I

 

        Interrogatorio asko egin didate, preso altxatu ondoren. Baina nor nintzen jakiteko ziren eta motzak, beraz. Lehenengo unean, bazirudien ez zitzaiola inori interesatzen nire arazoa, komisarian. Zortzi egun geroago, interesaturik bezala begiratu dit juezak. Hasteko, izena eta zuzenbidea galdetu dit. Ogibidea, non eta noiz jaioa naizen, gero. Abokaturik hautatu dudan jakin nahi zuen. Ezetz erantzun diot eta beharrezkoa al den bat hartzea galdetu. «Zergatik?» esan du. Ene arazoa oso sinplea dela erantzun diot. Barrez erantzun dit: «Iritzi bat da. Hala ere hor dago legea. Zerorrek hautatzen ez baduzu, ofizioko bat jarriko dizute». Oso egokia dela iruditu zait gauza horiez justizia arduratzea. Eta hala esan diot. Baietz esan dit berak ere eta legeak ondo eginda daudela aitortu du.

        Hasieran, ez dut serioski hartu. Pertsiana bateko gela batean errezibitu nau. Lanpara bat zegoen haren lan-mahaiaren gainean eta ni eseri arazi nauen butakara jotzen zuen argiak, bera ilunetan gorderik. Honen antzeko zerbait irakurria nuen liburu batean eta jolas bat iruditu zait. Besterik zen elkarrizketa bukatzean, zeren eta traza fineko gizon bat ikusi dut, begi urdinduna, handia, bibote grisa eta ile zurikatuak ugari. Gizon egokia eta arrazoizkoa iruditu zait, bere nerbio-keinu batzuk aparte. Ateratzerakoan, eskua ematea nindoakion, baina garaiz ohartu naiz gizon bat hil dudala.

        Biharamunean abokatu bat etorri zait kartzelara. Ttipia zen, aski gazte eta ileak egoki orraztuta. Bero zen arren (alkandora hutsean nengoen ni) oso jantzi iluna zuen eta gorbata bitxi bat, arraia zuri-beltzekoa. Ohe gainean utzi du besapean zekarren kartera, presentatu da, eta aztertu duela nire sumarioa esan dit. Nire arazoa zaila zen baina ondo aterako zuen, konfiantza osoa ematen banion. Eskerrak eman diot eta berak orduan: «Goazen harira».

        Ohean eseri da, eta nire bizitzari buruz zerbait jakin dutela esan dit. Ama hil berria dudala jakin omen dute. Inkesta bat egin omen dute Marengo-n. Amaren hilobiratze egunean «oso sentimendurik gabeko» agertu nintzela esan omen diote. «Badakizu, gaitzi zait hau dena zuri galdetu beharra. Baina inportantzia handikoa da. Eta gure kontrako argumentua litzateke hau, erantzuna prestatu ezean». Nik laguntzea nahi zuen. Egun hartan penarik sentitu nuen galdetu dit. Erabat harritu nau galdera honek. Nire burua aztertzeko ohitura galdua dudala eta ez nukeela jakingo erantzuten, esan diot. Bistan da maite nuela ama, baina honek ez du ezer esan nahi. Pertsona guztiek deseatu dute inoiz edo behin maite dituztenen heriotza. Isiltzeko agindu dit abokatuak. Hau ez diola inori esango agindu dit. Nire gorputz-beharrak sentimenduen gainetik daudela askotan esan diot. Hala naizela naturalezaz. Amari lurra eman genion egunean, nekatua nintzen eta logura nuen. Ez naiz ohartzen zer gertatu zen ere. Gauza bat nekien guztiz seguru: nahiago nuela ama hil ez balitz. Baina haserre xamar zegoen nire abokatua. Eta esan dit: «Hori ez da aski».

        Pentsatzen egon da. Egun hartan nire sentimendu naturalak dominatu nituela esan lezakeen galdetu dit. Eta nik: «Ez, gezurra da-eta». Arrotz begiratu dit. Nolanahi ere asiloko direktorea eta jendea izango direla lekuko eta «horrek gal nintzakeela» esan dit. Horrek ez duela ezeren ikustekorik nire arazoarekin esan diot. Justiziako gauzak nola diren ez dakidala erantzun dit.

        Haserre partitu da. Berarekin adiskidetzea nahi nuen, ez hobekiago defendi nezan, naturalki baizik. Estutasun txarrean jarri dudala pentsatu dut. Ez ninduen konprenitzen. Besteak bezalakoa nintzela esateko gogoa neukan, beste guztiak bezalakoxea. Baina honek guztiak ez zuen axolarik, funtsean.

        Geroxeago, juezarengana eraman naute berriz. Eguerdiko ordu-biak ziren eta argiz beteta zegoen gela. Bero zen. Esertzeko esan dit eta nire abokatuak, «aldrebeskeria bat mediante», ez duela etortzerik izan adierazi. Baina eskubide osoa nuela abokatua etorri arte ezer ez erantzuteko. Neronek bakarrik erantzungo diodala esan diot. Tinbre batek jo du, eskribitzaile gazte bat sartu da eta nire alboan jarri.

        Galdeketa hasi da. Oso isila eta bitxia naizela diotela, eta zer pentsatzen dudan horretaz nik, galdetu dit. Nik: «Sekula ez dut gauza handirik esateko. Beraz, isilik egoten naiz». arrazoi nuela ezagutu du eta gero: «Gainera, honek ez du inportantziarik». Isilik egon da, begiratu dit eta kartsuki esan: «Zeuk duzu inportantzia, zeuk». Ez dut konprenitu zer esan nahi zuen eta isilik geratu naiz. «Konprenitzen ez dudan gauza asko, zure posturan. Lagunduko didazula uste dut». Oso sinplea dela erantzun diot. Igandean gertatua kontatzeko agindu dit. Berriro kontatu diot: Raymond, hondartza, bainua, borroka, hondartza berriro, iturri ttipia, eguzkia eta bost tiroak. Frase bakoitzari, «bai, bai» eransten zion. Azkenera iritsi naizenean; «ondo» esan du. Nekatua nintzen hainbestez mintzatzen eta sekula ez dudala horrenbeste hitz egin iruditu zait.

        Altxatu da eta niri laguntzea nahi duela esan dit. Oso interesatzen natzaiola eta Jainkoaren laguntzaz zerbait egingo duela nire alde. Beste galdera zenbait egin nahi zidan oraindik, Ama, maite al nuen galdetu dit. Eta nik: «bai, denak bezala». Eskribitzailea nahastu egin da nonbait eta berriro idatzi behar izan du. Bost tiroak segidan bota al nituen galdetu dit gero. Pentsatu beharra izan dut. Lehenik bat, eta istant batzuk geroago beste lauak bota nizkiola erantzun diot. «Zergatik tarte hori?», galdetu dit. Eguzkiaren kiskaldura sentitu dut bekokian. Oraingoan ez diot erantzun. Bere onetatik atera da jueza. «Zergatik, zergatik bota zenion lurrean zegoen gorputzari?» Nik erantzunik ez. Berriro juezak: «Zergatik? Esan ezazu. Zergatik?» Ni isilik.

        Bat-batean altxatu da, bulego ertzeraino joan eta tiradera bat ireki du. Gurutze bat atera eta niregana etorri da. Hitzek dar-dar zegiotelarik, deiadar egin du: «Ezagutzen duzu hau?» Nik: «bai, noski». Oso agudo eta kartsuki, berak sinesten duela Jainkoa esan dit; Jainkoak denei barkatzen diela zernahi eginik ere, baina horretarako haurrak bezala izan behar genuela. Gurutzea jasotzen zuen. Egia esateko, ez dut ondo segitu bere arrazoibidea. Batetik oso bero zelako eta euliak aurpegira zetozkidalako; beldur apur bat ematen zidalako, bestetik. Hala ere oso xelebrea iruditu zait, zeren eta ni nintzen gaizkilea, azken kasuan. Gauza bat ez zuela konprenitzen pentsatu dut: zergatik itxaron nuen bigarren tiroa botatzeko. Gainerakoa garbi zegoan baina hori ez.

        Horrek ez zuela inportantziarik esateko asmoa nuen, baina ez dit astirik eman eta Jainkoa sinesten dudan galdetu dit. Ezetz erantzun diot. Amorruz eseri da. Ez dela posible esan dit, gizon guztiek sinesten dutela-eta, uste izan ez arren. Hor zegoen bere gakoa eta hori gabe ez zuen zentzurik bere bizitzak. «Nire bizitzak ez duela zentzurik uste duzu?» Niretzat ez zuen inportantziarik eta hala esan diot. Gurutzea aldean, niregana hurbildu da eta deiadar egin: «Ni kristaua nauk. Barkamena eskatzen zioat honi. Nola ez sinetsi, hiregatik hainbeste sufritu eta gero?» Hika ari zitzaidala ohartu naiz. Aski nuen. Beroa handiagotuaz zihoan. Norbaiti entzuteko gogorik ez dudanean, baiezko-itxura jartzen dut eta orduan berak, irabazi balu bezala: «Ikusten duk, ikusten? Egia sinesten duala eta barkamena eskatuko dioala?» Ezetz esan diot berriro. Butakan erori da.

        Nekatua zirudien. Isilik geratu da, makinak azken hitzak eskribitzen zituen bitartean. Triste begiratu dit gero. «Ez diat horren arima gogorrik ikusi, esan du. Hona etorri diren gaizkile guztiek egin ditek negar gurutze honen aurrean». Gaizkileak zirelako zela, erantzun nahi nion, baina haiek bezalakoa naizela pentsatu dut. Hala ere neke zitzaidan honetaz jabetzen. Jueza altxatu da eta interrogatorioa bukatu dela adierazten zuen. Kondenagarri baino gehiago konplikagarri zaidala erantzun diot, pentsatu ondoren. Ez zidala konprenitzen zeritzan, baina horretan geratu da dena.

        Harrezkero sarritan ikusi dut jueza. Baina abokatuak lagundurik, beti. Xehetasun batzuk bakarrik emateko izaten zen. Baina ez ziren nitaz arduratzen. Interrogatorioak aldatuaz joan dira. Nire arazoa jadanik klasifikatua zegoela esan zitekeen. Ez dit gehiago Jainkorik aipatu eta ez da gehiago lehenengo egunean bezala berotu. Gure hartu-emanak baketsuago bihurtu dira. Galdera zenbait, elkarrizketa pittin bat eta kito. Nire arazoak bere bidea segitzen zuen eta hala zion juezak. Lasaiago nengoen. Adiskideago ninduten denek. «Familiakoa bat nintzen» sentipen estrainua ukan nuen hain naturalki eta prestuki hedatutako joko hartan. Hamaika hilabete iraun du sumarioak eta azkenerako pozgarri zitzaidan, gezurra badirudi ere, bere bulegoko ate ondoan juezak esaten zizkidan hitz haiek: «Gaurkoz aski da, Antikristo jauna». Eta jendarmeak hartu ninduten.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia