Lehen estrofa

MARLEY-REN MAMUA

 

        Hasteko, Marley hilda zegoen. Horretaz ez dago inolako zalantzarik. Bere ehorzketaren erregistroa apaizak, eskribauak, ehorztetxe enpresariak eta segizioaren buruak sinatu zuten. Scroogek sinatu zuen. Eta Scroogeren izenak sinatzen zuen edozeri Burtsan balioa ematen zion. Marley zaharra ate baten iltzeak bezain hilda zegoen.

        Kontuz! Horrek ez du esan nahi nik, ateetan egon ohi den iltze batek bereziki hilda egoteko zer daukan beste edozeinek baino hobe dakidala. Niri dagokidanez, nik burdindegi denda batean saltzen den gauzarik hilena, hilkutxa baten iltzeak direla kontsideratzearen alde egingo nuke. Baina similean dago gure arbasoen jakinduria, eta ez dira nire esku lotsagabeak hau hondatuko dutenak, ez nuke nahi Herri hau hondamendian erortzea. Beraz, Marley ate baten iltzeak bezain hilda zegoela errepikatzen utziko didazue.

        Eta Scroogek ba al zekien Marley hilda zegoela? Noski baietz. Nola ba ez zuen jakingo? Bera eta Marley ez dakit zenbat urtetan bazkide izan ziren. Scrooge zen bere testamentu-betearazle, administratzaile, zesionario, oinordeko unibertsal bakar-bakarra, bere lagun eta beregatik lutua eraman zuen pertsona bakarra. Baina ezta Scrooge ez zen gertaera triste honengatik hain sakonki hunkitu. Ehorzketaren egun bera, negozio gizon aparta gisa, irabazpen handi bat eskuratuz, handitasunez ospatzea lortu zuen.

        Marleyren ehorzketaren aipamenak hasierako puntura atzera eginarazten nau. Marley hilda zegoenaren zalantzarik ez dago. Hau ondo ulertzea komeni da ze bestela kontatuko dizuedan istorioan ez litzateke ezer miragarririk egongo. Hamleten aita drama hasi baino lehenago hilda zegoela guztiz konbentziturik ez bageunde, gazteluko bastioietatik ekialdeko haizeak astindurik egiten zituen gaueko paseoak ez lirateke adin helduko beste edozein zaldunenak baino nabarmenagoak, zeinak gaua iritsita, bere etxea ausarkeriaz, haizeak astinduriko edozein leku bilatuz —esan dezagun, esate baterako San Pablo elizako hilerria— bere semearen buru ahula literalki harrituta uzteko helburuarekin uzten zuen.

        Scroogek ez zuen sekula Marley zaharraren izena ezabatu. Hor jarraitzen zuen, hainbat urte geroago biltegiko atearen gainean.

        «SCROOGE ETA MARLEY»

        Helbidea «Scrooge eta Marley» izenarekin agertzen zen. Batzuetan negozioko pertsona berriek Scroogeri Scrooge deitzen zioten; bestetan Marley. Baina berak beti erantzuten zuen, bata zein bestea berdin baitzitzaion.

        O! Baina zein heldua zuen Scroogek eskumuturra, zorrozteko harriarekiko! Zein zahar bekataria, estutzailea, alproja, zeken, zikoitz, lukur eta diruzalea! Sukarri bat bezain gogorra eta zorrotza zen, inoiz txinparta oparoak atera ez zituen sukarri bateko altzairua bezala; sekretua eta itxia, ostra bat bezain bakartia. Barrualdean zeraman hotzak bere zahar aurpegierak izozten zituen, sudur zorrotza gogortzen, masailak lehortzen, ibilerak zurruntzen, begiak gorritzen zizkion eta ezpainei tonalitate urdindu bat ematen zien, bere ahots kirrinkarian sotilki azalduz. Izotz zuriak bere burua koroatzen zuen, bekainetan eta kokots zaintsuan kokatuz. Joaten zen edozein lekuetara berarekin, bere tenperatura bajua zeraman, bere bulegoa udamin egunetan izoztuz, Eguberrietan gradu bat ere desizoztu gabe.

        Kanpoko bero eta hotzak eragin gutxi zuten Scroogerengan. Inolako berorik ezin zuen berotu, eta inolako negu eguraldirik ez zuen bera izozteko gaitasunik. Bera baino latzagoa zen haizerik ez zuen inoiz jotzen, ez zen bere helburuan gehiago tematuriko elurrik erortzen, ezta errezoei hain gutxi irekitako euri-jasarik. Eguraldi txarra bere aurrean indargabea zen. Elurte, eurite, txingor eta izozte oparoenek soilik alor batean berari abantaila eramateaz harro zitezkeen: eurak, noizbehinka, graziaz erortzen uzten ziren, baina Scroogek ez zuen hori inoiz egiten.

        Inork ez zuen kalean ahots alaiez zera esateko gelditzen:

        — Nire Scrooge maitea, nola zaude? Noiz etorriko zara ni ikustera?

        Inolako eskalerik ez zion limosna errukarririk eskatzen, haurrek ez zioten inoiz zein ordua zen galdetzen; ez gizonezko ezta emakumezkorik ez zion inoiz bere bizitza osoan nola joaten zen halako edo holako lekura galdetu. Ez, Scrogeeri ez. Itsuaurreko txakurrek ere ezagutzen zutela zirudien eta hauek gerturatzen ikusten zutenean, euren jabeetatik atari edo kalezulo baterantz tiratzen zuten zera esango balute bezala:

        — Hobe begirik ez izatea, nire jaun ilundua, begi txarra izatea baino!

        Baina zer axola zitzaion Scroogeri? Hori zen hain zuzen ere gustukoa zuena: bizitzako bidexka jendetsuenak saihestea, edozein giza sinpatia sentimenduri distantziak gordetzeko ohartaraziz. Hori bai zela Scroogerentzat gloria deitu genezakeena.

        Eta behin —urteko egunik onenetarikoen artean onenean: Eguberri bezperan—, Scrooge zaharra bere bulegoan lanpetua zegoela gertatu zen. Eguraldi izoztua egiten zuen, iluna, zorrotza, eta gainera lainoa zegoen. Scroogek kalezuloan zehar jendea arnasestuka nola azkartzen zen entzuten zuen, bularrean ematen zituzten zapladak eta harzolan pauso indartsuak emanez berotzen saiatuz. Hiriko ordulariek hirurak besterik ez zituzten eman, baina jadanik guztiz ilundu zuen —egia esan ez zuen egun osoan argitu— eta kandelek beretik gertu zeuden bulegoko leihoetan distira egiten zuten aire arreska eta ukigarrian orban gorriztak bezala. Lainoa zirrikitu guztietatik sartzen zen, sarraila guztietatik, eta kanpoan hain lodia zen, ze nahiz eta kalezuloa estuenetakoa izan, pareko etxeak mamu itxurako itzalak ziren. Hodei beltzak, dena ilunduz, hirian zehar nola beheratzen ziren ikusirik, batek Natura bera bizilaguntzat zuela, eta une horretantxe garagardoa kopuru handitan egiten entretenitzen zela pentsatuko zuen.

        Scroogeren bulegoko atea beti irekita zegoen, honela bere eskribaua beha zezakeen, zeina eskutitzak kopiatzen zegoen ziega zikin eta urri batean, harantzago kokatuta zegoen harraska moduko batean. Scroogek oso su txikia zuen piztuta, baina bere eskribauarena oraindik txikiagoa zen, hain txikia ze soilik ikatz zati bat zirudien. Baina hau bizkortzea ezinezkoa gertatzen zitzaion zeren eta Scroogek ikaztegia ondo gordeta zuen bere bulegoan eta eskribaua bulegoan palarekin ikatz pixka baten bila sartzen zen bakoitzean, bere nagusiak bata besteari uzteko beharrean aurkituko zirela iragartzen zuen. Eskribaua orduan bere bufanda txuriarekin estaltzen eta kandelarekin berotzen saiatzen zen, baina irudimen boteretsua zuen gizona ez zenez ahalegin honek beti porrot egiten zuen.

        — Eguberri alai bat desio dizut, osaba!Jainkoak gorde zaitzala! —oihu egin zuen ahots alai batek.

        Ahotsa Scroogeren ilobarena zen, zeina~hain azkar gerturatu zitzaion ze entzun zuen arte ez zela haren presentziaz ohartu.

        — Ba! —esan zuen Scroogek—. Txotxolokeriak!

        Lainopean eta izoztean ibiltzeaz Scroogeren loba hainbeste berotu zen, ze bere gorputz guztiak distira egin zuen ; bere aurpegia gorrixka eta itxura onekoa zen;begiek txinpartek bezala distira egiten zuten eta haren hatsak kea botatzen zuen.

        — Eguberria txorakeri bat, osaba! —oihukatu zuen Scroogeren ilobak—. Ziur nago ez duzula benetan esaten.

        — Horrela da bada —esan zuen Scroogek—. Eguberri alaia! Zerk ematen dizu alai egoteko eskubidea?Zein arrazoi duzu honelako alaitasunerako? Arratoi bat bezain txiroa zara eta.

        — Tira, tira! —erantzun zuen pozik ilobak—. Eta zerk ematen dizu triste egoteko eskubidea? Zergatik umore txar hori, zu hain aberatsa izanik?

        Une horretan erantzun hoberik ez zuenez Scroogek berriro esan zuen:

        — Ba!

        Espresioa honela errematatuz:

        — Txorakeriak!

        — Ez zaitez haserretu, osaba —esan zuen ilobak.

        — Zer beste gauza egin dezaket —erantzun zuen osabak—, ergelez beteriko mundu honetan bizitzen banago?. Eguberri alaia!Pikutara joan dadila Eguberri alaia! Ea, zer da zuretzako Eguberria ez bada dirurik izan gabe fakturak ordaintzeko garaia; urte bete zaharragoa baina ezta ordubete aberatsagoa zarela konturatzeko astia; zure liburuen balantzea egiteko unea eta azken hamabi hilabetetan ez duzula ezta irabazi bat ere ikustea baino? Nik aginduko banu —erantsi zuen Scroogek doinu haserreaz—, ezpainetan «Eguberri alaia» daramaten ergel horietako bakoitza euren budin propioan irakiten jarri eta bihotza gorosti adar batekin zeharkatuta lurperatuko nuke! Merezita lukete!

        — Osaba! —erregutu zuen ilobak.

        — Iloba! —erantzun zuen osabak ahots gogorrez—. Ospa ezazu Eguberria nahi duzun bezala eta utz niri nire modura ospatzen!

        — Ospatu! —errepikatu zuen Scroogeren ilobak—. Baina zuk ez duzu ospatzen eta!

        — Utz iezadazu orduan ez ospatzen —esan zuen Scroogek—. Eta on egin daizula! A ze probetxu atera diozun orain arte!

        — Gauza askori probetxua atera ahal izan diot, osaba, baina ez dut sekula egin. Eguberria da horietako bat. Baina ziur nago Eguberria iristean ontasun, barkamen, karitate... garai bat iristen dela sinetsi dudala beti. Eta hori, posible dela suposatuz, bere izen eta jatorri sakratuek merezi duten begirunea aparte utziz. Hori da, nik dakidala, emakumezko nahiz gizonezkoak euren bihotzak irekitzeko ados jartzen diren egutegiko data bakarra. Honela euren menpekoetan, hilobirantz egiten den bidaian, bidaia desberdinetan untziraturiko beste arrazako izakiak kontsideratu ordez, benetako kideak izango balira bezala pentsatzeko. Horregatik osaba, nahiz eta Eguberriak nire poltsikoak sekula urrez eta zilarrez ez bete, ezta zatitxo batekin ere, on egin didala, bai sinesten dut, eta egiten jarraituko du; eta horregatik diot: Jainkoak bedeinka dezala!

        Oldartsuki, gogoetarik egin gabe, eskribauak bere harraskatik txalo egin zuen, eta berehala, egindako akatsaz konturaturik, sua astintzen jarri zen betirako bertan geratzen zen azken txinparta eskasa itzaliz.

        — Berriro zuri entzun ezkero —esan zuen Scroogek—, Eguberria lanik gabe ospatuko duzu —eta bere ilobarantz biratuz gehitu zuen—: Oso hizlari ele-ederra zara jauna. Parlamentuan ez sartzeak harritu egiten nau.

        — Ez zaitez haserretu osaba. Ea! Zatoz bihar gurekin bazkaltzera.

        Scroogek esan zuen... bai, sinets nazakezue, lehenago nahiago nukeela... Esaldia osatu zuen, eta esan zuen nahiago zukeela trantze horretan bere burua ikustea.

        — Baina... Zergatik? —oihukatu zuen ilobak—. Zergatik?

        — Zergatik ezkondu zinen zu? —esan zuen Scroogek.

        — Maitemindu nintzelako.

        — Maitemindu zinelako! —marmar egin zuen Scroogek, ezkontzea munduan Eguberri alai bat baino irrigarriagoa den gauza bakarra izango balitz bezala—. Arratsalde on!

        — Baina osaba, ezkondu baino lehen ere ez zinen ni ikustera etortzen. Zergatik diozu orain arrazoi honengatik dela?

        — Arratsalde on! —esan zuen Scroogek.

        — Ez dut zuk ezer ematerik nahi, ez dizut ezer eskatzen. Zergatik ezin gara lagunak izan?

        — Arratsalde on —esan zuen Scroogek.

        — Asko sentitzen dut zu hain irmo ikustea. Sekula ez dugu nik errua izan dudan eztabaidarik izan. Hitz batez... Eguberriaren ohoretan saiatu naiz, eta nire eguberri umorea bukaera arte gordetzeko asmoa dut. Beraz, Eguberri alai bat izan dezazula, osaba!

        — Arratsalde on —esan zuen Scroogek.

        — Eta urte berri on!

        — Arratsalde on —esan zuen Scroogek.

        Hala ere, ilobak gela, inolako hitz sumindurik esan gabe utzi zuen. Eskribauari zorionak desiatzeko gelditu zen, zeina nahiz eta izozturik egon, Scrooge baino beroagoa zen, honek adeitasunez itzuli baitzizkion.

        — Bere moduko beste bat —esan zuen Scroogek ixilean honi entzuterakoan—. Zorigaitzeko hau, astean hamabost txelinekin, mantendu beharreko emazte eta seme-alabekin eta oraindik Eguberri alai batez ari da. Bedlam-eko eroetxera alde egin beharko dudala ikusita dago.

        Halako eroa, Scroogeren iloba ateratzeko atea irekitzerakoan, sarrera beste bi pertsonei ireki zien. Itxura dotoreko bi gizonezko ziren eta kapela eskuan zutela Scroogeren bulegoan sartu ziren. Besazpian liburu eta paperak zeramatzaten eta sartzerakoan burua makurtuz agurtu zuten.

        — Scrooge eta Marley, oker ez banago? —esan zuen gizonezkoetako bat zerrenda batean begiratuz—. Bietako zeinekin dut hitz egiteko plazera, Scrooge jauna edo Marley jaunarekin?

        — Marley jauna dagoeneko zazpi urte daramatza hilik —erantzun zuen Scroogek—. Duela zazpi urte gaurko gauez hil zen.

        — Ez dugu inolako zalantzarik haren eskuzabaltasuna hura baino luzeago bizi izan den bazkidearengan ondo ordezkatua dagoela —esan zuen gizonezkoak, bere kredentzialak erakutsiz.

        Eta honela izan zen benetan, bi bazkideak arima bikiak izan baitziren. «Eskuzabaltasun» hitza entzuterakoan, hitz gaiztoa, Scroogek betartea zimurtu, burua astindu eta kredentzialak itzuli zizkion.

        — Ikusiko duzu, Scrooge jauna —esan zuen gizonezkoak luma bat hartuz—. Urteko jai egun hauetan ohikoa dena baino desiragarriagoa da, nahiz eta oso txikia izan, Eguberria iristerakoan hainbeste sufritzen duten txiro eta behartsuen zortea arintzearren zerbait egitea. Milaka, milaka asko dira beharrezkoena dena faltan dutenak, eta ehunka milako erosotasun oinarrizkoenak ez dituztenak, jauna.

        — Ez al dago kartzelarik dagoeneko? —galdetu zuen Scroogek.

        — Bai, kartzela asko —oihukatu zuen gizonak luma bere lekuan utziz.

        — Eta Batasunaren hospizioak? —galdetu zuen Scroogek. Funtzionatzen jarraitzen al dute?

        — Bai, oraindik funtzionatzen jarraitzen dute —oihukatu zuen gizonak—. Nahiago nuke kontrakoa esan ahal banizu.

        — Orduan, errotaren zigorra eta Txiroen Legea indar osoan diraute, ez? —galdetu zuen Scroogek.

        — Hain zuzen ere, eta gauza biak oso lanpetuak daude, jauna.

        — O! Pozten naiz entzuteaz —esan zuen Scroogek—. Hasieran esan duzunagatik bere zeregin baliagarria amaitutzat eman zuen zerbait zegoela uste izan dut.

        — Ikusi, egun hauetan poztasun kristaua duen jendetza, bai espirituala edo eta bai korporala, modu zailean hornitu daitekeenaren inpresioz, gutako hainbat, txiroentzako jakiak eta edariak, eta hala nola berotzen laguntzeko balio izango dien zerbait erosteko dirua biltzen saiatzen ari gara. Egun hauek aukeratu ditugu zeren eta urteko beste guztien artean hauek dira, beharra gehien larritzen duenean eta dagoen lekuetan oparotasuna handiagoa denean. Zein kopuru jartzen dut zure izenean?

        — Ezertxo ere ez ! —oihukatu zuen Scroogek.

        — Ezjakinean gordetzea nahi al duzu?

        — Bakean uztea nahi dut —esan zuen Scroogek—. Eta zer nahi dudan galdetzen didazuela, hor doa nire erantzuna: Ni ez naiz Eguberria delako pozten, eta ezin dut alferrak poz daitezen dirurik eman. Aipatu dizkizuedan erakundeen mantenimenduan laguntzen dut, eta nahikoa garesti ateratzen zait. Horra joan behar dute egoera larrian daudenak.

        — Askok ezin dute eta beste askok hiltzea nahiago lukete.

        — Heriotza nahiago badute —esan zuen Scroogek—, hobe lukete hiltzen frogatuko balute. Honela gehiegizko populaketa arinduko lukete. Gainera... eta barkatu hau esatea... ez dut hona ekarri zaituzten gaiaren berri.

        — Baina nahi izanez gero horren berri izango zenuke —esan zuen gizonezkoak.

        — Ez da nire arazoa —erantzun zuen Scroogek— bakoitzak bere arazoez arduratzearekin nahikoa du besteen gauzetan sudurra sartu gabe. Nire arazoek ez didate ezta ordubete libre uzten. Arratsaldeon jaunak!

        Euren ahaleginean jarraitzeak ezertarako balio ez ziela konturatzean, bi gizonak joan egin ziren eta Scroogek bere zereginarekin jarraitu zuen bere buruaz zuen iritzi hobeagorekin eta berarengan ohikoa zena baino umore alaiagoz.

        Bitartean, lainoa eta iluntasuna hain itxiak ziren kalean zuzi distiratsuak zituzten pertsonak, leku batetik bestera azkar zihoazela zaldi gurdien aurretik eta euren bideetan gidatzeko zerbitzuak eskainiz. Elizako dorre zaharra, zeinaren kanpaia bere leiho gotikoaren goi-goitik beti Scrooge iskiro behatzen zegoen, ikusezina egin zen, eta orduak eta laurdenak lainoen artean ematen zituen. Kanpaiak bibrazio dardaratsuetan burutzen ziren, kanpandorrearen hortzek hor goian bere burua estaltzen zuen hozpean karraskatuko balute bezala. Hotza gogortu zen, eta kale nagusian, kalezuloaren izkina ondoan, langile batzuk gas tutueriak prestatzen ari ziren; su handi bat piztu zuten eta honen inguruan gizon eta mutiko zarpailtsu batzuk pilatzen ziren eskuak berotuz eta sugarren distiraren aurrean liluramenduz begiak kliskatuz. Ureztaketa-hartunetik isurtzen zen ura, guztiek abandonaturik, umore txarrez izozten ari zen, izotz misantropikoan eraldatuz. Dendetako argiek, zeinen erakusleihoetan gorosti adar eta baiak lanparen beropean txinpartaka ari ziren, oinezkoen aurpegi zurbiletan gorri koloreko ukitu bat jartzen zuten. Oilasko-denda eta elikagai dendak negozio bikaina egiten ari ziren, ospe handi bat, zeinaren aurrean ia ezinezkoa gertatzen zen salerosketaren printzipio prosaikoetan oinarritzen zela sinesten jarraitzea. Lord Nagusiak, bere Mansion House gotorlekuan, bere berrogeita hamar sukaldari eta maiordomoei aginduak ematen zizkien Eguberriak Lord Nagusi baten etxean ospatu behar diren bezala ospa zitezen; Lord-ak aurreko larunbatean kaleetatik mozkor eta liskarra bilatzen ibiltzeagatik bost txelinetako isuna ezarri zion jostuntxoa ere bere ganbaran hurrengo eguneko budinean pentsatuz hunkitu egiten zen, bere emazte mehea semearekin idi haragia erostera ateratzen zen bitartean.

        Oraindik laino gehiago! Eta hotz gehiago! Hotz sarkor, haginkatzaile, saihestezin bat. San Dunstan onak bere ohiko armak erabili ordez, gau hartan egiten zuen eguraldiaren moduko pixka batekin Izpiritu Gaiztoaren sudurra atximurkatu izan balu, zalantzarik gabe honelako burutazioaren aurrean plazerez orro egingo luke. Eta horra hor non txakurrek hezur bat karraskatzen duten moduan, hotzak era nekaezinean hozkatzen zuen sudur gazte eta txiki baten jabea, Scroogeren sarrailaren aurrean makurtu zen eguberri kanta bat oparitzeko asmoz. Baina lehen konpasak entzun ziren bezain laster:

        Jainkoak bedeinka zaitzala, jaun alaia!

        Eta ezerk ez zaitzala kikildu!

        Scroogek erregela hainbesteko indarrez, aire hain erabakiorrez heldu zuen, ze abeslariak zeharo ikaratuta ihes egin zuen, sarraila laino eta izoztearen ordez abandonatuz, haiek bestea baino abegitsuagoak zirelako.

        Azkenean negozioa ixteko ordua iritsi zen. Gogo txarrez, Scrooge bere aulkitik jaitsi zen eskribauaren begietara ordua iritsi zela isilean onartuz. Hau bere harraskatik, honen zain zegoen eta hau ikusirik bere kandela itzali eta kapela jarri zuen.

        — Bihar egun osoan jai izan nahiko duzula suposatzen dut, ezta? —galdetu zuen Scroogek.

        — Ondo iruditzen bazaizu, jauna.

        — Ez zait ondo iruditzen —esan zuen Scroogek— eta ez zait bidezkoa iruditzen. Nik jai egunagatik koroa erdia kenduko banizu, ziur nago zuri neurriz kanpokoa irudituko litzaizukeela.

        Eskribauak irribarre ahul bat erakutsi zuen.

        — Eta, hala ere —jarraitu zuen Scroogek— ez litzaizuke gehiegizkoa irudituko nik egun osoko soldata lan egin gabe ordainduko banizu.

        Eskribauak soilik urtean behin zela azpimarratu zuen.

        — Aitzakia txarra abenduaren hogeita bosta den bakoitzean bati poltsa lapurtzeko! —esan zuen Scroogek longaina kokotseraino lotuz—. Baina beste erremediorik ez dagoela suposatzen dut. Etor zaitez lehenago etzi!

        Eskribauak honela egingo zuela agindu zuen eta Scrooge, marmar eginez, kalera atera zen. istant batean bulegoa itxita geratu zen eta eskribaua bufandaren bi mutur luzeak gerritik baino beherago zintzilik eramanda (ezin baitzuen longaina izateaz harrotu), Cornhillen izotz malda batetik irristatuz jaitsi zen neska-mutiko ilara baten atzetik. Bere balentria hogei aldiz errepikatu zuen Eguberri bezperaren ohorez. Ondoren Camdem Town-en zegoen bere etzerantz korrika hasi zen bere estropezuek uzten zioten bezain laster, oilo itsu-ra jolasteko irrikaz.

        Scroogek bere afari malenkoniatsu eguneroko labe malenkoniatsuan jan egin zuen; eta egunkari guztiak irakurri ondoren eta gaua kaxa-liburuarekin agortu ondoren, bere etxerantz abiatu zen oheratzeko asmoz. Bere bazkide zenduarena izandakoa zen etxean bizi zen. Etxe triste bat zen, kale txiki baten bukaeran jasotzen zen eraikin ilun batean, non hain lekuz kanpo geratzen zen ze batek ezin zuela saihestu horraino oraindik etxe gazte bat izanik iritsi zela, eta beste eraikinekin ezkutaketara jolastuz itzulera bidea ahaztu zuela imajinatzea. Orain jadanik etxe zahar eta gainera mixerable bat zen, Scrooge izan ezik ez baitzen bertan inor bizi; beste pisu guztiak bulego moduan alokatuta zeuden. Kalexka hain ilun zegoen, ze Scrooge berau, harriz harri ezagutzen zuela, bere burua itsumustuka ibiltzea behartuta ikusi zuela. Lainoak eta izozteak burdinazko portalea hainbeste inguratzen zuten, ze bazirudien Eguraldiaren Jeinua sarreran meditazio ilunetan murgildurik eserita zegoela.

        Ondo ba, egiaztaturiko izaite bat da ateko aldaban ez zegoela ezer berezirik, ez bazen haren tamainu handia. Baita egiaztaturiko izate bat da Scroogek gauez eta egunez ikusita zuela han bizi zen egunak bezain aldiz ; halaber Scroogek fantasia deitzen dugun horretaz Londreseko biztanle guztien artean gutxien zuena bezain gutxi zuela, Udaletxea, zinegotzi eta dendarien gremioak barnean sartuz —eta hau gehiegi sartzea da—. Komeni da kontutan izatea Scroogek Marleyri azken aldiz, arratsalde horretan, duela zazpi urtez hilda zegoen bere bazkidearen izena esan zuenetik, ez ziola ezta pentsamendu bat ere eskaini. Eta orain, guzti hau ikusita, norbaitek azal diezadala, ahal badu, nola gertatu zen Scroogek dagoeneko giltza sarrailan sartuta zuela, inolako mutazio prozesurik gertatu gabe aldaba Marleyren aurpegian bihurtuta ikustea.

        Marleyren aurpegia! Ez zegoen itzalen artean sartuta, kalexkako beste objektuak bezala. Argi motel batek inguratzen zuen, soto ilun batean dagoen otarrain zaharkitu baten moduan. Haren espresioa ez zen haserrearena ezta krudelkeriarena, Marleyk Scrooge behatu ohi zuen bezala behatzen zuen: bere mamu itxurako betaurrekoak bere mamu itxurako kopetan sostengatuz. Ilea kurioski nahaspilaturik zeraman hats edo aire bero putz baten eraginaren ondorioz, eta nahiz eta bere begiak guztiz irekita egon, zeharo geldirik zeuden. Horrek eta bere kolore zurbilak beldurgarria egiten zuten, baina bere espresio propioaren parte zirudien ikaraz, hori bai, bere aurpegi eta honen eragina izan gabe.

        Scroogek fenomeno hura arretaz behatu zuenean, aldaba berriro aldaba izan zen.

        Haurtzarotik ezezaguna zuen ikara edo eta bere odolean sentsazio beldurgarri bat sentitu ez zuela esatea gezurra esatea litzateke. Baina eskua lehen askatu zuen giltzaren gainean ezarriz, hau sendotasunez biratu, etxean sartu eta kandela bat piztu zuen.

        Egia da, atea itxi baino lehen gelditu egin zen, une bateko zalantzaren ondorioz eta kautelaz atearen atzean begiratu zuen, bertatik ataria seinalatuz aterako zen Marleyren mototsaren begitazioak ikaraturik geldituko zela erdi konbentziturik. Baina ate atzean ez zegoen ezer, aldaba eusten zuten torloju eta azkoinak izan ezik; horrela bere buruari esan zion:

        — Ba! Ba!

        Eta danbateko batez atea itxi zuen.

        Danbatekoak etxe guztian zehar burrunba egin zuen, trumoi baten antzera eta goiko gela bakoitzak eta ardo tratulariak sotoan gordetzen zuen upel bakoitzak oihartzun propioen errepika berezi bat izan zutela zirudien. Scrooge ez zen oihartzunekin ikaratzen zen gizon horietakoa. Aldaba atera bota, ezkaratza zeharkatu eta poliki eskailera igotzen has zen, bitartean kandela mukatuz.

        Eskailera on eta zahar zati batetik sei zaldiko gurdi bat gidatzeaz lausoki hitz egin dezakezue, edo eta Parlamentuko Lege txar eta berri baten bidean zehar ibiltzeaz ; baina zuei esaten saiatzen ari naizena, eskailera hori, alde batera jarrita, balanzina pareta ukituz eta atea barandara zuzendurik zuen hil-kotxe batekin igo ahal izango zenuketela eta espazioa sobratuko litzaizuekeela da; horretarako nahikoa zabala baitzen eta oraindik gehiagorako. Eta, agian, horregatik izango zen Scroogeri argi-itzalean bere aitzinean aurrera eginez hil-karroza bat ikustea iruditu zitzaiola. Kalean dauden gas farolen moduko dozena erdiarekin ez litzateke nahikoa izango sarrera ongi argitzeko, beraz, Scroogek zeraman kandelarekin, suposa dezakezuenez, iluntasuna handia zen.

        Scrooge horrek batere arduratu ez balu bezala igotzen zen: iluntasuna merkea zen eta hori gustatzen zitzaion. Baina, bere pisuko ate pisutsua itxi baino lehen, gela guztiak gainbegiratu zituen guztia ordenan zegoela ziurtatzeko. Aurpegiaren nahikoa oroitzapena zuen hori egitea desiratzeko.

        Egongela, logela eta trastelekua: denak behar den bezala zeuden. Mahai azpian inor ez, inor ez sofa azpian: su pixka bat supazterrean ; koilara eta katilua prest; eta ahi kazola txikia tximiniako barne apal gainean berotzen (Scroogek buruko katarro bat harrapatu baitzuen). Ohe azpian inor ez, arropa armairuan inor ez, jarrera susmagarrian paretan zintzilikaturik zegoen bere bata barruan inor ez. Trastelekua betiko moduan: suzain zahar bat, zapata zahar batzuk, arrainarentzako bi saski, hiru hanka zituen azpia eta bertzun bat.

        Guztiaz pozik, atea itxi eta bi buelta emanez giltzatu zuen, egin ohi ez zuen gauza bat. Behin ezustekoez salbu, lepoko zapia kendu zuen; bata, zapatilak, lo egiteko txanoa jarri eta suaren aurrean bere ahiak jateko eseri zen.

        Egia esan sua oso pobrea zen, horrelako hotz gau baterako ia ezer ez. Scrooge erregai triste horretatik bero sentsazio arinena atera ahal izan baino lehen, sutik oso gertu esertzea behartua ikusi zen, ia bere gainean eseriz. Tximinia zaharra zen, zuela denbora asko holandar merkatari batek eraikia, eta bere inguruan axuleiu bitxiak zeuden Eskriturak ilustratzeko sortuak. Canak eta Abelak zeuden, Faraoiaren alabak, Sabako erreginak, luma-ohe itxura zuten hodeietatik zaldian airez jaisten ziren aingeru itxurako mezulariak, Abrahamak, Baltasareak, saltsontzi itxura zuten txalupetan itsasoratzen ziren Apostoluak, haren pentsamenduak erakar ahal izango zuten ehunka figura, baina, hala ere, zazpi urte lehenago hil zen Marleyren aurpegia Profeta zaharraren makila izango balitz bezala itzultzen zen, guztia irentsiz. Landuriko axuleiu bakoitza txuriz egon izan balitz eta bere azala Scroogeren loturarik gabeko pentsamendu zatiez edozein marrazkiren itxura hartzeko boterea balu, hauetako bakoitzean Marley zaharraren buruaren kopia bat aterako litzateke.

        — Txorakeriak! —esan zuen Scroogek gelako alde batetik bestera ibiliaz.

        Hainbat bira eman ondoren berriro eseri zen. Eta aulkiko bizkarraldearen gainean burua atzeraka botatzerakoan bere begirada kanpai batean ezarri zela gertatu zen, paretan zintzilik zegoen eta erabiltzen ez zen kanpai bat, jadanik ahaztuta zegoen arrazoi batengatik, eraikinaren pisu altuenetariko batekin komunikatzeko balio zuena. Eta harridura handiz eta azaldu ezinezko ikara arraroz kanpaia begiratzerakoan Scroogek hau kulunkatzen hasi zela ikusi zuen, hasieran hain suabe ia ez zuela soinurik ateratzen; baina ez zen denbora asko pasa era iskanbilatsuan dilin-dalanka hasi zen arte, eta gauza bera egin zuten etxeko kanpai guztiek.

        Baliteke horrek minutu erdia irautea, agian, minutu bat, baina ordu oso bat izan zela zirudien. Kanpaiak hasi ziren modu berean gelditu ziren: guztiak batera. Ondoren soinu metaliko batek jarraitu zien; hor beheran, norbaitek ardo tratalariaren upelategiko upelen gainetik kate pisutsu bat arrastaka eramango balu bezala. Orduan Scrooge sorginduriko etxeetako mamuek kateak arrastaka eraman ohi zituztela entzun zuela gogoratu zen.

        Sotoko atea iskanbila handiz ireki zen eta soinua beheko pisuetan indar handiagoz entzun zen; ondoren eskaileretatik gora; eta azkenik haren aterantz zuzenean bideratuz.

        — Txorakeriak besterik ez dira! —esan zuen Scroogek—. Ez dut hauek sinesteko asmorik.

        Baina haren aurpegiko kolorea, inolako pausarik egon gabe, eta bere begien aurrean, zarata ate pisutsua zeharkatu eta gelan sartu zenean aldatu egin zen. Eta sartzerakoan, kandelako argi ahulak airean salto bat eman zuen, zera oihukatuko balu bezala:

        — Ezagutzen dut! Marleyren mamua da!

        Eta berriro argimutilaren gainean erori zen.

        Aurpegi bera: Marley bera, bere mototsa, betiko txaleko, praka motz eta botekin; botetako borlak zabu baten moduan mugitzen ziren, gauza bera egiten zuten mototsa, lebitako hegalek eta burua estaltzen zuen ileak. Arrastaka zeraman katea gerriaren inguruan estutua zeukan, luzea zen eta isats baten moduan hanketan kiribiltzen zitzaion eta diru kutxez, giltzez, giltzarrapoz, kaxa liburuz, eskriturez eta altzairu landuaz eginiko diru-zorroz egina zegoen (Scroogek oso gertutik behatu baitzuen). Gorputza gardena zen, horregatik Scroogek behatzerakoan txalekoan zehar lebitako bizkarraren botoiak ikusi ahal izan zituen. Scroogek, maiz, Marley errukigabea zela entzun zuen, baina une hartararte ez zuen sinetsi.

        Ez, ezta une horretan ez zuen sinesten. Nahiz eta Mamua goitik behera begiratzen egon, eta bere aurrean zutik ikusi, nahiz eta heriotza bezain hotzak ziren begien eragin jelatua sentitu eta burua eta kokotsa inguruan kiribilduta zeraman zapia, lehenago erreparatu ez zen hil-jantzia, zehaztasun osoz ikusi, sinesgaitz azaltzen jarraitu zuen, bere zentzumenen kontra borroka eginez.

        — Zer esan nahi du honek? —galdetu zuen Scroogek beti bezain kaustiko eta hotz—. Zer nahi duzu nitaz?

        — Asko!

        Marleyren ahotsa zen, zalantzarik gabe.

        — Nor zara?

        — Esan hobe nor nintzen?

        — Bada, nor zinen? —esan zuen Scroogek ahotsa altxatuz—. Arraroa zera... itzal bat izateko.

        «Mamu bat izateko» esan behar zuen baina hura egokiagoa zela pentsatu zuen.

        — Bizi nintzenean zure bazkide izan nintzen, Jacob Marley.

        — Eser... zintezke? —galdetu zuen Scroogek zalantza espresio batekin begiratuz.

        — Eser naiteke.

        — Egizu orduan.

        Scroogek hau galdetu zion honelako Mamu garden bat esertzeko baldintzetan egongo ote zen ez baitzekien, eta esertzea posible ez bazuen, gertaera horrek, agian, azalpen deserosoak eman beharrean egongo zenaren inpresioa zeukan. Mamua tximiniaren bestaldean eseri zen, hori egiten ohituta egongo balitz bezala.

        — Nigan sinesten ez duzula ikusten dut —esan zuen Mamuak.

        — Bai horixe, hala da.

        — Zure zentzumenek ematen dizkizuten frogez gain, nire errealitateaz zein froga nahi duzu?

        — Ez dakit —ihardetsi zuen Scroogek.

        — Zergatik ez zara zure zentzumenez fio?

        — Zeren eta —erantzun zuen Scroogek— edozein txikikeriak eragiten ditu. Urdailaren ondoez arin batek gezurti bilakatzen ditu. Agian, ez zara gaizki liseritutako idi haragi zati bat, ziape puska oparoegi bat, gazta apur bat edo gaizki egosiriko patata zati bat baino. Nire ustez, zarena zarela, zerbait hila baino, zerbait gastronomikoa zara!.

        Ez zen Scroogeren ohitura txisteak esatea, eta une horretan ez zuen hauek egiteko desirarik arinena sentitzen, bere sentimendu propioak distraitu nahian burutsua agertzen saiatzen ari zen, eta honela zuen ikara eusten, zeren eta Mamuaren ahotsak hezurren muineraino ikaratzen zuen.

        Beldur zen eserita gelditzen bazen, beirazko eta mugiezinak ziren begi horiek finko behatuz, ezer esaten ez bazuen, hura bere hondamendian bihurtuko zela. Gainera, Mamua berezko infernu-atmosfera batez hornitua egotearen gertaeran zerbait beldurgarria zegoen. Scroogek ezin zuen sumatu, baina ez zegoen inolako zalantzarik hark zuela, zeren eta, nahiz eta Mamuak eserita jarraitu, guztiz geldirik, bere ilea, lebitako hegalak, bere botetako borlak, gauza guzti hauek zabuak bezala kulunkatzen ziren, bere labeak botariko bapore sutsuak bezala bultzaturik.

        — Zotz hau ikusten duzu? —galdetu zuen Scroogek, aurretik esandako arrazoiengatik erasora itzuliz, eta, nahiz eta segundo bakar batez izan, Mamuaren harrizko begirada, bera ez zen beste puntu batera baztertzea desiratuz.

        — Bai, ikusten dut —oihukatu zuen Mamuak.

        — Baina ez zaude begiratzen eta —esan zuen Scroogek.

        — Hala ere ikusten dut —esan zuen Mamuak,

        — Ondo bada! —oihukatu zuen Scroogek—. Hori sinestea baino ez zait geratzen, eta ondorengo egunetan nik neuk sorturiko iratxo multzo batek jazarria ikusiko naiz. Txorakeriak. Esaten dizut... Txorakeriak!

        Hau entzuterakoan, izpirituak garrasi beldurgarri bat bota zuen, eta katea zarata hain beltz, ikaragarri batez astintzen hasi zen ze Scrooge era indartsuan aulkian heldu zela zentzurik gabe ez erortzeko. Eta bere izua askozaz handiagoa izan zen, Mamuak, etxe barrean eramateko bero gehiegi emango balio bezala, burua inguratzen zion bendajea kendu eta Scroogek beheko baraila bular gainean erori zitzaiola ikusi zuenean!

        Scrooge belauniko erori zen, aurpegia eskuekin estaliz.

        — Errukia! —esan zuen—. Mamu beldurgarria, zergatik torturatzen nauzu?

        — Mundutar buruko gizakia! —erantzun zuen Mamuak—, nigan sinesten duzu ala ez?

        — Noski baietz! —esan zuen Scroogek—. Ez zait beste erremediorik geratzen, baina zergatik dabiltza izpirituak lurretik noraezean, zergatik datoz nigana?

        — Gizaki orori eskatzen zaio —erantzun zuen Mamuak— barruan daraman izpiritua atera eta bere kidekoekin nahastea, eta lurreko mugalde guztietan zehar bidaiatzea, eta hau bizi den bitartean gertatzen ez bada, heriotzaren ostean egitea kondenatua izango da. Munduan zehar noraezean ibiltzea kondenatua izango da... O errukarria ni!... parte hartzea debekatua ditudan gauzen lekuko, baina bizitzan konpartitu ahal izan nituenak hauek, zoriontasunean bihurtuz.

        Mamua berriro intzirika hasi zen eta bere kateak astindu zituen eta iluntasunez eginiko eskuak bihurritu zituen.

        — Kateatua zaude —azaldu zuen Scroogek dardaraka—. Esadazu zergatik.

        — Bizitzan landu nuen katea daramat arrastaka —erantzun zuen Mamuak—. Mailaz maila egin nuen, yardaz yarda. Nik neuk estutu nuen, borondate propio eta askeaz, eta borondate propio eta askeaz neurekin eraman nuen. Akaso eredua ezezaguna egitean al zaizu, zuri?

        Scroogek dardara geroz eta gehiago egiten zuen.

        — Edo eta, agian, zuk zeuk daramazunaren pisu eta luzera ezagutzen duzu? —jarraitu zuen Mamuak—. Duela zazpi urte, Eguberri bezperan, hau bezain pisutsu eta luzea zen. Eta ordutik ona lantzen jarraitu duzu. Eta orain guztiz trinkoa da!

        — Scroogek begirada jaitsi zuen, bere inguruko zorua arakatuz, bere burua berrogeita hamar edo hirurogei burdin kable brazaz inguraturik ikustea itxaronez ; baina ezin izan zuen ezer ikusi.

        — Jacob —esan zuen erregutzaile—. Jacob Marley zaharra, gauza gehiago konta iezadazu. Kontsolagarri moduan balioko didan zerbait esadazu, Jacob!

        — Ezin dizut inolako kontsolamendurik eman —oihukatu zuen Mamuak—. Kontsolamendua beste alde batzuetatik dator, Ebenezer Scrooge, eta beste ministro batzuk dira hau transmititzen dutenak, eta beste gizaki modu batzuk hau jasotzen dutenak. Eta gustatuko litzaidaken guztia ezin dizut esan, zeren eta ezer gutxi gehiago uzten didate. Ezin dut atsedenik hartu, ezin naiz geratu, ez didate denbora asko leku batean geratzen uzten. Nire izpiritua ez zen sekula gure negoziotik harantzago joan. Ez ezazu ahaztu!. Bizi nintzenean, nire izpiritua ez zen sekula dirua trukatzen genuen zuloaren muga estuetatik urrundu. Eta oraindik nire nekeek ibili behar duten bidea luzea da!

        Scroogeren ohitura zen, pentsakor zegoen uneoro, eskuak bere galtza motzetako poltsikoetan sartzea. Eta honela egin zuen oraingoan, Mamuak esan zionari buruz gogoeta egiten zuen bitartean, baina begiak zorutik jaso eta aulkitik altxa gabe.

        — Bada, alferrarena egingo zenuen, Jacob —esan zuen Scroogek, negozio gizon baten ahots praktikoaz, baina apaltasun eta begiruneaz.

        — Alferrarena! —oihukatu zuen Mamuak.

        — Zazpi urtez hilda —pentsatu zuen Scroogek ozenki—. Eta gelditu gabe bidaiatuz diozu?

        — Ezta une batez —baieztatu zuen Mamuak—. Atsedenik gabe, bakerik gabe eta beti sumindurak torturaturik.

        — Bidaiatzen azkarra al zara? —galdetu zuen Scroogek.

        — Haizearen hegoetan egiten dut —oihukatu zuen Mamuak.

        — Bada zazpi urtetan lur zati asko ibili ahal izango zenuen —esan zuen Scroogek.

        Mamuak hori entzun eta gero, beste garraxi bat bota zuen, eta kateak era hain beldurgarrian astindu zituen gauaren hilobiko isiltasunean, ze errondak iskanbilatsua izateagatik salatu izanagatik arrazoia izango zuela.

        — O kateaturiko gatibua, era bikoitzean burdinez girgildua! —oihukatu zuen Mamuak—. Izaki hilezkorrek aurrera eramandako zenbat etengabeko ahalegin sekulakoak beharrezkoak diren jakin gabe, zeren eta eginak gauden lohia eternitatera pasa beharko da, ongia egin ezkero eskaintzen zaizkigun aukera handiak guztiz aprobetxa ahal izan ditzagun! Izpiritu kristau guztiek, bere murrizturiko esferan, edozein izanda ere, ongia egin ezkero euren bizitza hilkorra, bere kidekoek baimendua duten bezainbat, zerbitzatzeko laburregia dela aurkituko dutela jakin gabe! Inolako damu neurria, bizitza oso batean zehar alferrik galduriko aukerak ezabatzeko nahikoa izango dela jakin gabe! O, honela izan nintzen ni ! Bizi nintzela honela portatu nintzen!

        — Beti negozio gizon on bat izan zinen bada, Jacob —esan zuen Scroogek ahots ahulez, guzti hori bere buruari atxiki ahal zitzaiola ulertzen hasia baitzen.

        — Negozioak! —oihukatu zuen Mamuak eskuak berriro bihurrituz—. Gizateria zen nire benetako negozioa... guztien ongizatea, karitatea, errukia, bihotz-beratasuna, onginahia! Guzti honek izan beharko zuen nire negozioa, nire ardura. Eragiketa komertzialak, nire lurreko negozioa zen ozeano handian, ur tanta bat besterik ez ziren.

        Kateak bere besoaren hedadura osoan altxa zituen, hura bere atsekabe antzu guztiaren arrazoia izango balitz bezala, eta ondoren berriro bortizki lurraren kontra bota zituen.

        — Pasatzen ari diren urteko egun hauetan da —esan zuen Mamuak—, gehien sufritzen dudanean. Zergatik ibiliko nintzen nire parekoen artean begiak lurrean iltzaturik, begiak Ekialdeko Jakintsuak bizileku pobre horretara bideratu zituen Izar bedeinkatu horretarantz ezta istant batez altxatu barik?Haren argia jarraituz, ni irits nintekeen bizileku pobrerik ez al zegoen?

        Arduragabezia, Mamua bere aienekin jarraitzen zuela ikusirik, Scroogez jabetzen ari zen. Ikarak, ikara oso handiak sentitzen hasi zen.

        — Adi egon zaitez! —oihukatu zuen Mamuak—. Nire denbora amaitzen ari da.

        — Entzungo dizut —esan zuen Scroogek—, baina ez zaitez nirekin gogorra izan! Ez zaitez erretolikekin etorri, Jacob! Maiteen duzunagatik, arren!

        — Ez nuke jakingo azaltzen nola agertu naizen zure aurrean zuk ni ikus ahal izateko moduan, zeren eta askotan, oso maiz, zure ondoan... ikusezin eseri naiz.

        — Ideia ez zen oso atsegina gertatzen, eta Scroogek hotzikara bat eta kopeta estaltzen zion izerdi hotz bat sentitu zuen.

        — Hori ez da nire zigorraren alde arin bat —jarraitu zuen Mamuak—. Gaur gabean oraindik aukera bat geratzen zaizula aditzera emateko etorri naiz, nire moduko patu batetik ihes egiteko itxaropen bat, nik zuretzat lortzeko ahalegina egin dudan aukera eta itxaropen bat, Ebenezer.

        — Beti izan zinen niretzako lagun on bat —esan zuen Scroogek—. Mila esker!

        — Hiru Izpirituen bisita izango duzu —gaineratu zuen Mamuak.

        Hau entzuterakoan, Scroogeren aurpegiak Mamuarenak bezalako adoregabezia islatu zuen.

        — Haiek al dira aipatu dizkidazun aukera eta itxaropena, Jacob? —galdetu zuen Scroogek ahots ahulez.

        — Hain zuzen ere.

        — Bada, pasatzen uztea nahiago nukeela iruditzen zait —esan zuen Scroogek.

        — Bisita hauek gabe —esan zuen Mamuak—, nire kasu berean ikustea saihestuko duen itxaropenik ez zaizu geratzen. Lehenengoa bihar jasotzeko presta zaitez, kanpaiak ordu batak jotzen dituenean.

        — Ezin ahal izango nituzke guztiak batera jaso, eta honela kontu honekin amaitu, Jacob?

        — Bigarrena hurrengo gauean, ordu berean, jasoko duzu. Eta hirugarrena bi gau barru, hamabietako azken kanpaikadak dar-dar egiteari uzten dionean. Ez ezazu ni berriro ikustea itxaron, eta zure onerako, gure artean gertaturikoa ez ezazu ahaztu.

        Hitz hauek esan bezain pronto, Mamuak mahai gainean zuen hil-jantzia hartu eta lehen bezala buruaren inguruan lotu zuen. Scroogek, masailezurrak elkartzerakoan hortzek egin zuten soinuarengatik ulertu zuen. Orduan, begirada berriro altxatzen ausartu zen, eta bere naturaz gaindiko bisitaria bere aurrean zegoela ikusi zuen, zutik, katea korapilaturik eta besotik zintzilikatua.

        Mamua urruntzen hasi zen, atzeraka ibiltzen zen, eta ematen zuen pauso bakoitzeko, leihoa pixka bat zabaltzen zen, honela Mamua hara iritsi zenean hura guztiz irekita zegoen. Mamuak gerturatzeko keinua egin zion, eta Scroogek hala egin zuen, baina, bakarrik bi pausok banatzen zituztenean, Marleyren Mamuak, pauso bat gehiago eman ez zezan aginduz esku bat altxatu zuen. Scrooge gelditu egin zen.

        Eta obedientziaz baino, ezuste eta beldurrez egin zuen, zeren eta Mamuaren eskua altxatzerakoan, Scroogek airean zarata nahasi batzuk entzun zituen; aiene eta damu zarata ulergaitzak; aipaezinak ziren atsekabe eta autosalapen hasperenak. Une batez hauek entzun eta gero, Mamuak bere ahotsa kantu hain goibelera gehitu zuen eta gau hotz eta ilunerantz flotatzen atera zen.

        Scrooge leihora bere atzetik joan zen, desesperatu eta kurioso. Atera zen.

        Airea, presa nekaezinaz, hemendik hara noraezean zebiltzan mamuez beterik zegoen, aieneka egiteari une batez utzi gabe. Guztiak, salbuespenik gabe, Marleyren mamua bezala kateaturik zihoazen; bakar batzuk (agian gobernu errudunak ziren) bata bestearekin kateaturik zeuden; baina ezta bat ere ez zegoen aske. Scroogek hauetako asko, bizi zirenean ezagutu zituen, bereziki txaleko txuri bat eta orkatilan burdinazko kutxa izugarria loturik zeraman mamu zahar bat. Mamu zaharrak kontsolamendurik gabe egiten zuen negar, hor beheran, atari batean, haur batez lagundurik zihoan emakume zorigabe bat ezin zuelako lagundu. Argi ikusten zen guztiei zorigaitza, giza gauzetan parte hartu nahi eta gaitasun hori betirako galdu izanak sortzen ziela.

        Hori bai, izaki guzti horiek lainoan desagertu edo eta lainoak haiek bildu ote zituen Scroogek esan ahal ezin izango zuen zerbait zen. Baina Mamuak eta haien ahots espektralak guztiak batera desagertu ziren; eta gaua lehen izan zena izatera bueltatu zen, Scrooge bere etxera joan zenean bezala.

        Scroogek leihoa itxi eta Mamua sartu zen atea miatu zuen. Itxita aurkitu zuen bi bueltaz giltzapetua, berak bere esku propioez egin zuen bezala; barroteak bere lekuan zeuden. Eta zera oihukatzeko zorian egon zen:

        — Txorakeriak!

        Baina lehen silaba esan baino lehen bere burua geldiarazi zuen. Eta atseden hartzeko behar handia sentitzen zuenez, bai pasaturiko emozioengatik, bai eguneko nekeengatik, bai izan zuen Mundu Ikusezinaren kontenplazioarengatik, bai Mamuaren elkarrizketa ilunarengatik, edo eta berandu zelako, zuzenean ohera joan zen, biluztu gabe, eta berehala lo geratu zen.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Nerea Mujika

 

 

"Charles Dickens / Eguberri kanta" orrialde nagusia