VI

 

        Gaur igandea, nekez iratzartu naiz eta Marie-k astindu behar izan nau iratzartuko banintzen. Goiz bainatzeko asmoa genuen eta ez dugu ezer jan. Hutsa nuen barrena eta buruko min apur bat. Mikatza zegoen zigarroa «lutozko aurpegia» nuela eta barrez egon da Marie. Soineko txuri bat jantzi du eta ilea banatua utzi. Polita dagoela esan diot, eta barre egin du pozez.

        Jaisterakoan, Raymond-en atea jo dugu. Berehala datorrela erantzun digu. Bete-betean eman digu eguzkiak kalean. Izan ere pertsianak itxita egon gara etxean eta gainera nekatua aurkitzen nintzen. Marie saltari zihoan, eguraldi ederra egiten zuelako. Hobekiago sentitu naiz eta gosea piztu zait. Marie-ri adierazi diot eta poltsan zeukan gure bi mailotak erakutsi dizkit. Raymond-en zain egon gara. Berehala jaitsi da. Praka urdinak eta alkandora besomotza soinean. Sonbreiru eta guzti zetorren eta egundoko grazia egin dio Marie-ri. Besoak txuri-txuri eta ilea ugari. Ez nengoen guztiz pozik. Txistuka zetorren eta pozik. «Agur, aspaldiko» esan dit, eta «andereño» deitu dio Marie-ri.

        Atzo komisarian izanak ginen eta neskak «engainatzen» zuela aitortu nuen nik. Abisu batekin utzi dute. Nire esanik ez dute kontrolatu. Hartaz mintzatu gara ate ondoan eta autobusa hartzea erabaki dugu gero. Itsasoa ez zegoen hain urruti, baina lehenago joango ginen horrela. Bere adiskidea pozik izango dela goiz baldin bagoaz, esan du Raymond-ek. Abiatzera gindoazen, eta bat-batean, aurrera begiratzeko keinua egin dit Raymond-ek. Arabiar talde bat ikusi dut estankoaren aurrean. Guri begira zeuden, baina zuhaitz edo harri hilak bagina bezala. Ezkerretik bigarren dagoena dela bere bila dabilena esan dit Raymond-ek, kezkaturik. Baina orain dena bukatua dela esan du. Marie-k ez zuen konprenitzen eta zer gertatzen den galdetu digu. Raymond-en bila dabiltzan arabiarrak direla erantzun diot. Berehala partitzea nahi zuen. Agudo ibili beharrak ginela esan du Raymond-ek barrea dariola.

        Autobusaren geltokira joan gara eta arabiarrek ez digutela jarraitzen esan dit Raymond-ek. Atzera begiratu dut. Eta bertan segitzen zuten gu egondako lekura begira. Autobusa hartu dugu. Raymond, erabat lasaiturik, Marie-rekin berriketan ibili da denbora guztian. Atsegin zaiola neska, ohartu naiz, baina neskak ez zion ia erantzuten ere. Noizbehinka begiratu eta barre egiten zion.

        Aljer-etik kanpora utzi dugu autobusa. Autobusaren geltokitik bertan dago itsasoa. Hondartzara daraman zelai ttipi bat pasatu behar da. Bere moltsarekin jolasean zebilen Marie. Etxe errenkada biren erditik igaro gara. Zelai guztia igaro baino lehen ikus zitekeen itsasoa, geldi-geldi. Motor baten zarata heldu da gureganaino leku baketsu hartan. Eta txalupa bat ikusi dugu itsasoaren gainean. Harri bitxi batzuk bildu ditu Marie-k. Ia bertan zenbait jende ikusi dugu hondartzan.

        Hondartzaren buruan egurrez egindako txabolan bizi da Raymond-en laguna. Harkaitzaren kontra dago. Raymond-ek presentatu gaitu. Massen deritzo bere lagunari. Gizaseme bikaina zen. Luze eta zabal. Bere emaztea, aldiz, oso ttipia eta paristar mintzaira nabari zitzaion. Ahal dugun egokiena jartzeko esan digu, goizean harrapatutako arraina jateko. Oso polita dela etxea esan diot. Larunbata, igandea eta jai egun guztiak han pasatzen dituela esan dit. «Nire emaztearekin bizi daiteke» esan dit. Bere emaztea eta Marie barrez ari ziren. Beharbada lehen aldiz esposatu behar dudala pentsatu dut.

        Bainatzera joan nahi zuen Masson-ek, baina bere emazteak eta Raymond-ek ez. Hirurok jaitsi gara eta Marie zen lehenengo uretan. Gu ez gara sartu apur batean. Poliki mintzatzen zen eta «oraindik areago» esateko ohitura zuela ohartu naiz, nahiz eta ez etorri harira. «Egokia da; oraindik areago, xarmanta» esan dit Marie-ri buruz. Gero ez diot jaramonik eman, eguzkiarekin nahikoa nuen-eta. Oinak berotzen zituen hondarrak. Azkenean esan diot Masson-i: «goazen» eta uretan murgildu naiz. Bera poliki sartu da. Aski gaizki igerikatzen zen eta Marie-gana joan naiz. Ura hotz zegoen eta atsegin zitzaidan. Marie eta biok urrutiratu gara.

        Plantxan ibili gara luzez zerura begira. Masson uretatik atera eta eguzkitan etzan da. Elkarrekin igeri egitea nahi zuen Marie-k. Bere atzean jarri naiz eta gerritik heldu diot. Berak eskuaz eta nik hankaz. Azkenerako nekatu egin naiz, eta hondartzara itzuli. Masson-en alboan etzan naiz. «Ederra dela» esan diot eta baietz berak ere. Gero Marie etorri da. Begira egon natzaio. Ur gazituz igurtzia zuen gorputza eta ileak luze atzean. Nire kontra etzan da eta bere berotasunak eta eguzkiarenak lokartu naute.

        Marie-k astindu nau eta Masson etxera joana dela esan dit. Bazkaltzeko garaia zela. Berehalaxe altxatu naiz, gose bainintzen eta goiz guztian ez dudala besarkatu esan dit Marie-k. Egia zen eta ez gogorik ez nuelako. «Zatoz uretara» esan dit. Lehen olatuak pasatu ditugu, hiru lau kolpe eman eta nire kontra etorri da. Bere hankak nireen kontra sentitu ditut eta irrika bizia piztu zait.

        Masson zain zegoen gu etortzerako. Gose naizela esan diot, eta bere gogoko naizela esan dio emazteari. Ona zegoen ogia eta nire arrain zatia aisa jan dut. Gero haragia eta patata frijituak. Isilik jaten genuen. Ardo ugari edaten zuen Masson-ek eta niri zerbitzatzen zidan aldi bakoitzean. Kafea iristerako oso astuna nuen burua eta asko erre dut. Abuztua elkarrekin han pasatzea erabaki dugu Raymond, Masson eta nik, gastua sozio eginik. Orduan Marie-k bat-batean: «badakizue ze ordu den? hamaika t'erdiak dira». Harrituak ginen denok, baina oso goiz jan dugula esan du Masson-ek eta gose-ordua dela jatordua. Ez dakit zergatik baina barregura eman dio esaera honek Marie-ri. Pixka-bat edana zela uste dut. Berarekin paseatu nahi dudan galdetu dit Masson-ek, hondartzan. «Nire emazteak losusta egiten du bazkalondoro. Nik ez dut hori maite. Beharrezko zait ibiltzea. Beti esaten ari natzaio hobea dela osasunerako. Hala ere eskubide du». Masson-en emazteari ontziak garbitzen laguntzeko geratuko dela esan du Marie-k. Horretarako gizonek kanpora atera behar dutela esan du paristar ttipiak. Hiru gizonok hondartzara jaitsi gara.

        Hondarra kiskaltzen zuen eguzkiak eta uretako bere dirdaiak eraman ezina zen. Ez zegoen inor hondartzan. Itsasertzeko txaboletan bandeja eta platera hotsa erruz. Neke zen arnasa hartzen, lurraren lurrina mediante. Hasteko, nik ezagutzen ez nituen pertsona eta arazoez mintzatu dira Masson eta Raymond. Aspaldidanik ezagutzen dutela elkar, eta une batean elkarrekin bizituak direla konprenitu dut. Uretara zuzendu gara eta itsasertzetik ibili. Noizbehinka, olatu ttipi batek harrapatzen gintuen eta oinak bustitzen. Ez nuen ezertaz pentsatzen, erdi lotan nengoen-eta, eguzki harekin.

        Orduan, gaizki ulertu dudan zerbait esan dio Raymond-ek Masson-i. Baina bi arabiar ikusi ditut hondartzaren buruan, oraindik urruti, gureganatzen. Raymond-i begiratu diot eta «bera duk» esan dit. Aurrera segitu dugu. Haraino nola segitu ote diguten zion Masson-ek. Hondartzarako moduan autobusa hartzen ikusi gaituztela pentsatu dut nik, baina ez dut ezer esan.

        Poliki-poliki inguratzen ari ziren arabiarrak. Ez dugu planta aldatu. Eta Raymond-ek orduan: «borrokarik balego, hik, Masson, bigarrenari helduko diok. Nik nireari helduko zioat. Hirugarrenik baletor, hiretzat lukek, Meursault». Eta nik: «bai», eta eskua patrikan sartu du Masson-ek Oso bero zegoen hondarra eta gorria zirudien orain. Pauso berdinez gindoazen arabiarrengana. Geroz eta bertago elkarrengandik. Elkartzeko pauso batzuk falta zitzaigularik, arabiarrak geratu dira. Masson-ek eta nik pausoa geldiagotu dugu. Bere etsaiarengana joan da zuzenki Raymond. Ez dut entzun zer esan dion, baina buruko bat emateko keinua egin du besteak. Raymond-ek eman dio lehen kolpea eta Masson-i deitu dio. Orduan bestea jo du Masson-ek bi aldiz. Uretara erori da arabiarra, aurpegia lurraren kontra duelarik eta horrela egon da urak pil-pil degiola buruaren jiran. Denbora horretan, Raymond-ek ere jo du berea eta aurpegitik odola zerion. Niregana jiratu eta esan dit Raymond-ek: «ikusiko duk nola ikasiko duen». Deiadar egin diot: «Kontuz, labana zeukak!». Baina ordurako ebakia zuen besoa Raymond-ek eta ahoa urratua.

        Salto bat egin du Masson-ek. Baina beste arabiarra altxatu da eta armadunaren atzean jarri. Ez gara ausartu mugitzen. Atzeraka abiatu dira guri begirik kendu gabe eta labana utzi gabe. Aski urrutiratuak direla iruditu zaienean, korrika hasi dira, gu geure lekutan geunden bitartean eta Raymond bere besoa estutzen.

        Igandeak pasatzera sendagile bat etortzen dela esan du Masson-ek. Berehala joan nahi zuen Raymond-ek. Mintzatzen zen bakoitzean odol gehiago galtzen zuen. Heldu eta txabolara ekarri dugu, ahalik agudoena. Oso ebaki ttipia dela esan du orduan Raymond-ek, eta sendagilearengana joan daitekeela. Masson eta biak joan dira eta ni emakumeei esplikatzen geratu naiz gertatua. Negarrari eman dio Masson emazteak eta kolore zuritua zegoen Marie. Ez zidan batere graziarik egiten haiei esplikatu beharrak. Isilik geratu naiz eta zigarro bat erre dut itsasoari begira.

        Ordu bata t'erdiak aldean itzuli dira Raymond eta Masson. Besoa bendatuta eta esparatrapua ezpain ertzean. Ez dela ezer esan die sendagileak baina triste zegoen. Barre egin arazi nahi zion Masson-ek. Baina bera isilik. Hondartzara doala esan duenean, nora doan galdetu diot. Masson-ek eta biok lagunduko diogula esan diogu. Amorru bizitan jarri da eta irainka hasi. Bere kasa uzteko esan du Masson-ek. Baina nik segitu egin diot.

        Hondartzan ibili gara luzaz. Eguzkiaren kiskaldura ikaragarria zen. Raymond-ek bazekiela zer zebilen iruditu zait, baina ez zen egia. Hondartzaren azkeneraino heldu gara eta iturri ttipi bat zegoen han harkaitz ondoan. Bi arabiarrak aurkitu ditugu han. Etzanda zeuden. Patxada handitan eta pozik bezala. Gure etorrerak ez ditu mudatu. Raymond-ek jotakoak honi begiratzen zion, isilik. Besteak instrumentu bat jotzen zuen, guri zeharka begiratzen zigularik, eta nota berdinak behin eta berriz jotzen.

        Aldi honetan ez zen eguzkia, isiltasuna, iturriaren hotsa eta hiru notak baizik. Gero errebolberra zeukan patrikara eraman du eskua Raymond-ek, baina bestea ez da mugitu eta elkarri begira geratu dira. Bere etsaia bistatik galdu gabe esan dit Raymond-ek. «botako diot?» Ezetz esaten banion okerrago izango zela eta hauxe esan diot: «Oraindik ez dik ezer esan. Ez lukek egokia horrela botatzea». Iturri hotsa berriro eta txilibitu hotsa beroaren eta isiltasunaren erdian. Raymond-ek orduan: «gaizki esaka hasiko natzaiok eta erantzuten duenean botako zioat». Nik: «Hori duk. Baina labana ateratzen ez badu, ezin diezaiokek bota». Nerbioso xamar jarri da Raymond. Arabiar bat musika jotzen eta biak Raymond-i begirik kendu gabe. «Ez, esan diot Raymond-i. Joka ezak gizonetik gizonera, eta emadak errebolber hori. Bestea mugitzen bada edo labana ateratzen badu, nik botako zioat».

        Eguzkitan dir-dir egin du errebolberrak, Raymond-ek eman didanean. Hala ere lehenean geratu gara, dena guregan itxiko balitz bezala. Elkarri begira beti, begirik kendu gabe, eta hemen geratzen zen dena itsaso, hondar eta eguzki artean. Txilibitu soinu eta ur-hotsaren artean. Botatzea bezain posible zela ez botatzea pentsatu dut une honetan. Baina bat-batean, harkaitz atzean gorde dira arabiarrak. Raymond eta ni etxerantz abiatu gara. Hobekiago zegoen eta itzultzeko autobusa aipatu du.

        Txabolaraino lagundu diot eta atean geratu naiz, berak eskailerak igotzen zituen bitartean, igotzeko alferrez eta emakumeei zer esan ez nekielako. Baina beroegi zen luzaroan egoteko eta berdin zen gelditu edo igo. Hondartzara jaitsi naiz istant baten buruan eta ibiltzen hasi.

        Lehengo kiskalzio bera zen oraindik. Harkaitzetara abiatu naiz eta eguzkiak zanpatzen ninduen bekokian. Nigan bildu dut bere guztia eta ibiltzen eragozten zidan. Eguzkiak jotzen ninduen bakoitzean, hortzak estutzen nituen, eta eskuak ixten patrikan. Eguzkiaren kontra eta mozkor tankera honen kontra ari banintz bezala. Luzaroan ibili naiz.

        Urrutitik nekusan harkaitzaren itzala argi itsugarriaren erdian. Iturri ttipi freskoa nuen gogoan. Iturri ttipiaren hotsa entzun nahi nuen. Eguzkiari ihes egin. Emakumeen negarrak ahaztu. Itzala eta atsedena aurkitu. Baina Raymond-en etsaia han ikusi dut, hurbilagotzen.

        Bakarrik zegoen. Gora begira etzanda, eskuak buru-atzean, lepoz gora itzalean eta gainerakoa eguzkitan. Harritu egin naiz. Bukatutako historia bat zen niretzat eta hartaz pentsatu gabe etorri naiz hara.

        Ni ikusi orduko zerbait mugitu da eta eskua sartu du patrikan. Nik Raimond-en errebolberra estutu dut txaketapean. Berriz etzan da, baina eskua patrikatik atera gabe. Hamar metro genuen tarteko. Elkarri begira beti. Olatuak behin ere baino bareago. Bere irudia dantzan nire begietan. Eguzki bera, argi erre bera eta hondar bera zen hemen ere. Bi ordu hartan geldirik zegoen eguna, ozeanoan tinkaturik. Barku bat pasatu da han, itsas zeruen mugan, eta ez dut ondo ikusi arabiarrari begira nengoelako.

        Atzera itzuli eta kito pentsatu dut. Baina hondartza kiskalgarria pasatu behar nuen. Iturrira abiatu naiz. Arabiarra ez da mugitu. Oraindik aski urruti zegoen. Geldi egon naiz. Irribarrez ari zen itxura zeukan. Eguzkiak erretzen zizkidan matrail hezurrak eta izerdi tantak betazaletara biltzen. Ama hilobiratutakoan bezalaxe, eta orduan bezala, zainak taupaka ari kopetan. Kiskaldura hori mediante mugimendu bat egin dut aurrera. Banekien ez niola ihes egingo eguzkiari. Baina pauso bat eman dut, bat bakarrik. Eta orduan, batere mugitu gabe, labana atera du arabiarrak eta eguzkitan erakutsi. Bekokian sartu zait altzairuaren dirdaia. Betazaletan bildutako izerdi tantak erori zaizkit begietan behera, istant berean. Begiak erdi itsutu zaizkit orduan. Eguzkiaren tapatakoa bekokian eta labanaren muturra bakarrik sentitzen nituen. Min zegidan begietan ezpata dirdaitsu hark. Dena kolokan ikusi dut orduan. Txistu luze eta suzko bat egin du itsasoak. Zeru osoa irekitzen zela iruditu zait, suzko euria botatzeko. Nire barren guztia lehertu da eta errebolberra hartu dut. Gatilua atzeratu da, kulataren tripa ukitu dut eta orduan, zarata motz eta gorgarri batean, hasi da dena. Izerdia eta eguzkia astindu ditut. Egunaren oreka eta zoriontsu nintzen hondartzako isiltasun berezia hautsi ditudala konprenitu dut. Orduan, beste lau tiro bota diot lurrean zegoen gorputz mugigaitzari. Eta zoritxarraren atean jotako lau kolpe bezala ziren.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia