Epilogo gisa zenbait bertso
Balendin Enbeitak bertso munduan duen garrantzia jakinik, batek baino gehiagok ez du liburu hau bere bertsorik gabe ulertuko. Guk ere ez, eta, bukaera gisan,heurak liratekela onenak iruditu zaigu. Ez digu bere bertsoetan begiratzeko oztoporik jarri eta, egia esan, ba du non begiraturik. Toki gehiegirik ez dugu eta gai batzuetan bertso bakar bat jarriko dugu, beste batzuetan bi edo hiru, ahal den ikusmirarik zabalena azaltzeko asmoz. Ez diogu aukeraketarik onena egin dugunik, baina batzuk hartu beharra zegoen eta hor daude.
1959an, txapelketan,
Bilboko Arenalean abestutakoa
Bizkaiko lurra bertsolai
gabe ia genduan aurkitzen
Herri danetan gaur hasi dira
kimu barriak sortutzen
Erdi bilozik gendun zugatza
hasi da berriz loratzen
Bertsolariak kantu gozoan
adarrik adar dantzatzen
Hemen gatoz gaur zuen artera
euskal bihotzak poztutzen
Zelan jokatu, zelan ibili...
bihotz epelak berotzen
Hasi euskera zabaltzen
Ohitura onak indartzen
Geu nor garean aitortzen
Sarritan gara lotsatzen
Etxea eta etxeko gauzak
ez baditugu maitatzen
Alperrik gabiz herririk herri
gure bertsoak kantatzen.
Mungian San Pedroak 1965
Aupa mutil gazteak
itxartu ta jaiki
San Pedro ospatzeko
guztiok poliki
Neska gazteak datoz
plazara egoki
Dantzan lagundu gabe
ezin leikez euki
Sanpedroak ditugu
Mungiako jaiak
Gazteak egiteko
jolasean naiak
Zaharrentzako be bardin
atsegingarriak
Ikustekoak dira
gure erromeriak
Nahiz ta lanean sarri
gerria nekatu
Eta gura bestean
ezin elikatu
Sanpedroak dira ta
pena danak ahaztu
Zahar eta gazte danok
dagigun jolastu
Gure ohitura zaharrak
indartu daiguzan
Euskaldun jolastuaz
etxean ta plazan
Euskaldunak garala
lotsa barik esan
Egizko mungiarrak
nahi badogu izan
Gure Ama Euskera
ta ohitura zaharrak
Horrek doguz Herriko
jostailu bakarrak
Kendu guran badatoz
toreru azkarrak
Burrukarako ondo
zorroztu adarrak
Hirurogei eta hamabost urte
Hirurogei ta hamabost urte
laburtu jataz pausoak
Sentitzen ditut orain arteko
bizitzaren erasoak
Igaro ditut arantza minak
bai eta egun gozoak
Entzun daiela anai arrebak
bardin Euskadi osoak
Parkatu ondo bete ez baditut
neure Herriko arazoak
Hirurogei ta hamabost urte
hamaseikoa hurrena
Mingainez oso abila nago
baina pausoan errena
Lengo amesak buruan eta
aitzaki bila barrena
Ilusioak haundiak baina
heldu ezina txarrena
Urteen buruz hau izaten da
zahartzaroak dakarrena
Geure bizitza kontzentzi garbiz
eroaten dogunean
Gizona lasai aurkitu leike
zahartzera heltzen danean
Ez da erreza gauza guztiak
eroatea leunean
Baina ahalegina egin dagigun
garaia datorrenean
Egiten dana izan daitela
Aberriaren onean
Donostiako «Astoria» antzokian
egin zitzaion omenaldian. 1975-2-3
Bertsolarien garaitza dala
dirudi gaurko batzarrak
Holan dinoe heldu jakuzan
telegramaren izparrak
Gaur Donostian ikusten ditut
Areitzan zazpi adarrak
Bertso kantuan pozez jolasten
bere orri ta ezkurrak
Bidasoz handik, Benaparrakin
Zubero, Lapurditarrak
Urez hemendik, Bizkai, Gipuzko
Arabar eta Naparrak
Bertsolari bat omendu guran
heldu diran euskotarrak
Hainbestekorik entzun merezi
kantuan dagon txindorrak
Guzti haugaitik anai arreboi
danoi bihotzez eskarrak
Udabarriak berbizten ditu
mendi, baso ta zelaiak
Zoragarrizko txirolirotan
kantari jarri txoriak
Bertsolariak alaitzen ditu
egizko euskaldun guztiak
Nagirik gabe abestu daigun
haundiak eta txikiak
Gaztetxoeri emon eskua
Baztertu haundikeriak
Beste gauzarik ez du eskatzen
Euskera maitagarriak
Lur maite honek emon daiazan
biharko frutu barriak
Erein daiguzan gure garaitza
lortuko duten aziak
Geroan ere abestu daian
euskaldun bertsolariak
Omenaldi hau eratua zan
txindor kumiarentzako
Baina larregi eristen deutsot
txori txiki batentzako
Herri batentzat jaio garala
bagenduke sinistuko
Nire eritxian omenaldirik
ez genduke eskatuko
Goiko ta beheko jaio bagara
Herri baten onerako
Hori eginaz egin behar bat
baino ez dogu beteko
Omenaldi hau izango ahal da
danon batasunerako
Euskera zabalduteko
Bertsolariak gehitzeko
Mitokeriak kentzeko
Hori eginaz Euskalherriak
asko luke irabaziko
Gehiago gabe Agur danori
Barriz be Eskerrik Asko
Jose Etxebarrieta zanaren gomutaz Gorozikako eleizan
Gazte ta sendo, frutu emoile
lerden genduan zugatza
Uste gaberik aizkora baltzak
sustarra ebagi deutsa
Ondinokarren beharrezko zan
Herrian Josen laguntza
Herri esnale izango al da
gazte honen heriotza
Josen hiletan bere etsaiak
min asko gabe esan du
Egitekoak egin ditula
betiko dala ixildu
Baina egintzak Herrian dabiz
inork ezin leikez kendu
Nahiz ta gorputza lurrak iruntsi
arima ezin zapaldu
Urte zaharretik barrira zer?
Urte zaharra izan da
askoren mingarri
Hainbat sendi gaxotan
malkozko iturri
Urte zaharra joan da
heldu urtebarri
Baina esku utsean
ez bedi etorri
Gorrotoak kendu ta
Bakea ekarri
Errudunak hor dabiz
maltzur ta ixilak
Gudarako zabaltzen
kainoi ta fusilak
Hoiek gitxi dirala
bonba ta misilak
Milaka errubako
zauritu ta hilak
Lutuz dantzari dabiz
Herriko eskilak
Jauntxoak ez badira
kontzentzian jarten
eta gerrako tresnak
ogi bihurtuten
Herri menperatuen
kateak kenduten
Bakoitzari berea
on bidez emoten
Zaila dabe indarrez
Bakea egiten
Bilbon «Buenos Aires» antzokian, 1983-5-29an,
Bizkaiko bertsolari elkarteak eskeini zion omenaldian
Udabarrian zelai baratzak
loretan gorri ta zuri
Txoriak posez, kantuz eskerrak
emonaz egileari
Neu ere danok eskertu nahian
pozarren nator kantari
Hainbeste lore ikusten ditut:
haundi, txiki, zahar, gazteri
omenaldi bat pozik eskeintzen
txori txiki zahar bateri
Hainbestekorik izango zanik
ez neban uste nik hori
Ordaintzekorik ez daukat baina
bihotza daukat opari
Nire besarka anaikorrena
jai honen ongileari
eta Euskara Amaren partez
eskerrik asko danori.
Gizon bezela kontzentzi garbiz
egia nahi dot aitortu
Nire bizitza begiratuta
badaukat zertaz ohartu
Zergaitik naizen gaur naizen beste
argi nahi neuke agertu
Aspaldi nintzan dama batekin
zorionean buztartu
Samin aldian poztu nauana
Neke aldian indartu
Sendi euskaldun abertzale bat
aztea dauana lortu
Beti ixilean baina lanean
ez dana inoiz aspertu
Omenaldi hau berai eskainiz
gura neuskio eskartu
Emazte KLARA, herri txalo hau
ta nire bihotza hartu.
AMARI hil eta urtebetegarrenean
Baratz erdiko lore usaintsu
irribarredun larrosa
Zenbateraino maite ginduzun
ez da azaltzen erreza
Geurea zinan, zeureak dira
gure izate, arnasa
Gaur ere AMA sentitzen dogu
Zerutik zure babesa
Ama bat zer dan oroitzen gara
galduten dogun orduan
Ezin azaldu semeentzako
Ama on batek zer duan
Naiz oker edo zuzen ibili
maitaki hartzen ninduan
Geroan ere dagon lekuan
nahi nuke bere onduan.
Gabonetarako egindako bertso batzuen artean dino:
Eguberriak datoz
pozezko egunak
Danentzako ez dira
izango bigunak
Gogoratu gaitezan
anai euskaldunak
Ondo bete daiguzan
geure beharkunak
Giza kontzientzia
egin daigun jagon
Begira atzekoari
zer modutan dagon
Ez norbera aukeran,
besteak hor konpon
Bakoitzak daukanetik
goseari emon
Geure Herria daukagu
ta berari eutsi
Anaiari lagundu
bakarrik ez utzi
Damu izan ez daigun
bihar edo etzi
Egizko maitasuna
nahinun erakutsi
ERROMAN, 1983-ko Urtarrilaren 30an
Aita Domingo Iturrate zorundun egin ebenean, eleizan,
Aita Santu eta kardenalen aurrean abestutako bertsoak.
Aita Santu Jaun Agurgarria
Agur eleiza kistarra
Ate zabalik hartu gaituzan
aberri Italiarra
Aita Domingon omenez dogu
eratu gaurko biltzarra
Eusko fedea bizirik dala
argi dirauskun lizarra
Baina mirabe, nekez, bizi da
gure Euskalherri zaharra
Justizi eta nortasun eske
urratu dau deadarra
Aita Domingo, zure bitartez
betor Jaunaren indarra
Amaitu hainbat Herri ta gizon
erru bakoen negarra
Hil gorrotoaren garra
Biztu maitasun izarra
Mundu hau dadin Herri ta gizon
askeen sendi bakarra
Hau da Euskadik nire bertsoan
gaur dakartzuen izparra.
Euskaldun asko zan egun haretarako Erromara joanik
eta bertsoa amaitu zuenerako, eleizan bertan,
txaloka hasi zitzaizkion. Heuren eraginagaz, ondoren,
beste guztiak. Ezin izan zan beste bat abestu gabe ixildu.
Zuen txaloak nire bihotza
maitasun sutan dau gartu
Erantzun gabe geratutea
ontzat ezin neike hartu
Euskaldun danon partez nahi neuke
Aita Santua agurtu
Erromatarren harrera ona
anai bezela eskartu
Anai arrebok, egun honegaz
egin gaitezan ohartu
Euskal Herriko mendi gainean
izar berri bat da sortu
Aita Domingon jokabidean
geurea daigun errotu
Berak zituen itxaropenak
euskal fedean indartu
Herria jaso, loturak kendu,
maitasun baten alkartu
Euskalherri ta anai arteko
bakea nahi bada lortu.
Emazteari zorionak
Alkartu ginan une berean
maitasuna zan indartu
Eta gaur arte eroatea
garbi egin dogu lortu
Batak besteai behar deutsagu
egin doguna eskartu
Zeure eguneko besusa ordez
senarran bihotza hartu
Berrogei eta zortzi urteko
buztarri sendo astuna
Hasieran lez gaur ere bardin
lepoan daroaguna
Beheraka batzuk eginagaitik
oraindik ondo doguna
Zorioneko izan genduan
hartu genduan eguna
Urkiolako eleizan gendun
buztarria hartu lehenbizi
Ordutik ona gorabehera
asko egin ditugu ikusi
Baina buztarri hori gaur arte
ez da lokatu ez hausi
San Antoniok bizkar gainean
ondo egin euskun josi.
Batzuek hemen ezkonduteko
bildurra izaten dabe
Hoiek gehienak joaten dira
egizko maitasun gabe
Gu maitasunez aberats ginan
nahiz ta eukietan pobre
Baina gaur gara sei seme alaba
ta hamairu lobaren jabe
«Atxeli mendi»ko gurutzea
ATXELI Usparitxa gaineko mendia da. 1932an, Urriaren zortzian, zazpi gaztek gurutze bat jarri zuten bere gailurrean. Heuretariko bat Balendin Enbeita. Errepublikako 2.garren urtea zan, gurutzeak baztertzen ebiltzan garaia.
Gazte nintzala talde bat gendun
Euskaldun jatorra eta fededun
Hartu genduan erabagia
jartzeko gurutz paregabia
Esan ta egin
Jarri genduan ATXELI MENDIN
Herri osoan ikusi zedin
Zortzi metro ta erdi luzeran
Bi metro ta erdi zan zabaleran
Aldapan gora geroen pozez
Noizik behin jausten ginean auspez
Zazpi mutilak
Danok sasoiko eta abilak
Borondatezko bihotz umilak
Zazpiko talde gazte senduak
Gizontasunean nahiko helduak
Elio, Roman, Sabin, Balendin
Satur, Imanol, Bitoren bardin
Kristau gauzetan
Euskal ohitura ta jolasetan
Ez ginan haserretuko ezetan
Kurutza jarri genduanean
belaunikaturik lurran gainean
Agurtza deuna hasi genduan
Zazpi mutilok fede senduan
Hura zan poza
Bete zalako gure amesa
Kurutzeagaz gendun promesa
Garai haretan ez gendun uste
Izango gendunik gaur hainbat naste
Hitzak ederrak, egintzak labur
Eta bakeak egin dau agur
Kurutzaz ahaztu
Behar ez diran gauzakaz nastu
Lehengo bakerik Herriak ez du
Usparitxako mendi gaineko
Kurutzea beti dogu gogoko
Jarri genduan zazpi mutilak
Talde horretan lau dira hilak
Baina testigu
Egin genduanaren eredu
Mendi gainean kurutza dogu.
Baserria beti dauka gogoan
hara zer dion antxinako sukaldea gogoratzean:
Gure sukalde apal biguna
maitaki nator kantatzen
Zure saminen negar malkoak
ahal badot kantuz legortzen
Gaur egun askok utzi bazaitu
bakardadean sufritzen
Zugan sortu zan bertsolari bat
kantuz jatortzu laztantzen
Apal orduan sendi osoa
sukaldean atseginez
Aulki zaharrean atsedenduaz
lan neketsuen ordainez
Sendiko ama apariaren
gertakizunak eginez
Ta bitartean Jaunari
otoi fede sendo eta finez
Herriko bizi oinarri zara
euskal sendien babesa
Zugan sortu zan bertsolaria
dozu Herriaren poza
Gure Euskerak eta Ohiturak
daroe zure arnasa
Zure itzalak Euskalherrian
betirako iraun beza
Bere nundik norakoa aitatzean ere:
Usparitxako baserri baten
daukat nire jatorria
Ezkontza bidez gero Zabale
Hormetxera etorria
Hemen daukadaz emazte, sendi,
aurrerako oinharria
belaunik belaun bizirik daigun
zutik gure baserria
Beste bertso sorta batetik ere bi hauek hartu ditugu:
Entzun baserritarrok
ta jaso burua
Maltzurkeriz beterik
dogu ingurua
Kendu gura deuskue
baserri girua
Ta batzen ez bagara
hori segurua
Batasunean dago
behar dan indarra
Hau ontzat ez hartzeak
dakar zoritxarra
Jaso gura badogu
gaur baserritarra
Nahi-ta-ezkoa dogu
alkartu beharra
Mendia maite du eta hala kantatzen dio bere bertsoetan.
Gorbea
Egun sentiko ames gozotan
bakean goia ta behea
Mendi honetan aurkituten naz
zorionaren jabea
Bizkaian ba da hainbeste mendi
ta zein baino zein hobea
Baina niretzat zoragarria
benetan zara Gorbea
Udabarria hasten daneko
Gorbea mendi honetan
Ardi ta bildots larrean dabiz
txoriak kantuz heuretan
Behi eta zekor, saldi ta moxal
aske bedar gozoetan
Bake zalea dana Gorbean
zoriontsu da benetan
Mendiak alperrik galtzen
Makila eskuan ta
txapela gerrian
Mendian gora noa
bide zidorrian
Sasiak geratu nau
itxura txarrian
Atzera ez aurrera
istilu gorrian
Lehen garbia genduan
bide ederrian
Gaztain, Aritz, Pagoen
gauaren ihintza
Egun sentian eukan
goi manaren antza
Bide zidorretatik goruntz
ta beherantza
euskaldun jator asko
oihu eta dantza
Gaur sasiz dagoena
lehen gendun baratza
Asko ez dogu ikasi
Inuzentzian jaioak gara
ta inuzentzian bizi
Gure artean haundi gurea
beti izan da nagusi
Anaiak izan eta zergaitik
batak besteai ihesi
Hainbat ikusi badogu ere
ez dogu asko ikasi
Burua goian altu daukagu
eta bajuan behatza
Bitarte hontan nabarmendurik
naspil artean gabiltza
Geroago ta gogorrago
da anai arteko ekaitza
Ta bitartean sasiak jazten
Euskalherriko baratza
Badu bertso mordo bat egoerarekin oso kezkati agertzen dena.
Heuren artetik bi hauek hartu ditugu.
Demokrazia izenarekin
kontzentzi bage zigorrez
Herri bat hemen sufritzen dago
menperatua indarrez
Eleiztar asko ixilik dago
egia esaten beldurrez
Ta bitartean gure Herria
justizi eske negarrez
Hau ikusi ta Jainkoa dala
sinesten ez dago errez
Pertsona bat naz, ba dut zentzuna
Ez naz sinesmen bakoa
Kontzentzia dut eta honekin
daukat zeregin nahikoa
Sinestuten dot ba dala norbait
gu baino goragokoa
Ez da gizonak ez ta diruak
indarrez sorturikoa
Egia eta Zuzentasuna
hau da gure Jaungoikoa
Egutegia
Goizean jagi eta
egutegiari
orritxo bat kendu ta
begira berari
Zein egunetan gauden
dinosku danori
Gure bizitza honen
gidari da hori
Eskuratzean bere
orritxoa horra
ordaintzen dausku gugaz
berak daukan zorra
Txiroa dogu baina
oso emankorra
Tantaka amaitzen du
bizitzako lorra
Urtean hasieran
mardul eta trebe
Bere ale guztiak
utsunerik gabe
Danak egin ondoren
bere izparren jabe
Azkenean biloizik
txiro uzten dabe
Euskararen arazoa sakon bizi du.
Hainbat bertso eder baditu eginak.
Adierazgarri bezela pare bat hartu ditugu.
Egipenakaz erakusten da
argi ta garbi nor garan
Euskara maite dogula eta
asko gabiltza erdaran
Euskaragaitik nori ardura
bizi ezkero aukeran?
Era hontako porru saldarik
gatx da egosten galdaran.
Euskara hitza aipatutzean
txaloak dira ugari
Baina usoa aidean legez
haizeak daroa hori
Hitzez, egitez, lagun daiogun
gogoz gure Euskarari
txaloak legez entzun dagigun
bardin baserri ta hiri.
Haga zaharrean eskegita dagoen kurtzulu argia itzaldu da.
Eskaratzeko haga luzean
untze zaharretik zintzilik
Eukan guztia eskeini eta
bakardadean ixilik
Argi iturri garbia zana
iluna datza itzalik
Haga zaharrean kurutzetua
argiaren truke ilik
Bizitza labur arantzatsua
ilunpekoak argitzen
Zeure lanaren ordainik ere
ez zenduala eskatzen
Orain betiko itzali zara
ta ilun gara gelditzen
Argiak iges egin ondoren
zurekin gara oroitzen
Tximinipeko auspo zaharra
Amona zaharrak hartuko eban
aurrekoaren erentziz
Amonak berdin jarraituko du
ondorengoari utziz
Hau da auspoa, guztien lagun,
bere putzaren irrintziz
hainbat alditan sua biztua
esku askoren igurtziz
Untze zaharretik zintzilik dago
tximiniaren erdian
Bere beharra daukenen adi
beti gertu sukaldean
Oinik-oinera, eskutik esku
danak dabile aidian
lanen ordainik bage bizi da
ernai suaren guardian
Gauza bakoitzari egoki jatorkona
Onena gaixoentzat?
Oge epel xamurra.
Aurtxo txikiarentzat?
Amaren bularra.
Maiteminduarentzat?
Maitean agurra.
Txakur gosearentzat?
Txuleta azurra.
Ta etxea zaintzeko?
Lapurren bildurra.
Santi Mamiñe
«Santi Mamiñe», lur sakratua
Asaba zaharren oroitza
Heuren arnasa dozu aizea
Herria heuren bizitza.
Zugan babestu ta indartu zan
euskaldunaren zuhaitza.
Menderik mende zabalduz doan
Aberri baten emaitza.
Lan daigun
Bakoitzak bere ale apurra
lurrean jartzen jarraitu
Lur maminean errotu eta
hasi artean jorratu
Herriarentzat beharrezko dan
frutua dagigun lortu
Ondorengoek gure egintzak
ontzat dagiezan hartu.
Bertsolariak
Bertsolariok, gogoan izan
Ez daigun galdu zentzuna
Bertsolaria dogu Herriko
bizitzaren oihartzuna
Herriak argi gordeko deusku
bertsolarioi entzuna
Toki denetan agertu daigun
euskaldun gizontasuna
Bestela Herriak emongo deusku
justizizko erantzuna
© Balendin Enbeita