V

 

        Hirugarren aldiz sarrera ukatu diot apaizari. Ez dut ezer hari esateko, ez daukat mintzatzeko gogaitarik, gero ere laster ikusi beharko dut. Mekanismo honi ihes egin, halabeharrak ihesbiderik duen ikus, hori da orain interesatzen zaidana. Ziegaz aldatu naute. Hemendik, ohean etzanda, zerua ikus dezaket eta zerua bakarrik. Zerura begira pasatzen dut eguna, gauaren eta egunaren koloreak nola nahasten diren ikusten. Etzanda, eskuak buru azpian, beti zain. Hamaika bider galdetu diot nire buruari, heriotza-pena fortunatutako inork ihes egin ote dion mekanismo itsu honi. Ba ote den inor heriotza-penari ihes eginik, polizien kateak eten dituenik. Horrelako kasuez ez arduratu izana botatzen nion nire buruari. Ez gara behar adina arduratzen gauza hauetaz. Eta inortxok ere ez daki zer gerta lekiokeen. Egunkarietan zetozen kasuak irakurtzen nituen, beste askok bezala. Baina nik ezagutzen ez nuen liburu askok izan behar zuten, gai honetaz idatzirik. Liburu horietan topa nezakeen, onenean, ihes egiteko moduren bat. Gutxienez ere, behin bederen gurpila geratu zela jakingo nuen orain. Norbaitek izan zuela ihes egiteko suertea. Ezinbestean. Behin aldatu zela gauza, behintzat. Behin! Hori jakitea bakarrik ere aski izango zitzaidan, neurri batean. Nire bihotzak egingo zukeen gainerakoa. Gizartearekiko zorrari buruz mintzatzen ziren egunkariak sarritan. Eta ordaindu beharra zen. Hala zioten. Baina honek ez dio fitsik esaten irudimenari. Ihesbide bat zen baliosena, halabeharra zartatzeko modu bat. Itxaropena pizteko eroaldi bat. Kale ertzean, lasterka, bala batek jotzeko itxaropena, noski. Baina dena aztertuz gero, ez neukan horrelako irtenbiderik, ezin nuen hori ere, makinak harrapatzen ninduen.

        Ezina zitzaidan, hala ere, segurantza hori onartzea. Izan ere, ez zegoen proportziorik juizioaren eta harrezkero gertatutakoaren artean. Bostetan irakurri beharreko sententzia zortzietan irakurtzea, beste sententzia bat izan zitekeela pentsatzea, txapelez aisa aldatzen duten gizonak emana izatea, zehaztasun handirik gabe frantses herriaren izenean ematea. Honek seriotasuna kentzen zion erabakiari, nire iduriko. Hala ere banekien, harrapatu nindutenetixek, horrela behar zuela izan, aurrean daukadan horma bezain ziur.

        Nire aitari buruz amak kontatu ohi zidan gertaera bat gogoratu zait, une honetan. Nik neronek ez nuen ezagutu. Amak esana bakarrik nekien nire aitari buruz: gaizkile baten heriotzaketa ikustea joan omen zen. Ez omen zion onik egiten, baina hala ere joan omen zen. Eta gosari guztia bota omen zuen etxerakoan. Ez nuen konprenitzen aitaren postura, orduan. Orain konprenitzen dut, normala da. Nola ez naiz arduratu orain arte heriotzaketa baten inportantziaz, gizenaren gauzarik interesdunena bera izanik! Inoiz kartzelatik ateratzen banaiz, heriotzaketa denak ikusiko ditut. Baina posibilitate ezina dela uste dut. Posibilitate hutsak ere halako atsegin bat sortzen zidan bihotzean, baina arrazoigabea. Irudimenezko ibilaldi honetatik itzuli naizenean, egundoko hotza sentitu dut eta mantapean ezkutatu naiz, hortzak karraskan.

        Baina ez da posible beti arrazoibidetan ibiltzea. Beste batzuetan lege berriak asmatzen nituen. Irtenbide bat eman behar niola gaitzetsiari, ohartu nintzen. Gauza asko konpon zezakeen milatik irtenbide bakar batek. Eta horrela, hamarretatik bederatzi bakarrik hil zezakeen konbinazio kimiko bat aurkitu behar zela pentsatzen nuen. Eta gaizkile bakoitzak jakingo zukeen hamar posibilitatetik bat bazeukala. Izan ere, ondo pentsatuz gero, hori zen txarrena: irtenbide bakar bat ez edukitzea, bat bakarrik ere ez. Gaizkilearen heriotza behin betikoz erabakia egotea. Kolpe batek huts eginez gero, berriz hasten da, bukatu arte. Eta parte hartzera beharturik dago gaizkilea, bere sententzia betetzen laguntzera beharturik, irtenbide bakar bat ere ez dauka-eta. Dena ondo bukatu beste interesik ez dauka.

        Orain ohartu naiz nik neuzkan ideiak zenbait gauzari buruz ez zirela zuzenak. Luzaz uste izan dut —eta ez dakit zergatik— gillotinara joateko eskailera batzuk igo behar direla. 1789ko matxinadari buruz erakutsi didaten ideia bat dela uste dut. Baina goiz batez egunkari batean agertutako foto batez oroitu naiz eta ez dago horrelakorik. Izan ere, lurrean zegoen makina. Nik uste baino hertsiagoa zen. Ideia xelebreak osatu ohi ditugu beti ezezaguna zaigun hartaz. Oso sinplea dela dena ohartu nintzen: gizonaren neurri berdina du makinak. Zita batera bezala joaten da bat makinarantz. Hori ere ez da egokia. Irudimenari zegokion gainerako guztia.

        Egunsentiz etorriko ziren bila, banekien. Egunsenti horren zain betetzen nituen gauak. Ez dut maite ustekabean harrapatzea. Gerta ahala gerta nahiago dut jakinaren gainean egon. Egunez egiten dut lo pittin bat, eta goiz argiaren zain egon ohi naiz gauez. Mugako orduak ziren txarrenak. Behin gau erdiaz gero zain beti. Sekula ez zuten hainbeste zarata eta hots entzun nire belarriek. Hala ere suertea ukan dut, zeren eta ez dut pauso hotsik sekula entzun. Inor ez dela guztiz zoritxarreko esan ohi zuen amak. Arrazoi nemaion egun berriaren printzak ziegan sartzen ziren bakoitzean. Zeren eta pauso hotsak entzun banitu okerrago izango zen. Ate ondora ninderaman edozein susmok, nire ar nasa entzuterainoko isildadean, egunaren argia zetorren arte. Beste hogeita lau ordu irabazi arte.

        Auziaren errebisioak tentatzen ninduen egunez. Ahal dudan mamirik gehiena atera diot ideia honi. Bi asmabide zemaizkidan ideia honek. Bitan beltzena aukeratzen nuen lehenengo: errebisioa ukatzen zidatela. «Eta hil egin behar». Besteak baino lehen, egia zen. Baina denek dakite bizitzak ez duela bizitzerik merezi. Funtsean, berdintsua da hogeita hamar urterekin edo hirurogeirekin hil. Nolanahi ere beste emakume eta gizon batzuk biziko dira gure ondoren. Milaka urtetan. Garbi dago hori. Ni nintzen hil behar nuena, orain edo hemendik hogei urtetara. Beste hogei urte bizi ahal izate horrek haserretzen ninduen pixka bat. Baina hemendik hogei urtetara gauza bera pentsatuko nuela iruditzen zitzaidan. Behin hilez gero, berdin zen noiz eta nola. Beraz (eta «beraz» honen arrazoibide guzia ez ahaztea zen zailena), beraz, onartu behar nuen errebisioa ukatzea.

        Une honetan, eta une honetan bakarrik, sentitzen nuen, nolabait esateko, bigarren hipotesia pentsatzeko eskubidea: barkamena iristea. Halako poz bat jaulkitzen zidan odolak gorputz guztira. Arrazoitzen saiatu behar izaten dut. Bestela gal nezakeen lehen hipotesia bistatik. Nolabait ere lortzen dut ordubeteren buruan. Bigarren hau kontsideratu beharrekoa zen, baina arrazoiez.

        Honelako istant bat zen, apaizari sarrera berriro ukatu diodanean. Etzanda, uda arratseko zeru urdinari begira nengoen. Ez nuen apaizaren beharrik. Marie etorri zait burura, lehen aldiz aspaldi honetan. Denbora luzea zen ez zidala idazten. Heriotza-penaren azpian dagoen baten maitalea izaten aspertuko zela pentsatu dut. Beharbada, eri dagoela edo hila. Horrela dira gauzak. Berdin zitzaidan Marie-ren oroimena hemendik aurrera. Hila bazen, ez zitzaidan interesatzen. Normala da. Ni hildakoan nitaz jendeak ahazteari normala deritzodan bezalaxe. Ez zeukaten beste zer eginik nirekin. Eta ezin dezaket esan hau pentsatzea gogorra zitzaidanik.

        Hain zuzen ere, une honetan sartu da apaiza. Dardara keinu bat egin dut ikusi dudanean. Ohartu da, eta ez izutzeko esan dit. Bestetan beste ordu batean etorri ohi dela esan diot. Lagun baten bisita dela erantzun dit eta ez zeukala nire errebisioaren berririk. Nire ohean eseri da eta hurbiltzeko eskatu dit. Nik ezetz. Oso itxura biguna aurkitu diot.

        Eseririk, ukabilak belaunetan, burua makur, bere eskuei begira egon da. Oso esku finak bereak. Elkarren kontra igurtzi ditu poliki-poliki. Eta han egon da isilik. Ia ahaztu nintzen han zegoela.

        Bat-batean burua altxa eta aurrez aurre begiratzen zidalarik: «Zergatik arbuiatzen dituzu nire bisitak?» Ez dudala Jainkorik sinesten erantzun diot. Ziur al nagoen galdetu dit. Ez dudala sekula horrelakorik pentsatu erantzun diot. Horma jotzeraino atzeratu du bizkarra orduan. Hala izan arren, ez dela bat beti ziur egoten esan dit, oso poliki. Ni isilik. Berak orduan: «Zer diozu zuk?» Posible dela erantzun diot. Nik ez nekien ziur zer interesatzen zitzaidan, baina bai zer ez zitzaidan interesatzen. Eta justu-justu berak zioena ez zitzaidan interesatzen.

        Ez al den izango itxaropen guztia galdu dudalako esan dit, mugitu gaberik. Ez nagoela desesperaturik erantzun diot. Beldurra neukan eta normala zen. «Jainkoak lagunduko dizu, esan dit. Zu bezala ezagutu ditudan guztiak bereganatu dira». Haien gauza dela pentsatu dut. Horretarako denbora zutelako beharbada. Nik ez neukan denborarik interesatzen ez zitzaidanez interesatzeko.

        Une horretan bere sotana txukundu du. Gero niregana itzuli da «nire adiskide» deitzen zidalarik. Ez omen zitzaidan horrela mintzatzen heriotzaren menpean nengoelako; izan ere, denok geunden heriotzara kondenatuak-eta. Gauza horrek ez nauela batere pozten esan diot. «Egia, esan du. Gaur ez bada bihar hilko zara. Eta leku berean aurkituko zara. Nola aurkeztuko duzu problema izugarri hori?» Une honetan bezalaxe aurkeztuko nukeela beste batean ere, erantzun diot.

        Nik hori esatean, altxatu da eta begiz begi begiratu dit. Ondotxo ezagutzen dut nik joko hori. Askotan egin ohi nuen hori Celeste eta Manuel-ekin eta haiek ziren lehenengo begiak jaisten. Apaizak ere ondo ezagutzen zuen joko hori eta berehala konprenitu dut: bere begiek ez zuten dardararik egiten. Ez eta bere ahotsak ere esan didanean: «Ez daukazu ezeren itxaropenik eta guztiz hilko zaren pentsamenduz bizi al zara» — «Bai», erantzun diot.

        Orduan burua makurtu eta berriro eseri da. Pena ematen diodala esan dit. Eraman ezina dela hori gizon batentzat. Aspertzen hasi naizela sentitu dut. Hormaren kontra jarri naiz, zutik. Zerbait galdetzen hasi zaidala uste dut. Erruki handiz ari dela iruditu zait eta hobekiago entzun diot.

        Auziaren errebisioa onartuko dutela esan dit, baina bekatu handi baten menpean bizi naizela. Gizonen justizia ez omen da ezer, Jainkoarena omen da balio duena. Honek gaitzetsi nauela lehenik agertu diot. Hala ere ez dudala nire bekatua garbitu, erantzun dit. Ez dakidala bekatua zer den esan diot. Erruduna naizela bakarrik erakutsi didatela. Erruduna nintzen eta zorra ordaindu behar nuen; beraz, aski da. Berriro altxatu da. Zutik edo eserita egon beste aukerarik ez zegoen gela estu hartan.

        Lurrera begira nengoen ni. Niregana abiatu da, baina ez da hurbildu. Zerura begiratzen zuen burdina tartetik. «Engainatzen zara, seme, esan dit. Hori ez da aski. Beste zerbait gehiago eska diezazuke norbaitek. — Zer ba? — Ikusteko eska diezazuke. — Zer ikusteko?»

        Bere inguruan begiratu eta ahots nekatu batez erantzun dit: «Sufrimena izerditzen dute harri hauek, badakit. Errukiz begiratu izan diet beti. Baina zuetako miserableenak ere ikusi du Jainkoaren aurpegia ilunpe honetan. Aurpegi hori ikustea eskatzen zaizu».

        Apur bat bizkortu naiz. Aspaldi honetan horma hauei begira nagoela erantzun diot. Ez zegoen hauek bezain ongi ezagutzen nuen inor eta ezer munduan. Beharbada, hasieran bilatu nuela aurpegi bat: eguzkiaren kolorea edo Marie-ren desirkundea. Baina alferrik. Eta orain kito. Hala ere, ez nuen inoren aurpegirik ikusi horma izerditsu haietan. Tristeziaz begiratu dit apaizak. Hormari itsatsia nengoen. Konprenitu ez ditudan hitz batzuk esan ditu eta besarkatzen utziko al diodan galdetu dit, oso presaka: «Ezetz» erantzun diot. Jiratu eta eskuz kurritu du horma poliki, poliki. «Hainbeste maite duzu mundu hau?», esan dit. Ni isilik.

        Han egon da luzaz. Aspergarri zitzaidan egoera hura. Partitzeko esatera nindoakion, niregana itzuli eta ekin dionean: «Ez, ezin diezazuket sinets. Ziur nago beste bizitza bat desiratzen duzula». Baietz erantzun diot, baina aberats izateko desira bezala dela hori eta ez duela inportantziarik. Maila berdineko desirkundea dela. Nola nekusan beste bizitza hori jakin nahi zuen. Eta nik: «bizitza honetaz oroitzeko moduko bizitza bat», eta aski dudala esan diot. Jainkoari buruz mintzatu nahi zuen berriro eta denbora gutxi daukadala esateko egon naiz. Ez neukan denborarik Jainkoarekin galtzeko. Zergatik deitzen «jauna» eta ez «aita» esan dit. Nire onetatik atera nau honek, eta ez dela nire aita erantzun diot: besteekin dagoela bera.

        «Ez, seme, esan du, eskua bizkarrean jartzen didalarik. Ni zurekin nago. Baina zuk ezin dezakezu jakin, bihotz itsua daukazu-eta. Erregutuko dut zure alde».

        Orduan, eta ez dakit zergatik, zerbait lehertu da nire barrenean. Deiadarka hasi naiz, irainka, eta ez erregutzeko esan diot. Irainaren eta atseginaren kutsua zerion nire bihotzetik. Hain segurantzi planta zeukan, ez da hala? Hala ere, bere segurantziak ez zuen balio emakume baten ile batek adina. Ez zeukan bizi zen segurantziarik ere, hildako bat bezala bizi zen-eta. Nik, eskuak hutsik neuzkan nik. Baina nire segurantzia neukan nik, nitaz eta denez, bizitzaz eta zetorkidan heriotzaz. Ez neukan hori baizik. Gutxienez ere, egia hori neukan, berak ni nindukan bitartean. Arrazoi neukan, arrazoi daukat, beti. Era honetan bizi izan naiz eta beste era batean bizi nintekeen. Hau egin dut eta beste hura egin nezakeen. Eta gero? Justifikatuko nintzen une horren zain, egunsenti horren zain betidanik egon banintz bezala zen. Ezerk, ezertxok ere ez zeukan inportantziarik eta ondotxo nekien zergatik. Berak ere bazekien. Etorkizunaren errotik, bizitza sentidu gabe honetan zehar, txistu ilun bat zetorkidan urteen hegaletan, eta txistu honek berdintzen zituen, desegiten zuen bizitzak proposatzen zidana. Zer axola zitzaidan besteen heriotza, ama baten maitasuna, haien Jainkoak, batek hautatzen duen bizitza, eta destinoa, destino batek aukeratu behar baninduen ni neroni eta nirekin milaka pribilejiodun, nire senide deitzen zirenak. Konprenitzen zuen berak? Konprenitzen ote? Denok gara pribilejiodunak. Ez dago pribilejioduna baizik. Besteak ere egun batez kondenatuko dituzte. Bera ere bai, egun batean kondenatuko dute. Zer axola, gizon baten hiltzaile bezala salaturik, amari lurra ematerakoan negarrik egin ez zuelako kondenatzen bazuten? Bere emazteak adina balio zuen Salamano-ren txakurrak. Masson-en emazteak adina erru zeukan emakume ttipi hark eta nirekin ezkondu nahi zuan Marie-k adina. Zer axola Raymond nire laguna bazen? Zer axola Marie beste Meursault bati eskaintzen bazitzaion? Konprenitzen zuen, beraz. Baina dagoeneko kendu dute apaiza eta guardiek eraso didate. Berak, hala ere, baretu ditu eta isilik begiratu dit une batez. Malkoz beterik zeuzkan begiak. Jiratu eta partitu da.

        Bakea aurkitu dut berriro, bera joan denean. Ohe gainean etzan naiz. Lo egin dudala uste dut, zeren eta izarren argiak jotzen ninduen iratzartzean. Mendiko hotsak zetozkidan. Gaueko lur eta gatz usainak freskatu dit burua. Olatu bat bezala sartzen zen nire baitan, uda honetako bake berdin gabea. Une horretan, eta gauaren mugan, sirena hotsa entzun da. Orain berdin zitzaidan munduko partida adierazten zidaten. Lehen aldiz, aspaldi honetan, amari buruz pentsatu dut. Zergatik, bizitzaren azkenean, «senargai» bat hartu zuen konprenitzen dudala, iruditu zait. Zergatik jokatu zuen berriro hastea ere bai. Han ere, bizitzak itzaltzen ziren asilo hartan ere, malenkoniazko uharte bat zen ilunabarra. Heriotzatik hain hurbil, berriz bizitzeko libro eta prest aurkitu behar zuen amak. Inork, inortxok ere ez zeukan haren gain negar egiteko eskubiderik. Ni ere berriro bizitzeko prest sentitu naiz. Amorru honek txarkeria guztiez garbitu banindu bezala, itxaropenez husturik eta izarrez betetako gau honetan, munduko indiferentzia xamurrean sartuko banintz bezala. Zoriontsu izan naizela sentitu dut, eta oraindik ere hala naizela. Dena konpli dadin, eta bakar senti ez nadin, hauxe bakarrik desira dezaket: nire heriotzaketa egunean, ikusle asko izan dadila eta gorroto garrasiz har nazatela.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia