Hirugarren atala

ROBERTOTXO REDFORTH,
BEDERATZI URTEKO TENIENTE KORONELAREN
LUMATIK JAIOTAKO ELEBERRIA

 

        Dirudienez, kontakizun honetako heroiak pirata-lanbidea hartzea adin goiztiar samarrean erabaki zuen. Bere hamargarren urtebetetze-jaia eman baino lehen muturreraino beteriko ehun kanoiko goleta baten buruzagitzan aurkitzen dugu.

        Uste dugu gure heroiak, latin-gramatikako irakasle batek larriki iraindu zuelarik, ohoreko gizon batek beste bati zor dizkion pekamenak eskatu zizkiola ordain gisa. Hori ez lortzean, hain konpainia doilorretik bere gogo-aldarte arranditsua aldentzea erabaki zuen sekretuki, erosi zuen patrikako pistola bat merke zurrian, bildu zituen otarteko batzuk paperezko poltsa batean, prestatu zuen erregaliz-urez beteriko botila bat eta abentura-lasterketa adoretsu bati ekin zion.

        Aspergarri gertatuko litzateke Bihotz Adoretsuren —hori zuen gerra-izen— historiako lehen aldiak esplikatzea. Horrela, kontakizunari ekitean, dagoeneko Bihotz Adoretsu kapitain izendaturik aurkitzen dugu, oinoihal gorri batean etzanda eta galako jantzitan, Ederra bere goletaren gazteluan, Txinako itsasoetan barrena.

        Arratsalde liluragarria egiten zuen; tripulazioa kapitainaren inguruan bildurik zegoen, eta hark kantu bat abestearen oparia egin zien:

 

        Kapitaina:

                Lehorreko jendea

                hau eromena!

                Itsasoetako piratak

                hau gozamena!

                Oi, Doro, gezur eta saltsa!

        Korua:

                Ei! Bira!

 

        Errazago da susmatzen deskribatzen baino zeinen laztantzaile zen musika hau uren gainean marinelen ahots lakarrek bat egiten zutenean leloaren kolofoia ezartzeko Bihotz Adoretsu kapitainaren soinuteriari.

        Eta halaxe zeuden, mastontziko zelatariak dei egin zuenean:

        — Balea begipean!

        Denak lanerako prestatu ziren.

        — Zein norabidetan? —oihu egin zuen Bihotz Adoretsu kapitainak.

        — Ababorreko amulatik, jauna —oihu egin zuen zelatariak, militarki agur eginez.

        Hain zen zurruna diziplina Ederraren baitan, non zelatariak arau hori ahazten bazuen, hain goian egonik ere, buruan kulatakada bat hartzen baitzuen.

        — Abentura hau niri dagokit —esan zuen Bihotz Adoretsuk—. Mutil, ekarridak arpoia: ez dakidala atzetik inor etor.

        Lagunik gabe jauzi egin zuen bere txalupara eta trebetasun miresgarriz egin zuen arraunean munstroaren aldera.

        Unea hunkigarria zen.

        — Dagoeneko hurbildu zaio! —esan zuen urtetan sarturiko marinel batek, kataloxaz kapitainaren mugimenduak jarraituz.

        — Dagoeneko arpoitu du —bota zuen kataloxarekin zegoen beste marinel gazte batek.

        — Dagoeneko atoian dakar gure aldera —esan zuen hirugarren marinel batek, bere kemen fisikoaren betean zegoenak.

        Eta egia zen gure aldera etortzen ikusten zela kapitaina, bere atzetik masa handi hura herrestan zekarrela. Ez ditugu nabarmenarazi nahi bere gaztelura salto egin eta gertatuari inolako garrantzirik eman gabe harrapakina bere gizonei eskaini zienean entzun ziren abegizko «Gora Bihotz Adoretsu!» oihu gorgarriak. Baleak bi mila laurehun eta hamazazpi libera eta sei penike ekoiztu zizkien.

        Kapitainak belak finkatzeko agindua eman zuen eta mendebal-iparmendebalerantz zuzendu zuen branka.

        Ederrak, flotatu baino areago, hegaz egiten zuen ur urdin-ilunen gainetik. Astan zehar ez zen ezer apartekorik gertatu, lau galeoi espainiar harrapatzea izan ezik, borroka ankerraren ondoren, eta Hego Amerikatik zetorren bergantin bat, guztiak aberastasunez zamatuak. Ezer ez egitea pixkanaka eragina izaten hasi zen tripulazioaren espirituan. Bihotz Adoretsu kapitainak popan bere jende guztia bildu eta honela hitz egin zien:

        — Mutilok, zuen arteko batzuk ez daudela pozik esan didate. Datorrela aurrera konforme ez dagoena.

        Txutxuputxua gertatu zen, eta bitartean bandera nazionala, fortea, istriborra, ababorra, eta antzeko hitzak entzun ziren, azpiko errebeldia koldarrak agertzen zituztenak. Gillen Buzey, trinkete-kofako kapitainak pauso bat eman zuen aurrerantz. Gorputz handikoa zen baina dardara egin zuen kapitainaren begiradapean.

        — Zer kexa duzu? —galdetu zuen kapitainak.

        Marinel kankailuak erantzun zuen:

        — Hara, Bihotz Adoretsu kapitaina: urte asko daramatzat haur eta gizon bezala ontzian zerbitzatzen; baina ez dut ezein ontzitan ikusi tripulazioarentzako terako esnea ontzi honetan bezain garratza zerbitzatzen.

        Eta une berean, garrasi zorrotz batek «Gizona uretara!» esanez, iragarri zion tripulazio txundituari Buzeyk, kapitainak gerritik esekita zerabilen pistola fidelari eskua oharkabean ezarri ziola ikustean, atzera egin, oreka galdu eta olatu apartsuen artean besoei eraginka zebilela.

        Denak sor eta lor geratu ziren.

        Baina une bateko lana izan zen Bihotz Adoretsu kapitainarentzat bere uniformea erantzi eta botatzea, apaingarritzat zeuzkan kondekorazio preziatuez kezkatu gabe, eta itotzen ari zen erraldoia salbatzeko itsasora amiltzea. Eromen suharrean txalupak eraitsi zituzten eta pozak gainezka zeuden guztiak kapitainak hortzekin uraren gainaldean naufragoari eusten ziola ikustean. Txalo gorgarriak entzun ziren berriro Ederraren karelean aurkitu zirenean. Bihotz Adoretsu kapitainak arropa bustiak lehorrez aldatu zituenetik ez' zuen izan Gilen Buzey baino adiskide sutsu eta umilagorik.

        Bihotz Adoretsuk orduan eskua luzatu zuen ikusmuga seinalatuz eta forte bateko kanoipean babesturiko portuan zegoen ontzi baten masta zorrotzetarantz zuzendu zuen tripulazioaren arreta.

        — Eguzkia irteteko unean gurea izango da —esan zien—. Ron errazio bikoitza zerbitza dakizuela, eta mundu guztia prest borrokari ekiteko.

        Lanari ekin zioten.

        Egunsentiko lehen argiak azaldu ziren, begirik bildu gabe gau bat igaro ondoren, eta orduan ikusi zuten ontzi ezezaguna portutik irteten hasi zela, bela guztiak hedaturik zituela, borrokarako prest. Bi ontziak elkarrengana hurbilduz joan ziren. Bat-batean, ontzi ezezagunak kanoikada bat disparatu eta Erromako bandera jaso zuen. Bihotz Adoretsuk ohartu zuen bere latin-gramatikako irakaslearen hiru mastako ontzia zela hura. Halaxe zen, izan ere, zeren piratatzan abiatu zenetik bila eta bila ibili baitzitzaion nekagaitz munduko zoko-moko guztietan barrena.

        Bihotz Adoretsuk hitzalditxo bat egin zion bere jendeari, latin-gramatikako irakaslea bizirik ekartzeko aginduz. Hori eginik, nor bere postura bidali zuen eta Ederrak jaurti zuen kanoikada-sail batekin hasi zen bataila. Gero bira osoa eman eta beste sail bat jaurti zuen. Eskorpioia —gramatikako irakaslearen batelak oso izen aproposa zeraman— ez zen uzkur ibili suari erantzuterakoan; egundoko kanoi-hotsa entzun zen eta Ederraren tiroek sekulako ondorioak izan zituzten.

        Gramatika-irakaslea popan ikusi zuten, kez inguraturik, bere gizonei bihotz ematen. Gauzak diren bezala esateko aitortu beharra dago ez zela bihotz kikilekoa, nahiz eta bere kapela zuriak, bere galtza gris laburrak eta orpoetaraino iristen zitzaion rape koloreko gainjantzi luzeak —Bihotz Adoretsu laidotu zuenean zerabilena bera— desabantailazko kontrastea egiten zuten azkenaren uniforme distiratsuarekin. Une hartan, Bihotz Adoretsuk pika bati heldu, bere gizonen aurrean jarri eta abordatzeko agindua eman zuen.

        Borroka etsitua sortu zen jareta aldera —edo ontziaren alderdi horretarantz behintzat—, harik eta latin-irakasleak, mastarik gabe gelditu zela ikusirik, ontziaren kraskoa eta sokateria kanoikadez zulaturik zeudela eta Bihotz Adoretsu ukaldika bidea urratzen ari zela bere aldera, bere eskuz bandera eraitsi, etsaiari ezpata eman eta su-etena eskatu zuen. Latin-irakaslea kapitainaren txalupara transbordatu bezain laster, hondoa jo zuen Eskorpioiak bere baitako guztiarekin.

        Bihotz Adoretsuk bere jendea biltzean guduaren ondoren, gorabehera bat izan zen. Sukaldariari zartako bat ematea beste erremediorik ez zuen izan hark, anaia borrokan galdu zuela ikustean, trintxatzeko labana handi bat astinduz gramatika-irakaslearengana baitzetorren sukaldaria harenak egiteko asmotan.

        Bihotz Adoretsuk orduan aurre egin zion gramatika-irakasleari, bere makurkeria zorrotz aurpegiratuz eta bere tripulazioari galdetuz mutiko bat laidotzen zuen maisu batekin zer egin behar zela uste zuten.

        Erantzuna aho batez etorri zen:

        —Erail!

        — Agian arrazoia duzue —izan zen kapitainaren epaia—. Baina inork ez du inoiz esan ahal izango Bihotz Adoretsu kapitainak bere garaitzapena etsaiaren odolaz orbandu duenik. Prestatu txanela.

        — Ez dizut bizirik kenduko —jarraitu zuen esaten kapitainak-; baina beste batzuk laidotzeko aukera kenduko dizut. Txanel honetan bidaliko zaitut. Bi arraun, iparrorratza, ron botila bat, ur-pipatxo bat, txerriki zati bat, zakukada bat bizkotxo eta nire latingramatika aurkituko dituzu bertan. Zoaz indigenei irain egitera, bakarren bat aurkitzen baduzu behintzat!

        Dohakabea txanelean sartu zuten eta laster gelditu zen oso atzean. Ez zuen batere ahaleginik egin arraunean aritzeko. Ederrako teleskopioek ikusi zuten azken aldian, bizkarrez behera etzanda eta zangoak airean zituela zegoen.

        Haizea oso bizi jotzen hasi zelarik, Bihotz Adoretsuk hego-hegoekialdera ontzia zuzentzeko agindua eman zuen; goleta zertxobait arintzeko, puntu bat edo bi desbideratu zen mendebalderantz, eta mendebal-hegomendebalerantz ere bai, haizearen indarra oso handia zenean. Gero, atsedena hartzera joan zen, horren premia handia baitzeukan. Eguneko nekeaz gainera, ofizial kementsuak hamazazpi zauri hartu baitzituen, nahiz eta horietaz inori hitzerdirik ez esan.

        Goizean ekaitz zurbil batek menpean hartu zituen eta horren ondotik kolore desberdinetako galernaldiak etorri ziren.Trumoika eta tximistaka ari izan zen sei asteko aldian. Eta gero zirimolek leher egin zuten bi hilabetetan. Horien ondotik itsas zurrunbiloak eta zikloiak agertu ziren. Ontzian zihoan marinelik adintsuenak —zaharra baino zaharragoa zen— ziurtatzen zuen sekula ez zuela halako eguraldirik ikusi. Ederra noranzkorik gabe ari zen nabigatzen, eta arotzak aditzera eman zuen urak sei oin eta bi hazbeteko garaiera zeukala sotoan..Guztiak lanean aritu ziren ur-ponparekin zentzua galduta erori arte.

        Bizikaiak urritzen hasi ziren. Gure heroiak zorrotz mugatu zion jatekoa tripulazioari eta oraindik zorrotzago bere buruari. Baina bere animo onak gizenarazi egiten zuen. Buzeyk, irakurleak gogoan izango duen trinkete-kofako kapitainak, egoera gogor hartan, hunkitzeko moduko borondatea azaldu zuen. Gilen maitakor eta apalak behin eta berriz eskatu zuen erail zezatela eta bere haragia kapitainaren mahairako gorde zezatela.

        Orain bestelako egoera batera hurbiltzen ari gara.

        Egun batez, eguzki-argiune batean, eguraldia nahikoa baretu zelarik, zelatariak hainbesterainoko ahuldade fisikora iritsita zegoen, non kapitainari agur egiteko eskua kapelura eraman ezinik baitzegoen, eta gainera, hura gabe geldituta zegoen, haizeak eraman ziolako —oihu egin zuen:

        — Basatiak bistara!

        Egundoko jakin-mina sortu zen.

        Mila eta bostehun kanoa, bakoitza palaarraunez hogei basatik bultzaturik, ordena bikainean aurrera zetozela ikusi zuten. Basatiak kolore berdexkazko gizasemeak ziren eta honako lelo hau kantatzen zuten poz handiarekin:

 

                Txu a txu a txu dyente

                Maska ma ka ithier-no!

                Txu a txu a txu dyente

                Maska ma ka ithier-no!

 

        Arratseko itzalak ordurako errotzen ari zirelarik, uste izan zuten, esaldi haiek, hain jende sotilaren sentimendurako, ilunabarrari egindako himnoa zirela. Baina luzera gabe argitu zen otorduaren aurreko errezoaren bertsio bat baizik ez zela.

        Buruzagia, kolore biziko luma-apaindurarekin —loro gerrari baten itxura maiestatetsua ematen zioten— zirraragarri, laster egin zen jakitun, ingelesa ezin hobeki ulertzen zuelako, goleta hura Ederra zela eta Bihotz Adoretsu zuela kapitaina, eta supituki belauniko jarri zen ontzi gainean, aurpegiaz behea ukituz; eta ezinezkoa izan zen hitzen bitartez konbentziaraztea zutik jar zedin, harik eta kapitainak berak altxarazi eta ez ziola inolako kalterik egingo esan zion arte. Ikusten denez, bada, Bihotz Adoretsuri ospeak aurrea hartu zion, naturaren seme-alaba haienganaino iritsi zelarik.

        Berehalakoan dortokak eta ostrak ekarri zituzten kopuru handitan; jaki horiekin eta ñamearekin tripulazioak jateko goxoa prestatu zuen. Otordua bukaturik, buruzagiak esan zion Bihotz Adoretsuri beren herrixkan jaki askozaz hobeak zituztela eta atsegin handiz gonbidatuko zituzkeela bera eta bere ofizialak. Kapitainak, traizio-susmoa harturik, bere bateleko tripulazioari erabat armaturik laguntzeko eskatu zion. Eta ez zen lekuz kanpo egongo beste komandante batzuek ere antzeko arretak hartzea...; baina ez dezagun aldez aurretik aurrera egin.

        Kanoak hondartzara iristean, ohartu ziren gaua sutzar baten garrek argitzen zutela. Bihotz Adoretsuk buruzagiaren besotik egin zuen aurrera, baina aldez aurretik bere bateleko tripulazioari erne egoteko agindu ondoren, handik aldendu gabe; eta Gilen ausarta, nahiz eskolagabea izan, jarri zuen tripulazioaren agintari.

        Baina a zer nolako harridura kapitainarena bazkal aurreko errezoaren bertsio lazkarria, lehenago aipatu duguna, aho batez esaten ari ziren basati-zirkulu batekin topo egitean, dantzan ari ziren bitartean, eskuei helduta, latin-gramatikako irakaslearen inguruan, egosteko sutan jarri baino lehen!

        Bihotz Adoretsuk bere ofizialekin kontsultatu zuen zer egin behar ote zuten. Gatibu dohakabeak ez zion uzten bitartean barkamena eskatzeari eta libre uzteko esateari. Hala erabaki zen, Bihotz Adoretsuren proposamen eskuzabalari amore emanez, gordin «irauten» utziko zitzaiola bi baldintzaren pean:

        Lehena. Inondik inora ez zuela inori ezertan ikaspenik emateko askatasunik hartuko.

        Bigarrena. Ingalaterrara itzularazten bazuten, eskolako lanak egiteko laguntzaren premia izan zezaketen neska-mutikoen bila bidaiak egiten ibili beharko zuela, eta berak ordainik eskatu gabe egin beharko zizkiela lanak eta inori murtik ere esan gabe.

        Bihotz Adoretsuk ezpata maginatik atera eta bi baldintza horiek zin eragin zizkion sorbatz distiratsuaren gainean. Atxilotuak negar garratza egin zuen eta bazirudien biziki deitoratzen zituela bere aurreko karrerako akatsak.

        Orduan kapitainak agindu zion bateleko tripulazioari deskarga bat egiteko presta zedila eta berehalaxe armak berriro karga zitzatela.

        — Ziur nago lehoien pare borroka egingo duzuela —marmar egin zuen Gilen Buzeyk—. Eta kontuan izan ez dizuedala begirik kentzen.

        Hitz horiek esanik, Gilen irrigarri baina beldurgarriak ongi destatu zuen.

        — Tiro!

        Bihotz Adoretsu kapitainaren ahots zolia fusilen burrundara eta basatien garrasien artean galdu zen. Deskargak behin eta berriz izan ziren, oihartzun ugari iratzarriz. Milaka basatik ihes egin zuten basoetarantz txilio bizian. Nola edo hala latin-gramatikako irakaslea lo-txano eta frak batez, mendelak aurrerantz zituela, jantzi zuten. Irria eta gupida eragiten zituen irudia eskaintzen zuen; baina ez zuen besterik merezi.

        Eta orain Bihotz Adoretsu kapitaina ikusten dugu, ontzi gainean bere gatibuarekin, lurralde haiek utzi eta beste irla batzuetarako noranzkoan. Haietako batean —ez giza haragia jaten zuten haietako batean, baizik eta txerrikia eta barazkiak jaten zituzten bestelako batean— ezkondu egin zen, bere aldetik txantxetan izan bazen ere, erregearen alabarekin. Denboraldi luze samarra egin zuen han, eta indiarrek harribitxi mordoa eman zioten, urre-hautsa, elefante-letaginak, sandalo-zura eta horrenbestez aberats porrokatu bihurtu zen. Eta hori bere gizonei egunero balio kalkulaezineko opariak egiten zizkielarik.

        Ontziak ezin gehiagoraino era guztietako produktuz zamaturik egon zirenean, Bihotz Adoretsuk aingurak jasotzeko agindua eman zuen eta Ederrak Ingalaterraranzko bideari heldu zion. Hiru txalo-aldik egin zien harrera erabaki horiei eta egun hartan eguzkia sartu baino lehen, Gilen zakar baina zaluak eskoziar dantza bat baino gehiago egin zituen goletaren karelean.

        Berriro Bihotz Adoretsu kapitaina Madeirako kostaldetik hiru bat legoatara aurkitzen dugu, kataloxaren bitartez bereganantz zetorren ontzi ezezagun eta itxura susmagarriko bat aztertzen. Kanoikada bat jaurti zuen ohar gisara, eta ontzi ezezagunak bandera bat jaso zuen, kapitainak berehalaxe ezagutu zuena, zeren bere etxeosteko jardineko mastan egoten zena baitzen.

        Hortik atera zuen ondorioa izan zen aita itsasora irten zela bere semearen berri jakitera. Uste hori ustela ez zela ziurtatzeko, bere batela bidali zuen parlamentatzera eta ea aitaren asmoak bateragarriak ziren bere ohorearekin. Batela itzuli egin zen, barazki eta haragi freskozko opariarekin eta ontzi ezezaguna Sendia, mila eta berrehun tonakoa, zela albistearekin, eta aita ez ezik, ama ere bertan zetorrela, ia izeba-izeko guztiekin eta bere lehengusu-lehengusina guztiekin. Gainera, Bihotz Adoretsuri jakinarazi zioten ahaide guztiek oso ongi mintzatu zirela berataz eta besarkada bat eta eskerrak eman nahi zizkiotela bere familiar lortu zion aintza handiarengatik. Bihotz Adoretsuk biharamunean Ederran izango zen bazkari batera gonbidatu zituen guztiak, eta egun osoa iraungo zuen dantzaldi bat antolatzeko beharrezko guztia agindu zuen.

        Baina gau hartan zehar kapitaina konturatu zen ez zuela ezer aurreratu latin-gramatikako irakaslea erreskatatzearekin. Esker beltzeko traidorea ustekabean harrapatu zuten, bi ontziak bata bestearen alboan ainguraturik zeudela, seinaleen bidez Sendiarekin komunikatzen eta Bihotz Adoretsu entregatzeko bere burua eskaintzen.

        Kapitainak bere gurasoekin izandako topaketa negar-malko artean gertatu zen. Osaba-izebak bertan egon izan balira, orduan ere malkoak isuriko ziratekeen; baina kapitaina ez zegoen negarretarako. Egundoko harridura sortu zien lehengusu-lehengusinei goletaren tamainak eta tripulazioaren diziplinak, txunditurik geratu zirelarik uniformearen distira ikustean, ohartaraziz zenbat gauza interesgarri zegoen han. Bere ehun kanoiak disparatzeko ere agindu zuen eta primeran pasatu zuen jendeak hartutako ikararekin.

        Jaiak ontzi baten barruan ordura arte egindako guztia gainditu zuen, eta goizeko hamarretatik hurrengo eguneko zazpiak arte iraun zuen. Gorabehera higuingarri bat bakarrik gertatu zen. Bihotz Adoretsu kapitainak derrigorturik ikusi zuen bere burua Tomastxo bere lehengusua esku- eta hankaburdinez lotzera errespetu faltarengatik. Baina giltzaperatu eta handik ordu batzuetara, eta hobetuko zela agindu ondoren, askatasunean jartzeko gizatasuna izan zuen.

        Bihotz Adoretsu bere amarekin jaitsi zen ohore-ganbarotera, eta bera maitemindurik zegoen eta mundu guztiak nor zen ongi baino hobeki zekien neskagatik galdetu zion. Amak erantzun zuen bere maitagaia Margateko eskola batean zegoela, itsasoko bainuak hartzeko abaguneaz baliatuz —hori irailean izan zen-; baina susmoa zuela neskaren adiskideak biak elkartzearen kontra zeudela. Bihotz Adoretsuk supituki erabaki zuen bonbardatu egingo zuela, behar izanez gero, herri hura.

        Asmo horrekin hartu zuen ontziaren agintea, eta indar borrokatzaileak izan ezik, gainerako guztia Sendiara transbordatu zuen, iraumenean nabigatzeko aginduz. Laster bota zuen aingura Bihotz Adoretsuk Margate Roadsen aurrez aurre. Lehorrera jo zuen, ongi armaturik eta bateleko tripulazioak eskoltaturik —horren buru zihoan Gilen fidel bezain basati—, eta alkatearekin hitz egitea eskatu zuen eta hura bidera irten zitzaion.

        — Ezagutzen al duzu, agian, han ainguraturik dagoen ontziaren izena? —galdetu zuen arranditsu Bihotz Adoretsuk.

        — Ez —erantzun zuen alkateak, begiak igurtziz, zeren ontzi bikain hura begiz jotzean ezin baitzuen sinetsi ikusten ari zena.

        — Ederra du izena —jarraitu zuen esaten kapitainak.

        — Nolatan gero! —erantzun zuen asaldaturik alkateak—. Orduan, zu zara Bihotz Adoretsu kapitaina?

        — Berbera.

        Isilaldi bat sortu zen. Alkatea dardarka zegoen.

        — Eta orain, alkatea, hautatu —esan zuen kapitainak-: emaztegaia niri ekartzea ala bonbardaketa jasan.

        Alkateak bi orduko epea eskatu zuen neska non zegoen jakiteko. Bihotz Adoretsuk bakarra eman zion, eta zelatari aldezinezkotzat Gilen Buzey jarri zion, ezpata biluziarekin noranahi lagundu behar baitzuen.

        Handik ordu betera alkatea berriz agertu zen bizi baino hilago, Buzey hil baino biziagoaren zelataritza hertsiaren pean.

        — Kapitaina —esan zuen alkateak—, jakin dut aipaturiko neska hori bainu bat hartzera doala. Une honetan bertan zain dago kotxe bat libre geratzen den. Marea behean dago, nahiz eta igotzen hasita dagoen. Inork ez du nire susmorik izango udal bateletako batean bertara hurbiltzen banaiz. Bera aurreratzean bainu-jantzitan autoaren kapotaren atzetik ur azaletan barrena, nire txalupa tartean jarriko zaio atzera egin ez dezan. Gainerakoa zeuk egizu.

        — Alkatea —erantzun zion Bihotz Adoretsu kapitainak—, hiria salbatu duzu.

        Kapitainak batela desatrakatzeko agindu zion tripulazioari, hartu lema, bainu-tokiaren aldera arraunean egiteko eskatu eta, hara iritsi orduko, atsedena har zezatela, arraunei jaregin gabe. Dena aurreikusitakoaren arabera gertatu zen. Bere neskalagun xarmangarria bainurantz aurreratu zen, alkatea atzetik isilka joan zen, neskak aztoratu eta oina galdu zuen, eta une hartan, lemakada iaio baten eta arraunen abialdi kementsu baten bitartez, Bihotz Adoretsu maiteminduak besoetan hartu zuen. Bere izuikarazko garrasiak poz-oihu bihurtu ziren orduan.

        Ederrak itsasoratzeko aukera izan baino lehen, herriko eta portuko bandera guztiak altxarazi ziren eta kanpai guztiak dilindan jarri zituzten, Bihotz Adoretsu kementsuari ez zuela ezeren beldurrik izan behar aditzera emanez. Hori ikusirik, hantxe bertan ezkontzea erabaki zuen, eta banderazko telegrafoaren bitartez elizgizon bat eta sakristaua bidaltzeko eskaria egin zuen. Horiek laster etorri ziren Larretxori izeneko bateltxoan. Ederra ontzian beste jai bikain bat ospatu zen; hartan ari zirela mezulari bat heldu zen alkatearen bila, eta hura itzuli zen albiste batekin, Gobernuak jakin nahi zuela ea Bihotz Adoretsu kapitainak onartuko zuen koronel gradua hartzea piratatzan arituz herrialdeari egin zizkion zerbitzu baliotsuak eskertzeko. Kapitainak errefusatu egingo zukeen halako opari kaxkarra; baina neskalagunari ilusioa egiten zionez gero onartu egin zuen koronel izatea.

        Gauza bakar bat gertatu zen Sendia ontzi bikainari guztientzako opariekin handik alde egiteko baimena eman baino lehen. Mingarria da gogoratzea —baina horrela agertzen da giza izaera lehengusu batzuengan— Tomastxo, Bihotz Adoretsuren lehengusu makurra, hiru egurkada dozenatara zigortu behar zain zutela «lotsagabe izateagatik eta iseka egiteagatik». Baina Bihotz Adoretsuren emazteak bitartekaritza egin zuen eta barkatu egin zioten.

        Ederra konpondu egin zuten, eta kapitaina eta emaztea Indiar Ozeanora abiatu ziren, handik aurrera zoriontsu bizi izateko.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren

 

 

"Charles Dickens / Opor eleberria" orrialde nagusia