Lehen atala

ATARI ELEBERRIA, GILEN TINKLING,
ZORTZI URTEKO KAPAREAREN LUMATIK IRTENA

 

        Lehen atal hau ez da inork asmatua. Bertan kontatzen den guztia egia da. Lehen atal hau darraikion guztia baino fede handiagoz sinetsi behar duzue; bestela, ez zenukete asmatuko ulertzen zer arrazoirengatik idatzi den darraikiona. Sinets ezazue dena; baina oraindik gehiago sinets ezazue hemen doan hau, mesedez. Zeren honen egilea neu bainaiz. Robertotxo Redforth, nire lehengusua denak eta berariaz niri adarra jotzeko mahaia astintzen ari denak izan nahi izan zuen honen idazlea. Nik esan nion ez zuela horrelakorik egin behar, ez zuelako nola egin jakingo. Arrastorik ere ez dauka nola idatzi behar den.

        Goxane Ashford da nire neskalaguna. Eskuin eskuko gelatxoan ezkondu ginen, elkar ezagutu genuen dantza-eskolaren izkinan dagoenean, Wilginkwaterko jostailu-dendako eraztun (berdea zen) batekin. Neure patrikako diruz ordaindu nuen. Zeremonia zoragarria amaitu eta gero, laurok bidean aurrera joan eta kanoi bat disparatu genuen ezteia iragartzeko (Robertotxo Redforthek kanoia kargaturik ekarri zuen txalekoaren sakelan). Eta leher egin zuenean, jauzi bat egin eta iraulita gelditu zen. Biharamunean, Robertotxo Redforth teniente koronela elkartu egin zen, antzeko zeremonien bidez, Alizia Rainbirdekin. Oraingoan, kanoia egundoko eztandarekin lehertu zen eta txakurkume baten antzera egin zuen zaunka.

        Garai hartan, nire neskalagun paregabea gatibutza nozitzen ari zen Grimmer andereñoaren etxean. Enpresa-izena Drowvey eta Grimmer da, eta iritziak bereizi dabiltza bietatik higuingarriena zein den erabakitzerakoan. Koronelaren neskalagun xarmangarria ere hormarteraturik zegoen toki bereko ziegan. Koronelak eta biok elkarri hitz eman genion, zin eginez, geure neskalagunak erreskatatuko genituela asteazkenean binaka paseatzera irteten zirenean.

        Egoeraren larritasunak beharturik, koronelaren garun eraginkorrak, legez kanpo aritzera ohiturik baitzegoen, pirata zelako, su artifizialekin erasoa egitea iradoki zigun. Hala eta guztiz ere, sentimendu gizakoiek eraginik, bertan behera utzi genuen proiektua, kostu handiegikotzat jotzen genuen eta.

        Koronela, jaka botonduaren azpian ezkutaturik zeraman paper-ebakitzekoaz arinki armaturik, eta bandera beltz beldurgarria eskuan zuela, nire pertsonaren aginteaz jabetu zen seinalaturiko egun gogoangarrian, arratsaldeko ordu bietan. Paper batean eraso-plan bat marraztu eta txirringilan jolasteko makila batean kiribilatu zuen. Erakutsi egin zidan. Nire kokagunea, argi-zutabe baten atzealdean, gorputz osoko nire erretratuaz markaturik zegoen (errakuntzaz, nire belarriak zeharretara marrazturik zeuden); agindua zen zirkinik ez egitekoa harik eta Drowvey andereñoa erortzen ikusi arte. Erori beharreko Drowveytarra betaurrekoduna zen, eta ez izpiliku-koloreko kapela zabalduna. Jazoera hura gertatzean, ni oldartu egin behar nintzaion, heldu nire neskalaguna i eta bidezidorreraino joan eta han koronela harremanean jarriko nintzen. Gure eta gure kamaraden artean bion neskalagunak geureganatuko genituen, garaile ateratzeko edo bestela hiltzeko prest.

        Agertu zen etsaia; hurbilduz joan zen. Koronelak eraso egin zuen, bere bandera beltza astinduz. Nahaste-borrastea sortu zen.

        Urduri baino urduriago egon nintzen eraso-seinalearen zain; baina ez zen halakorik gertatu. Erori ordez, Drowvey betaurrekodun gorrotatuak koronelaren burua bere bandera ilegalean bildu eta ekitakoaz jotzen ari zitzaiola iruditu zitzaidan. Izpiliku-koloreko kapeladun andereñoa ere kementsu ari zen koronelaren bizkarrari ukabilkadak ematen. Ordukoz dena galduta zegoela ikusirik, erabat etsita aritu nintzen borrokan, eskuz esku, eta bidezidorreraino iritsi nintzen. Atzeko errepidetik jo nuen. Zorionez, ez nuen inorekin topo egin, eta inolako gorabeherarik gabe heldu nintzen.

        Koronelak mende bat behar izan zuen gutxienez nirekin biltzeko. Hala iritzi nion nik behintzat. Jostun_ baten etxera joana zen tarratadak konpon ziezazkion, eta gure porrotaren errua Drowvey gorrotatuak bere buruari lurrera erortzen uzteko jarri zuen erresistentzia tematsuari bota zion. Haren setakeria ikusirik, oihu egin zion: «Hil hadi, traidorea», baina lehen bezain setati agertu zen.

        Biharamunean, dantza-eskolan agertu zen nire neskalagun apaina, koronelaren neskalaguna alboan zuela. Nola? Beste alde batera itzuli ote du burua niri ez begiratzeko? Ba, bai, jauna. Eta gero destainaz begiratu zidan eta beste dantzakide bat bazuen, aldez aurretik nire eskuan paper idatzi bat utzirik bertan lapitzez honako hau idatzirik zeukana: «Jainko maitea! Izango ote dut adorerik hitz hori idazteko? Nire senarra behi bat ote da?»

        Nire garun sukartuaren lehen harridura unean, ahaleginak egin nituen paperean aipatzen zen animaliarekin nire familia lotu zuen gaizkiesalea nor izan ote zen aurkitzeko. Nire ahaleginak alferrak izan ziren. Dantza amaitu zenean txutxuputxuka esan nion koronelari aldagelara etortzeko eta hantxe bertan erakutsi nion oharra.

        Kopeta zimurtu eta esan zidan:

        — Silaba bat falta zaiok.

        — Silaba bat...? Zein duk...? —galdetu nion.

        — Galdetzen dik paperean ea izango duen adorerik hitza idazteko. Ez dik izan. Heuk ikus dezakek ez duela hitza osatu —esan zuen koronelak, idatziriko esaldia seinalatuz.

        — Zein zuan hitza? —galdetu nion.

        — Koldarra —xuxurlatu zidan koronel piratak belarrira, papera bihurtuz.

        Orban hura garbitu ezean neure bizitzaldi osorako ohorerik gabeko mutila, hau da, pertsona izango nintzelako sentimenduaz jabeturik, auzitegi militar batek epai nintzala eskatu nuen. Koronelak onartu egin behar izan zuen neure eskubidean nengoela. Izan zen halako zailtasunen bat auzitegia eratzeko, Frantziako enperadorearen izebak ez baitzion honi kalera irteten uzten. Eta enperadorea zen auzi-mahaiburua. Ordezko bat hautatzeko astirik eman gabe, atzeko horman behera jaitsi eta gure artean agertu zen, monarka libre gisara.

        Soropilean, urmaeletik hurbil, izan zen epaiketa. Ohartu nintzen epaileen bat neukan etsairik gogorrena nuen almirante bat neukala. Gure artean, behin, koko-ale bat zela eta, nik onartu ezineko hitz batzuk gurutzatu ziren. Hala eta guztiz ere, ni, neure errugabetasunaz sinetsirik eta almirantearen alboan labanatxo bat zor zidan Estatu Batuetako presidentea eserita zegoela jakinik, probarako prestatu nintzen.

        Ikuskizun solemnea justizi epaitegi harena. Bi ofizial nagusik, mantalak alderantzitara zituztela, gidatu ninduten auzitegira. Ikusi nuen nire neskalaguna bertan zegoela, ekitako baten itzalpean, koronel-pirataren neskalagunak sustengaturik. Presidenteak, hain ekitaldi garrantzitsu batean irritxo ihes egiten utzi ziolako alfereztxo emakumezko bati kargu hartu ondoren, galdetu zidan ea neure burua «koldar ala ez koldar, errudun ala errugabe» aitortzen nuen. Nik erantzun nion, ahots irmoz, ez nintzela sentitzen ez koldar eta ez errudun. Berriro kargu hartu behar izan zion alfereztxo emakumezkoari behar bezala portatzen ez jakiteagatik, eta orduan bera mahaiburuaren kontra jarri zen, aretotik alde egin eta harriak botatzen has zitzaion.

        Nire etsai gupidagabeak, almiranteak, nire aurka zuzendu zuen salaketa. Koronelaren neskalagunari dei egin zion testigantza eman zezan iskanbila gertatu zenean ni argi-zutabearen atzean egona nintzela. Gertakari beraren lekuko gisara nire neskalagunari ere dei egiten ziotela ikustearen estuasunetik libratu egin beharko ninduketen; baina almiranteak ongi baino hobeki zekien zer egin behar zuen ni mintzeko. Lasai hadi, ene arima, ez ziok ardura eta. Gero koronelari deitu zioten, bere frogak ekar zitzan.

        Nire defentsarako une erabakigarria zen. Nire zaindariengandik libraturik, errudun aitortzen ez ninduten bitartean niri eusteko eskubiderik ez zuten bi kaiku baitziren, koronelari galdetu nion, zein zen bere iritziz, soldaduaren lehen betebeharra. Erantzuteko astirik izan baino lehen, Estatu Batuetako presidenteak zutitu eta auzitegiari berri eman zion esanez etsaia nuen almiranteak «Kementsu izatea» erantzun zuela, eta ez zela garbi jokatzea lekukoari erantzuna iradokitzea. Auzi-mahaiburuak agindu zuen hostoaz ahoa betetzeko almiranteari eta kordel batez ahoa lotzeko. Gogobeterik ikusi ahal izan nuen sententzia nola bete zen auziak aurrera jarraitu baino lehen.

        Orduan, praka-sakelatik paper bat atera eta galdetu nuen:

        — Zein da zure iritziz, Redforth koronela, soldaduaren lehen betebeharra? Ez ote da obedientzia?

        — Obedientzia da, noski —erantzun zuen koronelak.

        — Paper hori, arren begiraiozu, zure eskuz idatzia al da?

        — Halaxe da.

        — Marrazki militar bat al da?

        — Halaxe da.

        — Operazio baterako marrazki militar bat al da?

        — Horixe bera.

        — Egin genuen azken operaziorako?

        — Azken operaziorako, hain zuzen ere.

        — Deskriba ezazu arren eta gero emaiozu auzi-mahaiburuari.

        Une garaikor hartatik bukatuak ziren nire atsekabe eta arriskuak. Auzi-mahaikoak zutitu eta jauzika has ziren, nik hartutako aginduak zorrotz bete nituela egiaztatzean. Nire etsaiak, ahoa loturik baina lehengo asmo makur berberekin jarraitzen baitzuen, nola edo hala lortu zuen nik neure buruari desohore egin niola iradokitzea borroka-zelaitik alde egitean. Baina hori koronelak egin zuen gauza bera zen, eta honek aitortua zuen, bere ohore- eta pirata-hitzaren pean, borroka-zelaitik alde egitea, bataila galduta dagoenean, ez dela inolako desohorea koldar, ez errudun ez nintzelako sententzia ematera zihoazen, eta nire neskalagun loretsua prozesioan itzuliko zidaten besoetara; baina une hartan ustekabeko gertakari batek goibeldu zuen guztion poza. Nor izango eta Frantziako enperadorearen izeba, etorri eta hari ileetatik heldu ziona. Deliberazioak supituki bukatu ziren, eta epaiketa iskanbila batean amaitu zen.

        Bi arratsalde geroago, ilunabarreko itzalak erortzen hasten ari zirela, ilargiaren zilar-errainuak lurra ukitu baino lehen, lau pertsona nola sahats negartirantz, urmaelaren hegian baitzegoen, astiro hurbiltzen ari ziren ikusi ahal izan zen; huraxe zen, nahiz eta orain inor gabe egon, aurreko eguneko garaitzapen eta atsekabeen agertokia. Gehiago hurbilduz gero, ikusmen zorrotza zeukanak, pertsona haiengan pirata-koronela bereizi ahal izango zuen bere neskalagunarekin eta bi egun lehenagoko preso ausarta berearekin. Neskatilen aurpegi politetan abaildura nabari zen. Laurak sahatsaren azpian eserita egon ziren hitzik esan gabe, zenbait minutuz. Azkenean koronelaren neskalagunak hitz egin zuen, imintzioak eginez:

        — Alferrik da itxurak egiten jarraitzea, eta dena haizea hartzera bidaltzea izango da onena.

        — Zer dun itxurak egiten ibiltze hori?... —galdetu zuen piratak.

        Eta neskalagunak erantzun zion:

        — Ez segi fartsa horrekin, higuina ematen didak eta.

        Tinklingen neskalagun xarmangarria aitorpen sinestezin haren oihartzun bihurtu zen. Bi gerrariek begirada izotzezkoa trukatu zituzten elkarren artean. Koronel-pirataren neskalagunak jarraitu zuen:

        — Baldin eta helduak tematurik badaude egin behar dutena ez egiten, eta guri kasurik ez egiten, zer irabazten dugu itxurak eginda.

        — Estuasunetan sartzea; horixe da ateratzen dugun gauza bakarra —esan zuen Tinklingen neskalagunak.

        — Hik ezin hobeki dakik —gaineratu zuen koronelaren neskalagunak— Drowvey andereñoak ez duela onartuko inork lurrera botatzerik. Heu kexatu hintzen horretaz. Badakik, gainera, zeinen modu zorigaitzekoan bukatu zuan gerra-kontseilua. Gure ezkontzari dagokionez, uste al duk nire etxekoek baliozkotzat emango dutela?

        — Eta nirea baliozkotzat emango al dute nirekoek? —esan zuen Tinklingen neskalagunak.

        Bi gerrariek berriz ere begirada izotzezkoak trukatu zituzten elkarren artean.

        Gero, koronelaren neskalagunak esan zuen:

        — Nire etxekoek haizea hartzera bidaliko hindukete eta, gero ni erreklamatzera itzuliko bahintz, ile-, belarri- edo sudur-tiradizoren bat besterik ez huke lortuko.

        — Eta hi txilina jotzen tematzen bahaiz ni irten nadila eskatzeko —azaldu zion Tinklingi bere neskalagunak—, edozer gauza botako diate burura deigailuaren gaineko leihotik, edo bestela lorategiko garastodiaz blai eginda utziko haute.

        — Eta esan gabe doa zeuon etxeetan ere ez zenuketela hobeki pasatuko —esanez sartu zen tartean koronelaren neskalaguna—. Ohera bidaliko zintuzketete, edo zigor okerragoren bat ezarri. Eta gainera, nola mantenduko gintuzkezue zuek gu?

        Koronel-piratak adorez erantzun zuen:

        — Lapurretaren bitartez.

        Baina neskalagunak erantzun zion:

        — Eta helduek utziko ez balizuete lapurretan egiten?

        Koronelak erantzun zuen:

        — Oso garesti ordaindu beharko lukete.

        — Baina demagun ez dutela nahi oso garesti ordaindu eta ezta beste edonola ere; orduan, zer?

        Hitz horien ondotik isiltasun mingarria sortu zen.

        — Ez al naun maite jadanik, Alizia? —galdetu zuen koronelak.

        — Redforth, ni beti hirea nauk! —erantzun zion.

        — Jadanik ez al naun maite, Goxane? —galdetu zuen hau idazten ari denak.

        — Tinkling, ni beti hirea izango nauk! —erantzun zuen nire neskalagunak.

        — Goxane eta biok —esan zuen tristeki Aliziak— gogoeta egin dugu gure egoeraz. Helduek guk baino indar gehiago dute. Irrigarri uzten gaituzte. Gainera, garaiak aldatu egin dira. Atzo bataiatu zuten Gilen Tinklingen anaia txikia. Eta nola gertatu zen? Izan al zen erregerik zeremonia horretan? Erantzun ezak, Gilen.

        Ezetz erantzun nuen, Chopper osaba-aitona mozorropean izan ezik behintzat.

        — Eta erreginarik?

        Nik nekiela, behintzat, nire etxean ez zen erreginarik izan. Bazitekeen bakarren bat sukaldean egon izana, baina ez nuen uste, bestela neskameek hitz egingo baitzuten kasuaz.

        — Eta hadarik izan al zuan?

        — Ez ninan alerik ere ikusi.

        — Uste diat —esan zuen Aliziak irribarre malenkoniatsuz—, geure artean hitz eginak geundela nola seguraski han frogatuko zela Grimmer andereñoa hada gaiztoa zela, bataiora bere makuluarekin joan eta haurrari opari kaltegarriren bat eramango ziolako. Gertatu al zen horrelakorik ezer? Erantzuidak, Gilen.

        Erantzun nion amak esan zuela gero, eta esan ere esan zuen, noski, osaba-aitonaren oparia kakazahar bat zela; baina ez zuela esan kaltegarria zenik. Bakarrik aipatu zuen oparia arrunta zela, maiztua, bigarren eskukoa, eta berak kobratzen duenari ez dagokiona.

        — Ziur egon, helduak dira dena aldatu dutenak —esan zuen Aliziak—. Guk ezingo genuen horrelakorik egin, nahiz eta tentaldi hori izan, nahiz eta inoiz izango ez genuen. Agian, azken finean, baliteke Grimmer andereñoa hada gaiztoa izatea, baina ez du ezer egin helduek konbentziarazi dutelako horrelakorik ez egiteko. Nolanahi dela ere, barre egingo lukete gure lepotik aitortuko bagenie zer espero genuen gertatzea.

        — Zapaltzaileak dira! —esan zuen ahapean pirata-koronelak.

        — Ez esan horrelakorik, Redforth enea —esan zuen Aliziak—. Ez irainik egin horiei, bestela aitatxori kontatzera joango dituk eta.

        — Konta diezaiotela —esan zuen koronelak—. Bost axola niri. Nor dun hori?

        Puntu horretara iristean, bere adiskide makurrari aipatu berri zituen esaldi suminduengatik haserre egitearen eginkizun arriskutsuari ekin zion Tinklingek, arren jan zitzala erregutuz.

        — Zer geratzen zaiguk guri egiteko? —jarraitu zuen esanez Aliziak, betiko tonu onbera eta arrazoitzailearekin—. Hezi egin behar ditugu, beste era batean egin behar ditugu itxurak, itxaron egin behar dugu.

        Koronelak hortzak estutu zituen, lau ziren guztira eta beste baten zatia, zeren bi bider eraman baitzuten haginlariarengana, baina ihes egin baitzuen bere zaindariengandik.

        — Zer da hezte kontu hori? Zer da beste era batean itxurak egite hori? Zer da itxarote hori?

        — Pertsona helduak heztea —esan zuen Aliziak—. Gaur gauean banatu egingo gaituk. Bai, Redforth, banatu egingo gaituk —koronelak jaso egin zituen alkandoraren eskumuturrak—. Laster hasi behar duten datozen oporretan, kontzentratu egin behar dugu geure pentsamendua, helduak hezteko plan bat asmatzen ahalegindu beharra zaukaagu, gauzak nola izan behar duten beraiei aditzera emanez. Geure asmoa eleberri-belo baten azpian disimulatuko dugu. Hik, Goxanek eta hirurok. Gilen Tinklingek, argien eta bizkorren berak idazten baitu, idatzi egingo du. Ados?

        Koronelak gogogabezia nabariarekin erantzun zuen:

        — Berdin zaidan. —Gero galdetu zuen—: Eta zertan datza itxurak egite hori?

        — Haurrak garela —esan zuen Aliziak— itxurak egingo ditugu. Ez dugu helduak izan nahi, behar bezala laguntzen ez diguten horietakoak, eta hain gaizki ulertzen gaituztenak.

        Koronelak, oso haserre oraindik, marmar egin zuen:

        — Eta itxaroteaz, zer?

        — Ba, itxaron egingo dugu —erantzun zuen Aliziak, Goxaneren eskuak bereen artean hartuz eta begiak zerurantz jasoz—, itxaron egingo dugu beti fidel eta iraunkor, harik eta aldiak aldatu arte gure alde eta inork gure lepotik barrerik egin ez dezan arte, eta hadak itzuli arte. Itxaron egingo dugu, beti fidel eta iraunkor, laurogei, laurogeita hamar edo ehun urte arte. Ordurako, hadek haurrak bidaliko dizkigute eta guk aurrera aterako ditugu, gizaixoak!, gure arazo berberak baldin badituzte.

        — Horrelaxe egingo dugu, maitea —esan zuen Goxane Ashfordek, Aliziari bi besoez gerritik heldu eta musu emanez. Eta orain, nire senarrak guretzat gereziak erostera joan nahi badu, nik badut dirua.

        Modurik adiskidekorrenean gonbidatu nuen koronela lagun nintzan. Baina bera, bere duintasunaz ahazturik, aireari ostikoka hasi zen, ahuspez etzan zen lurrean, belarra erauziz eta mastekatuz. Hala eta guztiz ere, itzuli nintzenean, Aliziak ia aterata zeukan bere amorrualditik, eta baretzen ari zen esanez berehalaxe izango genituela laurogeita hamar urte.

        Lertxunaren azpian eserita eta gereziak jaten, ekitatiboki, zeren Alizia baitzen banatzailea, laurogeita hamar urte izatera jolas egin genuen. Goxane kexu zen esanez hezur bat zeukala bere sorbalda zaharretan makurtzera behartzen zuena, eta Aliziak kantatzeari ekin zion emakume adinekoaren ahotsaz, baina oso polita gertatzen zen. Poz-pozik geunden. Edo, gutxienez, patxada ederrean, zeren ez bainago oso ziur guztion alaitasunaz.

        Egundoko gerezi-mordoa zegoen, eta Aliziak beti zeraman poltsaren bat edo kartoizko edo metalezko kaxaren bat gauzak gordetzeko. Gau hartan beirazko edontzi bat zeukan gordeta bertan. Aliziak eta Goxanek esan zuten gerezi-ardoa prestatzera zihoazela gure maitasunarengatik topa egiteko, banatu baino lehen.

        Bakoitzari edontzikada bat egokitu zitzaigun, eta goxo-goxoa zegoen; eta batak bestearen atzetik topa egin genuen «geure maitasunarengatik banatu baino lehen». Edaten azkena koronela izan zen; eta niri buruan sartu zitzaidan ardoa burura igo zitzaiola. Hitz batean, edontzia hustu bezain laster begiei eragiten hasi zen, eta alde batera eraman ninduen eta, txutxuputxuka, esan zidan «neskekin ospa egin behar genuela isil-isilik».

        Neure adiskide legegabeari galdetu nion zer esan nahi zuen horrekin.

        — Geure neskalagunak bahitu eta gero ospa egitea, sigi-saga txikienik ere egin gabe, lehorreraino, Espainian.

        Nahiz eta nik planak porrot egingo zuela uste izan, agian saiatuko ginen; baina geure inguruan begiratzean, sahatsaren azpian ilargi-argia besterik ez zegoela ikusi genuen, eta gure neskalagun guztiz politak alde eginak zirela. Negarrari eman genion. Koronela hasi zen bigarren eta lehenengo bukatu zuen; baina indar handiagoarekin egin zuen.

        Lotsatu egin ginen geure buruak begi-gorriturik ikustean, eta ia ordu-erdi eman genuen haiek zuritzen. Igeltsua eman genuen betile-muturretan, nik koronelari eta koronelak niri, baina geure logeletan ispiluen aurrean egon ginenean egiaztatu genuen ez zela asko nabarmentzen, eta gainera betazalak handitu zitzaizkigula. Laurogeitaka urte bagenitu bezala mintzatu ginen biok. Koronelak esan zidan zolak eta takoiak ezarri behar zizkiela bota batzuei, baina ez zuela uste aitari esatea mereziko zuenik, zeren laurogeita hamar urterekin egokiagoa dela zapatak janztea, eta berak berehalaxe beteko zituela. Halaber, koronelak esan zidan, esku bat aldakan ezarriz, zahar sentitzen hasita zegoela, eta erreumak hartua. Nik neuk ere gauza bera esan nion neure buruaz. Gauez, afaltzen ari ginela, aurpegira bota zidaten, beti bota behar izaten didate zerbait, bizkarrak makurtzen ari zitzaizkidala. Eta ni pozik jarri nintzen.

        Eta hemen amaitzen da lehen atala, gehien sinetsi behar duzuena.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren

 

 

"Charles Dickens / Opor eleberria" orrialde nagusia