Bigarren atala

ALIZIA RAINBIRD
ZAZPI URTEKO ANDEREÑOAK
IDATZITAKO ELEBERRIA

 

        Baziren behin batean errege bat eta erregina bat. Erregea gizonik kementsuena zen; eta emaztea emakumerik politena zen. Erregea, bere bizitza pribatuan, bulegaria zen lanbidez. Erreginaren aita baserri-mediku izana zen.

        Hemeretzi seme-alaba zituzten, eta oraindik gehiago zetozen. Hamazazpik zaintzen zuten haurtxoa, eta Aliziak, zaharrenak, haiek guztiak zaintzen zituen. Haien adinak zazpi urtetik zazpi hilabeterakoak ziren.

        Garraizkion geure istorioari.

        Erregea bulegora zihoan egun batean, arrain-saltzailearenean gelditu zen libra eta erdi izokin erosteko, baina buztanaren ondokoa ez zena; erreginak —oso etxeko emakumea izaki— arraina bizilekura eramanarazteko eska zezala esan zion. Pickles jaunak, arrain-saltzaileak, esan zion:

        — Zerbitzatua izango zara, jauna. Nahi al du beste zerbait jaun horrek? Egun on dakizula.

        Erregea oso malenkoniatsu zihoan bere bulegora, zeren oraindik asko falta baitzen hiruhileko pagarako, eta bere haur maiteetako batzuk beren jantzietan ez sartzeraino hazita zeuden. Oraindik asko ibili baino lehen, Pickles jaunaren mandatu-mutilak atzetik atzeman eta esan zion:

        — Jauna, ez al da ohartu berori gure dendan zegoen adineko emakumeaz?

        — Zer adineko emakumez ari haiz? Ez diat inor ikusi —esan zuen erregeak.

        Jakina, erregeak ez zuen adineko emakumerik ikusi, zeren hura ikusezina baitzen berarentzat, nahiz eta Pickles jaunaren mutilarentzat ikuskor izan. Hori gertatzea, seguraski, izan zen mutikoa garbitzen eta dena urez zipriztintzen ari zelako, bere botekin putzuan txipli-txaplaka, non ikuskor bihurtu izan ez balitz, jantziak lohituko baitzizkion.

        Une hartantxe bertan heldu zen adineko emakumea lasterka. Arropak kalitate hobereneko seda tornasolatuzkoak zituen eta izpiliku iharraren usaina zerien.

        — Berori al da Watkins I. erregea? —galdetu zuen adineko emakumeak.

        — Watkins da, izan ere, nire izena —erantzun zion erregeak.

        — Oker ez banago, Alizia printzesa ederraren aitatxo.

        — Eta beste hemezortzi aingerutxorena —esan zuen erregeak.

        — Ikusten dudanez, bulegora zihoan berori —esan zion adineko emakumeak.

        Erregearen burutik, tximistaren pare, hadaren bat zelako ideia igaro zen. Nola jakin zitzakeen bestela halako gauzak?

        Adineko emakumeak, pentsamenduak igarriz, esan zion:

        — Arrazoi du berorrek. Neu naiz Grandmarina hada zintzoa. Entzun! Bazkal garaian etxera itzultzean, adeitasunez gonbida beza Alizia printzesa erosi berria duzun izokina bion artean banatzeko.

        — Agian ez dio onik egingo —esan zuen erregeak.

        Hainbestekoa izan zen adineko emakumearen sumindura burutapen zentzugabe horren aurrean, non erregea alarmatu eta barkamena eskatzen hasi zen.

        Adineko emakumeak, destainarik handieneko keinuaz, esan zuen:

        — Gogaiturik nago jendeari entzuteaz hau ez dagoela ongi, edo besteak ez duela onik egiten. Ez bedi tripazaia izan. Uste dut dena berorrentzat nahi duela.

        Erregeak burua makurtu zuen gaitzespen horren aurrean, eta ziurtatu zuen sekula santan ez zuela esango gehiago gauza batek ez zuela onik egiten.

        — Ez egin horrelakorik, eta izan jatorra —esan zion Grandmarina hadak—. Alizia printzesa ederrak onartzean izokina jatea, hala egingo duela uste baitut, konturatuko zara platerean arrain-hezur bat utziko duela. Esaiozu lehortu, igurtzi eta leuntzeko harik eta perla baten pareko distira izan arte, eta arretaz gorde dezala nire oparitzat.

        — Besterik ez? —esan zuen erregeak.

        — Ez bedi urduria izan, jauna —erantzun zuen Grandmarina hadak gaitzespen zorrotzeko tonuan—. Ez eten jendeari hitza hizketan amaitu aurretik. Horixe egiten duzue beti pertsona nagusiek.

        Erregeak berriro burua makurtu zuen, eta esan zion ez zuela sekula santan gehiago egingo.

        — Ez egin horrelakorik, eta izan jatorra —esan zuen Grandmarina hadak—. Esan Alizia printzesari, nire nahitasunaren berri ematen diozuen bitartean, arrainaren hezurra opari magikoa dela, behin bakarrik indarra izango duena, baina orduan nahi duen guztia emango diona, baldin eta une egokian nahi izanez gero. Hauxe da mezua. Hutsik egin gabe eraman.

        Erregea has zen esaten:

        — Galde al nezake arrazoia...?

        Baina hada haserre bizitan jarri zen, eta oinaz lurra joz esan zion:

        — Nahiko al du berorrek azkenean jatorra izan? Has gara honen arrazoia eta haren arrazoiarekin. Beti arrazoia jakin nahi du berorrek. Ez dago arrazoi eta arrazoi ondokorik. Aski da! Kokoteraino nago pertsona helduok dituzuen arrazoiez.

        Erregea izugarri ikaratu zen adineko emakumearen suminaldi haren aurrean, eta esan zion benetan deitoratzen zuela mindu izana, eta ez zuela sekula santan gehiago arrazoirik galdetuko.

        — Ez egin horrelakorik, bada, eta izan jatorra —erantzun zuen adineko emakumeak.

        Hitz horiek esanik, desagertu zen Grandmarina eta erregeak bere bideari jarraitu zion, bulegora heldu zen arte. Bertara iritsi eta gero idatzi eta idatzi eta idatzi aritu zen, harik eta etxera itzultzeko unea heldu zen arte. Orduan adeitasunez gonbidatu zuen Alizia printzesa izokina berekin jatera, horrela hadak esandakoa betez. Printzesak atsegin handiz jan zuen, eta erregeak arrainaren hezurra platerean ikusi zuen, hadak iragarri bezala, eta bere alabari haren mezua eman zion. Alizia printzesa arduratu zen hezurra lehortzeaz, igurzteaz eta leuntzeaz harik eta perlaren distira izan zuen arte.

        Biharamun goizean, erregina ohetik jaikitzeko unean, esan zuen:

        — Ai ene, ai ene! Nire burua, nire burua!

        Eta zorabiatu egin zen.

        Alizia printzesa, gosariaz galdetzeko atean agertu zena, erabat izutu zen bere ama erregina hala ikusteaz, eta Margari abisatzeko, hala baitzuen izena lord txanbelanak, txilina jo zuen. Baina gatz-flaskoa zegoen tokiaz oroitu zen. Igo aulkira eta eskua ezarri zion; hori eginik, erreginaren ohe ondoan zegoen beste aulki batera igo zen eta gatz-flaskoa sudurraren ondoan ezarri zion, eta hori egin ondoren lurrera salto egin eta ura ekarri zuen, eta gero berriro aulkira igo eta erreginaren bekokia busti zuen; hitz batean esateko, lord txanbelana heldu zenean, andre on eta zaharra baitzen, erreginari esan zion:

        — A zer miraria! Neronek ere ez nuen hobeki egingo.

        Baina ez zen horretan gelditu erregina onaren gaixotasuna. Oi, ez! Oso gaixorik egon zen luzaroan. Alizia printzesa arduratu zen hamazazpi printzetxo-printzesatxoak zalapartari ez ibiltzeaz, haurtxoa jantzi, erantzi eta kulunkatu egin zuen, kafeontzia irakinarazi zuen, zopa berotu, sukaldea erraztatu, sendagaia neurtu, erreginari kontu egin, bere esku zeukan guztia egin zuen, beti lanpeturik, lanpeturik eta lanpeturik, lanpetuena egon daitekeen eran. Jauregi hartan ez zegoen zerbitzari-soberakinik, hiru arrazoirengatik: erregea diruz urri zebilelako, bulegoan inoiz ez ziotelako soldata igotzen eta hiruhilekoaren amaierak, hain urrun zegoen, izartxo bat bezain txikia zirudielako.

        Baina non zegoen arrain-hezur magikoa erregina zorabiatu zen goiz hartan? Bada, hantxe bertan, Alizia printzesaren sakelan! Ateratzera zihoan erreginak konortea berreskura zezan; baina hobeki pentsatu eta bere lekuan utzi zuen berriro eta gatz-flaskoaren bila joatea nahiago izan zuen.

        Erregina goiz hartan bere ondoezetik seneratu ondoren, lokuluxkatxo bat egiten ari zela, Alizia printzesa eskaileretan gora joan zen lasterka bizian sekretu guztiz berezi bat dukesa zen konfiantza handiko adiskide bati kontatzera. Jendea andrakila bat zelakoan zegoen; baina egiaz dukesa bat zen, nahiz eta printzesak bakarrik jakin hori.

        Aipaturiko sekretu guztiz berezi hori arrain-hezur magikoarena zen, eta dukesak ongi baino hobeki ezagutzen zuen horren historia, zeren printzesatxoak dena kontatzen baitzion. Printzesa, dukesa burutik oinetaraino jantzita, etzanda zegoen ohearen alboan belaunikatu zitzaion, eta bere sekretua esan zion txutxuputxuka. Dukesak irribarre egin eta buruaz baietz esan zion. Jendeak uste zuen ez zuela inoiz irribarre egiten ezta burua baietz esateko mugitzen ere; baina kontua da sarri egiten zuela, nahiz eta inork ez jakin hori, printzesak izan ezik.

        Hori eginik, printzesa Alizia eskaileretan behera joan zen lasterka erreginaren gelan zainketan egotera. Sarritan egoten zen bera bakarrik zainketan; baina erreginaren gaixotasunak iraun zuen bitartean, arratsaldero erregea lagun zuela egiten zuen zaintze-lan hori. Eta arratsaldero erregeak samindu-aurpegiarekin begiratzen zion, bere buruari galdezka zer zela eta ez zion arrain-hezurrari laguntza eskatzen. Eta konturatzen zenean, Alizia, eskaileretan gora joaten zen lasterka berriz ere dukesari sekretua kontatzera eta gainera esaten zion:

        — Uste dute haurrok ez dakigula zertan ari garen eta zer nahi dugun.

        Eta dukesak, inork gogoratzen duen fin eta dotoreena izan arren, begia keinatzen zion.

        — Alizia —esan zuen gau batean erregeak alaba «gabon» esaten ari zitzaiola.

        — Adi nago, aita.

        — Zer gertatu da arrain-hezurrarekin?

        — Sakelan dago, aita.

        — Galdu zenuelakoan nengoen.

        — Inondik ere ez, aita!

        — Edo ahaztu egin zenuelakoan.

        — Sekula ere ez, aita!

        Eta honetan gertatu zen etxekoeneko txakurtxo marmukari eta beldurgarria eskolatik etxera itzuli eta sarrerako mailadian zegoen printzetxoetako batengana oldartu zela. Hainbesteraino ikaratu zuen, non patxada galarazi baitzion. Eta printzetxoak, nahi gabe, zartako bat eman zion ateko beirari, txikimila eginez eta eskua odola eta odola eta odola zeriola jarri zitzaion. Beste hamasei printzetxo eta printzesatxoak odola eta odola eta odola zeriola ikusi zutenean, ikaratu eta guztiak aho batez garrasika hasi ziren etsipenak jota. Baina Alizia printzesa banan-banan ahoak eskuaz estaliz joan zitzaien, eta isilik egoteko konbentzituz, erregina gaixotua asalda ez zezaten. Odoletan zegoen printzearen eskua urez beteriko azpil batean sartu zuen, beren hogeita hamalau begiez (hamazazpi bider bi berdin hogeita hamalau) begira zeuden bitartean, eta gero ongi begiratu zuen ea beira-zatirik gelditzen zen, baina zorionez ez zen halakorik gelditzen. Ondoren zango guriekiko bi printzetxori esan zien, zeren txikiak izan arren, sendoak baitziren:

        — Ekarridazue erret poltsa, ehun-ebakinak gordeta dauzkana.

        Bi printzetxoek arrastaka ekarri zuten trapuen poltsa, eta Alizia printzesa lurrean eseri zen guraize-pare bat, jostorratza eta hariarekin, eta ebaki, albaindu, guraizetu eta bendaia oso bat konpondu zuen, zaurian ezartzeko, eta primeran gelditu zen; eta bere egitekoa amaitzean, aita erregea, ateko beiratik begira zegokiola ikusi zuen.

        — Alizia.

        — Adi nago, aita.

        — Zertan ari zinen?

        — Moztu, guraizetu, albaindu eta konpontzen, aita.

        — Non duzu arrain-hezur magikoa?

        — Sakelan, aita.

        — Galdu zenuelakoan nengoen.

        — Bai zera, aita!

        — Edo ahaztu zenuelakoan.

        — Sekula ez, aita!

        Hori egin ondoren, eskaileretan gora joan zen lasterka dukesarengana, eta gertaturiko guztiaren berri eman zion, eta berriro bere sekretua azaldu zion. Dukesak bere kizkur urrezkoei eragin eta ezpainak ireki zituen irribarre egiteko.

        Baina gauzak ez ziren hor gelditu, zeren beste abagune batean supazterreko burdina-hesiaren kontra erori baitzen haurtxoa. Hamazazpi printzetxo eta printzesatxoak ohiturik zeuden erortzera, batzuetan supazterreko burdina-hesiaren kontra eta, beste batzuetan, eskaileretan behera; baina ez ordea haurtxoa, aurpegia handiturik eta begia belzturik zuela irten baitzen. Gizajoa Aliziak magalean ez zeukalako erori zen, zeren suaren aurrean eseri baitzen, mugitzen uzten ez zion amantaltzar arrunt batekin, eta arbiazak zuritzen hastera zihoan bazkarirako salda prestatzeko; eta lan horri ekin behar izan bazion izan zen goiz hartan erregearen sukaldaria bere bihotzeko maiteñoarekin alde egina zelako, soldadu oso garai eta oso mozkor batekin. Hamazazpi printzetxo eta printzesatxoak zerbait gertatu bezain laster garrasika hasten zirenak, txilio eta oihu egiteari ekin zioten. Baina Alizia printzesak, malkoren bat eragotzi ahal izan ez zuenak, esan zien isiltzeko berriro goian zegoen erreginak okerrera egin ez zezan. Era honetara hitz egin zien.

        — Ea isiltzen zareten, guztiok tximinoak ematen baituzue, bitartean begiratuko dut ea zer gertatu zaion haurtxoari.

        Ongi baino hobeki begiratu zion eta kontua da ez zuela ezer hautsirik; burdina hotz bat pasatu zion hazitako begitik eta masaila minberatua laztandu zion besoetan lokartu zitzaion arte. Gero hamazazpi printzetxo eta printzesatxoei esan zien:

        — Ez naiz lotara eramatera ausartzen, gerta baitaiteke esnatu eta oraindik kolpeak min ematea; onak bazarete eta iskanbilarik sortzen ez baduzue, guztiok sukalketara jolas egingo dugu.

        Pozez saltoka hasi ziren hala hitz egiten entzutean, eta egunkari zaharrez sukaldari-txanoak egiteari ekin zioten. Bati gatzontzia eman zion; beste bati, zekalea; beste bati, belarrak; beste bati arbiazak; beste bati, azenarioak; beste bati, tipulak; beste bati, espezie-kutxatila, guztiak sukaldari bihurtu eta oso lanpeturik egon ziren arte, eta bera erdian eserita, bere mantaltzarrean bildurik, haurtxoa zaintzen. Eta halaxe egin zen salda.

        Itzartu zen haurtxoa eta Aliziak printzesatxorik jatorrenari eman zion. Gainerako printzesa eta printzeek, txoko batean pilaturik, Aliziak salda-eltzeari nola eragiten zion begira zeuden; beti bezala, zerbait ari zitzaien gertatzen, beldur ziren zipriztinen batek harrapatu eta erreko ote zituen. Eta salda irakiten eta lurrinetan hasi zenean, usain gozoa zeriola, guztiek txalo jo zuten. Eta haiek ikustean, haurtxoa ere txalopin egiten hasi zen; horrek, eta hagineko mina balu bezala aurpegia hazita zeukala ikusteak barre eragin zien printzetxo eta printzesatxoei. Alizia printzesak esan zien:

        — Barre egin eta txintxoak izan; bazkaldu ondoren ohea jarriko diogu txoko batean hemezortzi sukaldarien dantza ikus dezan.

        Printzetxo eta printzesatxoak liluraturik geratu ziren hala hitz egiten entzutean, hartu zuten salda guztia, garbitu zituzten plater eta erretiluak, ezarri zuten bakoitza bere lekuan, eta mahaia txoko batera eraman zuten herrestan. Orduan haiek, beren sukaldari-txanoekin, eta Alizia printzesak, mantal arruntarekin, egiazko maitasunarekin —soldadu garai eta mozkor batekin— ihes egin zuen sukaldariarena baitzen, hemezortzi sukaldariek, haurtxoaren aurrean egin zuten dantza eta hark, pozaren pozez, ahaztu egin zituen bere aurpegi handitua eta begi ubeldua.

        Beste behin, Alizia printzesak Watkins I., bere aita, ikusi zuen, atalasean begira zegoela, eta esan zion aitak:

        — Zertan ibili zara, Alizia?

        — Sukalketan eta berriketan.

        — Beste zertan ibili zara, Alizia? ­

        — Neba-arrebak alaitzen, aita.

        — Non duzu arrain-hezur magikoa, Alizia?

        — Sakelan, aita.

        — Galdu zenuelakoan nengoen.

        — Bai zera, aita!

        — Edo ahaztu zenuelakoan.

        — Sekula ez, aita!

        Erregeak orduan hain tristeki egin zuen hasperen, hain zirudien abaildua, hainbesteko goibelaz eseri zen, burua esku gainean eta ukondoa sukaldeko hormaren kontrako mahaian zituela, non hamazazpi printzetxo-printzesatxoak isilik kanpora joan baitziren eta aita Alizia printzesarekin eta haurtxoarekin bakarrik utzi baitzuten.

        — Zer gertatzen zaizu, aita?

        — Pobrea baino pobreagoa naizela, alabatxo!

        — Ez al zaizu batere dirurik gelditzen?

        — Ezta txanponik ere.

        — Ez al duzu eskuratzeko modurik, aita?

        — Batere ez —erantzun zuen erregeak—. Lehia handienaz ibili naiz bila, eta bitarteko guztiak erabili ditut.

        Hitz horiek entzutean, Alizia printzesa sakelan eskua sartzen hasi zen, arrain-hezur magikoa gordeta zeukan tokian, eta esan zuen:

        — Aita, gauza bat eskuratzeko lehia handienaz ahaleginak egin direnean eta bitarteko guztiak erabiliz, dena egin dugu, egin ahal izan dugun guztia. Ez al da hala?

        — Halaxe da, Alizia.

        — Dena egin dugunean, egin ahal izan dugun guztia egin dugunean, esan liteke inori laguntza eskatzeko orduak jo duela.

        Eta horixe zen hain zuzen arrain-hezur magikoaren sekretua, Grandmarina hadaren hitzetan, berak bere kabuz aurkitu zuen sekretua, eta hainbeste bider adiskide eder eta dotorea zuen dukesaren belarrira txutxuputxuka esandakoa.

        Lehortu, igurtzi eta perlaren distira emateraino leunduriko arrain-hezurdura atera zuen orduan sakelatik, eta musu eman zion adieraziz egun hura hiruhileko ordainketa-eguna izatea nahi zuela. Eta supituki hiruhileko ordainketa-eguna izan zen, eta erregearen hiruhileko soldata txin-txinka jaitsi zen tximiniaren barrutik eta sukaldearen erdira amildu zen.

        Baina hori ez zen gertatuaren erdia ere izan, ezta laurdena ere, zeren berehalaxe heldu baitzen Grandmarina hada lau paumak tiraturiko karro batean, eta atzetik Pickles jaunaren mutila zetorren, zilar eta urrez jantzirik, kapela oso garai batekin, ileak zuriz hautseztaturik, sedazko galtzerdi eskarlatekin, makila harribitxiztatua eta lore-sorta batekin. Lurrera jauzi egin zuen Pickles jaunaren mutilak, kapela erantzi, eta kortesiarik adeitsuena erakutsiz —enkantamenduz eraldatu egin baitzen—, Grandmarina hadari karrotik jaisten lagundu zion; eta hura aurrean kokatu zitzaion, izpiliku-usaina zerion seda tornasolatu aberatsezko bere soinekoarekin, haizemaile distizariz bere buruari airea emanez.

        — Alizia, ene maitea —esan zuen hada xarmangarri eta urtetsuak—, nola zaude? Oso ongi, ez al da horrela? Emadazu musu bat.

        Alizia printzesak musu eman zion eta orduan Grandmarina hada erregearengana bihurtu zen eta galdetu zion:

        — Zintzoa al zara?

        Erregeak erantzun zion baiezkoan zegoela.

        — Uste dut jakin badakizula nire alabatzako honek —eta hori esatean beste musu bat eman zion printzesari— zergatik ez duen orain arte arrain-hezurraz baliatu nahi izan.

        Erregeak gurtze arin bat egin zuen, lotsaturik.

        — Orduan ez al zenuen aurkitu zergatikoa aurrekoan hitz egin nizunean? —esan zuen hadak.

        Erregea makurtu egin zen, oraindik lotsatuago.

        — Eta jadanik ez al duzu pentsatzen arrazoiak galdetzean?

        Erregeak erantzun zion ezetz, eta oso damuturik zegoela.

        — Izan zintzoak, orduan —esan zuen hadak—, eta bizi zaitezte zoriontsu aurrerantzean.

        Grandmarina hadak seinale bat egin zuen bere haizemaileaz eta erregina bikainkiro jantzita agertu zen, eta hamazazpi printzetxo-printzesatxoak ere aurkeztu ziren; baina jadanik ez zerabiltzaten soinean lehen labur gelditzen zitzaizkien jantziak, baizik eta burutik oinetaraino dotore-dotore eta ehunean egindako azpildurekin luzatu ahal izateko. Hori eginik, hadak haizemaileaz ukitu zuen Alizia, eta mantal itogarri eta zakarrak hegaz egin zuen handik, neskatoa finezia handienarekin jantzita agertu zelarik, andregai baten antzera, laranja-lorezko girlanda eta belo zilarkararekin. Gero, Grandmarina hadak jantziteria oso bat eman zion Aliziari, neurrira egindako arropa luxuzkoenekin eta gainera eskatu zuen dukesa aurkez ziezaiotela eta berehalaxe joan ziren haren bila.

        Hada eta dukesaren artean txutxuputxu batzuk izan ziren, eta, bat-batean, hadak ahots goraz esan zuen:

        — Bai... pentsatu dut Aliziak honez gero sekretua kontatuko zizula.

        Grandmarina erregea eta erreginarengana itzuli zen, eta honela mintzatu zitzaien:

        — Halakonorbait printzearen bila goaz.

        Hemendik orduerdirako, zuek elizan egotearen atsegina eskatzen dut.

        Hada eta Alizia printzesa karrora igo ziren. Pickles jaunaren mutilak eskua eman zion dukesari igotzen laguntzeko, eta hura aurrez aurre eseri zen. Pickles jaunaren mutilak istribua jaso zuen orduan, igo zen atze aldera eta paumak hegaz abiatu ziren buztanak haizemaile erara zabalik zituztela.

        Halakonorbait printzea bakarrik eserita zegoen, karameluak jaten eta laurogeita hamar urte izateko zain. Paumak eta karroa bere leihoaren aurrean gelditu zirela ikustean, bat-batean zerbait apartekoa gertatzera zihoala bururatu zitzaion.

        — Printzea —esan zion Grandmarinak—, andregaia dakarkizut.

        Hadak hitz horiek esan bezain laster, Halakonorbait printzearen aurpegia garbiturik agertu zen, karamelu arrastorik gabe, panazko haren txamarra eta prakak muxika-lore koloreko belusa bihurtu ziren, ileak kiribildu egin zitzaizkion, txori baten gisara hegaz txano lumadun bat etorri eta buruan ezarri zitzaion. Hadak gonbidaturik, sartu zen karroan, eta, bertan zegoela, antzinako ezagun gisara agurtu zuen dukesa.

        Elizan zeuden printzearen ahaide eta adiskideak, Alizia printzesaren ahaide eta adiskideak, hamazazpi printzetxo-printzesatxoak, haurtxoa eta auzoko jendetza bat. Ezkontzako zeremonia ezin esan ahalekoa izan zen. Dukesa izan zen ohorezko dontzeila eta ekitaldia pulpitutik begietsi zuen, kuxin batean bermaturik.

        Grandmarinak ondoren eztei-jai bikain bat eman zuen, eta bertan nahi adina eta gehiago jan ahal izan zuen mundu guztiak, eta nahi adina eta gehiago edan ahal izan zuen mundu guztiak. Eztei-pastelak apaindura delikatuak zituen saten zurizko xingolekin, zilar matea eta zitori zuriekin, eta berrogeita bi yardako zirkunferentzia zuen.

        Grandmarinak «bikote gazteari zion eranspenarengatik» topa egin ondoren, Halakonorbait printzeak hitzaldi bat eman eta guztiek «Hip, hip, hip! Hurra!» oihu egin ondoren, hadak iragarri zien erregeari eta erreginari aurrerantzean urtean zehar zortzi egunetan izango zirela hiruhileko ordainketak, urte bisestuetan izan ezik, izan ere horietan hamar izango baitziren. Gero Halakonorbaitengana eta Aliziarengana itzuli eta esan zien:

        — Adiskideok, hogeita hamabost seme-alaba izango dituzuela, eta denak jatorrak eta ederrak izango direla iragartzen dizuet. Zuen seme-alabetarik hamazazpi gizonezkoak izango dira eta hemezortzi, emakumezkoak. Guztiek ileak berez kiribilduak izango dituzte, guztiek pasako dute elgorria, eta guztiak sendatuko dira kukutxeztuletik jaio baino lehen.

        Hain albiste atseginak entzutean, berriz ere guztiek oihu egin zuten:

        — Hip, hip, hip! Hurra!

        — Eta gauza bakarra falta da —esan zuen azkenik Grandmarinak-: arrain-hezurra desagerraraztea.

        Hartu zuen Alizia printzesaren eskutik, eta bat-batean hezurra hegaz hasi zen, exekoeneko txakur ikaragarri eta marmukariaren eztarrian sartuz, eta trabeska jarri zitzaion eta handik gutxira hil egin zen.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren

 

 

"Charles Dickens / Opor eleberria" orrialde nagusia