Argigarria Andima eta kidekoen iritzi eta eztabaiden berri ezagutzen hasteko. 1952an idatzia eta Alderdi aldizkariko irakurleentzat.

        Gaur-gaurkoa ere bai zenbait aldetatik. Euskara batuaren ajeak direla eta ez direla, joskera lantegi hartu beharraz eta hizkuntza-mailak noraezean landu eta finkatu behar larriaz mintzo garela, berritzen ari gara «Euskararen inguruan, aldizka, sortzen diren eztabaida gorriak». Sentipen goxo-antzekorik ere ernatzen du nahiz sentiera arras ñabarra den «aspaldi honetan ez dugu horrelako baiezta osasungarririk ezagutu» esaldia irakurtzeak.

        1952an, Andimak dioen bezala, hegoaldeko aberriaren gainera erori izurri hilgarrienetik jalgi berriak ginen —zilegi bazait, borondatezko zorikide agertzea—; Espainiako II. Errepublika garaiko pizkundearen ibiliek eragin garbizale-mordoilozale arteko eztabaidak mututasun gorrienera ekarraraziak genituen. Horrela ulergarri gertatzen da irakurri berri dugunari darion udaberri zantzua, ezinegon eta urduritasunaren euskal ontzi amesgarria ekaitz beltzak hondoratzea iritsi ez zuela eta.

        Ez gara, baina, 1952an. 1968an Arantzazuko batzar erabakigarri bezain istilutsua egin, eta handik urte batzuetara finkatuak eta gehienen aldetik ontzat hartuak zeuden, ustez, batuaren oinarriak, eta euskara mintzabide dela kultura lantzeko izpiritu eta jokamolde orokorra. 80ko hamarraldiaren aurrenekotan, aldiz, Mitxelena hizkuntzalari aipatuak bazterrak harrotu zituen. Abian zen euskal kulturgintza hartuz zihoan plegua auzitara ekarri, eta zimendu ezarri berriak iraulkatu nahiko istilu garratza eragin zuen, urteetan sor-sor atxiki ondoan, egunotan, gorago adierazi bezala sukar jauzialdia izan duena.

        Zalantzaren eztenak akuilatzen gaitu ostera, hitz eta joskera kontuan erdaretara, batez ere gaztelaniara, eraitsiegi gabiltzalakoak, hizkuntzen arteko hartu-emanetan aski den adinako burujabetasunik iritsi ezinik erraxkeria galgarrian landatuak ote garen. Ezbai mingarri honek beronek bultza gaitzake oraindaino baino kasu gehiago egitera gipuzkera osotuaren aldezle abantailatuenei, batuaren zirimolak gupidagabeki ahazmenaren osinera egotziei.

        Irakurri dugunaren muina laburbiltzera etorriz; jeltzaleak, bereziki euskal jakintsuak nahiz ikasiak gogatu nahi ditu, hots, erdal kulturgintzan ari direnak euskarara erakarri. Ahalegin eskasiarik ez zaio igartzen. Honen premia berriz, egungo egunean ere, bistan da, jakintsu abertzale hotsekoen koherentzia-eskasia bistan den ber neurrian.

        Xehetasunak alde bat, bi harroin ezartzen ditu kulturgintzarako; aurreko aitzindariak ahaztu gabe azken berrogeita hamar urtetako tradizioari kasu eman beharra, eta geure harrobia ustiatu ondotik unibertsalera, greko-latin harrobira jotzeko zilegitasuna eta are egokitasuna. Ez da besterik egun I. Sarasolak proposatu duena, aski da greko-latin harrobia latindar-anglogermaniar-eslabiar harrobiaz ordezkatzea.

        Beste harroinera etorriz, goraxeago irakurri berri dugu euskara mintzatuak atzera eta atzera egiten badu ez dela izan idazleen garbizaletasunagatik, hori baino zio nabarmenagoak badirela gertakari mingarri hori azaltzen dutenak. Bada, horrexetaz dihardu ondoko artikuluan.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus