Hirugarren estrofa

HIRU IZAPIRITUETAN BIGARRENA

 

        Era miragarrian ozena zen zurrunga baten erdian esnatuz, eta ohean goratuz bere pentsamenduak ordenan jartzeko, Scroogek, inork, kanpaiak, berriro ere, ordu batak jotzear zegoela esateko beharrik ez zuen izan. Kontzientzia une larrian berrezarri zitzaiola sentitu zuen, Jacob Marleyren partehartzez bidali zitzaion bigarren mezulariarekin elkarrizketa bat izateko helburu bereziarekin. Baina, mamu berriak zein kortina zabalduko zuen asmatzen saiatzen ari zela zein hotz desatseginak hartzen zuen konturatuz, guztiak bere eskuekin zabaldu zituen eta ohean berriro etzanez, bere inguru guztian zainketa zorrotz bat egiteari ekin zion. Ez baitzuen ezustean hartzerik nahi eta Izpirituari agertzen zen bezain pronto desafioa bota nahi zion.

        Izpiritu ausarteko gizonak trantze bat baino gehiagotik ongi atera izanaz harrotzen dira, eta normalean aldarteen tamainan daudenak, edozein ebentualtasunari aurre egin diezaioketela baieztatuz abenturarako duten ahalmen sorta zabala espresatzen dute, prenden jokotik hilketaraino: kontrako muturrak, zeinen artean, zalantzarik gabe, era onargarrian zabala eta oso zehatza den gaien sorta dagoen. Scroogeren kasuan hainbeste esatea arriskatu gabe, ez zait axola, une horretan, prest zegoela sinets ezazuela eskatzea, agerpen bitxi kolekzio handi bati aurre egiteko, eta umetxo eta errinozeronte baten artean dagoen guztiaren aurrean harrituta ez geratzeko.

        Baina, ia guztirako prest egonda, ez zegoen ezertarako prestatua; eta, ondorioz, kanpaiak ordu batak jo zituenean, eta bere aurrean inolako figura agertu ez zenean, Scroogek dardara atake bortitz bat jasan zuen. Bost, hamar minutu, ordu laurden bat pasa ziren, baina ez zen ezer agertzen. Denbora tarte honetan Scrooge ohean etzanda egon zen, eta hau erlojuak ordua eman zuenean zabaldu zen argi gorriztako distira baten erdi-erdian zegoen, eta soilik argi bat izateagatik, dozena bat mamu baino kezkagarriagoa zen, zeren eta Scrooge honen esanahia edo eta ze helbururako zetorren asmatzeko ahalmenik gabe sentitzen zen; hainbat alditan bera, une horretan bertan, berezko errekuntza kasu interesgarri bat zenaren susmoa izan zuen, hau jakitearen kontsolamendua izan gabe. Azkenean, hala ere, pentsatzen hasi zen —zuek edo ni hasieratik pentsatu izango genukeen moduan, zeren eta beti da arazoaren erdian ez dagoen pertsona egin beharrekoa zer den dakiena, eta zalantzarik gabe hura egingo lukeena—; azkenean diot, mamu-argi horren iturria eta sekretua ondoko gelan egon zitekeela pentsatzen hasi zen, zeren eta arreta handiagoz begiratu ondoren, argitasuna handik zetorrela zirudiela ikusi zuen. Ideia honek obsesionaturik, soinurik atera gabe altxatu zen eta zapatilak arrastatuz aterantz joan zen.

        Bere eskua atearen eskutokian jartzen zen une berean, Scroogek ahots arraro batek bere izenez deitzen zuela entzun zuen, sar zedin eskatuz. Obeditu zuen.

        Bere egongela propioa zen, ez zegoen horren zalantzarik. Baina eraldaketa harrigarri bat jasan zuen: paretak eta sabaia landaretzaz hain beterik zeuden ze baso txiki batean zegoela uste izan zuen, non argiak edozein lekuetan baia distiratsuetatik distirak ateratzen zituen. Gorosti, mihura eta huntz orri ahulek beste hainbat ispilutxo hortik barreiatuak izan balira bezala argia islatzen zuten; eta tximinian orro egiten zuen sua hain handia zen, ze harri bihurturiko su hark ez zuen honelako ezer ezagutu Scrooge edo Marleyren garaietan, edo eta pasaturiko negu asko eta askotan. Lurrean, tronu moduko bat osatuz, indioilarrak, antzarak, ehizaki eta hegazti-ehizak, haragi zati handiak, txerrikumetxoak, saltxitxez osaturiko girnaldak, haragi txikitutako pasteltxoak, aranez eginiko budinak, ostrez beteriko upelak, gori-gori zeuden gaztainak, gerezi masailak zituzten sagarrak, laranja urtsuak, udare melengak, Errege eguneko pastel handi-handiak, eta haien lurrin atsegingarriekin gela lurruntzen zuten eta irakiten zegoen pontxez beteriko kaikuak pilatzen ziren. Tronu hartan, era erosoan eserita, Erraldoi alai bat zegoen, hain alaia ze hura ikusteak atsegina ematen zuen; zuzi distiratsu bat heltzen zuen; zeinaren forma ez zen Oparotasunaren Adarrarenaren oso desberdina, eta oso altu altxatzen zuen, oso altu, haren argitasuna Scroogeren gainean hedatu zedin, zeinak burua atetik agertu zuen.

        — Aurrera! —oihukatu zuen Mamuak—. Aurrera! Etor zaitez ni hobe ezagutzera, gizona!

        Scrooge lotsati sartu zen eta burua Mamuaren aurrean makurtu zuen. Ez zen lehen izandako Scrooge setatia eta, nahiz eta Izpirituaren begiak argiak eta onberak izan, Scroogeri ez zitzaion haiekin topatzea gustatu.

        — Orainaldiko Eguberrien Mamua naiz —esan zuen Izpirituak—. Begira nazazu!

        Scroogek honela egin zuen, erreberentzi handiz. Mamua tunika sinple edo eta oso umila zen mantu batez jantzia zegoen, kolore berde ilunekoa eta larru zuriez orlatua. Jantziak bere figura hain era laxoan estaltzen zuen ze bere bular zabala biluzik uzten zuen, honek edozein artifizioz babestua edo eta ezkutatua izatea arbuiatuko balu bezala. Haren oinak, tunikaren plegu azpitik ateratzen ziren, hauek ere biluzik zeuden; eta burua gorosti koro batez estaltzen zen soilik, han-hemenka izotz-kandela distiratsuez ezarria. Kizkurrak, gaztaina kolore ilunekoak, luzeak eta askeak ziren: bere aurpegi onbera, begi txinpartatsu, esku ireki, ahots alai, jokabide trebe eta jarrera alaia bezain askeak. Gerrian hertsia ezpata-zorro zahar bat zeraman, baina honetan ez zegoen inolako ezpatarik, eta zorro zaharra herdoilak janda zegoen.

        — Sekula ez zenuen nire antzekorik ikusiko! —oihukatu zuen Izpirituak.

        — Sekula ez —esan zuen Scroogek erantzun moduan.

        — Inoiz ez al zara nire familiako kide gazteenekin paseiatu, hau da (oso gaztea bainaiz) nire anaia helduak, azken urteotan jaioak? —jarraitu zuen Agerpenak.

        — Ez zait hala iruditzen —esan zuen Scroogek—. Ez dut uste. Anaia asko izan duzu, Izpiritu?

        — Mila zortziehun baino gehiago —erantzun zuen mamuak.

        — Honelako familia mantentzeak izugarria izan behar du! —xuxurlatu zuen Scroogek.

        Orainaldiko Eguberriaren Mamua zutik jarri zen.

        — Izpiritu —esan zuen Scroogek era otzanean—, nahi duzun lekura eraman nazazu. Atzo behartuta atera nintzen, eta ikasi nuen lezioa orain has da bere fruituak ematen. Gaur gabean, zerbait erakutsi behar badidazu, utz iezadazu probetxua ateratzen.

        — Ikutu ezazu nire tunika!

        Scroogek agindu ziona egin eta jantzia era indartsuan heldu zuen.

        Gorostia, mihura, baia gorriak, huntza, indioilarrak, antzarak, ehiza, hegazti-ehiza, haragia, txerrikumetxoak, saltxitxak, ostrak, pasteltxoak, budinak, frutak eta pontxea: guztiak berehala desagertu ziren. Eta gauza bera egin zuen gelak, suak, distira gorriztak, gaueko orduak; eta hiriko kaleetan topatu ziren, Eguberri eguneko goizean. Kaleetan jendeak musika baldar moduko bat egiten zuen, nahiz eta hau bizia eta inolaz ez desatsegina izan, eguraldia gordina baitzen eta palekin espaloian eroritako elurra kentzen ari ziren, euren etxeen aurrean, eta haien teilatuetan; non neska-mutikoak kalera nola erortzen zen ikusiaz izugarri ondo pasatzen zuten, elurreko ekaitz artifizial txikien moduan hedatuz.

        Etxeetako fatxadak beltzagoak ziruditen, eta leihoak oraindik gehiago, teilatuak estaltzen zituen elurrezko maindire suabearekin eta lurra estaltzen zuen elur zikinagoarekin kontrastea eginez. Azken honek gurdi eta zalgurdien gurpilek eginiko arrasto sakonak azaltzen zituen; arrasto hauek behin eta berriro ehunka aldiz gurutzatuz, hor non kale nagusiak banatzen ziren, kanal nahasiak eginez, zeinak jarraitzeko zailak ziren lokatz lodi horian eta ur izoztuan. Zerua iluna zegoen, eta kale motzenak behe-laino zikin batek ixten zituen, erdi izotz erdi desizotz, zeinaren partikularik pisutsuenak kedarrak belzturiko atomoz osaturiko zaparrada batean erortzen ziren, Erresuma Batuko tximinia guztiak ados jarrita piztu eta sua plazerez botatzen egongo balira bezala. Hiriko kliman ez zegoen ezer atseginik, eta, dena den, airean alaitasun giro bat sumatzen zen, zeina aire garbi batek edo eta udako eguzkirik sutsuenak nekez desagerraraziko zuen.

        Zeren eta teilatuetatik elur paletakadak botatzen zituen jendea alaia eta bozkarioz beteriko jendea zen; batak besteari deitzen zion, parapetoetatik, eta noizbehinka, barregarriro, elur bola bat jaurtikitzen zioten elkarri —hitzez egiten diren broma askok baino jenio hobea zuen jaurtigaia—, eta bihotzez barre egiten zuten bete-betean asmatzen zutenean, eta baita huts egiten zutenean ere. Oilasko dendak erdi irekita zeuden, eta fruta dendek poza ispilatzen zuten. Bertan otarre handiak zeuden, borobilak, tripadunak, jaun zahar eta alaien txalekoen antzekoak, gaztainez beteak eta atean jarritakoak, kalean oparotasun apopletikoz isuriz. Tipula espainolak zeuden, gorriztak eta aurpegi beltzarandunak, gerri zabalarekin, fraide espainolen moduan euren gizentasunean distiragarriak. Bertatik pasatzen ziren eta era itxuratian begirada atetik zintzilik zegoen mihurarantz desbideratzen zuten neskei, begia era jostalarian kliskatuz. Udareak eta sagarrak zeuden, sasoiko piramideak osatuz mordotuak; mahats-mordoak zeuden zeinak, dendariaren borondate onez, gako nabarietatik zintzilik zeuden, honela jendeari, pasatzerakoan, ahoa urtu zekion, horrek sosik ere ez kostatu gabe; goroldioz estaliriko urra marroi piloak zeuden, zeinak euren usainarekin basoan zehar eginiko paseoak gogorarazten zituzten, orkatilak orbel lehorrean igurtziz eginiko ibilaldi atseginak; Norfolkeko sagarrak zeuden, potoloak eta belztuak, laranja eta limoien horiaren artean nabarmenduaz, eta euren sendotasun zukutsuaz, era sutsuan, paperezko poltsatan sartuak izatea eta etxera eramatea erregutuz, afalostean hauek janda izateko. Urre eta zilarrezko arraiak, aukeraturiko fruta hauen artean zegoen kaiku batean ikusgai jarriak, arraza trakets eta odol mantsokoak izan arren, zerbait gertatzen ari zelaz konturatzen zirela zirudien; eta, arrai bakar baten moduan, birak eta birak ematen zituzten euren mundu txikian, ahoa irekita zutela, grinarik gabeko urduritasun mantsoan.

        Elikagai dendak! O elikagai dendak! la itxita, agian kontraleiho bat edo bi jarraiak, baina, zirrikitu horietatik a ze ikusmenak! Ez zen soilik, balantzak salmahaiaren gainean erortzerakoan soinu alai bat egitea, edo eta lokarria eta txirrika hainbesteko bizitasunez banatzea, edo eta te poteak prestidigitadore baten eraginez bezala tintin egitea, edo eta baita tearen eta kafearen usainak usaimenarentzako hain era atseginean nahastea, edo eta mahaspasak hain oparoak eta bikainak, urrak hain aparteko eran txuriak, kanela makiltxoak hain luze eta zuzenak, eta bestelako espeziak hain gozoak izatea, fruta azukreztatuak hain karraskatsuak eta urturiko azukreaz pikardatuak ziren ze ikusle hotzenak ere hauen aurrean burua galtzen zuen eta ondoren gozakaitz sentitzen zen. Eta ez zen soilik pikuak freskoak eta mamitsuak izatea, edo eta aran frantsesak euren apainduriko kutxatan apaltasun garratzez lotsatzea, ezta guztia hain desiragarria izatea eta Eguberri apaingarriez hain edertua egotea; baizik eta bezero guztiek hainbesteko presa zutela, egunaren promesaren ondorioz hain grinatsu zeuden bata bestearekin atean estropezu egiten zutela, modu txarrean euren zumezko saskiak hondatuz, eta euren erosketak salmahaiaren gainean ahazten zituzten hauen bila korrika itzultzen zirela, eta ehunka akats txiki egiten zuten, eta beti posible zen umore onenarekin; bitartean dendaria eta bere jendeak hainbesteko alaitasuna eta zintzotasuna islatzen zuten, ze euren mantalak atzetik eusten zituzten bihotzak euren bihotz propioak izan zitezkeen, bertan ikuspen orokorrerako ikusgai jarriak eta beleak nahi izanez gero mokoka zitzaten.

        Baina laster kanpandorre guztiak jende onari deika hasi ziren eliza eta kaperara joan zitezen, eta harantz bideratu ziren, euren festa-jantzi onenekin jantziak, euren aurpegi alaienak erakutsiz. Eta, une berean, hogeinaka, urrutiko kaletatik, izenik gabeko kalexketatik, hamaiketakoak okindegietara zeramatzaten pertsona kopuru kontaezinak atera ziren. Jende txiro horien ikuskizuna Izpirituari asko interesatzen zitzaiola zirudien, zeren eta, Scrooge bere ondoan zuela, okindegi baten sarreran jarri zen eta saskiak eramaten zituzten pertsonak pasatzen ziren heinean hauen estalkiak igoaz, bere zuzia mugitzen zuen jakiak intsentsuz ihinztatuz. Eta ez-ohikoa zen zuzi mota bat zen, zeren eta behin edo bitan, saskiak eramaten zituzten batzuek estropezu egitearen ondorioz hitz haserreak gurutzatzen zituztenean, Izpirituak hauen gainean ur tanta batzuk botatzeko erabiltzen zuen eta, segituan umore ona berrezarria izaten zen. Eta Eguberri egunean eztabaidatzea lotsagarria zela zioten. Eta honela zen! Jainkoak lagun nazala, hala zen!

        Une egokian kanpaiak isildu eta okindegiak itxi egin ziren ; dena den hamaiketako guzti horien aurrerapen moduko bat eta okindegi bakoitzaren labe inguruan desizozteak uzten zuen orban hezean irakitearen aurrerapenak nabari ziren, zeinen aurrean espaloi berak kea botatzen zuen, bere baldosak ere irakiten egongo balira bezala.

        — Zure zuziarekin barreiatzen duzun horretan usain gozo bereziren bat al dago? —galdetu zuen Scroogek.

        — Bai. Nirea.

        — Eta egun honetan era guztietako hamaiketakoetan aplikagarria da?—galdetu zuen Scroogek.

        — Edozeinetan, ontasunez emana bada. Eta txiro batenari gehiago.

        — Zergatik gehiago txiro baten hamaiketakoa bada? —galdetu zuen Scroogek.

        — Bera baita gehien behar duena.

        — Izpiritu —esan zuen Scroogek, une batez gogoeta egin ondoren—. Harritzen nau, inguratzen gaituzten mundu guztiak populatzen dituzten izaki ororen artean, zehazki zu izatea jende honi inuzenteki gozatzeko aukera galaraztea desiratzen duena.

        — Ni! —oihukatu zuen Mamuak.

        — Bai, zuk zazpigarren egun bakoitzean euren jate bitartekoak kenduko zenizkien, gainera hau da jaten dutela esan daitekeen egun bakarra —esan zuen Scroogek—. Ez al da hala?

        — Nik? —oihukatu zuen berriro Mamuak.

        — Ez al zara zu lekuak zazpigarren egunean itxiarazten dituena? —galdetu zuen Scroogek—. Eta honek gauza bera esan nahi du.

        — Nik itxiarazten ditudala! —oihukatu zuen Izpirituak.

        — Barka nazazu oker banago. Baina hau zure izenean egin da, edo eta gutxienez zure familiarenean —esan zuen Scroogek.

        — Bizi zaren lurralde honetan, badago jendea —oihukatu zuen Izpirituak— gu ezagutzen gaituztela diona eta euren pasio, harrotasun, borondate txar, gorroto, inbidia, jainkojaletasun eta berekoikeri ekintzak gure izenean egiten dituena, guretzako eta gure senideentzat hain bitxia den jendea inoiz existitu izan ez balitz bezala. Honetaz gogora zaitez eta egotz iezaiezu haiei euren egintzak, eta ez guri.

        Scroogek hala egingo zuela agindu zuen, eta berriro bideari ekin zioten, lehen bezala ikusezin; eta hiriko aldirietan sartu ziren. Mamuaren kualitate nabarmenetakoa zen (Scrooge honetaz okindegian ohartu zen), nahiz eta bere altuera erraldoia izan, edozein lekutan eroso sentitzea, era errazean, eta edozein teilatupean zutik jarri zitekeen, sabai altuko edozein egongelan izango lukeen jarrera airoso eta naturaz gaindiko izaki baten tankera berdinarekin.

        Eta agian zuen botere hartaz harrotzean Izpirituak sentitzen zuen plazera, edo eta agian pobreekiko zuen natura onbera, eskuzabal, maitekorra eta sinpatia izan ziren Scroogeren eskribauaren etxera eraman zituena; zeren eta hara joan ziren, Izpiritua eta Scrooge, hau haren tunikara heldua, eta atarira iristerakoan, Izpirituak irribarre egin eta Bob Cratchiten etxea bere zuziaren zipriztinekin bedeinkatzeko geratu zen. Kontura zaitezte! Bobek astean ez zituen hamabost bob baino gehiago irabazten, hau da larunbatetan ez zituen bere bataio-izenaren hamabost kopia baino gehiago poltsikoratzen, eta hala eta guztiz Orainaldiko Eguberriaren Mamuak bere lau gelako etxea bedeinkatu zuen!

        Eta orduan Cratchit andrea jaiki zen, era txiroan jantzirik soinekoa ondo aprobetxatzeko alderantziz jarria, nahiz eta zinta ugariz apaindua egon, hauek oso merkeak baitziren eta soilik sei pennyengatik asko luzitzen zuten; eta Belinda Cratchit, bere bigarren alabaren laguntzaz mahai zapia jarri zuen, neska ere zintekin apaindurik zegoela; bitartean Peter Cratchit jauntxoa sardexka bat pataten kazolan hondoratu zuen, bere alkandorako lepoaren angelu izugarriak ahoan sartuz (alkandora Boben jabetza pribatua zen, bere semeari emana, eguneko ohorezko oinordeko bihurturik), mutila, hain era dotorean jantzia ikusteaz pozten zen, eta parke dotoreenetan bere arropa txuriaz presumitzeko irrikitan zegoen. Eta bi Cratchit txikiagoak, neska eta mutila, zarata handiz, espaloitik garrasika, okindegiaren aurrean, sartu zirela gertatu zen, antzara usaindu zuten, eta eurena zela jakin zuten, eta ez beste familia batena; eta burua salbia eta tipula pentsamendu bikainez berotuz, Cratchit txiki hauek mahaiaren inguruan dantzan hasi ziren eta Peter Cratchit jauntxoa zerura goraipatu zuten, bitartean bera (batere harro egon gabe, nahiz eta alkandorako lepoak ia ito egiten zuen) suari putz egiten zion, patata nagiek lapikoaren estalkiari indarrez deituz bor-bor egin zuten arte, atera eta zuritu zitezen eskatuz.

        — Zerk berandutuko ote zuen zuen aita? —esan zuen Cratchit andreak—. Eta zuen anaia Tim txikia? Eta Marta? Aurreko urtean bazen ia ordu-erdi etorriak zirela.

        — Hemen nago ama! Esan zuen atean agertu berri zen neskatoak.

        — Marta jadanik iritsi da, ama! —oihukatu zuten bi txikiek—. Aupa! Antzara daukagu, Marta! Eta hain goxoa da!

        — Arranopola! Bedeinkatua izan zaitezela, ene maitea! Ze berandu zatozen! —esan zuen Cratchit andreak, dozena bat aldiz musukatuz, eta xala eta txanoa ama baten arretaz kenduaz.

        — Atzo gabean lan asko egin genuen guztia amaiturik uzteko —oihukatu zuen neskak—, eta gaur goizean guztia txukundu behar izan dugu.

        — Ondo da! Ez du axolarik, orain hemen zaude —esan zuen Cratchit andreak—. Suaren aurrean eser zaitez, maitea, eta berotu zaitez pixka bat. Jainkoak bedeinka zaitzala!

        — Ez, ez! Hor dator aita! —oihukatu zuten bi Cratchit txikienak, zeinak une berean leku guztietan egoteko trebetasuna zuten—. Ezkuta zaitez, Marta, ezkuta zaitez!

        Honela Marta ezkutatu zen, eta orduan Bob txikia sartu zen, aita: gutxienez bufanda hiru oinek, litsak kontatu barik, bere aurrean zintzilik zeudela; eta bere arropak, hain saretu eta adabatuak, eskuilatu on bat jasan zuten jaiarekin ongi joateko; Tim txikia sorbaldaren gainean zeraman. Ai, Tim txiki gaixoa! Makulutxo bat zeraman eta bere hankak burdinazko armazoi bati esker sostengatzen ziren.

        — Arranopola! Non dago gure Marta? —oihukatu zuen Bob Cratchitek bere ingurura begiratuz.

        — Ez da etorriko! —oihukatu zuen Cratchit andreak.

        — Ez dela etorriko! —esan zuen Bobek supituan nahigabeturik, nahiz eta elizatik lau hanketara Tim txikiaren odol garbian bilakaturik etorri—. Ez dela Eguberri egunean etorriko!

        Martari ez zitzaion hain desilusionaturik ikustea gustatu, nahiz eta txantxa xume bat izan; horregatik, pentsatua zuena baino lehenago, armairuko ate atzean zuen ezkutalekutik atera zen, eta korrika aitaren besotan bota zen, bi Cratchit txikienak Tim txikia astintzen zuten bitartean, hau garbitegira, budinak kobrezko lapikoan nola abesten zuen entzun ahal izan zezan eramanez.

        — Eta nola portatu da Tim txikia? —galdetu zuen Cratchit andreak, Boben sineskortasunaz iseka egin eta aitak alaba asebete geratu arte besarkatu zuen ondoren.

        — Urrea bezain ona izan da —esan zuen Bobek—, eta are gehiago. Ez dakit zergatik, baina bakarrik dagoenean pentsakor jarri eta inoiz entzun dituzuen gauzarik arraroenak bururatzen zaizkio. Etxera itzultzerakoan, jendea elizan berarengan arreta jartzea espero zuela esan zidan, zeren eta, agian, bera elbarri bat izanik, Eguberri egunean herrenak ibiltzea eta itsuak ikustea nork egin zuen gogoraziko zien.

        Boben ahotsak, hura kontatzen zuen bitartean, dardara egiten zuen, eta gehiago dardara egin zuen Tim txikia indartsua eta kementsua egiten ari zela esan zienean.

        Orduan haren makulu txiki eta aktiboa lurra kolpatzen entzun zuten, eta Tim txikia beste hitz bat ahoskatua izan baino lehen sartu zen, bere anaia eta arrebak sutondoan zegoen aulkiraino lagundurik; eta bitartean Bob, ukabilak okertuz —gaixoa! gehiago hondatu ahal izan balira bezala— lapiko batean nahasketa arraro bat prestatzen ari zen, ginebra eta limoiekin, eta honi birak eta birak ematen zizkion, eta tximini barneko apalean ipintzen zuen, hau su motelean egosteko; Peter jauntxoa eta nonahiko eta txikiak ziren bi Cratchitak antzararen bila joan ziren, zeinarekin ez ziren ilara solemne batean itzultzen berandutu.

        Haien etorreraren ondorioa hain iskanbilatsua izan zen, antzara hegazti guztien artean arraroena zela pentsa zenezaketela; lumadun fenomeno bat, zeinaren ondoan zisne beltz bat munduko gauzarik normalena zen: eta benetan etxe hartan antzara bat egotea oso antzeko zerbait zen. Cratchit andreak saltsa prestatu zuen beroa egotearen ondorioz txistukatu zuen arte (kazolatxo batean puntu-puntuan dagoeneko); Peter jauntxoak patatekin purea egin zuen, zereginean indar sinesgaitzez ahaleginduz; Belinda andereak sagar saltsa gozotu zuen; Martak plater beroak lehortu zituen, Bobek Tim txikia bere ondoan mahaiaren bazter batean jarri zuen; bi Cratchit txikienak guztientzat aulkiak jarri zituzten, eurez ahaztu gabe, eta euren postuen aurrean guardia eginez, koilarak ahoan sartu zituzten, beraien txanda iritsi baino lehen antzar razioa eskatuz garrasika has ez zitezen. Azkenean platerak jarrita zeuden eta mahaia bedeinkatu zen. Honen ondoren eten bat egon zen Cratchit andreak, zatikatzeko labanarekin antzara neurtuz, hau bularkian sartzera zihoan bitartean; eta honela egin zuenean, eta antzaratik betegarriaren borbor antsiatu eta luzea atera zenean, gozamen murmurio bat hasi zen mahaiaren inguruan, eta baita Tim txikia ere, bi Cratchit txikienek zitzikaturik, bere labanaren kirtenarekin mahaia kolpatzen hasi zen, bere ahotsez oihukatuz:

        — Aupa!

        Sekula ez zen honelako antzararik ikusi. Bobek honelako antzararik ez zela inoiz gisatu uste zuela esan zuen. Haren biguntasuna eta zaporea, tamaina eta merketasuna mirespen unibertsalaren objektu izan ziren. Sagar saltsa eta patata purez ondua, familia guztiarentzat janari nahikoa izan zen. Egia esan, Cratchit andreak atsegin handiz esan zuen bezala (plater gainean geratu zen hezur izpi bat miatuz), azken finean, ez zuten guzia jan. Eta hala ere haietako bakoitzak nahikoa izan zuen; eta, bereziki, bi Cratchit txikienak bekainetaraino salbia eta tipulaz bustiak zeuden. Baina, Belindak platerak aldatu zituenean, Cratchit andrea gelatik budina ateratzen eta jangelara eramaten zuen bitartean lekukoak jasateko urduriegi atera zen.

        Eta nahikoa egina ez bazegoen? Eta buelta ematerakoan apurtu egiten bazen? Eta norbaitek, atzeko patioko pareta saltatu ostean, guztiek antzaraz gozatzen zuten bitartean lapurtu bazuen? Honelako suposaketak bi Cratchit txikienak zurbil-zurbil jartzea eragin zuen! Eta era guztietako izuak sartu ziren haien buruetan.

        Kaixo!Lurrun kopuru handi bat! Budina kobrezko lapikotik at zegoen dagoeneko. Lixiba egun baten moduko usaina! Hori zen sukaldeko zapia. Labe baten eta ondoko atean zegoen gozodenda baten, eta bi ate harago zegoen garbitegi baten moduko usaina! Hori zen budina. Minutu erdian Cratchit andrea —aurpegia piztuta, baina zoriontasunez gainezka— budina ekartzen agertu zen, zeinak orbantxoez zipriztinduriko kanoi baten bala zirudien, hain gogorra eta irmoa zen, erdian koñak laurden baten erdia gartuz eta gorostiz apaindurik.

        O, zein budin zoragarria! Bob Cratchitek esan zuen, eta ahots patxadatsuz esan zuen, hau Cratchit andreak ezkon egunetik lorturiko arrakastarik handiena kontsideratzen zuela. Eta Cratchit andreak esan zuen, orain bere burutik pisua kendu zuela, irin kopuruari buruz bere zalantzak izan zituela aitortuko zuela. Guztiek hari buruz esateko zerbait zuten, baina inork ez zuen ezer esan, eta ez zuen pentsatu inolaz ere budin hura hain familia ugariarentzat txikiegi bezala kalifika zitekeela. Astakeria izugarria litzateke hori esatea. Eta Cratchitetako edozein, soilik hura erdi adieraztearekin lotsatuko zen.

        Azkenean bazkaria guztiz amaitu zen, eta mahai-zapia kendu, etxea eskobatu eta sua piztu zen. Pitxerreko nahasketa probatu eta ezin hobea kontsideratu zuten; sagarrak eta laranjak mahai gainean jarri zituzten eta gaztainez beteriko pala bat su gainean jarri. Orduan Cratchit familia guztia suaren inguruan jarri zen, Bob Caratchitek borobil bat kontsideratzen zuen bat osatuz, nahiz eta zirkulu erdi bat esan nahi, eta Bob Cratchitetik oso gertu familiaren beirateria ipini zen: bi edalontzi baju eta natilentzako eskulekurik gabeko katilu bat.

        Honetan, hala ere, urrezko kopetan bezain ondo, edari beroa sartzen zen: eta Bobek, su gainean jarrita zeuden gaztainek txinpartak atera eta zarata handiz krak egiten zuten bitartean edaria zerbitzatu zuen begiek distira egiten ziotela. Orduan brindis bat proposatu zuen:

        — Eguberri alai bat, gu guztiontzat, maiteak, eta Jainkoak bedeinka gaitzala!

        Eta familia guztiak oihartzun egin zion:

        Jainkoak guztiak bedeinka gaitzala! —esan zuen Tim txikiak, guztien ondoren.

        Aulki txiki batean eserita zegoen, bere aita oso gertu zuela. Eta Bobek, maitemindu baten moduan, haren esku zimela bereen artean sostengatzen zuen, betirako bere ondoan atxiki nahi balu bezala, norbaitek kenduko zuenaren beldur.

        — Izpiritu —esan zuen Scroogek, inoiz sentitu ez zuen interesa agertuz—, esadazu Tim txikia biziko ote den.

        — Eserlekua hutsik ikusten dut —oihukatu zuen Mamuak— tximinia pobrearen txoko batean, eta jaberik gabeko makulu bat, maitasunez zaindua. Etorkizunak itzal hauek aldatzen ez baditu, haurra hil egingo da.

        — Ez, ez —esan zuen Scroogek—. O, ez Izpiritu bihozbera! Haren bizia errespetatuko dela esadazu.

        — Etorkizunak itzal hauek aldatzen ez baditu —errepikatu zuen Mamuak—, nire arrazaren ordezkoa ez den inork ez du hemen berriro aurkituko. Eta, zer axola dio? Hil egin behar baldin badu, hobe hala egitea, eta honela gehiegizko populazioa arin dezala.

        Scroogek, Izpirituak berak esandako hitzak aipatzen zituela entzuterakoan, burua makurtu zuen, eta bat-batean damua eta atsekabea berataz jabetzen zirela sentitu zuen.

        — Gizon —esan zuen Mamuak—, zure bihotzean gizon bazara, eta ez diamantea bezain gogorra den harria, utz ezazu zure hipokresia gaiztoa gehiegikeria zer den eta non dagoen aurkitzen ez duzun bitartean. Zu izango al zara bizi ala hil behar duten gizakiak zeintzuk diren erabakitzen duena? Baliteke, Zeruaren begitara zu gizon gaixo horren semea bezalako milioika gizaki baino ez duinago eta bizitzeko gutxiago dohaindua izatea. O, Jainkoa! Orri gainean jarritako Intsektua, hautsean jarraitzen duten haren anaia gosetuen artean, bizitzaren gehiegikeriaz nola aritzen den entzutea!

        Scrooge Mamuaren errietaren ondorioz kulunkatu zen, eta begiak lurrean finkatu zituen, biziki dardara eginez. Baina azkar altxa zituen, bere izena entzuterakoan.

        — Scrooge jauna! —esan zuen Bobek—; Scrooge jaunarengatik brindis bat egin dezagun proposatzen dut, Festaren patroia !

        — Festaren patroia, Zeruak gorde nazala ! —oihukatu zuen Cratchit andreak, gorrituz—. Nahiago nuke hemen egongo balitz ! Berataz pentsatzen dudana esango nioke, horrekin festa ospa zezan, eta haren gosearekin, guztia jateko nahikoa izatea espero dut.

        — Ene maitea —oihukatu zuen Bobek goxotasunez—. Eguberritan gaude!

        — Zuregatik eta Eguberria delako, haren osasunean edango dut —esan zuen Cratchit andreak—, ez berarengatik. Jainkoak bizi luze bat eman diezaiola! Eguberri alai eta Urte Berri On bat!... Ziur alaitasuna eta zoriontasuna ez zaizkiola falta!

        Haurrek amarekin topo egin ondoren edan zuten. Egun horretan alaitasunik gabe eginiko lehen gauza zen. Tim txikiak guztien ondoren edan zuen, baina alaitasunezko bi pennyrik gabe egin zuen. Scrooge familiaren Ogroa zen, eta soilik haren izena nahikoa zen bilkura horren gainean itzal beltz bat erortzeko.

        Itzala desagertuta, alaitasuna lehen baino hamar aldiz handiagoa izan zen, Scrooge jaun deitoragarriarenganako eginbeharra bete ondoren sentitu zuten arintzearengatik. Bob Cratchitek Peter jauntxoarentzako lanpostu bati begia jarria ziola esan zien, eta lortzen bazuen, eta gutxienez astean beste bost txelin eta sei penny ekarriko zizkiela. Peter negozio gizon batean bihurturik ikustearen ideiak bi Cratchit txikienak barre-algara batean lehertzea eragin zuen; bitartean Peter, alkandoraren lepoaren artean arretaz so eginez, sua espresio pentsakorrarekin behatzen jarri zen, hain diru-sarrera izugarriak jasotzean era berezian faboretu behar zituen inbertsioak zeintzuk izango ziren hausnartzen egongo balitz bezala. Martak orduan, zeina kapelugin baten tailerrean aprendiz gaixo bat zen, egin behar zuen lan mota zein zen kontatu zien, eta zenbat ordu jarraian egiten zuen lan, eta hurrengo egunean, goizean, honela atseden on bat hartzeko, ohean denbora tarte handi bat geratzeko asmoa zuela, zeren eta hurrengo eguna jai zen eta etxean pasako zuen. Baita ere, duela egun batzuk, kondesa eta lord bat ikusi zituela kontatu zien, eta lord-a ia «Peter bezain altua zela», eta hau entzuterakoan, Peterrek alkandorako lepoa hainbeste igo zuen, zuek han egonez gero, burua ezin izango zenioketela ikusi. Denbora tarte honetan, gaztainak eta pitxerrak ez ziren gelditu, eta, noizbehinka, abesti bat entzuten zen, askotan Timek abestua, zeinak ahots negarti bat zuen eta benetan oso ondo abesten zuen, galdua eta elurretatik noraezean ibiltzen zen ume bati buruzkoa.

        Guzti hartan ez zegoen dotoretasun izpirik. Ez zen itxura oneko jendeak osaturiko familia bat; ez zihoazen ondo jantzita; haien zapatak euritakoak izatetik oso urrun zeuden; haien arropak txiroak ziren; eta Peterrek, litekeena hala zen, bahitura etxe baten barrualdea ezagutu ahal izan zezakeen. Baina batzuk besteei lagun egiteaz zoriontsuak, eskerdun eta pozik sentitzen ziren, eta Eguberria zelako alai zeuden; eta haien irudia desagertu zenean, Mamuak haien gainean botatzen zuen zuziaren argiaren zipriztinen pean zoriontsuagoak ziruditen, Scroogek, azken unera arte, ez zien begia gainetik kendu, batez ere Tim txikiari.

        Ordurako iluntzen ari zen, eta elurra gogotik ari zuen; eta Scrooge eta Izpiritua kaleetan barrena ibiltzen ziren bitartean, sukalde, egongela eta era guztietako geletan orro egiten zuen suaren distira liluragarria zen. Leku batean, sugarren dardarek familian eginiko afari atsegin baten prestakuntzak argitzen zituzten, platerak suaren aurrean berotuz, eta gorri biziko gortinak ixteko puntuan kalean hotza eta iluntasuna uzteko. Beste leku batean, etxeko haur guztiak elurraren gainean korrika ateratzen ziren, haien arreba-ahizpa ezkonduak, anaia, lehengusu, osaba eta izebei ongietorria emateko eta hauek besarkatzen lehenak izateko. Eta harago, leihoen aurrean itzalak zeuden, biltzen ziren gonbidatuen itzalak; eta oraindik `harago, buruan kapusai eta oinak larruzko botetan jantzita zeramatzaten neska polit talde bat zegoen; eta, guztiak batera berriketan, bizilagunen baten etxeranzko bidea hartu zuten, non-eta eurak, sorgin zuhurrak, inork baino hobe zekiten... neskak distiratsu sartzen ikusten zituen ezkongabe gizagaixoa!

        Baina, lagunarteko bilkuratarantz bideratzen zen pertsona kopurua ikusita, iristerakoan etxean hauei ongietorria egiteko inor ez zela gelditzen pentsa zenezakete, etxean inor ez zela, konpainiaren zain eta sugarrak tximini erdira iritsi arte sua egurrez gainezkatuz. Jainkoak gorde nazala! Nola gozatzen zuen Mamuak! Nola agertzen zuen bere bular biluztua eta nola irekitzen zituen bere esku boteretsuak eskumenean zuen guztiaren gainean bere poz argitsu eta inuzentea isuriz! Haien aurretik korrika, iluntasuna argi izpiz punteatzen zihoan, eta gaua bilkura batean amaitzeko moduan jantzita zegoen farolariak ere bere algara zaratatsua entzunarazi zuen Izpiritua, barre albotik pasatzerakoan, nahiz eta honek Eguberria ez zen beste konpainiarik zuela susmatu ere ez egin!

        Eta orduan, Mamuak inolako abisu hitzik ahoskatu gabe, basamortu ilun batean agertu ziren; non harri masa izugarriak Leku guztietan zehar barreiaturik zeuden, erraldoi hilerri bat izango balitz bezala, eta ura zirrikitu guztietatik sartzen zen, edo sartuko litzateke hau izozteagatik estekatua egongo ez balitz; non goroldioa eta belar ziztrinak izan ezik ez zen ezer hazten, belar lodi eta latza. Hor beheran, mendebalderantz, eguzkia ezkutatzen ari zen, zeinak laburki soilgunearen gainean distira egin zuen espresio latz batekin ; eta bekokia beherago eta oraindik beherago zimurtuz, gau beltzenaren iluntasun itxian galdu zen.

        — Zein leku da hau? —galdetu zuen Scroogek.

        — Lurraren erraietan lan egiten duten meatzariak bizi diren lekua —oihukatu zuen Izpirituak—. Baina haiek ez naute ezagutzen. Begira!

        Etxola bateko leihoan argi batek distira egin zuen, eta azkar harantz bideratu ziren. Lokatz eta harriz eginiko pareta bat zeharkatu eta suaren inguruan eginiko bilkura alai bat ikusi zuten. Oso zaharrak ziren gizon eta emakume bat, euren seme-alaba eta seme-alaben seme-alabekin, eta belaunaldi bat gehiago, guztiak euren festa arropekin apaindurik. Paisaia idorraren gainean zihoan haizearen uluei nekez nagusitzea lortzen zuen ahots batekin, zaharra, Eguberri kanta bat abesten ari zitzaien, hura haurra zenean jadanik zaharra zen abesti bat; eta noizbehinka guztiek euren ahotsak batzen zituzten koru-musika eginez. Eta hauek euren ahotsak altxatzen zituzten bakoitzean, zaharra poztu eta garrasika hasten zen; eta abestiak jaisten ziren bakoitzean, haren indarra berriro desagertzen zen.

        Izpiritua ez zen han gelditu, baizik eta Scroogeri bere tunikara heltzeko esan zion, eta basamortu gainetik hegan eginez, abia azkarrari ekin zioten —norantz? Itsasorantz izango zen?—: Ba bai, itsasorantz zuzendu zen. Atzeraka begiratzerakoan, Scroogek begi ikaratuekin azken lur seinaleak, haitz lerro beldurgarri bat, haien atzean geratzen zela ikusi zuen; eta belarriak uren burrunbekin gortu zitzaizkien. Ur burrunbek zulatu zituzten haitzulo izugarriak garrasika astintzen zituzten, lurra era basatian zulatzen saiatuz.

        Itsasoan hondoraturiko haitz olatu-horma triste baten gainean eraikia, kostatik itsas legoa inguru batera, eta urte osoan ur basatiek astindua, itsasargi bakarti bat zegoen. Bere oinarrira heltzen ziren itsas alga masa handiak zeuden, eta petrelak —haizetik jaioak, seguraski, algak itsasotik jaio ziren moduan— airatu eta berriro erortzen uzten ziren, euren hegoekin ukitzen zituzten olatuak bezala.

        Baina leku horretan ere, itsasargia zaintzen zuten bi gizonek su bat piztu zuten, zeinak harri lodiko paretan irekiriko gezileihotik zehar itsaso beldurgarriaren gainean argi izpi bat jaurtikitzen zuen. Egur zakarreko mahaiaren gainean eskuak lotuz bi gizonek elkarri Eguberri on bat desira zioten grog-ez beteriko euren latorrizko edalontzien aurrean; eta hauetako batek, adinduenak, aurpegia eguraldiaren errukigabetasunaren ondorioz hondatu eta seinalatua zuela, abesti kementsu bati ekin zion, galerna bera bezain kementsua.

        Berriro ere Mamuak martxa bizkortu zuen, itsaso beltz eta nahasiaren gainetik aurrera eginez —aurrera, aurrera...— Scroogeri esan zionaren arabera, edozein lekutatik urrun egonik itsasontzi baten gainean pausatu ziren arte. Bere postuan, leman, zegoen lemazainaren ondoan jarri ziren; ondoren popako zelatariaren ondoan; ondoren guardian zeuden ofizialen ondoan (postu desberdinetan zeuden figura ilun eta izugarriak), baina horietako gizon bakoitzak Eguberri kantu bat abesten zuen, edo eta Eguberri pentsamendu bat zuen, edo eta bere kidearekin, pasaturiko Eguberri bati buruz edo etxera itzultzeko esperantzei buruz isilean hitz egiten zuen. Eta itsasontzian zegoen gizon horietako bakoitzak, lokartua edo esnai zegoena, ona ala gaiztoa, egun horretan kidearekiko ohikoa zena baino hitz atseginagoa izan zuen; eta modu batean edo bestean ospakizunetan parte hartu zuen; eta urrun zeuden pertsona maitatuei oroitzapen bat eskaini zien, eurak ere berataz oroitu zirelakoaren ziurtasunarekin lasaituz.

        Scroogerentzat ezusteko handia izan zen, haizearen aieneak entzun eta iluntasun samingarria Heriotza berarentzako sekretu ikertezina zen sakonera zuen amildegi misteriotsu baten gainean hegan eginez zeharkatzea pentsatzen zuen bitartean; Scroogerentzat —errepikatzen dut— ezusteko handia izan zen, bere burua gauza hauetan okupaturik zuen bitartean, barre algara maitekor bat entzutea. Eta ezustekoa are handiagoa izan zen bere ilobaren barrea ezagutu zuenean, eta bere burua distiratsuki argitutako eta lehorra zegoen egongela batean ikusi zuenean, bere ondoan Izpiritua irribarretsuki, adeitsuki bere loba behatzen zuen bitartean.

        Ja, ja! —barre egin zuen Scroogeren ilobak—. Ja, ja, ja!

        Ezagutzen baduzue —gertagaitza litzatekeena— Scroogeren ilobaren barrea baino bedeinkatuagoa duenik, esan diezazuedan gauza bakarra niri ere hura ezagutzea gustatuko litzaidakeela da. Aurkez iezadazue, eta haren adiskidetasuna landuko dut.

        Bidezkoa, zuzena eta zintzoa da esatea, gaixotasunean infekzioa, eta penan infekzioa dagoen moduan munduan ez dagoela barrea eta umore ona bezain era jasanezinean kutsagarria den gauza. Scroogeren ilobak era horretan barre egin zuenean, saihetsak eutsiz eta burua alde batera eta bestera mugituz, bere aurpegian keinu arraroenak margotzen ziren bitartean, Scroogeren loba —ezkoniloba— mutilaren gogo beraz algara egin zuen. Eta gauza bera egin zuten eurekin bilduta zeuden lagunek, zeinak barre-algara zaratatsuetan has ziren.

        Ja, ja! Ja, ja, ja, ja!

        — Eta Eguberria zozokeriak zirela esan zuen! —oihukatu zuen Scroogeren ilobak—. Eta serioski esan zuen!

        — Haren lotsa handiagoa izango da, Fred! —esan zuen haren emazteak, doinu haserrez.

        Bedeinkatuak izan daitezela emakumeak, ez baitute ezer erdipurdi egiten, eta beti serioski egiten dute!

        Emaztea oso polita zen, guztiz polita: haren aurpegia ederra zen, eta bertan ezustearen ondorioz elutxak marrazten ziren; haren ahoa heldua zen, muxukatua izateko egina zegoela zirudien, eta zalantzarik gabe hala zen; kokotsa zehazten zuten puntutxoak barre egitean beste batzuekin urtzen ziren ; eta haren begiak inoiz izaki baten buruan ikusi izan dituzuen eguzkitsuenak ziren. Azken finean, probokagarria deituko zenutena zen, baina, hala ere, guztiaren kontra babesturiko bertuteduna. O bai, edozertara babesturikoa!

        — Guztiz barregarria den zahar bat da! —esan zuen Scroogeren ilobak—. Hori da egia! Eta dena baino atseginagoa izan liteke. Baina haren bekatuak, eurekin zigorra dakarten horietakoak dira, eta ez dut ezer haren kontra esateko.

        — Oso aberatsa dela ziur nago, Fred —iradoki zuen Scroogeren ezkonilobak—. Behintzat hori da beti esaten didazuna.

        — Eta zer axola dio hori hala bada, maitea? —esan zuen Scroogeren ilobak—; ez dio ezertarako balio, ez baitu harekin inolako ongirik egiten, eta ez dio erosotasunik lortzeko balio. Noizbait gu hari onura aterako diogula pentsatzeko poztasunik ere ez du... Ja, ja, ja!

        — Ezin dut bera jasan —esan zuen Scroogeren ezkonilobak.

        Iritzi bera agertu zuten Scroogeren ezkonilobaren ahizpek, eta gainontzeko beste emakumeek.

        — O, ba nik bai! —esan zuen Scroogeren ilobak—. Pena ematen dit, eta nahiz eta hala nahi izan ezin izango nuke harekin haserretu. Zeini egiten diote kalte haren jenio txar ateraldiek? Berari, beti berari. Adibidez, buruan gustukoak ez gaituela sartu zaio, eta gurekin bazkaltzera etorri nahi. Eta zein da ondorioa? Bada, ez duela gauza handirik galtzen.

        — Egia esateko —moztu zuen Scroogeren ezkonilobak—, nire ustez bazkari ezin hobe bat galtzen du.

        Beste guztiak ados agertu ziren, eta epaile gaituak suposatu behar ditugu, jaten amaitu berriak baitziren, eta postrea mahai gainean zutela, suaren inguruan pilatzen ziren, lanpararen argipean.

        — Ongi da! Hau entzuteaz asko pozten naiz! —esan zuen Scroogeren ilobak—, ez baitut fede handirik etxekoandre gazte hauetan. Zer diozu zuk, Topper?

        Topper, argi zegoen, begiak Scroogeren ezkonilobaren ahizparen baten gain jarrita zituen, ezkongabe bat gai hari buruzko iritzirik emateko eskubiderik ez zuen paria miserable bat besterik ez zela erantzun baitzuen. Eta hau entzuterakoan, Scroogeren ezkonilobaren ahizpa —potxola zegoena eta farfaildun kanesua zeramana, eta ez arrosa batzuk zeramatzana— gorritu egin zen.

        Jarraitu, jarraitu honela, Fred! —esan zuen Scroogeren ezkonilobak, txalotuz!—. Inoiz ez duzu amaitzen esaten hasten zaren ezer! Pailazo bat zara!

        Ilobak poztasun barre-algara bat bota zuen; eta harekin ez kutsatzea ezinezkoa zenez —nahiz eta arreba potxolak ozpin usaintsuarekin saiatu— haren eredua guztiek jarraitu zuten.

        — Soilik esan nahi nuen —esan zuen Scroogeren ilobak— hark gu gogoko ez izatearen eta gure poztasunari batu ez nahi izatearen ondorioa, inolako kalterik egingo ez lioketen une oso atsegin batzuk galtzen dituela da. Haren pentsamenduek eman diezazkioketen une atseginagoak galtzen dituela ziur nago, bai bere bulego zahar eta lizunduan edo eta bere hautsez beteriko pisuan. Urtero aukera bera emateko asmoa dut, hark atsegin izan hala ez, pena ematen baitit. Hil arte Eguberriaren kontrako irainak bota ditzake, baina ezin izango du ekidin Eguberriaz iritzi hobea izatea —eta hau probatzea desafiatzen dut— urtero garai hau iristerakoan, bera ikustera banoa, eta aldarte onean esaten badiot: «Scrooge osaba, nola zaude?» Nahiz eta honek, soilik, bere eskribau pobreari berrogeita hamar libra emateko balio badu, pozik geratuko naiz. Eta atzo osaba hunkitzea lortu nuela uste dut.

        Orain besteei tokatu zitzaien barre egiteko txanda, Scrooge hunkitzearen ideia oso barregarria gertatzen baitzen. Baina, Scroogeren loba izaera onekoa zenez, ez zion garrantzi handirik eman barre horien zergatiari, garrantzitsua barre egitea zen, eta gehiago egin zezaten animatzearren, botila euren artean pasa zuen.

        Tearen ostean musika pixka bat egin zuten, familia musikal bat baitziren eta abesti edo estribillo bat abesten zutenean bazekiten zertan zebiltzan, hori ziurta diezazuket: bereziki Topper, bere baxu ahotsarekin inork baino hobe marmartzen zekien, inolako unetan kopetako zainak handitu eta ahaleginaren ondorioz aurpegia gorritu gabe. Scroogeren ezkonilobak oso ondo jotzen zuen arpa; eta beste doinuen artean, herri doinu erraz bat jo zuen (gauza baliogabe bat: bi minututan txistukatzen ikas zenezaketena) Scroogeren bila barnetegira joan zen neskatoarentzako ezaguna zen melodia, Lehenaldiko Eguberriaren Mamuak gogorarazi zion bezala. Eta konpas horiek entzuterakoan Mamuak erakutsi zizkion gauza guzti horiek burura etorri zitzaizkion, eta bera gehiago eta gehiago bigundu zen, eta urte batzuk atzerago, maizago entzun ahal izan balitu, agian, bizitzaren gauza onak eta bere zoriontasuna landu ahal izango lituzkeela pentsatu zuen, eta haren esku propioekin, Jacob Marley ehortzi zuen lurperatzailearen palaz baliatu gabe.

        Baina ez zioten gau guztia musikari eskaini. Denboraldi baten ostean, prendetara jokatu ziren; noizbehinka haurrak izatea ona baita, eta are gehiago Eguberritan, haren Sortzaile boteretsua ere haurra izan baitzen. A! Lehenik oilo itsura jolastu ziren. Ez zen besterik falta. Eta Topper itsua zela, botetan begiak zituela bezainbat sinesten dut. Bera eta Scroogeren ilobaren artean adostua zegoela, eta Orainaldiko Eguberriaren Mamua jakinaren gainean zegoela pentsatzen dut. Potxola eta farfaildun kanesua zeraman ahizparen atzean korrika egiteko modu hura, giza naturaren sinesgarritasunari eginiko benetako irain bat zen: bertzuna eta suhatzak botaz, aulkiekin estroputz eginez, pianoarekin topo eginez, gortinekin korapilatuz. Neska zegoen lekuan, hor zegoen bera! Beti asmatzen zuen non zegoen ahizpa potxola. Eta ez zuen beste inor harrapatu nahi. Nahita haren gainean bota izan bazinete (batzuek egin zuten moduan), zuek harrapatzen saiatzen zenaren itxurak egingo lituzke, zuen adimenari eginiko irain bat gertatzeko moduan, eta segituan ahizpa potxolarengana desbideratuko zen. Neskak, maiz, bidezkoa ez zela oihukatzen zuen; eta benetan hala zen. Baina azkenean harrapatu zuenean, ihes egiten saiatzerakoan soinekoetatik ateratzen zen zeta hainbesteko karrasken gogoz bestera, mutilak irtenbiderik ez zuen izkina batean inguratu zuenean, orduan haren jarrera guztiz gaitzesgarria izan zen. Neska ezagutzen ez zuenaren itxurak egin zituen, eta kofia ikutzea, eta behatzean zeraman eraztuna eta lepoan hetsaturik zuen katetxo bat ikutuz, haren nortasunaz ziurtatzea beharrezkoa zuela ikustarazi zuen. Zerbait zital eta higuingarria izan zen! Eta beranduago neskak, beste batek oilo itsuaren papera egiten zuen bitartean, gortinen atzean konfidentziak elkarri egin zizkiotenean, gertatutakoaz pentsatzen zuena esan zionaren zalantzarik ez dago.

        Scroogeren ezkonilobak ez zuen oilo itsuaren jokoan parte hartzen, baizik eta txoko eroso batean jarri zen, besaulki handi batean eserita, oinak aulki txiki batean zituela, Mamua eta Scrooge zeuden lekutik oso gertu. Baina prendetara bai jolastu zuena, eta era miresgarrian egin zuen: bere kutunaren izena hizki bat ahaztu gabe asmatuz. Eta apartekoa izan zen ere Nola, Noiz eta Non jolasera jokatzeko modua, eta Scroogeren ilobari isileko poza sortuz, bere ahizpak era iraingarri batean garaitu zituen, nahiz eta haiek ere oso azkarrak izan, Topperrek esan ahal izango lizuekeen moduan. Gutxienez hogei pertsona zeuden, zahar eta gazteen artean, baina guztiak ibili ziren jolasean, eta gauza bera egin zuen Scroogek ere, zeinak jolasek eurengan sortzen zuten interesaren ondorioz, ahotsak besteen belarrietan inolako soinurik egiten ez zuena ahaztuz, batzuetan bere asmakizuna era ozenean aditzera ematen zuen, eta gainera, oso maiz, asmatzen zuen, zeren eta orratzen artean zorrotzenak, Whitechapel onena, oihala zulatzerakoan ez apurtzeko bermea zuenak, ez zen Scrooge baino gehiago; buruan hain motza izatea sartu arren.

        Mamua, bera, hain umore onez ikustean asko poztu zen, eta oniritzia azaltzen zuen espresioarekin behatzen zuenez, Scroogek mutiko baten moduan, gonbidatuak joan ziren arte geratzen uztea erregutu zion. Baina hau, Izpirituak esan zion moduan, ez zen posible.

        — Beste gauza batera jolastu behar dute! —esan zuen Scroogek—. Ordu-erdi gehiago! Izpiritu, soilik ordu-erdi gehiago!

        — Jolasa Bai edo Ez deitzen zen, eta honetan Scroogeren ilobak zerbaitean pentsatu behar zuen eta besteek zer zen asmatu behar zuten, ilobak haien galderei soilik bai edo ez erantzun zezakeen. Hainbesteko galdera sorta egin zioten animalia batean pentsatzen ari tela atera ziotela, animalia bizi bat, desatsegina zen animalia bat, animalia zaputz bat, marmar egin eta batzuetan purrust egiten zuen animalia, eta batzuetan hitz egiten zuen, eta Londresen bizi zen, eta honen kaleetan zehar ibiltzen zen, eta ez zen inolako zirkuan erakusten, eta inork ez zuen paseiatzera ateratzen, eta ez zen basapizti etxe batean bizi eta inoiz ez zen merkatuan hiltzen, eta ez zen zaldi bat, ezta asto bat, behi bat, zezen bat, tigre bat, txakur bat, txerri bat, katu bat edo eta hartza bat. Egiten zioten galdera berri bakoitzari, ilobak barre-algara orro bat botatzen zuen, eta halako kilima sentitzen zuen, besaulkitik altxa, eta lurra hankekin kolpatu behar izaten zuela. Azkenik, ahizpa potxola, antzeko egoera batean eroriz, esan zuen:

        — Badakit! Badakit zer den, Fred!Badakit!

        — Zer da? —esan zuen Fred-ek.

        — Zure osaba Scro-o-o-o-ge!

        Eta hala zen, egiazki. Lilura sentimendua unibertsala izan zen, nahiz eta batzuek «hartz bat al da?» galderaren erantzunari eragozpenak jarri, honek «bai» izan beharko lukeelako, zeren eta ezezko erantzun bat pentsamendu guztiak Scrooge jaunarengatik urruntzeko nahikoa izango zen, uneren batean Scrooge zela pentsatu zutela suposatuz.

        — Hark une atsegin bat pasarazi digunaren zalantzarik ez dago —esan zuen Fred-ek—, eta esker txarrekoena litzateke bere osasunera ez edatea. Hona hemen guztientzako azukrea eta espezieak dituen baso bat ardo, eta nik diot: Scrooge osabaren osasunera!

        — Gora! Scrooge osabaren osasunera! —esan zuten guztiek.

        — Zaharrak, hala eta guztiz, Eguberri alai bat eta Urte Berri On bat izan ditzala! —esan zuen Scroogeren ilobak—. Nigandik ez lituzke desira on hauek nahi izango, baina hala ere eskaintzen dizkiot. Scrooge osaba!

        Scrooge osaba hainbeste poztu zen, bere bihotza hain animaturik zegoen, gogo onez erantzun izango liokeela brindisari, nahiz eta han bilduta zeudenak haren presentziaz ohartu ez egin. Eta Mamuaren baimena izanez gero, entzungaitza zen hitzaldi baten bidez eskerrak emango lizkieke. Baina eszena guztia bere ilobak ahoskaturiko azken hitzaren hatsarekin desagertu zen; eta bera eta Izpiritua euren bidaiari berriro ekin zioten.

        Gauza asko ikusi zuten, eta oso urrutira iritsi ziren, eta gauza asko bisitatu zuten; baina beti amaiera zoriontsua izan zen. Izpiritua gaixoen ohera gerturatu zen: eta gaixoak alai egon ziren; eta atzerriko lurretan zeudenenganaino gerturatu ziren; eta eurak aberritik gertu sentitu ziren; eta borrokan ari zirenen ondora: eta itxaropenak indarra eman zien; eta txirotasunaren ondoan: eta txirotasuna aberatsa izan zen. Eta Karitatearen Etxean, Ospitalean, eta Kartzelan, giza miseriaren aterpe guztietan non gizakia, bere autoritate txiki eta iragankorraren ondorioz harroturik, Izpirituari sarrera debekatuz, ez lukeen atea trangatuko, honek bere bedeinkapena utzi eta Scroogeri bere arauak erakutsi zizkion.

        Gau luze bat izan zen, gau bakarra izan bazen; baina Scrooge horri buruz bere zalantzak zituen, zeren eta Eguberri jai guztiak elkarrekin pasa zuten denbora tartean kondentsaturik zeudela zirudien. Eta arraroa zen, gainera, Scroogek bere kanpoko itxuran aldatu gabe jarraitzen zuen bitartean, Mamua geroz eta zaharragoa egiten ari zen, begi-bistan zaharrago. Scrooge transmutazio horretaz ohartua zegoen, baina ez zen hura aipatzen ausartu, Errege eguneko haur festa bat utzi zuten arte: orduan, Izpirituari begiratuz, leku ireki batean bere ondoan zegoela, Scroogek bere ilea grisa zela ohartu zen.

        — Izpirituen bizitza hain laburra al da? —galdetu zuen Scroogek.

        — Nire bizitza une honetan oso laburra da —oihukatu zuen Mamuak—. Gaur gabean amaitzen da.

        — Gaur gabean! —oihukatu zuen Scroogek.

        — Bai, gauerdian. Adi egon zaitez! Ordua gerturatzen ari da.

        Une horretan kanpaiek hamaiken osteko hiru laurdenak jotzen ari ziren.

        — Barka iezadazu nire galdera arrazoitua ez badago —esan zuen Scroogek, Izpirituaren tunikari arretaz so eginez—, baina zure gonetatik zerbait arraroa ateratzen dela ikusten ari naiz, zure parte ez den zerbait. Zer da oin bat ala atzapar bat?

        — Gainean duen haragia ikusita atzapar bat izan daiteke —izan zen Izpirituaren erantzun mindua— Begira!

        Bere tunikaren pleguetatik bi haur atera zituen: zoritxarrekoak, doilorrak, beldurgarriak, nazkagarriak, dohakabeak. Haurrak Mamuaren oinetara uzkurtu ziren, bere tunikara helduaz.

        — O, gizona, hegira honi! Begira, begira honi! —oihukatu zuen Mamuak.

        Mutiko eta neskato bat ziren: horiztak, argalak, zarpailtsuak, zakarrak, otsoaren espresiodunak; baina, hala ere, umilki errendituak. Hor non gaztetasun graziosoak euren aurpegierak bete behar zituen, tinta osasuntsuenekin koloreztatuz, denboraren esku zimel eta maltzurrak atximurka egin zien, hauek birrindurik utzita. Aingeruak tronu batean eseri behar ziren lekuan, soilik deabruak zeuden zelatan, begi mehatxatzaileetatik sua botaz. Inolako transformaziorik, inolako degradaziorik, inolako giza perbertsio gradurik, Kreazio zoragarriaren misterio guztien artean, hain izugarri eta beldurgarria diren munstroak ez ditu.

        Scrooge, izuz beterik, atzera pauso bat eman zuen. Modu horretan erakutsiak izanik, haur ederrak zirela esaten saiatu zen, baina hitzek hain handia zen gezur baten parte izan baino lehenago bere eztarrian itotzea nahiago izan zuten.

        — Izpiritu! Zureak al dira? —Scroogek esaten asmatu zuen gauza bakarra izan zen.

        — Gizakiarenak dira —esan zuen Izpirituak begirada haurrengana makurtuz—. Eta niri estuki heltzen didate haien gurasoengatik erregutuz. Mutiko hau Ignorantzia da; neskatoa, Beharra. Bietatik gorde zaitez eta baita bere moduko guztietatik ere! Baina batez ere, mutil honetaz gorde zaitez, bere kopetan kondenazioa idatzirik ikusten baitut, gutxienez zerbaitek idazketa hori ezaba dezala!Uka ezazue! —oihukatu zuen Izpirituak, bere eskua hirirantz luzatuz—. Irain iezaiozue esaten dizuenari! Zuen sasi helburua onar ezazue eta okerrago izango da! Eta ondorioak jasan itzazue!

        — Ez al dute aterpe ezta baliabiderik? —galdetu zuen Scroogek?

        — Ez al daude kartzelak? —esan zuen Izpirituak, azken aldiz bere hitz propioekin harengana zuzenduz—. Ez al dago hospiziorik?

        Kanpaiak hamabiak jo zituen.

        Scroogek bere ingurura so egin zuen Mamuaren bila, baina ez zuen ikusi. Azken kanpaikadak dardara egiteari utzi zionean, Marley zaharraren iragarpenaz gogoratu zen eta, begiak altxatuz, kapusaituriko eta hil jantziriko Mamu serio bat gerturatzen ari zitzaiola ikusi zuen, lur arrasean dagoen behe-laino baten moduan.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Nerea Mujika

 

 

"Charles Dickens / Eguberri kanta" orrialde nagusia