BURU-LAN, KULTUR-LAN

 

Alderdi 64, 1952-VII, 9-10

(Makinaz jotako izkributik aldatua)

 

        Nonbait irakurria dizut, ez nizuke esango non, «izkera galtzen duan erriak era-berean erritasuna ere galduko duela. Izkera zaitzen duanak, aldiz, erritasun betea ere goiz edo berandu, iritxiko duala». Zorionez, Euskadik ez dizu hizkera bidean etsi nahi, nahiz eta erdara zakarrak eskualde zabal, mamitsuak, jan badizkio ere. Ez du etsi nahi, argi ikusi baitu euskara hondatu lurraldeetan herritasuna ere zeharo pulunpatu dela. Beraz, herritasun osoa gure Aberrira berriz ere erakarri gura badugu, aberriaren ezaugarri nabariena den gure ele jatorra begiak baino areago zaindu eta aldeztu behar dugu oraingo honetan aurkitzen den mugarte estuetatik geroenean Euskadiko muga urrutienak barna zabaltzeko.

        Euskararen inguruan aldizka sortzen diren eztabaida gorriak, nahikari horren ezaugarri eta zantzurik nabarienak dituzue. Aspaldi honetan, egia esan, ez dugu horrelako baiezta osasungarririk gure elerti barrutian ezagutu, euskaltzale eta euskal idazle gehienak, abertzale gartsuak izaki, gure aberriaren gainera mendeak mende erori izurri hilgarrienak eragotzi dituelako. Euskararen inguruko ezinegon eta urduritasunaren ontzi amesgarria, betiko, itsas sakonenean hondatua uste zitekeen. Baina ez, gure ontzi ederra olatu zakarrek aldi batekoz estali badigute ere, ez da hondatu; aberri-garra itzalezina baita ekaitz hilgarri eta beltzenen artean ere.

        «ALDERDI»k, nire ustez, aberrian loratu eta ernatzen diren ezinegon eta urduritasun guztien oihartzun behar luke izan beti ere, aberriaren gatz, ziri eta higi-indar. Horra zergatik oraindik oraintsu gure hizkeraren baranoan eraiki takela jakingarria «ALDERDI»ren orrialdetara erakarri nahi dudan, hots, euskara kultur-bideak zehar bultzatu beharrak ekarri digun

eztabaida. Halere urrun samarretik hartu nahi nituzke nire idazlantxo hau biribiltzeko gaiak.

        Aspaldikoa duzue izan ere, euskotarren artean, nahikari hori, Etxepare, Leizarraga eta Axularrez geroztikoa esango nuke. Orduz gero euskaraz idatzi duten guztiek gogo bizi hori erakutsi digute behintzat.

        Etxeparek (1545) aurrenekoz aldarri gorria jaso zuen euskara beste edozein hizkera bezain gai zela kultur-bideak barna erabiltzeko munduari erakusteko: «Miraz nago, [zioen], lengoaje propiaren faboretan euskeraz zerbait obra egitera eta eskributan imeitera nola bat ere ezten asaiatu, zeren ladin publika mundu guzietan beste lengoajiak bezala eskribatzeko ain on dela» («Linguae Vasconum Primitiae» Bordele-n, 1545, Sarrera). Ezin

zitekeen argiago mintza, oskol gogorrean bere bulkoak bildu balitu ere.

        Leizarragak (1571) bere arima-soinetako indar guztiak bildu zituen euskara kultur-bideak barna sarrarazteko. Lan izugarri gaitzaren aitzinean aurkitu zen «Testament Berria» itzultzerakoan. Euskal landa zabala etze eta landugabe agertu zitzaion, sasi, lahar eta belar gaiztoz josia. Lur-lantzea hasi zuenekoxe akitaldi beltzenaren lainopean gogoa estali zitzaion eta etsi-zorian aurkitu zen. Aipagarriak, benetan, bere liburuan dakartzan hitz gogoangarriak: «guti falta cedin non ezpaineindi choil gibelera, nekusanean hainbatez andiago, zembatez nik escribatzen dudan lengoaje mota baita sterilenetarik eta diversenetarik, eta oraino, traslazionetan beintzat usatu gabea» («Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria» Arroxela-n 1571 «Guzizko Andre Noble Ioanna Albrete Nafarroaco...» sarreran).

        Ez zuen etsi, zorionez, eta bihotzaren mamienean zeraman euskotasunaren indar isilak bere lan haundia bukatzeko zirikatu zuen: «Heuskaldunak berze natione guzien artean ez garela ain basa, non gure lengoajez ezin ezagut eta lauda dezagun gure

Iainko Iauna...» Beraz, euskarak, bere baitan, edonongo hizkuntzen adinako gaitasunak zituela erakutsi nahi izan zuen.

        Axular, Leizarraga baino arrai eta zailuago datorkigu euskarari buruz (1642). «Testament Berria»ren itzularia, gorago ikusi dugunez, euskal arloan aurkitu oztopoek ia bere lanetik atzeratu zuten. Axular berriz, oztopoen aurrean indartsuago, kementsuago sentitzen da: «Baina ene kontra dela dirudien arrazoin hunek beronek, ni esportzatzen eta aintzinatzen nau, hunek bihotz emaiten deraut...» («Guero» 1642. «Gomendiozko Carta», eta «Irakurtzaileari»). Bere lan ederrarekin beste euskaldunak bere hizkeraz idaztera zirikatu nahi zituen: »... haur da nik nahi nukeyen gauzetarik bat, ene enseiu aphur hunek kilika zinitzan eta gutizia, bertze enseiu obeago baten egitera... Zeren alatan euskara ezlizateke ain labur, eskas eta ez ertsi, nola munduak uste baitu eta baitaduka dela».

        Etsi-etsita zegoen «GERO»ren egilea gure euskara gai sakonenak ere azaltzeko hizkera egoki eta taxuzkoa zela, eta etsipen horrek harako urrezko hitzak bere luma bikainetik jalgiarazi zizkion: «Baldin egin baliz euskaraz hambat liburu, nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erderaz eta hizkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada EUSKALDUNEK BEREK DUTE FALTA ETA EZ EUSKARAK».

        Axularren oihuak haitzurdinezko harkaitz zabalean bezala, oihartzun bete-betea idoro zuen Joanes Etxeberri baitan (1712). Oso-osorik beretzakotu zituen Sara'ko idazle haundiaren hitz ohargarriak eta haren jarrailerik gartsuena gertatu zen. Hura lehenengoz, euskara kultur-bideak barna sartzera oldartu zen. Euskara euskaldunentzat kultur-tresna bihurtu nahi izan zuen, gure jendeak erbeste kultur-zelaietara ere hurbil zitezen, kultura osoari euskal leihoak bete-betean irekiz. «Euskarazko Atsapenak Latin Ikasteko» euskara eder eta dotore askoan idatzi zituen («Obras Vascongadas del Doctor Labortano Joannes d'Etcheberri» Urkijo jaunak 1907an argitarazia).

        Arlo gaitza benetan Etxeberrik eskuartean hartu zuena, baina berak hain poliki idazten duenetik «ezta hau arrazoin bat aski dena bat bederaren eginbidetik gibelerazteko, ezen ezta dudarik bertze hizkuntzak ere lehenbiziko atsapenetan nekhe eta arantze berak iragan zituela. «Qui e nuce nucleum esse vult, frangat nucem»: Eltzaur txistorra yan nahi duenak, eltzaurra koskatu, eta hautsi behar du, dio errefinak».

        Eta Etxeberrik euskararen oskola hautsi ondoren, bere mami guria ere ediro zuen, gure hizkera edozertarako gai zela atzeman baitzuen: «Theologiaren kapetarik haltoenetara, eta gizonaren adimendua dohakeen kukuillarik gorenera, eta garrailherik txutenena, hedatzen eta hegaldatzen da [euskara], batere traburik, behaztoparik, eta motheldurarik gabe».

        Argi eta garbi erakutsi zigun gainera euskararen adieraz indarra kulturaren zenbait arlotan, bere idazlan mardul paregabeetan. Aipatuak bezalako hamaikatxo esakera eder bil daitezke haren liburuan. Aski horiek euskara gogo-lantze mota guztiak barna erabiltzeko hizkera bete-betekotzat zeukala sendotzeko.

        Garai berean Larramendi ere gorputz eta arima ari erdal jakintsu guztien aurrean nabarmentzeko, euskara zaharra beste edozein hizkuntza bezain gai eta gertu zela jakinbideetan erabiltzeko, alegia.

        Datorren zenbakian, gaur-gaurko auzian bete-betean sartuko gara.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus