Laugarren ahapaldia
AZKEN MAMUA
Astiro, isil, ilun ari zen gerturatzen Mamua. Hurbildu zenean, Scrooge belaunika jarri zitzaion, izpiritua ilunpea eta misterio barreiatzen ari zela zirudien giro hark eraginik.
Burua, aurpegia eta gorputz osoa estaltzen zizkion jantzi beltz edo beztidura batekin zetorren. Esku hedatua bakarrik zuen ikusteko eran, baina hala ere nekez nabarmen zitekeen haren irudia gauaren ilunean eta inguratzen zuen itzaletik. Ondoratu zitzaionean, oso garaia eta arranditsua zela konturatu zen Scrooge, eta haren itxura misteriotsuak hezurretarainoko ikara sartu zion.
— Etorkizuneko Gabonetako Izpirituaren aurrean al nago? —galdetu zuen Scroogek.
Mamuak ez zuen erantzun, baina aurrerantz seinale egin zuen eskuaz.
— Oraindik gertatu ez diren gauzen agerkariak, baina geure aurrean dugun denboraldian gertatuko direnenak erakutsiko dizkidazu —jarraitu zuen Scroogek—. Ez al da hala, Izpiritua?
Jantziaren goialdea une batez zimurtu egin zen tolesturak eratuz, Mamuak burua makurtu izan balu bezala. Hauxe beste erantzunik ez zuen jaso.
Orduan Mamuetara ohiturik bazegoen ere. Scroogeri beldurra ematen zion honen agerkera isilak, eta azkenik, zangoak dardarka hasi zitzaizkion, eta nekez iraun zezakeela zutik ohartu zen jarraitzeko prestatu zenean. Mamuak keratxo bat egin zuen haren egoeraz jabetzean, indarberritzeko astia izan zezan.
Scrooge, ordea, aztoratuegi zegoen hartarako.
Begiak alderik alde zabalik, ikusteko ahaleginak egin arren esku hura eta multzo ilun bat besterik ez zuela nabarmentzen, eta beztiduraren atzetik Mamu begi batzuk zorrotz begiratzen ziotela jakitean, larridura oihes lauso batek harturik zeukan.
— Etorkizuneko Mamu hori! —oihu egin zion— aurreko Mamu guztiei baino beldur handiago dizut. Baina niri on egitea beste asmorik ez duzula badakidanez gero, eta aurrerantzean orain arte ez bezala gizon izan nahi dudalarik, zure laguntasuna onartzeko prest nago eta bihotz eskertsuz gainera. Ez al didazu hitzik egin nahi?
Ez zuen erantzunik jaso. Eskuak bien artean hedaturik jarraitzen zuen.
— Bidea erakuts iezadazu! —segi zuen Scroogek—. Erakuts iezadazu! Gaua bizkorregi doa eta denbora baliotsuegia da niretzat, badakit. esadazu nora joan, Izpiritua! —Mamuak aurrera jo zuen, lehen berarengana bezalaxe. Scroogek jantziaren itzalari jarraitu zion eta honek, bere ustetan, jaso eta urrunean eraman zuen.
Hirian sartu ordez, bat-batean hiriak haien inguruan sartu eta bere ekintzaz biltzen zituela zirudien. Baina hantxe zeuden, haren bihotz-bihotzean; Burtsan, negozio gizonen artean, zeintzul alde batetik bestera baitzebiltzan, patriketan diruari txintxin eraginez, taldeka elkarrizketan, beren erlojuei erne begira eta beren urrezko zigilu handiak pentsati laztanka; eta dena horrela, beti, Scroogek sarritan ikusia zeukanez. Giza taldetxo baten ondoan gelditu zen Mamua. Eskua seinalatzen ari zela konturatzean, Scroogek aurrera egin zuen elkarrizketa entzuteko.
— Ez —zioen gizon lodi batek, bere kokots izugarriarekin—; gainera, ez dakit gauza handirik arazo horretaz. Hilik dagoela besterik ez dakit.
— Eta noiz hil da? —galdetu zuen beste batek.
— Bart, uste dut.
— Eta zer gertatu zitzaion? —galdetu zuen hirugarren batek toxa batetatik sudur hauts piloa hartuz—. Sekula ez zela hilko uste nuen.
Jainkoak bestek ez daki hori! —esan zuen berriro lehenak aharrausika.
— Zer egin ote du bere diruaz? —galdetu zuen aurpegi biziko jaun batek, sudur puritan indioilarrena bezalako haragi dindilak zituenak.
— Ez dut horren berririk —aitortu zuen gizon kokots handiak berriro aharrausika—. Agian sozioei utzi die. Niri ez dit utzi behintzat, horixe da dakidan guztia.
Denek barre algaraka hartu zuten azkarkeria hau.
— Hots handirik gabeko hileta izango den antzak daude —esan zuen hizlari berak— inor joango denik ez baitut entzun, alajaina! Zer deritzozue talde bat bildu eta laguntzera joateari?
Beste algara bat entzun zen.
— Tira, azken finean, neu naiz hemen eskakizun txikienekoa guztion artean —esan zuen lehen hizlariak— sekula ez baitut goante beltzik jantzi eta inoiz ez bainaute otordu batera gonbidatu. Baina joateko prest nago, beste norbaitek asmorik baldin badu. Horretaz pentsatzen jartzen naizenean, ez zait bururatzen haren lagun mina nintzenik, baina keratxo bat egin hizketan aritzen ginen pixka batez elkarrekin topo egiten genuenean. Ederki. Agur, agur!
Entzule eta hizlariak paseatuz elkarrengandik banatu eta beste taldeekin nahastu ziren. Scroogek ezagunak zituen gizon haiek eta begirada bat zuzendu zion Mamuari argitasun bila.
Mamua kale batean zehar abiatu zen. Oraingoan haren hatzek bildurik zeuden bi pertsona seinalatu zituzten. Negozio-gizonak ziren, aberats porrokatuak eta izen handikoak. Beti saiatu izan zen Scrooge berauek estimu handitan eduki zezaten, merkatal ikuspuntu batetatik; halaxe zen: merkatal ikuspuntu soiletik.
— Kaixo, zer moduz? —galdetu zuen batak.
— Ongi; eta zu? —esan zuen besteak, diosala bihurtuz.
— Tira! —jarraitu zuen lehenak— azkenean deabruak eraman duela zikoitz hura ere!
— Hori entzun dut —berretsi zuen besteak—. Hotz gogorra, ezta?
— Gabonetarako aproposa. Ez zara, noski, patinaketan ibiliko ala?
— Ez, ez. Badut aurreragokorik. Egun on!
Tautik ere ez gehiago. Hauxe izan zen haien topaketa, eta hizketa eta agurra.
Hasieran Scrooge harriturik zegoen itxuraz hain elkarrizketa hutsalei Izpirituak jaramon egiteaz, baina haren jarrerak asmo ezkuturen bat izan behar zuena eta, zer izan zitekeen gogoeta egiteari ekin zion. Jakina, ezin zezakeen pentsa Jakob, bere sozio zaharrarekin zerikusirik zuenik, zeren gertakari hura iraganekoa baitzen eta Mamuaren garaia etorkizunekoa zen. Ordukoz berekin harreman estutan zegoen norbaitengan pentsatzen ere ez zen hasi. Baina nornahirekin lotura izanik ere, beretzat baliagarri zela zalantzarik ez zuenez gero, entzundako hitz bakoitza eta ikusitako gauza bakoitza arduraz gordetzea erabaki zuen; eta bere buruaren itzala bereziki, ager zedinean. Zeren guztiz sinetsirik baitzeukan etorkizuneko bere izakiaren jokaerak emango ziola falta zuen aztarna eta eskuratuko asmakari haien argibidea.
Giro hartan bere buruaren irudia aurkitzera saiatu zen, baina bero egin ohi zen zoko hartan bertan beste gizon bat aurkitu zuen, eta egunez hantxe egon ohi zeneko ordua seinalatzen bazuen ere erlojuak, ez zien inolako antzik hartu bere buruarenik ataria gurutzatzen zuten jendetzaren arteko inori. Hala ere, ez zen gehiegi harritu, zeren bizimodu aldaketa bati buruan bira ematen aritua baitzen eta aldaketa hauek bere bizitzan gertaturiko transformakuntzen berri emango ziotelakoan baitzegoen.
Lasai eta ilun, Mamua alboan zegoen eskua hedaturik, Scrooge bere bilaketa arduratsutik esnatu eta eskuaren zirkin eta jarrera berriaz, begi ikusezin haiek zorrotz begira zituela ohartu zenean.
Eszena kezkagarri hura laster utzi zuten eta Scroogek ordura arte inoiz bisitatu gabeko hiriaren alderdi batera joan ziren; halere, berehala ezagutu zituen haren kokagunea eta izen txarra. Kaleak nazkagarriak eta meharrak ziren; dendak eta eraikuntzak, errukarriak; jendea, erdi-biluzia, mozkorra, baldana, beldurgarria. Ibiltoki eta karrikak, sastegiek bezala, kirats nazkagarriak, bizitzako zikinkeria husten zuten kale likitsetara auzategi osoari krimen, satsukeria eta lazeria zerion.
Nazkagarrikeria guztien kaiolak bazter batean, jende ezjakinarentzako denda bat zegoen, teilatu hegalpean, non erosten baitzen burdina, trapu zaharrak, botilak, hezurrak eta hondakin koipetsuak. Lurrean, haren barruan, giltza herdoilduak, iltzeak, kateak, ate orpoak, karrakak, pisalak eta era guztietako burdin hondakinak ikus zitezkeen multzotan pilaturik.
Inork gutxik ikertu nahi izango zukeen non, nola eta zergatik bildu eta gorde zituzten zarpail mordo itsusitan, gantz ustel eta hezurtegitan. Bildurik zeuzkan salgai guzti haien artean eseririk, adreilu zaharrez eginikako egurrikatzezko estufa baten ondoan, hirurogeita hamar bat urtetako agure kaskazuri bat ageri zen, zeinek zintzilikario zikinez eta kordel batean eskegitako zatarrez kanpoko aire hotzetik bere burua babesten baitzuen; hori bai, bakardade patxadatsuan lasai baino lasaiago pipa errez.
Emakume bat pardel astun batekin dendara sartzen ari zen unean, jarri ziren Scrooge eta Mamua gizon honen aurrean. Baina hura sartu bezain laster, beste emakume bat, hau ere era berean kargaturik, sartu zen barrura; eta gizon bat zerraikien hurbil-hurbiletik, arropa beltz maiztu batez jantzirik, eta beronen harridura emakumeek ezagutu zutenean, ez zen beraiek elkar ikustean izan zutena baino txikiagoa izan. Une labur batez aztoraturik eta txunditurik zeuden bitartean agure pipaduna batu zitzaien, eta hirurak barrezka has ziren.
— Zerbitzaria lehenbizi! —esan zuen aurrera sartuak—. Arropa-garbitzailea bigarren eta hiletaria hirugarren izan daitezela! Badakizu, Joe maite horrek, halabeharrez suertatu garela hirurok aurrez hizketatu gabe.
— Ezin zintezketen leku hobean bil —esan zuen Joe zaharrak, ahotik pipa ateraz—. Goazen dendostera. Zuri aspaldi eman nizun barrura pasatzeko baimena eta beste biak ere ez dira ezezagunak. Dendako atea itxi arte itxaron ezazue. Arraioa, hauek kirrinkak hauek! Ez dago hemen, alafede, ate honen orpoak bezain burdina herdoildurik, ezta nireak baino hezur zaharragorik ere. Ha, ha! Aukerakoak gara dugun ogibiderako; ongi hartzen dugu elkar. Goazen dendostera. Tira!
Zatarrezko atordeak babesten zuen lekugunea zen dendostea. Baranda-taketa batez susperrarazi zuen sua agureak, eta pipa-kirtenaz kriseilu ke jarioa bizkortu ondoren (gaua baitzen), berriro ahora bihurtu zuen.
Honetan ari zen bitartean, hitz egin zuen emakumeak jadanik zolan jarria zuen pardela eta kaxeta batean nabarmenki eseririk zegoen, ukalondoak belaun gainetan eta beste biei halako mehatxu aire batez begira.
— Ederki, zer da? Bat izan edo bestea izan alderik ez dago. Dilber andrea —esan zuen emakumeak—. Denek dugu nork bere buruaz arduratzeko eskubidea. Hark ere holaxe egin izan du beti.
— Hori bai dela egia! —baieztatu zuen arropa-garbitzaileak—. Inork baino zehatzago bete zuen hori hark.
— Zergatik zaude orduan izuturik bezala, andrea? Zein den zentzudunago esatea nahi izango nuke. Baina ez da eztabaidan hasteko kontua.
— Ez horixe —esan zuten batera Dilber andreak eta gizonak—. Besterik ez genuen behar!
— Beraz, bat gatoz —esan zuen emakumeak—. Non egiten dio kalte honelako huskeria batzuk galtzeak? Hildakoari inola ere ez behintzat.
— Ez, arrazoi duzu.
— Hil eta gero ere gorde nahi baldin bazituen, zeken halako horrek, zergatik ez zen gainerakoak bezalakoagoa bizitan? Hori egin izan balu, izango zukeen nork zaindu heriok bere segaz erasotzean, bakarrik eta bertan behera utzirik bere azken arnasa emateko geratu den bezala geratu ordez.
— Neure aldian entzundako hitzik zuzenenak dira —esan zuen Dilber andreak—. Eta zuzen epaitzen dute hildakoa.
— Epai gogorxeagoa gustatuko zitzaidakeen —erantzun zion emakumeak— eta izan ere izango zukeen, ziur izan, beste ezer gehiagori eskua ezarri izan baino. Ireki ezazu pardel hori, Joe zaharra, eta ea zenbatetan jo daitekeen horren balioa. Garbi mintza zaitez. Ez nau izutzen lehenengo ireki beharrak, ez nau ikaratzen barruan daukana ikusteak ere. Hona orduko ondotxo genekien, nor bere zoroak darabilela, inondik ere. Hau ez da bekatu. Ireki ezazu pardela, Joe.
Baina bi adiskideen gizalegeak ez zuen halakorik onartu, eta beltz maiztuz jantziriko gizonak ekin zion bere harrapakinak erakusteari. Ez zen gauza handia. Zigilu bat edo bi, luma-kaxa bat, alkandora biki pare bat eta balio txikiko paparrorratz bat; hauxe zen guztia. Zorrozki aztertu eta tasatu zituen gauza hauek Joe zaharrak, zeinak kleraz idatzi baitzuen horman bakoitzarengatik emateko prest zegoena, eta denak bildu zituen erakustekorik gehiago ez zegoela konturatu zenean.
— Hauxe da zure kontua —esan zuen Joek— eta txanpon bat gehiago ez nuke emango bizirik erreko banindute ere.
Hurrena Dilber andrea zen. Izarak eta toallak, eguneroko arropa batzuk, tea hartzeko bi koilara zilarrezko, azukretarako matxarda pare bat eta bota batzuk. Haren kontua ere horman idatzi zuen era berean.
— Emakumezkoei beti gehiago ematen diet. Ahulezia hau dela bide, porrot egitera noa —azaldu zuen Joe zaharrak—. Hona hemen zure kontua. Penike bakar bat gehiago eskatzen badidazu, eta setati jarri, damutuko naiz xahutzaile izateaz eta koroa erdi bat beheratuko dizut.
— Eta orain zabal dezagun nire pardela, Joe —esan zuen lehenbiziko emakumeak.
Joe kokoriko jarri zen erosoago zabaltzeko eta korapilo sail bat askatu ondoren, oihal nabarrezko pardel astun bat arrastatu zuen.
— Zer arraio da hau? —galdetu zuen Joek—. Ohe-gortinaiak?
— Ha! —esan zion emakumeak, barrezka eta bere beso gurutzatuen gain makurtuz—. Ohe-gortinaiak!
— Ez didazu esango orain, eraztun eta guzti hartu dituzula, bera hil ohean etzanik zegoen bitartean, ezta?
— Jakina baietz! Eta zergatik ez nuen egingo, ba? Nori egin diot kalte?
— Gordailu egiteko jaio zara —onartu zion Joek— eta lortu egingo duzu, zalantzarik gabe.
— Zaude ziur sekula ez dudala eskurik ixten bertan zerbait harrapa ahal badezat; eta gutxiago oraindik hura bezalako baten kasuan; ziur egon, Joe —jarraitu zuen emakumeak hotz-hotz— kontuz ibili olio tantarik izara gainera eror ez dakizun!
— Haren izarak? —galdetu zuen Joek.
— Norenak uste zenuen ba? —ihardetsi zion emakumeak—. Ez da hoztuko hauek gabe, zaude lasai.
— Ez zen hilko gaixotasun kutsakorren batez, ezta? —jakin nahi izan zuen Joek, keratxo bat lanean egin eta gora begiratuz.
— Ez ezazu horren ardurarik izan —erantzun zuen emakumeak—. Horrelakorik izan balu, hartu dudana hartzearren hari lagun egiteko adinako irrikarik ez nuke noski. Demontre hori! Begiak nekatu arte azter dezakezu alkandora hau: urratu edo xaretu bakar bat ere ez diozu aurkituko. Zeukan hoberena da, eta ez da bat ere desegokia. Alferrik galduko zukeen, nigatik izan ez balitz.
— Zer da zuretzat alkandora bat alferrik galtzea? —galdetu zion Joe zaharrak.
— Lurperatzeko janztea, jakina! —erantzun zion emakumeak algara batez—. Norbaiti bururatuko zitzaiokeen zozokeria hori, baina nik aurrea hartu nion. Perkala horretarako egokia ez bada, ez da ezertarako orduan. Haren gorputzari zegokiona. Jantzi harekin baino itsusiago inola ere ezin egon!
Scrooge lazturik zegoen elkarrizketa hau entzutean. Harrapakinen inguruan taldean eseririk eta zaharraren kriseiluari zerion argi eskasetan, sorrarazten zuten nazka eta mespretxu guztiarekin ikusi ahal izan zituen, zeintzuk nekez izan baitzitezkeen gorpuarekin berarekin tratuan ari ziren deabru likitsak baino okerragoak.
— Ha, ha —irribarre egin zuen emakumeak, Joe zaharrak dirua zeukan franelazko poltsa bat atera eta irabaziak lurraren gainean barreiatu zituenean—. Horra haren azkena! Bizitan hamaikatxori beldurra sartu zion hil ostean on egiteko. Ha, ha, ha.
— Izpiritua! —esan zuen orduan Scroogek, burutik oinetara dardarka—. Ulertu dut! Oraintxe ulertu dut! Gizarajo honen kasua oraindik neroni gerta lekidake. Nire bizitza bukaera honetarantz zihoan. Eskerrak Jainkoari! Zer esan nahi du honek guztiak?
Izuturik atzera egin zuen; baina ordurako eszena aldatua zen eta une hartan ohe bat la ukituz zegoen. Ohe biluzia zen, gortinaiarik gabea, non izara zarpail baten azpian zerbait baitzegoen bildurik, nahiz eta mutu, mintzaira beldurgarriz bere buruaren berri ematen zuena.
Gela ilun-ilun zegoen, ilunegi xehetasunak ikusi ahal izateko, nahiz eta Scroogek, ezkutuko eragin bati obedituz, ingurura begiratzen zuen, zer eratako gelatan aurkitzen zen jakin minez. Argi zurbil bat sartzen zen kanpotik eta ohe gainera erortzen zen zuzenean; haren gainean, erabat biluzirik, murrizturik, inoren laguntzarik gabe, negar egingo zion bizidunik gabe, bertan behera utzia, gizon baten gorpua zetzan.
Begirada sakon bat zuzendu zion Scroogek Mamuari. Honen esku hedatuak burua seinalatzen zuen. Hain zegoen izara ardura txikiz jarria, non Scroogek hatzari zirkin bat eragitea aski baitzen, aurpegia agerian uzteko.
Horixe eman zion buruak, zein erraza izan zitekeen pentsatu eta egitera abiatu zen, baina bere baitan ez zuen indarrik aurkitu ez oihala jasotzeko eta ez Mamua bere albotik botatzeko.
Oi herio hotz, hotz, zurrun ikaragarri hori, eraiki ezazu hementxe zeure aldarea eta zeure esku dituzun izularri guztiez horni ezazu, hauxe baita zure erresuma! Baina buru maitatu, jator eta errespetatu baten ile bakar bat ere ezin dezakezu uki, zeure izumenezko helburuetarako, hartaz ikuskari lazgarriren bat egin nahi ez baduzu behintzat. Ez da eskua astuna izanik, bertan behera uztean erortzen delako, ezta bihotza eta taupadak geldi daudelako ere; bai, ordea, eskua zabal, emankor eta zinezkoa izan zelako, eta bihotza adoretsu, bero eta samur; eta taupadak gizon batenak. Jo ezazu, Itzal, jo! Eta horra zauritik nola sortzen diren haren egintza onak munduan zehar hilezkortasunaren hazia ereiteko. Ezein ahotsez ez zituen esan hitz hauek Scroogeren belarrietan, baina honek entzun zituen ohe gainetik begiratzean. Eta hara zer pentsatzen ari zen: Gizon hura jaikitzeko gauza izango balitz, zeintzuk ote lituzke bere pentsakizun nagusienak? Zikoizkeria, kideekiko jokaera gogorra, ankerkeria gupidagabea? Lekutara eraman du ankerkeria gupidagabeak, alafede!
Etxe ilun eta hutsean etzanik zegoen, gizonik, emakumerik edo haurrik gabe, zertan on gertatu zitzaien edo zein kasutan hitz maitakor bat esan zien gogorarazteko. Katu bat atzamarka ari zitzaion ateari eta saguen karraska hotsa entzuten zen sutegiko lauzapean. Zeren bila ote zebiltzan, han, herio gela hartan. Zergatik ote zeuden hain urduri eta artega? Scrooge ez zen pentsatzera ausartzen.
— Izpiritua —esan zuen—. Egia esan, benetan leku beldurgarria da hau. Alde egitean ez dut irakatsia ahaztuko, sinets iezadazu. Goazen!
Oraindik Mamuak burua seinalatzen zuen hatz mugigaitzez.
— Ulertzen dizut —esan zion Scroogek— egin ere egin nahi nuke, baina ezin dut. Ez dut nahiko indar, izpiritua —errepikatu zuen.
Berriro gainetik begira zegokiola ematen zuen.
— Hil honetan baldin bada gizon honen heriotzak gupida duenik —esan zuen Scroogek hil zorian balego bezala— erakuts iezadazu, Izpiritua, arren.
Hegala bailitzen Mamuak bere aurrean hedatu zuen beztidura iluna, eta gero aldendurik, gela bat utzi zuen agerian egun argitan, eta bertan ama bat ikus zitekeen bere seme-alabekin. Norbaiten zain-zain zegoela ikusten zen, gelan zehar gora eta behera baitzebilen, eta zarata bakoitzak dar-dar eragiten zion, leihotik begiratzen zuen, erlojuari so egiten zion eta oharkabez, baina alferrik, jostorrazkada batzuk ematen saiatzen zen; eta patxadaz haurren jolasetako oihuak jasaten ahalegintzen zen.
Azkenik aldaba hotsak entzun zituen. Lasterka baino hegaz areago atera zen senarrarengana; gaztea zen arren, aurpegia nekatu eta abaildua zuen. Une hartan bazuen aurpegiera nabarmen bat, lotsa ematen ziolako itoarazten ahalegintzen zen atsegin sakon bat.
Sutondoan gorde ziotena jateko eseri zen, eta zer berri zekarren emazteak ahapean galdetzean (isilaldi luze baten ondoren gertatu zen hau), kezkaturik agertu zen erantzuteko moduaren bila.
— Ongi ala gaizki dago? —galdetu zion hark, laguntzearren.
— Gaizki —erantzun zion.
— Erabat galdurik gaude, beraz.
— Ez; oraindik bada itxaropenik, Karolina.
— Baretzen bada —esan zuen harriturik— litekeena da izatea. Baliteke itxaropena, mirari hori gertatu bada.
— Ez dago hura baretuko duenik —esan zuen senarrak— hil egin da.
Emazteak eraman handikoa eta atsegina zirudien, aurpegiz, baina esan zuena entzutean bihotza esker onez bete zitzaion, eta halaxe aditzera eman zuen, eskuak elkartuz. Barkamena eskatu zuen behingoan, eta sentimenduan hain gogorki adierazi izanaz damutu zen, baina lehenbiziko hura bihozkada hutsa besterik ez zen izan.
— Bart esan dizudanez, emakume erdi mozkortuak adierazia zidana, beste astebeteko epea eskatzeko ikusi nahi nuenean, eta nik ez ikusteko aitzakiatzat hartu nuena, egia hutsa baizik ez zela agertu da. Une hartan oso gaixorik ez ezik, hil zorian zegoen.
— Eta nor jabetuko ote da gure zorraz?
— Ez dakit. Baina, erabakitzeko ordua iritsi aurretik, dirua prest izan behar dugu; zeren izango ez bagenu ere aski zoritxar handia litzateke ondorengoarengan hain hartzekodun errukigabea aurkitzea. Gaurkoz, Karolina maite hori, patxada osoan lo egin dezakezu.
Bai. Nahi bezain literalki uler ezazue; egia da haien bihotzak arindurik, a alaiturik aurkitzen zirela. Seme-alaben aurpegiei, bareturik, hain nekez entzun ohi zutena entzuteko gurasoen inguruan bildurik harrigarrizko distira bozkariotsua zerien. Gizon haren heriotzak zoriontsu bihurtu zuen familia bat.
Mamuak erakutsi ahal izan zionez, herio gertakari hark sorrarazi zuen emozio bakarra atseginezkoa zen.
— Heriotza honi buruzko samurtasunen bat erakuts iezadazu —esan zion Scroogek— bestela, utzi dugun gela ilun honek sekula ez du alde egingo nire burutik.
Scroogeren oinek ezagunak zituzten kaleetan zehar eraman zuen Mamuak, eta ibili zebiltzala, Scroogek alde batera eta bestetara begiratzen zuen bere buruarekin topo egiteko, baina ez zen inon ageri. Bob Cratchit gizarajoaren etxera sartu zeren, arestian ikusiriko bizileku hartara, eta ama eta seme-alabak sutondoan eseririk aurkitu zituzten.
Geldi, oso geldi. Cratchit txiki bihurriak estatuak bezain mugigaitz zeuden, zoko batean eseririk eta Peterri begira, zeinak liburu bat baitzuen eskuetan. Ama-alabak josten ari ziren, baina haiek ere isil-isilik zeuden eta oso geldi.
Eta haur bat harturik, haien erdian eserarazi zuen.
Non entzun zituen Scroogek hitz haiek? Ez ziren ametsetakoak, hori ez. Mamua eta biak atalburua gurutzatzen ari zirela irakurri zituen, nonbait, mutikoak. Zergatik ez zuen jarraitzen? Amak mahai gainean utzi zuen joste-lana eta aurpegia estali zuen eskuez.
— Argiak min ematen dit begietan —esan zuen.
Argiak? Ene, Tim txiki gaixoa!
— Berriz ere ongi dauzkat —erantsi zion Cratchit andreak—. Kandela-argiak nekarazi egiten ditu eta munduko ezergatik ere ez nizkioke erakutsi nahi begi nekatuak aitari etxera itzultzean. Berehala izango da hemen.
— Ordua pasatuxea da —esan zuen Peterrek, liburua itxirik—. Baina azkeneko arrats hauetan bestetan baino astirotxoago dabilela esango nuke, ama.
Egia esan, berriz ere oso lasai zeuden. Azkenik, behin bakarrik dar-dar egin zuen ahots bizi eta alai batez esan zuten.
— Nik ikusia neukan... Tim txikia bizkarrean zuela, eta bizkor gainera.
— Neuk ere bai —esan zuen Peterrek— sarritan gainera.
— Baita neuk ere —oihu egin zuen batek—. Denok genuen ikusia.
— Baina oso pisu arinekoa zen —laburtu zuen amak, bere lanari ari— eta haren pisuaz ohartu ere ez zen egiten aita, hainbeste maite zuen! Horra zuen aita atean deika!
Zalapartaka altxa zen haren bila joateko eta Bob zaharra bere tapauki eta guzti —bazuen haren beharra, gizarajoak— etxera sartu zen. Ordurako tea prestaturik zuten tximinia barruko apalean eta zein baino zein bizkorrago zerbitzatzen hasi zitzaizkion. Orduan bi Cratchit txikiek belaun banatara salto egin zioten eta bakoitzak bere masailtxoa jarri zuen aitaren aurpegiaren kontra, esan nahiz bezala: «Ez zaitez kezkatan egon. Ez zaitez triste jar, aita».
Bob poz-pozik zegoen haiekin eta hizketa atseginean familia osoarekin. Mahai gaineko lanari begiratu bat egin zion Cratchit andreak eta neskatilek eginikako lanaren bizkortasun eta trebetasuna asko abonatu zuen. «Iganderako aisa amaituko duzue» esan zien.
— Iganderako! Joan al zara Bob? —galdetu zion emazteak.
— Bai, maitea —erantzun zion Bobek— nahiago nukeen zeu ere joan izan bazina. Oso poztuko zintuzke zein leku berdea den ikusteak. Baina sarritan ikusiko duzu. Igandean ikusi bat egingo diodala agindu diot. Gizarajotxoa! Nire txikia! —intziri egin zuen Bobek—. Gizarajotxoa!
Bat-batean negarrari eman zion. Ez zion eutsi ahal izan. Eutsi ahal izan balio, agian semea eta biak egon ziren bezain elkarturik ez zirelako egon izango zatekeen.
Aretotik irten eta goiko gelara igo zen. Alaiki argiztaturik eta Gabonetarako bezala apaindurik zegoen. Aulki bat ageri zen haurraren ohe ondoan eta azken aldian norbait egondako arrastoak zeuden bertan. Bob gaixoa aulkian eseri zen, eta pixka bat pentsatzen egon eta baretu zenean, aurpegitxoan musu eman zion. Gertaturikoa etsi-etsian onartu eta behera jaitsi zen zorion betean.
Sutondoan bildu eta hizketan aritu ziren. Ama-alabek lanean jarraitu zuten. Scrooge jaunaren ilobaren maitagarritasun apartekoaz hitz egin zien Bobek. Behin bakarrik zuen ikusia eta hark, egun hartan kalean topatzean, zerbait erasanik zegoela konturatzean, azaldu zuen Bobek, zer gertatu zitzaion galdetu omen zion, eta hau esan eta gero, jarraitu zuen Bobek, «sekula entzun dezakezun hizketarik atseginenekoa baita» esan egin nion. «Bihotz-bihotzez sentitzen dut, Cratchit jauna», esan zidan hark, «eta zure emazte onarengatik ere sentitzen dut». Dena dela, ez dakit nola jakin zezakeen hori.
— Zer jakin, laztana?
— Ba... emazte ona zarela —esan zuen Bobek.
— Mundu guztiak dakiena da hori —esan zuen Peterrek.
— Ongi esana, motel —jaregin zion Bobek—. Hauxe esan zidalakoan nago: «Bihotzez sentitzen dut zure emazte onarengatik; eta zerbaitetan laguntzerik baldin badut» esan zidan gero txartela emanez, «horra non bizi naizen. Ikustera etortzeko erregutzen dizut». Jakina, haren hitzak hunkigarriak badira, ez da gure alde egin dezakeenarengatik, beraren izaera errukiorrarengatik baizik. Onbera huts da. Tim txikia ezagutu ez ezik gure pena berea zuela ematen zuen.
— Bihotz oneko gizona dela uste dut —esan zuen Cratchit andreak.
— Benetan sinetsiko zenuke —esan zion Bobek— ikusi eta hitz egingo bazenio. Ez nintzateke batere harrituko, eta gogoan bar zer diodan, Peterrentzat egoera hobe bat hartzen badu.
— Entzun al duzu hori, Peter? —galdetu zuen Cratchit andreak.
— Eta orduan —bota zuen neskatxetariko batek— Peterrek neskalagun bat bilatu eta familia berri bat eratuko du.
— Tira! Ez esan txepelkeriarik! —esan zion Peterrek irribarrez.
— Litekeena da —esan zuen Bobek— eta egun hauetakoren batean gainera, edo agian ez, baina horretarako baduzu nahiko asti. Dena dela, nolanahi eta noiznahi elkarrengandik banatzen garela ere, gutariko inork ez du ahaztuko Tim txikia, ezta?, ezta gure artean gertatu den lehenbiziko banaketa hau ere.
— Inoiz ere ez! —esan zuten negar-muzinka guztiek.
— Eta badakit —esan zuen Bobek— badakit, enetxook, zein eramankorra eta maitabera zen gogoratzean, ume koskor bat baizik ez izan arren, ez gara elkarrekin errazegi haserretuko eta, hori dela eta, gure Tim gizarajoa ahaztuko ere.
— Inoiz ere ez, aita, inoiz ez! —esan zuten guztiek intzirika.
— Zoriontsu naiz —marmar egin zuen Bobek— oso zoriontsu naiz...
Cratchit andreak musu eman zion, alabek musu eman zioten, bi mutikoek ere musu eman zioten eta Peterrek eskua eman zion. Tim txikiaren izpiritu hori, zure haurtasuna Jainkoagandikoa zen!
— Mamua —esan zion Scroogek— elkar uzteko unea hurbil dagoela esaten dit zerbaitek. Ziur dakit, baina ez dakit nola. esadazu zer gizon zen hor etzanik eta hilda ikusi dudan hori.
Etorkizuneko Gabonen Mamuak lehen bezala hitz egiten eta gidatzen zuen, garai desberdin batean bazen ere, Scroogeren iritziz: egia esateko, azken aldiko ikuspenei ez zitzaien ordenarik nabarmentzen, etorkizunean negozio-gizonen bileratan eta Scrooge gabe gertatzekoak izateaz aparte. Izpiritua ez zen ezertarako gelditu, baizik eta aurrera jo zuen, gogoko jomugara balihoan, une batez geldi zedila Scroogek erregutu zion arte.
— Lasterka bizian goazen. Kalexka honetan —esan zuen Scroogek— dago aspaldian nire bulegoa. Horra etxea. Etorkizunean zer izango den ikusten utz iezadazu.
Mamua gelditu zen, baina haren eskua beste nolabait zuzendurik zegoen.
— Etxea hango hura da —argitu zuen Scroogek—. Zergatik seinalatzen duzu harantzago?
Hatza, mugigaitz, ez zen norabidez aldatu.
Scrooge bere lantegiko leihora oldartu zen orduan eta barrura begiratu zuen. Bulegoa zen, baina ez lehengo bera; altzariak ere ez ziren lehengoak, eta aulkian eseririk zegoena ere ez zen berak ikustea espero zuena. Mamua lehengo norabide bera seinalatzen ari zen.
Berehala elkartu zitzaion, eta nora zihoazen eta zergatik bere buruari galdezka, burdin hesi bateraino lagundu zuen. Egonalditxo bat egin zuen sartu aurretik, ingurura begiratuz. Hilerri bat zen. Han zegoen lurpean, izena jakin behar zueneko gizon dohakabea. Aukerako lekua zen. Eraikuntzaz inguratua, soropilez eta irakaz estalia, han ez zen bizi landarerik sortzen, heriozkoak baizik, lurperatzeen gehiegiak itorik baitzeukan. Aukerako lekua! Mamuak, hilobi artean zutik, beraietariko bat erakutsi zion eta Scrooge dardarka hurbildu zitzaion. Mamuak ordura arteko itxura berbera zuen, baina Scrooge esanahi berri bat ikusten ote zion beldur zen haren tankera handitarrari.
— Seinalatzen ari zaren harri horretara hurbildu aurretik —esan zuen Scroogek— galdera bati erantzun iezadazu: gertatuko diren gauzen ikuspenak dira hauek edota gerta litezkeen gauzen itzalak soilik?
Beste behin Mamuak harantzago seinalatu zuen: alboan zuten hilobi baterantz.
— Giza jokabideetan iraunez gero, berauek nora gidatu ohi duten aurrez igartzea erraza izaten da —esan zuen Scroogek—. Baina bide horietatik aldentzen bazara, amaierak bestelakoak izango dira. esadazu, beraz, zer gertatuko den egiazki erakutsi didazun guzti honetatik.
Mamuak, beti bezala, ez zuen zirkinik egiten.
Scrooge ikaraz eta arrastaka aurreratu zen, eta hatz aldaezinak markatzen zuen norabideari segika, hilobi ahantziaren harrian bere izena irakurri zuen: Ebenezer Scrooge.
— Ni al naiz ohean zetzan hura? —esan zuen negarrez belaunikaturik.
Hatzak hilobia seinalatzen zuen behin eta berriro.
— Ez, Mamua, ez, ez, ez.
Hatza norabide bera seinalatzen ari zen.
— Izpiritua! —oihu egin zuen azkenik, haren jantziei itsatsirik—. Entzun nazazu! Orain ez naiz lehengo gizon hura bera. Zuk lagundu izan ezik, izango nintzatekeen gizon hura ez dut izan nahi. Zergatik erakusten didazu hau dena niretzat ez baldin bada inolako itxaropenik?
Lehenbizikoz eskua higitu egin zela zirudien.
— Izpiritu on hori —jarraitu zuen lurrean belaunikaturik— eta zeurezkoa duzun ontasun hori aldeko eta erruki dakidala! Ziurta iezadazu oraindik garaiz nagoela erakutsi dizkidazun ikuskari horiek aldatzeko, neure bizimodua aldatzera saiatzen banaiz, behintzat.
Eskua orain dardarka ari zen.
— Neure bihotzean ospatu nahi ditut Eguberriak eta urte osoan gorde nahi dut beronen Mamua. Iraganean, orainaldian eta etorkizunean bizi nahi dut. Hiru Mamuak ahaleginduko dira nigan hori lortzen. Emanikako irakatsiak ez ditut ahaztuko. Arren, harri horretan idatzirik dagoena ezaba dezakedala esadazu.
Bere hiltamuan Mamuaren eskuari beldur zion. Hark askatu egin nahi izan zuen, baina Scroogek gogotik eutsi zion. Mamua indartsuagoa zen eta azkenean aldenarazi zuen. Scroogek, bi eskuak elkarturik bere patua alde zedin erregutu zionean, aldakuntza bat ohartu zuen Mamuaren txano eta jantzian. Gero zimurtu, lurreratu eta suntsitu egin zen ohe baten zutabe bihurtzeraino.
© Charles Dickens
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren