BURU-LAN, KULTUR-LAN (III)

 

Alderdi, 66, 1952-IX, 10-11

(Makinaz jotako izkributik aldatua)

       

        Hitzaldi jakingarria Euskaltzaindi sarreran Villasante Aitak egina. Inarrosten duen auziaren guna bete-betean azaltzen du hitzaldi horren tituluak berak «Literatur-Euskara, Lapurditarr Klasikuaren gain eratua».

        Gure hizkeraren inguruko auziak oro, batasun nahiak sortuak dituzue. Batasunari atxikita dago, lapa harkaitzari baino areago, euskararen izangoa. Hori iristen ez dugun bitartean alferrik ari gara, gure neke-lan guztiak hutsak gertatuko baitira. On dukete zenbaitek, bat bederaren hizkelgiari atxiki behar gatzaizkiola esatea. Bai, bai... Dagoeneko ikusirik daukagu bereizketa horrek ekarri dizkigun ondoreak. Ez gaitezen itsu, egia ikus dezagun, samina bada ere, eta egia horren irakatsiak jaso eta gure bizibidean mami ditzagun. Aginterri bakandua hondatuko da, dio ebanjelioak, eta gure hizkera-erreinua ere bai, bakan eta bereiz izatekotan. Ezingo da lege horretatik itzuri.

        Laburzur —nahi genukeen zabalgorik idazlan honen muga estuen barnean ezin baitiezaiokegu eman— ikus dezagun aipatu hitzaldiaren guna. Ahal izanik, hizlariaren hitzak erabiliko ditugu laburpen hori egiteko. Honatx hemen, haren ardatz bezala diren esakuneak:

        1.— Literatur arazoetarako euskara molde bakar eta jakina hautetsi behar dugu.

        2.— Bai antzina aldetik eta bai idazleen kopuru, bikaintasun eta denen artean osatzen duten batasun ederragatik ere, lapurtar klasikoak iduri du eginkizun horretarako egokienik, Axular eta Etxeberri'ren idaztiak buru direla.

        3) Euskara bere galtzarretik teknika eta kultur terminoak jaistarazteko gai den arren, Sartaldeko kultur-oboaren barnean euskara ere bizi denez gero, latin-greko'tiko terminoei bete-betean gure literatur ateak ireki behar dizkiogu haien esamainei erantzungo dien hitzik gure artean aurkitzen ez dugunean. Euskalki guztietako hitzak, molde bakarrean harturik, Axularren arabera alegia.

        4) Ortografia aldetik batasuna lortzeko H litera erabili behar litzateke.

        Villasanteren asmoak, bahean iragazi baino lehen, ozen eta arrai aitor dezagun jaun hau euskara eta gure herriarekiko maitasunik aratz eta garbienak eraginda datorkigula. Eskerrak ere eman behar dizkiegu eskola berri honetako jaunei orain arteko euskalari guztiak baino argi eta klarkiago euskararen noraezekotasuna nabarmendu digutelako. Horiek euskara maila guztietarako nahi dute, eta Euskalerriko muga guztietarako ere bai. Alde horretatik goragarri ditugu. Orain artekoak ikaraz ibili dira, euskararentzat hainbesteko hedapenik ezagutu gabe, beherengo ikas-mailetarako ere uzkur onartuz. Horiek ez dute gure aberri-hizkerarentzat zedarririk nahi giza-adimenaren erpinik garaienetara hegalda dadin. Ez dute herri-abarraren hizkeratzat soilik nahi, baizik eta jakintsu eta giza-landu guztien hizkeratzat. Eta horrelako asmo zindoak dakarzkiguten jaunak ezin ditzakegu arbuia, ezin ditzakegu zapuz, baizik eta txera ederrenaz gure artean hartu. Orain arte lotsa izan gara, euskara ikasgai ez ezik ikasbide behar dugula aitortzeko. Teoria berri honek, Krutwig-Villasanterenak alegia, hamaikatxo gure arteko sasi-jakitunen oinarriak orpo-orpoan jo eta hankaz gora botatzen ditu. Zer diozue euskaraz ezin daitezkeela munduan loratu asmakizun eta burutapenak oro jantzi? Ezetz? Hitzik ez daukala? Hor duzue greko-latindarren harrobia, har itzazue handik behar adina hitz eta euskara erabil ezazue, eta zuen orain arteko usteak har jotako sagar ustelak baizik ez direla ikusiko duzue.

        Aita Omaetxebarria, beste asko bezala, beldur da eskola berri horretako teoriekin euskara ez ote zaigun esperanto bezalako hizkera asmatu eta arimagabeko bat bihurtuko («Esperanto o Vascuence?» artikuluan, Villasante Kortabitarteri erantzuna «Cantabria Franciscana»).

        Mokoroa aita oraindik urrunago doa bere «Carta semi-abierta al R.P. Villasante» eskutitz luzean. Eskolastika sendoenari loturik bere argumentu pisuak jalgitzen ditu eta honako hau dio: «Euskara zeharo hondatua ikusi nahi badugu, aski Krutwig eta Villasante'k asmatu bideak barna ibiltzea».

        Labaien jauna (Euzko-Gogoa) Mokoroa baino bigunago datorkigu. Ez luke oztoporik kultur eta teknika hitzak bete-betean hartzeko, gure euskara haietaz gabe legokeen bakoitzean. Batasunari buruz, «gipuzkera osotuaren» alde jartzen da, eta ortografia ere euskara horretan ari izan garenok erabili duguna nahi luke, hots, antzinako Euskal Akademiarena.

        Angel Irigarai euskaltzain jaunak hitzaurretxo ohargarri bat jarri dio Villasanteren hitzaldiari «Boletin»ean argitaratzean. Ez da osotoro haren alde jartzen, baina argumentu astun eta eraginkorrenak ere direla aitortzen du euskaltzale gazteak bere tesiaren sendogarri dakarzkienak, eta aintzat hartzekoak gainera. Batasun auzian on litzatekeela dio hark nahi lukeen hizkera bakartzat hartzea. Halere ez ditu gipuzkera osotuaren eskubideak ere ukatu nahi, hizkera hori ere Axularren erroetan sendotua baita, beraz eskola berriko eidol-idazlearen oinarrietan.

        Ni neu, egia esan, bete-betean jarriko nintzateke Villasante'ren eskolako teorietara sasi-jakintsuak lotsatzeko baino ez balitz ere. Halere zenbait ohar egin gogo nizkieke, batasunari buruz batik bat, ez noski hitz eta kultur terminoen auziari.

        Ene ustez, bat-batean eta bete-betean Axularren hizkera arkaikora jauzi egitea, zangarte soilez gezal zabala igaro nahi izatea deritzat. Ez dut nik ukatuko euskalki horren tradiziorik —hauxe duzue eskola berrikoen zioa —tradizioa Axularren euskara onartzeko—, ezta ere sendoen, ugarien eta jantzien ere denik gure artean.

        Lapurtar klasikoak ere mendeak zehar berritze eta aldatze asko bere baitan egari ditu. Villasantek berak ere egungo lapurtarrena ez dela Axularren euskara aitortzen du. Beste euskal hizkelgiak ere anitz aldaketara beharturik aurkitu dira, elkarren arteko hartu-eman eta igurtziz euskara mintzatuan eta batik bat idatzian. Hor duzue Donibane Lohizuneko galtzen ari den euskara: Hondarribiko arrantzaleen nabastarrez hango euskaraz nahasten ari da Gipuzkoako hizkeraren antzekotuz. Bizkaian bertan ere, gipuzkeraren gain erdi egina dugu batasuna. Villasante'ri, bere lan mardulean, zerbait aipatzea ahaztu zaio, hots, ia Bizkai guztian «bertso berriak» gipuzkeraz kantatu ohi direla. Ez bakarrik kantatu, nire herrian behintzat, norbait bertso berriak asma gogoz kantari hasten denean, beti gipuzkeraz egiten du, nahiz eta arrantzale alotz eta ezjakinena izan. Gure Bizkaiko itsas-herrietan orain hirurogei urte, ezkonberriek koplatzeko ohitura zuten, eta bertsook Tolosara agintzen zituzten. Nire amaren gazte denboran hala egiten omen zen behinik behin.

        Gaur bizkaiera darabilten idazleetan ere, hor duzue Xemein jauna, gipuzkera osotuaren eragite handia nabaritzen da. Ikusi besterik ez daukazue aipatu idazleak azkenekoz argitara dituen idazlanak. Idaz euskaran behintzat ezin dezakegu ukatu gipuzkera osotuaren esiterik.

        Gainera ezin dezakegu ukatu «gipuzkera osotuaren» tradiziorik ere, berria nahi baduzue, baina sakontasun eta zabaltasunez, orain arteko gure tradizio guztiak baino sakon eta zabalagoa, bai idazle kopuruz baita ere zozkoz. Lizardi, Orixe, Labaien, Zaitegi, Olabide handia, Azkue garaia, Mitxelena Salbatore, Lekuona, Etxaniz, Mirande'tar Jon. Hizkera horretan euskal lanik haundienak burutu dira, eta zati batean behintzat burutuko ere dira. Hizkera hori erabili dutenek Axularrena gaurkotu besterik ez dute egin. Etxeberri eta Axularren oz guztiak beretu dituzte, eta euskararik berebizikoena mamitu dute, partidismo eta targoak alde bat utzirik. Idazle horientzat lapurterak ez baitu sekreturik, ez eta beste hizkelgiek ere. Lapurdiko euskal idazleak haien euskaraz murgildu balira idazleok berenean besteko adorez, laster horiek ere xarmatuko ziren gipuzkera osoaren eragite eta edertasunez. Beraz, zer dela eta bat-bateko jauzi hori Axularren hizkera arkaikorat?

        Ekin diezaiogun, ene ustez ari naiz inorenik arbuiatzeke, gipuzkera osotu horretan Axular eta Etxeberri'gan gure oinak tinkaturik, gure hizkera geroago zailu eta ikaserraxago bihurtuz. Euskara arau eginetatik erabiliaz. Gogorxko deritzat egin ditugun urrats haundi eta larrien ondoren Villasante'k nahi lukeen euskaran pulunpatzea: adinean heldu samar garenontzat oztopo handia litzateke, eta zenbait idazle saihestuko ere lirateke beren eginbidetik. Eta ez zaigu horrelakorik komeni. Ez da erraza Aita Villasante'k darabilen isuri eta trebetasunez hizkera hori erabiltzea. Gaurko gazteek bide horretatik nahiago balute, saia bitez, nik ez diet gebenduko: bortxa bitez eta egunen batean Euskadi guztia horretaratuko ahal dute. Ez nuke besterik nahi ere; euskararen osasuna, euskararen ondasuna. Horra euskotar orok ezer baino ere lehenago bilatu behar genukeena.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus