Hirugarren ahapaldia

HIRU MAMUETARIKO BIGARRENA

 

        Zurrunga harrigarri baten erdian esnatu eta bere pentsamenduak biltzeko ohe gainean eseririk, erlojua ordu batean zegoela jakiteko ez zuen inoren beharrik izan. Jakob Marleyren bitartez zetorkion bigarren mezulariarekin ihardunean hasteko, tarte labur haren buruan berriz ere itzartu egin zela antz eman zion Scroogek. Eta bigarren Mamu honek, zein gortinari albora eragingo ote zion pentsaketan jarririk, egundoko hotza sumatu zuen eta gortina guztiei bere eskuez albora eragin, etzan eta ohe-bira guztian zelata zorrotzean jarri zen.

        Azal zedin une berean aurpegi eman nahi zion Mamuari Scroogek, zeren ez baitzuen gogorik hark urduri eta ustekabez harrapa zezan.

        Zirt edo zart egiteko prest izaten diren gizonek, bizpahiru keinuz lagunak egin eta zernahitarako erantzuna beti mihian dutelako harroxko ibili ohi direnek, leonkantiloan jokatzetik gizona hiltzea bitarteko edozer egiteko gauza direla esanez azaldu ohi dituzte beren abenturari-ahalmenak; eta dudarik gabe, bi muga-mutur hauen tartean bada hautakizun ugaririk! Scroogeri buruz horren gogor iritzi gabe ere, nahi duzuna sinets ezazu, nolanahi ere agerkari sail zabal bati aurre emateko prest zegoen: haur batetik hasi eta errinozeroraino bitarteko edozerk ikara handirik ez ziokeen eragingo behintzat.

        Baina ia edozertarako prestaturik zegoen eta ezer jakinerako ez, eta honela, erlojuak ordu bata jo eta inoren aztarnarik ez agertzean, ikara larri batek menperatu zuen. Bost minutu. Hamar minutu, ordu laurdena pasa eta oraindik ezer ez. Bitarte guzti honetan, Scrooge ohe gainean etzanik zegoen, erlojuak ordua ematean agertu zen eta hamabi mamu baino beldurgarriagoa zitzaion gorritasun lauso baten helburu eta jomuga bihurturik.

        Argi hura zer zen eta zertarako zegoen han jakiteko gauza ez izaki eta berezko erreketaren eredu interesgarri gerta zitekeela Scrooge, berak ezertxo ere jakin gabe, susmotan hasia zegoen.

        Hala ere, halako batean pentsatzen hasi zen —zerorrek ere aurretik pentsatu duzunez, agian, estutasunetik kanpora dagoena izan ohi da maizenik halako egoera batean zer egin behar den ongien igartzen duena— halako batean, esan dudanez, buruak eman zion azkenik alboko gelan aurki zitekeela sorgin-argi haren sorburu ezkutua; zeren begiak hobeki finkatuz gero, bertatik zetorrela baitzirudien. Burutazio honek menperatu zuenean, ohetik jaiki eta oinetako zapalak arrastaka zituela, ate aldera abiatu zen.

        Scroogek eskua ate sarrailan ezarri zuen bezain laster, ahots ezohi batek dei egin zion bere izenez eta sartzeko agindu. Scroogek obeditu egin zion.

        Bere logela zuen. Ez zuen zalantzarik horretaz. Baina harrigarrizko aldaketa bat jasana zuen. Hormek eta sabaiak berde minez apaindurik, egiazko basoa ziruditen eta ale argitsuen distira nabari zen edonondik.

        Gorosti, mihura eta huntzorri kizkurrek, beste hainbeste ispilu bailiren, argia islatzen zuten, eta une hartan tximinian gora zihoan adinako sugar orrolariak ez zuen inoiz ezagutu izan laratz hark ez Marleyren garaian, ez Scroogerenean, ezta hainbeste aldiz iraganiko neguteetan ere.

        Tronu bat eratzeko moduan metaturik, indioilar, antzar, ehizaki, hegazti, urdeki, okela, txerrikume, ziztor-korda, gozoki, aranopil, ostra ontzikada, gaztaina erreak, gerezi masaildun sagarrak, laranja urtsuak, udare distirakorrak, errege opil eta pontxe irakinez beteriko kikara ugari ageri ziren beren lurrin gozoz gela barrena lausotzen zutelarik.

        Etzaleku honen gainean erakusmeneko Erraldoi alai bat zegoen eroso bezain lasai eseririk ugaritasun adarraren antzekoa zen zuzi argitsu bat eskuan zuela, eta gora jasotzen zuen honi eta hari so zetorrela Scroogeri argia gainera isur zekion.

        — Zatoz barrura! —dei egin zion Mamuak—. Zatoz eta hobeki ikus nazazu, gizona!

        Beldurrez sartu eta burumakur geratu zen Scrooge Mamuaren aurrean.

        Ez zen jadanik lehenago Scrooge ausart eta burugogor hura. Mamuaren begiak argiak eta maitekorrak baziren ere, Scroogek ez zuen haiekin topo egin nahi.

        — Aurtengo Gabonetako Mamua naiz —esan zion—. So egidazu! —Begirunez egin zuen Scroogek agindurikoa. Larru zuriz barrenduriko soineko edo gaineko soil batez jantzirik zegoen Mamua. Inolako tapakiz estaltzea edo ezkutatzearen aldeko ez balitz bezala, jantzia lasa-lasa zeraman eta agerian zeuzkan bere bular sendoak. Soinekoaren toles lasaien azpitik ikus zekizkiokeen oinak ere ortozik zerabiltzan; eta buruan, izotz burduntzi distikorrez hornituriko gorostizko koroa bat beste estalgarririk ez zuen. Haren ile kizkur ilun-nabarrak solte eta ugariak ziren, aurpegia bezain emankorrak; begiak distiratsu, eskua zabalik, ahotsa alaia, izaera irekia eta jokaera bizia. Antzinako magina bat zeraman gerrian loturik, baina ez zeukan ezpatarik bertan, eta zorro zahar hura ere erabat herdoilak janik zegoen.

        — Orain arte ez duzu inoiz nire antzeko inor ikusi! — bota zion Mamuak.

        — Inoiz ere ez —erantzun zion Scroogek.

        — Ez al duzu nire senide gazteenekin paseorik egin? Azken urte hauetan jaioriko nire anaia zaharragoekin? Ni oso gaztea bainaiz —jarraitu zuen Mamuak.

        — Ez dut uste egin dudanik —esan zuen Scroogek—. Ezetz esango nuke, behintzat. Anaia asko izan al dituzu?

        — Zortziehun baino gehiago.

        — Ez da familia makala guztiei jaten emateko! —esan zuen Scroogek ahopean.

        Orainaldiko Gabon-Izpiritua zutik jarri zen.

        — Mamua —esan zion otzan-otzan Scroogek— nahi duzun tokira eraman nazazu. Bart derrigorturik ibili naiz paseoan eta orain onuragarri zaidan irakatsi bat jaso dut. Gaur gauean, beste zerbait irakatsi behar baldin badidazu, on dakidala!

        — Uki ezazu nire jantzia!

        Scroogek esan bezala egin zuen eta berehalaxe gogor heldu zion.

        Gorosti, mihura, magurdi, huntzorri, indioilar, antzar, ehizaki, hegazti, urdeki, okela, txerrikume, ziztor, ostra, gozo, aranopil, fruitu eta dena bat-batean ezkutatu zen. Orobat gertatu zitzaien gela, su, argitasun gorri eta gaueko orduari ere, eta Eguberri goizez hiriko kaleetan zehar aurkitu ziren biak. Eguraldi gogorra egiten zuen eta jendeak soinu zakarra baina bizi eta atsegina ateratzen zuen, nork bere bizileku aurreko kale-ertzetik eta etxe gainetik elurra karraskatzean, eta goitik behera zuzenean lurreratu eta bidean gezurrezko elur erauntsitan barreiatzen mutikoak pozez zoratzen jartzen zituen.

        Beltzak ziruditen etxaurreek, eta beltzagoak oraindik leihoek, teilatu gainetako elurrezko maindire zuriaren eta lurrean zetzan beste elur zikinxeagoaren parean. Azken honetan gurdi eta orgen gurpil astunek ildoak urratu zituzten kale-adar nagusiak behin eta berriz gurutzatzen ziren tokietan, alehunka eta alehunka bider banatu, iragan eta lokatza hori loditan eta ur izoztutan nekez urratzen ziren erreten nahasiak. Zerua goibel ageri zen eta kalerik laburrenak ere erdi ur, erdi izotz zen laino zikinetan itorik, eta Britainia Handi guztiko tximinia guztiak akordioz batera su hartu eta alaikiro erretzen ari balira bezala, kedarrezko zamar eraso bat jaisten zen lurrera. Ez giroa eta ez hiria ez ziren bat ere atseginak, baina hala eta guzti ere, bazuen kanpoak halako bozkario kutsu bat, udako eguzki argienak eta airerik garbienak ere alferrik uxatuko zuketena.

        Teilatuetatik palaz elurra kentzen ari zen jendea eta noizean behin gordelekuetatik elur pilotak —hitzez adierazitako zenbait iseka baino iraizkari errugabeago zirenak— elkarri jaurtikiz, algaraka erasoz jotzean eta areago oraindik huts egitean, zebiltzanak denak alai eta pozez gainezka ageri ziren.

        Hegazti dendak erdi zabalik zeuden oraindik eta fruta-dendak aintzatan dizdizka. Han zeuden agure umoretsuen gerruntze tankerako saski handi, biribil, eltze tripadunak gaztainaz gainezka, beren ugariaren betean kuluxkadaka eta kale aldera zabuka.

        Han zeuden Espainiako tipula gorrista, musu beltx gerri lodiak, fraide espainiarrak bailiren beren joriaren ugariz dirdirka, eta albotik pasatzean zintzilik zegoen mihurari begirada iheskorra egiten zioten neskatxei amarru bihurriz keinuka beren apaletatik. Han zeuden sagar-udareak txuntxur marduletan pilaturik. Han zeuden mahats-lukuak dendariaren eskuzabaltasunak gako garaietatik eskegi zituenak agerian jartzeko eta ondotik igarotzen zirenei ahoa dohain ur bihur zekien asmo makurrez. Han zeuden ur multzo nabar goroldiotsuak, basoetan zehar emandako paseo zaharrak eta orkatilarainoko orbel ozenetan eginikako joan-etorri atseginak beren usainaz oroitaraziz.

        Han zeuden Norfolkeko sagarrak, biribilkote eta beltxaka, eta pertsonaia muztiotsuak zirelarik, paperezko zorrotan etxera eraman eta afalostean norbaitek jan zitzala erreguka eta otoika, limoi eta laranjen horitasuna nabarmenaraziz. Fruitu sail honen artean pontxe-ontzi batean zeuden urre eta zilarrezko arraintxoek ere, arraza malenkoniatu eta odol geldokoak izan arren, antz eman zioten zerbait gertatzen ari zela eta guztiak, jira eta bira, arnasestuka zebiltzan bere mundutxoan, higidura patxadatsu eta grinagabe batez.

        Janari-dendak! Oi, janari-dendak! Erdi itxirik, leiho estalkiren bat edo beste eraitsirik, baina zirrikituetatik haiek ziren ikustekoak haiek! Ez zen pisalek igo-jaitsian ateratzen zuten soinu alaia soilik, ez eta txaratil-hariek bereziki zerabilten jarduna ere, ez eta joko malabarretan bezala, tin-tinka ari ziren ontziak ere, ez eta sudurrei hain atsegina zitzaien te eta kafe usain nahasia ere, ez eta mahaspasei zerien usain gozoa, almendra zuri-zuriak, kanela zotzak hain luze eta zuzenak, espezia desberdin eztiak, fruitu almibarreztatu tortikatsuak, eta azukrez hain estaliak, behatzaile hotzenari ere ahulezia sorrarazi eta behazuna eragingo zioketenak. Ez eta piku heze mamitsuak edota gaingiroki apainduriko kutxatilatan garraztasun begiratuz musugorriturik zeuden okaranak edo Gabon jantzitan jateko prest zegoen beste edozein jaki soilik ere. Jaiegunaren promesa itxaropentsuak eraginik, bezero guztiak ere, bizkor eta presaka zebiltzan atean elkarrekin tupustekoka, zumitzezko otarretxoei karraska eraginez, erosirikoa mahai gainean ahaztu eta beraren bila lasterka itzuliz eta umorerik onenez honelako beste alehunka ezegiteko burutuz.

        Bitartean jaki saltzaileak eta haren jendea, xalo eta jaukal, mantal azpian euskarritzat zerabiltzaten bihotz irudi dirdaitsuak berenak balituzte bezala hezur eta haragizko, guztiek beren begiez ikus zitzaten eta Gabonetako belamikek nahi izanez gero mokoka zitzaten.

        Baina aurki dei egin zioten jende onari kanpandorreek eliz-kaperetara eta han joan ziren kaleak betean jantzi onena eta aurpegi alaienarekin.

        Aldi berean hogeitaka kale koskor, etxarte eta bidegurutzetatik ezin kontatuzko jendetza zetorren, nor bere afariarekin okindegiko labera. Festazale hauek ikustea Mamuari oso gogoko zitzaiola ematen zuen, zeren Scroogerekin batera okindegiaren atalondoan zutik zegoela, parean pasatzen zirenei estalkia jaso eta bere zuziaz zipriztintzen baitzizkien afariak. Eta ondo zuzi bitxia zen izan ere, zeren behin edo bitan elkarrekin tupust egin zuten bi afari-eramaileren artean haserrea sortzean, ur-tanta batzuk isuri beraien gain eta besterik gabe umore onean jarri baitziren biak. Lotsagarria baitzen —halaxe zioten— Gabon egunez liskarrean ibiltzea. Eta halaxe zen! Bai noski!

        Ordua iristean ezkilak mututu ziren eta okindegiak itxi eta harrezkero sekulako afari-zainketa eta goxaketa zebilen, labe gaineko mantxagune bustian, non zola ere lurrunetan baitzegoen, harriak ere egosten ari balira bezala.

        — Zeure zuziaz zirtatzen duzun horrek zapore bereziren bat al du? —galdetu zuen Scroogek.

        — Bai, neronena.

        — Edozein bazkari motari ezartzen al diozu gaurko egunez? —galdetu zion berriz Scroogek.

        — Maitez eginikako guztiei; are gehiago jateko behartsuari.

        — Zergatik behartsuei gehiago? —galdetu zion Scroogek.

        — Gehiago behar dutelako.

        — Mamua —esan zion Scroogek une batez pentsatzen egonik— harriturik naukazu inguruan ditugun mundu ugariak populatzen dituzten izaki guztien artean, jende hau aukeratu baituzu beronen gozamen errugabeari traba egiteko.

        — Nik? —oihu egin zuen Mamuak.

        — Zazpigarren egunoro afaltzeko aukera kentzen diezu, sarritan zerbait jan ahal izan dutela esan dezaketen egun bakarra izaki, ez ala? —esan zion Scroogek.

        — Nik? —oihu egin zuen Mamuak.

        — Zazpigarren egunoro toki hauek itxirik gera daitezen ahalegintzen zara —esan zion Scroogek— eta berdin da.

        — Ni ahalegindu? —deiadar egin zuen Mamuak.

        — Okerrean banago, barka, zure izenean edo zure familiarenean gertatzen da behintzat —esan zion Scroogek.

        — Badira zure lur horretan —erantzun zion Mamuak— gure berri badutela esanez eta beren grina txar, harrokeria, gaizkinahia, gorroto, bekaizkeria, gogorkeria eta norberekeria guztiak libre uzten dituztenak, baina ez gurekin eta ez gure senideekin ez dute inolako zerikusirik. Oroi zaitez horretaz eta beraiei lepora iezaiezu beren egintzen errua.

        Scrooge baiezkoan geratu zen, eta lehen bezala ikusezin bihurturik, herbarrenean zehar aurrera jo zuten.

        Mamuak bazuen gaitasun ohargarri bat (jadanik Scroogek okinarenean begiz joa zuena), nahiz eta gorpuzkera handikoa izan, inolako eragozpenik gabe edozein lekutara egokitzekoa; eta altuera txikiko edozein sabairen azpian areto garai batean bezain eroso aurkitzen zen, izaki naturaz gaindiko bati dagokion neurrian.

        Eta ahalmen hau agertzeak sortzen zion atseginak, edota agian, berezko izaera on, eskuzabal, bihozberak eta jendearenganako begikotasunak eraginik, Scroogeren langileen etxeetara jo zuten, Scrooge ere jantziari heldurik berekin zeramala. Atalondoan Mamuak irribarre egin zuen eta bere zuziari zerizkion zipriztinez Bob Cratchiten etxea bedeinkatzeko gelditu zen. Kontu egizu! Astean hamabost txanpon besterik ez zituen jasotzen Bobek, larunbatero hamabost txelin baizik ez zituen patrikaratzen eta hala eta guzti ere, Orainaldiko Gabonetako Mamuak haretxen etxea bedeinkatu zuen!

        Gero Cratchit andreak, Bob Cratchiten emazteak galartzuz beterik eta alderantzitara zerabilen soineko batez —galartzuak merkeak izaten baitira eta sei penikez oso itxura polita lortzen da— zamaua jarri zuen, bera bezala galartzuz dotoreturik zebilen Belinda Cratchit, alabetariko bigarrena, laguntzaile zuela. Bitartean, Peter Cratchit, mutila, erratilukada patatatan sardexka sartuz, sekulako alkandora baten idun-muturrak ahoan zituela (Boben jabego pribatua zen arren, egunaren omenetan semearengana aldatu baitzen, bere burua hain apain ikustean atsegin betean zebilen eta bere jantzi berri hura modako parke eta pasealekuetan erakusteko irrikitan.

        Eta orain, bi Cratchit txikiak, neska-mutikoak, okindegiaren kanpoaldetik antzar-usaina usnatu eta berenaren antza hartu ziotela garrasika arrapaladan sukalderatu ziren. Eta otorduaren gogorapen jorizko atseginetan, Cratchit mutila hodeietaraino goratzen zuten bitartean. Honek, berriz, —harrokeriarik gabe, alkandora idunek erdi-itorik zeukaten arren— suari putz egiten zion patatek pilpilka erratiluaren atea jo zezaten arte, bertatik jaregin eta zuritzeko.

        — Zerk berandutu ote du gure alta maite hori? —esan zuen Cratchit andreak— eta Tim zuen anaia txikia? Marta ere iazko Gabonetan duela ordu erdi bat hemen zegoen.

        — Hara, Marta, ama! —esan zuen neskatxak oraindik beratzaz hizketan ari zirela.

        — Hara, Marta, ama! —esan zuten bi Cratchit txikiek—. Aupa, antzarra daukagu Marta!

        — Ene Jainko maitea! Nola hator horren berandu laztan hori? —galdetu zion Cratchit andreak dozenerdi bat aldiz musu eman, eta urduri eta txeraz kapela eta berokia kenduz.

        — Atzo gauerako amaitu ahal izateko lan gehiegi genuen —erantzun zion neskak— eta gaur goizean bukatu behar izan dugu, ama.

        — Ederki, berandu etorri bahaiz ere, ez zion axolarik —esan zion Cratchit andreak—. Eser hadi sutondoan eta bar ezan berotu bat.

        — Ez, ez. Hemen dator aita —oihu egin zuten ixtan batean nonahi ageri ziren bi Cratchit txikiek—. Ezkuta hadi, Marta, ezkuta hadi!

        Horrela, bada, Marta ezkutatu zen eta Bob aita sartu zen, tapaukiaren muturra hiru bat oin luze aurretik dingilizka zuela, itxura hobea izan zezaten ongi sareztatu eta eskuilaturiko arropa maiztuekin, Tim txikia bizkarrean zekarrela.

        Tim txiki gaixoa! makulutxo bat eta zangoak burdinazko euskarri batean zekartzan.

        — Non arraio dago gure Marta? —oihu egin zuen Bob Cratchitek ingurura begiratuz.

        — Ez da etorri —esan zuen Cratchit andreak.

        — Ez dela etorri? —galdetu zuen berriro Bobek kemenak ihes eginik; Timekin lasterketa-zaldiarena egin zuen elizatik etxera bidean eta abaila bizian heldua baitzen.

        — Gabon eguna eta etxera etorri gabe!

        Martak, ordea, jolasean ere ez zuen tristaturik ikusi nahi aita eta aldiz lehen komuneko ate atzetik irten eta haren besoetara lasterka egin zuen, bi Cratchit txikiek Tim zalapartaka galdarako budin kantaria ikustera eraman zuten bitartean.

        — Eta nola portatu da gure Tim txikia? —galdetu zuen Cratchit andreak, sineskortasunagatik Bobi adarra jo ondoren, eta Bobek bularraren kontra bere alaba nahi adina laztandu ondoren.

        — Santu bat bezalaxe —esan zuen Bobek— eta hobeki, agian. batzuetan zapuztu egiten da, luzaroan geldi-geldi egoteagatik, eta denbora emateko entzun ohi dizkiozun gauza bitxi horiek pentsatzen hasten da. Etxerakoan zera esan dit, elbarria nola den jendearen jakin-mina iratzartuko zuela, agian, elizan eta guztiek oso gogoko izango zutela Gabon egunean eskale herrenei ibilbidea eta itsuei ikustea eman zien Hura.

        Boben ahotsak dar-dar egiten zuen hitz haiek esatean, eta oraindik dar-dar gehiago egin zuen Tim txikia sendo eta mardul zetorrela aitortu zuenean. Makulutxoa lurrera erortzen sumatu zuten eta hitz erdi bat esaterako anaiak eta arrebak lagundurik sutondoko zizeilura itzuli zen Tim txikia. Bitartean, Bobek zamarraren mahukak tolestaturik —oraindik maiztuagorik egotea posible balitz bezala, gizarajoa!— ginebra eta limoiez zuku bero bat atondu zuen eta nahas-nahas ongi irabiatu ondoren sutondoan jarri zuen astiro irakin zezan.

        Peter Cratchit gaztea eta bi Cratchit txiki ezinegonak antzarraren bila joanik, berehala itzuli ziren prozesioan. Hura iristean sortu zen iskanbilak antzarra hegazti guztien artean bitxiena zela susmaraz zezakeen; zisne beltza arrunt bezala uzten duen lumaz estaliriko fenomenoa; eta, egia esan, eta etxe hartan horrelako zerbait balitz bezala hartzen zuten. Cratchit andrea saltsa (aurretik eltzetxo batean prest zeukana) gertatzen ari zen; Peterrek kemen handiz zukutzen zituen patatak, Martak plater beroei hautsa kentzeari ekin zion eta Belindak sagar saltsa gozatzen ziharduen. Bobek berekin hartu zuen Tim txikia mahai-zirkulu batean; bi Cratchit txikiek berenak ahaztu gabe denentzat eserlekuak atondu zituzten, nor bere lekuan zain jarririk, koilarak ahoan sartzen zituzten, aldiz lehen garrasika antzarraren eske ez hasteko. Azkenik, platerak mahaian jarri eta errezatu egin zuten.

        Cratchit andrea, eskuan zeukan labanari luzera guztian astiro begiratuz, antzarraren paparrean murgiltzeko prest jartzean, une batez denak isilik geratu ziren arnasarik hartzeke, baina luzaz itxaron izanikako barrunbetezko zarrastada agertu zenean, atseginezko susmurra sortu zen mahaiaren inguruan. Tim txikiak ere, bi Cratchit txikiek zirikaturik, labana kirtenaz mahaia jo eta Aupa! ahul bati jaregin zion.

        Sekula inork ez zuen ikusi halako antzarrik. Egundo halako hegazti gozorik erre zenik ez zuela uste zioen Bobek. Haren samurrak eta zaporeak, tamainak eta merkeak mundu guztia harriturik zeukaten. Sagar saltsa eta patata zukua gehiturik, familia osoa asetzeko adinako otordua izan zen; izan ere, Cratchit andreak harro esan zuenez, (erratiluan geraturiko hezur izpi bat seinalatuz), ezin izan zuen amaitu. Beraz, denek jan zuten ase arte eta Cratchit txikienak batez ere lepazintzurreraino bete ziren jakiz. Eta orduan Belindak platerak aldatu zituen. Eta Cratchit andrea bakarrik irten zen gelatik —urduriegi baitzegoen testigurik onartzeko— budina moldetik atera eta mahaira eramateko.

        Demagun ez zegoela behar bezala eginik! Demagun zatitan puskatu zela moldetik ateratzean! Demagun norbaitek etxe atzeko barrutiaren hormatik gora igo eta lapurtu zuela, antzarra mauka-mauka jaten ari zirela! Ustekizun honen aurrean b Cratchit txikiak zuri-zuri eginik geratu ziren eta era guztietako izugarrikeriak bururatu zitzaizkien.

        Ene bada! Hura zen lurrunaren lurruna! Budina galdaraz kanpo zegoen. Lixiba egunetako usainaren antzekoa sumatzen zen. Estalkiari zeriona zen. Jatetxe, gozotegi edo lixibatokiren bat alboan izan balute bezalako usaina. Hura zen budina hura! Hiru txiki pattar berotan dizdizka, gorosti adartxo batez apaindurik, kanoi-bala ttanttakatu baten antzeko budin gogor eta sendo batekin, minutu erdirako berriz ere barruan zen Cratchit andrea, gorriturik baina harrotasunez irribarrezka.

        — Benetan budin zoragarria! —esan zuen astiro-astiro Bobek, ezkonduz geroztik Cratchit andreak egindako gauzarik onentzat joz. Orduan Cratchit andreak irin kantitateari buruz zalantzak izan zituela aitortu zuen baina orain kezka guztiak uxatuak zituela. Denak zuten zeresana budinaz, baina inori ez zitzaion bururatu halako familia handi batentzat eskas samarra ez ote zen izan. Honetaz aipamenik txikiena egitea ere barkaezina izango zatekeen. Edozein Cratchit gorri-gorri eginik geratuko zatekeen, horrelakorik sumatu zela aditzera eman izan balitzaie.

        Azkenean, bukatu zen afaria, zamaua jaso, tximiniapea erraztu eta sua indartu zuten. Pitxarreko zukua dastatu eta puntu-puntuan zegoela iritzi zioten; sagarrak eta laranjak mahai gainean jarri ziren, baita gaztaina palakada bat txingar gainean ere. Gero familia osoa suaren inguruan eseri zen. Bob Cratchitek biribila deitzen zuena eratuz, biribilerdia besterik ez bazen ere; eta Bob Cratchiten ukalondoan etxeko kristaleria guztia ageri zen: bi edalontzi eta kirtenik gabeko katilu bat krematarako.

        Urrezko izan balira bezain egokiak gertatu ziren edalontzi haiek muztioa edukitzeko; eta Bobek begirada distiratsuz zerbitzatu zuen, gaztainak sutan txipli-txaplaka eta txingar-jarioka ari ziren bitartean. Orduan Bob topa egiteko zutitu zen:

        — Gabon zoriontsuak guztiontzat, enetxook! Jainkoak bedeinka gaitzala!

        Hitz hunkigarri hauek entzutean, familia osoak aho batez oihartzuna egin zuen.

        Jainkoak bedeinka dezala gutariko bakoitza! —esan zuen Tim txikiak, denetarik azkenak.

        Aitaren ondo-ondoan eseririk zegoen, aulkitxo baten gainean. Bobek bereaz estu-estu harturik zeukan haren eskutxo belaxka maite baitzuen mutikoa eta bere ondoan gorde nahi zuen, norbaitek aldenaraziko balio bezala.

        — Mamua —esan zuen Scroogek, ordura arte ez bezalako arretaz— esadazu Tim txikia biziko den ala ez!

        — Eserleku bat hutsik ikusten dut sutondoan —erantzun zion Mamuak— eta jaberik gabeko makulu bat, arduraz gorderik. Etorkizunean itzal hauek aldatzen ez badira, mutikoa hil egingo da.

        — Ez, ez —esan zuen Scroogek—, ez ez, Mamu errukitsu hori! esadazu onik aterako dela.

        — Etorkizunean itzal hauek aldatu gabe badiraute —azaldu zion Mamuak—, nire arrazako inork ez du hemen aurkituko. Baina bost axola hori. Hil behar badu, hil dadila, jende-gehikina urritzeko.

        Scroogek burua makurtu zuen bere ahotik jasoriko hitzak Mamuak errepikatzen, eta damu-saminaren menpean erori zen.

        — Gizona! —esan zion izpirituak—. Benetan gizon bazara ezazu bihotz biguna eta ez harrizkoa, eta ez ezazu memelokeriarik esan jende-gehikina zer den eta non dagoen argitu arte. Ausartuko ote zinateke esatera zeintzuk gizon diren bizi behar dutenak eta zeintzuk hil beharrekoak? Baliteke Zeruaren begietan gizarajo honen haurra bezalako alehunkaren parean, zu bizi izateko egokitasun eta arrazoi gutxiagorekin agertzea. Ene Jainkoa, hara hauts artean bizi diren anai-arreba gosetien bizi luzeegiaz nola mintzatzen ari den hosto gaineko intsektua.

        Scrooge makurtu egin zen Mamuaren akarraren aurrez aurre, eta begiak lurrari josi zizkion ikarati. Baina bere izena entzun zueneko, bat-batean jaso zituen gora:

        — Scrooge Jauna! —esan zuen Bobek—. Scrooge jauna, festaburuaren izenean topa egitera gonbidatzen zaituztet!

        — Bai, festaburu ederra hori! —oihu egin zuen Cratchit andreak gorriturik—. Nahiago nuke gurekin hementxe balego. Entzun beharko lituzke entzutekoak, eta beratzaz pentsatu dudana entzuteak ez dut uste on handirik egingo liokeenik.

        — Enetxoa, mesedez! —ohar egin zion Bobek—. Haurrak! Gabonetan gaude!

        — Hori esan —esan zuen emazteak—. Gabon eguna izan behar, onginahi eta barkamen eguna, Scrooge jauna bezalako gizon gorrotagarri, zikoitz, gogor eta errukigabe baten izenean topa egiteko! Badakizu zuk ongi haren berri, Robert. Inork ez bezala ezagutzen duzu zuk, nire adiskide gizajo horrela!

        — Gaur Gabon eguna dugu!

        — Edango dut haren izenean, baina zugatik eta egun honen santutasunagatik, ez, ordea, berarengatik —erantzun zion Cratchit andreak—. Jainkoak bizitza luzea eman diezaiola! Gabon zoriontsu eta Urte Berri on! Guztiz zoriontsu eta alaia izango den zalantzarik ez dut!

        Haurrek ere topa egin zuten haren ondotik. Hauxe izan zen egun osoan denen gogoko gertatu ez zen egintza bakarra. Tim txikiak edan zuen azkena eta inolako berotasunik gabe egin zuen. Scrooge, familiaren gizotsoa zen. Haren izena aipatze hutsak itzal iluna ezarri zuen talde osoaren gainean eta bost bat minutu luze behar izan ziren uxatzeko. Gorabehera hura pasaturik, lehen baino hamar aldiz alaiago jarri ziren, Scrooge malapartatuarekikoak egin zituztela konturatzean.

        Bobek esan zien astean bost txelin eta erdi irabazteko moduko ogibide baten bila zebilela Peterrentzat. Bi Cratchit txikiek egundoko barre-algarak egin zituzten, Peter negozio-gizon bihurturik irudikatzean; Peter bera ere alkandora-idun artetik pentsati suari begira jarri zen, diru kapital zirraragarri hura eskuratzean, zer eratako inbertsioak egin hausnartzen ari balitz bezala.

        Martak, jostundegi batean aprendizaia umilean ari zenak, zer arlotan eta zenbat orduz etengabe jo eta ke lanean ihardun ohi zuen azaldu zien, eta biharamuna jaieguna zenez gero, loaldi luze bat egiteko nolako gogoa zuen. Baita ere esan zien, nola egun batzuk aurrerago kondesa bat eta lord bat ikusiak zituen, eta lord hura «Peter baino askozaz garaiagoa» zen; eta honek, hura entzutean, ahal zuen guztia luzatu zuen lepoa jantzitik, hainbesteraino non bertan izan bazinete, ez baitzenioketen bururik ikusiko. Bitarte honetan gaztaina erreak eta pitxerra biraka eta biraka ibili ziren eta noizean behin Tim txikiak, elurretan galdurik zebilen haur bati buruzko kanta bat abesten zuen bere ahots hiletariaz, eta poliki asko abestu ere abesten zuen.

        Guzti hartan ez zegoen beste munduko gauzarik. Familia hura ez zen edertasunean eredu, ezta ongi janzten zena ere; haien oinetakoak ere ez ziren aukerakoenak uretan ibiltzeko eta jantzia ere arina eta urri izaten zuten, eta Peterrek ezagutzen bide zuen, ziur ezagutzen zuela, bahitura-etxeren baten barrualdea. Hala ere, zoriontsu, alai, elkarrekiko atsegin eta beren bizigiroarekin eta jaiegun bat ahogozatzearekin pozik zeuden; eta desagertu zirenean, oraindik zoriontsuago ziruditen, Mamuaren zuzitiko errainu distiratsuen argitan. Scroogek begiak haiengan josirik eduki zituen azkenera arte, eta Tim txikiarengan bereziki. Une hartan iluntzera zihoan eta elurra mara-mara ari zuen; Scrooge eta Mamua kaleetan barrena zebiltzan eta sukalde, areto eta gela mota guztietako sugar txirtxarlarien distira liluragarria zen.

        Hemen, su ikaratiak afari bikain baterako prestakuntzak erakusten zituen, eta sutondoan nonahi egosten ari ziren erratilu beroak; baita hotza eta iluna kanpoan uzteko gortina gorri lodiak ere.

        Han, etxeko haur guztiak elurretan lasterka zebiltzan bere anai-arreba ezkonduei, lehengusuei, osaba-izebei inork baino lehenago ongietorria egiteko.

        Hor, berriz, gortineriak lausoturiko leihoetan zehar, elkarrekin afaritan zeudenen itzalak nabarmentzen ziren; halaxeago neska polit talde bat, txano eta larrutan bildurik, denak batera berriketan, auzoko etxeren batera zihoazen; Errukarria bertara sar zedin mutil zaharra! bere aldiko bizkorren igartzen zioten sorgin alaen haiek beren ederrean! Baina hilera etxekoi haietara zenbat jende zihoan begira jarriz gero, iristean abegia egiteko inor ezin zitekeela etxe barruan zain egon pentsatzekoa zen, eta guztiarekin ere, egoitza bakoitzean jende taldeak zeuden gonbidatuei itxaroten, sutegiak tximini erdirainoko garretan zituztela. Jainkoak bedeinka zitzala! Hura Mamuaren poza!

        Papar biluzia erakutsiz eta esku zabala irekiz, alde batera eta bestetara, zeinen ugari isurtzen zuen bere alaitasun distiratsu eta errugabea harrapatzen zuen guztiaren gain! Farol-zainak berak ere, arestian kale iluna argi ttanttoz zipriztintzen lasterka ziharduenak eta nonbait gau alaia emateko apaindurik zegoenak, ozenki barre egin zuen Mamua albotik pasatzean. Ez zuen asko uste farol-zain onak Gabon egunaz aparteko lagunarterik zuenik! Eta supituki, Mamuak inolako oharrik egin gabe, erraldoien hilerria zirudien izugarrizko harri mokorrak nonahi zeudeneko eremu bakarti eta mortuan agertu ziren; ura edonondik barreiatzen zen edo barreiatuko zatekeen izozteak preso eduki izan ez balu. Goroldioa, otea eta almitz zakar ugaria baizik ez zen hazten han.

        Behe aldean, mendebaldean, eguzkia sartzerakoan, une batez basamortu hura argituz marra gorri sutu bat uzten zuen, begi zimurtua bailitzen, gero eta beherago, beherago, beherago oraindik, gau beltzaren ilunpe itsuan sakon galdu arte.

        — Zer lurralde dugu hau? —galdetu zuen Scroogek.

        — Lurralde erraietan lan egiten duten meatzarien bizilekua —erantzun zuen Mamuak—. Baina ezaguna naute, hara!

        Etxola baten leihotik argi xirrinta iritsi zen eta bertara jo zuten berehala. Buztin eta harrizko horma gurutzaturik, su beroaren inguruan bilduta lagun talde alai bat topatu zuten: gizon eta emakume zahar-zahar batzuk, bere seme-alabekin eta haien seme-alabekin, eta beste belaunaldi bat gehiago oraindik, denak jai egunetako jantzitan eta pozik.

        Agureak, basamortu zabaleko haizearen txistu-hotsa nekez gainditzen zuen boz batez, Gabon-kanta bat abesten zien, bera mutikoa zenean ere jadanik oso kanta zaharra zena, eta noizean behin, bertako guztiak koru eginez elkartzen zitzaion. Hauek kantatzeari ekiten zioten bakoitzeko, agurearen doinua gozoago bihurtzen zen eta ahots bolumena sendoago, eta isiltzen zirenean moteldu egiten zen.

        Mamua ez zen toki hartan geratu, baizik eta jantzitik heltzeko agindu zion Scroogeri, eta honela presaka gurutzatu zuten eremua. Norantz? Itsaso aldera, agian? Bai, itsaso aldera. Hura izan zen Scroogeren beldurra hura, atzera begiratu eta lurraren azken zatia eta harkaitz sail ikaragarri bat bere ostean ikustean! Belarriak gorturik geratu zitzaizkion uraren zarata burrunbatsuarengatik, zeinak baitzirudien andeaketaz ireki zituen haitzulo beldurgarrietan astinka, orroka eta haserreka ibiltzean, amorruz lurra azpijan nahi zuela.

        Uretan murgilduriko arroka sail ilun baten gainean, eraikirik, hondartzatik legoa erdira edo, zeinaren aurka oldartzen eta lehertzen baitziren urte osoan zehar olatuak, faro bakarti bat zegoen. Alga multzo handiak zeuzkan oinaldeari itsatsirik eta kaioak —algak uretatik bezala hauek haizetik sortutzat eman zitezkeenak jaikiz eta barreiatuz zebiltzan, emeki ukitzen zituzten olatuen antzera. Baina hau ere, faroa zaintzen ari ziren bi gizonek sua bizturik zuten, zeinei harmoraren ekibegian zehar, argitasun-errainu bat baitzerion itsaso ilunera. Eserita zeudeneko mahai traketsaren gainean beren esku zailduak bildurik, elkarri Gabon Zoriontsuak opa zizkioten potokada bana grogez topaka, eta haietariko batak —zaharrenak, eguraldi zakarren eraginez, antzinateko itsasontzietako branka-irudien antzera, aurpegia erabat hondaturik eta sakaildurik zuenak— benetako denboralearen zarata ateratzen zuen kanta lakar bat abesteari ekin zion.

        Berriro Mamuak itsaso ilun haserretuaren gainetik, aurrera eta aurrera jo zuen eta, Scroogeri esan zionez, hondartza guztitik urrun aurkitzean, ontzi batera jaitsi ziren. Endaitzean ari zen lemazainaren ondoan, ontzi zubiko begiralearekin, zaindaritzako ofizialengandik hurbil egon ziren. Mamuzko irudi iluna zen bakoitza bere postuan, baina nork bere Gabon doinuren bat kantatzen, edo Gabon pentsakizunen bat hausnartzen, edota ahapean alboko lagunari etxera itzultzeko itxaropenetan iraganiko Gabonaldiren bati buruz hizketan ari zen. Eta ontzi gaineko gizon bakoitzak, iratzarrik edo lotan, zintzo edo gaizto, urteko beste edozein egunetan baino hitz samurragoren bat bazuen egun hartan, eta partaide izan zen nola-hala jai hartan, eta urrun zeuzkaten izaki maiteak gogoratu zituzten, eta bazekiten haiek ere atseginez gogoratzen zituztela.

        Txundigarria izan zen Scroogerentzat, haizearen alarauak entzuten ari zela, eta ilunpe bakartian, herioarenak bezain ezkutuki sakonak zituen amildegi ezezagun hartaz pentsatzen, txundigarria izan zen Scroogerentzat, guzti honetan pentsatzen ari zela barre algara bikain bat entzutea. Eta are txundigarriagoa izan zen oraindik barre hura bere ilobarena zela eta berau gela epel, argi eta distiratsu batean aurkitzea, izpiritua irribarrez alboan zuela eta samur eta onarkor ilobari begira.

        — Ha, ha! —barre egiten zuen Scroogeren ilobak—. Ha, ha, ha!

        Barre egitean Scroogeren iloba baino gizon zoriontsuagorik aurkitzea gertatuko balitzaizu ezinezko batez, pozik ezagutuko nukeela esatea besterik ez zait bururatzen. Emadazu halakoaren berri eta besterik gabe adiskide izango nau. Benetan gizakiaren gaitasun egoki, bidezko eta jatorra da gaixoa eta samina kutsakorrak diren bezalaxe barrea eta umore ona baino gauza itsaskorragorik ezer ez izatea munduan. Scroogeren iloba honela barrez ari zela, gerriari heldurik, buruari bira emanez eta imintzio barregarrienez aurpegia bihurrituz, beronen emaztea ere —Scroogeren loba ezkontzaz— barrez leher gaizto eginik zegoen. Eta gainerako adiskideak ere, atzera geratzea ez zela itxurazkoa eta, itotzeko zorian jarri ziren orroka eta algaraka.

        — Ha, ha! Ha, ha, ha!

        — Gabonak berriketa hutsa direla zioen, alajaina! —esaten zuen garrasika Scroogeren ilobak—. Eta benetan esaten zuen gainera!

        — Berak du kaltea —esan zuen emazteak onetik irtenda. Jainkoak gorde diezazkigula ezertxo ere erdizka egiten ez duten emakumeak, beti benetan aritzen direnak.

        Oso polita zen, politegia. Aurpegia zoragarria zuen, potxiloz betea eta harrituarena bezalakoa; ahotxoa gorria, itxura ederrekoa, musuz betetzeko egina bailitzen (eta dudarik gabe halaxe zen); kokotsa barre egitean txulo bihurtzen zitzaiona, orein txiki eta politez inguratua; begiak, berriz, inoren aurpegian sekula ikus zenitzakeen argienak. Batekoz beste kilikagarri deituko zenukeen horietakoa zen, baina haren bertutea guztiz fidagarria zen. Bai horixe! Neuk diotsut: ez zuen akatsik eta guztiz betegarria zen.

        — Agure barregarri bat da —zioen Scroogeri buruz ilobak—. Horra egia esan! eta ez da izan litekeen bezain atsegina. Hala ere, haren bekatuek badute beren zigorra eta ez dut zeresanik beraren kontra.

        — Baina oso gizon aberatsa omen da, Fred —bota zuen emazteak eztenkada gisa—. Beti hori esan izan didazu, behintzat.

        — Eta zer ardura, maite hori? —erantzun zion Scroogeren ilobak—. Ondasunak ez dio ezertarako balio. Ez du ezer onik egiten hartaz. Bere buruari ez dio erosotasun apurrik ere opa. Eta egunen batez gure onerako izango dela —ha, ha, ha!— pentsatzen atseginik ere ez du hartzen.

        — Ezin diot eraman —aipatu zuen emazteak. Scroogeren arrebak eta gainerako andreak ere iritzi berdinekoak ziren.

        — Nik bai ordea! —esan zuen Scroogeren ilobak—. Erruki diot. Nahita ere ezin naiteke haserre berarekin. Kasketaldiak dituela eta nor egon nozitzen? Bera, izatekotan ere. Hara: guri adarra jotzea buruak eman diola eta ez zaigula afaltzera etorri. Zer irabazi du? Afari bikain bat galtzea.

        — Hori esan! Afari eder askoa galdu ere! —esan zuen Scroogeren ezkon-ilobak tartean sarturik.

        Gainerako guztiek ere berdin aitortu zuten eta auzi hartan epaile eskudunak zirela sinetsi beharra dago, afaria bukatu berria baitzuten. Afanaren kondarrak oraindik mahai gainean zituztelarik, kriseilu argitan eta sutondoan pilakaturik zeuden.

        — Ederki! Poz ematen dit hori entzuteak —esan zuen Scroogeren ilobak— etxekoandre gazte samar hauengan ez bainaiz gehiegi fidatzen. Zer deritzok hik, Topper?

        Topperrek, ordurako Scroogeren ezkon-ilobaren ahizpetariko bat begiz jorik zeukan eta mutil zaharra gizartetik bazterturiko gizarajo bat besterik ez zela, eta gai hartaz iritzirik emateko eskubiderik ez zuela esan zuen.

        Horrenbestez, Scroogeren ezkon-ilobaren ahizpa —gizenxka, blondazko eskoteduna, eta ertz arrosak zituena— gorritu egin zen.

        Jarrai ezazu, Fred! —esan zuen Scroogeren ezkon-ilobak, txalo eginez—. Sekula ez duk bukatzen esaten hasitakoa. Hi haiz hi izatekoa!

        Scroogeren ilobak beste barre algara bati jaregin zion eta kutsadurari ihes egiterik ez zegoenez gero —ahizpatxo lodixkak ahalegin guztiak egin zituen— denak barregiro orokorrean murgiltzera beharturik aurkitu ziren.

        — Zera esan nahi nuen —aitortu zuen Scroogeren ilobak— alegia, guri adarra jo eta jaialdi honetan esku hartu ez izanarekin inolako kalterik egingo ez zioketen une alai batzuk galdu dituela. Bere gela hautseztatuetan, lantegi lizunduan, bere pentsakizun eta buruaren baitan aurki ditzakeen lagunak baino zerbait hobexeagoak galdu dituelakoan nago. Gogoko bazaio edo ez bazaio, urtero aukera bera eskaintzen saiatzen naiz, erruki baitiot. Gabonan Gabon hil arte marmarrean ihardun dezake, baina urtero umore onean berarengan Joan eta «Osaba Scrooge, zer moduz zaude?» galdetzen badiot, Gabonari buruz duen iritzia hobetu beharko du, horratio! Baietz hobetu! Bere langile behartsuari besterik ezean berrogeita hamar libera ematera bultzatuko balu, bada zerbait, atzoko horretan, halere, ikara eragin niola esango nuke.

        Scroogeri ikara eragin ziola entzuteak barrez lehertzen jarri zituen denak. Baina umore onez zegoenez eta bere lepotik inork barre egitea bost axola zionez gero, berak horretaratzen zituen oraindik, botila gozatsu luzatuz.

        Tea hartu ondoren soinu pixka bat izan zuten. Izan ere, familia musikazalea zen eta Gabon-kantaren bat edo errondakoren bat abestean, egia esan, bazekiten zer zerabilten esku artean. Bereziki Topperrek, bere ahots lodi harekin baxu batek bezala kurrinka egitean, ez zuen mon agertzeko lotsarik, zeren lokiko zainik ez baitzitzaion nabarmentzen, ezta aurpegia gorritzen ere. Scroogeren ezkon-iloba harpajole trebea zen eta doinutxo erraz bat jo zuen (huskeria bat zen, minutu pare batean txistukatzen ikas litekeen horietakoa). Neskatotan sarritan entzun izan zuen Scrooge ikasten ari zen pentsionatura bila joaten zenean, iraganeko Gabonetako Mamuak gogorazi zionez. Doinua entzun zuenean, Mamuak erakutsiriko gauza guztiak etorri zitzaizkion burura Scroogeri, eta otzan-otzan eginik utzi zuen.

        Eta aspaldian sarriago entzun izan balu, Jakob Marley lurperatu zuen aitzurraren zain egon gabe, bizitza guztirako samur eta zoriontsu egingo zuen beste zerbaitetarako joera sortuko zitzaiola agian pentsatu zuen.

        Baina ez zuten arrats osoa eman soinua jotzen. Geroxeago bahiketan ihardun zuten, ona baita noizean behin ume bihurtzea eta inoiz ez da izaten Gabonak bezain aukera aproposik, zeren beraien sortzaile ahaltsua haurra baitzen, bera ere.

        Baina goazen pausoka. Aurrena gorde-gordeka ibili ziren, hutsik egin gabe, eta ez dut uste Topper egiatan itsua zenik, baina ezta kokote atzean begiak zituenik ere. Nire iritzia zera da: Scroogeren iloba, neska gaztea eta bien artean bazegoela zerbait eta Gabonetako Mamuak ongi baino hobeki zekiela gizenxka ederraren blondazko eskotearen atzetik ibiltzeko modu hura irain bat zen giza naturaren sineskortasunarentzat. Sutegiko para eta matxardak boteaz, aulkiekin oztopoka, pianoarekin tupust eginez, gortinerian itotzeraino gatibatuz, zihoan leku guztietara hari segika, atergabe atzetik zebilkion. Bazekien beti ahizpa lodikotea non zegoen. Ez zuen besterik harrapatu nahi. Gainera erortzen bazintzaizkion (banaka batzuk berariaz egin zutenez), zu harrapatzeko ahalegin guztiak egiten zebilela zirudien, zure zuhurtasuna iraintzeko neurrian, eta berehalaxe aldenduko zitzaizun trebeki neskatila zegoen lekurantz. Hark sarritan protesta egiten zuen joko-erregelak ez zirela betetzen esanez, eta halaxe zen, baina azkenik harrapatu zuenean, zetaren ziri-zarak eta mutilaren atzetik egin zituen jira-bira guztiak gorabehera, honek irteerarik gabe zoko batera eraman zuen eta orduan, mutilaren portaera guztia arbuiagarria izan zen. Zeren ezagutzen ez zuelakoa egitea, horretarako ilea eskuztatu behar ziola sinetsarazi nahiz, eta azkenik, nor zen ziur jakiteko hatzean zeraman eraztun jakin bat estutzeko ausardia, baita lepoan zeraman katea ere, hori, garbi esateko, munstrokeria bat zen. Baina beste bat itsuarena egiten jarri zenean eta horrela biek luzaz elkarrekin egoteko aukera izatean, goxo-goxo gortina atzean, ez pentsa argi eta garbi adierazi ez zionik zer iritzi zuen arazo hartaz. Scroogeren ezkon-iloba ez zebilen gorde-gordeka, baizik eta patxadaz eseririk zegoen aulki zabal bat, kaxeta bat oinpean zuela, zoko bazter batean, zeinetatik Mamua eta Scrooge oso hurbil aurkitzen baitziren hain zuzen. Baina bahitura-jolasean esku hartzen zuen eta gogoz jolasten zuen Nola, maite nauzu jokora alfabetoko letra guztiekin, edota Nola, noiz eta non jokora, honetan menperagaitza baitzen, eta bere senarraren ezkutuko pozetan, ahizpa guztiei irabazten zien, nahiz eta denak argiak izan, Topperrek esan ziezazukeenez.

        Zahar eta gazte, hogeikoren bat zegoen bildurik han baina denak ari ziren jolasean, eta hauxe zen Scroogek egiten zuena ere; zeren, han gertatzen zen guztiak burua jan ziolarik, bere ahotsak bertakoen belarrietan ez zuela eraginik erabat ahazturik, noizbehinka ozenki mintzatzen zen bere soluzioen berri emateko, eta sarritan erdi-erditik asmatzen zuen; zeren Whitechapelen egiten den jostorratz finena, eta meheena baino zorrotzagoa baitzen Scrooge, kamutsarena egitea gogoak ematen bazion ere.

        Mamua oso pozik zegoen Scrooge jarrera hartan ikusteaz eta hain begi onez begiratzen zion, non Scroogek, mutiko koskor batek bezala, gonbidatuak alde egin arte bertan geratzeko baimena eskatzeko aukera zuela uste izan baitzuen. Baina horrelakorik ezin zezakeela egin erantzun zion Mamuak.

        — Hara jolas berri bat! —adierazi zion Scroogek—. Ordu erdi bat, Mamua, ordu erditxo bat!

        Bai eta Ez izeneko jolasa zen eta Scroogeren ilobak gauza bat pentsatu behar zuen eta gainerakoek zer zen asmatu, eta hark bai edo ez bakarrik erantzun behar zien, kasuaren arabera. Galdera-zaparradak pentsaturik zeukana animalia bat ote zen aitortzera behartzen zuen, animalia bizi bat, edo hobeki esan, animalia beldurgarri bat, basapiztia bat, batzuetan kurrinka eta bestetan purrustaka egiten zuen animalia bat, eta zenbaitetan hitz ere egiten zuena, Londresen bizi, kaleetan zehar ibili, eta jendaurrean erakusten ez zutena, inork gidatzen ez zuena, inongo zoo parketan bizi ez zena, merkatu batean hilik ikus ez zitekeena, eta ez zaldi, ez asto, ez behi, ez zezen, ez tigre, ez txakur, ez txerri, eta ez hartz ere ez zena.

        Zuzentzen zioten galdera berri bakoitzeko, ilobak algara zaratatsu bati edota barre eutsiezin bati jaregiten zion, eta ezin adierazizko kili-kiliak erasotzen zion, hain gogorki non bere burua sofa gainera bota eta oinei eragiten hasi behar izaten baitzuen. Azkenik, ahizpa lodikotea ere egoera berdintsuan erori zen eta deiadarka hasi zen:

        — Asmatu dut! Badakit zer den Fred! Badakit!

        — Zer da? —galdetu zion Fredek.

        — Zure osaba Scr-o-o-ge!

        Baita izan ere. Zur eta lur geratu ziren denak, nahiz eta «Hartza al da?» galde egitean erantzunak «Bai» izan beharko zukeela uste izan, zeren ezezko erantzunak guztiek Scroogeri buruz zerabiltzaten susmoak lausotu egin baitzitzakeen, halako itxurarik sekula ez zuela azaldu pentsaraziz.

        — Egia esan, hori asmatzeak hamaika barre eragin ditu —esan zuen Fredek— eta horregatik esker txarrekoak izango ginateke, haren izenean edango ez bagenu. Hona hemen ontzikada bana ardo bero espeziaduna oraintxe berton edateko, topa egigun Osaba Scroogeren izenean!

        — Aupa! Osaba Scroogeren izenean! —oihu egin zuten denek.

        — Gabon Zoriontsu eta Urte Berri On agureari!

        Berak ez luke nire izenean holakorik egingo, baina tira! Topa egin behar dugu. Osaba Scroogeren izenean!

        Scrooge jauna, ezari-ezarian, alai eta betargi bihurtu zen eta oharkabean erantzun egingo ziokeen jendeari eta eskerrak eman ere bai mintzaldi entzungarri batez, horretarako Mamuak astirik eman izan balio. Baina eszena hura bukatutzat eman zen, ilobak esandako azken hitzaz, eta izpirituak eta biek bidaiari lotu zitzaizkion.

        Asko ikusi zuten, eta urrunera joan ziren, baita zenbait etxe bisitatu ere, baina dena zoriontsu bukatu zen. Izpirituak egonalditxoa egiten zuen gaixoen oheburuan eta haiek poztu egiten ziren; erbestean zeudenak aberrira hurbilarazten zituen; burrukan ari zirenei, etorkizun hobearen itxaropena ematen zien; behartsuei, aberastasunaren ametsa. Zaharretxeetan, ospitaleetan, presondegietan, zoritxarraren gordeleku guztietan, gizonak bere aginpide laburregiaz atea itxiarazi eta izpiritua kanpoan utzi ez zuen guztietan, bere bedeinkapena utzi eta Scroogeri bere betebeharrak irakatsi zizkion.

        Gau luzea izan zen, gau bakar bat izan bazen behintzat, zeren Scroogek zalantzak izan baitzituen honetaz; izan ere, elkarrekin egon ziren denboraldian Gabon jaiak trinkoturik bezala agertu zitzaizkion. Bestalde, harrigarria zen Scroogeren kanpo itxura aldatzen ez zen bitartean, nola izpiritua nabari-nabari zahartzen ari zen ere. Scrooge konturatu zen itxuraldaketa honetaz, baina ez zion hitz erdirik ere esan, harik eta Errege gauez haur bilera batetatik alde egin ondoren, izpirituari begira, biak izarpean zeudelarik, honen ilea zuriturik zegoela ohartu zen arte.

        — Horren laburrak al dira izpirituaren bizitzak? —galdetu zion Scroogek.

        — Lur honetako nire bizialdia oso laburra da —erantzun zion Mamuak—. Gaur gauean bukatuko da.

        — Gaur gauean?

        — Gaur gauean bertan, gauerdian. Gogoan izan! Badator ordua. —Une bertan karilloiek ordurako falta zen laurdena jotzeari ekin zioten.

        — Egitera noakizuna galdera aldrebesa bada, barka —esan zion Scroogek izpirituaren jantziari begira-begira— baina zerbait arraroa aurkitzen dut zure pertsonari ez dagokiona, jantzi artetik irteten. Oina ala hanka?

        — Baliteke atzaparra izatea, aldean duen haragiarengatik —izan zen Mamuaren erantzun mingotsa—. Hara!

        Arroparen tolestura artetik, bi haur errukarri, ziztrin, nazkagarri, beldurgarri, izugarri atera zituen. Biak oinetan belaunikatu zitzaizkion, jantziari kanpoaldetik itsatsirik.

        — Horra, gizona! Begira honi! —oihu egin zuen Mamuak.

        Neska-mutikoak ziren. Horika, ergel, zarpail, kopetilun, zirtzilak baina beren umiltasunean ahuspezturik zeuden hala ere. Gaztetasunaren xarmak soin aurpegiak taiutu eta kolore ederrez ukitu beharko zituzkeen lekuan, zahartasunaren esku iharrak, denborarenak bezalakoak, bihurrituriko itxuragabeturik, eta urraturik ageri ziren.

        Aingeruen tronu erregetiarra izan beharko zukeena, deabru mehatxularien etzalekua zen. Ez dago aldakuntzarik, ez degradaziorik, ez giza makurkeriarik, berauen edozein mailatan, ez eta kreazioaren misterio harrigarri guztien artean ere, halako munstro izugarri eta ikaragarrien erdirik ere sor lezakeenik.

        Scroogek atzera egin zuen izularriturik. Izpirituak itxura honetan erakutsi zizkiolarik, ume ederrak zirela esaten ahalegindu zen, baina hitzak trabatu egin zitzaizkion, hain gezur izugarriaren taiua hartu aurretik.

        — Izpiritua, semeak al dituzu? —besterik ez zion esan ahal izan.

        — Gizonarenak dira —aitortu zuen izpirituak, begirada haienganatuz—. Etor ikus ezazu nola heltzen didaten, gurasoen aurka protesta eginez. Mutiko hau Ezjakintasuna da. Neskato hau Beharrizana. Biekin eta berauen odolekoekin kontuz ibil zaitez, baina batez ere mutikoarengandik gorde ezazu zeure burua, zeren kondenazio hitza ikusten baitiot bekokian idatzirik, ezabatu ez bazaio behintzat. Uka ezazu! —oihu egin zuen Mamuak, hirirantz eskua hedatuz— ken iezaiezu izen ona horrelakorik diotsutenei! Balia zaitez haietaz zeure asmo makurretarako eta okerrago itzazu oraindik! Kontuz, ordea, ondorioekin!

        — Ez al dute aterperik edo bizibiderik? —esan zion erdi-negarrez Scroogek.

        — Ez al dago presondegirik? —esan zuen Mamuak, azkenekoz beraren hitzak aurpegiratuz—. Ez al dago lanaren bitartez gaizki eginak ordaintzen diren kartzelarik?

        Erlojuak hamabiak jo zituen.

        Scrooge Mamuari begiratzeko itzuli zen baina ez zuen ikusi. Azken danbadaren dardara isiltzean, Jakob Marley zaharraren aurre-igarpenaz oroitu zen, eta begiak jasotzean, Mamu handi bat, txanoa eta jantzi beltzarekin, beregana zetorrela ikusi zuen, baina lurraren pare-parean bezalatsu.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren

 

 

"Charles Dickens / Gabon kanta bat" orrialde nagusia