Laugarren atala

GOXANE ASHFORDI,
SEI URTE ETA ERDIKOAREN LUMARI
ZOR ZAION ELEBERRIA

 

        Bada herrialde bat, mapa-kontuan trebatzen naizenean erakutsiko dizuedana, zeinean neska-mutikoak gogoak ematen dien bezala bizi baitira. Gustua ematen du hain herrialde xarmangarrian bizi izateak. Nagusiak han haurren esana betetzera beharturik daude, eta haien urtebetetzeetan bakarrik ematen zaie haurrekin mahaian esertzeko baimena. Haurrek konpota, jalea, marmelada, tarta, ogiztatu eta budinak, eta era guztietako pasteleria prestatzera behartzen dituzte nagusiak. Horri uko egiten badiote, txoko batean ezartzen dituzte harik eta esandakoa bete arte. Batzuetan, pastelen bat ematen zaie oparitzat; baina kasu horietan, ondoren, ahaztu gabe purga bat ematen zaie beti.

        Herrialde horretako biztanle batek, benetan zoragarria zen izakitxo batek, Laranja andrea izenekoak, oso sendi ugaria izatearen ezbeharra zeukan. Etengabe bere gurasoak zaindu beharra zeukan, eta haiek beren aldetik bazituzten beren adiskide eta lagunak beti barrabaskeriaren bat egiten zutenak.

        Horrela, bada, azkenerako Laranja andreak bere buruari esan zion: «Ezinezkoa da gehiago martirio hau jasatea. Ikastetxe batera bidali beharko ditut».

        Laranja andreak mantala erantzi, pinpirin jantzi eta apaindu bere burua, hartu besoetan bere haurra eta lehen-eskola baten buru zen Limo izeneko beste andre baten bila irten zen. Laranja andreak, oinak garbitzeko zerrian zutik, tirakada gogor bat egin zion txilinari.

        Limoi andrearen dontzeilak erantzun zion deiari, pasilloan barrena zetorrela galtzerdiei tiraka aritu zenak.

        — Egun on —esan zuen Laranja andreak—. Oso eguraldi ederra egiten du. Nola zaude? Etxean al da Limoi andrea?

        — Bai, andrea.

        — Iragarri nahi al diozu hemen gaudela Laranja andrea eta bere haurra?

        — Bai, andrea. Sar zaitez.

        Laranja andrearen haurtxoa zoragarria zen, den-dena benetako argizarizkoa. Limoi andrearena larru eta zahizkoa zen. Hala eta guzti ere, Limoi andrea aretoan agertu zenean haurtxoa besoetan zuela, Laranja andreak adeitasun handiz esan zion:

        — Egun on. Bai eguraldi bikaina! Nola zaude? Eta nola dabil aingerutxo hori?

        — Erdipurdi bakarrik. Hortzak irteten ari zaizkio, andrea.

        — Zer kontatzen didazu, andrea? —galdetu zion Laranja andreak—. Min handia ematen al diote?

        — Ez, andrea.

        — Zenbat hortz ditu dagoeneko?

        — Bost, andrea.

        — Bada, nire Emilyk dagoeneko zortzi ditu. Ongi al deritzozu bi haurrak bata bestearen alboan uzteari tximiniako sapailoan, hizketan ari garen bitartean?

        — Primeran, ene andrea! —esan zuen Limoi andreak—. Tira, esazu.

        — Ezer baino lehen, andrea: ez ote natzaizu nekagarri?

        — Bai, zera, andrea —erantzun zuen Limoi andreak—. Alderantziz, benetan diotsut.

        — Horrela bada, esadazu, arren: Ba al duzu gehiagorentzat lekurik ikastetxe honetan?

        — Bai, andrea. Zenbatentzat?

        — Egia esan, andrea —erantzun zuen Laranja andreak—, atera dudan ondorioa da nire haurrek —oraintxe konturatu naiz ahaztu egin zaidala esatea aipatzen dudan herrialdean haur deitzen zaiela nagusiei!— ez didatela bizitzen uzten. Ikus dezagun: bi guraso, gurasoen bi lagun-min, aitabitxi bat, bi amabitxi eta izeba bat. Beraz, zortzi postu beharko zenituzke hutsik. Ba al dituzu?

        — Hain zuzen ere zortzi dira dauzkadanak —erantzun zuen Limoi andreak.

        — Hau zortea! Eta modu onean?

        — Oso modu onean, andrea.

        — Eta otordua? Ona?

        — Bikaina, andrea.

        — Ugaria?

        — Oso ugaria.

        — Horrek begia betetzen dit. Gorputzeko zigorrak debekaturik al daude?

        — Egia esan, andrea, tarteka astinduren bat ematen diegu, eta noiz edo behin belarrondoko batzuk ere eman izan dizkiegu —esan zuen Limoi andreak-; baina behar-beharrezkoa denean bakarrik.

        — Ikus al nezake establezimendua, andrea?

        — Atsegin handiz, andrea.

        Limoi andreak eskolara gidatu zuen Laranja andrea. Ikasle ugari zebilen ikasgeletan.

        — Zutik, haurrok —esan zuen Limoi andreak, eta haiek supituki zutik jarri ziren.

        Laranja andreak txutxuputxu egin zion Limoi andreari:

        — Esango al didazu zer egin duen zigorturik dagoen haur zurbil, burusoil, patila-gorri horrek?

        — Zatoz hona, White, eta kontatu dama honi zer egin duzun —esan zuen Limoi andreak.

        — Dirua jokatu dut zaldi-lasterketetan.

        — Eta ez al zara damutzen horretaz, mutiko bihurria? —galdetu zion Limoi andreak.

        — Ez, andrea —erantzun zuen Whitek—. Galdu dudalako nago atsekabeturik; baina poztuko nintzatekeen irabazi izan banu.

        — Zoaz, jauna. Hor daukazu, Laranja andrea, beste haur zuzengaitz bat —esan zuen Limoi andreak—. Hau Brown da. Kasu txarra da Brown honena. Ezin gehiagoraino jaten du. Tripazai, zer moduz zabiltza zeure hezueritik?

        — Gaizki —erantzun zuen Brownek.

        — Zer besterik espero zenezake, ba? —esan zion Limoi andreak—. Biren tamainako urdaila daukazu. Tira, ekiozu berehalaxe ariketa fisikoren bat egiteari! Black andrea, zatoz hona segituan. Hemen duzu, Laranja andrea, beti jolasean ari den neskato bat. Ez dago egun bakar batean ere etxean edukitzerik; beti trauskilkerian dabil eta soineko guztiak alferrik galtzen ditu. Goizetik gauera arte, eta gauetik goizera arte olgeta eta olgeta. Horrela ezin du ezer probetxuzkorik egin.

        — Ez espero izan horrelakorik —erantzun zuen kopetilun Black andreak—. Ez dit gogoak ematen ezer probetxuzkorik egitea.

        — Hor duzu, andrea, bere izaeraren adierazgarri bat —esan zuen Limo andreak—. Egun guztian matrakakerian dabilela, dena bertan behera utziz, gutxienez pentsa liteke umore onekoa izango dela. Baita zera ere! Sekula ikusi duzun lotsagabe eta mihi-zorrotzena da.

        — Egundoko lana emango dizute hauek guztiek, andrea.

        — Izugarria. Ez dakizu nolako kasketak harrapatzen dituzten, eta zer sesio izaten dituzten, eta beti beraiei zer komeni zaien oso ongi dakitela iruditzen zaie, eta ez dakizu asko elkarri nagusitu nahian nola ibiltzen diren. Jainkoak gorde nazala haur hain makurretatik!

        — Primeran, andrea. Egun on bat opa dizut —esan zuen Laranja andreak.

        — Neuk ere oso ona opa dizut —erantzun zion Limoi andreak.

        Laranja andreak besoetan hartu zuen bere haurtxoa eta etxera itzuli zen, eta hainbeste nekarazten zuen sendi hari guztiari esan zion guztiak eskolara bidaliko zituela. Haiek erantzun zioten ez zutela nahi; baina ekipaiak prestatu eta guztiak bidali egin zituen.

        — Oi, zorionekoa ni! Hau atsedena eta poza! —esan zuen Laranja andreak, bere besaulkian erdi-etzanik—. Azkenean libratu naiz jende nekagarri horrengandik.

        Une hartan bertan, beste dama bat iritsi zen atera, Laguntxo andrea, eta tin-tin-tin deitu zuen atera.

        — Zu hemendik, Laguntxo andrea? —esan zuen Laranja andreak—. Nola zaude? Mesedez gera zaitez nirekin bazkaltzeko. Pisto gozo bat besterik ez daukagu, ogi eta melazazko gisatu soil batekin; baina gure pobreziarekin aski baduzu, eta gelditzen bazara, egundoko poza emango diguzu.

        — Ez ekin berriro —erantzun zuen Laguntxo andreak—. Pozik geratuko nintzateke; baina ez duzu arrastorik ere zertara natorren. Ezetz asmatu, andrea!

        — Egia esan, adiskidea, ezin dut asmatu —erantzun zuen Laranja andreak.

        — Gaur gauean haurrentzat emango dudan jaialditxo batera zu gonbidatzera etorri naiz —esan zuen Laguntxok—. Zeu, Laranja jauna eta zuen haurtxoa bakarrik falta zarete den-denok egoteko.

        — Atsegin handia nuke, pentsa dezakezunez, bertan izatea —esan zuen Laranja andreak.

        — Oso atsegina zara —esan zuen Laguntxo andreak—. Espero dut haurrek ez zaituztela nekaraziko.

        — Aingerutxo eneak! Baita zera ere —erantzun zuen Laranja andreak.

        Laranja jauna hiritik etxera zetorren eta tin-tin-tin batez iragarri zuen heldu zela.

        — Jaime, maitea; oso nekatua dirudizu —esan zion Laranja andreak—. Zertan ari izan zara gaur hirian?

        — Txoriak ehizatzeko tranpak armatzen eta erraketa eta pilotarekin jolasean —erantzun zuen Laranja jaunak—. Eta hori aski da gizona lur jota uzteko.

        — Benetan izutzekoa da hiri hori —esan zion Laranja andreak Laguntxo andreari—. Unatu egiten du jendea, ez al da hala?

        — Kalbario bat da! —erantzun zion Laguntxo andreak—. Nire Joan azken bolada honetan ziba-taldean espekulatuz datorkit. Nik sarritan esaten diot gauero etxera iristen denean: «Joan, merezi al du hainbeste nekatu eta penatzea?»

        Ordurako prest zegoen otordua, eta guztiak mahaian eseri ziren, eta Laranja andrea ogi eta gozokizko laurden errea zatitzen hasi zenean, esan zuen:

        — Inoiz pozten ez den bihotza bihotz ziztrina da. Joan, zoaz sotora eta garagardo-botila bat ekarri.

        Te-orduan, Laranja jaun-andreak, beren haurtxoarekin, Laguntxo andrearekin batera, azken horren etxera joan ziren. Haurrak oraindik heltzeko zeuden; baina dantza-aretoa, paperezko lorez apaindua, prest zegoen haien jaia ospatzeko.

        — Zein polita! —esan zuen Laranja andreak—. Ene aingerutxoak, eta zenbat dibertituko diren!

        — Niri bost axola haurrak —esan zuen aharrausika Laranja jaunak.

        — Neskatoak ere ez al zaizkizu gustatzen? — galdetu zion Laguntxo andreak—. Tira, ez esan ezetzik: neskak gustatuko zaizkizu.

        Laranja jaunak buruaz ezetz esan eta beste aharrausi bat egin zuen.

        — Tentelak eta harroak dira.

        — Ene Jaime maitea —esan zuen begiluzeka zebilen Laranja andreak-: zatoz ikustera. Haurren afaria dagoeneko zerbitzaturik dago ate horren atzeko aretoan. Ez zaie falta ez beren eskabetxeko izokina, ez beren entsalada, ez txahalki errea, ez beren hegaztikia, ezta beren pastel bariatuak eta xanpain burbuilaria ere.

        — Hala da. Haurrek bakarrik afaltzea hobe dela iruditu zait. Gure mahaia hor dago, txokoan, gizonezkoek beren baso ardoa har dezaten urarekin, arrautza gogorrezko otartekoa jan eta jolas egin dezaten zeini irauten dion gehien bestea begira dagoen bitartean. Guk, ene adiskide maitea, aski izango dugu mundu guztiari kontu egitearekin.

        — Horixe baietz, ene andrea! Aski izango dugu, bai —bota zuen Laranja andreak.

        Hasi ziren gonbidatuak iristen. Bere burua aurkeztu zuen lehena mutiko guri bat izan zen, ile zuri eta betaurrekoduna. Dontzeila bat zekarren laguntzaile eta hark etxekoandreari galdetu zion:

        — Nire errespetuak, andrea. Zer ordutan itzuli behar dut bila?

        Laguntxo andreak erantzun zuen:

        — Hamarretan doi-doi. Zer moduz, jauna? Zoaz gela horretara eta eseri.

        Beste haur asko helduz joan ziren: mutilak bakarrik, neskak bakarrik eta neska-mutilak bikoteka. Ez ziren batere ongi portatzen. Haietako batzuek besteei begiratu beren monokuluaz eta esaten zuten: «Nor dira horiek? Ez dizkidate aurkeztu». Beste batzuek zenbaiti begiratu monokuluez eta esaten zieten: «Kaixo!». Baziren kikara bete te zerbitzatzean, erantzuten zutenak: «Milesker! Eskerrik asko». Ez ziren gutxi alde batetik bestera zebiltzanak eta eskua alkandoraren idunera eramaten zutenak. Lau tripoil adar-jotzaile atalasean jarri ziren, egunkariez hizketan, harik eta Laguntxo andrea beraiengana joan eta esan zien arte:

        — Laguntxoak, ezin dut ametitu zuek inori sartzen ez uztea. Asko sentituko dut: baina besteei ez badiezue pasatzen uzten, zuen etxera bidali beharko zaituztet.

        Eta etxera bidali zuen bizardun._bat, txaleko zuri zabala zeukana, tximiniaren aurrealdean hankak zabal-zabalik jarri baitzen, frakaren faldoiak berotzen.

        — Hori ez da gisakoa, adiskidea —esan zion Laguntxo andreak, gelatik ateraz—, eta ezin dut ontzat eman.

        Mutiko-talde batek osatutako banda, harpa, korneta eta pianoarekin, jotzen ari zen, eta Laguntxo eta Laranja andreak ahaleginak egiten ari ziren mutilek neskak dantza egitera atera zitzaten. Baina a zer nolako kaskagogorrak haiek! Ezin izan zituzten inondik inora, luzaroan, mutilak konbentzitu ahal izan bakoitzak bere kidea bilatu eta dantzara atera zezan. Askok erantzuten zuten:

        — Eskerrik asko...! Milesker...! Oraingoz, ez.

        Eta ia gainerako guztiek:

        — Milesker...! Eskerrik asko...! Baina ez dut dantzarik egiten.

        — Oso aspergarriak dira haur hauek —ziotson Laguntxo andreak Laranja andreari.

        — Ene aingerutxoak! Zenbat maite ditudan...! Baina zeinen aspergarriak diren! —erantzun zion Laranja andreak Laguntxo andreari.

        Azkenean dantzan has ziren erritmo geldo eta malenkoniatian, eta orduan ere ez zioten jaramonik egiten inork esandakoari, baizik eta kide jakin bat nahi zuten, eta ez zuten halako beste hura onartzen. Eta ez zioten elkarri irribarre egiten, ez, jauna; munduko ezergatik ere ez zuketen irribarrerik egingo; eta bandak jotzeari uztean, bira eta bira ibiltzen ziren gelan barrena, binaka, triste-triste, gainerako guztiak hil izan balira bezala.

        — Benetan kosta egiten da, gero, haur betilun hauek dibertiaraztea —esan zion Laguntxo andreak Laranja andreari.

        Egia esan, zailak ziren. Kantatzeko eskatzen zitzaienean, uko egiten zuten eta guztiak konbentziturik zeudenean ez zutela kantatu nahi, orduan kantatu egiten zuten.

        — Laztana —esan zion Laguntxo andreak neska garai, malba koloreko sedaz jantziari, atzealdetik zuriune handi bat erakusten zuela—, hori bezalako beste kanta bat eskaintzen badiguzu, ohe bat izendatu eta bertara bidaltzeko atsegin tristea izango dut.

        Neskak irrigarriki jantzita zeuden eta soinekoak zirtzildurik zeuzkaten afalordua baino lehen. Ez zegoen mutikoek haiei soinekoen isatsak ez zapaltzeko modurik. Eta hori gertatzen zenean, sarritan sumindurik jartzen ziren eta amorruzko begiradak jaurtitzen zituzten. Hala eta guztiz ere, denek pozik zeudela ematen zuten, Laguntxo andreak iragarri zuenean:

        — Afaria prest dago.

        Guztiak zalapartaka jantokirantz abiatu ziren, elkarri bultzaka, eguerdian ogi gogorra besterik jan izan ez balute bezala.

        — Nola ari dira haurrak portatzen? —galdetu zion Laranja jaunak Laranja andreari, Laranja andrea bere haurtxoari begirada bat botatzera joan zenean. Apal batean utzi baitzuen senarra jolasean ari zen bitartean, noizean behin begirada bat botatzeko erregutuz. Senarraren galderari erantzun zion:

        — Zoragarriak dira! Bai bitxia gertatzen dela horien amodio eta jeloskorkeria txikiak ikustea! Zatoz ikustera.

        — Milesker, laztana; baina bene-benetan esaten dut ez zaizkidala haurrak interesatzen.

        Orduan, eta bere haurtxoak ongi jarraitzen zuela egiaztatu ondoren, Laranja andrea bere senarrik gabe itzuli zen haurrak afaltzen ari ziren gelara. Laguntxo andrearekin topo egitean, galdetu zion:

        — Zertan ari dira orain?

        — Hitzaldiak. Diputatuetara jolasten ari dira.

        Hori entzutean, Laranja andrea berriz itzuli zen senarrarengana, eta esan zion:

        — Jaime laztana, zatoz mesedez,Haurrak diputatuetara jolasten ari dira.

        — Eskerrik asko, laztana —erantzun zion—. Ez zait inoiz Parlamentua interesatu.

        Eta horrela itzuli zen Laranja andrea Laranja jauna gabe haurrak afaltzen eta diputatuetara jolasten ari ziren gelara. Batzuek oihu egiten zuten: «Ongi! Bikain!», eta bitartean beste batzuek esaten zuten: «Ez, ez!», eta batzuek: «Galdetu!», «Moztu!», eta beste esaldi zentzugabe-sail bat.

        Bat-batean, lehen atean zeharka jarri ziren mutiko gizen haietako batek esan zien guztiei beta «zangoen gainean» zegoela —besteek ikusiko ez balute bezala ez zegoela buruaren gainean ezta bere gorputzeko beste edozein atalen gainean ere— zuzentzeko, eta bere lagun txit argiaren baimenarekin, trataera hori erabiltzea zilegi bazitzaion —eta beste mutil gogaikarriak buru-makurtze batez erantzun zion—, zuzentzen jarraituko zuela. Eta potzolo higuingarriak bere hitzaldiaren lelo aspergarriarekin jarraitu zuen, nik al dakit zer eta nola, eskuan edalontzi bat zeukala esanez, eta gau hartan betebehar publiko bat betetzera doana bezala esku hartu zuela han; eta hori zela eta, eta egokieraz baliaturik, eskua bihotzaren gainean zuela —libre zeukan eskua—, han zeuden jaun txit argiei iragarri zien guztien txalo jotzeari bidea irekiko ziola. Eta esan zuen:

        — Gure ostatariaren osasunean!

        Eta guztiek esan zuten:

        — Gure ostatariaren osasunean!

        Eta txalo-zarta ugari izan zen.

        Orduan beste mutiko gogaikarria altxatu zen eta bere lelo aspergarriarekin hasi zen, eta ondoren beste dozenerdiren bat aztoratzaile eta aldrebes ari izan ziren. Harik eta Laguntxo andreak esan zuen arte:

        — Ezin dut zalaparta hau jasan.Ongi da, mutilak; jolastu duzue diputatuetara. Baina Parlamentua berehalaxe aspertzen duen zerbait da, eta jadanik bada ordua bertan behera utz dezazuen zeren laster etorriko baitzaizkizue bila.

        Beste dantzaldi baten ostean —afal aurrean baino arropa-triskantza handiagoarekin—, bila etortzen hasi zitzaizkien, eta agian atseginez jakingo duzue eraman zuten lehena «bere zangoen gainean» egona zen mutiko potzolo gogaikarria izan zela. Guztiek alde egin zutenean, Laguntxo andrea besaulki batean amildu zen eta Laranja andreari esan zion:

        — Neska-mutiko hauek atsekabez akabatuko naute. Sinetsidazu, andrea.

        — Nik adoratu egiten ditut —erantzun zuen Laranja andreak-; horiek berritasun pixka bat behar dute.

        Laranja jaunak kapela hartu zuen; emazteak, txanoa eta haurtxoa, eta etxerako bideari heldu zioten. Limoi andrearen lehen-eskolaren aurretik igaro ziren itzulerako beren bidean, eta Laranja andreak esan zuen:

        — Jaime laztana, dagoeneko lokartu ote dira gure neska-mutiko zoragarriak?

        — Bost axola niri lokarturik ala erne dauden —erantzun zion senarrak.

        — Zer diozu, Jaime laztana?

        — Aldiz, zu txora-txora eginik zaude haiengatik, ez al da hala?

        — Erabat! —esan zuen, estasi-aurpegiarekin, Laranja andreak—. Adoratzen ditut!

        — Nik ez!

        — Bururatu zait, Jaime, kutun hori —esan zion Laranja andreak, besoa sakatuz—, agian gustuko izango duela Limoi andreak gure neska-mutikoak bere ikastetxean gelditzea oporretan.

        — Ordaintzen bazaio, ez daukat zalantzarik gustuko izango duela —erantzun zuen Laranja jaunak.

        — Benetako adorazioa sentitzen dut horienganako —jarraitu zuen esaten emazteak—. Baina, zer deritzozu ordaintzeari?

        Horri esker izan ziren herrialde hartako aurrerapen handiak eta bertako bizimodua gozamen huts. Laranja andreak egindako esperimentuaren ondorio bikainak ikusi zirenean, ez zuten onartu gehiago haurrek (hau da, beste herrialde batzuetan helduak, nagusiak deitzen diren pertsonek) oporrak izaterik eta ikastetxea uzterik beren etxeetara joateko, eta beste herrialde batzuetan haurtzat edukitzen dituztenek han gorderik eduki zituzten, ikastetxean, agintzen zieten guztian esandakoa egitera beharturik.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren

 

 

"Charles Dickens / Opor eleberria" orrialde nagusia