Bigarren ahapaldia
LEHENDABIZIKO MAMUA
Esnatzean, ozta-ozta berezi ahal izan zuen Scroogek kristalezko leihoa logelako horma lodien artean, hain baitzegoen ilun! Bere azeri begiez iluna zulatu nahiez zebilelarik, aldean zegoen elizako erlojuak hiru laurdenak jo zituen. Bat-batean orduaren zain jarri zen. Zeharo harriturik, seietatik zazpietara, zazpietatik zortzietara eta era berean hamabiak arte erloju astunak aurrera eta aurrera ekin ziola ohartu zen Scrooge.
Hamabietara iristean erlojua gelditu egin zen. Erlojua gaizki egon behar nonbait! Izotz-burduntziren bat sartu bide zitzaion gurpil artean. Hamabiak eta bitan oheratu zen eta hamabiak orain!
Erloju esnatzailearen miztotxoa zapaldu zuen eta ukitu bizkorraren indarrez hamabiak jo zituen.
— Sekula horrelakorik! Egun osoa eta gau erdi batez lo egin ote dut, bada? Hau ezina da. Edota eguzkiari zerbait gertatu eta orain eguerdiko hamabiak ote dira?
Burutazio hau ikaragarria izaki, zalapartaka ohetik jaiki eta itsumustuka leihora hurbildu zen. Gaueko jantziaren beso muturraz leihoko izotza garbitu zuen lehendabizi, baina hau egin ondoren ere ezer gutxi ikusi ahal izan zuen.
Jakin ahal izan zuen guztia hauxe izan zen: oso lainotsu eta hotz zegoela eta ilunak egun argia uxatu eta munduaz jabetu bailitzen, jende izutuaren oin hotsik ez zela sumatzen. Lasaitu ederra hartu zuen Scroogek, bazituen bada han-hemenka hedaturik «agiri hau jaso eta hiru egunen barruan ordaindu beharrekoa» jartzen zuten merkatal paperak eta hiru egun igaroz gero, nola jaso zezakeen diru hura?
Atzera ohean etzan eta gora behera, ezker-eskuin bere kezkak ezin uxaturik zebilen Scrooge. Zenbat eta irauliago eta harrituago, kezkak uxarazteko hainbat eta ahalegin handiagoak eta kezkatiago.
Marleyren mamuak zeharo ikaraturik zeukan. Amets bat besterik ez zela bere buruari esaten zion bakoitzean, libre utzitako erlojuaren miztotxoa bezalaxe, arazo berbera lehengo egoerara etortzen zitzaion.
— Ametsa ote gero?
Honela egon zen Scrooge, beste hiru ordu laurden igaro arte eta bat-batean mamuak esanikoaz oroitu zen, alegia, ordu bata jotzean lehendabiziko bisitalariari itxaroteko. Eta loak hartzea zerura igotzea bezain zaila izango zitzaiola uste izanik, ordu hura igaro arte itzarrik egotea erabaki zuen. Hauxe baino burubide zuhurragorik ez zitzaion gogoratu nonbait kinka larri hartan!
Ordu laurden hari oso luze etsi zion eta lokabika edo entzuteke pasa zitzaiolakoan zegoen. Azkenik Scroogeren belarri ernaiak jabetu ziren hotsaz.
— Din, dan!
— Ordu laurdena —esan zuen Scroogek kontatuz.
— Din dan!
— Ordu erdia —esan zuen Scroogek.
— Din, dan!
— Ordu laurden gutxiago —esan zuen Scroogek.
— Din, dan!
— Ordu-ordua! —esan zuen Scroogek garaile— eta inoren arrastorik ez!
Baina azkenengo honi ordua jo aurretik jaregin zion Scroogek eta orain erlojuak danbateko sakon, ilun, barrenkoi eta mudurri batetaz adierazi zuen. Tximista bizi batek argitu zuen bat-batean logela eta oheko errezelak bazterturik gelditu ziren. Ez oin aldeko errezelak, ezta buru aldekoak ere, begiak tinkaturik zitueneko errezel haiexek baizik.
Ohe-errezelak aldebanaturik gelditu ondoren, berauek bildu zituen bisitari goitarraren aurrez aurre aurkitu zen Scrooge zalaparta eta erdi-etzanik; zu eta ni bezain gertu, eta ni zeure ukalondoan naukazu.
Haur gisako irudi bitxia zen; ume antza baino agurearena areago zuen; bitarteko zerutiar batetaz ikusten zela zirudien eta begietatik urrun samar agertzen zelarik, ume neurri eta tamainara kaskartua ematen zuen. Lepo eta sorbaldatan behera zerion ilea, urtez zuritua edo zuen, bezain guria zuen. Besoak, indar ezezagun batetaz horniturik baileuden, luze eta koskortsuak zituen, berdin eskuak ere; zango-oinak eraz taiutuak, beste soin adarrak bezalaxe biluzik zerabiltzan.
Jantzi zuri-zuria zeraman soinean eta ikusgarriro argi egiten zuen uhal dirdaitsua gerrian. Gorosti adartxo heze bat eskuan eta negu-sinbolo honen aurka jantziren barrenak uda lorez apaindurik.
Baina denetan harrigarriena, gauza guztiak ikusarazten zituen eta buruko koroatik zerion argi-xirripa distirantea zen. Eta bere garaian itzaltzeko edo, txano bat ere gertu zeukan besapean.
Baina begiak harengan tinkatzean, gauza harrigarriagorik ere aurkitu zion Scroogek. Gerriko uhala, dirdira zipriztinetan, hemen argi eta han argi zebilela, une batean argitzen zuena hurrengoan ilunpetan uzten zuen, eta honetara haren irudia atergabe aldatzen zen: besamotz, hankabakar, burugabe, oin bikote bat, gorputz gabeko buru bat; itzalpean gelditzen ziren zatiak hain ilun agertzen zirenez gero, erabat ezina zen haien forma osoa begiz jotzea. Scrooge sor eta lor zegoen, une batean argitasun nabarmenez agiri zena, berehalaxe ilun eta itzaltsu ikustean.
— Zu al zaitut aurrez iragarririko mamua? —galdegin zion Scroogek.
— Neu nauzu.
Boza bigun eta samurra zuen. Eta han bertan gabe, urrun bailegoen, nabarmenki motela.
— Nor eta zer zara zu? —galdegin zion Scroogek.
Joan diren Gabonetako mamua naiz.
— Aspaldiko Gabonetakoa? —galdegin zion Scroogek, haren goibehearen kaxkarraz zertxobait harriturik.
Ez, zeure garaietakoa.
Behar bada, galdetu izan bazenio Scroogek ez zizukeen arrazoirik eman ahal izango baina besapean zekarren txano huraxe mamuaren buru gainean ikusi nahiago zuen eta jantz zezala agindu zion.
— Zer? —egin zion oihu mamuak—. Horren azkar itzali nahi al duzu, zeure esku lurtarrez, daridan argia? Ez al duzu aski zeure grina txarrez ehundu eta honenbeste urtez bekainetaraino sarturik erabili behar izateaz?
Iraintzeko nahiz gogoz kontra txanoturik edukitzeko asmo guztiak gizalegez ukatu zizkion. Gero zerbait ausarturik, zer egitekok beregana ekarri zuen galdegin zion.
— Zeure onak —erantzun zion mamuak.
Scroogek esker ona agertu zion baina ez zuen inola ulertu ahal izan, lorik gabeko gau batek nola zuzen zezakeen helburu honetara. Mamuak, buruan zuena aditu edo egin zion, honela esan baitzuen:
— Gero gerokoak! Zabiltza bizkor orain!
Hau esatean bere esku indartsua hedatu eta biguinki besotik heldu zion.
— Zutik! Goazen biok!
Alferrik zukeen Scroogek ordua eta giroa ibilketarako egokiak ez zirela esatea edota ohea epela zegoela, termometroa izotz mugaz behetik ikusten zuela, oinetako atal, gaueko jantzi eta txanoarekin arin jantzirik aurkitzen zela, gainera, burutik beherako bikain bat ere bazuela esatea. Dena alferrik! Heldura hura, nahiz eta emakume eskuarena bezain biguna izan, ez zen kontra egin lekiekeen horietakoa.
Zutitu zen: baina mamuak leihorantz zeramala ohartzean, arrenka jantziari itsatsi zitzaion.
— Hilkorra naiz —azaldu zion Scroogek— eta erraz eror naitekeena.
— Nire eskuaren ukitu bat har ezazu hortxe —esan zion mamuak bihotz gainean ezarriz— eta hau baino gauza zailagorik ere gaindituko duzu.
Hitz hauek esan bezain laster, horma igaro eta ezker-eskuin soroz inguraturiko auzo-bide ageri batean aurkitu ziren. Hiria zeharo ezkutatu zen. Haren aztarrenik ere ez zitekeen aurki. Iluna eta lainoa ere harekin ezkutatu bide ziren, zeren orain elurrez estaliriko neguko egun hotz eta oskarbia baitzen.
— Ene, bada! —esan zuen Scroogek, eskuak elkartu eta inguruari so eta so ari zen bitartean—. Hementxe jaioa naiz ni! Bertontxe hazia!
Mamuak samur begiratu zion. Ukitu bigun hark, arin eta bizkorra izan zen arren, Scroogeren sentiberatasunean bere lana egina zuen. Eguratsean zebilen alehun usain sumatu zuen eta haietako bakoitza beste hainbeste burutapenik elkartuz, hamaika itxaropen, poz eta ardura ahaztu gogoratu zitzaion.
— Ezpaina dardarka duzu —esan zion mamuak—. Eta zer da masailaren gaineko hori?
Scroogek, boz ezohi batez, zuldar bat zela erantzun zion ahopean eta noranahi eraman zezala eskatu zion mamuari.
— Bide hauek ezagunak al dituzu? —galdegin zion mamuak.
— Ezagunak? —egin zuen oihu biziro Scroogek—. Begiak itxirik ere ibiliko nintzateke-eta!
Harritzekoa da horrenbeste urtez gero ez ahaztea!
Gero biak aurrera jarraitu ziren. Scroogek atalondo, zutarri eta zuhaitz bakoitza berrezagutzen zuen. Azkenik, herri merkatu bat agertu zitzaien begien aurrean, bere eliza, zubi eta erreka bihurria urrundik erakutsiz.
Moxal iletsuen gainean, lauoinka, mutiko batzuk ageri ziren baserritarrek zeramatzaten gurdi eta orgetako beste mutiko batzuei deika. Mutiko guzti hauek pozez gainezka eta elkarri deiadarka, egurats hotz hura bera ere barrezka zegoen, hain soinu alaiez beterik baitzeuden landa sail hedatsu haiek!
— Igarotako gertakizunen itzalak baizik ez dira —esan zuen Scroogek.
— Ez dira gure etorreraz ohartzen.
Gure bidazti argiek aurrera jo zuten eta joan ahala, Scroogek ezagun guztiei dei egiten zien.
Zergatik poztu ote zen hainbeste haiek ikusteaz? Zergatik egin ote zuten dizdiz haren begi hotzek eta salto bihotzak haien ondotik igarotzean? Zergatik bete zen alaitasunez, jendea bideburu eta zidorretan bakoitza bere etxera banatzean, elkarri «Gabon zoriontsu» esanka entzutean?
Ba al zuen, gero, zerikusirik Scroogek Gabon zoriontsuekin? Utikan Gabonak! Onik aski egin diezaakete eta...
— Eskola ez dago zeharo hutsik —esan zion mamuak—. Lagunek bazterturiko haur bakarti bat dago barruan.
Ezagutzen zuela adierazi zion Scroogek eta negar-zotin batek ihes egin zion.
Errepidea alde batera utzirik, Scroogek oso gogoan zeukan etxarte batetik zehar, zintzilik joale bat ageri zuen adreilu gorrizko etxe batera heldu ziren berehalaxe. Etxe bikaina zen baina zaharkindua, gutxi erabiliriko lantegi hedatsuak zituen, horma busti eta goroldiotsuak, leihoak apurturik eta ataxia lurra jotzear. Ukuiluetako hegaztiak kalkaraka eta zaloika ari ziren, gurtegia eta eileorrak, berriz, belarrez estalirik zeuden.
Garairen batean izan zuen ondasunik ere ez zen ageri haren barruan; sarbide iluna igaro eta ate irekitik gela-sail ugariari so egitean, xumeki apailaturik, hotz eta zabal ikusten baitziren. Goizegi jaiki eta urrixko jatearekin kidetasunen bat zuen lur kutsu bat inguruan eta ezeduki hotz bat ere bazegoen bizitegietan.
Sarbidetik zehar, mamua eta Scrooge etxe atzeko ate batera joan ziren. Alderik alde zabalduz, bertako pinuzko aulki eta lan mahaien lerro zuzenek oraindik hutsago egiten zuten gela luze, huts eta musin bat ageri zen. Mahai hauetako batean, mutiko bakarti bat irakurtzen ari zen, su ahul baten ondoan. Scroogek, aulki batean eseriz, garai hartan ere ahazturik zeukaten bere pertsona gaixo hura ikustean, negarrez eraso zion.
Hots isil bat ere ez zen etxean, ezta agarri atzean xaguen zirkin eta zirrararik, ezta etxe oste ilunean erdi urturik zegoen ur xirripa izoztutiko tanta hotsik, ezta zabalik zegoen biltokiko atearen harat-honat alferrik, ezta suaren txirtatekorik, eragin bigunez Scroogeren bihotzean eroriz, negar-malkoak aterarazten ez zizkionik.
Besoan ukituz, irakurketan ari zen behinolako bere gizagaia erakutsi zion mamuak.
Bat-batean, ikusi eta nabaritzeko eran, jantzi nabarmenak eta gerrian aizkora zituela, ametsetako gizon bat agertu zen leihoaren aurrean. Egurrez zamaturiko asto bat zeraman estekatik.
— Alajaina! Ali Baba! —jaregin zuen Scroogek erdi liluraturik—. Ali Baba zahar, zintzo, maitea da! Bai, ezagutzen du. Aspaldiko Eguberri batzuetan, ni hementxe bakar-bakarrik utzi nindutelarik, era bere-berean etorri zitzaidan lehenengoz. Mutiko gizarajoa! Hor doaz Balendin eta Orson beronen anaia zakarra! Eta nola deritza, hor, Damaskoko ateetan, galtzontzilotan lo dagoen horri? Ez al duzu ikusten?
— Iratxoak azpikoz gora ipini duen sultan morroiaren burua, hemen ageri da bereaz gaindik. Emaiok gogor! ni pozik negok eta. Zer eskubide zian horrek erregearen alabarekin ezkontzeko?
Merkatari lagunek Scrooge era hartan, buru-belarri sarturik, erdi barre eta erdi garrasizko boz bitxi harekin, aurpegia bizi eta bero zuela ikusi izan balute, benetan sor eta lot eginik geldituko ziratekeen, behintzat.
— Hara loritoa! —egin zuen garrasi Scroogek—. Gorputza hori eta isatsa berde, letxuga antzeko zerbait buru gainetik dingilizka. Hara, hara! Robinson Crusoe gizajoa! —egin zuen dei, irla itsasoz inguratu eta etxera itzultzerakoan—. Robin Crusoe! gizarajoa! Non izan haiz, Robin Crusoe? —gizarajoak ametsetan zegoela uste zuen, baina ez zen halakorik, loritoa izan baitzen—. Hor doa Ostiral erretenera ihesi bere bizia gorde nahirik. Hori duk, motel, ekin!
Gero, bere jatorrizko izaera eta aiurrian hain ezohia zen ustekabeko aldakuntza batekin, bere lehengo pertsonaz errukiturik «Mutiko gizarajoa!» esan zuen eta berriro oihu egin.
— Gauza bat nahi nuke —lardaskatu zuen Scroogek, eskuak patriketan sartu, inguru guztiari so egin eta esku muturraz begiak xukatuz— baina beranduegi da, agian.
— Zer duzu? —galdegin zion mamuak.
— Ezer ez —erantzun zion Scroogek—, ezer ez, mutiko bat izan da hemen bart Gabon-eskean eta atsegin izango nukeen berari zerbait eman izan banio, hori da guztia!
Mamuak pentsati, irribarre egin zion eta eskuaz keinu eginik esan zion, «Ikus dezagun beste Gabon aldi bat».
Hitz hauek esan zituenekoxe, Scroogeren gizagai gaztea hazi egin zen; gela, berriz, ilunagotu eta zikinagotu.
Horma-azala urak harroturik zegoen, leihoa txikiturik, sabaitik kare-puskak erortzen ziren eta estrabeak agirian zeuden, baina guzti hau nola gerta zitekeen, zeuk adinaxe zekien Scroogek. Berak zekiena hauxe besterik ez zen, dena berdin-berdin gertatu zela eta bere ikaskideak Gabon alai batzuk igarotzera etxera Joan ziren bitartean, bera bakarrik zegoela han.
Oraingoaz ez zen irakurketan ari, etsi ezinik, harat-honat zebilen. Mamuari so egin eta buru dardara goibel batekin ate alderantz begiratu zuen lehiatsu Scroogek.
Zabaldu zen eta bera baino askozaz neskato gazteago bat sartu zen lasterka batean eta besoak lepoan ezarririk, behin eta berriz musu emanez esan zion «Anaia maite-maitea».
— Zu etxera eramatera etorri naiz, anaia maitea —esan zuen haurrak eskutxoez txalo jo eta barre egiteko lurrera makurtuz—. Etxera, bai, etxera, etxera!
— Etxera, Fantxo? —galdegin zion mutikoak.
— Bai! —erantzun zion neskatoak pozez gainezka—. Etxera betirako. Etxera beti-betirako. Aita lehen izan ohi zen baino askozaz maitekorragoa dugu eta etxeak zerua dirudi! Behin batean, hain goxoki hitz egin baitzidan, etxeratu al zintezkeen galdetzeko beldurrik ez nuen izan eta baietz erantzun zidan, etor zintezkeela eta zalgurdi batean zu eramatera bidali nau. Orain gizon izango zara —esan zion haurrak bere begiak irekiz— eta atzera hona etorri beharrik ez duzu izango. Eguberri hauetan elkartuko gara denok lehenengoz eta mundu guztiko jairik alaienak igaroko ditugu.
— Ia emakumetxo bat eginik zatoz, Fantxo! —esan zion mutilak.
Eskutxoez txalo jo eta barre eginez, mutikoari burua ukitu nahi izan zion, baina txikiegi izanik, berriro barre egin eta oin puntetan zutitu zen besarkatzeko. Gero bere haur benetasun handienaz aterantz arrastatu nahiez hasi zen, eta mutikoak, apur bat sineskor, lagundu egin zuen.
— Scrooge gaztearen pardela eraitsi! —egin zuen deiadar boz beldurgarri batek eta sarbidean ikastetxeko zuzendaria berbera agertuz begirada izugarri batetaz, esku emateko ere gauza ez zela utzi zuen Scrooge.
Beronek, inoiz ikusiriko putzurik zikinena zirudien gela izotz batera eraman zituen Scrooge eta haren arreba. Bertako hormetan ageri ziren mapa, mundu eta ortzi-borobilek hotzaren hotzez argizarizkoak ziruditen. Hementxe, harrigarriro argia zen ardo botila bat eta harrigarriro astuna zen gozoki bat ateraz bi gazteei banatu zizkien; bitartean morroi argal bat bidali zuen zalgurdiko mutilarengana «ontzikada zerbaitekin»; honek eskerrak ematean zera esan zion, lehenago dastatua zuen upatikoa izatekotan nahiago zuela ez hartzea.
Ordurako Scrooge gaztearen kutxa gurdi gainean loturik zegoen eta bi haurrak, ikastetxeko zaindariari gogoz agur egin ondoren, barrura sartu eta etxaurreko lorategian behera abiatu ziren alaiki, gurpil bizkorrek zuhaixka berdeen hosto ilunetatik izotz lausoa jaulki eta bitsa bezala zabaltzen zutelarik.
— Arnasa batek ere erasango zion izaki biguna izan zen beti hura —esan zuen mamuak—, baina baita bihotz onekoa ere.
— Hori esan! —egin zuen oihu Scroogek—. Arrazoia duzu, ez dizut kontrarik egingo horretan, Jainkoarren!
— Emakumetan hil zen —esan zuen mamuak— eta umeak ere izan bide zituen.
— Ume bat —esan zion Scroogek.
— Egia! —esan zion mamuak—. Zeure iloba!
Scroogeri ondoez-kantxa sortu zitzaion nonbait barrenean eta baiezkoa esan zion labur.
Ikastetxea une hartan bertan atzean utzi bazuten ere, orain hiri batetako etxe sail jendetsuetan aurkitzen ziren. Bidazti ilunak atergabeko joan-etorrian, bideari eustearren elkarren lehian zebiltzan gurdi ilunak eta benetako hiri baten zarata eta iskanbila guztia aurki zitekeen bertan. Erakusleihoen apaingailuetatik berehalaxe igar zitekeen hemen ere Gabonak zirela; arratsa zen eta kaleak argiztaturik zeuden.
Biltoki batetako ate aurrean gelditurik, ezagutzen al zuen galdegin zion mamuak Scroogeri.
— Ezagutu? —erantzun zion Scroogek—. Hementxe ihardun nuen lanean ikasten!
Barrura sartu ziren eta arra bete gorago egonez gero sabaia joko zukeen pelukadun galestar zahar bat lan-mahaian eserita ikustean, zeharo hunkiturik, Scroogek deiadarka eraso zion.
— Arraioa! Fezziwig zaharra! Jaunak bedeinka dezala! Fezziwig zaharra atzera bizirik?
Fezziwig zaharrak, luma mahai gainean utzi eta zazpietan zegoen erlojuari so egin zion. Eskuak igurtzi, txamarra luze zabala jantzi eta oinekoetatik hasi eta bihotzondoraino algaraka, ahots alai, aberats, oliotsu, gun eta gaztez dei egin zuen:
— Zatozte hona, Ebenezer, Dick!
Orain gazte bikain eginik zegoen Scroogeren izaki zaharra, bere ikaskidea alboan zuela, oldarrez barrura sartu zen.
— Dick Wilkins, dudarik gabe —esan zion Scroogek mamuari—. Alajaina, bera da! Hura nuen nik laguna hura! Dick gizajoa, dohakabea!
— Tira, mutilak! —esan zien Fezziwigek—. Nahiko lan egin diagu. Gabon gaua duk, Dick! Gabonak Ebenezer! Arrapaladan itxi ditzagun leihatilak —deiadar egin zuen Fezziwigek eskuei txalo bizia eraginez.
Ez zenuke sinetsiko bi mutilek esandakoa nola egin zioten. Zalaparta batean kaleratu ziren leiho-estalkiekin —bat, bi, hiru— zein bere lekuan banatu zuten — lau, bost, sei— erantsi eta ziriz sendotu zituzten —zazpi, zortzi, bederatzi— eta hamabi zenbatu orduko, barruan zeuden berriro, zaldi lasterkariak bailiren arnaska.
— Hai, hai —oihu egin zuen Fezziwig zaharrak laneko mahai garaitik, zalutasun harrigarriz salto eginik.
— Dena garbitu eta leku egin dezagun! Hai, hai, Dick. Eup! Ebenezer!
Dena garbi! Ez zegoen han mutil haiek garbituko ez zuketenik, Fezziwig zaharraren begia gainean zutelarik. Minutu batean egin zuten dena.
Tresna guztiak tolestaturik geratu ziren, gizartera gehiago azaldu behar ez balute bezala; gela zola errazturik eta ikuzirik geratu zen; kriseilu-mitxak luzaturik, suari erregaia bota zioten eta honetara, neguko gau baterako nahi izango litzatekeen bezain dantzaleku atsegin, epel, lehor eta argitsu bihurtu zen biltegia. Barrura sartu zen bere partiturarekin arrabitaria, laneko mahai garaira igo, hau orkestrategi bihurtu eta berrogeita hamar urdaileko min sorrarazteko eran soinua jotzeari ekin zion.
Barrura sartu zen Fezziwig andrea irribarre zabal batekin. Barrura sartu ziren hiru Fezziwig gazteak, alai eta maitabera. Barrura sartu ziren beraiek liluraturiko sei gazteak. Barrura sartu ziren lantegi hartan partaide ziren gizonezko eta emakumezko guztiak. Barrura sartu zen neskamea, bere lehengusu okinarekin. Barrura sartu sen sukaldaria, bere anaiaren laguna zen esneketariarekin. Barrura sartu zen kaleaz bestekaldean bizi zen eta ugazabagandik jateko gehiegi hartzen ez omen zuen mutikoa, zeina etxekoandreak belarriak ateratzeko zorian erabili baitzuen, aldeko neskatilaren atzean gorde nahiz.
Barrura sartu ziren hauek guztiak, elkarren atzetik, batzuk beldurti eta beste batzuk, ausartki; batzuk bizkor eta beste batzuk motel; batzuk bultzaka eta beste batzuk arrastaka; barrura sartu ziren denak, nik al dakit nondik eta nola.
Eta guztiek, hogei bikote batera, dantzan ekin zioten eskuei bira erdi eraginez, lehenengo behera eta gero gora, lagun talde alaiaren inguruan atergabe jirabiraka. Aurreskulariak beti toki okerrean agertzen ziren eta haiek hala azaltzen ziren bezain laster beste aurreskulari berri batzuk izendatzen zituzten; azkenerako denak ziren aurreskulari eta atzetik jarraitzeko atzeskulariak falta ziren.
Zer gertatu zen ikusirik, Fezziwig zaharrak, esku zartada batez dantza geldiarazteko agindua eman zuen:
— Ederki! —eta horretarako prest zegoen ontzikada garagardotan murgildu zuen arrabitariak bere aurpegi beroa. Baina atsedenari burla eginik, eta dantzaririk ez bazegoen ere, berriro jo eta ke ekin zion, lehengo arrabitaria zeharo ahuldurik leiho-estalkien gainean balego bezala eta haren ordez beste berri bat ekarri bailuten, aurrekoaren marka hausteko edo bertan hiltzeko asmoz.
Izan ere dantzarik gehiago, bahiketan ere ibili ziren, gero berriz ere dantzan ihardun zuten; eta azkenean, opiltxo, negus, erreki hotz, egoski hotz, gozoki eta garagardo pilo ederra ere irentsi zuten. Baina arrats hartako gertakaririk nabarmenena errekia eta egoskia hartu ondoren jazo zen. Arrabitariak (hura zen axeria hura!, bazekien hark bere eginbeharraren berri zuk eta nik irakats geniezaiokeen baino hobekixeago) Sir Roger Coverleyko dantzari hasiera eman zion. Orduan, Fezziwig zaharra bere emaztearekin dantzan hasi zen, eta aurreskulari gainera. Baina nekea zuen nolanahikoak ez ziren hogeita lau partaide haiek atzetik izateak eta gogotik egin behar izan zuten dantzan. Baina beste hainbeste izan balira, baita lau aldiz gehiago ere, Fezziwig zaharra eta haren emaztea denei aurre emateko prest zeuden. Emaztea, berriz, gizonaren dantzakide gisakoa zen. Hau asko esatea ez bada, zerbait egokiagorik esadazu eta ni prest nago hemen jartzeko. Fezziwigen zangoei argia zeriela ematen zuen. Ilargiak balira bezala egiten zuten dir-dir dantzatokian zehar. Ezin zitekeen sekula igarri hurrengoan non aurkituko zenituen. Eta Fezziwig senar-emazteek dantzari talde osoa gurutzatzean, atzeraka eta aurreraka, honi eta han eskua emanka, makur eta bira, artazi eta itzuli, azkenik Fezziwig zaharra, begi keinua bezain bizkor oinei eraginik, zaburik bat ere egin gabe berriro zutik geratu zen.
Erlojuak hamaikak jotzean amaitu zen dantzaldia. Fezziwig senar-emazteek, bakoitza alderdi banatan jarririk, batari eta besteari esku ematen zioten, guztiei Gabon Zoriontsu opa zielarik. Bi aprendizek ez beste guztiek alde egin zutenean, gauza bera egin zuten haiekin ere, eta honela hots alai guztiak urrunean galtzean, denda atzeko dirutegian zeuden neskatilek ere ohera alde egin zuten.
Bitarte honetan burua galdu izan balu bezala egon zen Scrooge. Haren buru-bihotzak eszena hartan murgildurik zeuden, bere lehengo izaki zaharrarekin. Guztiaz oroitzen zen, gauzarik xeheenak ere berresten zituen, oroitzapen haiek atsegina ematen zioten eta irabio bitxiena azaleratzen zuen.
Dick eta bere izaki zaharraren aurpegia distiratsuek alde egin zuten arte, ez zen jabetu Scrooge begira zegoenik eta orduan mamuaz oroitu zen eta bere buru gainean distiratan erretzen ari zen argiaz.
— Huskeria bat —esan zuen mamuak— jende talde on hau esker onez gainezka jartzeko.
— Huskeria bat —esan zuen Scroogek oihartzun gisa.
Fezziwig zaharren gorespenez esan ahalak esaten ari ziren bi aprendizek ziotena entzun zezan, keinua egin zion mamuak Scroogeri, eta honek egin zuenean esan zion:
— Zer, bada? Bere diru hilkorretik libera batzuk xahutzea besterik ez dute egin, hiruzpalau asko jota. Horrenbesteko aipamenik merezi ote dute gero?
— Hori ez da kontua —esan zion Scroogek, oharrari gaizki iritzirik, ez oraingo izakiak bezala, baizik eta lehengo zaharrak bezala hitz eginez—, hori ez da kontua. Zoriontsu edo dohakabe bihurtzeko ahalmena du diruak, gure bizimodua arin edo astun, alai edo nekagarri bihurtzekoa. Haren indarra hitz eta begirakuneetan dagoela esazu, zenbatzeko ezin batera daitezkeen huskeriatan. Baina bost axola! Horiexek sorrarazten duten zoriona dirutza handi baten parekoa da.
Mamuaren begiradak jotzean, mututu egin zen.
— Zer gertatzen da? —galdegin zion mamuak.
— Apartekorik ezer ez —erantzun zion Scroogek.
— Zerbait bai, nik uste —ekin zion mamuak.
— Ez —esan zuen Scroogek—. Ezer ez. Pozik esango nioke hitzerdi bat neure jabeari. Horixe da guztia. Eta hau esatearekin batera, haren lehengo izaki zaharrak argiak itzali zituen, eta Scrooge eta mamua berriro izarpean agertu ziren.
— Nire epea bukatzera doa —ohartarazi zion mamuak—. Bizkor!
Mamuak hau ez zion esan Scroogeri edo honek ikus ez zezakeen beste norbaiti, baina laster izan zituen bere ondorioak. Scroogek berriz ere bere burua ikusi zuen. Zerbait helduago ageri zen oraingoan, bizitzaren gailurrean. Aurpegian ez zuen nabari zahartzaroaren aztarna gogor eta zailik, bai ordea ardura eta diru gosearen arrastoak.
Bihotzean erroturik zeukan grinaren zuhaitzak norainoko itzala egingo zuen adierazten zuen mugikortasun urduria, zeken eta ezinegona ageri zitzaion begietan. Ez zegoen bakarrik, beltzez jantziriko neskatila eder baten alboan baizik. Beronen begietako malkoak dirdirka zeuden Iragan Gabonetako Mamuari zerion argitan.
— Bost axola dizu zuri —ziotsan samurki— bai, bost axola zuri. Beste jainkoaizun batek bete dizu nire lekua, nonbait, eta berori nik orain arte eman nahi izan dizudan atsegina emateko gai izango balitz, ez nuke zertan samindurik.
— Zein jainkoaizunek bete du zure lekua? —galdetu zion.
— Urrezko batek.
— Horixe da munduaren gidari bakarra —esan zion Scroogeren izaki zaharrak—. Ezer ez dago mundu honetan ezedukia bezain gorrotagarririk, ezta ondasunak lapurtzea adina zigortzen denik.
— Beldur handiegia diozu munduari —erantzun zion neskatilak adeiz—. Zeure itxaropen guztiak gizarteak ahakar hori egin ez diezazun xahutu dituzu. Eta zure desira jator guztiak banan-banan erortzen ikusiak ditut, irabaztearen grina nagusia zutaz jabetuz joan den neurrian, ez ala?
— Zer bada? —erantzun zion hark—. Zer, gero eta zuhurrago bihurtu banaiz? Zurekiko ez naiz ezertan aldatu. —Neskatilak buruari eragin zion.
— Gure tratua aspaldikoa da. Biok behartsuak ginenean eta geure lan saiatuaz diru pixka bat gehiago izatea espero genuenean egina. Zu aldaturik zaude. Elkarri hitza eman genionean, zu besterik zinen.
— Mutiko bat nintzen —esan zuen urduri.
— Zeure sentimendu horiek beroriek esaten didate orain ez zarela lehen zinen hura —ihardetsi zion neskatilak—. Ni lehengoa nauzu. Bihotzez bat ginenean elkarri agintzen genion zorion hura, orain bi garelarik, zoritxarrez beterik dago. Zenbat aldiz eta zeinen sakon honetaz pentsatu dudan ezin niezazuke adieraz. Buruan aski erabili dudala eta askatasunean utz zaitzakedala jakinarazteaz nahikoa duzu.
— Inoiz ahalegindu al naiz askatasun hori berreskuratzen?
— Hitzez inoiz ere ez.
— Zertaz, bada, orduan?
— Beste izateko era batez, bestelako bihurtuz, beste bizimodu batez, beste Itxaropen bat jomugatzat hartzeaz, nire maitasunak ekar liezazkizukeen irabazpideei soilik begiratzeaz, inoiz bion artean horrelakorik izan bada behintzat —esan zion neskak otzan baina irmoki begiratuz—. Esadazu, honela ez balitz, berriz bilatu eta zeureganatuko ote nindukezu? Ez, horixe!
Epaiaren egiak makurrarazirik, bazirudien mutilak zerbait amore eman ote zuen, baina bere buruarekiko borrokan esan zion:
— Ez duzu behar bezalako iritzirik.
— Pozik aldatuko nintzateke iritziz, ahal banu! —erantzun zion neskak—. Jainkoak daki! Honelako egia bat ikasi dudanean, zeinen sendoa eta zekena izan daitekeen! Gaur, bihar edo etzi libre aurkituko bazina, nola sinets nezake oraindik neska behartsu bat aukeratuko zenukeenik, zuk, gure elkarrizketa minenetan ere dena Irabaziaz neurtzen duzun horrek?; baina une batez, zeure abiaburu nagusiari iruzur eginik, aukeratuko bazenu ere, ez dakidala uste al duzu nolako damu-saminak jarraituko litzaizkiokeen, ala? Bai horixe, eta orain, noizbait maite izan zenuen bihotz haren sakonenetik uzten zaitut.
Scrooge hitz egitera zihoan baina neskak buruari alde batera eraginez honela esan zuen:
— Baliteke —orain artean elkarren ondoan izan dugunaren oroitzapenak hala sinetsarazten dit— baliteke hau mingarri samar gertatzea. Baina pixka batez itxaron dezagun eta bertan behera uzteaz asmatu zenuen amets batez bezala oroituko zara guzti honetaz.
— Zoriontsu izango ahal zara, behintzat, hautatu duzun bide horretan!
Neska aldentzean, biak banatu ziren.
— Mamua —esan zuen Scroogek—, ez iezadazu besterik erakuts! Etxera gida nazazu. Zergatik pozten zara nire saminean?
— Beste itzal bat bakarrik! —oihu egin zuen Mamuak.
— Besterik ez! —deiadar egin zuen Scroogek—. Besterik ez, ez dut ikusi nahi, ez iezadazu erakuts!
Baina Mamu gupidagabeak bere bi eskuez eutsiz, gertakizuna ikustera behartu zuen indarrez.
Beste ikuskari eta toki batean aurkitu ziren, handia eta politegia ez bazen ere, areto aski eroso batean.
Beheko suaren ondoan, neska lirain bat ageri zen eseririk, eta lehenago ikusia zutenaren antz-antzekoa izaki, huraxe bera zela uste izan zuen Scroogek, baina hobeki begiratu zionean, etxekoandre martzal eginik eta bere alabaren aurrez aurre eseririk zegoela ohartu zen.
Scroogek kinka larri hartan konta zitzakeen baino askozaz ume gehiago ageri ziren; areto hartako iskanbila benetan ikaragarria zen, eta olerki sonatu hark dioenaz bestetara', ez zebiltzan berrogei mutiko bat balira bezala, baizik eta mutiko bakoitza berrogei bailiren. Honen ondorioa ezin sinetsizko orroak ziren, baina inork ez zien jaramon izpirik ere egiten; ama-alabak, berriz, barrez leher gaizto eginik zeuden eta oso gogoko zitzaien ikuskaria; izan ere, azken hau berehala sartu zen tarteko jolasetan, eta bat ere gupida arrastorik gabe, ume bihurriek sekulako astindua eman zioten. Zer ez ote nuen emango nik haietako bat izatearren! Baina ni ez nintzatekeen inola ere haiek bezain zakarra izango! Jainkoak guarda! Munduko ezergatik ere ez nituzkeen nahastuko eta askatuko motots haiek!; eta oinetako polit hura ere ez niokeen behin ere oinetik aterako, Jainkoak libra nazala, neure bizia salbatzearren ere! Eta jolasean gerria neurtze hura ere ez nukeen egingo, bestela zigorrez besoa haren biran okerturik geratu eta gehiago ez zuzentzea espero izango nukeen. Aitzitik, ordea, hara garbi aitortu, bene-benetan ukitu nahi izango nizkiokeen ezpainak, eta ireki zitzan zerbait galdetu, baita inoiz lotsarazi gabe ere, lurrera begira zeramatzan betsein haiei so egin eta preziorik ezar ezin zekiokeen adats hura ilezko uhinetan askatu ere: hitz batean aitortzeko, ume haietako baten baimenik txikiena eduki eta beraren balioaz jabetzeko nagusi irautea nahi izango nukeen.
Orain, ordea, ate hotsa entzun zutenean, berebiziko astrapala sortu zuten eta hark, aurpegi irribarretsu eta arropa bihurrituekin, ume talde kurrinkalari eta asaldatu baten ardatz zelarik, ate aldera jo zuen Gabon jostailuz eta opariz abailduriko gizon batekin zetorren aitari ongi etorria egiteko. Eta gero, bere burua defendatu ezin zuen morroiari egin zizkioten garrasi, burruka eta erasoak! Aulkiak eskaileratzat harturik gainera igo zitzaizkion, eta sakeletan murgildu, paper nabarrezko pardelak kendu, gorbatatik gogor heldu eta lepondoan musuak eman zizkioten, bizkarrean jo eta eduki ezinezko maitasunez zango hezurretan ostikoak eman zizkioten! Haiek miresmen eta pozezko oihuak pardel bakoitza zabaltzean sortzen zirenak! Etxeko haur txikiena panpina baten zartagintxoa ahora sartzen harrapatzean, zurezko azpiltxo bat, kolaturiko jostailuzko indioilo bat irentsi ote zuenezko susmoa iragartzeak sortu zuen estutasuna! Eta estualdia funtsik gabea zeta konturatzean hartu zuten lasaitua! Poza, esker ona eta zoramena! Hau dena aditzera ezin emanezkoa zen! Aski da esatea taldeka, neska-mutikoak eta berauen pozlarriak gelatik irtenez joan zirela eta oheak zeuden etxearen goialdera igo zirela lotara, eta honela beratu arte. Eta oraingoan Scroogek sekula baino bizikiago finkatu zituen bere begiak, eta begirada zeharo ilundu zitzaion, etxeko nagusia, alaba laztanki bereganaturik, emaztearekin sutondoan eseri zenean eta halako izaki lirain eta promesatsu batek aita dei ziezaiokeela eta bere bizitzaren negu aro gogorrean udaberri gerta zekiokeela pentsatu zuenean.
— Eder hori! —esan zuen senarrak emaztearengana irribarrez itzulirik—. Hire aspaldiko lagun zahar bat ikusi dinat gaur arratsaldean.
— Nor huen?
— Antz emaion!
— Nola, ordea? Tira! Ez zekiat! —erantzun zion arnas eta irribarre bera eginez—. Scrooge jauna.
— Berbera. Haren lantegiko leihoaren aurrez aurre iragan naun eta ez zegoen itxirik, baina bizturik zeukan kandela argitan ozta-ozta ikusi ahal izan dinat. Lankideak hilzorian egon behar din, jakin dudanez eta bera han zegoen bakarrik. Bakar-bakarrik mundu honetan inor bakarrik badago, nik uste.
— Mamua! —esan zuen Scroogek ahots eten batez—. Atera nazazu toki honetatik.
— Hauek iraganiko gauzen itzalak baizik ez direla esan dizut —ihardetsi zion Mamuak—. Gertatu ziren bezala agertzen badira, nik ez dut horretan erantzukizunik.
— Eraman nazazu —oihu egin zion Scroogek—. Hau ezin jasanezkoa zait-eta!
Mamuarengana itzuli zen eta ordura arte ikusiriko aurpegi guztien zatiz osoturik zegoen aurpegi batez begiratzen ziola buruak eman eta borrokan eraso zion:
— Utz nazazu! Itzul nazazu! Ez dut lilura gehiagorik nahi!
Borroka hartan —borroka izena merezi badute behintzat Mamuak bere aldetik zirkinik egin gabe arerioak egin zituen indarketek— haren buruari zerion argi distiratsuaz ohartu zen Scrooge eta harexek bere baitan eduki zezakeen eragina ilunki susmaturik, lotako txanoa erantzi eta keinu bizkor batez burutik behera sartu zion argi-itzalgailu gisa.
Mamua erabat Scroogeren menpean jarri zen eta itzalgailuak aurpegi osoa estali zion; baina Scroogek bere ahalmen guztiak zapaltzen bazuen ere, atergabeko uholdearen antzera, azpitik zerion argitasuna ezin zezakeen ezkuta. Zeharo ahuldurik eta logura jasangaitz baten menpean erortzen ari zela konturatu zen, eta gainera, bere logelan zegoela ere konturatu zen. Txanoari azken estutu bat eman zion eta eskua lasatu zitzaion, eta zabuka oheraturik, harria bezala lozorro astunean murgiltzeko astia izan zuen ozta-ozta.
© Charles Dickens
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren