Oiz mendi
Oiz mendiren buru-buruan,
Urian baño bestela,
Pozaren pozaz pozarren nintzan
Baso-txoria bezela,
Eta neuk zelan ez nekiala
Eskuan artu txapela
Eta besoa jasorik
Abestu neban onela:
— Agur Oiz mendi! Agur Oiz mendi!
Agur oi, mendi maitea.
Zureganeko eguzkia ta
Zureganeko aizea,
Osasuna eta osagarria
Dira bata ta bestea.
Agur Oiz mendi!
Agur Oiz mendi!
Jaun'an eskerrez betea.
Eta emendik begiraturik
Batera eta bestera,
Zurt-eragin daust agertu danak
Nire begien aurrera
O neurri bako anditasuna
Edertasunaz batera!
Nor egon leiten bertontxe zeuen
Adi goizetik gabera!
Al daben danak betoz uritik
Oiz'era noizek beinean,
Ikusiteko gure mendiak
Zugazti baten antzean,
Eta etxeak uso zuriak
Baizen argiak an bean
Eta itxasoa, zelai urdina
Agiri dana urriñean.
Eta zer da Oiztik ikusten
Erritan bere askoak!
Emendixik bai dirudiela
Bata bestean auzoak
Eta eleizak etxe artean
Txitetxoekin olloak,
Eta etxetxu zuri-zuriak
Solotxuetan usoak.
Agur Oiz mendi, maitegarrien
Maitegarrizko mendia!
Agur Oiz mendi zoragarrien
Zoragarrizko tokia!
Agur Oiz mendi betiko betin
Beti euzkara garbia
Agur Oiz, agur urrengo arte,
Geure Jauna'ren saria!
© Balendin Enbeita