Amuma
Aititaren emazte Mari Jeurik, nire amumak, ere ba eukan bertsolari sena. Esakune zelebreak, txispadunak, eukazan. Aititak tabernarako gurariren bat agertzen ebanean, holako batzuk jaurtiten eutsozan:
Bateko lagun eta
besteko Prantziska
Atxakiren bat beti
joateko igeska.
Frantziska tabernera zan. Taberna hori Usparitxatik bostehun bat metrora egoan. Gaur ez da ezagutzen. Urte asko da zarratu zala. Aitita eta bere lagunak, iluntzerik gehienetan, taberna honetan batzen ziran. Heuren arteko autumautuetan pozik egoten ziran, kuartiluko pitxertxuak ondoan ebezela. Eta heuren errazinotxua egin eta gero, batak besteari gabon eginaz, etxeratzen ziran. Amuma ez zan oheratuko aitita etxeratu arte. Emakume argia eta ona zan, euskaldun benetakoa. Erderarik ez ekian, baina euskera herrikoi garbi eta ederra eukan.
Sasoi haretan galdara eta aterki konpontzaileak etxerik etxe ibilten ziran. Horretariko bat Larrabetzukoa zan, fama haundikoa gainera, «Patxiko Potro» deitzen eutsoena. Egun baten gure amumagana heldu zan eta amumak zuloa eukan balde bat konpontzeko atera eutson. Adabakia jarri eta amumari dirautso;
— Hemen andrea, errial bi emon beharra dozu.
Ordaindu eutson eta «Patxiko potro» han doa bere kapa lepoan dauala. Soloetan behera joala, amumari balde hori urez bete behar ebala gogoratu jakon. Zer da kontua eta ez jakon hasi ba eperditik ura dariola! Orduan amuma deadarrez hasi jakon:
— «Patxiko potro», balde honek eperdian zuloa dauko.
— Maria Antoni gureak ere lo mismo lo mismo dauko.
Hau esan eta iges egin eutson.
Baina handik aldi batera heldu zan barriro «Patxiko potro». Amumak lehengo baldea ekarri eutson, baita konpondu ere. Badaezpadan beran aurrean uragaz ikusi eban, eta ederto egoan. Amumak lehengoa ahaztu barik eukan eta irriparrez:
— Lehen ondo konpondu bazendu, gaur ez zenduan egin beharrik. Lehen dago ordainduta eta orain kittu.
Aurreak erakusten dau atzea zelan erabili
* * *
Ariatzako jaiak Irailaren 14ean espatzen dira. Egun honetan ez da jana eta edana falta izaten. Bertso honek halan dino:
Ariatzako jaiak
Santakurtzietan
Irailan hamalauan
urte guztietan
Nahiz aberatsetan
bardin txiroetan
Jan edanen faltarik
ez da etxeetan
nahiz ta eskaz ibili
beste egunetan
Aitita Santakurtz gau baten nahikoa berandu etxeratu zan, eta, jakina, mozkor haundirik ez, baina polito bustita etorren. Amuma izan ezik besteok ohean erdi lotan gengozan. Aititen orroietara itxartu ginan. Han ebilen, bateko «trompiz perpetuo» (garai haretan mozkortxu polita esan nahi eban), besteko Prantziskena, Bizertxu (Prantziska ta Bizertxu taberneruak ziran), eta abar. Honetan ebilela amumak dirautso:
— Baina gizona, zeu ala ardaua dabil berbetan.
— Hara andrea, hor beheko berezian Jesusek urten daust.
— Zer esan deutsu ba? Gehiago ez edateko?
— Ez, bihar goizeko zortziretarako hil behar dodala.
— Ez, ez dozu hil behar gizona jaietarako ekarrita dago zan edariak amaitu arte.
Ohean egon ginan lekutik barre nahikoa egin genduan amumaren zirikada horregaz. Baina honetan ez zan amaitu. Aititak txapela eta bere brux baltza falta ebazan. Amumak, burutsik eta brux barik ikusi ebanean, hasarrez ekin eutson:
— Non dozuz bruxa eta txapela?
Baina aititak ez ekian non galdu ebazan.
Biharamon goizean han doa amuma, fin, txapel eta bruxaren bila. Berezian alkarren ondoan aurkitu ebazan. Bere kolkorako inoan:
— Hau izango da Jesusegaz burrukan ibili zan lekua.
Aitita hamabiak inguruan jagi zan. Ez zan bezperako gizona, baina ez eukan ez txapel ez bruxaren akordurik. Amumak han eukazan erakusteko gertu:
— Hemen, atzo dantzan galdu zenduzan zure prendak.
— Non aurkitu dozana?
— Non aurkitu dodazan? Atzo Jesusek urten eutsun lekuan.
Ardauak ba dau zerbait
aparteko giro
Baina hartu behar da
pitinka, astiro
Ona dala ta ez hasi
edanean bero
Neurriz kanpora asko
jarten gaitu ero
Baina oso ona da
neurriz hartu ezkero.
© Balendin Enbeita