñork ere emaitza beteagorik egin zezakean nortasun osoa aberri-oparrian erretzea baiño. Ori ere egin dut eta ez daukat aurrerantzean zer-egiñik.

        Gaur gero ez dut geio idatziko, nere lan guztiak alperrak diralako. Ez diot Elizari ere ikutuko legena baitario. Labur esan, nereak egin du.

        Nere agurrik saminena ar ezazu adiskide» (Andimak Nemesio Etxanizi 1953-10-7).

        Etorriko gara aurrerago ere adierazpide etsitu eta patetiko hauen muinera. Goazen aurrera Andimaren euskal praktika miratzera. Irakurri ditugun bi artikuluak praxiaren ondorengoak dira —hiru urte ditu Euzko-Gogoa aldizkarirako idazten—, horretara erakarri nahi du jende ikasi jeltzalea, eta praktika nahiz gurari horrek baldintzatzen du bere buru-lan guztia.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus