Omenaldiak
EIBARREN
Laguardiatik apur bat osatuta etorri zanean, 1922ko urriaren 1 ean, omenaldi eder bat egin eutsoen Eibarren. Aita, ostera, apal eta lotsati egoan. Zokondo isil zalea zan. Ez eban nahi aupada horretako jairik. Honela inoan berak:
— Sarritan joan naz plaza askotara eta Jel batzarretara bizi-bizi, baina Eibarren zelan egongo nazen ez dakit. Neu joan barik egitekoa balitz, pozik geratuko nintzateke. Nik ez dot besterik egin Euskera eta Herriaren alde abestu baino. Honegaz neure eginbeharra bete baino ez dot egin. Baina, honezkero, ezin neikie ukatu neure baimena eta bihotzez eskertzen deutset niri deusten maitasuna.
Kirikinok, adorea emon nahirik honela inotson:
— Ez estutu, Enbeita. Etorri Eibarrera, hainbat aldiz poztu dozuzan zeure lagunen artera, barrua nasai dozula. Gogoratu eizu Eibarko omena zeuretzako izanaz batera, beste Jel olerkari guztientzat eta hainbat aldiz goratu dozun Euskera eta Euskal Herri osoarentzat dala.
Eibarren ez zan lekurik. Euskadi guztitik heldu ziran. Astelena pelotalekuan zan jaia. Aurrez pelota jokoa, ondoren ezpatadantzariak, gero meza nagusia. Kurutzeta aretoan bazkaria. Ordu bi eta erdietan, bertsolarien txapelketa eta lauretan mitina Astelena pelotalekuan. Hizlariak: Ramon De la Sota, R. Pantaleon, Olano, Mikel Urreta eta Imanol Arantzadi. Aitak ez eban bertsorik abestu, oraindino eztarritik ondo ez egoalako, baina bere anai Manuelek oso ederrak kantatu zituan. Hona hemen heuretariko bat:
Bihotza daukat gora goraka
berantz ezin da erori
nere barruan zer gertatzen dan
zelan azaldu inori
Eibarko batzar aberkoi honek
sortzen daustana da hori
esker haundiak emon beharrez
aurkituten naz zeuori
nire anaia Kepa goraltzen
etorri zaren danori.
Omen jaia amaitu ondoren, abertzaletasunaren garaitzako egun ederra Eibarren egiteaz, hainbat Euskotarren bihotzak pozik urten eben Eibarko herri osoari eskerrak emonaz. Aita Kepa ere, lotsati joan arren, pozik etxeratu zan, Aberriarentzat eta Euskerarentzat indar barritzeko egun ederra izan zala esanaz.
BILBON
Hurrengo urtean ere, 1923ko Jorrailaren lean, Pazko egunez, jai handi bat ospatu zan aitaren omenez. Lehenengo meza abestua, gero hitzaldia, ondoren bazkaria eta honen ostean, Joseba Iñaki Arana, Gernikarra, Irujo Iruñarra eta Arturo Campion izan ziran berba egin ebenak. Gergorio Errenteria ere artean zan. Nahiz eta eztarria ondo izan ez, aita ere biztu egin zan eta bertsotan hasi. Eibarko Enbeita ikusi eta igande haretakoa ikusi, gaua eta eguna ikustea legez zan. Sekulako bertsoak bota ebazan. Lapurditarrak ere han ziran berari begira eta bertso bakoitzean txaloka eta goraka jartzen zituan. Hemen dozue orduko bertso bat:
Maitasunezko indarrak nau gaur
toki hontara ekarri
anai besarka bat ematera
Bilbon batu zarenari
Hau batzar eder zoragarria
Aberriaren pozgarri
batzar honeri deritzot Eusko
batasunen zimentarri
ongi etorri anai maiteak
neure besarka danari
Sabin gogoan euki dogula
danok bat eginda jarri
utzirik uzkeriari
lagun eginik alkarri
ilarteraino aldeztuteko
Jaungoikoa eta Euskadi
* * *
Aita, berak esaten ebanez, gaztetan osasuntsua zan, baina urteak joan eta urteak etorri, gorriak ikusitakoa genduan. 1919an bere anai Manuelek, Ameriketatik etorri zanean, ni gaztetxoa nintzala, gaban eder bat ekarri eban eta nire aitari eskeini eutson zelan eukan ikusteko. Sarritan esaten euskun, gaban hori jantziaz batera, halako hotzikarak sentitu ebazala. Manuel etorri zan itsasontzian gaixo asko etorri zala inoan eta gaban horrek gaixotu ebala. Dana dala, 42 egun ohetik altxatu barik egin ebazan, Don Juan Arrospidek goizean eta iluntzean ikusten eban. Gogoan daukagu oraindik, ohetik jagi zanean, Arrospidek esan eutsona:
— Bai, Kepa, bai... baietz esaten neutsun, baina ez neban uste gehiago jagiko zinanik.
Orduan, Don Juanek eta bere osagile lagunak Laguardiara bialdu eben. Laguardian hilabete batzuk egin ondoren, hemendiko baten batek, «Txepetxa» izen ordea erabiliz, honantza etortzeko dei egin eutson. Hauxe da bere erantzuna:
Ator gizon artera
Txepetx jaunak dino
baina zelan joango nok
zelan denganino
luma zaharrak jun ziran
ez dakit noraino
barririk ez jaukoat
banaka bat baino
gizarterako ona
naiagok ondino
* * *
Aitak, Bizkaian bertsoz arakatu barik herri gitxi itziko ebazan. Gipuzkoan ere asko ibilia zan. Araba eta Nafarroan gitxiago. Gipuzkoan lagun asko eukan eta oso maitatua zan. Lopez Mendizabal Ixaka, gaur ere bizi dana, Eltxo olerkaria, Joseba, Lizardi, Polikarpo Barrena eta abar. Batez ere Eltxo eta Lizardi sarritan aitatzen ebazan. Benetan maite zituan. Eltxo burrukazalea zan eta sarritan idazten eutson aitari. Bere olerkiak Euskadi egunkarian agertzen ziran.
Gogoratzen naz, Manuel bere anaia Argentinan egoala, hemendik emaztegai bat bialtzeko aitari eskatuz, Euskadin agertu ziran bertsoakaz. Orduan, Eltxok, «Errenderiko zozoa» izenordeaz, aitari ez bialtzeko dinotso, berak ere behar ebala eta. Aitak biei erantzuten deutse:
Manueli
(doinua Joana Bixenta Olabe)
Bertso asko dira baina ezaugarritzat, bost bat jarriko ditugu.
Euskaldun uso samur polit bat
hegaz bialtzeko agintzen deustak
Euskadik daukan usotegia
gurgarria dok hori egia
baina len zertan
honeik itxita horra joan hintzan
orain neroni eskatzekotan
Itaundu deutsat nik hemen bati
igaro danean neure ondotik
«Hale»ra egin nahi dauan hegaz
hor bizitzeko pozkiro heugaz
ta honek dino
heu etortea berau jun baino
askoz hobeto dala ondino
Ba dakik zeren bildurrez nagon
ta nire bihotza ze larri dagon
gabiloien bat usotzat hartu
ta berak heuri erpiak sartu
gero inola
urten ezinik hortik inora
lotu ez daiten Urretxinola
Zertan nago ni? Ai, baina zertan?
uste dot nagola gaur amesetan
bestela itxarrik aurkitu banintz
eneban hola egin biar hitz
baina, nok hiri
hi hazan txori hain zoli horri
usotzat sartu gabiloi hori
Heure gogoko maite on bataz
zorion guztiak opa deuadaz
bizi barriz heuk gura bestian
Euskadi baratz loraz betian
Aberri maite
hau dakusgula lenau lez aske
garbi ta eder, sendo ta gazte
* * *
Errenderiko Zozoari
(doinu berdinean, beste hiru bat ezaugarritzat)
Nere aiskide ta lagun maite
lar estutu gabe lasaitu zaite
nere baimena zurekin dezu
baina sasitik urten biezu
zelai garbira
uso politen jolas tokira
bestela honeik igesiko'ira
Ene mutilak hauxe bai lana
nerekin oraintxe hartu detana
Urretxinolak bidalduteko
eta xoxuak bertan izteko
usoak barriz
hau jakitean urduri dabiz
agur xoxua belu bazabiz
Nere naia da uso ta xoxo
alkarturik egin kabitxo goxo
Eusko zugazti eta zelaiak
bete daiezan heuren umiak
orok batera
goralduteko ama Euskera
igesi gabe urez bestera
* * *
Joseba Eltxo «Zozua» gazterik hil zan, 25 bat urte zituala. Aitak, bere heriotzaren tamal agurra erakutsi nahirik, olerkiz dirautso:
Uste bako heriotza
Zugatz ain
gaztia
eder loraz betia
igali hain gurgarri
emoten eban hori
EZ ZAN HAIN
GAZTERIK
GALDUKO ZAN USTERIK
Baratza
batian
toki hain egokian
aurkituten zanian
sasoirik onenian
EZ ZAN HAIN
GAZTERIK
GALDUKO ZAN USTERIK
Pozezko
loriaz
ta urrezko igaliaz
beterik zan zugatza
indartsu aberatsa
EZ ZAN HAIN
GAZTERIK
GALDUKO ZAN USTERIK
Bat-baten dau bota
harrak sustarrak jota
usteltzen da lorea
baina behin ez urrea
BERAUXE
ZINAN BA
ZU, ELTXOTAR JOSEBA
Ni lako
ezjakin
askok ohi dautso ekin
baina banakatxuak
ohi dira jakintsuak
BERAUXE
ZINAN BA
ZU, ELTXOTAR JOSEBA
Hitz hutsak
alperrik
hilten dira bakarrik
egipen onak barriz
inoiz hil barik dabiz
BERAUXE
ZINAN BA
ZU, ELTXOTAR JOSEBA
Hainbeste
olerki
eder sakon egoki
zituan iturria
gure itxopen haundia
BERAUXE
ZINAN BA
ZU, ELTXOTAR JOSEBA
Joseba
hil dala
ai hau gure tamala
ezkutau da luditik
jaunak daki zegaitik
HOR GOIAN
ZUK JOSU
ZORUNA EMOIOZU
Euskotar
guztiak
zarrak eta gaztiak
biotzez ta kemenaz
otoi bana esanaz
HOR GOIAN
ZUK JOSU
ZEURETZAKO GORDEIZU
* * *
«Lizardi»ri, honela diotso:
Nora zoaz Agirre Joseba Mirena
Lizardi olerkari jeltzale gurena
utzirik zeure sendi maiterik maitena
aberria eta bera bertan behera dena
Negar dagi tamalez zure lagunak
berak maita zuen gotzontxo kutunak
negar Euskadik eta Jeltzale lagunak
igesi dauskulako Lizardi hain onak
Lizardi:
«Udaberri uste ezik
aurki det basoan
neskatxa da ta urdinez
jantzita zihoan».
Kepa:
Irudimen ederrez beterik egoan
olerkari bikana hil jaku behingoan
olerkari egiz olerkari
olerkari kistarra Euskaldun gurgarri
beti zinan gauza haundi ederren egarri
guztiak opaltzeko jel-maitaz amari
agur Lizardi laster heldu naiz
zu juan zeran herrira
maite garenik, Urtzi besotan
hor laztanduko al gara
© Balendin Enbeita