Sorrera
1906an jaio nintzan, Balendin Berriotxoa, Elorrioko semea, beato egin eben egunean, Lorailaren 20an. Hori dala eta jarri eusten Balendin izena. Nire aita Kepa zan. Euskadiko «Urretxindorra» deitzen eutsoen. Ama, Benita Goiria, Ibarrurin, Egizabal baserrian jaioa. Aitita, Juan Antonio Enbeita, neu jaio nintzan Usparitxa-Jauregi baserrikoa. Amuma, Maria Renteria, San Roman auzuneko «Muxika» baserrikoa. Aita, 1942an hil zan, 63 urtegaz.Ama, 1976an, 96 urtegaz. Aitita, 1928an, 80 urtegaz. Amuma, 1926an, 78 urte ebazala.
Aita eta ama maite nebazan, baina aitita eta amuma ez neukazan saltzeko. Asko maite nebazan, baina ez heurak neu beste. Aitita asko ibilia zan, erderaz ere ondo ekiana. Amumak ez ekian erderarik, baina euskera aberatsa eta gozoa eukan. Gainera, oso xelebrea eta alaia zan. Ez eutson edonork ulerik hartuko. Hainbat gauza ikasi nebazan aitita eta amumarengandik. Orain konturatzen naz gazteek zaharrengandik zerikasi asko daukela.
© Balendin Enbeita