Lehen ahapaldia

MARLEYREN MAMUA

 

        Marleyrenak aspaldi egin zuen eta ez zen zalantza aztarnarik ere honetaz. Haren ehortze-agiria, apaizak, elizainak, lurperatzaileak eta hileta-buruak izenpetu zuten. Scroogek ere izenpetu zuen: eta honen firmak ez zuen nolanahiko pisua diru kontutako paperetan.

        Marley zaharra ate-iltze bat bezain hilik zegoen.

        Kontuz, gero! Nik neuk ez nizuke agertu ahal izango, neure jakitez behintzat, ate-iltze batek zer kidetasun lezakeen heriotzarekin.

        Nik, neure ikusteko eraz, zerraldo-iltze bat aukeratuko nizuke burdindegiko gauzarik hilentzat. Baina arbasoen jakituria imajina honetan dagoenez gero, ez dira nire esku hogenlariak izango hura aldatuko dutenak, bestela Aberriarenak egin du!

        Hau honela, Marley ate-iltze bat bezain hilik zegoela berresaten dizut, zure baimenaz.

        Ba ote zekien Scroogek hura hilda zegoenik? Bai horixe! Nola ez, gero? Nik ez dakit zenbat urtez, biak saleroskide izan ziren; gainera, Scrooge izan zen haren azkennahi-betetzaile, banatzaile, ordezkari, oinordeko, adiskide eta azken ordu hartako laguntzaile bakarra.

        Baina Scrooge ez zen luzaroan lur jota egon gertaera triste harengatik, eta merkatari iaioa zenez gero, bere lankidearen hileta eguna ere irabazpide bikain batez ospatu zuen.

        Marleyren hiletaren aipamenak irten naizen toki-tokira narama. Marleyren heriotzari buruz ez zegoen ezbairik.

        Hau benetan onartu behar didazu, bestela orain kontatzera noakizun ipuinaz ez nizuke ezer nabarmenik azalduko.

        Antzerkia hasi aurretik Hamleten aita hildakotzat emango ez bagenu, haren gaueko ibilaldia egurasteko toki haizetsu bat — Pablo Deunaren hilerria esazu, adibidez, zure seme kaskarina izu dadin— hautatu duen gizon heldu samar batena baino ohargarriago ez litzaiguke gertatuko.

        Scroogek ez zuen Marley zaharraren izena inoiz ezabatu. Han zegoen urteak zehar biltokiko ate-gainean. Marley eta Scrooge eta lantegia ere Marley eta Scrooge izenez ezagutzen zuten.

        Merkataritzan berriak zirenek batzuetan Scroogeri Scrooge zeritzaten eta Marley beste batzuetan, baina honek bietara erantzuten zien. Bost axola hari! Altzairuak sekula txinparta onik aterako ez ziokeen sukarria bezain gogor eta hotza zen. Scrooge bezalako esku-hertsirik bere lanean! Bekatari zeken, euskor, zapaltzaile, gordekor, xurgatzaile zahar bat zen eta isil, barnekoi eta ostra bezain bakarti gainera.

        Barruan zeraman hotzak aurpegikera izoztu, sudur luzea zorroztu, masailak zimurtu, ibilera gogortu, begiak gorritu, ezpain meheak ubelarazi eta ahots maker batez, garrasika bezala, mintzarazten zuen. Bere buru, bekain eta alanbrezko kokotsean izotz lausoa ageri zuen.

        Beti bere baitan zuen giro hotz honek udaminean ere lantegia izozturik zeukan eta Eguberrietan ere ez zen gradurik jaisten bertako hotza. Kanpoko hozberoak zirkinik ez zion eragiten Scroogeri. Ez zegoen hura berotuko zuen berorik, ezta hoztuko zuen negu girorik ere.

        Ez zen hura bezain haize gordinik; goitik erortzen den elurrak ez zuen hark adinako arrakastarik hondamendietan; edozein euri temakor hura baino hobe akordio baterako. Giro txarrak ez zekien hura zertan garaitu. Euritu itsuenak, elur, txingor eta bisutsak gauza batean bakarrik aurre har ziezaioketen: ematen. Haiek oparo ematen zuten zeukatena, Scroogek, ordea, ez oparo eta ez zuhur, zipitzik ere ez zuen ematen. Inork ez zuen geldiarazten kalean, begirada alai batez esateko: «Zer moduz, Scrooge, zintzo hori? Noiz etorriko zatzaizkit ikustaldi bat egitera?»

        Eskaleek ez zioten huskeriarik ere eskatzen, ez eta haurrek zer ordu zen galdetzen ere. Gizon nahiz emakume, ez zioten halako eta halako tokitarako bidearen berri galdegiten.

        Itsuen zakurrek ere ezaguna zutela zirudien eta albora zetorkiela nabaritzen zutenekoxe, jabea atari zokoetara eramanez, isatsari eragiten zioten: «Hobe da itsu izan horren begirakunea izatea baino», esan nahiez bezala.

        Bost axola hau Scroogeri! Hain zuzen, horixe besterik ez zuen nahi. Bizitzako zidorretan zehar, adiskidetasun guztiri uzkur eginez igarotzea; hauxe zen Scroogeren gozamen bakarra.

        Behinola, urtearen egunik onenean, Gabon bezperan, Scrooge lan-mahaian eserita, lanean ari zen jo eta ke.

        Giroa hotz, garratz eta minkor zegoen, lainotsu gainera. Jendeak berotzearren kalean ateratzen zuen oin-hotsa eta esku-zartak barrutik entzun zitezkeen.

        Hiriko erlojuak orduantxe jo zituen hirurak baina jadanik oso ilun zegoen: argirik ez zen izan egun osoan eta inguruko lantegietako iluntasun lodiak zuziak dirdirka ari ziren, airean sakabanaturiko zipriztin gorristak bailiren.

        Lainoa giltza zulo eta zirrikitu guztietatik sar eta sar ari zen eta nahiz etxarte hura estuenetarikoa izan, kalez handiko etxeek lainapean mamuak ziruditen, hainbesteraino baitzegoen itsu.

        Laino beltza dena ilunduz goitik behera zetorrela ikustean, naturak garagardoa egiteari ekin ziola burura zitekeen.

        Harantzago, urtegi antzeko gela ilun eta estu batean, eskutitz berridazketan ari zen kopialaria zaintzearren, zabalik zeukan Scroogek lan gelako atea.

        Scroogeren sua oso kaskarra zen, baina kopialariarena askozaz kaskarragoa oraindik, ikatz ale piztua baitzirudien.

        Baina ezin zezakeen gehi; Scroogek bere gelan zeukan ikatzontzia eta langilea palarekin ikatz eske zihoakion bakoitzean, atzera alde egin beharko zuela esaten baitzion.

        Beraz, kopialariak bere tapauki zuria jantzirik, alboan zeukan kandelan berotzen ahaleginak egiten zituen, baina oso buru argikoa ez izanik, etekin gutxi ateratzen zion.

        — Gabon zoriontsu, osaba! Jaunak gorde zaitzala! — egin zuen oihu boz alai batek. Lasterka zetorren Scroogeren loba zen. Oihu hau izan zen hurbiltzearen lehen zantzua, hain bizkor zetorren etorri ere!

        — Bai! — esan zion Scroogek—, berriketak!

        Laino eta izotz artean halako lasterketan bero-bero eginik utzi zuen Scroogeren iloba, aurpegia gorri eta polit zuen, begiak dirdaitsu eta arnasa ke-jario.

        — Gabonak berriketak direla, osaba? — esan zion ilobak—. Ez duzu horrelakorik esan nahiko behintzat!

        — Ez zera! — erantzun zion Scroogek—. Gabon zoriontsu...! Zer eskubide duk alai egoteko? Zer eskubide haserretzeko? Nahiko behartsu haiz.

        — Hortaz... — erantzun zion ilobak—, zer eskubide duzu horren kopetilun egoteko? Zer eskubide haserretzeko ere? Nahiko aberats zara.

        Une hartan erantzun hoberik bururatu ez zitzaiolako edo Scrooge «Bai, berriketak» esateari jarraitu zitzaion.

        — Ez zaitez haserre, osaba — esan zion ilobak.

        — Zer egin behar diat, bada — erantzun zion osabak—, honelako zorotegian bizi naizelarik? Gabon zoriontsu! Zer Gabon eta Gabon ondoko! Zertarako dituk Gabonak? Dirurik gabe zorrak ordaindu beharrean aurkitzeko, ala? Urte bete zaharrago eta ordu bete aberatsago ez haizela hausnartzeko? Harreman-liburuak aztertu eta batekoz beste hamabi hilabete probetxurik gabe igaro zaizkiala konturatzeko? Buru honetan darabildana egin ahal baneza! — esan zuen haserre Scroogek—. Gabon zoriontsuka dabiltzan burugabe horiek beren budin eta guzti irakinarazi, gorosti adar bat bihotzetik zehar sartu eta lurperarazi egingo nitizkek. Bai horixe!

        — Osaba! — erregutu zion ilobak.

        — Iloba! — erantzun zion garratz osabak—. Hik ospa itzak Gabonak heure erara eta utz ni neurera ospatzen.

        — Ospa itzazu! — berresan zion ilobak—. Baina zuk ez dituzu ospatzen.

        — Orduan utz nazak baketan — esan zion Scroogek—, onik aski egin diezaakete eta... Hainbeste mesede lortu dik oraindainokoan, izan ere...

        — Beldur naiz probetxugabeko hamaika egun igaro ez ote dudan — ziotsan ilobak—. Gabonak horien artean sartu beharrekoak ditut. Baina ziur nago Gabon garaia gogoratu zaidan bakoitzeko — beronen izen santuari dagozkion jaiera eta jatorria alde batera utzirik— garai alai bezala agertu zaidala beti, garai maitagarri, barkatzaile, onargarri eta atsegin bezala. Nik dakidanez, urtearen egutegi luzean zehar, gizon eta emakume, guztiek elkarri bihotzak zabaldu eta beren menpekoak bezalaxe berak ere hilobira doazela eta, eta beste bide berezi batzuetatik ez dabiltzala pentsatzen duten egun bakarra. Eta horregatik, osaba, nahiz eta urre-zilarrik patrikaratu ez didan, onik aski egin eta egingo didala uste dut. Beraz, Jaunak bedeinka ditzala esaten dizut.

        Gelatxo ilunean lan eta lan ari zen kopialariak nahigabeko txalo bat jo zion; ondoren, egin zuen arinkeriaz konturaturik, alboko suari bultzadatxo bat eman zion eta azkeneko txingar ahula betirako itzali zen.

        — Txintik entzuten badiat — esan zion Scroogek—, ogibidea galduz ospatuko dituk Gabonak. Ez nekian horren etorri oneko hizlari hintzenik. Neke zaidak Parlamentura nola ez haramaten ulertzea.

        — Tira! Ez zaitez haserre, osaba, eta zatoz bihar gurekin afaltzera.

        Deabruaren atzaparretan bere burua ikusi nahiago zuela erantzun zion Scrooge zitalak.

        — Zer dela eta? — egin zion garrasi ilobak—. Zer dela eta?

        — Zergatik ezkondu hintzen? — galdegin zion Scroogek.

        — Maitemindu nintzelako.

        — Maitemindu hintzelako...! — egin zion orroe Scroogek, maitemintzea Gabon zoriontsu batzuk baino oraino lotsagarriago bailitzen—. Arratsaldeon!

        — Hura gertatu zenez geroztik behin ere ez zatzaizkit ikustera etorri. Zergatik ematen didazu hau ez etortze horren arrazoibidetzat?

        — Arratsaldeon! — erantzun zion Scroogek.

        — Ez dut zugandik ezertxo ere nahi, ez natorkizu ezeren eske. Ez al gintezke adiskide izan?

        — Arratsaldeon! — erantzun zion Scroogek.

        — Bene-benetan zure jarrera setati horrek min ematen dit. Behin ere ez dugu liskarrik izan elkarren artean. Baina Gabon egunaren omenetan alai egoteko erabakia hartua dudanez gero eutsi behar diot behintzat. Gabon zoriontsu, osaba!

        — Arratsaldeon! — esan zion Scroogek.

        — Eta Urte Berri on!

        — Arratsaldeon! — erantzun zion Scroogek.

        Halaz ere, hitz haserreturik gabe irten zen iloba gelatik. Ate nagusian, hezurretaraino hozturik zegoen arren Scroogerekin alderik ere ez zuen kopialari izoztuari garaiko diosala egiteko geldiunetxo bat egin zuen; eta bai bihotzez bihurtu ere hark.

        — Horra hor beste bat — esan zuen ahapean Scroogek—, asteko hamabost txelin, emaztea eta semeak eta oraindik Gabon zoriontsuez hizketan. Zoroetxera eramango nuke!

        Zoro honek Scroogeren ilobari atea irekitzean bi gizonezko sartu ziren. Gizaseme adeitsuak eta itxura onekoak ziren, eta kapela erantzirik, zutik Scroogeren lan-mahai aurrean jarri ziren. Izkribu eta paper ugari zekarten eskutan, eta hura agertu bezain laster makurtze arin batez agurtu zuten.

        — Scrooge eta Marley, ezta? — galdegin zion jaunetariko batek izen zerrendara begiratuz—. Scrooge nahiz Marley jaunarekin mintzatzeko atsegina izan al nezake?

        — Zazpi urte da Marley jauna hil zela — esan zien erantzun gisa Scroogek—. Hain zuzen, gaur gauez beteko dira zazpi urte harenak egin zuela.

        — Zalantzarik ez dugu, oraindik bizi den lankidea haren eskuzabaltasunaren ordezkari izango dugula.

        Huraxe bai ordezkari! Bikote haren ametsak bikiak baitziren!

        Hain gorrotagarri zuen eskuzabaltasun hitza entzutean, bekokia zimurtu, buruari eragin eta agurra bihurtu zien Scroogek.

        — Urtealdi alai honetan, Scrooge Jauna — esan zion gizonezkoak luma bat eskutan hartuz—, hainbeste nozitzen duten behartsu eta etxegabeei ohiturazkoa den baino zerbait laguntza hobea eskuratzea bururatu zaigu. Milaka asko aurkitzen da behar-beharrenekoenik ere gabe; ehundaka eta milaka, gehientsuenek dituzten erosotasunen premi.

        — Presondegirik ez al da, ala?

        — Presondegiak? Ugariegi! — erantzun zion gizonezkoak luma bere lekuan utziz.

        — Eta Lanetxe Elkarkuntzak? — galdegin zion Scroogek—. Ez al dabiltza lanean?

        — Bai, ibili badabiltza oraindik —erantzun zion gizonezkoak—, baina nahiago nuke ez dabiltzala esaterik banu.

        — Beraz, Treadmill eta Behartsuen legeek indarrean diraute oraindik? — galdegin zion Scroogek.

        — Bai, jauna, biak ala biak ekinahalean.

        — Tira! Beldur nintzen, lehentxeago esan didazunarengatik, lege horien eginkizun onurakorra eragotz lezakeen zer edo zer gertatu ote den — esan zuen Scroogek—. Baina hau entzuteak uxatu dizkit kezka guztiak.

        — Baina lege eta elkarkuntza horiek behar adina gorputz eta arimako poz-alaitasunik ez dutela ematen konturatzean — jarraitu zen gizonezkoa—, gutariko batzuk elkartu eta behartsuentzat janari, edari eta berogarriak erosteko diru biltzeari ekin diogu. Eta Eguberriak izanik, behartasuna mingarrien eta ugaritasuna pozgarrien gertatzen den garaia, horregatik aukeratu ditugu egun hauek aipaturiko diru bilketarako. Eta zeure izenean, zer dirutza izendatzen diguzu ekintza honetarako?

        — Bat ere ez — erantzun zion Scroogek.

        — Zer, bada? Izengabean eman nahi al diguzu, agian?

        — Baketan utz nazazuen besterik ez dut nahi — erantzun zien Scroogek— eta zer nahi dudan galdetzen didazuenez gero, horra nire erantzuna. Gabonak ospatzeko ohiturarik ez dut eta alferrak alaiarazteko ezin diezazueket ezer izenda. Gainera, lehen aipaturiko behartsu etxeei eusten diet eta nahiko lan ematen didate, hainbesteraino behartsu direnek badute lekua berorietan.

        — Asko eta asko ezin daitezke bertara joan eta zenbaitek hara sartu baino nahiago luke hil.

        — Hil daitezela nahi baldin badute — esan zuen Scroogek—. Hobe hori egin eta jende gehiegia urrituko balute. Gainera, barka iezadazue, ez dut nik horrelakoen aditzerarik.

        — Izan behar zenuke, ordea — ohartarazi zion gizonezkoak.

        — Hori ez da nire zeregina — erantzun zion Scroogek—, nahikoa du gizonak bere arazoak ulertzea, inorenetan sartzen ibili gabe. Neureek etengabeko lanak ematen dizkidate. Arratsaldeon, jaunak!

        Gai honetaz hizketan jarraitzea alferrikako zela ikustean, gizonezkoek alde egin zuten. Ohi baino oldartsuago eta bere buruari hobeki iritziz, Scroogek berriro lanari ekin zion.

        Bitartean, gizon eta emakume, eskutan zuziak zituztela, zalgurdiz zihoazenen aurretik jarririk, haiei bidea erakusten zebiltzan, hainbesteraino itsutu baitziren lainoa eta iluna.

        Leiho gotikotik begira, Scroogeri burlaka ari zitzaion kanpai zaharraren dorreak ikusezin bihurturik, lainopean jo behar izan zituen orduak eta laurdenak, izozturiko buru baten hortz kriskitinak bezala, ondoren airea dardaratan utziz. Hotza gero eta minago, Kale Nagusiko atari bazter batean langile batzuk gas hodiak konpontzen ari ziren. Alboko ontzi batean sua bizturik zeukaten eta haren biran gizon eta ume zarpail mordo bat ageri zen: suaren argitasunak begiei keinuak eragiten zizkien, eskuak berotzen ari baitziren. Bakarti zegoen iturri xulotiko irtekinak gogor eta izotz muxin bihurtu ziren.

        Gorosti abartxoz eta ale txirtalariz apainduriko erakustokien ondotik igarotzean, aurpegi zurbil guztiak gorriturik uzten zituen argitasunak.

        Hegazti eta jaki-saltzaileen dendak toki alai bihurtu ziren: irabazpidea eta saltzea bezalako hitz ilunekin zerikusirik ez zuten eta aintzazko ibilketa leku ia sinesgaitz izateraino. Alkateak bere etxeko berrogeita hamar sukaldari eta zerbitzariei, Alkate baten bizikideei dagokien eran Gabonak ospatzeko agindua eman zien. Aurreko asteartez, mozkorturik eta odol-egarriz zebilelako bost txelineko multa kendu zioten jostun kaxkarra ere biharamunerako budinari eragiten ari zen, emazte argala haurrarekin idiki bila joan zitzaion bitartean.

        Lainotsuago oraindik eta hotzago! Hotz sarkor, zirikatzaile eta atzamarkalaria!

        Dunstan Santuak honelako egunaz deabruari sudurrean ukitu bat bakarra egin izan balio, beti aldean zerabiltzan tresnak utzirik, orduan bai aterako zituzkeela orroe zaratatsuak.

        Giro txar hark zakurrak hezurra bezala, hozkatu eta miazkaturiko sudur motz gazte baten jabea Scroogeren ateko giltza zulora hurbildu zen Gabon kanta bat eskaini nahi baina...

 

        Hogeitalaugarrena

        dugu abenduan...

 

        ekin zioneko, Scroogek erregela eskuan hartu zuen eta kantariak, lainoari eta hotzagoa den izotzari sarbidea utzirik, hanka egin behar izan zuen, hain kementsu hartu baitzuen hartu ere Scroogek tresna hura.

        Azkenean, lantegia ixteko ordua heldu zitzaion Scroogeri eta gogoz kontra eserlekutik jaitsirik, zain-zain zegokion kopialariari baimena eman zion. Honek bat-batean zuziari putz egin eta kapela jantzi zuen.

        — Bihar egun osoa nahiko duzu, ezta? — galdegin zion Scroogek.

        — Egoki bada...

        — Ez da egoki! — erantzun zion Scroogek—. Ezta bidezko ere. Ziur nago, hori dela eta soldatatik koroa erdi bat kenduko banizu gaizki iritziko zenioke, ez al da hala?

        Idazlariak emeki irribarre egin zion.

        — Baina behin ere ez litzaizuke bururatuko, ordea, lanik gabeko egun bat ordaintzea gaizki dagoenik, hori ez noski!

        Baina urtean behin bakarrik izaten zela eman zion aditzera kopialariak.

        — Abenduaren hogeita bosgarreneko inoren patrikatik litxar egiteko aitzakia polita horixe! — esan zion Scroogek txamarra kokotseraino botoituz.

        — Baina egun osoa jai eman beharko dizut; biharamun goizean ahalik eta lasterren hemen egon zaitezen.

        Idazlariak baiezkoa eman zion eta Scrooge garrasi batekin aterantz abiatu zen.

        Lantegia betireki batean itxirik gelditu zen eta kopialaria, lepoko zuriaren muturrak zintzilik zituela (txamarra luzedun horietakoa ez baitzen), Gabon eguna zela eta hogei aldiz pozturik zebiltzan Cornhilleko kale batean zegoen mutikoen irristokian zehar joan zen, eta gero ahalik eta lasterren Camden Townera arineketan egin zuen, gordeketan jolasteko etxera garaiz hel zedin.

        Scroogek bere betiko ardandegi musinean bere afari mudurria jan zuen eta eguneroko guztiak irakurri eta arratsaldearen gainerakoa sarrera-irteera-liburuarekin alai igaro ondoren, etxera joan zen lotara. Behinola bere lankide zaharrarenak ziren gela batzuetan bizi zen.

        Itxura gaiztoko etxe batean metaturik zeuden bizitoki kopetilun batzuk ziren hauek. Etxea toki hartan ikustean nahi gabe ere hauxe bururatzen zen: noizbait gaztea zela edo beste etxeekin gordeketara etorri eta atzera itzultzeko bidea ahazturik gelditu bide zela. Hain zitzaion eskubide gure ikusten han egoteko!

        Orain oso zahar eta ilun zeuden eta Scrooge ezik inor ez zen han bizi. Gainerako bizitegiak bulego izenean akuraturik zeuden.

        Ataria harriz harri ezagutzen zuen arren, eskuez ukituka eta itsuka igaro behar izaten zuen Scroogek. Hain zegoen ilun egon ere! Laino eta izotzak etxaurrea hainbesteraino estalia zeukatenez gero, giroaren iratxoa atalondoan eserita burutazio goibeletan ari zela esan zitekeen. Ateko aldabak, egia esan, handia zela esanez gero, ezer berezirik ez zuen. Egia da, baita ere, toki hartan bizi zenetik Scroogek egunero ikusten zuela, baina haren jabea zela eta harrokeria deritzan hori Londresko inork baino gutxiago zuen — eta asko esatea bada ere— Kontseilari eta Gizalibreen Elkarkuntzako edozeinek baino gutxiago oraindik.

        Gogoan hartu behar duzu, baita ere, Scroogek arratsalde hartan zazpi urtez hilik zegoen bere lankide Marleyz eginiko aitapenaren ondoren, hura zenik ere ez zitzaiola gehiago burutik igaro. Eta orain, adieraz biezat nahi duenak, nola gerta zekiokeen Scroogeri, giltza morroiloan zuela eta gehiagoko aldakuntzarik gabe, aldabaren ordez... Marleyren aurpegia ikustea.

        Marleyren aurpegia. Ez zen transparentagaitza beste itzalak bezala, argitasun ahul bat ikus zekiokeen inguruan, otarrain zahartuek gela ilunetan egin ohi dutena bezalakoa. Ez zion haserre edo uzkur begiratzen, Marleyk Scroogeri beti begiratzen zioneko modu berezi hartaz baizik: betaurreko izugarri haiek bekoki izukorreraino jasoz. Ilea nabarmenki nahasturik zuen, arnasa edo haize beroren batek eraso bailion eta begiak zabal-zabal zituen arren, zirkinik ere ez zioten egiten. Guzti honek eta aurpegiaren kolore ubelak itxura beldurgarria ematen zioten. Bazirudien itxura hau bere izaeraren aurka zegoela eta gogoz kontra bere aiurriari erantsirik zerbait zela.

        Scroogek ikuskari gelgarri hartan begiak tinkatzen atzera aldaba bihurturik gelditu zen.

        Ikaratu zela edo txikitandik ezezagun zitzaion zirrara bat odoletik igaro zitzaiola ukatzea gezur biribila izango litzateke. Baina morroiloan jaregin zuen giltzari berriro eskua ezarri eta zakar eraginez, barrura sartu eta kandela biztu zuen.

        Atea itxi aurretik, une batez dudakor egon zen eta gero ate atzeari arreta handienaz begira ihardun zitzaion, Marleyren ile mototsaren agerpenak izutzea espero balu bezala. Baina aldabari eusten zioten bihurriko eta garrangak besterik ez zen ageri ate atze hartan, eta «Ut!, Ut!» esanez, danbateko batez itxi zuen atea.

        Trumoia bezalako danbateko hark etxe osoa durundatu zuen. Goiko gela guztietan eta beheko ardandegiko upeletan oihartzun burrunba nabaritu zen. Baina Scrooge ez zen oihartzunak direla-eta ikaratzeko gizona, eta atea atalagatu ondoren, aterpea gurutzatu eta astiro-astiro, bidean kandelari muturra moztuz, eskaileratan gora igo zen.

        Behar bada, sei zaldiko burdia eskailera zahar batetik gora edo Parlamentuko zulodun lege batetik igarotzeaz zerbait burura lekizuke, noski, baina hemen, agian, burdiaren ordez zerraldo bat egokiago zitekeen. Eta ziri-hesia horma alderantz eta atea kalostrara, zeharretara ipintzeko nahi adina leku utzi eta errentan emateko oraindik zerbait geratuko zatekeen. Hau zatekeen, zalantzarik gabe, hil-burdi bat ilunpetan zihoala Scroogeri iruditzearren azalpen bakarra.

        Kaleko sei gas-argik ez zuketen etxe sarrera hura behar adinbat argituko; hortik pentsa nola egongo zen Scroogeren kandelaxka harekin bakarrik.

        Baina hau guztia bost axola zitzaiolarik, gora igo zen. Scroogek atsegin zuen iluntasuna, merkea baita. Baina atetzar hura hertsi aurretik, dena behar bezala ote zegoen ikustearren edo, ibili bat egin zuen gelan zehar, Marleyren aurpegiaren oroipena bere baitan baitzuen oraindik. Egontoki, logela, zaharkindegi: dena behar bezala.

        Inor ez mahaipean, inor ez besaulkipean, su ahul bat arranparrilan, koilara eta platera gertu, olo-zuku ontzikadatxoa su bazterreko apalean. (Scrooge burutik beherakoarekin zebilen). Inor ez ohepean, inor ez komunean, inor ez mamu antzera hormatik eskegirik zegoen longaina barruan. Zaharkindegia beti bezala. Sutontzi zaharra, oinetako zaharrak, bi arrain saski, hiru hankako ikuz-mahaia eta txerraga bat. Alai samarturik, atea itxi eta giltzari eragin zion, bi aldiz gainera, ohituraz kontra. Eta honela, ustekabean etor zekiokeen edozertaz lasai, gorbata erantzi, gainekoa eta abarketak jantzi, gau-txanoa buruan sartu eta olo-zukua jateko asmoz sutondoan eseri zen. Kaxkarra benetan alboan zeukan sua! hutsa halako gau hotz batean! Eskutada bat erregai besterik ez zuen eta berotasun izpi bat ateratzeko su gainean kuzkurturik jartzera beharturik zegoen.

        Sutokia aspaldiko merkatari holandarren batek egina edo zen eta Liburu Santuetatiko irudiz marrazturiko axuleiuz estalia agiri zen.

        Han zeuden Kain eta Abelak, Faraonen alabak, Sabako erreginak, lumazko ohe bailiren hodei pilotan jaisten ari ziren mezulari zerutiarrak, Abrahamak, Baltasarrak, apostoluak gurin ontzietan itsasoratzen, eta irudimena aise erakar zezaketen beste hamaika irudi. Baina hala ere, zazpi urte hartan hilik zetzan Marleyren aurpegi hark behinolako Igarlearen makilak bezala, dena irentsi zuen.

        Axuleiu leun haietariko bakoitzak, garbi egonik, Scroogek buruan zerabiltzan pentsamendu guztiak bertan grabatzeko gauza izan balira, Marley zaharraren aurpegia agertuko zatekeen.

        — Berriketak! — jareginez, gelan zehar joan zen Scrooge. Zenbait jira-biraren ondoren, berriro eseri zen eta aulkian burua atzera botatzean, begirada txilin baten gainean kokatzea gertatu zitzaion Scroogeri.

        Noizbait etxe hartako bizitzarekin zerikusia izan zuen eta orain zintzilik zegoen txilin zahar bat zen. Sor eta lor begira zegokiola, zabukatzen hasi zela konturatu zen izutasun handienaz. Hasera ozta-ozta entzun zezakeen, emaro mugitzen baitzen, baina hotsa ozenagotu ahala, etxeko beste txilin guztiek ere dilindan ekin zioten.

        Minutu erdi edo minuturen bat iraun zezakeen, baina ordu bete, ordu bete luze iruditu zitzaion Scroogeri. Txilin guztiak, hasi bezalaxe, batera isildu ziren, baina hauen hotsari behe aldetik zetorren klankada soinu bat jarraitu zitzaion, ardandegiko upelen gainetik, norbaitek katea astunen bat arrastaka baileraman.

        Orduan hara zer gogora zitzaion Scroogeri: sorgin etxeetan mamuak katea arrastaka deskribatu ohi zituztela.

        Ardandegiko atea danbada izugarri batekin nola zabaldu zen entzun zuen eta hots huraxe bera askozaz ozenago, beheko solairua gurutzatu eta mailadian gora igotzen ere bai, eta gero zuzen-zuzen bere aterantz nola zetorren sumatu zuen.

        — Berriketak! — esan zuen Scroogek—. Ez dut sinesten — baina atea gurutzatu eta bere begien aurretik pasatzean, aurpegiko kolorea zeharo aldatu zitzaion. Hura sartzean alboko su ahulak salto bat egin zuen, «ezagutzen dut, Marleyren mamua da» esan nahiz bezala eta berehala moteldu egin zen.

        Aurpegi berbera. Marley bere ile motots, betiko gorantz, fraka estu, oinetako eta guzti. Azkenengo hauen lokarriak, txamarra mutur eta buruko ileak bezalaxe zut-zutik zituen.

        Arrastaka zekarren katea, berriz, erdi ingurutik erantsirik zeukan. Luzea zen eta soka bezala soinean bildurik eta (Scroogek ongi begiratu zion) diru kutxa, giltza, morroilo, eska-eman liburu eta altzairuz landuriko diru zorro astunez eginik zegoen.

        Mamuaren gorputza guztiz argitsua zen eta horregatik hari so zegoela, gorantza begiradaz igaro eta Scroogek txamarrari atzealdeko bi botoiak ikusi zizkion.

        Scroogek sarritan entzun izan zuen Marley sabeltzuria zela, baina ordura arte ez zuen sekula sinetsi izan. Baina ez, ez zuen oraindik sinesten. Goi eta behe, ezker-eskuin begiradaz josi eta bere aurrean zutik ikusten zuen arren, nahiz eta bi begi hilotzei zerien hoztasunak ikara eragiten zion, nahiz eta lehenengotan kontuan hartu ez zuen eta kokots-buruak lotzen zizkion musu zapiaren ehungintza bera ere azter zitekeen, oraino sinesgogor jarraitzen zen eta zentzuen kontra burrukan ziharduen.

        — Zer, bada? — esan zion Scroogek beti bezain hotz eta errakor.

        — Zer nahi duzu niregandik?

        — Asko! — Marleyren boza, zalantzarik gabe.

        — Nor zara?

        — Galdegin nor nintzen.

        — Nor zinen, bada? — esan zion Scroogek boza ozenagotuz—. Mamua izateko erabatekoa zaude.

        — Bizitan lankide ninduzun Jakobo Marley.

        — Eser... eser al zaitezke? — galdegin zion Scroogek zalantzakor so eginez.

        — Bai, banaiteke.

        — Eser zaitez, beraz.

        Hain mamu haragigabea aulkian esertzeko gauza ez izatea gerta zitekeela-eta, horregatik egin zion Scroogek galdera hura. Eta ezinkizun izan balitz hura nola ezin zezakeen egin buruan sarrarazteko eman beharko zizkion azalpen ulergaitzetatik ihes egitearren ere bai.

        Baina gauzarik ohiturazkoena izan balu bezala, mamua su-aurrean eseri zitzaion.

        — Zuk ez duzu nigan sinesten — ohartarazi zion mamuak.

        — Ez — erantzun zion Scroogek.

        — Zentzuen sinesbideak alde batera utziz gero, neure izateaz beste sinesbideren bat eman al niezazuke?

        — Badakizu — esan zion Scroogek—, ezer gutxi behar izaten da beren bideetatik aterarazteko: urdaileko nahasketa batek berehala engainatzen ditu. Izan zintezke zu ezin liserituzko idiki zatiren bat, mustarda pirikornaren bat, gazta koskoren bat nahiz patata egoskaren baten pusketa. Zarena zarela ere, ongi gauza hutsa zara!

        Scroogek ez zuen berriketarako ohiturarik eta orduan ere ez zegoen bat ere aldarte onean.

        Egia esan, axkarkeria batzuk jaregin bazituen ere, adimena zeharrarazi eta beldurra estaltzearren baizik ez zen izan, mamuaren bozak hezur-gunetaraino ikaraturik baitzeukan.

        Isilean eserita, kristalezko begi zorrotz haiei une batez begira egoteak zeharo erasanda utz zezakeela pentsatzen zuen Scroogek. Bazuen beldurgarrizko zer edo zer mamu hark bere inguruan zekarren infernu giro hartan.

        Scrooge ez zen behar adina jabetu honetaz, baina izan ere halaxe zen, mamua zirkinik egiteke eserita zegoen arren, haren ile, jantzi eta oinetako lokarriak labe batetiko lurrun beroak eraginik bezala zebiltzan.

        — Hagin-ziri hau ikusten al duzu? — galdegin zion Scroogek berehala harira joanez. Galdera honen bidez memento bakar batez baizik ez bazen ere, beregandik harrizko begirada hura saihetsaraztea besterik ez zuen nahi.

        — Bai, ikusten dut — erantzun zion mamuak.

        — Ez zagozkio begira, ordea — esan zion Scroogek.

        — Baina ikusten dut, halere — erantzun zion mamuak.

        — Alajaina! — ihardetsi zion Scroogek—. Neure bizitza osoan iratxo-taldeek jazarturik bizi izateko hauxe sinestea besterik ez dut behar! Berriketak! besterik ez, berriketak!

        Hau entzutean, mamuari garrasi izugarri batek egin zion ihes eta berebiziko kate hotsa atera zuelarik, Scroogek gogor heldu behar izan zion aulkiari konortea galdurik lurrera eror ez zedin.

        Hura larria, bero balego bezala, mamuak burua biltzen zion zapia askatu eta kokotsari bular gainera erortzen utzi zionean!

        Belaun gainean erori eta eskuak aurpegi aurrean tolestatu zituen.

        — Arren! — esan zuen—. Zergatik ikaratzen nauzu, agerkari beldurgarri horrek?

        — Izpiritu lurtarreko gizona! — oihu egin zion mamuak—. Sinesten al duzu nigan ala ez?

        — Bai — esan zion Scroogek—, nahi eta nahi ez. Baina zertara datoz mamuak mundura eta zergatik nigana?

        — Gizona derrigorturik dago — mintzatu zen mamua— bere baitan duen arima bizikideen artean erabiltzera eta harat-honat haren bidelagun izatera. Baina arima hori hil aurretik kanpora irten ez baledi, hil ondoren egitera beharturik dago. Eta munduan zehar ibili eta ibili — dohakabea ni!— eta lehen lagun eta zoriontsu bihur zitzakeenei, gero ikusi arren ere ezertxo ere ezin diezaieke egin.

        Beste behin mamuak garrasi bat jaregin, katea astindu eta esku itzaltsuei bihurritu bat eman zien.

        — Burdinez loturik zaude — esan zion Scroogek ikarati—. Zer dela-eta hori?

        — Bizitza zehar landu nuen katea daramat — erantzun zion mamuak—. Herstunez herstun eta oinez oin neronek egina da eta neronek nahita erantsi diot neure buruari. Neuk nahi dudalako darabilt erabili ere. Ez al duzu ezagutzen honelakorik?

        Scrooge gero eta ikaratiago zegoen.

        — Ala — jarraitu zuen mamuak— zerorrek darabilzunaren luze-astuna jakin nahirik al zaude? Duela zazpi Eguberri nire hau bezain luze eta astuna zen eta harrezkero lantzen jarraitu duzu zuk. Inondik ere astuna izan behar!

        Berrogeita hamar edo hirurogei bat kana kablekiz bildurik bere burua aurkituko balu bezala begiratu zuen Scroogek ikaraz gela zolara, baina ezeren aztarrenik ere ez zuen ikusi.

        — Jakob! — esan zion erreguka—. Jakob Marley zaharra!, hitz egidazu, hitz alaiak esazkidazu, Jakob!

        — Zer esanik ez dut — erantzun zion mamuak—. Horrelako hitzak beste lurralde batzuetatik datoz, Ebenezer Scrooge, eta berorien banatzaileak beste klase batekoak izaki, beste izan bat duten gizonei dagozkie. gainera, zerbait egin ahal baneza ere ez nizkizuke esango. Beste ezer gutxirako bakarrik dut baimena. Ez naiteke atseden, ez egon, ez eta toki berean luzaro geldi ere. Nire gogoa ez zen behin ere lantokitik atera eta hara! bizitza osoan diru-ganbiategiko zulotik irten ez zelako, badut orain ibili beharrik hamaika bidetzar neketsutan zehar!

        Pentsakor jartzen zen bakoitzean eskuak fraka poltsikoetan sartzeko ohitura izaki, orobat egin zuen orain ere Scroogek mamuak esana hausnartuz baina begiak lurretik jasotzen ausartzeke.

        — Nahiko astiro ibili bide zara — ohartarazi zion Scroogek, merkatari gisa, baina apal eta adeitsu.

        Astiro! — berresan zuen mamuak.

        — Duela zazpi urte hil zinen — esan zuen pentsakor Scroogek-eta tai gabeko ibilian harrezkero?

        — Bai, tai gabe — erantzun zion mamuak—. Ez atseden eta ez bake, etengabe gaizki eginaren saminetan.

        — Bizkor al zabiltza? — galdegin zion Scroogek.

        — Haize hegaletan — erantzun zion mamuak.

        — Lurraldea franko utziko zenuen atzera honezkero, behintzat! — esan zion Scroogek.

        Mamuak hau entzutean, beste garrasi bati jareginez, izugarrizko kate hotsa atera zuen gaueko isilean. Hargatik gauzainak oharpen zorrotzen bat egin izan balio, zuzen jokatuko zukeen, hainbesterainoko izan baitzen zarata hura!

        — Ene! gizaseme menderatu, lotu eta burdineztatu hori! — egin zuen garrasi mamuak—. Horrenbeste urte luzez lan astunean ihardun ondoren, lur hau utzi eta besteratzean dena igaroa datekeela eta izpirik gabe zaudekeela ez dakizun hori! Edozein kristauk bere mundutxoan ongi jokatuz, edonor dela ere, bizitzari labur iritziko diola ez dakizun hori! Bizitzan zehar eginiko hutsuneak gero atergabeko buruhauste eta lanetan ezin betezko direla ez dakizun hori! Hauxe da niri gertatzen zaidana, bai! Hauxe!

        Baina zuk zeure lan eta eginbeharretan beti zintzo okatu zenuen, Jakob — esan zion Scroogek dardarka arazo hartan berak ere zerikusiren bat bazuela konturatzean.

        — Lan eta eginbeharrak! —egin zuen oihu mamuak berriro eskuak bihurraraziz—. Gizateria osoa zen nire lan eta eginbehar! Esku-zabaltasuna, errukia, eramana eta onginahia ziren nire eginbehar! Nire salerosketak ur tanta bat baizik ez ziren nire eginbehar guztien itsasoan.

        Katetzarra eskutan hartu eta zoritxar guztien iturburu bailitzen atzera astunki lurrera bota zuen.

        — Urtaro honetan inoiz baino gehiago samintzen naiz —esan zion mamuak—. Zergatik ibili nintzen ni hainbeste lagunen artean begiak lurrari itsatsirik? Zergatik ez nituen inoiz altxa Hiru Erregeak txabola zahar hartara gidatu zituen Izarrarengana? Begiak zuzentzeko behartsuen etxerik izan ez balitz ere, hutsa zatekeen!

        Honelakoak mamuari entzutean, beldurrak menderaturik, Scrooge dardara bizitan hasi zen.

        — Entzun iezadazu! —egin zuen oihu mamuak—. Nire denbora amaitzear dago.

        — Entzungo dizut —esan zion Scroogek— baina ez zakizkit aspergarri izan, ez zakizkit berriketan ari, Jakob! Mesedez!

        — Ikus nazakezun eran nola agertu naizen ez diezazuket adieraz. Ikusezin naizela, hamaika aldiz zure atzean eseririk egon natzaizu!

        Honexek ez zion bat ere onik egin gure Scroogeri eta dardarka bekokiko izerdia xukatu zuen.

        — Baina ez uste izan hori dela eta neure eginbeharra betetzeari uzten diodanik. Gaur hemen banauzu ere, nire adu zital honi ihes egin diezaiozun astia eta itxaropena eskuan dituzulako baizik ez da. Nire astakeriak eskuratu dizkizun astia eta itxaropena, Ebenezer!

        — Zu benetako lagun izan zintudan beti —esan zion Scroogek—. Eskerrik asko!

        — Hiru mamuk ikustaldia egingo dizute —esan zion mamuak.

        Oraingoan Scroogeren aurpegia lehen mamuarena adina erori zen.

        — Horiek al ditugu lehen aipaturiko astia eta itxaropena, Jakob? —galdegin zion Scroogek boz zalantzakor batetaz.

        — Bai, horiexek.

        — Ba... ba... nahiago nuke etorriko ez balira —esan zion Scroogek.

        — Horien ikustaldirik gabe —adierazi zion mamuak— ezin zaitezke ni nabilen bidetik alden. Erlojuak ordu bata jotzean itxaron iezaiozu lehendabizikoari.

        — Ezin al nezake hirurena batera har eta buka, Jakob? — galdegin zion Scroogek.

        — Itxaron iezaiozu bigarrenari hurrengo gauean, ordu berean, eta hirugarrenari hurrenagoko gauean, hamabien dandara hotsa isiltzean. So egidazu azkenekoz eta zeure buruari onik opa baldin badiozu ez dezazula ahantz bion artean gertatu den hau.

        Azken hitzak esateaz bat hartu zuen mamuak mahai gaineko zapia eta burua lehengo erara bildu zuen.

        Hortzek elkar jotzean egin zuten kraskatekoaz ohartu zen Scrooge honetaz. Begiak jasotzen ausartu zelarik munduaz kanpoko bisitalaria, katea besoan bildurik, tente aurrean zuela konturatu zen.

        Agerkaria atzeraka hasi zen eta egiten zuen urrats bakoitzeko leihoa bere kasa pixkatxo bat altxa egiten zen; beraz, mamua bertaratzean zabal-zabalik zegoen.

        Hark hurbil zekion keinu egin zion Scroogeri eta honek agindu bezala obeditu zion. Elkarrengandik bi pausotara zeudela Marleyren mamuak ez gerturagotzeko agindua eman zion. Scroogek zirkinik ere ez zuen egin.

        Baina geratu bazen ere, ez zen aginduagatik izan, hartaz jabetu zen ikara eta bildurrarengatik baizik. Mamuak eskua altxatzean aire guztia zarata nahasiz beterik zegoela ohartu zen: min eta atsekabezko hots zentzugabez, zinkurik minkor eta salatzailez. Apur batez adi egon ondoren, mamua bidaztien sail negartiari lotu zitzaion eta guzti haiekin igerika gau ilun bakartian galdu zen.

        Ikusminak eraginik, leihora hurbil eta kanpora begiratu zuen Scroogek.

        Harat-honat atseden gabeko ibilian zotinka ari ziren mamuz beterik zegoen egurats guztia.

        Marleyren mamuak bezalako katea bat zeraman haietako bakoitzak; batzuk (bazitekeen gobernu errudunen bat izatea) elkarri loturik zeuden; inor ez zebilen libre.

        Asko eta asko Scroogek bizi zirela ezagunak izan zituen.

        Atalondo batean ikusten zituen ama-seme behartsu batzuei laguntza ezin eskuratu ahal izatean hunkigarriro nigarrez ari zen eta txorkatilan katea zahar beldurgarria zeraman txamarra zuridun mamu baten lagun handia izana zen. Haien ezbeharra nabaria zen: hurko lagunaren premietan sekula parte hartu nahi izan ez zutenez gero, orain ahalmen hori betirako galdua zuten.

        Izaki guzti hauek lainopean galdu ziren ala lainoak irentsi zituen, Scroogek erantzun ez ziezazukeen gauza zen. Baina haien irudi eta ahotsak batera ezkutatu ziren eta arestian etxeratzean zegoenera bihurtu zen gaua. Leihoa itxi ondoren, mamua sartu zeneko atea aztertu zuen Scroogek. Bi giltza biraz itxirik zegoen berak utzi zuen bezalaxe eta kisketak ere inork ukitu gabe zeuden.

        «Berriketak!» esan nahi izan zuen baina lehendabiziko letran geratu zen. Eta jasaniko zirrara, eguneko nekeak, Mundu Ikusezinaren ikuspenak, mamuarekiko elkarrizketak edota ezorduak zirelako erabat ahuldurik zegoen eta zuzen-zuzen oheraturik, jantzia soinean zuela, harria bezala lo gelditu zen.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren

 

 

"Charles Dickens / Gabon kanta bat" orrialde nagusia