EUSKARAREN AUZIA

 

Pariseko Euzko-Deya, 1953-10

(Aurtengo Agorrean Donibane'n egin ikas-batzarrerako ondua)

 

        Bi gudu karlisten ondoren, hain zuzen, euskara harrigarriro hondatzen eta galtzen eta galtzen hasten da. Harrezkero gure aberri-hizkera, eremu lurralde zabaletan suntsitzen ari da.

        Lehenago ere Arabako herri askotan, euskara zeharo galdurik zegoen, Nafarroako Erriberan ere bai. Orduko romanizatuta aurkitzen ziren Euskalerriko eskualde batzuk. Baina aurreneko karlar guduaren hasieran, Nafarroako herri gehienetan euskara zen garai. Araban gehienetan ez bazen ere, herri askotan behintzat euskara bizirik zegoen. Ikusi besterik ez daukazue aipatu gudu bien erditsuan Bonapartek egin zuen euskararen muga-mapa. Laster jabetuko zarete muga zabal haiek nola estutu diren. Eta gure hizkera ez da oraindik estu-behar horretan atertu. Hirugarren karlar guduak (niretzat azkeneko gudu zibila ez da karlatar gudu bat baizik, haiek eragina eta egina) aurreragoko bi guduekin hasi lana bete eta gonburutu digu, are deitoragarrikiago euskara amildegira buruz jarririk.

        Hau bezalako ikas-batzar batean, beharrezko dugu euskararen auzia sakonki ikusi eta ikastea. Karlar guduak ezkero euskararen atzerapenik nabariena hasi zitzaigula esan dizuet. Horretarako gudu haiek eragin handia izan zuten noski, baina ez eragin guztia. Beste iturri sakon eta ezkutuagoak ere badira, eta hemen aztertuko ditut garrazki.

 

        EUSKARAREN GARRANTZIA

        Gure naziotasuna zaindu, gorde nahi baldin badugu, euskara ere zaindu, gorde behar dugu. Nik euskara dela esango nuke, eusko naziotasunaren eustazpia, zimendua. Euskara gabe, niretzat, ez dago naziotasunik.

        Badira euskara gabe gure herritasuna eraiki nahi dutenak, eta askok euskararen arbuioan (despreziuan) ere beren abertzaletasuna eraikitzen dute. Zoroak halakoak! Zer da hizkera gabeko aberria? Zer da arimagabe gorputza?

        Orainaldiko aldizkari batean idazle jaso batek hurrengo galde hau egiten zuen: «Balio ote du hizkera gabeko aberriak? Izaterik ere merezi ote luke?».

        Europako lege-herri guztiak hizkeren oinarrietan eraikiak izan dira. Haien eustazpietan herritasuna ez eze estatua ere eraiki dute. Beraz argi dago Euskadi zerbait izango baldin bada, euskararen oinarrietan bere herritasuna, bere lege-izatea jaso behar dituela. Euskara gabe, bizitzerik ere, izaterik ere ez luke merezi.

 

        EUSKARAREN HONDAPENAREN ITURRIAK

        1) Jakitun eta kulturadunen hizkerarekiko zabarkeria.— Historia barna mende asko ibiltzerik ez daukagu jakitun edo kulturadunak herri hizkerez arduratzen ikusteko. Hamabosgarrenera iristea aski izango zaigu. Ordurarteko jakitun hizkera latina zenuten. Halere gizon ikasi batzuk orduko herri hizkerez zerbait arduratzen hasiak zenituzten, oso gutxi. Badira gazteleraz, galizieraz eta katalunieraz hamabigarren mendean egin idazlanak. Katalunierak batez ere hamahirugarren gizaldian loratze zoragarri bat ezagutu zuen Ramon Llull eta Auxias March'en eraginera. Gizon handi biok, ordurarteko latina zokoratu zuten katalanunieraz beren lan handiak emateko.

        Hamalaugarren mendean renaszentzaren argi-xintak Italiatik Europa guztira barreiatzen dira. Berpizkunde hau antzinako latin idazle klasikoetara begira sortu zen. Haien hizkera apain, ebaki eta ondo taxutua berpiztu nahirik, antzinako filosofia, mitologia eta zer guztiak klasikoen moldeetan berreraiki nahiz.

        Baina berpizkunde horrek zenbait jakituni begiak irekitzeko ahalmena ere izan zuen, herri hizkeretara begira ezartzeko. Eta orduantxe hasi ziren Italian bertan Boccaccio eta Petrarca ere hizkera arruntei arnasa ematen. Frantzian bertan, berpizkundearen eraginera gaurko frantsesa apaindu, txukundu eta indartzera ere jarri ziren. Hitz batean esan, berpizkundeak Europako herri hizkerak jasotzeko ahalmen handia izan zuen.

        Eta Euskalerriko kulturadunak zertan ari ziren?

        Gure artean jakitun ugaritasunik ez zela aitortu beharko dut. Baina izan ziren gutxiak ere, inguruetako hizkuntzen erlantzak itsutu zizkigun. Txundimen negargarria benetan. Lehenago latinaren aitzinean Nafarroako Gorte eta erregeek euskara arbuiatu eta zokondoratu bazuten, berpizkunde garaiko gure jakitun eta kulturadunek auzo-erdaren aitzinean, berriro euskara ukatu zuten. Ez zen inortxo ere berpizkundeak erakutsi hizkera berpiztu nahira makurtu. Lan erraxa zitekeen orduan, bada Euskadi osoan euskara zen nagusi.

        Ez hori bakarrik. Garai hartan Euskalerriak lege-herriak ziren. Beren biltzar eta jaurlaritza bereziak zituzten. Horiek behar zuten lehenengoz euskarara gogoa makurtu aberri hizkerari indar emateko. Egia esan, orduan naziotasunaren kontzeptua, gurean eta beste herrietan ere, zoritzeke zegoen. Halere naziotasunaren usteak biribiltzeko egon arren, auzo herrietan [etena] eta agintariak euskara erdeinatuz, auzo erdaretan ari zitzaizkigun.

        Euskalerrian, batzar eta herri-agintariez gaindi baziren eliz-agintariak ere, gure artean, garai hartan jakitunenak. Horiek ere euskara nardatu eta zokondoratu ziguten. Elizak gizarte osoa izaki (societas perfecta), euskara behar zukeen latinaren hurrengo hizkera ofizialtzat hartu, baina nahiago izan zituen auzo erdarak horretarako hartu. Aldi hartan ez geneukan oraindik diokesis eginik Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Baiona eta Iruñea ziren euskal eliz barruti bakarrak, bere apaizgaitegiekin hornituak. Baina ez zuten euskararik onartu, eta apaizak latinez eta gazteleraz hazten zituzten euskararen nardarik bizienean.

        Halere norbaitek apaizak izan zirela euskara zerbait landu zigutenak esango dit. Bai, apaiz banaka batzuek. Apaiz banakek, ordea, ez dute hierarkia osatzen, eliza egiten. Sarri amoralki bizi den apaiz bat edo beste ikustean, herriak amoraltasun hori Eliza guztira zabaldu nahi izaten du, baina Elizak laster esaten du apaiz banakaren bizimolde gaiztoak ez dezakeela Eliza osoa zikindu. Era berean apaiz banaka batzuen euskaltzaletasunak ez du esan nahi Eliza euskaltzale denik eta zenik. Aitzitik ondo dakigu zeinen garrazki jazarri dituen Eliza Amak apaiz asko euskaltzale, euskal idazle zirela eta beste gabe. Euskotasunaren kontzepturik ez du inoiz Elizak onartu, eta jakina, euskotasuna sendotzekorik ere ez du inoiz egin. Bestela lehen eta gaur euskara izango zen bere apaizen ikas-ele eta ekin-ele ere Euskalerrietan. Eta horrelakorik ez da oraindik gertatu ez eta gertatuko ere.

 

        ELIZA BAT IZAN ZEN...

        Berpizkundearen haizeek Reforma zeritzan higikuna Eliz barnean sortu zuten Europa zabalean. Espainia soilik Reforma horretatik bakan lotu zen. Euskalerrian, ordea, erreformazaleak sortu ziren, Eliza eraberritu nahi zutenak, eta erreformazaleok hain zuzen, euskara beren hizkeratzat hartu zuten, eta hizkera horretan beren erlijio zaharberritua zabaltzen hasi ziren.

        Eliza berri hartatik onik etorri zitzaion euskarari Albret'eko Joanna erregina handi eta Leizarragaren eraginera. Orduantxe euskaraz egindako lehenbiziko liburu bikainena agertu zen «Testamentu Berria» alegia. Luzaro ez dela norbaitek idatzi du Buenos Aires'en agertzen den «Gernika» aldizkarian:

        «Espainiaren politika «erri eta sineste osotasunaren alde» zorionean bururatu zitzaien —Iainkoak benedikatzen zuelakotz agian— Nafarroako monarkak protestante zirelakoan eskomulgatu izan zirenean, eta aien lege-erriak auzo katolikuen mendeko eman zituenean Erromatar eskuzabalak (Aita Santuak alegia). Euskaldunak protestant biurtu ba'ziran Euskalerria salbatuko zan ezbairik gabe erri bat DENETIK... Albret'eko Ioanna eta Leizarraga otsemaile genituela berpizkunde bati buruz ginoazen bai erriketan bai inteligentzan: gure gogo erstura dala kausa ez zan ala izan...»

        Ez dakit Euskalerria herri bezala salbatuko ote zen, baina erregina hark eta apaiz hark, Leizarraga'k alegia, Eliza katolikoak ehundaka urteak barna eta geroago ere egin ez zuen lan handia burutu zuen: «Testamentu Berria» euskaratu eta gure herri hizkera ikasbide egin. 1931. urterarte ez dugu euskaldunak Testamentu Berriaren katoliko itzulpen osorik ukan, Aita Olabide'ren «Itun Berria» agertu arte.

        Edesi ditudan gertari guzti hauek gauza bat sendoki bulartzen digute: Herri-agintari, Eliz-agintari, jakitun eta besteek ere euskararekiko zeukaten eta daukaten arbuioa.

        Arbuio hori bi Estatu haundiren mendera zeharo Euskalerriak erori zirenean, askoz ere nabarmenago egin zen. Hemeretzigarren mendetik ezkero euskararen aurka aritzeko tresnak esan ezin ahala ugaritu dira. Tresna horiek hain zuzen etsaien eskuartean izaki, gure hizkerak itotzeko berebizikoak gertatu zaizkie aipatu bi Estatuei: eskolak, aldizkariak, egunkariak, irratia, zinema eta beste mila motatako tramankuluak. Herri administrazioak ere euskara itotzeko ederki etorri zaizkie, bada administrazio horiek gure etsaiek, arrazoiarekin gainera, bere morroien eskuetan jarri dituzte, hots, euskararik bat ere ez dakiten gizonen eskuetan. Haien mende gaude gu, haien mende dago euskara.

        2) Eritasun kaltegarriagoa.— Baina oraindik bada beste eritasun kaltegarriagoa euskararen hondapena sakontzen duena. Eritasun hori euskaldunak, euskotarrak euskararekiko daukagun axolagabekeria duzue. Axolagabekeria hau beste edozer baino kaltegarriago zaio euskarari. Gaurko euskotarrez ari naiz. Beste etsaiak gorabehera gu arduratsu eta euskararen benetako maitatzaileak bagina, gure aberri hizkerak iraungo luke. Baina geure baitan daukagu izurririk kaltegarriena, gure hizkera auzian kalte eta hondamendi guztien iturria: alferkeria, nagikeria, etsipena.

        Axolagabekeria hori garaitzen ez dugun artean, gure euskarak ez duke inolako onik. Hondatuz joango zaigu gaurdaino bezala.

 

        B) Euskara SALBATZEKO BIDEAK

        1) Euskara gauza garai eta apalenak ere azaltzeko bide bihurtu.— Nik euskara edozertarako gaiturik daukagula esango nuke, adimenaren sorkari guztiak azaltzeko lanabes egokia dela. Tresna guztiak bezala, herdoildu eta ustelduko ez badira, erabili behar da. Golde-mutur zorrotza herdoilak jaten du soroan erabiltzeke bazterrean gordeta dagoenean. Era berean, euskara ere, herdoilak jan digu erabili ez dugulako. Herriak erabili du, eta herriaren mingainean aski zailu agertu izan da beti herritarren beharkizunei egoki aski erantzuteko. Egun, ordea, herriak ere ikasbide gehiago eskatzen dizkigu eta euskara ez dela egoki zenbait gauza azaltzeko uste izan du eta erdarara lerratu zaigu.

        Ustekizun hori gure herriaren baitan gure arteko jakitun eta letradunek sortu dute, beti ere erdaraz ari direlako beren lanetan. Herriak gainera handikien jarraibidea beti onartzen du, gurean eta beste erreinuetan ere.

        Euskara berez, tresna egokia da edozertarako. Erabiliak egin ditu beste hizkerak ere, eta gurea horrela egingo dugu asmo eta asma orotarako gai. Zenbait jakitunek esaten dute euskara ez dela jakin-asmakizunetarako horretarako hitzik eta esaerarik ere ez daukalako. Alferren aitzakia; aitzaki merkea! Ekin diezaiotela, eta hor ikusiko dute zeinen ederki gure hizkerak erantzungo ere dien behar luketen bakoitzean.

        Hitz zenbait ez dauzkala ere esaten dute. Beste hizkerek ba ote zituzten? Nondik erakarri dituzte hitzok beren hiztegietara? Orok ezagutzen die haiei horretarako eskubidea, hots, alderdi guztietatik beren beharkizunetarako hitzak biltzekoa. Beste hizkerek egin dutena guk ere ezin genezake egin? Guk ere edonondik eta edonola gure hiztegia aberasteko eskubidea daukagu. Baina ez ezagutu nahi euskaldun gehienek eskubide hori gure aberri hizkerari.

        Aspaldi ez dela eskubide horren inguruan eztabaidarik handiena sortu da. Bada eskola berri bat latin eta grekozko hitz guztiak euskal harrobira sartu nahi lituzkeena. Ez diet eskola berri horretakoei eskubiderik ukatuko. Hori ere egin liteke gure aberri hizkera aberasteko, egokitzeko. Aipatu jakitunok hor daukate bide egoki bat euskara noiznahi eta nonahi erabiltzeko. Beretik ez daukatenean har ditzatela hitzok inorenetik besteek egiten duten bezalaxe. Behinik behin aitzakia hori dela eta ez daitezela besoak antxumatuta egon erdaraz barra-barra.

        2) Lanabes egin bat daukagunez gero, lanabes hori euskaldun guztiei erabilarazi behar diegu.— Oraintxe sartu naiz nire hitz-aspertu honen sailik gordinenean. Euskara lanabes egokia da edozertarako, lehenago aipatu dizuedan bezala. Egokia denetik erabilgarria ere da. Logika bidez azken muinora iritsi gintezke arrazoiketa honetan. Azken muino hori hauxe duzue. Lanabes egoki eta egina denez gero euskara euskotar guztiok erabili behar dugu. Behar dugu diot, eta ez behar genuke.

        Lehenik ikus dezagun hizkera nola galdu diguten egungo egunetaraino. Bide asko erabil daitezke eta erabili dituzte horretarako. Hemen ez ditut aipatuko euskarari hurbilenetik dihoazkionak baizik. Gorago ikusi dugu handiki eta jakitunek zenbatean lagundu diguten euskara hondatzeko. Baina etsenplu txar horiez gainera badira beste bide hondagarriak ere.

        Estatu eta Gobernuek. Horiek daukate beren eskuetan hizkera baten bizitza. Haiek hizkera bat berpiz edo erail dezakete. Eta hori egin dute euskararekin ere.

        Estatu handi biren mendean bizi gara aspaldidanik. Estatu biok hizkera ofizial handi eta aberats biren jabe dituzue. Eta estatu horiek hizkerok ikastera behartu gaituzte euskaldunak oro euskararenganako batere begirapen eta errespeturik gabe. Horretarako ikastolak herri guztietan ezarri dituzte. Haietan erdara baizik ez da irakasten. Ez hori bakarrik, euskara gure ama hizkera arbuiatu eta nardatzen irakasten zaie gure haurrei.

        Horretarako metodo totalenak erabili dituzte mendean gauzkaten Estatuak, erregimen mota guztietan. Espainia eta Frantzia monarkiko eta errepublikanoek, demokrata eta bestelakoek, metodo berdinak erabili dituzte erdara gure herri menderatuan sartzeko. Egia esan, hizkera kontuan ez dago beste biderik metodo totalak baizik. Euskara hiltzeko erdara indarrez sartu behar da haurren buruetan eta euskaldunen bihotzetan ere. Bilinguismorik ez da egoki horretarako. Elebitasuna txepelen bidea da. Eta horretan Espainia eta Frantzia ez dira txepelen bidetik ibili, sendoenetik baizik. Horrela euskararen hondamendia iritsi dute.

        Ez digute euskaldunoi inoiz ere galdetu erdara komeni ote zitzaigun baizik eta, komeni nahiz ez komeni, erdara hori begi belarri, eta zentzu guztietatik ere sartu digute. Ez daukagu zertan hiletarik jo mendean gauzkaten gobernuek euskararen aurka egin duten lanagatik. Hileta joaz ez goaz inora ere. Alderantziz; haien ispiluan begira gaitezen eta ikas dezagun nola jardun behar dugun haiek galdu diguten euskara berpizteko, Euskadiko lau xokoetan berriro sartzeko.

        3) Hizkerak nola zabaltzen diren.— Hizkera herrietan indar bidez baizik ezin daiteke sartu. Txepelkeriak hemen ez dauka lekurik. Edo soin eta gogo gure ahalmen eta indar guztiekin euskarara behartzen ditugu euskotar guztiak, edota ez dugu inoiz ere euskararik jasoko. Ezin gintezke auzi larri honetan erdizka ibili, oso-osoan baizik.

        Etsenplu bi jarriko dizkizuet. Bata Irlandarena eta bestea Israelena.

        Irlandak bere askatasuna hogeita hamar urte baino lehenago iritsi zuen. Bere esku gertatu zen gaelera, aberri hizkera ingelesaren mendetik betiko ateratzeko. Horretarako ordea, erabaki sendoak hartu behar ziren, hauxe batez ere: gaelera hizkera ofizial bakartzat hartu ingelesa baztertuz. Baina orduko eta geroagoko irlandar gobernuek ez dute horretarako adorerik izan.

        Gaelera, gaur egunean ere, orain hogeita hamar urte bezain erkin eta indar gabe aurkitzen dela, beti ere ingelesaren mendean zapalduta.

        Irlandaren ibilbiderik guri ez zaigu komeni, eta bide hartatik ibiliko bagina, gure hizkera ez eze lurra ere galduko genuke goiz edo berandu nahiz eta askatasunaren jabe izan. Irlanda izaro (isla) bat da eta itsasoak batez ere erbesteetatik babes dezake bere askatasunean, hizkera gabe ere nolabait zaintzeko. Gu, ordea, txakur haundi biren erdian gaude, eta txakurrok jango gintuzkete, orain arte jan gaituzten bezala.

        Zer gertatu da, ordea, Israelen? Hor bai, aurreneko egunetik heberkera zela erabaki zuten Israelgo hizkera bakar, eta azken lau urte hauetan, batez ere, betiko salbatu dute bi mila urte lehenago hilda zegoen aberri hizkera. Han ez dira ibili txepelkeri eta kontenporaziokerietan. Erabakia hartu eta soin eta gogo bete. Gobernuaren hizkera, parlamentuko hizkera, unibertsitateko hizkera, jakintsuen hizkera, eskoletako hizkera, elizako hizkera, sal-erosketarako hizkera bakar heberkera da, eta Israelen ez dago beste hizkera ofizialik.

        Lan gaitza egin behar izan dute israeldarrek beren hizkera eginbide guztiotarako egokitzeko. Baina gizon kementsu eta sendoentzat ez dago lan gaitzik. Eta guk, euskara salbatu nahi baldin badugu Israelek hartu bidetik joan behar dugu. Ez dago beste biderik.

        Bide horretatik hasteko ez daukagu askatasunaren zain egon beharrik. Israeldarrek ere, askatasuna baino lehen beren hizkera gauza guztietarako gaitu, eta gai guztietan erabiltzen zuten. Euskararekin beste hainbeste egiteko gai ez baldin bagara, utzi ditzagun betiko gure ametsak.

        Hizkera auzi honetan ezin gintezke txepelki ibili, sendoki baizik.

 

Paris, 1953-IX.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus