Bosgarren ahapaldia
GUZTIAREN AMAIERA
Bai! Zutabea berarena zen. Ohea berarena zen. Gela beraren lotegia. Baina hoberena eta zoriontsuena dena bere esku izatea zen: aurrean zeukan denbora berea zuen, eta nahi zituen zuzenketak egin zitzakeen.
— Iraganean, orainaldian eta etorkizunean biziko naiz! —errepikatzen zuen Scroogek, ohetik jaitsiz—. Hiruren izpirituek eginahalak egin dituzte nire baitan. Oi, Jakob Marley! Zerua eta Gabonak bedeinkatuak izan bitez horregatik! Belaunikaturik, Marley maitea, neure belaunen gainean diot!
Hain zegoen asaldaturik eta distiratsu bere asmo onekin, non bere ahots etenak ozta-ozta hitz egin baitzezakeen. Izpirituarekiko borroka hainbeste zotin egin zuelarik, aurpegia malkoz estalirik zuen.
— Ez dituzte erauzi —oihu egin zuen Scroogek, oheko gortinaietariko bat besotan harturik—, ez dituzte erauzi, ezta eraztunak ere. Hemen daude... neu ere hemen nago; gertaturiko gauzen itzalak urrunaraz daitezke. Urrunduko dira, bai, badakit urrunduko direla.
Bitarte honetan bere eskuak atergabeko ihardunean erabili zituen jantziekin, barrukoz kanpora eta kanpokoz barrura ipiniz, urratuz eta soinean oker jantziz, eta era guztietako bitxikeriak eginez beraiekin.
— Ez dakit zer egin ere! —oihu egin zuen Scroogek aldi berean negarrez eta barrez, galtzerdiekin bere burua Laokoonte bat bihurturik—. Luma bezain arin nago, aingerua bezain zoriontsu, eskolaria bezala menperatzen nau alaitasunak; mozkor banengo bezain kaskarindurik nabil. Gabon Zoriontsu denei! Urte Berri On mundu guztiari! Aupa! Arranoa! Ha, ha!
Jostari zebilen aretoan zehar, la arnasa galtzeraino.
— Hemen dago zukuaren lapikotxoa! —oihu egin zuen, berriro aretotik irtenik eta tximiniara hurbilduz—. Hortxe dago Jakob Marleyren Mamua sartu zen atea! Zoko honetantxe eseri zen. Hortxe dago Mamu erratuak ikusi nituen leihoa! Dena behar bezala dago, dena egia da, dena gertatua da. Ha! ha! ha! —Egia esan, hainbeste urtez barre egiteari utzi zion batentzat barre bikaina zen hura, ezpal hobereneko barrea; barre algara sail luze-luze baten sorburua.
— Ez dakit hilak zenbat dituen —marmar egin zuen Scroogek—. Ez dakit zenbat denbora egin dudan izpirituen artean. Tantarik ez dakit. Haur antza hartzen diot neure buruari. Bost axola. Ez naiz kezkatuko. Ez litzaidake gaizki etorriko mutiko izatea. Aupa! Aurrera! Beti aurrera!
Bere berotasunean elizek harriturik utzi zuten beren kanpai hotsez, inoiz ez baitzuen hain alairik entzun. Dilin-dalan! jotzen zuen mihiak; dilin-dalan! kanpaiak. Kanpaiak dilin-dalan!; mihiak dilin-dalan! Zoragarria!
Leihora lasterka egin, alderen alde zabaldu eta burua kanpora atera zuen: lainoaren arrastorik ez; eguratsa garden, alai, adoretsu, odola dantza egitera bultzatzen zuena; eguzki-argi distiratsua, zeru loriatsua, aire hozkirri atsegina, kanpai alaiak... Aintzatsua, guztiz aintzatsua!
— Zer egunetan gaude? —oihu egin zuen Scroogek, jaietako jantziz eta agian nagikerian handik begiluzeka kalean zehar zebilen mutiko bati.
— Zer diozu? —erantzun zion mutikoak, adieraz zezakeen harrimen guztiaz.
— Zer egun den gaur galdetu diat, motel.
— Gaur? —esan zion mutikoak—. Gabon-eguna!
— Gabon-eguna? —esan zuen Scroogek bere golkorako—. Zorionez, ez dut galdu. Izpirituek gau bakar batean egin dute dena. Jakina! Adi ezak, mutil ona!
— Kaixo! —erantzun zion mutikoak.
— Ba al dakik non dagoen oilasko denda, hurrengo kalearen ertzekoa ez, bigarrenekoa.
— Baietz uste dut —erantzun zion gaztetxoak.
— Hau duk mutila hau! —bota zuen Scroogek—. Mutiko argia benetan! Ba al dakik han zintzilik zeukaten indioilar hura saldu duten? Txikiena ez, handiena baizik.
— Zein? Ni bezain handia den hura? —galdetu zuen gaztetxoak.
— Mutiko zoragarria benetan! —esan zuen Scroogek—. Atsegina ematen du honekin hitz egiteak. Bai, huraxe bera, pottoka hori!
— Orduan ez, oraindik hantxe dago zintzilik.
— Egiatan? —esan zuen Scroogek—. Hoa eta eros ezak.
— Txantxetan ari zara!
— Ez, ez —jarraitu zuen Scroogek— benetan esaten diat. Hoa, bizkor; hona ekartzeko esan hik eta esango zieat zer helbidetara eraman behar duten. Itzul hadi dendariarekin eta txelin bat emango diat. Eta bost minutu barru itzultzen ba haiz, koroa erdi bat emango diat.
Mutikoa tximistaren pare abiatu zen.
— Bob Cratchiti bidaliko diot —esan zuen marmarka Scroogek, eskuak igurtziz eta algaraka—. Ez du jakingo nork bidaltzen dion. Tim txikia halako bi bada. Joe Miller komeriagileak sekula ez du izan honelako burutadarik, Boben etxera indioilar bat bidaltzea bezalakorik. Helbidea idatzi zuen eskua ez zen oso irmoa, hala ere letra aski argia zen; gero behera jaitsi zen sarrerako atea irekitzera eta mutiko oilasko saltzailearekin etor zedinerako prest egotera. Bertan zegoen artean, haiek noiz helduko zain, atearen aldaba jo zuen begiz.
— Atsegin dut, bizi naizen arte guztian maitatuko dut —esan zuen Scroogek eskuez laztanduz—. la konturatu ere egin gabe nengoen zein polita den. Ontasun hutsezko aurpegiera du! Aldaba zoragarria da. Aupa! Hor dator indioilarra. Kaixo! Ongi etorria! Zer moduz? Gabon Zoriontsu!
Izan ere, benetako indioilarra zen hura. Hegazti bikain eta handi hura, seguru aski ez zen gauza bere hanken gainean tente egoteko. Laster hautsiko zitzaizkiokeen, lakrezko ziritxoak bailiren.
— Ongi da, baina ezinezkoa da hegazti hau Courden
Towneraino garraiatzea —esan zuen Scroogek—. Zalgurdiren bat alokatu beharko duzu.
Hori esan zueneko barre itoa, indioilarra ordaindu zueneko algara zabala, eta zalgurdia ordaintzean egin zuena, eta mutikoa sartu zueneko atsegin betea, ia arnasarik gabe, aulkian negarrez eta barrez batera berriro esertzean egin zituen barre algarak bakarrik gainditu zituen. Bizarra kentzea ez zen batere gauza erraza gertatu, zeren eskua dardarka baitzuen, eta bizarra kentzeak arreta eskatzen dio, hori egitean dantzari hasten denari ere. Baina sudur-punta moztu izan balu, zaurian esparatrapu bat ezarriko zukeen... eta kito. Arroparik onenak jantzi eta kalera irten zen. Jendea harat-honat zebilen. Orainaldiko Izpirituak lagundurik ikusi zuenean bezalaxe.
Eskuak bizkar atzean zituela paseatuz, Scrooge atsegina irribarretsuz begiesten zuen bakoitza. Hitz batez esateko: hain zegoen erakargarri ezen bizpahiru pertsona ezagun eta umore onekok hauxe esan baitzioten: «Egunon, jauna! Eguberri Zoriontsu!». Eta Scroogek bat-batean erantzun zion diosalari; zeren, bere bizitzan entzundako hots bozkariotsu guztien artean, haiexek baitziren belarrietan oihartzun alaienekoak.
Oraindik urrunera gabe, aurreko egunean bulegoan bisitatu zuen jaun eratsu hura zetorkiola ikusi zuen; «Scrooge eta Marley, ezta» esan ziona bera. Min zorrotza hartu zuen bihotzean jaun hark aurretik pasatzean nola begiratuko zion pentsatzean, baina bazekien nola jokatu behar zuen eta halaxe egin zuen.
— Jaun adiskide hori —esan zion Scroogek pausoa agudotuz eta jaun zaharrari bi eskuetatik helduz— zer moduz? Ziur nago atzo arrakastarik izan zenuela zeure diru-bilketan. Oso atsegina izan zinen nirekiko. Eguberri zoriontsuak opa dizkizut!
— Scrooge jauna al zara?
— Berbera —esan zuen honek—. Hori da nire izena; eta egia esateko oso atsegin gertatuko ez nintzaizulakoan nengoen. Mesedez barka iezadazu. Arren... —eta hemen zerbait murmurikatu zion belarrira.
Jainkoak guarda! —oihu egin zuen jaunak, arnasa hartu ezinik bezala—. Nire Scrooge maitea, benetan ari al zara?
— Bene-benetan —erantzun zuen hark— eta txakurtxikirik ere ez dut gutxituko. Zenbait atzerapen ere kopuru horretan sarturik doaz, zinez diotsut. Onartu nahi al didazu, arren?
— Baina, ene jaun hori —esan zuen txunditurik solaskideak, eskua estutzen ziolarik— ez dakit, izan ere, zer esan horrelako eskuzabal...
— Ez dezazula ezer esan, mesedez —erantzun zion Scroogek—. Zatozkit ikustera. Etorri nahi al duzu ikustera?
— Horixe bai nahi dudala —esan zuen jaun zaharrak, eta jakina nahi zuela.
— Milesker! —erantzun zion Scroogek—. Esker oneko natzaizu. Milesker behin eta berriz! Eta Jainkoak bedeinka zaitzala!
Elizara joan zen eta gero kaleetan zehar paseatzen ibili zen, alde batetik bestera presaka zihoan jendeari begira, neska-mutikoei buruan laztan eginez, eskaleei galdezka eta etxe barrenetako sukaldeetara, leihoetatik begiratuz, ekintza guzti hauek atseginen bat eskuratzeko g zirela pentsaturik. Inoiz ez zuen uste izan paseo batek hain zoriontsu egin zezakeenik. Eta arratsaldean bere ilobarenera zuzendu zituen urratsak.
Dozenerdi bat aldiz pasa zen etxe parean aurrera kemenez jantzi eta hurbilduz dei egiteko erabakia hartu baino lehen. Baina bat-batean hartu eta egin egin zuen.
— Etxeko jauna hemen al da, neskato betargi hori? —galdetu zion Scroogek mirabeari—. Polita neska. Xarmanta!
— Bai, jauna.
— Non da, laztan hori? —galdetu zion Scroogek.
Jantokian, jauna, bere emaztearekin. Erakutsiko dizut bidea, lehen solairura, atsegin baduzu.
— Eskerrik asko! Ezaguna naute —argitu zuen Scroogek jantoki ateko maratilan esku jarririk— neronek aurkeztuko dut neure burua.
Maratilari emeki eragin eta erdi zabalik zegoen atean barrura sartu zuen burua. Ilobak dotore apainduriko mahaia aztertzen ari ziren, zeren eta etxekoandre gazteak beti urduri egoten baitira holakoetan eta dena bere lekuan ikusi nahi izaten dute.
— Fred! —oihu egin zuen Scroogek.
Hura bizitasuna ilobaren emazte onaren bihotz adoretsuarena! Scroogek une batez ahaztu egin zituen bere ikuspenetan begietsi zueneko gorabeherak, zokondoan oinak kaxetan zituela, eseririk zegoenekoak; edo agian, inoiz ez zituen han jarri, azken finean.
— Jainko maitea! —bota zuen Fredek—. Zer ari naiz ikusten?
— Neu naiz: zuen osaba Scrooge. Afaltzera nator. Utziko al didazue?
Besterik ez zuten behar! Ia-ia besoa atera zion zirrararen zirraraz. Bost minutu geroago, bertako eginik zegoen. Emazteak ere atsegin beraz besarkatu zuen. Topperren ongietorria ere berdintsua izan zen, heldu zenean, eta gauza bera adierazi zuen ahizpa lodikoteak etxean ikustean. Eta zer esanik ez gainerakoei buruz, aretora sartu ahala. Zeinen bilera zoragarria! Haiek jolas atseginak! Bai elkar-giro liluragarria!
Baina biharamunean goiz iritsi zen bulegora. Hori bai! Hantxe zegoen lehen orduan. Inor baino lehenago bulegora sartu eta atzerapenarekin zetorren Bob Cratchit harrapatzeko soil-soilik, zeren, egia esateko, irriki bizitan baitzegoen horixe egiteko.
Eta bai lortu ere! Horixe lortu zuela! Erlojuak bederatziak jo zituen, eta Bob ez zen iristen; ordu laurden bat pasa zen eta Boben arrastorik ez; hemezortzi minutu pasa ziren... eta Bobek ordu erdi osoa behar izan zuen azaltzeko. Atea alderik alde zabaldu eta Scrooge eseri egin zen garbitegian barrena sartzen ikusteko.
Lehenengo eta behin, Bobek kapela erantzi zuen, baita tapaukia ere. Jesus batean aulkian eseri eta lumari jo eta ke ekiteko prest jarri zen, erlojuaren aurka bederatziak harrapatu nahi izango balitu bezala.
— Kaixo! —esan zion orroka Scroogek bere betiko ahotsaz, ahal bezain ongi itxurak eginez.
— Sentitzen dut, jauna, sentitzen dut benetan —esan zuen Bobek—. Berandutu egin naiz.
— A bai? —galdetu zuen Scroogek berekiko—. Bai; zertxobait atzeratu zarela nik uste. Hurbil zaitez, jauna, nahi baduzu.
— Urtean behin baizik ez da eta... —esan zion Bobek desenkusaz garbitegitik—. Ez dela berriz gertatuko segurtatzen dizut. Denok oso alai ibili gara bart, jauna.
— Orain bada, adiskidea, zertxobait esan behar dizut —argitu zuen Scroogek—, ez pentsa honelako jokaera gehiago eramateko prest nagoenik. Beraz —jarraitu zuen bere kaxetatik salto batez zutituz, Bobi gerruntzetik heldu eta atzeraka garbitegiraino itzularazi zuen bultzada bat emanez—, beraz, soldata altxa behar dizut!
Bobek dar-dar egin eta mahai gainean zegoen erregelarantz pixka bat hurbildu zen. Scrooge jotzeko hartaz baliatzea bururatu zitzaion bat-batean, eutsi eta atarian zebilen jendeari dei egitekoa, lagun ziezaioten eta bere jabearentzat ero-alkandora ekar zezaten.
— Eguberri Zoriontsu, Bob! —esan zuen orduan Scroogek, inola ere zalantzan jar ez zitekeen seriotasunaz, esanikakoa bizkarreko sendo batez berrestu zion bitartean—. Eguberri Zoriontsu! ene adiskide on hori; urte askotan eman izan dizkizudan baino zoriontsuagoa! Soldata altxa nahi dizut eta zure familia kementsu horren ongizateaz arduratu; eta gaur arratsaldean bertan eztabaidatu nahi ditut zurekin zure arazoak, Gabon-ardo ontzikada bero baten aurrez aurre. Eta orain, hitz erdirik esan orduko, suari eragiozu eta beste suilkada bat ikatz eros ezazu. —esana eta gehiago bete zuen Scroogek. Dena egin zuen eta mila bider gehiago. Eta Timentzat, ez baitzen hil, bigarren aita izan zen. Eta mundu zahar eta on honetako edozein herri edo auzategitan, edo beste edozein hiri zahar eta onetan, edo hiri zahar eta on hartan inoiz ezagutu izan zen adiskiderik onena, jaunik onena, gizonik onena eta hoberena bihurtu zen.
Baziren haren aldakuntzaz konturatzean barre egiten zutenak, baina hark jaramon txikia egin eta barre egiten uzten zien, zeren eta aski argia baitzen jakiteko lur honetan ez dela ezer onerako gertatu, jende batek barre-algaraka hartu ez duenik, eta halako jendea itsu izatera derrigorturik zegoela jakinaren gainean, begi-ertzak zimurturik edukitzeari hobeki zeritzan, barreari eutsi ezinik, beren eritasuna modu traketsago batez azaltzeari baino. Bere bihotzak ere barre egiten zuen eta hau nahikoa eta gehiegi zuen.
Harrezkero izpirituekin ez zuen harremanik izan, eta ordutik aurrerakoan, izpiritukirik gehiago ez frogatzeko asmoari sendo eutsi zion. Gabonak nola ospatu behar ziren inork jakitekotan, huraxe zela zekien bakarra esaten omen zen.
Eta horixe berbera esan dezatela egiatan gutaz, gutariko bakoitzaz! Eta Tim txikiak esan ohi zuenez, Jainkoak bedeinka gaitzala denok eta gutariko bakoitza!
© Charles Dickens
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren