BURU-LAN, KULTUR-LAN (II)

 

Alderdi, 65, 1952-VIII, 10-11

(Makinaz jotako izkributik aldatua)

 

        Urrats bat, eta honatx hemeretzigarren mendearen azken aldian. Abando'tik argia jaiki eta barreiatzen hasten zaigu Euskadi guztian. Ederki ikusi zuen Irakasle haundiak euskararen eragina eusko-herritasuna babesteko. Beraz, euskal-oihanean gorputz eta arima sartu zen, euskararen gogo eta izate osoa bereganatzeko. Luzaro gabe gure hizkuntzaz jabetu zen. Euskararen sakonenean pulunpatzeko ahaleginka zebilelarik, argi ikusi zuen euskara kultur-tresna bihurtzea behar-beharrezko zela. Horretarako, garai hartako hizkuntzalarien arabera, gure hizkera garbitzera oldartu zen, eta bidenabar deiadarrik ozenena jaurti zigun euskotar guztioi ere, gure ondasun garaiena zegoen itxura negargarritik jasotzeko zirikatuz.

        Haren deiadarrari jarrai, saldoka euskal idazle lanera jarri ziren. Irakasleak berak bakarrik, ordurarte inork iritsi ez zuena iritsi zuen: euskaraz inoiz baino ugari eta dotoreago idaztea; hizkeraren ahalmena nabarmentzea, eta euskaldun guztien aurrean lehenago bazterturik eta nardaz zerabilten euskara, duintasun eta ospez beterik agertzea. Etsaiak ere, Arana eta Goiri'tar Sabin'ek arlo honetan egin lan paregabea aitortu beharrik aurkitu ziren. Ez ote aski eusko-gogoa zuzpertu eta berpiztea, euskotar eta ez zirenak ere gure hizkerari begira ezartzea? Huraxe izan dugu, orain arte, euskarari kultur-bideak barna ziri eraginkorrena ezarri diona.

        Baina gertatu ohi denez, Irakaslearen irakaspen gurbilei ez gintuzun bete-betean haren jarraileak behar bezala atxiki. Erdararen erlantzak itsuturik, erdararen mende ibili gara. Ezin uka daiteke, egin dugun lana handia ere izan dela, ez ordea gure aberri-hizkera erdararen atzaparretatik askatzeko lain. Errazkeriak garai egin zigun, eta errazkeriaren magalean ibili nahiago izan dugu Irakasleak eman jarraibidetik baino. Berrogeita hamar urte hauetan aurreragoko mende guzietan baino okuntza handiagoa egin badugu ere, ez dugu okuntza beterik egin. Eta okuntza bete hori egiten ez dugun bitartean herritasuna galtzeko, eta betiko, arriskuan aurkitzen gara.

        Baiezta ugari ere sortu dira harrezkero, euskararen inguruan, garbizale eta mordoilozaleen artean alegia. Baiezta horiek ondore onik ekarri digute: idazle gehienak, orain ari direnak behintzat, euskal bide egokienetik sarraraztekoa. Gehiegikerien gailurrak utzirik, erdiko zelaitik ari gaituzu. Hizkeraren ahalmena ikusi dugu, eta bere hezur-muinetatik darion indarrari kemenez erantsi gatzaizkio: hizkera landua bere-berean hartzen ikasi dugu, eta herri-hizkera ere bai, gehiegikeriak saihestuz. Idazleak euskal senaren jabe ere egin direla aitor dezakegu.

        Halere, euskara mintzatuak atzerapen handia egin du iragan urteetan; eskualde zabalak galdu ditu. Norbaitzuk gure artean nagusi izan den garbizaletasunari egotzi nahi dizkio atzerapen horren erruak. Gure idazlanekin, herria, irakurri eta idaztetik baztertu dugula diote. Gezurra noski. Are beste zio nabarmenagoak dituzue gertakizun horren iturri. Ez noakizue idazlan honetan iturriok aztertzera, ez baita nire gaurko lanaren asmoa. Dena dela, atzerapen horri hormak, hesiak jarri behar dizkiogu gure hizkera betiko suntsituko ez bazaigu, ur-lurruna bezalatsu.

        Egia da bestalde, gure arteko gizon jantzi eta ikasiak ez direla inoiz ere euskaraz baliatu gogo-lan goitarrak erabiltzeko; ez eliztarrak ezta ere herritarrak. Oker eta kalte handia ekarri dio horrek euskarari, herriaren aitzinean batez ere, jakintsuek zor zitzaion dedua, euskarari ukatu diotelako. Nonbait idatzi zuen Eguzkitza zenak, arraina, burutik usteltzen hasten dela. Gure hizkera ere burutik, gizon jakintsu edo jakintsu aipuzkoengandik hasi zitzaigun usteltzen, andeatzen. Beraz, burua zindotu behar diogu, gure herriaren gorputz osoa ere zindo atxiki nahi badugu.

        Nola zindotu ordea? Horra hemen gaurko auziaren muinean. Horretarako euskara kultur maila guztietarako gaitu behar dugu. Gure hizkuntza, kultur-bide eta teknika bidean erabiltzeko menderagaitz agertzen zaigu euskaldunen zabarkeriaz. Baztertuta zokoan herdoilak jaten dagoen ezpatak ez du balio gudukatzeko. Zergatik? Jabearen zabarkeriagatik. Behar bezala garbitu, zorroztu eta gantzutu balu herdoilaren mende utzi gabe, hura ere etsaien artean sarraskia hedatzeko lain izango zen. Horra guri euskararekin gertatua. Ez da hizkuntzaren errua, jabearena baizik, geurea, euskaldunona. Beraz gure ezpata garbitu, zorroztu eta gantzutu beharrean gaude, edonongo kultur-zelaietan erabiltzeko. Lan horretarako asmo eta ekinbide bakanenak agertu dira iragan bi urteetan.

        Krutwig jaunak bide berrienak aldarrikatu dizkigu. «Gernika» aldizkarian argitara zuen artikulua «Euskera kultur-bide izan ledintzat», tupustarri izan zitzaien euskal idazle zenbaiti. Lehenago, erdaraz, Euskaltzaindian, nola euskara kultur-tresna bihurtu azaltzerakoan, bere asmoak gai horretan argitan jarri zizkigun. Honatx, labur, haren ustekizun edo teoriak:

        1.— Euskara, oraingo honetan daukagun heinean, ez da kultur bideak barna erabiltzeko gai, kultur eta teknika hitzez huts eta gabe dagoelako.

        2.— Nola hutsune eta gabetasun hori bete? Inguratzen gaituzten hizkerek egin ohi duten bezala; kultur terminoak latin-grekotik zuzenean hartuz, gu ere sartaldeko kulturaren seme garelako.

        3.— Euskara bakar bat hautatu, kultur eta teknikaz ari direnean euskara bakar hori idazle guztiek erabil dezaten. Euskara hori Axularren hizkera bedi, hots, Lapurtera klasikoa, beste euskalkien edertasunekin jantzia, lexikoari doakionetik batez ere.

        Euskaltzain horrek nola latin-greko hitzak euskarara aldatu ere erakusten digu. Horretarako arau zenbait oinarritzat ezartzen ditu, adibidez: latinez neutro diren hitzak, euskaraz nominatibo azkarrean hartu behar ditugula dio, latin berberak bezala: problemata bakarrean, problematak azkarrean; dogmata bakarrean dogmatak azkarrean. Phonetika eta orthografia ere, latin berarena euskaraz hartu behar ditugula aitortzen du; borondate ordez voluntate, au baita kultur hitza.

        Auzi honen inguruan jaulki ustekizun guztiak aztertu ondoren, nire bulkoa ere azalduko dizuet. Beraz, goazen berriz ere harira.

        Krutwig'ek horratik, eskola berri bat sortu du bere theorien baranoan, eta eskola hori Bilbon hasi da loratzen. Orain arte, hango idazleen artean, Erkiaga'tar Eusebioren olerki eta zenbait lan irakurri ditut lapurtera zaharberri horretan idatzita. Diotenez, «Otxolua» (Garro'tar Bernarta), eta Arruza jauna ere bide horretatik hasi omen dira. Aipatuez gainera beste idazle ezezagun batzuk ere ari omen dira bide beretik Bilboko Ateneu eta Urkixo'tar Iul mintegian. Nik ez dut horien idazlanik ikusi.

        Baina jarrailerik gartsu eta langileena nonbait, Villasante Kortabitarte'tar Koldobika Aba frantziskotarra duzue noski. Fraide gazte honek oso-osorik beretzakotu ditu Krutwig'en theoriak. Ustekizunon sendogarri «Cantabria Franciscana» deritzan bere ordenako barne-aldizkarian «En torno al Problema del Vascuence», hots, euskararen auziaren inguruan idazpurupean (titulupean) zabal eta sakon aski azaltzen digu bere adiskide Krutwig'en ustekizunetara zergatik osotoro kokatzen den. Gainera gure auzi garratza erabakitzeko beste biderik ez daukagula ozen aldarrikatzen du. Geroago beste lan mardul bat, hau ere erdaraz, aldizkarian bertan eman zuen.

        Baina aipatu lan bietan baino askoz ere egoki eta barnago azaldu ditu Villasantek bere theoriak —bereak diogu oraingo odol-haragituak baititu— Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldi ederrean. Datorren banakoan horretaz ariko naiz, irakurle.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus