«Garriko» bertso eskola
Gure partetik, Ariatzan, «Fuenterrabia» tabernan, «Garriko» izeneko bertso eskola sortu genduan, Pedro Ajuria, eta biok, lehen ere esan dodan legez, koinetua neban, nire arreba maite Mirenen gizona. Abertzale gartsua, bertsozale amorratua, gizon osokoa genduan Pedro, gerran ere «Itxasalde» gudarostean aurrerengo ibilia. Niretzat koinetu baino anaia zan gehiago. Zoritxarrez gazterik hil jakun. Ariatza osoa bere heriotzean negar malkoz bete zan.
Nik dakidanez «Garriko» izan da Euskadiko lehenengo bertsolari eskola. Esperientzi harek, gerora, jarraitzale asko izan ditu eta gaur egun bertso eskolak Herri osoan zabaltzen doaz.
Larunbat guztietan batzen ginan. Lehenengo aste barruan idatzitako bertsoak abestu beharra izaten genduan, horretarako aurreko larunbatean ipinten zan gaia, eta gero, gaia jarrita edo librean, naikoa egin arte. Pedro Mari Aldana zan idazkari eta gai jartzaile. Aste barruan egiten genduzan bertsoak hurrengo larunbaterako makinaz idatzita ekartzen euskuzan. Larunbatetan Aritzako Fuenterrabia tabernan ez zan entzulerik falta izaten. Behin, Alemaniako telebista bertara etorri jakun dokumental bat egiteko. Hortik kontuak atara bertsolari eskola harek zelako entzutea izan eban.
Ez eban, zoritxarrez, luzaroko bizirik izan. Ez gara hemen bere apurtzearen arrazoiak aztertzen hasiko. Bertatik igarotakoak dira: Sardui anaiak, Iturri anaiak, Ireneo Ajuria, Jon Lopategi, Jon Enbeita... etab. Ikusten dozuenez, bat baino gehiago gaur be punta puntan dabiltzanak.
«Garriko» eskola horren barruan, bertsoetatik aparte, abeslari talde txiki bat ere osotu genduan: Pedro Mari Aldana, zuzendaria, Bitoren Sardui, Jon Lopategi, Deunoro Sardui eta ni. Gernikan eratu eben sariketa baten oso harrera ona izan genduan, baina behartuta egoan abestia euskaraz abestutearren sariketatik kanpora itzi ginduezan.
* * *
58tik 59ra bitarte haretan hainbat sariketa egin ziran. 59ko txapelketarako eskualdetako txapelketak antolatu ebezan. Arratian Pujana geratu zan txapeldun, Durangon Alberdi, Mungian Ireneo Ajuria, Bermeotik Deunoro Sardui eta Markinatik Azpillaga. Bost txapeldun honeek, aurreko urtean Arenalean txapeldun eta bigarren geratu ginan biekin, Bilbon jokatu behar eben. Guztira zazpi bertsolari batu ginan Bilboko arenalean. Gu heldu ginaneko inguruak ondo beteta egozan. Gipuzkoatik ere asko etorri Aran. Joxe Lizaso Azpeitiarra orduan ezagutu neban. Aurreko urtean asko egon bazan, bigarrenean gehiago. Anasagasti gotzaia ere han zan bere txapel gorri eta guzti. Eskualdetan egin ziran txapelketak zaletasun ikaragarria sortu eben entzuleen artean. Beraz, gure Irigoienek ondo igarri eban herrietako txapelketak egiteagaz. Aurreko urtean legez, neu geratu nintzan txapeldun eta Azpillaga bigarren. 59ko hau izan genduan Arenaleko azkena, gehiago egitea galerazo egin eben eta. 60ko urtean Bilboko zezen-plazan sartu ginduezan. Arenaleko jendetzak ikusita, gure «lagunak» ikaratu egin Aran nonbait. Zezenak bagina legez, adarka hasiko ete ginan bildurrez, barruratu egin ginduezan. Hona hemen zezen plazako bertso bat:
Arenaleko giro ederra
aildurrez kendu deuskue
Bertso txapela jokatuteko
berebiziko lekue
Gorri-adardunok burrukarako
hartu ez daigun eskue
Badaezpadan zezen plazara
torotzat sartu gaitue
60ko urte honetan, zezen plazan, Mugartegi geratu zan txapeldun. 61ean, Bilboko «Coliseo Albia»n Azpillaga, eta 62an Bilboko Institutoan Lopategi.
© Balendin Enbeita