III

 

        Udak ekarri duela uda esan dezaket, funtsean. Banekien lehen bero aldiak ekarriko zutela berriren bat niretzat. Tribunaleko azken saiorako eskribitua zegoen nire arazoa eta ekainaren buruan bukatuko da saio hori. Bete-beteko eguzkia zen saioa ireki zutenean. Bizpahiru egun baizik ez zuela iraungo aitortu dit abokatuak. «Gainera, presaka ibiliko omen dira, zeren eta nirea baino arazo garrantzitsuagorik ba omen dute. Guraso-hilketa bat omen dago nirearen ondoren».

        Goizeko zazpi t'erdietan etorri zaizkit bila eta justizi etxera eraman naute. Sala ilun batean sartu naute bi jendarmek. Zain egon gara ate baten ondoan, eserita. Hitz-hotsak eta aulki-zaratak zetozen ate atzetik. Festatan, kontzertua bukatu ondoren dantzarako prestatzen den sala neritzon hari denari. Tribunalari itxaron beharrak ginela esan dit jendarme batek, zigarro bat eskaintzen zidalarik. Ez diot hartu. «Beldurra al dudan» galdetu dit geroxeago. Ezetz erantzun diot. Areago, juizio bat ikusteko gogoa neukan, neurri batean. Lehenengoa nuen nire bizitzan: «Bai, esan du beste jendarmeak, baina laster aspertzen da bat».

        Alditxo bat geroago tinbre bat jo dute. Esposak kendu dizkidate orduan. Atea ireki eta salatuen lekuan sarrarazi naute. Gainezka zegoen sala. Pertsiana tartetik zelatan zegoen eguzkia eta bero zen jadanik. Leihoak itxita zeuden. Jendarmeen erdian eseri naiz. Aurpegi pila bat ikusi dut nire aurrean, denak niri begira: juezak zirela pentsatu dut. Ezin dut esan zertan bereizten ziren elkarrengandik. Hauxe sentitu dut: tranbia batean sartu naizela eta niri begira neuzkala bidari anonimo guztiak, zer xelebrekeria egingo. Badakit ideia txoro bat zela, zeren eta hemen ez zuten xelebrekeriarik bilatzen, gaizkilea baizik. Hala ere, diferentzia ez zen handia eta nolanahi ere ideia hori etorri zait burura.

        Harritua nengoen sala bitxi hartan hainbeste jende ikusirik. Pretoriora begiratu dut eta ez dut inor ezagutu. Une honetan ohartu naiz ni ikusi nahirik zebiltzala denak. Orain arte, ez zen inor nitaz arduratu ohi. Beraz ni nintzen iskanbila haren eragilea. «Jende asko e!» esan diot jendarmeari. Egunkariak mediante dela esan dit, eta juezen inguruan zegoen talde bat erakutsi. «Horra hor» esan dit. Eta nik: «nor?». Berak: «egunkariak». Albistari batek ezagutzen zuen eta guregana abiatu da hau. Inorkikoa eta adinekoa zen. Eskua eman dio jendarmeari. Klub batean bezala mintzatzen zirela denak ohartu naiz istant honetan. Arrotz batek bezala, bere mundutik at aurkitu dut nire burua. Hala ere hitza eman dit albistariak. Dena ondo ateratzea espero duela esan dit. Eskertu diot eta berak: «badakizu, erruz astindu eta barreiatu dugu zure arazoa». «Egunkarien sasoirik gizenena uda da. Eta ez zegoen beste ezer baliosik, zure arazoa eta guraso-hilketa hori salbu». Albistarien taldean zegoen gizon ttipi, antoju belzdun bat erakutsi dit gero. Parisko egunkari batek bidalia dela esan dit: «Ez da zuregatik etorri. Baina guraso-hilketa horren berriak jasotzera etorri denez gero, zureak ere aipatzeko esan zaio». Berriro eskertu behar ukan diot. Xelebrekeria bat dela pentsatu dut. Keinu bat egin digu eta joan da. Zain egon gara oraindik istant zenbaitez.

        Lagunez inguraturik heldu da nire abokatua, toga soinean. Eskua eman die albistariei. Tinbre bat entzun da eta nor bere lekuan eseri. Niregana etorri zait abokatua, eskua eman eta erantzunetan labur izateko esan dit. Eta konfiantza guztia bere gain jartzeko.

        Aulki bat atzeratu da nire ezkerretan eta gizon handi bat ikusi dut, gorriz jantzirik, eta antojuak eskuan. Fiskala zen. Tribunala datorrela adierazi du atezain batek. Haizagailu bi hasi dira lanean. Hiru juez, bi beltzez eta bat gorriz, mahai burura hurbildu dira, papera pila bat besapean dutelarik. Erdiko aulkian eseri da gorriduna, bere aurrean birretea utzi, sudur-zapia aurpegitik pasatu eta juizioa hasi dela adierazi du.

        Eskuan luma harturik zeuden dagoeneko albistariak. Indiferentzi planta berdinak bereizten zituen guztiak. Haietako batek, besteak baino gazteago, gorbata urdinarekin, luma utzi eta niri begiratzen zidan. Bere begiak bakarrik nekuszkien bere aurpegi asimetrikoan. Niri begiratzen zidan goitik behera. Nire buruari neronek begiratzen niola iruditu zait. Beharbada horregatik eta baita ere hango usadioak ezagutzen ez nituelako, ez dut ondo segitu ondorengoa: juezen izendatzea; abokatuari, fiskalari eta tribunalari lehendakariak egindako galderak; nire salaketaren agerïa irakurtzea (leku eta pertsona ezagun asko azaltzen zen hemen) eta abokatuari berriro egindako galderak.

        Lekukoen aitormena hasteko agindu du lehendakariak. Izen asko irakurri du atezainak eta harriturik geratu naiz. Han ikusi ditut asiloko direktorea eta atezaina, Thomas Perez zaharra, Raymond, Masson, Salamano eta Marie jende artetik ateratzen. Keinu larri bat egin dit Marie-k. Une honetan Celeste ikusi dut, bere izena entzun duenean altxatzen. Restoranteko emakume ttipia eta ona zegoen bere ondoan, niri begirik kendu gabe. Baina ez dut pentsatzeko astirik ukan, zeren eta mintzatzen hasi da lehendakaria. Benetako eztabaidak hastera zihoazela esan du eta alferrikako zeritzala baketsu egoteko eskatzeari. Bera ez omen zegoen baten edo besteren aldeko gauzak gertatu bezala aztertzeko baino. Justiziaren zerbitzutan emango zuten sententzia eta hori bai, iskanbilarik sortuz gero, kanpora botako zituen denak.

        Geroz eta beroago zen eta egunkariaz egiten zuten haize ikusleek. Halako paper-hots bat sortzen zuen honek. Keinu bat egin du lehendakariak eta hiru abaniko ekarri ditu atezainak. Berehala hartu dituzte hiru juezek eta erabiltzen hasi.

        Segituan hasi da nire interrogatorioa. Patxadatsu galdetu dit lehendakariak, eta bihozpera xamar ere, uste dut. Nire izen-deitura galdegin didate berriro eta egokia iruditu zait, nahiz eta gogaikarri izan, zeren eta desegokia litzake gizon baten ordez beste bat juzkatzea. Gero, nire ekintzaren berri ematen hasi da lehendakaria eta hiru frase ere niregana zuzentzen zen galdetzeko: «Horrela dea?» Eta nik aldioro: «Bai, lehendakari jauna», nire abokatuak hala agindurik. Luze joan da hau guztia, zeren eta oso motel mintzatzen zen lehendakaria. Idatzi eta idatzi ari ziren albistariak. Sarritan begiratzen zidan haietako gazteenak. Lehendakariari begira zeuden denak. Eztul bat edo beste egin du eta niregana zuzendu da lehendakaria, eskuko paperak utzi gabe.

        Itxuraz nire arazoarekin zer ikusirik ez duen zenbait gauza ukitu behar zituela esan dit baina premiazko zirela funtsean. Berehala jabetu naiz amari buruz mintzatzera zihoala, eta gogaikarri egin zait. Ama asilora zergatik eraman nuen galdetu dit. Etxean edukitzeko eta zaintzeko behar adina dirurik ez nuelako, erantzun diot. Gogor egin al zitzaidan galdetu dit gero. Amak eta nik ez genuela elkarrengandik ezer espero (ez eta ere beste inorengandik) erantzun diot, eta laster ohitu ginela biziera berrira. Ez duela honetaz beste galderarik esan du lehendakariak, eta beste galderarik duen galdetu dio fiskalari.

        Niri atzealdea emanik zegoen fiskala, eta niregana itzuli ere gabe, zerbait galdetzeko baimena eskatu dio lehendakariari. Arabiarra hiltzeko asmoz itzuli al nintzen berriro iturri aldera, jakin nahi zuen. «Ez» erantzun diot. «Orduan, zergatik zeunden armatua eta zergatik itzuli zinen leku hartara?» Halabeharra mediante, esan dut. Eta fiskalak maltzurki: «besterik ez dut oraingoz». Gerokoa oso nahasia izan da niretzat, behintzat. Istant batzuen buruan, saioa bukatu dela esan du lehendakariak eta bazkalondoan izango dela lekukoen aitormena.

        Ez dut pentsatzeko astirik ukan. Kartzelara eraman naute presoen autoan eta han bazkaldu dut. Oso nekatua nagoela ohartu naiz, bila etorri zaizkit, eta goizeko sala berean, aurpegi berdinen aurrean aurkitu naiz berriro. Lehen baino beroago zen orain eta abanikoz horniturik zeuden juezak, abokatua, fiskala eta albistari zenbait. Niri begira beti albistari gaztea eta emakume ttipia. Izerdia lehortu dut eta asiloko direktoreari deitzean jabetu naiz non eta nola nengoen. Nire ama nitaz kexatzen al zen galdetu diote. Baietz, kexatzen zela, baina asiloko guztiak bezala, erantzun du. Asilora eraman nuelako kexatzen al zen galdetu dio lehendakariak, eta baietz erantzun dio direktoreak, besterik gabe. Amari lurra emandako egunean nire patxadak erruz harritu zuela, erantzun du, beste galdera bat egin diotenean. Patxada hitzarekin zer esan nahi duen galdetu zaio. Ez nuela ama ikusi nahi izan, ez nuela negarrik egin eta berehala partitu nintzela erantzun du, lurrera begira. Beste gauza batek ere harritu omen zuen: amak zenbat urte zuen ez jakiteak. Nitaz ari al den galdetu dio lehendakariak. Direktoreak ez zuen konprenitzen zer esan nahi zuen, eta «legezko galdera bat» dela esan dio besteak. Beste galderarik egin nahi dion galdetu dio fiskalari eta honek oso harro: «ez, aski da». Aspaldi honetan lehen aldiz negar egiteko gogo tentela etorri zait, zeren eta gorrotagarri zitzaidan jende hura.

        Tribunalari eta nire abokatuari beste galderarik duten galdetu ondoren, atezainari deitu dio lehendakariak. Zeremonia berdina honekin ere. Niri begiratu dit eta begiak jaitsi ditu. Egindako galderei erantzun die. Ez nuela ama ikusterik nahi esan du. Zenbait zigarro erre nituela, lo egin nuela, eta kafesnea hartu. Zerbaitek mugitu du sala osoa eta lehen aldiz konprenitu dut errudun naizela. Bi bider esan arazi diote kafesnearen eta zigarroen kontua. Begi maltzurrez begiratu dit abokatu jeneralak. Berak erre al zuen galdetu dio nire abokatuak atezainari. Baina bortizki altxatu da fiskala: «Zein da hemen gaizkile eta zer dira metodo horiek, lekukoak zikintzeko manera horiek, bere aitormena ez baliatzeko!». Hala ere erantzuteko agindu dio lehendakariak atezainari. Orduan agureak nolabait: «Badakit gaizki egin nuela. Baina ez nintzen ausartu eskainitako zigarroa ukatzen». Horretaz beste esatekorik neukan galdetu dit eta nik: «Ez, egia dio. Nik eskaini nion zigarroa». Harriturik eta eskerturik bezala begiratu dit atezainak. Zalantzan egon ondoren, kafesnea berak eskaini zidala esan du atezainak. Juezek neurtuko dutela deiadar egin du nire abokatuak. Eta fiskalak bortizki: «Bai, juez jaunek neurtuko dute. Arrotz batek kafea eskain dezakeela erabakiko dute, baina seme batek ukatu behar duela berari bizia eman zion gorputzaren aurrean ere aitortuko dute». Bere lekura joan da atezaina.

        Beste baten anparoan etorri da Thomas Perez, bere txanda tokatu zaionean. Nire ama ezagutzen zuela eta lurra emateko egunean bakarrik ikusi ninduela esan du. Egun hartan zer egin nuen galdetu diote, eta berak: «Badakizue, oso triste nengoen neroni ere. Beraz, ez dut ezer ikusi. Penak galarazten zidan ikusten. Eta gainera, mareatu egin nintzan. Beraz, ez dut ikusi». Negar egiten ikusi al ninduen galdetu dio abokatu jeneralak. Ezetz erantzun du. Fiskalak orduan: «Juez jaunek neurtuko dute». Biziki haserretu da nire abokatua, eta bortizki galdetu dio Perez-i: «ikusi al zuen ez nuela negarrik egiten». Eta Perez-ek: «Ez». Barre egin du jendeak. Eta nire abokatuak oso prestuki: «Horra, juizio honen irudia. Dena da egia eta ezer ez da egia!». Aurpegi zorrotza zeukan fiskalak eta lumarekin ari zen paperetan.

        Bost minutuko tartea izan dugu eta oso ondo doala esan dit nire abokatuak. Celeste-ri deitu diote gero, defentsarako. Nire alde egiteko. Noiz behinka begiratzen zidan. Igandeetako traje berria zuen soinean. Zaldi-karreratara nirekin joateko janzten zuena.

        Bere bezeroa al nintzen galdetu diote. «Bai, eta gainera laguna nintzela» erantzun du. Zer pentsatzen zuen nitaz, eta gizon bat naizela esan du. Zer esan nahi duen horretaz galdetu diote eta mundu guztiak dakiela erantzun du. Itxia al nintzen galdetu diote, eta ez nuela hitz egiten ezer esatekorik ez nuenean, erantzun die. Zuzen ordaintzen al nion galdetu diote. «Gure arteko gauza dela» erantzun du. Zer pentsatzen zuen nire txargintzaz eta aurrez prestatutako zerbait jaurtitzen hasi da: «Nire ustez, zoritxar bat da. Denok dakigu zer den zorigaizto bat. Defentsarik gabe uzten gaitu. Niretzat, hori da, zorte tzar bat». Aurrera segitu nahi zuen, baina aski dela esan dio lehendakariak eta eskertzen zaiola. Beste zerbait esan nahi zuela adierazi du. Llabur izateko esan diote. Zoritxar bat dela esan du berriro. «Bai», erantzun dio lehendakariak, «baina horrelako zoritxarrak juzkatzeko gaude gu. Eskertzen zaizu. Bere jakinduria eta borondate guztia bukatu zaizkionean niregana itzuli da Celeste. Begiak dirdiratsu eta ezpainak dar-dar zituela iruditu zait. Beste ezer egin zezakeen galdetuko bazidan bezala. Ez dut ezer esan, ez naiz mugitu, baina gizon bat besarkatzeko gogoa sentitu dut lehen aldiz. Aski duela esan dio lehendakariak berriro. Bere lekura joan da, jende artera. Han gelditu da ukalondoak belaunetan jarririk, aurrera makurtuta, gerokoa entzuten. Marie-ren txanda zen ondoren. Sonbreiru bat zuen buruan eta ederra zirudien. Baina maitagarriago zitzaidan sonbreirurik gabe. Bere bular arinak sumatzen nituen nengoen lekutik. Urduri zegoen. Noiztik ezagutzen nauen galdetu diote berehala. Nire bulegoan lana egiten zuen garaia adierazi du. Nirekin zer harreman zituen galdetu dio lehendakariak eta lagunak ginela erantzun dio. Esposatzekoak ginela erantzun du beste galdera batean. Noiz hasi zen gure lokarria galdetu dio fiskalak bat-batean, paperak ikusmiratu ondoren. Zein egun zen esan dio Marie-k. Ama hilobiratutako biharamuna zela egun hori iruditu zaio fiskalari eta hala adierazi du maltzurkeriaz. Gai delikatua zela hori (batez ere Marie-rentzat) baina bere betebeharrak bultzatzen duela adierazi du. Labur bederen esateko, egun hartan zer egin genuen, eskatu dio Marie-ri. Honek ez zuen esan nahi, baina berriz eskatu diote, eta bainutik zinemara eta handik nire etxera nola joan ginen agertu die. Zeren filma ikusi genuen galdetu dio abokatu jeneralak. Fernandel-en filma bat ikusi genuela esan du Marie-k. Ez zen txintik ere entzuten salan, Marie-k bukatu duenean. Fiskala altxatu da, orduan, eta behatzarekin ni seinalaturik esan du: «Juez jaunak, amaren heriotza biharamunean bainatu, neska batekin hala moduz portatu, eta zinemara joan zen gizon hau, komeria bat ikustera. Ez dut beste esatekorik». Eta eseri da, isildadean. Bat-batean negarrari eman dio Marie-k. Ez zela hori, beste zerbait bazegoela, berak nahi ez zuena esan arazten ziotela, ondotxo ezagutzen ninduela eta ez dudala ezer txarrik egin esan du. Baina atezainak atera du, lehendakariak, agindurik eta aurrera segitu du saioak.

        Masson-i entzun diogu gero eta gizon zintzoa, «areago, gizon jatorra naizela» esan du. Masson-i baino ere jaramon gutxiago egin zaio Salamano zaharrari. Bere txakurrarekin oso ondo portatu naizela esan du honek eta ez neukala ezer amari esateko. Horregatik eraman nuela asilora. «Konprenitu behar da, zioen, konprenitu behar da». Inork ez zion konprenitzen. Bere lekura eraman dute.

        Raymond-en txanda etorri da gero. Hau zen azkeneko lekukoa. Keinu ttipi bat egin dit eta ez dudala errurik esan du. Ez diotela iritzirik eskatzen, gertaerak baizik esan dio lehendakariak. Galdetutakoari erantzuteko erregutu dio. Arabiarrekin zituen harremanak esplika arazi diote. Bera gorroto zuela arabiarrak, esan du Raymond-ek, zeren eta haren arreba berak zigortu zuela. Ni gorrotatzeko arrazoirik bai al zuen arabiarrak galdetu zaio. Halabeharrez gertatu nintzela ni hondartzan erantzun du. Hasierako eskutitza nik idatzia zegoela esan du fiskalak. Halabeharra aipatu du berriro Raymond-ek. Halabeharrak kalte handiak egin dituela auzi honetan esan du fiskalak. Zertatik bizi den galdetu dio gero Raymond-i eta «dendari» dela erantzun dio. Gauza jakina dela emaztekien gain bizi dela adierazi du orduan abokatu jeneralak. Eta bere laguna nintzen ni. Moralaren kontrako gaizkileak ginen, beraz. Zerbait esaten hasi dira Raymond eta nire abokatua, baina isiltzeko agindu diete fiskalak bukatu arte. Eta fiskalak: «ez dut ezer asko esateko. Zure laguna al zen?» galdetu dio Raymond-i. «Bai, erantzun dio honek, nire laguna zen». Gauza bera galdetu dit niri abokatu jeneralak. Eta nik: «Bai». Fiskalak juezei begira: «Amaren heriotza biharamunean lotsagarrikeriak egin zituen gizonak beste bat hil du, arrazoirik gabe eta haien ohitura eta bizibide txarrak ezkutatzearren».

        Fiskala eseri da. Nire abokatua altxatu da, eta eskuak aldean, deiadarka ekin dio: «Zein da akusamendua, amari lurra ematea, ala gizon bat hiltzea?» Barre egin du jendeak. Bi gertaera horiek elkarri sakonki lotuta eta itsatsita daudela esan du fiskalak. Lokarri patetiko batek lotzen dituela biak. «Bai, esan du fiskalak, gaizkile baten bihotzarekin ama hilobiratutako akusamendu degiot gizon honi». Jendearen bihotzak ukitu ditu honek. Sorbalda jaso eta izerdia lehortu du nire abokatuak. Koloka zirudien eta gauzak gaizki zihoazela konprenitu dut.

        Saioa bukatu da. Uda arratseko usaina sentitu dut, justizi etxetik aterata automobilean sartzerakoan. Herriko hots ezagun guztiak aurkitu ditut banaka-banaka kartzelako ilunpean. Egunkari saltzaileenak, txorienak, sandwich saltzaileenak, tranbien tarratekoa eta zeruaren marmar arina. Atsegin zitzaidan hau dena kartzelan sartu aurretik. Ordu honetan pozik sentitzen nintzen. Eta gero lo erraza. Baina zerbait aldatu da, zeren eta ziegan aurkitu naiz. Zeruko bideek ametsetara bezainbat kartzelara eramango balute bezala.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia