Laugarren estrofa

IZPIRITUETAN AZKENA

 

        Poliki, era astunean, isilean, Mamua gerturatzen ari zitzaion, eta gertu izan zuenean, Scrooge belauniko jarri zen, zeren eta Izpiritu hark, iluntasuna eta misterioa, mugitzen zen aire beretik zabaltzen zuela zirudien.

        Beltz iluna zen hil-jantzi bat zeraman, zeinak burua, aurpegia eta figura estaltzen zion, zabalduriko eskua ez zen edozer bistan utzi gabe. Eskuarengatik izan ez balitz, zaila gertatuko litzateke figura gauetik desberdintzea, eta estaltzen zuen iluntasunetik banatzea.

        Bere parera iristerakoan, Scrooge altua eta handitsua zela eta haren presentzia misteriotsuak izu handi batez betetzen zuela ohartu zen. Eta ez zuen gehiago jakin, Izpirituak ez baitzuen hitz egin eta ez zen mugitu ere egin.

        — Etorkizuneko Eguberriaren Mamuaren aurrean al nago? —galdetu zuen Scroogek.

        Izpirituak ez zuen erantzun, lurra eskuarekin seinalatzera mugatuz.

        — Oraindik gertatu ez dena baina gertatuko denaren itzalak agertu behar al dizkidazu? —galdetu zuen Scroogek—. Ez al da hala, Izpiritu?

        Hil-jantziaren goiko partea une labur batez uzkurtu zen haren tolesduren artean, Izpirituak burua makurtu izan balu bezala. Hura izan zen Scroogek jaso zuen erantzun bakarra.

        Ordurako mamuen konpainia izatera ohitua egon arren, figura isilak izua sortzen zuen Scroogerengan; hainbeste ze haren hankak dardarka hasi ziren, eta haren atzetik hasi zenean nekez zutik jarrai zezakeela ohartu zen. Izpirituak eten labur bat egin zuen, Scroogeren egoera ikusirik indarberritzeko denbora emango balio bezala.

        Baina, honela izanik ere, Scrooge oraindik okerrago sentitu zen. Beldurtu zen, izu anbiguo eta zalantzazko baten harrapakin. Hil-jantzi ilun haren atzean berarengan josi egiten ziren begi izugarri batzuk zeudela ohartzerakoan, arretaz behatuz, bera, bere begiak zorrozten asko saiatua arren, mamu esku eta masa beltz izugarri bat izan ezik, ezer ikustea iristen ez zen bitartean.

        — Etorkizuneko Mamua! —oihukatu zuen Scroogek—, zuri, agertu zaidan beste edozein Mamuri baino beldur gehiago dizut. Baina zure helburua niri ongia egitea dela dakidanez, eta lehen nintzen gizonaren desberdina den beste bat izateko bizitzea espero dudanez, zuri konpainia egiteko prest nago, eta bihotza eskerronez beterik dudala. Ez al didazu hitz egin nahi?

        Ez zuen inolako erantzunik jaso. Eskuak aurrerantz seinalatzen jarraitu zuen.

        — Aurrera ! —esan zuen Scroogek—. Aurrera! Gaua laster amaituko da, eta denbora preziatua da niretzako. Aurrera!

        Mamuak martxari ekin zion, gerturatu zen modu berean, eta Scroogek bere hil-jantziaren itzalari jarraitu zion, zeinak iruditu zitzaion moduan gorantz eramaten zuen.

        Era zailean esan genezake City-an sartu zirela: hobe esanda City-a euren inguruan sortu zela zirudien, eurak era espontaneoan bilduz. Baina egia dena, bertan zeudela da, bere bihotzean: Burtsan, gora eta behera lehiatzen ziren merkatarien artean, zeinek dirua euren poltsikoetan txin-txin eginarazten zuten, eta borobiletan solas egiten zuten, eta euren erlojuei so egiten zieten, eta euren izugarrizko urrezko zigiluekin era pentsakorrean jolasean ari ziren, eta abar... Scroogek maiz ikusi zituen moduan.

        Izpiritua negozio gizon talde baten ondoan geratu zen. Eskuak hauek seinalatzen zituela ikusiz, Scrooge eurengana hurbildu zen zer esaten zuten entzuteko.

        — Ez —esan zuen gizon oso gizen batek, izugarrizko kokospea zuena—. Ez da gauza asko gai horri buruz dakidana, zentzu batean edo bestean. Dakidan gauza bakarra hil egin dela da.

        — Noiz hil zen? —galdetu zuen beste batek.

        — Atzo gabean, uste dut.

        — Hara! Eta zer gertatu zitzaion? —galdetu zuen hirugarren batek tamaina handiko tabakontzi batetik tabako hauts eskukada oparo bat hartuz —. Inoiz hil behar ez zela uste nuen.

        — Jainkoak jakingo du —esan zuen lehenak, aharrausika.

        — Zer egin du bere diruarekin? —galdetu zuen jaun gorrixka batek, zeinaren sudurraren puntatik indioilar baten girgilo baten moduko haragizko gehigarri bat astintzen zen.

        — Ez dut inolako albisterik —esan zuen izugarrizko kokospea zuen gizonak, aharrausika berriro ere—. Baliteke bere bazkideari uztea. Dakidana niri ez didala utzi da.

        Zorroztasuna barre-algara orokor batekin saritua izan zen.

        — Ziurrenik ehorzketa oso merke bat izango da —esan zuen hizlari berak—, zeren eta, nire bizitzarengatik diot, ehorzketara joateko asmorik duen inor ez dudala ezagutzen. Zer iruditzen zaizue guztien izenean borondatez joateko ordezkaritza bat osatzen badugu?

        — Niri ez zait axola ondoren hamaiketakoa badago joatea —esan zuen sudurrean haragizko gehigarria zuen gizonak—. Baina hara joatea espero badute, elikatua izan behar dut.

        Berriro ere barre-algara bat.

        — Ongi, ni guztietan desinteresatuena naiz, ongi ikusita —esan zuen lehen hizlariak—, inoiz ez baitut eskularru beltzik eramaten eta inoiz ez baitut eguerdian jaten, eta hala ere, norbait gehiago etortzen bada joateko eskaintzen naiz. Azken finean, ez nago ziur ni bere lagunik nabariena ez izanaz, elkar ikusten genuenean pixka bat hitz egiteko gelditzen baikinen. Agur, agur!

        Hitz egiten ari zirenak eta entzuten ari zirenak urrundu ziren, beste taldetxoekin nahastuz. Scroogek gizon guzti horiek ezagutzen zituen, eta Mamuari so egin zion azalpen baten bila.

        Mamua kale batetik labaindu zen eta bere hatzak bertan topatu ziren bi pertsona seinalatu zituen. Scroogek berriro ere arreta jarri zuen, agian bere zalantzak argituak izango zirelakoan.

        Gizon horiek ere bere ezagunak ziren, oso ezagunak. Biak negozio gizonak ziren, oso aberats eta garrantzitsuak. Scrooge, beti, haien estimuan leku on bat izaten saiatu zen: negozioen ikuspuntutik, hau da, zorrozki negozioen ikuspuntutik.

        — Zer moduz? —esan zuen haietako batek.

        — Nola zaude? —esan zuen besteak.

        — Ongi! —esan zuen lehenak—. Badirudi zahar zekenak berea jaso duela, e?

        — Hori esan didate —oihukatu zuen bigarren gizonak—. Hotz egiten du gaur, ezta?

        — Eguberri egun hauei dagokiena da. Ez zara izango patinatzen zaletua, ezta?

        — Ez, ez. Pentsatzeko beste gauza batzuk baditut. Egun on!

        Beste hitzik ez: hura izan zen haien topo egite, elkarrizketa, eta agurra.

        Scrooge, hasieran, Izpirituak itxuraz hain azalekoak ziren elkarrizketei garrantzia emateaz harriturik sentitzea makurtu zen; baina, honetan helburu ezkutu bat egongo zenaren ziurtasunarekin, berriro ere hau zein izango zen pentsatzen hasi zen. Nekez suposa genezakeen nolabait Jacoben heriotzaz ari zirela, hau Lehenaldian gertatu baitzen, eta Etorkizuna zen laguntzen ari zen Mamuaren jardueren eremua. Eta ezta ez zitzaion okurritzen bererekin hurbiletik erlazionaturik zegoen inorengan pentsatzea, eta zeinari komentario guzti hauek aplikagarri zitzaizkion. Baina, zalantzarik gabe, pertsona hori edozein izanda ere, bertan berak probetxua atera ahal izango zion irakaspenen bat egongo zen; beraz, entzun eta ikusten zuen guztia urrea bezala gordetzea, eta agertzen zen unean bere itzal propioa oso modu berezian behatzea erabaki zuen. Zeren eta bere etorkizuneko izatearen jarrerak falta zitzaion arrastoa emango zionaren eta honek enigma guzti horien soluzioa erraza egingo zuenaren esperantza zuen.

        Scroogek bere ingurura begiratu zuen, bertan bere irudi propioa bilatuz; baina beste gizon bat zen bere ohiko lekuan zegoena; eta, nahiz eta erlojuak bera han egoten zen eguneko ordua seinalatu, ez zuen ikusi ataritik sartzen zen jendetzaren artean bere aurpegi propioa. Ez zen asko harritu, hala ere; buruan bizimoduz aldatzearen aukerari bueltak eman baitzizkion, eta pentsatu eta espero zuen bere erabakia hartu berriak, ikusten ari zenean islaturik geratzea.

        Isila eta iluna, bere ondoan zutik, Mamua eskua luzaturik jarraitzen zuen. Eta Scrooge bere gogoeta egoeratik atera zenean, eskuak eman zuen bira eta berarenganako posizioagatik imajinatu zuen Begi Ikusezinek begirada sarkor bat jaurtikitzen ziotela. Honek ikara eta hotz handi baten sentsazioa sortu zion.

        Eszena horren zalaparta utzi zuten, eta hiriko zonalde ilun batean sartu ziren, non Scrooge ez zen lehen inoiz egon, nahiz eta haren kokapen eta ospe txarra ezagutu. Kaleak zikinak eta estuak ziren; etxe eta eraikinak zarpailtsuak; jendea erdi biluzik, mozkorturik, itsusi eta narrasa zihoan. Kalexka eta ganga-formako pasaerek, beste hainbat zabor-estoldak bezala, haien kirats iraingarri, eta zikinkeri, eta bizia nonahi botatzen zuten; eta auzo guztiak krimen, zabor eta miseria kiratsa zuen.

        Bilkura zital haien bihotzean trapu zaharrak, burdina, botilak, hezurrak eta hiru abelburuen hondakin koipetsuak saltzen ziren denda bat zegoen. Establezimenduaren barruan, lurrean, giltza herdoildu multzoak, iltzeak, kateak, kontzak, alanbreak, balantzak, pisuak eta burdinazko era guztietako hondakinak pilatzen ziren. Gutxiek arakatu nahi izango luketen sekretuek elikagaia eta ezkutalekua aurkitzen zuten trapu nazkagarriez osaturiko pilo, ustelduriko koipe masa eta hezur hilobietan. Salerosten zuen merkantziaren gainean eserita, eta adreilu hondakinez eginiko landare-ikatz berogailu batetik hurbil, hirurogeita hamar urte zituen ile urdineko barrabas bat zegoen, zeinak kirasdun piltzar moduko batzuekin, lokarri batetik zintzilikatuz, kanpotik zetorren aire hotzaren kontrako lubal moduko bat egin zuen, eta orain bere erretiro lasaiaren handitasunean murgildurik bere pipa erretzen zuen.

        Scrooge eta Mamua gizon horrengana fardel astun bat zeraman eta lotsaturik zegoenaren itxura zuen emakume bat dendara sartzen zen unean iritsi ziren. Iritsi berria zen, antzeko eran zamaturik zihoan beste emakume bat sartu zenean; berehala traje beltz, kolorge bat zeraman gizon batek jarraitu zion. Honek, emakumeak ikustean, haiek elkar ikusi zutenean erakutsi zuten aztoramendu eza azaldu zuen. Isiltasun deseroso une bat pasa ondoren, eta zeinetan pipa zuen zaharrak parte hartu zuen, hirurek barre-algara bat bota zuten.

        — Lehenik garbitzailea pasa dadila! —oihukatu zuen lehenengoa sartu zen emakumeak—. Arropa-garbitzailea ondoren pasako da eta ehorztetxeko gizona hirugarrena izango da. Begira, ah ze pagotxa, Joe zaharra, begira, ah ze pagotxa! Egiatan hemen hirurak elkartu bagara kasualitate hutsa izan da!

        — Leku egokiagoan ezin izango zinaketen elkartu —esan zuen Joe zaharrak, pipa ahotik atereaz—. Sar gaitezen denda-ostean. Bada denbora bertan sarrera librea duzuela, badakizue? Itxaron pixka bat kaleko atea itxi dezadala. Ah nola karrankatzen duen ! Ez dago non bere kontzen burdina baino lizunduagoa duenik, ezta nireak baino hezur zaharragoak dituenik ere! Ja, ja! Benetan guztiek itxura ona daukagula, lanbidez dagokigun bezala. Sar, sar zaitezte denda-ostean.

        Denda-ostea zirdin kirastunen atzean zegoen espazioa zen. Zaharrak burdina barra bat hartu zuen, antzinan eskailera baten baranda batena izandakoa, eta honekin sua eragin zuen; eta lanpara ketsua, piparen kanoiarekin mukatu ostean (dagoeneko gaua baitzen), hau berriro ere ahoan sartu zuen.

        Hau egiten zuen bitartean, dagoeneko hitz egin zuen emakumeak bere fardela lurrera erortzen utzi zuen eta aulkian keinu probokagarriz eseri zen, ukondoak belaunen gainean jarriaz eta beste biei desafio eta ausardia begiradarekin so eginez.

        — Zer berri, Dilber andrea, zer berri? —esan zuen emakumeak—. Edozein pertsonek bere burua zaintzeko eskubidea duela uste dut. Berak beti hala egin zuen!

        — Egia da! —esan zuen arropa garbitzaileak —. Ez dago horretan abantaila ateratzen dion inor.

        — Bada orduan ez zaitez izutua egongo bazina bezala begiratzen geratu, emakume. Nor jabetuko da? Suposatzen dut ez diogula bata besteari hankatrabarik jarriko, e?

        — Noski ezetz! —oihukatu zuten ahots batez Dilber andreak eta gizonak—. Gutxienez hala espero dugu. Zein aterako da kaltetua honelako hainbat gauzen galeragatik? Hildakoa behintzat ez!

        — Ez, egia da! —esan zuen Dilber andreak, barrez.

        — Hil ostean gorde nahi bazituen, zahar zeken horrek —jarraitu zuen emakumeak—, zergatik ez zen besteak bezala portatu bizi zenean? Hala egin izan balu, Heriotzak jo zuenean bera zaintzen norbait egongo litzateke, azken arnasa ematen ari zenean guztiz bakarrik egon ordez.

        — Hona hemen inoiz esan den egiarik handiena —esan zuen Dilber andreak—. Benetako eta zehatza den iritzia.

        — Nahiago nuke iritzi zorrotzagoa balitz! —oihukatu zuen emakumek—; eta hala izango zen, ziur egon zintezkete, gauza gehiagori atzaparra bota ahal izan banio. Ireki ezazu fardela, Joe zaharra, eta esadazu zein den bere balioa, eta ez zaitez adarretatik joan, ez baitiot lehena izateari eta eurak ikusteari beldurrik. Ongiegi baikenekien, hemen elkartu baino lehen, bakoitzak bere interes propioagatik begiratzen zuela. Eta hau ez da inolako bekaturik. Ea, ireki ezazu fardela, Joe.

        Baina bere kideen adeitasuna ez zen hau onartzeko modukoa, eta jantzi ilun kolorgea zeraman gizonak, guztiei aurre hartuz, bere harrapakina erakutsi zuen. Ez zen oso zabala: zigilu bat edo bi, arkatzentzako kutxatila bat, alkandoren eskumuturrentzako botoiak, eta balio handiegirik ez zuen gorbata orratz bat. Hura zen zekarren guztia. Eta hori izan zen Joe zaharrak kontu handiz aztertu zuen guztia; eta ondoren, paretan, klerarekin gauza bakoitzarengatik emateko prest zegoena idatzi zuen, beste gauzarik ez zegoela ikustean kantitateak batuz.

        — Hor duzu zure kontua —esan zuen Joek—, eta ez nizkizuke ezta sei penny gehiago emango, nahiz eta ni oliotan irakiten jarri. Nor da hurrengoa?

        Dilber andrea zen hurrengoa: maindireak eta toallak, arropa pixka bat, dagoeneko zaharkituak zeuden zilarrezko bi koilaratxo, azukrearentzako matxarda pare bat eta bota batzuk. Honen irabazia modu berean paretan idatzi zen.

        — Beti damei gehiago ematen diet. Hau da nire ahultasuna, eta honengatik porrot egiten ari naiz —esan zuen Joe zaharrak. Hor duzu zure kontua. Eta buruan penny bat gehiago eskatzea sartzen bazaizu, hain eskuzabala izateaz damutu eta koroa erdia deskontatuko nizuke.

        — Eta orain nire fardela irekitzea, Joe —esan zuen lehenengoa sartu zen emakumeak.

        Joe erosotasun handiagoz irekitzeko belauniko jarri zen; eta, makina bat korapilo askatu ondoren, oihal iluneko izugarri handi eta pisutsua zen pieza bat atera zuen.

        — Ikus dezagun zer den hau —esan zuen Joek—. Ohe bateko gortinak!

        — A! —oihukatu zuen emakumeak, barrezka eta aurrerantz makurtuz, besoak oraindik gurutzatuak zituela—. Ohe bateko gortinak!

        — Ez didazu esango uztaiak eta guzti jaitsi zenituela gorpua bertan zegoela, e? —esan zuen Joek.

        — Noski hala egin nuela! —oihukatu zuen emakumeak—. Eta zergatik ez?

        — Zu aberats egiteko jaio zara —esan zuen Joek—, eta zalantzarik gabe lortuko duzu.

        — Ziur egon zintezke, soilik luzatzearekin zerbait lortu badezaket ez dudala haren moduko gizon batengatik nire eskua geratuko; agintzen dizut Joe —oihukatu zuen emakumeak era hotzean—. Kontuz! Ez itzazu tapakiak olioz zikindu.

        — Harenak al dira? —galdetu zuen Joek.

        — Norenak izango dira bestela? —erantzun zuen emakumeak—. Ez dut uste kendu dizkiodalako hoztuko denik.

        — Kutsakorra den zerbait zuela hilko ez zela suposatzen dut, e? —esan zuen Joe zaharrak, bere zeregina eten eta begirada altxatuz.

        — Ez zaitez beldur izan —oihukatu zuen emakumeak—. Hala izan balitz, ez dut haren konpainia, gauza hauek hartzen han geratzeko, hainbat estimatzen. A! Alkandora hau kontrargira begiak minduta eduki arte begiratu dezakezu: ez duzu ez zulorik ez eta gastaturik dagoen atalik ere aurkituko. Zuen onena zen, eta haiek, niregatik ez bazen, alferrik galdu izango lukete.

        — Zeri deitzen diozu alferrik galtzea? —galdetu zuen Joe zaharrak.

        — Ziurrenik ehorzteko ipiniko ziotela —oihukatu zuen emakumeak, barre-algara bat botaz—. Hari alkandora janzteko nahikoa ergela zen norbait egon zen, baina nik berriro kendu nion. Kotoia helburu horretarako nahikoa ona ez bada, orduan ezertarako ez da. Gorpuari modu berean geratuko zaio, eta bestearekin zegoena baino itsusiagoa ez da egongo.

        Scroogek elkarrizketa hura izuz entzuten zuen. Eta zaharraren lanparak ematen zuen argi gutxiaren pean harrapakinak begiratzen zituen taldeari so egiten zion; eta haren begietan nazka eta gorroto espresio bat margotzen zen, zeina ezin izango litzateke handiagoa izan, gorpu berarekin salerosketetan zebilen deabru talde lizun bat izango balitz ere.

        Ja, ja! —barre egin zuen emakume berak, diruz beteriko franelazko zakutxo bat atereaz, Joe zaharra, lurraren gainean bere irabaziak kontatzen hasi zenean—. Modu honetara amaitzen da! Ikusten? Bizi zenean jende guztia bere ondotik baztertu zuen eta, orain, hil ostean, guk horretaz probetxua ateratzen dugu. Ja, ja, ja!

        — Izpiritua! —esan zuen Scroogek oinetatik bururaino dardara eginez—. Ulertzen hasi naiz. Zoritxarreko honen kasua nirea izan liteke. Horretara bideratzen ari zen nire bizitza orain arte. Zeru errukitsua! Zer da hau!

        — Scroogek, eszena aldatu zela eta orain ohe baten ondoan zegoela ikustean, izuturik atzera egin zuen, gortinarik gabeko ohe biluz bat, zeinaren gainean maindire higatu batekin estalia, zerbait zegoen, eta hau nahiz eta mutua izan, lengoaia beldurgarri batekin aurkeztu zen.

        — Gela oso iluna zegoen, zehaztasunez behatzeko oso iluna, nahiz eta bultzada sekretu bati obedituz, Scroogek guztia begiekin ikuskatu, zein gela mota zen jakiteko irrikaz. Kanpoko airean flotatzen zuen argi zurbil bat ohe gainean jarri zen; eta honen gainean, arpilatua, babesgabea, inork gaubeilatu gabea, berarengatik inork negarrik egiten ez zuena, zoritxarreko haren gorpua zegoen.

        Scroogek Mamuari so egin zion, eta honek hildakoaren burua seinalatu zion. Maindirea hain gogo txarrez jarri zioten Scroogek hatz bat mugitu ezkero gorpuaren aurpegia agerian utz ahal izango zuela. Egiteko puntuan egon zen, zein erraza izango litzatekeen konturatu zen, baina hau egiteko, Izpiritua bere albotik botatzeko botere haina zuen.

        O Heriotza hotz, hotz eta izugarria! Jar ezazu hemen zure aldarea eta dituzun izugarrikeria guztiekin apain ezazu, hau zure aginte lurra baita! Baina maitaturiko, gurturiko, eta ondraturiko burutik ezingo duzu ezta ile bat mugitu zure helburu beldurgarriak lortzeko; eta ezingo duzu bere keinuetariko bat ere gorrotagarria egin. Eta ez da eskua astuna ez delako eta hau askatzerakoan erortzen delako; eta ez da pultsuak dagoeneko ez duelako taupadarik egiten; baizik eta eskua eskuzabaltasunez irekia zegoelako eta leiala zelako; eta bihotza adoretsua, sutsua eta samurra zen; eta pultsua gizon batena zen. Kolpatu, bada, kolpatu, Itzala! Eta ikus ezazu nola bere egintza onak zauritik jario diren, mundua bizi hilezkorrez ereiten!

        Inolako ahotsik ez zituen hitz hauek Scroogeren belarrira esan, eta hala ere ohe gainetik begira zegoen bitartean entzun zituen. Eta pentsatu zuen:

        «Gizon honek orain altxatzeko aukera izango balu zeintzuk izango lirateke bere lehen pentsamenduak? Zekenkeria? Fede txarra? Negozioek sortzen duten ardura estutzailea? Egia esan guzti honek amaiera on batera eraman duela!»

        Etxe ilunean etzanda zegoen, hutsik, inork, gizon, emakume edo eta haurrek, berarekiko ontasun arrasto bat izan zuela esan gabe, eta inork ez zuen hitz goxo baten gogorapenean bere oroitzapena era maitekorrean gordeko. Katu bat atea atzamarkatzen ari zen, eta etxeko harriaren azpian arratoiak entzuten ziren. Scrooge izaki haiek han zer bilatzen ari ziren pentsatzen eta zergatik zeuden hain geldiezin eta atsekabeturik asmatzen ere ez zen ausartu.

        — Izpiritu! —oihukatu zuen—, zein leku beldurgarria den hau! Hemendik joaterakoan bertan ikasi dudan lezioa sekula ez dudala ahaztuko ziurtatzen dizut! Goazen hemendik!

        — Baina Mamuak hildakoaren burua bere hatza geldiarekin seinalatzen jarraitzen zuen.

        — Ulertzen zaitut —esan zuen Scroogek—, eta ahal banu egingo nuke. Baina ez dut egiteko botererik. Izpiritu, ez dut horretarako botererik.

        Berriro ere Izpirituak goitik behera so egiten ziola iruditu zitzaion.

        — Hiri honetan gizon honen heriotzak norbaiti hunkitu badio —esan zuen Scroogek, zorabiatzear zegoela—, Erakuts iezadazu, Izpiritu! Arren!

        Izpirituak bere hil-jantzia hegal baten moduan zabaldu zuen, eta ondoren hau baztertzerakoan, egunargiz ukituriko gela bat utzi zuen agerian, bertan emakume bat zegoen bere seme-alabekin.

        Emakumea norbaiten zain zegoen, gelan zehar irrikaz ibiltzen ari baitzen; soinuren bat entzuten zuen bakoitzean izutu egiten Zen; leihora ateratzen Zen; erlojua begiratzen zuen; eta alferrik orratzarekin lanean jarraitzen saiatzen Zen; eta ia ezin zituen jasan haurrek jolasean ari zirela ateratzen zituzten hotsak.

        Azkenean hainbeste espero zuen kolpea entzun Zen, eta emakumea aterantz azkartu Zen, bere senarrari harrera egiteko: gizon bat, zeinaren aurpegian ardura eta tristuren aztarna nabari Zen, nahiz eta oraindik gaztea izan. Bere aurpegian, hala ere, orain espresio arraro bat zegoen, bera lotsaturik, itoarazten saiatzen ari zen alaitasun moduko bat.

        Gizona bere zain zuen afariaren aurrean eseri Zen, sutondoan; eta emazteak, ahots ahulez, zekarzkien albisteei buruz galdetu zionean (isiltasun luze bat pasatu arte gertatu ez zen gauza), erantzuna deserosoa gertatzen zitzaiola esan genezake.

        — Onak ala txarrak aldira? —esan zuen emakumeak laguntzearren.

        — Txarrak —oihukatu zuen gizonak.

        — Guztiz porrot eginda al gaude?

        — Ez oraindik itxaropena dago, Carolina.

        — Bera bigundu bada, oraindik badago! —oihukatu zuen emakumeak ezustearekin—. Honelako miraria gertatu bada ez da itxaropenetik harago ezer geratzen.

        — Jadanik ez dago bigundu dezakeen ezer —esan zuen senarrak—. Hil egin da.

        Bere aurpegiak egia azaltzen bazuen, emakumea izaki gozo eta jasankor bat zen; baina albistea entzuterakoan bere bihotza eskerronez betetzen zela sentitu zuen, eta hala esan zuen eskuak loturik zituela. Une bat pasatzerakoan barkamena eskatu eta damutu egin zen, baina lehenik sentitu zuena bere emozio zintzoa izan zen.

        — Atzo gabean aipatu nizun erdi mozkor zegoen emakume horrek esan zidana, astebeteko epea emateko ikustera joan nintzenean; ni ez hartzeko aitzaki sinplea zena uste nuena; egia eta soilik egia zela gertatu zen. Ez zen soilik oso gaixorik zegoela, baizik eta une horretan bertan hiltzen ari zela.

        — Zein arduratuko da gure zorraz?

        — Ez dakit. Baina ordurako dirua prest izango dugu; eta, hala izango ez balitz, oso zorte txarra izango litzateke hartzekodun berria bere aurrekoa bezain gogorra izatea. Gaur gabean bihotza lasai dugula lo egin ahal izango dugu, Carolina!

        Bai. Disimulatzen saiatu arren, euren bihotzak lasaiago zeuden. Eta haurren aurpegiek, ulertzen ez zutena entzuteko gurasoen inguruan pilatzen zirenak, ohikoa zena baino gehiago distira egiten zuten; eta etxe guztia gizon haren heriotzarengatik zoriontsua sentitzen zen! Beraz, Mamuak erakutsi ahal izan zion eta gertaerarekin erlazionaturik zegoen emozio bakarra alaitasuna izan zen.

        — Heriotzak sorturiko samurtasun sentimendu bat erakuts iezadazu! —esan zuen Scroogek—. Bestela, utzi berri dugun logela ilun hori beti niregan present egongo da.

        Mamuak bere oinek ezagutu zuten hainbat kaletatik zehar eraman zuen; eta, aurreratzen zuten bitartean, Scroogek alde batera eta bestera begiratzen zuen bere burua bilatuz; baina ez zen inolako lekutan ikusi. Bob Cratchiten etxe txiroan sartu ziren, non Scrooge aurretik egona zen, eta ama bere seme-alabekin suaren aurrean eserita aurkitu zuten.

        Geldirik zeuden, oso geldirik. Lehen hain zaratatsuak ziren Cratchit txikiak, estatuak ziruditen, txoko batean eserita, begirada Peterrengana zuzendurik, zeinak bere aurrean liburu bat zuen. Ama-alabak josketan ahalegintzen ziren. Baina oso geldirik zeuden baita ere!

        — Eta hark haur bat hartu eta euren erdian jarri zuen.

        Non entzun ote zituen Scroogek hitz horiek? Egiazki ez zituen amets egin. Ziurrenik mutikoak ozenki irakurri izan zituen bera eta Izpiritua ataria zeharkatzen zuten unean. Baina zergatik ez zuen irakurketarekin jarraitzen?

        Amak bere zeregina mahai gainean utzi zuen, eta eskua aurpegira eraman zuen.

        — Koloreak begiak mintzen dizkit —esan zuen.

        — Koloreak? A Tim txiki gaixoa!

        — Pasatu zait dagoeneko —esan zuen Cratchit-en emazteak—. Kandelaren ondorioz ahultzen dira, eta ez nuke nahi, munduko ezergatik, zuen aitari begiak nekatuak ditudala harrera egitea. Bera itzultzeko ordua izango da dagoeneko.

        — Nik pasa dela esango nuke —oihukatu zuen Peterrek liburua itxiz—. Baina azken egun hauetan ohikoa zena baino mantsoago dabilela iruditzen zait.

        Berriro ere oso geldirik geratu ziren, oso isilik. Azkenean, amak esan zuen, eta behin bakarrik huts egin zion ahots sendo eta kementsuz esan zuen:

        — Nik Tim txikia bizkarrean zeramala... ibiltzen ikusia nuen, eta oso bizkor, benetan.

        — Nik ikusia nuen ere —esan zuen Peterrek—. Oso maiz.

        — Baita nik ere —esan zuen beste batek.

        Eta gauza bera esan zuten beste guztiek.

        — Gainean eramateko oso erraza zen —esan zuen amak, begiak josturatik kendu gabe—. Gainera, aitak hainbeste maite zuen ez zela inolako zamarik... inolako zamarik. Hor dago zuen aita!

        Hari harrera egitea korrika atera zen; eta Bob txikia bere bufandarekin sartu zen —beharrezkoa zuen, gizon gaixoak—. Haren tea tximini barneko apalean zain zuen, eta haur guztiek aitari zerbitzatzeko lehia egin zuten. Orduan bi Cratchit txikiak aitaren belaunetara igo ziren, eta hauetako bakoitzak euren masaila txikia aitarenaren gainean jarri zuen zera esango balute bezala.

        — Ez zaitez larritu, aita. Ez zaitez atsekabetu!

        Bob hauekin oso alai agertu zen, eta famili osoarekin. Mahai gainean zegoen joste-lanari so egin zion eta Cratchit andrea eta alaben trebezia eta ardura laudatu zituen, igandea baino lehen amaitua izango zutela gehituz.

        — Igandea! Beraz gaur joan zara, ezta Bob? —esan zuen haren emazteak.

        — Bai, maitea —oihukatu zuen Bobek—. Nirekin etorri izana gustatuko litzaidake. Leku hartan zenbateko berdetasuna ikustea gustatuko litzaizueke. Baina maiz ikusiko duzu. Bertara igandeetan joango nintzela agindu nion. Nire haur gaixoa! —oihukatu zuen Bobek negarrez—. Nire haur gaixoa!

        Bat-batean zerraldo eroriz, hau saihesteko ezer egin ahal izan ez zuela. Hala egin izan ahal balu, bera eta semea, zeudena baino urrutiago egongo ziren.

        Gelatik atera zen, eta eskailerak igo zituen, lehen pisuko logelarantz, zeina era alaian argitua zegoen, Eguberri apainez betea. Bere semearen ohe ondoan aulki bat zegoen, eta duela gutxi bertan norbait egon zenaren seinaleak ere. Bob gaixoa aulkian eseri zen, eta pixka batean gogoeta egin eta lasaitasuna berreskuratu ostean, aurpegi txikia musukatu zuen. Gertatutakoaren aurrean etsitua sentitzen zen, eta guztiz zoriontsua zegoela jaitsi zen berriro ere.

        Suaren ondoan uzkurtu eta hizketan hasi ziren. Neskatoek eta amak lana egiteari utzi gabe. Bobek Scroogeren ilobaren aparteko bihozberatasunaz hitz egin zien, zeina soilik behin bakarrik ikusi zuen. Honek Bobekin kalean topo egitean, egun horretan bertan, eta pittin bat... «soilik pittin bat, badakizue? atsekabeturik zirudiela ikusiz», hainbeste nahigabetzen zuena zer zen galdetu zion.

        — Eta orduan nik —esan zuen Bobek—, inoiz ikusi dudan elkarrizketa atsegineneko gizona denez, kontatu egin nion. «Bihotzez sentitzen dut Cratchit jauna», esan zidan berak. «Eta zure emazte onarengatik asko sentitzen dut.» Eta honekin lotuta, ez dakit nola jakin izan duen hau.

        — Jakin zer, maitea?

        — O, ba emazte on bat zarela —oihukatu zuen Bobek.

        — Hori mundu guztiak daki! —oihukatu zuen Peterrek.

        — Oso ondo esana, seme! —esan zuen Bobek—. Hala izatea espero dut. «Zure emazte onarengatik asko sentitzen dut», esan zidan, «eta zerbaitean lagungarri banatzaizue», erantsi zuen, bere tarjeta ematen zidala, «hona hemen nire helbidea. Nigana jotzea erregutzen dizut». Berarekin topo egiteaz asko poztu nintzen, ez gugatik egin zezakeenarengatik, baizik eta bere izateko modu onberagatik. Egiazki gure haurra ezagutzen zuela eta guk sentitzen dugun gauza bera sentitzen zuela zirudien.

        — Anima on bat dela ziur nago! —esan zuen Cratchit andreak.

        — Are gehiago egongo zinen, maitea —oihukatu zuen Bobek—, berarekin hitz egingo bazenu. Ez litzaidake batere harrituko —begira zer esan behar dudan— Peterrentzako lanbide bat aurkituko balu.

        — Adi egon, Peter —esan zuen Cratchit andreak.

        — Eta ondoren —oihukatu zuen nesketako batek—, Peterrek norbaitekin konpainia osatuko du eta bere kabuz finkatuko da.

        — Bikain! —esan zuen Peterrek bozkario aurpegia jarriz.

        — Baliteke hala izatea —esan zuen Bobek—, hauetako egun batean. Nahiz eta horretarako astia egon, maitea. Baina, banatzeko unea iristen zaigunean, ziur naiz gutako inor ez dela Tim txikiaz, ezta gure gain erori den banaketa honetaz ahaztuko.

        — Inoiz ez, aita! —oihukatu zuten guztiek.

        — Eta baita ere badakit —erantsi zuen Bobek—, ene maiteak, nahiz eta hain imioa izan zein jasankorra eta onbera zen gogoratzen dugunean, ez dela erraza izango, Tim ahaztuz, bata besteekin eztabaidatzea.

        — Inoiz ez, aita! —oihukatu zuten berriro guztiek.

        — Oso zoriontsua sentitzen naiz! —esan zuen Bob txikiak—. Oso zoriontsua!

        Cratchit andreak muxu bat eman zion, alabek muxu bat eman zioten, eta bera eta Peterrek elkarri eskua estutu zioten.

        Tim txikiaren izpiritua, zure haur esentzia jainkotiarra Zen!

        — Mamu —esan zuen Scroogek—, zerbaitek gu agurtzeko garaia gerturatzen ari dela esaten dit. Ez dakit nola, baina badakit. Esadazu, nor zen bere hil-ohean ikusi genuen gizon hura?

        Etorkizuneko Eguberriko Mamuak —nahiz eta ordu desberdinean, Scroogeri iruditu zitzaionaren arabera, ze egia esan, azken ikusmenek ez zuten inolako ordenarik jarraitzen, guztiak Etorkizunean gertatzen zirela izan ezik—, negozio gizonak biltzen ziren lekuetara eraman zuen berriro, baina ez zion bere izate propioa erakutsi. Egiaz Mamua ez zen inolako unetan gelditu, eta bere bidea jarraitu zuen, zuzenean nahi zuen lekura joango balitz bezala; eta soilik Scroogek erregutu zionean geratu zen.

        — Hain azkar zeharkatzen ari garen kalexka honetan —esan zuen Scroogek—, nire lantokia dago, eta duela urte luzetan bertan egon da. Etxea ikusten dut dagoeneko. Utz iezadazu etorkizuneko egunetan nolakoa izango naizen ikustea!

        Izpiritua gelditu egin Zen: baina bere eskuak beste leku baterantz seinalatzen zuen.

        — Etxea hor beheran dago —esan zuen Scroogek—. Zergatik seinalatzen duzu harago?

        Hatz errukigabeak ez zuen inolako aldaketarik jasan.

        Scrooge bere bulegoko leihora presatsu gerturatu zen, eta barrura begiratu zuen. Bulego bat izaten jarraitzen zuen, baina ez zen berea. Altzairuak ez ziren berdinak, eta aulkian zegoen figura ez Zen berea. Mamuak lehen bezala seinalatzen jarraitzen zuen.

        Scrooge berarekin bildu zen, eta bere buruari nora joango ote ziren galdetuz, eta zergatik, burdin hesi-atera iritsi ziren arte lagundu zion. Scroogek sartu aurretik geldiune bat egin eta bere ingurura begiratu zuen.

        Parrokia bateko hilerria. Bertan, ezagutzera zihoan zorigaitzekoaren gorpua dagoeneko lur azpian atseden hartzen zegoen. Leku duin bat Zen: gertuko etxeen paretek inguratua, belarrek inbaditua, heriotzarena biziarena baino propioagoa zen landaretza; hainbeste ehorzketekin gainezkatua; gose asetuez puztua. Leku duina!

        Izpiritua hilobien artean zutik zegoen, hauetako bat seinalatuz. Scrooge dardaka gerturatu zen. Izpiritua zehazki lehen bezalakoa Zen, baina Scroogeri, beldurraren harrapakin, bere figura serioan esanahi berri bat ikusten zuela iruditu zitzaion.

        — Seinalatzen duzun harlauza horretara gerturatu baino lehen —esan zuen Scroogek—, erantzun iezadazu galdera bati: izango diren ala soilik agian izango diren gauzen itzala ikusten ari gara?

        Mamuak bere ondoan zegoen hilobiaren harlauza seinalatzen jarraitu zuen.

        — Gizakiek jarraitzen dituzten bidexkek, hauetan pertseberatuz gero, izango duten patua iragartzen dute —esan zuen Scroogek—. Baina bidexkak alde batera uzten badira, patua bera ere aldatzen da. Erakustean ari zaren honetan gauza bera gertatuko dela esadazu!

        Izpirituak beti bazain geldirik jarraitu zuen.

        Scrooge harengana arrastaka joan zen, aurreratzen zen bitartean dardarka zegoela; eta, Izpirituaren hatzari jarraituz, abandonaturik zegoen hilobiko harlauzan bere izena irakurri zuen: Ebenezer Scrooge.

        — Ni al nintzen ohe horretan etzanda zegoena? —galdetu zuen Scroogek, Izpirituaren aurrean belaunikaturik.

        Hatzak, bera eta hilobia behin eta berriro seinalatzen zituen.

        — Ez, Izpiritu! O! Ez, ez!

        Hatza ez zen berarengandik ezta hilobitik alderatzen.

        — Izpiritu! Oihukatu zuen Scroogek, Mamuari tunikatik era indartsuan tiratuz—. Entzuidazu! Jadanik ez naiz izan ohi nintzen gizona. Ez naiz jadanik zure bisita jaso izan ez banu izango nintzen gizona izango. Zergatik erakusten didazu hau, dagoeneko niretzako esperantzarik geratzen ez bada?

        Eskua lehen aldiz mugitzen zela zirudien.

        — Izpiritu onbera —jarraitu zuen Scroogek, jarrera erregutzaileaz—. Zure izaera nire alde agertuko da, eta nitaz errukituko da. Nire bizimodua aldatuz gero, oraindik, erakutsi dizkidazun itzalak aldatzeko garaiz nagoela esadazu. esadazu!

        Esku onberak dardara egiten zuen.

        — Eguberria nire bihotzaren barrenean ondratuko dut, eta urte osoan ospatzen saiatuko naiz. Lehenaldi, Orainaldi eta Etorkizunean biziko naiz. Hiruren Izpirituek euren ahaleginak nire barrean elkartuko dituzte. Eta nik ez dut nire bihotza haien ikasgaiei itxiko. O! esadazu harlauza honetatik inskripzio hori ezabatu ahal izango dudala!

        Agoniaren harrapakin, askatzen saiatu zen Mamuaren eskua hartu zuen; baina Scroogek bere erreguan hainbesteko indarra erakusten zuen, ze hau egitea galaraztea lortu zuen. Baina Izpirituaren eskuak, berea baino indartsuagoa, egotzi zion.

        Bere patua aldatua izan zedin eskuak azken otoitz batean elkartuz, Scroogek Mamuaren txanoan eta hil-jantzian aldaketa bat behatu zuen: bi jantziak txikiagotu ziren, ohe baten poste bat izatera heldu arte hondoratuz.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Nerea Mujika

 

 

"Charles Dickens / Eguberri kanta" orrialde nagusia