IV

 

        Salatuen aulkian bederen ere, interesante da norberari buruz mintzatzen entzutea. Nire abokatuaren eta fiskalaren eraso aldietan nitaz mintzatzen zen jendea, eta nire ekintzaz baino gehiago nitaz. Ez ziren hain ezberdinak nire abokatuaren eta fiskalaren mintzaldiak. Errudun salatzen ninduen abokatuak, baina erreparo batzuekin. Errudun salatzen ninduen fiskalak eta erreparorik gabe. Zerbaitek kexatzen ninduen. Zerbait esateko gogoa sortu zait behin baino gehiagotan, baina abokatuak geldi arazten ninduen: «Zaude isilik, hobe duzu-eta». Nitaz ohartu gabe zerabiltela arazoa zirudien askotan. Ni gabe egiten zuten dena. Nire iritzirik gabe hautatzen zidaten etorkizuna. Guztien aurrean zerbait esateko gogoa zetorkidan noizbehinka: «Baina zein da hemen salatua? Inportante da salatua izatea. Zerbait esan nahi nuke». Baina ez neukan ezer esateko. Gainera berehalaxe itzaltzen da jendearengan pizten dugun sentipena. Neronek ere berehalaxe ahaztu dut fiskalak sortu didana.

        Aurrez pentsatuta egin nuela nik gizahilketa. Hori da nire ustez, berak frogatu nahi zuena. Eta hala zion: «Jaunak, frogatuko dut eta bi bider frogatu ere. Gertaeraz gertaera batetik, eta gaizkile baten arima psikologiaz bestetik». Ama hilez geroko gertaera guztien laburpen bat egin du lehenik. Nire harrizko bihotza aipatu dut, amaren adina ez jakitea, biharamuneko bainua, Marie, zinema; Fernandel eta neskarekin etxeratzea. «Bere maitalea» esaten zuela ohartu naiz eta neke egin zait konprenitzen, zeren eta niretzat Marie zen. Raymond-en historia aipatu du gero. Berak oso garbi ikusten zuen dena. Txalogarri zen zioena. Raymond-en eskuetan, «morala txarreko» gizon baten eskuetan bere maitalea jartzeko egin omen nuen eskutitza. Nik zirikatu omen nituen arabiarrak hondartzan. Eta Raymond zauritu omen zen. Errebolberra eskatu omen nion Raymond-i. Eta bakarrik itzuli omen nintzen errebolberraz baliatzeko asmoz. Eta pentsatu bezala, arabiarra hil omen nuen. Pixka bat itxaron eta «lana ondo bukatzeko» beste lau tiro bota omen nizkion, poliki eta pentsatuz bezala.

        «Eta horra, jaunak, esan du abokatu jeneralak. Agertu dizuet gertaeren katea. Aurrez erabakirik, hilketa bat egitera gizon hau eraman zuen katea. Berriz diot. Ez baita hilketa normal bat, pentsatu gabeko bat eta giro-inguruak esplikatzen dutena. Gizon hau, jaunak, burutsua da. Entzun diozue, ezta? Badaki erantzuten. Badaki neurtzen. Eta ezin daiteke esan oharkabean obratu duenik».

        Adimentsutzat nindukatela entzuten nuen. Baina ezin nuen konprenitu zergatik gizon normal baten baloreak errudunaren kontra zekartzaten. Honetaz pentsatzen ari nintzen fiskalari entzun diodanean: «Behin ere estutu al da? Sekula ez, jaunak. Auzi honetan ez du behin bakarrik ere damu trazarik agertu». Behatzarekin seinalaturik, erabat xehatzen ninduen une honetan. Eta ez nuen konprenitzen. Baina ezin nion arrazoirik eragotzi. Ez nintzen eginaz damutzen. Egia zen. Baina ezin nuen konprenitu halako amorrurik. Pozik esplikatuko nion bihotzetik bihotzera sekula ez naizela ezertaz damutu. Baina ez zen posible. Ez neukan bihozbera eta borondate oneko agertzeko eskubiderik. Entzuten segitu dut, zeren eta nire arimari buruz mintzatzen hasi da fiskala.

        Ez omen du deus aurkitu nire ariman. Izan ere ez omen neukan nik arimarik, ez gizonari dagokionik, eta are gutxiago moralaren ukiturik. «Ezin dugu gaitzetsi ez daukanaz, baina justizia zaintzeko gaude hemen. Eta areago gizon honen bihotzik ezak gizartea arriskutan jartzen duenean». Nire amarekiko jarrera aipatu du gero. Lehengoa berresan du. Baina luzez mintzatu da, erailketaz baino luzeago. Honela segitu du gero: «jaunak, beste gaizkigintza ikaragarri bat epaitu behar du bihar tribunal honek berak: guraso erailketa bat». Ahulezia gabeko justizia egitea espero zuen. Baina nire sentipen ezak ikaratzen omen zuen gehienik eta ez neukan esateko beldurrik. Bere ama moralki hiltzen duenak, gizon bati bizia kentzen dionak adinako errua izan omen du beti gizartean. Nolanahi ere batak zekarren bestea. «Guztiz sinetsirik nago, jarraitu du fiskalak, ene pentsamena ez dela ausartegia, bihar epaitzeko den guraso-erailketan ere baduela gizon honek nolabaiteko partea, pentsatzen badut. Hau dena begien aurrean dugularik erabaki behar da gizon honen errua». Izerdia lehortu du fiskalak hona iristean. Bere eginkizuna gogorra dela esan du, baina hertsiki beteko duela. Nik ez daukadala zer eginik bere legerik nagusienak desezagutzen ditudan gizarte batean, adierazi du. Eta ez daukadala bihotzeko errukia pizteko eskubiderik, harrizko bihotza daukadala-eta. «Gizon honen bizia eskatzen dizuet, zalantzaren izpirik gabe eskatu ere. Askotan gertatu naiz, nire karreran zehar, heriotza pena eskatu beharrean. Baina sekula ez dut eskatu gaur bezain kontzientzia lasaiarekin, sekula ez dut gaur bezain garbi ikusi, eta ez zait sekula tokatu gaurkoak baino giza sentipen gutxiago duen gaizkilerik».

        Isilaldi luzea izan da fiskala eseri denean. Harritua eta berotua nengoen. Ezer esan nahi al dudan galdetu dit lehendakariak. Mintzatzeko gogoa neukan eta altxatu egin naiz. Arabiarra hiltzeko asmorik ez nuela esan dut, nola edo hala. Defentsa bide txarra hautatu dudala adierazi dit lehendakariak eta nire ekintzaren arrazoiak zehatz emateko. Hitz mordoiloz, eta nire xelebrekeriaz jabeturik, eguzkia mediante hila nuela erantzun diot. Algara egin du jendeak. Bizkarra jaso du nire abokatuak, eta mintzatzeko agindu diote. Luzaz aritzeko adina daukala eta arratsalderako uztea hobe dela adierazi du. Eta hala erabaki du tribunalak.

        Haizagailuak itotzen zuten salako haize epela arratsaldean, juezen abaniko koloredunak lagundurik. Bazirudien ez zuela inoiz bukatu behar nire abokatuak. Une batean jaramon eman diot eta hala zion: «egia da nik hil dudala». Nitaz mintzatzen zen bakoitzean «ni» esaten segitu du aurrerantzean. Harritua nengoen. Zergatik egiten duen hori galdetu diot jendarme bati, eta isiltzeko agindu dit. Geroxeago jendarmeak: «Abokatu guztiek egiten dute hori». Nire izena harrapatzen zidala eta sentidu batean huts bihurtzen ninduela iruditu zait niri. Salatik urruti nengoela ni, uste dut. Xelebrea iruditu zait nire abokatuaren jarrera. Besteak bultzatu nindutela adierazi ondoren, nire arimaz mintzatzen hasi da. Baina fiskalak baino abilidade gutxiago zuela iruditu zait. «Nik ere aztertu dut gizon honen arima, baina fiskal jaunaren ordez nik aurkitu dut zerbait, eta liburu batean bezala irakurri dudala esan dezaket». Gizon ondradua, langilea, nekagaitza, lantokian zintzo, denek estimatua eta miseriapean daudenen laguna naizela irakurri omen du nire ariman. Seme leial bat omen nintzen beretzat, eta etxean gorde omen nuen ama posible zitzaidan bitartean. Etxean baino hobekiago egongo zelakoan eraman omen nuen azkenik asilora. Bere hobe beharrez beti. «Harritua nago asiloa hainbeste aipatu delako, auzi honetan. Izan ere, Estatuak apropos jarritako instituzio bat izanik, neke zait bere izateko arrazoia gutxiesten». Ez da amaren lur emateaz mintzatu. Egun eta ordu luze haietan nire arimari buruz mintzatzen entzunik, halako zorabio batean murgildu naiz.

        Azkenik, eta nire abokatua hizketan ari zen bitartean, izozki saltzaile baten txilina entzun dudala bakarrik gogoratzen naiz. Nire bizitzako oroimen atseginak, berriz izango ez nituenak, etorri zaizkit: udako usaina, maite nuen auzoa, iluntzetako zerua, Marie-ren irria eta soinekoa. Hutsa iruditu zait sala hartan egiten nuena. Lehenbailehen bukatu eta ziegan lo hartzeko gogoa sentitu dut. Apenas entzun ditudan nire abokatuaren azken deiadarrak. Langile ondradu bat ez zezatela heriotzara bidal, minutu bateko deskuidu batengatik, eskatzen zien juezei. Ekintzaren giro-inguruak kontuan izateko eta nahiko zigorra nuela beste munduko kezka. Saioa bukatu da eta bere lekura etorri da abokatua. Eskua ematera etorri zaizkio bere lankideak. «Oso ondo, lagun» esan dio batek.

        Eguna gainbehera zihoan eta eraman errazagoa zen beroa. Iluntzearen goxotasuna sentitu dut, kaletik zetozen zarata-hotsetan. Han geunden denok zain. Nire gauza zen denok itxaroten genuena. Salara begiratu dut. Lehen egunean bezalaxe zegoen dena. Emakume ttipia eta albistari gaztea ikusi ditut. Auzi guztian ez diodala Marie-ri begiratu pentsa arazi dit honek. Ez nuen bera ahantzi, baina baneukan beste egitekorik buruan. Han zegoen Celeste eta Raymond-en artean. Keinu ttipi bat egin dit, «hala ere» esanaz bezala, eta bere aurpegia ikusi dut kezkati eta irritsu. Ez diot erantzun.

        Tribunala etorri da berriro. Zenbait gauza irakurri zaie juezei. «Hiltzaile... aurrez pentsaturik...» eta horrelako zerbait entzun dut. Gela ttipi batera eraman naute, juezak atera direnean. Nire abokatua etorri zait: Behin ere baino adiskideago mintzatu zait. Urte batzuetako kartzelarekin libratuko naizela esan dit. Sententzia desegokia balitz, goragoko tribunal bat eska al daitekeen galdetu diot. Ezetz erantzun dit. Tribunalarekin hobekiago geratzeko erabili omen du taktika hori. Gainera ez omen da nolanahi egiten hori. Arrazoizkoa iruditu zait bere iritzia. Bestela kontu asko izango litzateke. «Sententzia egokia izango dela espero dut», «eta azken kasuan errebisioa legoke».

        Luzaz egon gara zain, hiru ordu laurden inguru uste dut. Tinbre bat jo dute denbora horren buruan. «Erantzunak irakurtzera doa tribunaleko burua. Sententzia ematerakoan deituko dizute». Hori esan eta joan da abokatua. Ate hotsak entzun ditut. Jendea eskaileratan. Gero ahots astun bat zerbait irakurtzen salan. Beste tinbre bat jo dute. Salako atea ireki da eta hango isildadeak harrapatu nau. Niri begira albistari gaztea. Ez dut Marie-ren aldera begiratu. Ez dut denborarik ukan, lepoa moztuko didatela plaza baten erdian eta Frantziako herriaren izenean esan dit lehendakariak. Orduan konprenitu dut aurpegietan nabarmentzen zen sentipena. Errukia zela uste dut. Oso leial zeuden jendarmeak. Bere eskua jarri dit bizkarrean abokatuak. Ez nuen pentsatzen. Zerbait esatekorik dudan galdetu dit lehendakariak. Pentsatu dut. «Ezetz» esan diot. Eta orduan eraman naute.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia