Azken estrofa

ETA HONELA AMAITU ZEN

 

        Bai! Postea berea zen!Ohea eta logela ere. Eta benetan onena eta zorionekoena: aurrean zuen denbora berea zen, eta bere jarrera zuzentzen aprobetxa zezakeen!

        — Lehenaldi, Orainaldi eta Etorkizunean biziko naiz!errepikatu zuen Scroogek, ohetik saltatuz—. Hiru Izpirituek euren ahaleginak nigan batuko dituzte. O, Jacob Marley! Bedeinkatuak izan daitezela Zerua eta Eguberri garaia gertatu zaidan guztiarengatik! Belauniko diot, Jacob zaharra, belauniko!

        Hain aztoratua zegoen, hain intentzio onez beterik, ahotsak ia ez ziola erantzuten. Izpirituarekin izandako gatazkan hain bortizki egin zuen negar, eta aurpegia malkoez bustirik zuen.

        — Ez dituzte kendu —esan zuen Scroogek, bere beso gainean oheko gortina bat tolestuz—. Ez dituzte uztaiak eta guzti kendu. Hona hemen gortinak, eta hona hemen ni; izan litezkeen gauzen itzalak sakabanatuak izango dira. Hala izango dela badakit!

        Hitz egiten zuen bitartean, bere eskuak janzten ahalegintzen ziren: jantziak barrutik kanpora bueltatzen zituen, alderantziz jartzen zituen, urratzen zituen, jarri behar ez zituen lekuan jartzen zituen, era guztietako bitxikerien parte bihurtuz.

        — Ez dakit zer egin! —oihukatu zuen Scroogek, aldi berean barrez eta negarrez, galtzerdiak jartzerakoan bere buruaz Laocoonte perfektu bat eginez—. Luma bat bezain arina naiz, aingeru bat bezain zoriontsua, ikasle bat bezain alaia. Buruak birak ematen dizkit mozkor bati bezala. Eguberri alai bat mundu guztiarentzat! Urte berri on bat mundu guztiarentzat! Aupa! Gora, gora!

        Saltoka aulkiraino iritsi, eta han zutik geratu zen, gehiago ezin zuela arnasestuka.

        — Hona hemen ahiak zeuden lapikoa! —oihukatu zuen Scroogek berriro ere saltoka eta itzulipurdika hasiz—. Eta hemen dago Jacob Marleyren Mamua sartu zen atea! Eta Orainaldiko Eguberriaren Mamua eseri zen txokoa! Eta noraezeko Izpirituak ikusi nituen leihoa! Guztia ondo dago; guztia egia da; guztia gertatu da! Ja, ja, ja!

        Benetan, hainbeste urtetan barre egin ez zuen gizon bat izateko, Scroogeren barrea bikaina zen, entzutetsua zen, amaierarik gabeko barre sorta bikain baten ama.

        — Ez dakit hilabeteko zein egunetan gauden ere! —esan zuen Scroogek—. Ezta zenbat denbora pasa dudan Izpirituekin. Ez dakit ezer. Mutiko bat besterik ez naiz. Ez dio axola; berdin zait. Hala gustatuko litzaidake. Aupa, aupa!Gora!

        Bere poztasun zoroaldia Elizek moztu zuten, hauen kanpaiek airera inoiz entzun izan zituen kanpai-hots luxuzkoenak jaurtitzen zituzten. Din, don! Jo ezazu, kanpaia! Din, don! Kanpaia, jo ezazu! O zein gauza zoragarria, zein miraria!

        Leihorantz korrika egin zuen eta ireki zuen, ondoren burua atereaz. Inolako lainorik ez, ezta lanbrorik ere: soilik hotz garbi bat, distiratsua, alaia, estimulagarria; odolak bere soinura dantza egin zezan txistukatzen zuen hotz bat; eguzkiaren urre koloreko argia; ortzi zerutarra; airearen freskotasuna, bere gozotasuna; kanpaia alaiak. O zein miragarria, zein era samurrean miragarria!

        — Ze egun da gaur? —galdetu zion Scroogek bere arropa onenekin kaletik paseiatzen zegoen mutiko bati, eta probableki Scrooge behatzeko alperrarena egiten ari zena.

        — Nola? —oihukatu zuen mutikoak gai zen ustekabe handienaz.

        — Ze egun da gaur, ene mutiko ona? —esan zuen Scroogek.

        — Gaur! —oihukatu zuen haurrak—. Eguberria da!

        — Eguberria da! —errepikatu zuen Scroogek bere baitan. Beraz, ez dut galdu, Izpirituek guztia gau batean egin dute. Noski, eurek egin dezakete. Noski baietz! E, nire mutiko ona !

        — E! —oihukatu zion mutikoak.

        — Bi kale beherago dagoen oilasko denda ezagutzen al duzu? —galdetu zuen Scroogek.

        — Hala espero dut —oihukatu zuen mutikoak.

        — Zein mutiko azkarra! —esan zuen Scroogek—. Zein mutil apartekoa! Ba al dakizu zintzilik zuten indioilar handi hori saldu ote duten? Ez txikia zena, baizik eta tamainarik handienekoa.

        — Zein? Ni bezain handia dena? —oihukatu zuen mutikoak.

        — Ze mutiko atsegina! —esan zuen Scroogek—. Zein atsegina den berarekin hitz egitea. Bai, bai, hala da!

        — Bada, han zintzilik jarraitzen du —erantzun zuen mutikoak.

        — Benetan? —esan zuen Scroogek—. Bada zoaz erostera.

        — Eros dezadala? Txantxetan zaude! —oihukatu zuen mutikoak.

        — Ez, ez! Benetan diot. Zoaz eta eros ezazu, eta esaiezu ekar diezadatela, nik nora eraman behar duten esango diedala. Oilasko dendako gizonarekin itzultzen bazara txelin bat emango dizut. Eta bost minutu baino lehen itzultzen bazara koroa erdia emango dizut!

        Mutikoa korrika bala bat bezain azkar atera zen. Eta kolpekaria estutzen zuen eskua oso sendoa izan beharko luke bala, mutilaren abiaduraren erdian ateratzeko.

        — Bob Cratchiten etxera bidaliko dut —xuxurlatu zuen Scroogek, eskuak igurtziz eta barre-algara zaratatsu bat askatuz—. Eta ez du jakingo nork bidaltzen dion. Gutxienez Tim txikia baino bi aldiz handiagoa zen. Joe Millerrek sekula ez zuen egin Boben etxera indioilarra bidaltzea izango den txantxa antzekorik.

        Helbidea idatzi zuen eskua, sendoa izateaz oso urrun zegoen, baina hala ere idatzi egin zuen; eta eskailerak korrika jaitsi zituen kaleko atea irekitzeko eta oilasko dendako gizonaren etorrera itxaroteko. Zain zegoen bitartean, aldabak bere atentzioa erakarri zuen.

        — Bizi naizen bitartean maitatu egingo dut! —esan zuen Scroogek, eskuarekin laztanduz—. Lehen ia ez nintzen beraz ohartu. Zein espresio zintzoa bere aurpegikoa! Zein aldaba bikaina! Ah, hor dator indioilarra. E, e! Zer moduz? Eguberri zoriontsuak!

        Hura bai zela indioilar bat! Noizbait bere hanka gainean sostengatu izana ezinezkoa zen: minutu bat baino gutxiagoan apurtuko zitzaizkion, lakre barratxoen moduan.

        — Hara, hara! Hau Camden Towneraino eramatea ezinezkoa izango da —esan zuen Scroogek—. Zalgurdi bat hartu beharko duzu.

        Hau esaterakoan bota zuen barrea, eta indioilarra ordaintzerakoan bota zuena, eta gurdi-gidariari ordaintzerakoan bota zuena, eta mutikoari bere propina ematerakoan bota zuena, soilik, berriro ere bere aulkian esertzerakoan bota zuen barrearengatik gaindituak izan ziren, arnasestuka eta malkoak atera zitzaizkion arte barrezka.

        Bizarra moztea ez zen gauza erraza izan, eskuak dardarka jarraitzen baitzion, eta bizarra moztea kontuz egin beharreko gauza da, nahiz eta mozten ari zareten bitartean dantzan ez egon. Baina, nahiz eta sudur punta moztu, ebaketa gainean tafeta pixka bat jarri eta guztiz pozik sentituko zen.

        Zuen arropa onenarekin jantzi eta azkenean kalera atera zen. Ordu horretan jendea euren etxeetatik tropelean ateratzen zen, Orainaldiko Eguberriaren Mamuarekin zegoenean ikusi zuen moduan; eta eskuak bizkarrean zituela ibiliz, Scroogek mundu guztiari behatzen zion eta atseginez irribarre egiten zuen. Bere umorea hain era erakargarrian sinpatikoa gertatzen zen hiru edo lau adarjotzailek esan ziotela:

        — Egun on, jauna! Eguberri alai bat izan dezazula!

        Eta, aurrerago, Scroogek esan ohi zuen, bere bizitzan entzun zituen soinu ederrenen artean, ez zegoela hitz horiek bezain ederragorik.

        Ez zen oso urrun joan, beregana, aurreko egunean bulegoan zera esanez sartu zen gizon agurgarria hurbiltzen zela ikusi zuenean:

        — Scrooge eta Marley. Oker nago?

        Bihotzean ziztada bat sentitu zuen gizon hark euren pausoak gurutzatzen zituztenean nola begiratuko ote zion pentsatzerakoan; baina egin behar zuena bazekien, eta egin zuen.

        — Nire jaun maitea! —esan zuen Scroogek, gizonarengana hurbilduz eta hari bi eskuak hartuz—. Nola zaude? Atzo arrakasta izatea espero dut. Zure aldetik oso atsegina izan zen. Eguberri alai bat izan dezazula!

        — Scrooge jauna?

        — Horixe bera —oihukatu zuen Scroogek—. Hori da nire izena, eta beldur naiz zuri oso atsegina ez gertatzea. Utz iezadazu barkamena eskatzen. Eta uzten badidazu... —hona iristerakoak Scroogek belarrira xuxurlatu zion.

        — Jainkoak lagun nazala! —oihukatu zuen jaunak, arnasarik gabe gelditu izan balitz bezala—. Ene Scrooge jaun maitea, benetan ari al zara?

        — Ondo iruditzen bazaizu —esan zuen Scroogek—, ezta penny laurden bat gutxiago. Baturan ordainketa atzeratu asko sarturik dago. Mesedea egin nahiko al didazu?

        — Ene jaun maitea —esan zuen besteak, eskua estutuz—. Hitzak falta zaizkit halako...

        — Hitzik ez horretaz, mesedez —erantzun zuen Scroogek—. Etor zaitez ni ikustea. Etorriko zara, ezta?

        — Noski baietz! —oihukatu zuen jaun zaharrak.

        Eta benetan ari zela erraz ikusten zen.

        — Mila esker —esan zuen Scroogek—. Zorretan naukazu. Berrogeita hamar aldiz mila esker. Jainkoak bedeinka zaitzala!

        Scrooge elizara joan zen, eta kaleetan zehar ibili zen, eta alde batetik bestera azkar zihoan jendea behatu zuen, eta haurren burua laztandu zuen, eta eskaleei galdetu zien; eta etxeetako sukaldeetarantz bista jaitsi zuen eta leihoetarantz altxa zuen, eta gauza guztiek plazera sor ziezaioketela egiaztatu zuen. Sekula ez zuen amestu inolako paseoek, inolako gauzek hainbesteko zoriontasuna eman ziezaioketela. Eta arratsaldez, loba bizi zen etzerantz abiatu zen.

        Ate aurretik dozena bat aldiz pasa zen, igo eta deitzera ausartu gabe. Azkenean, adorez beterik, egin zuen:

        — Etxeko jauna al dago, ene maitea? —esan zion dontzeilari. Neskato atsegina, oso atsegina!

        — Bai jauna.

        — Non dago, ene maitea? —galdetu zuen Scroogek.

        — Jangelan, jauna; etxeko andrearekin. Lagunduko zaitut, nahi baduzu jarrai nazazu.

        — Mila esker, baina ezagutzen naute —esan zuen Scroogek, atearen eskutokia hartuz—. Ni neu sartuko naiz, ene maitea.

        Leunki atearen eskutokia biratu eta burua sartu zuen. Mahaia miresten zeuden (zeina edertasun handiz jarrita zegoen), etxeko andre gazte hauek gauza hauetarako oso erretxinak baitira, eta guztia behar den bezala dagoela ikustea gustatzen zaie.

        — Fred! —oihukatu zuen Scroogek.

        Ene Jainkoa! Nola izutu zen haren ezkoniloba! istant batez Scrooge emakumea han zegoela ahaztu zen, txokoko aulkian eserita; jakin izanez gero, ez zukeen egingo, inolaz ere, ez zukeen egingo.

        Jainkoak lagun nazala! —oihukatu zuen Fredek—. Nor da?

        — Ni naiz, Scrooge zure osaba. Eta zuekin bazkaltzera etorri naiz. Sartzen utziko al didazu, Fred?

        Utz iezaiozu sartzen! Sartzen gonbidatzeko besoa errotik atera ez izana mirari bat izan zen. Bost minututan Scrooge bere etxean egongo balitz bezala sentitu zen. Norbait maitekorragoa egotea ezinezkoa zen. Eta bere ezkoniloba: oso maitekorra ere. Eta gauza bera Topper iritsi zenean. Eta gauza bera ondoren iritsi ziren guztiak. Zein festa zoragarria, zein joko zoragarriak, zein adostasun zoragarria, zein zoriontasun zo-ra-ga-rri-a!

        Baina hurrengo egunean, Scrooge goiz iritsi zen bulegora. Bai hara, goiz iritsi zela! Lehena iristea eta Bob Cratchit berandu iristen harrapatzea lortzen bazuen! Ez zuen beste ideiarik buruan!

        Eta hala egin zuen, bai egin zuen! Erlojuak bederatziak eman zituen: Boben itzalik ere ez. Bederatziak eta laurden: Boben arrastorik ez. Hemezortzi minutu t' erdi luzeak atzeratzen zen. Scrooge eseri zen, atea guztiz irekita, harraskan sartzen zenean ikusteko.

        Bobek sartu baino lehen kapelua kendu zuen; baita bufanda ere. Amen batean bere aulkian eseri zen eta lumari ematen hasi zitzaion, goizeko bederatziei abantaila hartzen saiatuko balitz bezala.

        — Kaixo! —marmartu zuen Scroogek, bere ohiko ahotsez, edo hartaz egin ahal izan zuen imitaziorik onena egiten—. Zer esan nahi du eguneko ordu hauetan iristeak?

        — Asko sentitzen dut, jauna —esan zuen Bobek—. Berandu egin zait.

        — Berandu egin zaizu! —esan zuen Scroogek batera —. Bai berandutu zarela. Etorri, etorri hona, mesedez.

        — Soilik urtean behin da, jauna —erregutu zuen Bobek, harraskatik atereaz—. Ez da berriro gertatuko. Atzo gabean oso ondo pasa genuen eta...

        — Orain zer den esango dizut, ene laguna —esan zuen Scroogek—. Ez nago prest era honetako gauzak ametitzeko. Eta, beraz, —esan zuen Scroogek, aulkitik saltatuz eta Bobi txalekoan tamainako ukondokada joaz, honek, estropezu eginez, berriro harraskan amaitu zuela—, eta beraz, soldata igo egingo dizut.

        Bob dardaka hasi zen eta erregelara gehiago hurbildu zen. Une batez hura Scrooge lurrera botatzeko erabiltzea pentsatu zuen eta gero, lurrean lotua zuelarik, laguntza eta alkandora hertsagarri bat eskatuko zituen.

        — Eguberri alai bat izan dezazula, Bob! —esan zuen Scroogek, konfundiezina zen kutsu zintzoa zuela eta Bobi bizkarrean zapladak emanez—. Nik urte askotan eman ahal izan dizudana baino Eguberri alaiago bat izan dezazula, Bob, ene lagun maitea! Soldata igoko dizut eta zure familia arduratsua laguntzeko ahal dudana egingo dut, eta arratsalde honetan guzti horri buruz hitz egingo dugu, espeziadun ardo katilu ketsu baten aurrean. Orain sua piztu ezazu, Bob, eta ikatzarentzako beste pala bat eros ezazu. Azkar, Bob Cratchit! Egitzazu puntua beste i baten gainean jarri baino lehen.

        Eta Scroogek agindutakoa soberan bete zuen. Guztia egin zuen, eta askozaz gehiago ere. Eta, hil ez zen, Tim txikiarentzako bigarrengo aita bat izan zen. Eta lagun, nagusi eta gizon moduan, hiri zahar eta onean, edo eta mundu zahar eta oneko beste edozein hiri, hiribildu edo auzotan onenak izan diren bezain ona izan zen. Batzuek nola aldatu zen ikustean barre egiten zuten, baina Scroogek barre egiten utzi, eta kasu gutxi egiten zien; ze munduan, hasieran, barreekin hartzen ez den ezer gutxi gertatzen dela jakiteko bezain jakintsua zen; eta, mota horretako jendea era guztietara itsua izaten jarraituko zuela jakinik, eta hobe zela begiak keinuen bidez zimurtzea, gutxien erakargarriak ziren gaixotasunaren formengatik baino pentsatzen zuen.

        Izpirituekin ez zuen tratu gehiagorik izan, eta Abstinentzia Totalaren Printzipioaren arabera bizi izan zen, betirako; eta beti, berataz, Eguberria nola ospatu behar zen zekiela esan zen, honelako ezaguera daukan gizakirik baldin badago. Eta, a! gezurrik esan gabe, gu guztiotaz gauza bera esan daiteken. Eta honela Tim txikiak zioen moduan: Jainkoak guztiak bedeinka gaitzala!

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Nerea Mujika

 

 

"Charles Dickens / Eguberri kanta" orrialde nagusia